FERNANDO HERNANDEZEKIN HITZEGITEN
Bartzelonako Unibertsitateko irakaslea.INDAGAT-eko TALDEKIDEA
http://xiram.doe.d5.ub.es/indagat/
Eskola, teknologia eta berrikuntza. Ze arazo daude eta ze
ordenatan? Ze aldaketa ekar edo sor dezake teknologia txertatzeak?
Uste dut galdetzen didazula zerk bihurtzen duen benetan berritzaile
teknologiarekin ikasteko esperientzia.
Gizaki gehienoi gertaera konplexuen irudi azalekoenak geratzen
zaizkigu. Hala, konputagailua eta hari lotutako teknologiak, Internet batik
bat, ukitzen dutena aldatzen duten eta sortu dituenarentzat ere zaila dena
egin dezaketen “mekanismo miragarri” bezala konfiguratu dira. Esate
baterako, irakaskuntza hobetzea, ikasleak motibatzea, edo lankidetza sareak
sortzea. Hortik dator teknologia horiek hezitzaile askori sortutako lilura,
uste izan dutelako horietan dagoela egungo eskola aldatuko duen filosofoen
harria. Baina, badirudi informazio eta komunikazio teknologiak txertatuz
irakaskuntza testuinguruak eraldatzeko zailtasun nagusia dela egungo
eskolako irakaskuntza nagusiki “irakaslean oinarritua” egotea.
Egoera horrek eskola eskaera desberdinei, eta batzutan
kontraesankorrei, erantzun behar izatera darama. Batetik, nazioarteko
erakunde zenbaitek (UNESCO, OCDE; Europako Batzordea…) ohartarazi
dute garrantzitsua dela ikaslea Ezagutzaren Gizarterako heztea. Ikasleek
modu kritikoan eta autonomoan pentsa dezaten, arazoei aurre egiten jakin
dezaten, erraz komunikatzen, elkar onartzen eta errespetatzen, elkarrekin
lan egiten eta IKTak intentsiboko eta estentsiboki erabiltzen ikas dezaten.
Mota horretako jendea prestatzera bideratutako heziketa, autonomia
eta irizpide profesional handiarekin. Baina baita ekipamendu onekiko
eskolak ere; eguneratutako curriculumak, malguak eta ikasleen beharretara
egokitzeko modukoak. Eta baita ikasleak benetan ikasi duenaren berri
eman dezaketen ebaluazio sistemak ere. Hala ere, lorpen mailan eta
estandarretan oinarritutako hezkuntza politika garatzen ari da, irakaskuntza
gaietan legeak zorrozten ari dira, horrek dakarren irakasleen
desprofesionalizatzearekin eta alineazioarekin. Oraindik ere ebaluazioaren
gunerik garrantzitsuena ikasleak froga estandarizatuetan lortutako lorpenek
eta irakaskuntza testuinguruetatik urrunduek osatzen dute. Azken batean,
Hargreavesek (2003) argudiatu bezala, ez da uzten eskolek ikasleak
Ezagutzaren Gizarterako hezten. Paradoxaz, gizarte esparru guztietan
sormena eta asmatzeko gaitasuna baloratzen diren garaian, eskolan
homogenotasuna sustatzen da.
Sormena azaleratzeko deserregularizazioa defendatzen denean,
eskola gero eta erregulatuagoa dago, eta bere bilakaera jorratzeko
gero eta leku gutxiagorekin.
IKTekin heziketa berritzeko eta hobetzeko gogoa duten hezitzaileek
administrazio eta antolamendu egituren preso sentitzen dira. Hezkuntza
komunitateek IKTetara sartzeak dakarren aldaketarako prestatuagoak
dirudite, indarrean dagoen araudiak eta aurrekontuko zuzkidurak uzten
diena baino. Hori horrela, beharrezkoa da ekimenak behetik gora sustatzea
edo onartzea, horien alde eta ez kontra egiten duten egituren bidez. Eta
testuinguru hori bideratzen da heziketa informaletik, Zarauzko Arte eta
Historia Museokoa bezalako ekimenekin. Ez daukate heziketa zentroek
daukaten presiorik eta zailtasunik, maniobrarako tarte handiagoa daukate
eta eskaintzen dutenaren kalitatea hobetzeko ardura banatua, jakitun
direlarik teknologia txertatzeak ikasketa prozesuak erakargarriago egiten
dituela eta, gainera, prozesu horien emaitzak indartzen dituela, sormen eta
lankidetzako alderdi berriak irekiz.
