J Irakurketa-Testuak

121
JENDAURREKO IRAKURKETA

Transcript of J Irakurketa-Testuak

Page 1: J Irakurketa-Testuak

JENDAURREKO IRAKURKETA

Page 2: J Irakurketa-Testuak

Kaixo, lagun!

Hemen dituzu hainbat testu Jendaurreko Irakurketa lantzeko aukeratuak. Testu hauen

grabazioak zure eskura izango dituzu web orri honetan bertan. Hainbat irakasleren partaidetzari

esker burutu ahal izan da grabazio lana. Esker mila, parte hartu duzuen guztioi!

Bai testuak bai grabazioak, Jendaurreko Irakurketa lantzeko erabiltzeaz aparte, beste

hainbat helburu betetzeko ere balio dute.Probetxugarri izango zaizkizun ustean…

Pako Eizagirre

Page 3: J Irakurketa-Testuak

AGURRA

Jaun-andreok, agur eta ongi-etorri guztioi:Eskerrik beroenak eman nahi dizkizuet lehenik, Eusko

Jaurlaritzaren izenean biltzar hau antolatu eta kudeatzeaz arduratu zareten guztioi: Antolamendu Batzordearen partaide, eta ekitaldi honetan nire mahaikide zaretenoi; orobat, bulego-lanak egin dituzuenoi, eta egunotako esan-eginak gizarte osora zabaldu eta ezagutarazten jardun duzuen egunkari, aldizkari, irrati-telebista eta gainerako komunikabideetako ordezkarioi; berdin, hain jatorri desberdineko biltzarkideok elkar uler genezan lehia bizian aritu zareten itzultzaile eta interpretarioi; bai eta ere, biltzarkideok eroso egon gintezen, etengabe saiatu zareten andereñooi; eta, azkenik, baina ez azken, hainbeste eta hainbeste izanik ahaztu nahi ez zintuzketedan ezkutuko beste lankide guztioi. Zuen lan isil bezain garrantzitsurik gabe Euskara Biltzarra ospatzea ezinezkoa izango zelarik berau mamitu eta burutzen hain eskubetean lagundu duzuen guztioi bihoakizue, beraz, Eusko Jaurlaritzaren izenean, esker oneko agur-azalpenik bihotzekoena.

Idazlea: Mari Karmen GarmendiaIrakurlea: Itziar Otaño

Page 4: J Irakurketa-Testuak

ALTZAIRUA HAINBAT FORMATAN

Iraultza industrialean, metalen arteko borroka ez da luzea izan: altzairuak erraz irabazi du!

Materia moldakorra izatea ona da gizarte industrialerako. Altzairua horrelakoa da. Altzairuarekin eraikin-egiturak egiten dira, autoetako piezak, kontserba-potoak… Erabilera mugaezinak ditu ia-ia.

Altzairua burdinaz eta karbonoz eginiko aleazioa da. Hala ere, karbonoak ez du masa osoaren 1,8a gainditu behar, bestela burdinurtua sortzen baita. % 1,8ko mugatik behera karbonoaren edukia alda daiteke.

Batzuetan beste metal batzuk gehitzen dira: nikela, kobrea eta tungstenoa, adibidez, tasun bereziko altzairuak sortzeko. Altzairu herdoilgaitzak, adibidez, kromoa dauka; abantaila handiena herdoilari eta korrosioari dion erresistentzia handia da. Horregatik erabiltzen da asko ontziak, tresnak, sukaldeko harraskak eta beste hainbat gauza egiteko.

Burdinazko aleazioa aspalditik egiten da. XV. mendean burdinurtua marmitak, dandabak eta hodiak egiteko erabiltzen zen. XIX. mendean, aldiz, altzairuak burdinurtuari eta beste materiei gaina hartu zien. Iraultza industrialeko metal gustukoena bilakatu da. Gaur egun ere, dituen tasun bereziengatik, maitatua da: aleazio

Page 5: J Irakurketa-Testuak

sendoa izateaz gain, harikorra da. Hau da, luza daiteke eta forma desberdinak ematen ahal zaizkio.