IKTek ba al dute izaera bereziki transformatzailerik?
Informazio eta komunikazio teknologia berriek izaera
transformatzailea dute eta hiru efektu mota sortzen ditu.
Lehenik eta behin, interesen egiturak aldatzen dituzte (pentsatzen
duguna). Ondorio garrantzitsuak ditu horrek lehentasunezkoa,
garrantzitsua, oinarrizkoa edo alperrekoa zer den erabakitzerakoan eta
botere harremanak konfiguratzeko garaian.
Bigarren, sinboloen izaera aldatzen dute (zerekin pentsatzen
dugun). Lehen gizakia konparazioz eragiketa sinpleak egiten hasi zenean,
korapiloa egiten edo zerbait gogoratzeko egurrean arrastoak egiten esate
baterako, memoria prozesuaren egitura psikologikoa aldatzen hasi zen,
gizakiaren nerbio-sistemako dimentsio biologikoetatik harago hedatuz.
Prozesu horrek idazketa eta zenbaki sistemak eta abar garatuz jarraitu zuen
eta zeinu deitzen diegun estimulu artifizialak edo norberak sortuak
txertatzea ekarri zuen (Vigostky, 1979). Informazio teknologia berriek
zeinuen errepertorio hori nabarmen hazteaz gain, horiek biltzeko,
kudeatzeko, eta horien informazioa jasotzeko sistemak ere ugaldu egin
dituzte.
Hirugarren, komunitatearen izaera aldatzen dute (pentsamendua
garatzen den esparrua). Une honetan, jende askorentzat esparru hori
ziberespazioa izan daiteke, mundu ezagunaren eta birtualaren osotasuna,
nahiz eta etxetik ez atera eta fisikoki inorekin ez erlazionatu.
Teknologiaren potentziala ikusita, ze arazo planteatzen du
IKTak hezkuntzan?
Pedagogiaren hobekuntza edo berrikuntzaren eta IKTen arteko
harremana aztertzen ditugunean arazoa bat dugu. Irakasleek eta
hezkuntzako adituek IKTak ikasketari buruzko beraien sineskerietara
egokitu ohi dituzte. Askoz ere gutxiagotan gertatzen da hezkuntzako
profesionalek bat-batean irakaskuntza ulertzeko eta praktikan jartzeko
modua aldatzea, tresna berri bat topatu dutela eta. Hezkuntzaren historiak
erakusten duen bezala, Administrazioak eta irakasleek nahiago izaten dute
bitartekoak eta teknikak beraien hezkuntza ulertzeko modura egokitzea eta
beste irakaskuntza moduak praktikan jartzea beraien usteak zalantzan
jartzea baino. Uste horiek askotan, inplizituak eta gogoeta gutxikoak izaten
dira. Horiexek dira oztoporik nagusienak eskolak eta irakasleek IKTei
hezkuntza etekina ateratzeko, McClintock-ek (2000) argudiatu bezala.
Teknologia multzo horren potentziala arakatzeko onartu eta jarraitu
behar dira XX. mendearen hasieratik honako heziketaren ikuspegiak.
Eskola Berriaren mugimenduak argi utzi du ikasleen papera, ezagutza,
ebaluazioa eta hezkuntza komunitatea birpentsatzea garrantzitsua dela.
Gero eta argiago dagoela dirudi egungo eskolaren egitura
pedagogikoa eta antolatzailea ez dela IKTak txertatzeko egokiena. Batik
bat, horien transformazio positiborako izatea nahi bada, produkzio,
ekonomia eta kultur munduan gertatu den bezala.
Ze baldintza bermatu beharko lirateke teknologiaren
potentziala baliatzeko eta ikasketa prozesuentzat agindutako
hobekuntza eta erreala lortzeko?
McLintockek, urte luzeetan aztertzen eta ikertzen aritu ondoren,
IKTak hezkuntzan erabiltzeko eta txertatzeko zazpi axioma proposatu
zituen.
McLintonek, funtsean, aldaketa bat proposatu zuen: irakaskuntza
oinarritzea ikaslean, ezagutzan, ebaluazioan eta komunitatean; eta ez orain
arte egin den bezala irakaslean. Ondorengo axioma hauetatik, itxuraz
lehena bakarrik betetzen da, merezi du aztertu ondoren gure ondorioak
ateratzea:
1. Funtsezkoa da gela guztiek abiadura handiko konexioa izatea
sare lokaletik (LAN) banda zabaleko sarera (WAN)
2. Eskolek bitarteko berriak txertatu behar dituzte ikasle guztientzat
curriculumari dagokion guztian.
3. Eskolan bitarteko berriak erabiltzea kudeaketaren ikuspegi
eraikitzailearen arabera irakasleen ekimenei erantzuten dien laguntza
sistema baten ondorio izan behar du, eta ez administrazioak emandako
agindu baten ondorio.
4. Zentroek baliabide teknologikoen erabilera diseinatu behar dute
ikasleak bere heziketa propioa jasotzeko ahalmenean inbertsio bat izango
balitz bezala.
5. Ikasle on batek heziketa esperientzia baten emaitza bezala ikasi
izango duena aurreikusi dezaketen premisa alde batera utzi behar dute
hezitzaileek.
6. Klaseak ikasleak eta irakasleak beraien artean, adituekin eta
lagunekin, kulturarekin eta munduarekin interaktiboki komunikatzeko leku
bihurtu behar dira.
7. Nahitaezkoa da sakon aztertzea eta zalantzan jartzea ikasteko
“adin egokia” zein den eta zein ez, nork egin ditzakeen aukera pedagogiko
egokiak eta nola funtzionatu behar duen heziketa prozesuaren kontrolak
kontuei buruzko uste pedagogikoak.
Nolakoak izan behar dute ikasketa testuinguru berri horiek?
Ikasketari buruzko teoriek ez dute ematen errezeta bakar eta sinple
bat maila kognitibo eta emozional handiko ikasketa prozesuak errazteko
IKTak txertatzen dituzten ikasketa inguruneak diseinatzeko. Hala ere,
ekarpen nagusienetako bat da ikasketa helburu mota desberdinek
ikasketarako hurbiltze desberdinak behar dituztela. Eta konstatazio horrek
zera planteatzera garamatza: irakaslearengan oinarritutako ikasketa
ingurune tradizionalak ez direla ondo ezkontzen konputagailu
bezalako erreminta batekin, informazioaren tratamenduarekin
zerikusia duten lan mota desberdinak egiteko pentsatutako erreminta
batekin. Hala, IKTak txertatu nahi dituen ikasketa zentro batek aldatu
beharko du irakasleengan oinarritutako klaseen aintzinako irudia,
irakaskuntza ingurune dibertsifikatuak praktikan jartzeko, non
ikasleak, ezagutzak, ebaluazioak eta komunitateak paper
nabarmenagoa duten.
Gure geletan irakaslea erosoago sentitu ohi da denbora, espazioa,
edukia eta ebaluazioa menperatzen dituela uste duelako. Ez dirudi horrek
testuingururik egokiena teknologia baten erabileran pentsatzeko zeinak,
teorian, informazio bolumen handi baterako sarbidea eta kopia,
errepikapena eta problemak ebazteko formulak aplikatzetik harago doazen
ikasketa ekintzak egiteko bidea ematen dituen. Horregatik eman behar
zaio protagonismo handiagoa ikasleari, ezagutzari, ebaluazioari eta
komunitateari IKTak osatzen dituzten irakaskuntza eta ikasketa
egoerak diseinatzerakoan eta praktikan jartzerakoan.
Ikasketak ikasleetan oinarritzerakoan ezagutzari, gaitasunei,
jarrerei, ikasleak eskolara eramaten dituen sineskeriei arreta berezia jartzen
dieten inguruneei buruz ari gara.
Ikasketa ikasi beharreko materien eta ikasleen arteko zubia
eraikitzea bezala ulertzen bada, ikaslearengan oinarritzen diren irakasleek
ez dituzte begien bistatik galtzen zubiaren bi aldeak. Irakasleak ikasleak
dakiena ulertzen saiatzen dira eta kontuan izan ditzake ikaslearen interesak
eta pasioak.
Ezagutzan oinarritutako irakaskuntza esaterakoan esan nahi dugu,
alde batetik ikasleen aldez aurretiko ezagutzak kontuan izatea, eta bestetik
ikasteko modua. Irakaskuntzaren ikuspegi horrek arreta jartzen die ikasi
beharreko gaien ulermenaz ikasleek garatu beharreko
Gainera azpimarratzen du egiten denari zentzua ematea, ikasleei
beren ikasketari buruzko gogoeta prozesuak garatzen laguntzea, informazio
berriak haientzat zentzua izateko modua eginez eta hala ez badu argibideak
eskatzera bultzatuz. Irakasleen artean oraindik indarrean dauden ideiak,
haur eta gazteen arrazonamendu konplexuak egiteko zailtasunari buruzko
ideiak, alde batera utzi ditu ebidentziak; izan ere, txikienak ere gai baitira
pentsamendu konplexuak garatzeko, zeregin horretarako ingurune egokia
baldin badute.