Testua: ElhuyarIrakurlea: Xabier Galarraga

Page 6: J Irakurketa-Testuak

AMONA

Amona Amaren ama da. Haren etxera bizitzera etorri aurretik, ez genekien amak ama bazuenik artean.

Guk Amona deitzen diogu. Jendeak sorgina deitzen dio.

Berak «txakurkume» deitzen digu. Amona txikia eta iharra da. Buruzapi beltz bat du buruan. Haren jantziak gris ilunak dira. Oinetako militar zahar batzuk erabiltzen ditu. Giro ona egiten duenean, oinutsik ibiltzen da. Aurpegia zimurrez, orban arrez eta garatxoz beterik dauka, eta garatxoetan ileak hazten zaizkio. Ez du hortzik; ikusten denik ez, behinik behin.

Amona ez da inoiz garbitzen. Ahoa buruzapi ertzarekin lehortzen du, zerbait jan edo edan ondoren. Ez du azpiko galtzarik erabiltzen. Pixagale denean, dagoen tokian gelditu, hankak zabaldu eta lurrera egiten du pixa, gonapetik. Etxe barruan, jakina, ez du halakorik egiten.

Amona ez da inoiz biluzten. Haren logelan begiratu izan dugu gauean. Gona eranzten du, eta beste gona bat du azpian. Atorra eranzten du, eta beste atorra bat du azpian. Horrelaxe oheratzen da. Ez du buruzapia kentzen. Amonak ez du askorik hitz egiten, iluntzean izan ezik. Iluntzean, botila bat hartzen du apal batetik; zuzenean edaten du botila-muturretik. Luze gabe, ezagutzen ez dugun hizkuntza batean hasten da mintzatzen. Ez da atzerriko militarrek hitz egiten dutena, zeharo bestelako hizkuntza bat baizik. Hizkuntza ezezagun horretan, amonak galderak egiten dizkio bere buruari, eta berak erantzuten gero. Batzuetan barre egiten du, edo, aitzitik, haserretu eta garrasika hasten da. Azkenean, ia beti, negarrari ematen dio; logelara

Page 7: J Irakurketa-Testuak

joaten da balantzaka, ohean amildu, eta zinkurinez ari dela entzuten dugu gauean luzaroan.

Testua: Agata Kristof. Kuaderno handia

Irakurlea: Txaro Navarro

ARDIA ETA BELARRA

“Ardiak eta bedarra” da ipuin honen izenburua. Ezaguna da ardiak bedarra jaten dabela, baina badakizue zergaitik esaten daben beee? Animaliak eta landareak berba egiten eben sasoira bueltatuko gara eta han topatuko dozue erantzuna …

Behin artzain batek atara eban bere artaldea larrera, oso bedar ona egoan leku batera, eta ardieri esan eutsen:

—Larre ona daukazue gaur, eta nahikoa jandakoan, etorri etxera.

—Iluntzean etorri ziran etxera eta ugazabak itaundu eutsen:—Nahikoa jan dozue?—Bat bere ez dogu jan –erantzun eutsen ardiak.—Zer bada?—Jaten hasten ginan bakotxean, “aurrean goxo, aurrean goxo”

esaten euskun bedarrak, etaaaa…egun guztian ibili eta ibili, ez dogu ezertxo be jan.

—Ez zarie tonto makalak -esan eutsen artzainak-, hurrengoan hori esaten deutsuenean, “berton goxo” esan, eta bertan geldi zaiteze nahikoa jan arte.

—Biharamonean joan ziran ostera bere ardiak larre leku on haretara, eta bedarra hasi jaken esaten:

—Aurrean goxo, aurrean goxo…Baina oraingoan ardiak erantzuten eben:

—Berton goxo, berton goxo…Iluntze haretan nahikoa janda bueltatu ziran etxera.