IKTak modu efektiboan txertatzeko pentsatutako irakaskuntza
inguruneak, ikaslean eta ezagutzan oinarritzeaz gain, ebaluazioan
oinarrituak egon beharko dute. Ebaluazioaren gako nagusiak dira
berrelikatzeko eta ikuskatzeko eta ebaluatzen dena erabilitako
hezkuntzaren, helburuekin, prozesuekin koherentea izateko.
Alde horretatik berrelikatzea baliagarriagoa da ikasleek unitate
didaktiko edo lan proiektu batean lan egiten duten bitartean beren
pentsamendua errebisatzeko erabiltzeko aukera dutenean. Ebaluaziorako
praktika dibertsifikatuak martxan jartzeko erronkak ikasketa efektiboaren
irakasle, sendi, ikasle eta Administrazioko langile askok ikasketa
efektiboaren gaineko ereduak aldatu behar izatea dakar. Ebaluazio
sistemarik gehienek bereziki azpimarratzen dute prozeduren eta ekintzen
memorizazioa. Hala ere, behar bezala diseinatutako ebaluazioek irakasleei
lagun diezaiekete irakasteko praktikak aldatu beharrean daudela pentsa
arazten. Baina, gauza guztien gainetik, ebaluazio sistemak hezkuntzaren
helburuekin koherentea izan behar du, ikasketa eta irakaskuntza prozesu
osoan agertu behar da eta baliabide dibertsifikatuak erabili behar ditu,
ikasleak benetan erakutsi ahal izan dezan benetan dakiena, beretzat
modurik egokienean, bere ikasteko modu pertsonalaren arabera. Alde
horretatik, IKTa balio handiko erreminta da ebaluaziorako bere prozesuak
eta emaitzak errepresentatzeko eta komunikatzeko bertsatilitatearekin.
Nahiz eta ia ezinezkoa dirudien ebaluazioaren dimentsio “zigortzaile” eta
kreditatzailetik aldentzeak, irakasleek eta ikasleek prozesu horretan aurkitu
dezakete batzuk eta besteen aurrerapenak kalibratzeko elkarrizketa marko
bat. Azkenik, ikasketaren teoria garaikideek iradokitzen dutela
irakaskuntza inguruak komunitatean oinarrituak dauden heinean,
ikasle gehienentzat ikasketa baldintzak errazten direla.
Hori dela eta da bereziki garrantzitsua batzuk besteengandik
ikasteko egoerak sortzea, hartara irakaskuntza eten gabe hobetuz. Badirudi
ikastetxe bateko komunitate zentzua ikastetxean lan egiten duten helduen
eraginpean dagoela nagusiki. Ikastetxe bateko helduen arteko harremanek
beste edozein faktorek baino zerikusi handiagoa dute ikastetxeko izaeran
eta kalitatean.
Komunitatearen ikuspegitik irakaskuntza inguruak aztertuta ere
kezka sortzen dute eskolaren testuinguruaren eta komunitatearen arteko
loturek, kontuan hartuta familiak, ikastetxe komunitarioak, eskolaz
kanpoko ekintzak eta enpresak. Ikasle eta ikasleentzat motibagarria izan
daiteke lana besteekin banatzeko aukera izatea. IKTen indartzeak itxaropen
handia sortu du Internet bezalako erremintek “azkenik” eskola eta mundua
lotzeko izan dezaketen ahalmen dela eta.
Eta horrek guztiak zer ikusteko du curriculum, eskola, ikasle
eta irakasleen benetako aldaketekin?
IKTak erabiltzeko proposamenak ez dira hutsean gertatzen.
Irakaskuntzan horiek erabiltzera bideratutako gobernu programak edo
irakasleek beraiek sustatutako ekimenak eta proiektuak egiten diren
eskoletan sustrai sakonak dituzte antolamendu sistemek eta irakaskuntza
eta ikasketa ulertzeko moduak. Askotan, gelak hustu behar dira edo lekuak
egin konputagailuak sartzeko, obra txikiak egin behar dira sarera konektatu
ahal izateko. Baina, askoz gehiagorik aldatu beharrik ez da izaten zentroen
espazio denbora egituran eta ikasketa-edukien planifikazioa ere ez.