—Sasoi haretan gauza guztiak ekien berbetan: bedarrak, sasiak, arbolak eta animaliak bere bai. Bakar bakarrik odoldiak ez ei ekian. Beste gauza guztiak alkartu ziran odoldiari berbetan erakutsi behar eutsela, eta erakusten hasi ziranean, zelan odoldiari

Page 8: J Irakurketa-Testuak

erakutsiko, danak mutu gelditu ei ziran. Horregaitik ordundik gauza horreek danak ez dabe gehiago berbetan.

Batzuk esaten dabe oraindino bere, ardiek eta bedarrak berba egiten dabela alkarren artean. Ardiak larrera doazenean, bedarrak esaten ei deutse:

—Aurrean goxo, aurrean goxo…Ardiak ibiltzen dira apur batean batetik bestera, eta azkenean

beee-beee! eginda, bertan geratzen dira.Beee-beee…horrek… “berton goxo, berton goxo”, esan gura ei

dau.

Testua: Joxe ArratibelIrakurlea: Augusto Ugalde

Page 9: J Irakurketa-Testuak

ARTIZARRA: IZARRA ALA PLANETA?

Gora begira jartzea nahikoa duzu hura ikusteko. Baina kontuz… Artizarra ez da izar bat.

Artizarra begi-bistaz ikus dezakegun planeta bakarrenetarikoa da. Lurraren auzokidea bada ere, oso gutxi ezagutzen dugu.

Etengabe estaltzen duen hodei-geruza trinko eta lodiengatik da zaila Artizarra ikustea.

Bertako tenperatura hotzenetarikoa dela pentsa genezake, baina guztiz bestela da. Artizarreko tenperatura Merkuriokoa baino altuagoa da, nahiz azken hori Eguzkitik hurbilago dagoen. Planetak ikertzen dituzten astronomoen aburuz, Artizarreko atmosferak berotegietako estalkien eragina du. Eguzkitik datozen erradiazioak eta berotasuna erraz iristen dira planetaren azalera, baina atmosferaren % 96 osatzen duen gas karbonikoak ez die ihes egiten uzten.

Ondorioz, ‘berotegi-efektua’ deitzen duguna dela medio, Artizarra berotzen doa. Horrela, eguzki-sistemako tenperatura altuenetarikoa du, batez beste 460 °C-ko tenperatura, hain zuzen ere.

Artizarreko azalera teleskopioarekin ikus ezin badaiteke ere, radarrek irudi zehatzagoak eman dizkigute. Astronomoek izugarrizko kontinenteak ikusi dituzte (Ashtar, Aphrodite), baita 100 kilometroko diametroa duten sumendiak ere, eta ubide bihurgunetsu amaiezinak… Artizarreko atmosfera Lurrekoa baino

Page 10: J Irakurketa-Testuak

90 aldiz dentsoagoa dela ere badakigu. Azaleko presio atmosferikoa, beraz, urpean kilometro bateko sakonerara jaitsita sentitzen dena bezain indartsua da!

Testua: ElhuyarIrakurlea: Jon Kortabarria

Page 11: J Irakurketa-Testuak

ESPAZIOKO ZABORRA GERO ETA UGARIAGOA

Lurra zikintzearekin gutxi, eta espazioa zikintzen hasiak gara. Eta, Lurrean bezala, espazioko zaborra ere arazoak sortzen hasi zaigu. Espazio-ontziek sortzen dute zaborra; baita kaltea ere.

Une honetan, ustez, milioika zabor-zati dago espazioan eta, horietatik, 10.000 zati inguru 10 cm edo gehiagokoak dira (horiek baino txikiagoei ezin zaie jarraipena egin). Erregai-tangak dira zabor gehien sortzen dutenak (zaborraren % 40), baina baita nahita uzten diren funda eta piezak ere. Columbia transbordadorea zabor-zati batek hondatu zuela ere pentsatzen hasiak dira, beste arrazoirik ezean.