Aldatzen ez den beste elementu bat da curriculumaren izaera eta praktika.
Ikastetxeek ez dute autonomiarik zer irakatsi erabakitzeko. Hezkuntza
sistemaren, eskola ziklo bakoitzaren, ikasturte bakoitzaren eta gai
bakoitzaren xedeak Hezkuntza Sailak finkatzen ditu. Nola irakatsi behar
den erabakitzeko eragin handia du curriculumeko edukien aukeraketa eta
artikulazioa egindako moduak. Ikus dezagun adibide bat. Curriculuma egin
dutenek irakasgai multzo bat bezala egin badute (Gaztelania, Matematika,
Natur Zientziak, Geografia eta Historia, Gorputz Heziketa, Hezkuntza
Plastikoa eta Ikusmenezkoa, Gaztelania eta Literatura, ...) eta eskola
urteetako urte bakoitzean ikasi beharreko gai kopuru jakin bat finkatu
badute, irakasleek beren ikasturteari dagozkion gai guztiak “irakatsi” edo
“bete” “beharko” dituzte, ikasleak “hutsunerik” izan ez dezan.
Gainera, Ministeritzak kanpo ebaluazioko sistemaren bat aplikatzen
badu eta galderak bideratzen baditu ikasleak oinarrizko galderak
gogoratzen dituen eta formula egokiak aplikatzen dituen jakiteko,
irakasleek ez dute aukera handirik izango irakasteari buruzko erabaki
pedagogikoak hartzeko. Zergatik? Curriculuma egiteko modu hori
irakaskuntzan oinarritua delako eta ez ikasketan. “Burua betetzeaz”
arduratzen da eta ez “burua antolatzeaz”. Hori dela eta, irakaslearen zeregin
nagusia “informazioa transmititzea” da, ez ikasleen artean ikasteko gogoa
txertatzea, eta ezta arazoak planteatzeko eta konpontzeko informazioa
interpretatzeko eta hari zentzua emateko ahalmena sustatzea ere. Eskolak
ez du autonomiarik behar dituen baliabide materialak eta behar dituen
bitartekoak erabakitzeko ere. Testu liburuen edukiak Ministeritzak edo
editorialek erabakitzen dituzte. Ikus-entzunezko programen eta programa
informatikoen edukiak, berriz, enpresek. Azkenik, Administrazioaren esku
egoten da eskolak jasoko duen baliabideen mota, kopurua eta kalitatea; izan
ere, haien menpe baitaude aurrekontuak.
Egungo eskolaren erronkarik nagusienetako bat da erabakitzea
derrigorrezko eskolaldian herritarrak ze oinarrizko ikasketa egin
behar dituen; hau da, gain-informazioaren garaian curriculumaren
hautaketa eta sekuentzia egitea. Hain zuzen, horixe izan da beti
derrigorrezko eskolaldiaren gakoa. Derrigorrezko eskolaldiak bermatu
behar du gero eta ikasle talde zabalago eta anitzago batek oinarrizko
ikasketa batzuk jasotzea eta garatzea, ondoren goi mailako ikasketak egiten
jarraitzeko, lan egiteko, hiritar arduradun izateko eta gutxieneko gizarte
armoniazko mundua egiten laguntzeko.
Ze muga ditu diziplinazko curriculumak?
Arazo horri erantzuteko diziplina akademikoetan oinarritutako
curriculuma proposatzea izan da, derrigorrezko eskola orokortu zenetik.
Aukera horren alde egin zuten hezkuntza sistemarik gehienek, nahiz eta
arazo asko zekartzan. Diziplinazko planteamenduek garrantzia handiegia
ematen diote jakintza purista eta abstraktuari, eta horrek aplikazioak gizarte
arazoak alde batera uztea dakar. Orokorrean, diziplinazko curriculumak:
• Botere zentro batetik irakaskuntza kontrolatzea errazten du; hala
nola, Administraziotik, zuzendaritzatik, e.a. Horrek gizarte eta kultur
errealitate desberdinak kontuan hartzea zailtzen du.
• Irakasleen lanean eta paperean oinarritzen da ia guztiz.
• Akademikoki ondo egokitutako jendearengan pentsatzen du eta
beste gaitasun mota bateko ikasleen errekonozimendua eta balorazioa
zailtzen ditu.
• Ez ditu kontuan hartzen ikasleen izaera eta haien interesak.
• Balorazio orokor baten menpeko diziplinazko aukera eta
metodologietan zatitutako errealitatearen errepresentazioa aurkezten du.
• Gerturatze pedagogiko instruktiboegia eta erreproduzitzaileegia
erabiltzen du, aldez aurretik testu liburuek eta irakasleek liseritutako
informaziotik abiatuta.
. “Natural”tzat hartzen den curriculumaren kontzepzio errotu
horrek galarazten ditu paradigma pedagogiko berriak eta IKTak
planifikazioan erabiltzea eta praktikan jartzea.
Curriculum integratuan oinarritutako irakaskuntzak hobetu al
dezake IKTen txertatze prozesua? Eta hala uste dut, diziplinazko
curriculumaren ikuspegi horren aurrean, curriculum integratuaren beharra
sortzen da.
Ze aukera eta arrisku dakartza curriculum integratuaren
ikuspegiak?
Diziplinazko curriculumaren kontzepzioa gainditzeak ordena
psikologiko baten existentzia zalantzan jarriko luke (irakasten dena
ikasleen garapen mailara egokitu behar da) eta baita sekuentziatu beharreko
materia eta edukien aukeraketari lotutako diziplinazko ordena ere
(teknologia ordenaren erreminiszentzia), eskolako, zikloko, gelako proiektu
curricular ordenatu eta egonkorrean.
. Esan nahiko luke onartzea orden ahori ez dela “naturala”,
zenbait espezialistak dion bezala eta irakasle askok berretsi duen
moduan eta ekarriko luke ikuspegi berri bat bilatu beharra, eskolan
ulertzeko eta jokatzeko ikuspegi berri bat. Baztertzailea ez den
ikuspegia, eskolako jakintza ordenatzeko modu bakar batek markatutakoa
ez den ikuspegia. Erronka horri modu desberdinetara ekin dakioke.
Horietako bat da integratutako curriculum baten bidez, baina ez hori azken
helburutzat hartuta, baizik eta kontuan hartutan ola kuestionatzen eta
aztertzen duen eskolako jakintza, norbanakoa eta norbanakoak gizarte
errealitate desberdinekin dituen harremanak. Curriculum integratuaren
ikuspegia sortu da aldaketa prozesuan den munduko norbanakoentzat
hezkuntzaren erronka berriei aurre egiteko bide bezala. Curriculum
integratua txertatu nahi duten eskolek artxipielago izateari utzi nahi diote,
diziplinek, sailen antolamenduek, eskola ordutegiek sortutako zatitutako
uharte izateak markatutako artxipielago izateari utzi bilatzeko zubiak eta
tunelak proiektu curricular alternatiboetara joateko, isolamendu hori
gaindituta ikasleen alde jartzeko eta ez haien kontra. Diziplinazko edukiak
oinarri ez baino beraiekin eta beraien artean erlazionatzeko moduak oinarri
dituen proiektuak bilatzeko.
Curriculum integratua “formato” bezala aurkeztu da eta
formato horretatik ikasleei bizitza errealeko egoerekin zerikusia duten
arazoetatik abiatuta ikertzen erakutsi nahi zaie. “Bizitza erreala” esaten
diot ez gertukoari bakarrik, baizik eta baita egun jakintzek (diziplinazkoak
edo ez) beren esparruetan ikerketa planteatzeko duten moduari ere. Hori
guztia, egun jakintza antolatuek (zientifikotzat hartuek zein hala hartu
gabeek)eta gizarte eta kultur errealitate desberdinek eskaintzen dituzten
balizko aztergaien aniztasunarena aurrean eduki, jakin batzuk aukeratzeko
dilemari aurre egiteko modu bezala. Alde horretatik, integratutako
curriculumaren bidez ikasleak prozedurak ikasten ditu egiteko eta
pentsatzeko modu bezala, azken helburu beti horiek izan gabe, bizitza
osoan zehar ikasten jarraitzen lagun diezaioten. Testuinguru horretan
ikasleek hobeto ikusi eta frogatu dezakete informazioa tratatzeko erreminta
indartsu moduan IKTen balore hezitzaile eta prestatzailea. Baina, batik bat,
eskolako jakintza eguneratu izan dadin eta hobeto erantzun diezaion
ikasleen (singularra eta orokorra eztabaidatzen duen multzo baten partaide
bezala) errealitatearen eta esperientziaren esparru desberdinak arakatzeko
oinarrizko “aldamio” beharrari.