Gidan diotenez, dagoeneko espazioan dagoen zaborra garbitzea zaila eta garestia da, baina aurrerantzean zaborrik ez sortzeko aholku batzuk hartu behar dira kontuan. Momentuz ez da ezinbestean bete behar bertan dioena, baina nazioarteko legedia sortu beharra ere izango dela dio zenbaitek.

Lastima da, baina oraingoan ere istripu larri baten beharra izan dugu erakundeetan zerbait egiten hasteko.

Testua: Elhuyar

Irakurlea: Amaia Iraola

Page 12: J Irakurketa-Testuak

ESKALEA

Amonak eskaleak hartzen zituen etxean. Halaxe kontatzen du behintzat amak. Haurrak zirelarik kalean burla egiten zioten aldian-aldian etortzen zen eskaleari eta gero etxera bueltatzean eskale bera aurkitzen zutela etxean, eskaratzean. Amonak zorriak kentzen zizkien eskaleei iletik eta hankak beratzen jarri eta hatz oskolak mozten zizkien gero. Etxetik atera aurretik diru apurra ere ematen zien. «Tori diru hauxe, ardotarako». Ama harritu egiten zen, galdetu egiten zion amari zergatik ematen zion eskaleari ardotarako dirua, edanak kalte besterik ez zion egingo eta. «Gorputzak eskatzen dio ardoa», erantzuten zion amari amonak, «gainera barrua berotuko dio ardoak».

Ondarroan egon naiz egunotan. Eta neguak bi berri ekarri ditu herrira, besteak beste. Alde batetik, konturatu naiz ubarroiak ailegatu direla. Saturrarango haitzetan igarotzen dute negu hotza. Hantxe egiten dute habia itsas hegazti handi horiek. Beste alde batetik, eskale bat iritsi da herrira. Plazan egoten da gehienetan. Pintatu egiten du lurra eta holaxe lortzen ditu sosak. Errege bezperan oparia jaso zuen berak ere. Ezohiko oparia. Plazan ikusi nuen lo-zakuan sartuta eta gabonetako otzara erraldoi bat ondoan zuela. Itxura guztien arabera, zozketa batean norbaiti egokitu eta erregalatu egingo zion otzara. Irudi bitxia egiten zuten eskaleak eta girnaldaz apaindutako otzara hark plazaren erdian. Amona falta da baina oraindik ere bada borondate oneko jenderik.

Page 13: J Irakurketa-Testuak

Testua: Kirmen UribeIrakurlea: Maribi Urkola

EZ DAGO JAKITERIK...

Herri hartan oso familia txiroa bizi zen; aita alarguna eta haren semea, bakar-bakarrik. Soroko lanetan laguntzeko zaldi bat baino ez zuten.

Uztaroa iristerako, zaldiak ihes egin zuen.Auzokoak kontsolatzera joan zitzaizkien, zaldirik gabe uzta

nekez bilduko zutela oharturik.Baina aita ez zegoen horren kezkatuta, eta hauxe esan zuen:—Ez kezkatu, ez dago jakiterik eta.Eta, hau da hau!, handik bi egunera, zaldia itzuli egin zen,

behor eder batek lagunduta.Orduan, auzokoak aita zoriontzera joan ziren, izandako

zorteagatik.Baina familia hartako aita ez zen pozez saltoka hasi, ezta hurrik

eman ere; lehengo zuhurtasun bera agertuz hauxe baino ez zuen esan:

—Ikusiko dugu, ez dago jakiterik eta.Eta berriro ere arrazoi zuen. Izan ere, behor heldu berria ez

zegoen ohituta jende ezezagunarekin egoten, eta semea zela (*) gainean ipintzen saiatu zenean, ostikoka hasi eta beso bat hautsi zion behor honek.

Page 14: J Irakurketa-Testuak

Auzokoak berriz ere hurbildu ziren aita-semeen etxera beren nahigabea agertzera: nola lagunduko zion semeak aitari uzta jasotzen beso bat hautsita?