Ikuspegi horren aldeko ordena psikopedagogikoko arrazoiak
honako hauek dira:
- Ikasleak ez du espezializazio terminoetan pentsatzen. Eskolatzeak
berak osatzen du informazioa artikulatzeko modu bat diziplinazko
ezagutzetan. Errealitatearen alderdiko galdera ulergarriei erantzuten dieten
diziplina arteko gaiak gertuago daude pentsatzeko modutik, diziplinen
bilaketa norabide bakarrekoak baino.
- Proiektutako lanak ematen du testuingurua, diziplinak eta haien
antolamendu ulermena abiatzeko balioko duen testuingurua.
- Proiektuek eta gai didaktikoek problemak delineatzen dituzte.
Problema horiek, diziplina partikularretan kokatuak ez baino materia
desberdinetako edo diziplina baten esparruko “ikuspegi” desberdinetatik
aztertu beharrekoak dira.
- Proiektuek tarte zabalagoa uzten diote ikasleek ekindako
ikasketari. Ikasleak hobeto jarraitu dezake bere erritmoa, diziplina
partikular baten egituraren presiopean sentitu gabe, jakin behar denaren
aldez aurreko sekuentziazko antolamendua edo erlaziozko baten erabakien
menpe egon gabe.
- Hala tratatutako proiektu edo gai bati esker, antolamendu
estrategia eta ikasketa marko desberdinak garatu daitezke, diziplinazko
planteamenduetako edo eskolako jakintzak antolatzeko irakasleek
erabiltzen dituzten moduetako erredundantzia ekidinez.
Curriculumarekiko ikuspegi hori izateak irakaskuntza
ulertzeko eta antolatzeko moduarengan ondorio garrantzitsuak al
ditu?
Hala da, eta hara nola laburtu daitezkeen:
• Diziplina anitzen ikuspegiak egin beharrak elkarrekin
harremanetan lan egiteko prest dagoen irakasle talde baten beharra dakar.
Gainera, ez da egoten aldez aurretik egindako lanik eta horrek
irakasleentzat lan gehiago sortzen du.
• Irakaslearen papera ikasleen laguntzaile izatea da eta saiatu
beharko du neutrala izaten, ikasleak bere ikuspuntuak ezarri ahal izateko,
bereziki gai gorabeheratsuetan eta erantzun jakinik ez dutenetan.
• Espazioak eta denborak dimentsio berria hartzen dute. Ikastetxe
barruaren eta kanpoaren arteko barrera fisikoak pitzatzen has daitezke
ikasketa inguru dibertsifikatuak diseinatzen hasteko gai bagara.
Ikastetxeetako ordutegiak ez du zertan 35, 40, 50 edo hirurogei minutuko
klaseetan zatitua egonik, baizik eta ikasleek eta irakasleek behar beste
denbora eskainiko diete proposatutako lanei. Gelak ikasketa gune izateari
utziko dio eta talde desberdinek lekurik egokienean egingo dute lana:
liburutegia, laborategia, informatika gela, e.a. Ikastetxeko espazioaren eta
denboraren barru eta kanpoaren arteko horma erori egingo da ikasleak
etxean jarraitu dezakeelako ikerketa lana egiten eta duen informazioa
itsasten. Alde horretan daukate IKTek hezkuntzari eskaintzekorik gehiena.
Curriculum integratuak zalantzarik gabeko abantaila pedagogikoak izan
arren, Administrazioak, irakasleek eta familiek errezeloz begiratzen diote
oraindik ere, eta uste dute gainditu ezinezko zailtasunak dituela. Alde
batetik, arrazoia dute, ikuspegi horretatik pentsatzeak eta lan egiteak beldur
asko gainditzea dakar, mentalitateak aldatzea, irakasteak esan nahi duena
birplanteatzea eta informazioaren aroan ikastea, eta prozesu honetan
irakaskuntza bideen papera, ebaluazio sistemak ikuskatzea eta irakasleen
hasierako eta etengabeko prestakuntza planak birkontsideratzea. Beldur
dira jakintzaren “hutsuneak” gertatuko ote diren. Eskola terminoetako
diziplinaren ezagutzak hainbesteraino txertatu du sekuentzialitate linealaren
ideia, ezen zaila dela handik kanpoko alternatibak onartzea. Horregatik,
normala da pentsatzea biderketaren ostean zatiketa datorrela, optikaren
ondoren mekanika eta aditzaren ondoren aditz laguntzailea. Ezagutzaren
gaineko beste ikuspegi bat erabiltzeak irizpide falta sortzen die irakasleei
ikasleak beraien jakintza eraikitzen nola ari diren erabakitzeko eta
gaitasuna eta ezagutza falta dute ikasleak behar bezala orientatzeko.