Hala eta guztiz ere, familiako buruak esan zuen:—Ez larritu, ez dago jakiterik eta.Oraingoan ere arrazoia. Izan ere, gerra hasi zen eta soldadu

batzuk herrira heldu ziren, gerrarako adinean ziren gazte guztien bila. Gizon haren semea ez zuten eraman, besoa hautsita zuelako eta horrela ezin zelako borrokatu.

Baten bat saiatu zen familiako burua zoriontzen izan zuen zorteagaik, baina gizonak bereari eusten zion:

—Ikusiko dugu, ez dago jakiterik eta.Eta arrazoi zuen; izan ere...

Testua: EzezagunaIrakurlea:Pako Eizagirre

Page 15: J Irakurketa-Testuak

GIZON BELTZAK, ZURIAK ETA HORIAKNOLA SORTUAK DIREN

Txinako gizonak hori-horiak dira, eta euren ustez horia da gizonarentzat kolorerik jatorrena. Hona nola esplikatzen duten haiek, beren ustez, gizon desberdinen jatorria.

Behin batean gizona egiteko asmotan hasi omen zen Jainkoa. Eta ontzigileak Iapikoa egiten duen bezalaxe, Jainkoak ere buztin-puska bat hartu eta gizon itxura eman omen zion poliki-poliki. Gero labean sartu omen zuen, han egosi eta gogortzeko.

Lehen aldiz ari baitzen gizonak egiten, ez omen zekien artean doi-doi zenbat denbora eduki behar zuen buztin-irudia labean. Eta aldi batean eduki ondoren, atera egin omen zuen nola ote zegoen ikusteko. Baina... luzetxo eduki nonbait eta dena kiskalduta, bel-beltz, atera omen zuen. Horrela sortu ziren gizon beltzak.

Egin omen zuen orduan beste gizairudi bat eta labean sartu omen zuen hau ere. Baina hau, aurrenekoa bezala ez kiskaltzeko, berehala atera omen zuen labetik. Artean zuri-zuri omen zegoen dena, labean behar baino laburrago egon zelako. Hortik omen datoz gizon zuriak.

Orduan esan omen zuen Jainkoak: “Oraintxe asmatuko dut zenbat denbora eduki behar dudan labean”. Eta beste gizairudi bat egin zuen eta labean sartu omen zuen.

Baina labean edukitzerakoan, ez omen zuen beltza bezain luze eduki baina bai zuria baino gehiago. Eta atera zuenean, zer eta... hori-hori omen zegoen dena. “Ederki dago", esan omen zuen orduan Jainkoak.

Page 16: J Irakurketa-Testuak

Eta horrela sortu omen ziren arraza horiko gizonak. Eta horien artean, txinatarrak.

Testua: EzezagunaIrakurlea: Pako Eizagirre

Page 17: J Irakurketa-Testuak

LEHENACharles Darwinek ez zuen presarik hartu liburua argitaratzeko.

Ia hogeita hamar urte behar izan zituen Espezieen Jatorria lana bukatzen. Liburu hartantxe azaldu zuen eboluzioaren teoria ezaguna. Argitaratu aurretik, anotazioak besterik ez zituen idatzi.

1858an, lana bukatzear zuela, ezusteko bat izan zuen Darwinek. Wallace izeneko ezagun batek artikulu labur bat bidali zion, erregutuz Lyell editoreari helarazteko. Lyell zientzia editorerik entzutetsuena zen eta Darwinen lagun mina. Darwinek ezin zuen sinetsi: Wallaceren artikuluak eboluzioaren teoria zekarren. Aurrea hartu zion ustekabean. Darwin beldurtu egin zen une batez. Wallaceren lana argitaratuz gero, pentsatu zuen, akabo hogeita hamar urteko lana. Baina lasaitu egin zen berehala. Bazituen bestelako kezkak. Alaba gaixorik zeukan. Eta Lyelli bidali zion Wallaceren artikulua. Lyell kezkatu egin zen lagunarekin. Askotan entzun zion Darwini eboluzioaz hitz egiten, eta behin baino gehiagotan egin zion errieta liburua behingoz buka zezan. Lyellek erabaki bitxia hartu zuen: Wallaceren lana argitaratu egingo zuen eta Londreseko Linnean Society elkarte ospetsuan irakurriko zuten. Baina egun berean, Darwinen anotazioak ere irakurri egingo ziren. Wallaceren artikuluak ez zituen bazterrak nahastu. Ez zuen sinesgarritasunik. Erokeriatzat hartu zuten. Azkenik, bi urte beranduago atera zen Darwinen lan eskerga. Ordura arteko zientzia

Page 18: J Irakurketa-Testuak

goitik behera aldatu zuena. Batzuetan, inportanteena ez da lehena izatea.

Testua: Kirmen UribeIrakurlea: Jose Maria Arnal

Page 19: J Irakurketa-Testuak

MADARIKAZIOAEz pentsa, autobusean joateak baditu bere alde onak. Paisaiaz

goza dezakegu eta baita atseden hartu ere, aldi baterako. Eta ausaz, aspaldiko lagun bat egokitu ahal zaigu autobus berean eta haren alboan eseri eta garai bateko kontuez hitz egiteko aukera izan ahal dugu, zorterik bada. Gutxitan jazo ohi dira horrelakoak baina lantzean behin gertatu gertatzen dira. Halabeharrak gordetzen digun ezusteko atsegin horietako batzuk izaten dira horiek. Bidaia beteko solasaldia izan genuen lagunak eta biok. Honetaz eta hartaz hitz egin genuen. Kexu ageri zitzaidan adiskidea. Nonbait gaur egun ez gara hain erraz asebetetzen. Karrera bukatu, lan ona lortu eta seme-alabak izan arren, esaten zidan gure artean asko eta asko direla barne-patxadarik sekula ere erdiesten ez dutenak. Beti beste zerbaiten pentsamenduan daudela beti, eta badaukatenari ez diotela garrantzirik ematen. Ez omen daude inoiz beraien buruarekin bakean.

Mateo txisturen ipuinarekin gogoratu nintzen berehalaxe. Mateo txistu apaiz ehiztaria zen. Ehiztari amorratua, benaz. Behin, meza esaten zegoela erbi bat ikusi eta haren atzetik joan omen zen apaiza. Geroztik, hor omen dabil Mateo txistu apaiza, beti erbi baten atzetik, mundu osoan zehar bira eta bira, erbia noiz harrapatuko. Baina ez du inoiz erbia ehizatzen. Horixe zen haren madarikazioa, beti erbiaren atzetik ibili behar hori. Badirudi gu geu ere halaxe gabiltzala, madarikazio bera dugula.

Page 20: J Irakurketa-Testuak

Testua: Kirmen UribeIrakurlea: Miren Ormazabal

Page 21: J Irakurketa-Testuak

MARITXU

MAHAIKA BAT GIZON, soziedadean. Afaldu berri, gizonetako batek musuzapia eraman zuen lepora eta, seinale bat izan balitz bezala, gainerako gizonezkoek ere beren musuzapiak Eraman zituzten lepora, eta kantuan hasi ziren: "Maritxu, nora zoaz eder galant hori?". Segidan, lepotik buru gainera eraman zituzten musuzapiak, eta Maritxurena egin zuten: "Iturrira, Bartolo, nahi baduzu etorri". Musuzapiak, berriro lepora, Bartolorena egiteko: "Iturrian zer dago?".

Kantua amaitu zutenean, ardotxo txuritik eta kolore guz-tietakotik egin zuten trago. Beste kantu bati ekin zioten gero: "Maritxu, Maritxu, bizitzen badakizu, goizean-goizean txokolatea, arratsalde erdian kopatxu...". Eta beste bati segidan: "Txakolin, txakolin, txakolinak on egin, Maritxu, arintxo da Martintxo...".