• Irakaskuntza prozesuan bitartekoen paperak esanahi eta dimentsio
berria hartzen du. Izaera guztiz instruktiboko materialak, hala nola ikasleari
mozteko, itsasteko, gogoratzeko, aurrez memorizatutako formulak
txertatzeko, e.a. soilik eskatzen dieten testu liburuek edo ariketa orriek
garrantzia galdu dute. Curriculum integratuaren xedea baita lan proiektuen
bidez ikasleek informazioa erabil dezatela benetako arazoei aurre egiteko,
informaziorik egokiena aukeratzeko gai izan daitezen eta informazio hori
lotzeko eta interpretatzeko gai izan dadin, zentzua eman eta jakintza bihur
dezan. Informazioa baita, erabiltzea uzten digun jakintza ez beste guztia.
Horregatik da garrantzitsua informazio iturriak erabiltzen jakitea: liburuak,
aldizkako argitalpenak, datu baseak, ikus-entzunezko dokumentuak, e.a.
Eta horietarako bidea errazten dute IKTek.
• Ikasketaren helburua bada ikasleak bizitzan zehar ikasten
jarraitzeko oinarri bezala ikasitako gaiak ulertzeko bere modua eraikitzea,
ebaluazioak utzi beharko du ikasleak egiteko gai dena erakusten, benetan
ikasi duena adierazten. Horrela, ikasleei baleko erantzun bakar batekin
erantzun daitezkeen galderak erantzuten soilik uzten dieten ebaluazio
sistemak, ez dira sistemarik egokienak ikasleek ikasitakoa adierazteko, eta
ezta irakasleek ikasleei ikasten jarraitzeko bideak eskaintzeko ere.
• Administrazioa, ikastetxeetako zuzendaritza, irakasleak, ikasleak
eta familiak ohituak daude beti ikasteko espazioa ikasgela dela, ikasteko
denbora gaikako curriculum baten arabera zatitutako eskolako ordutegia
dela eta ikasteko bide nagusia liburua dela. Beraz, alde horietako batean
edozein aldaketa egiteko beharrezkoa da estamentu horiek guztiek parte
hartzea berrikuntza honek dakarrenari buruzko elkarrizketa prozesuan.
Horrela, curriculum diziplinatutik curriculum integratura pasatzeak zera
ekarriko luke:
- Administrazioak konfidantza gehiago jarri beharko luke eskolen
autonomian eta haien baliabideetan.
- Zuzendaritzak ikastetxearen planifikazio integrala planteatu
beharko luke non kontuan izango liratekeen ikasketa espazioen
dibertsifikazioak eta IKTen erabilera intentsiboak eskatuko lituzketen
antolamendu dimentsioak.
- Irakasleek gaitasun eta ezagutza pedagogikoak bereganatu eta
garatu beharko lituzkete, beraien “informazio transmisore” paperetik
“ikasleen ikasketa erraztaile eta orientatzaile” paperera pasa ahal izan
daitezen. Prestakuntza prozesu horretan, paper garrantzitsua hartzen du
IKTen erabiltzeko teknikak eta haiek erabiltzeari buruzko gogoeta
pedagogikoak.
- Ikasleari laguntzeko moduko ikasketa inguruak jarri behar
litzaizkioke, ikasketa prozesuan bere arduraren jabe izan dadin eta ikasteko
arrazoiak bilatzearen garrantziaz jabetu dadin.
- Zentroak ikasketa komunitate bihurtu behar lirateke, sendiek
seme-alaben heziketarako laguntza eta orientazioa han aurkituko
luketelarik; eta, era berean, partehartze handiagoa eta arduratsuagoa izango
lukete eskolako ikasketetan.
Bukatzeko, IKTak erabilita hezkuntzak hobera egiteko, gauza askok
aldatu beharko dute. Horietako asko irakasleen esku daude, egungo eskolan duten
papera eta ardura birplanteatu beharko dute. Baina beste gauza asko irakasleen
ekimen eta erabakitzeko ahalmenetik at daude, ikastetxearen zuzendaritzaren,
Administrazioaren eta gizartearen beraren esku.
Top Related