Barre zangoka, nork gordinkeria lizunagoa esaten ari ziren gizonak beren kantuetako Maritxu hark zurruterako omen zuen talentuaren kontura. Gero eta hordiago zeuden, ez ziren pixa zuzen egiteko ere gauza.

Biharamun goizean -neguko egunsenti gordina zen-, Maritxuk giltza sartu zuen soziedadeko sarrailan. Sukalde-komunetatik zetorrek kiratsak atzera eragin bazion ere, aurreko mantala jantzi, eta ontzi, harraska, zoru, komunak garbitzen hasi zen...

Testua: Anjel LertxundiIrakurlea: Pako Eizagirre

Page 22: J Irakurketa-Testuak

MARKAKGERNIKA 1937

. «Seme maite-maiteok, urrutiko herri batera abiatzera zoazten honetan, lerro gutxi hauek idazten dizkizuet betiko gorde ditzazuen -zioen aita batek 1937ko maiatzean, bere semeek erbesterako bidea hartzeko bezperan-. Irakur itzazue, eta gogoan izan. Une hauetan, semeok, ikusirik jaioterritik urrun zoaztela hegazkin hiltzaileek gure gainera jaurtitzen dituzten eta gure herria suntsitzen ari diren bonbetatik salbatzeko, atsekabe handia sentitzen dut joan beharra duzuelako, baina poztasuna ere bai, ume gisa merezi duzuen bizitza bizitzera zoaztelako.

»Semeok: zu, Narciso, zaharrena zara. Kontu egin beti zure anaia txikiei. Moisés, seme, saia zaitez alai ibiltzen, eta ziur izan aitak eta amak ez zaituztegula ahaztuko ez zu, ez zuetako inor, sekula; guda bukatuko da, eta gure ondora itzuliko zarete. Eta zu ere, Javier, seme, ibili alai. Eutsi beti zure umore onari eta zure bizkortasunari zuhurtziaren mugetan. Gazteena bazara ere, bizitzan bide egiteko gai izango zarela antzematen dizut. Zure anaiak, nahiz zu baino zaharragoak izan, otzanagoak dira zu baino. Errespetu handiz tratatu beharko dituzu. Gainera esan behar dizuet hiru anaiok elkar maite duzuen bezala maite behar dituzuela beste ume guztiak, zuen anai-arrebak balira bezala, gizalegearen izenean, denok anai-arrebak zaretelako eta maitasuna zor diogulako elkarri...»

Natalia Benjaminek El exilio de los niños erakusketaren katalogoan gogorarazten digunez, Gernikaren bonbardaketak sekulako zirrara eragin zuen, eta Bilbok eta beste hiri batzuek zori bera izango zutela uste izan zuten askok. Giro horretan onartu zuen Ingalaterrak garaiko Euzko Jaurlaritzaren eskaria, eta hiru

Page 23: J Irakurketa-Testuak

mila umetik gora -Narciso, Moisés eta Javier haien artean- Southampton-erantz abiatu ziren Habana itsasontzian. North Stoneham-eko kanpamentuan kokatu zituzten, Eastleigh-en, eta han egin zien bisita Yvonne Cloudek, zeinen liburutik, The Basque Children in England, hartu dudan gutunaren zatia; inork puskatzerik izan ez zuena.

Testua: B.AtxagaIrakurlea: Jon Kortabarria

Page 24: J Irakurketa-Testuak

MERKURIO ETA BERE ARRAILDURAK

Nahiz eta Merkurio Eguzkitik oso hurbil egon, han gauak oso hotzak dira: zero azpitik 183 °C inguruko tenperatura egoten da!

Merkurioren irudiak 1974ko martxoan jaso ziren lehen aldiz, Mariner 10 zunda estatubatuarren lanari esker. Horrela, zerbait gehiago ikasi dugu ordura arte urrundik soilik behatzen genuen planetari buruz. Zuk ere beha dezakezu Merkurio. Baina oso adi ibili beharko duzu. Izan ere, Merkurio egunsentia baino lehentxeago eta Eguzkia sartu baino geroxeago ikus daiteke.

Atmosfera-eza da bere ezaugarrietako bat.

Normalean, planeta baten atmosferak tenperatura erregulatzen du: egunez Eguzkiaren berotasunaren parte bat azalera heltzea oztopatzen du (horregatik Lurra ez da erabat kiskaltzen), eta, gauez berotasun horri eutsi egiten dio (horregatik Lurra ez da erabat izozten).

Atmosfera gabezia horregatik, eguzki-sistema osoko tenperatura aldakorrena du Merkuriok: 425 °C-ko egun bero baino beroagoak eta -183 °C-ko gau izoztuak.

Hau da, 600 °C-ko aldaketa egunetik gauera!

Gure Ilargiaren antzera, Merkurio kraterrez zulatuta dago. Bere azaleran, hainbat kilometroko luzera eta 3.000 metro baino gehiagoko sakonera duten arraildurak ikus daitezke. Egunetik

Page 25: J Irakurketa-Testuak

gauera pasatzean, planeta bat-batean eta berehala hoztu eta uzkurtzen da, eta horrek eragiten omen du ditu arraildurak.

Testua: ElhuyarIrakurlea: Xabier Galarraga

Page 26: J Irakurketa-Testuak

MEDIKUNTZA ETA LITERATURALagun batek kontatu zidan duela gutxi zergatik erabaki zuen

medikuntza ikastea. Neskatoa zelarik ezin zuen jasan aitona ohean etzanik ikustea, gaixo. Hainbeste maite zuen aitona hura, horren handia, horren gihartsua izan zena ordura arte. Eskutik helduta egiten zituzten mendi bueltak elkarrekin, aitonak eta ilobak. Eskutik heltzen zion orduan ere aitonari baina kexu zelako ohean. Orduantxe erabaki omen zuen medikua izatea, ezin zuelako jasan aitonaren sufrimendua. Medikua izango zen eta maite zuen jendea libratuko zuen heriotzatik. Tamalez, urteekin konturatuko zen neskatotan izan zuen uste hura inozoa zela erabat, munduko ikasketa guztiak egin arren ez dagoela inor libratzerik heriotzetik. Asko jota behin-behineko garaipenen bat lortuko zuela, bizia ahalik eta gehien luzatzea.

Idazleak ere neskato haren antzeko asmoa du barru-barrutik: idazlea heriotzari gailendu nahi zaio beti. Hortxe dabil harekin lehian, medikua izango balitz bezala. Idazleak jaso egin nahi du une oro galtzen ari den hori. Jaso nahi ditu bizipenak, ikusten dituenak eta entzuten dituenak, oroitzapenak eta pentsamenduak paperera ekarri nahi ditu gal ez daitezen betirako. Uste du zer edo zer behintzat lapurtuko diola heriotzari, den-dena ez dela ahaztuko, maite dituen horiek bizi egingo direla nolabait paperean geratzen badira irarriak. Bere asmoa haur batena bezain inozoa dela jakin arren, edo horrexegatik beragatik agian.

Page 27: J Irakurketa-Testuak

Testua: Kirmen UribeIrakurlea: Josune Uribe-Etxebarria

Page 28: J Irakurketa-Testuak

NESKA BAT EZKONTZA JANTZIAN

Neska bat etxetik irten zen ezkontza-jantzian. Eliza aldera zihoan. Eguzki beteak pozezko distirak eragiten zituen haren organdizko soinekoan. Tragediarik ekarri ezin duen egun argitsu horietako hark gorenean zuen eguzkia.

Auzoek bazekiten neskak hiru lau bat urte zeramatzala senargaiarekin, eta denek zoriontzen zuten.

Neskak, ordea, elizako bidea alde batera utzita, itsasoko bidea hartu zuen. Baina orduan ere, bidean topatu zituen gehienek zoriondu egin zuten; oso politak izaten dira txalupa gainean, edo sare artean, edo hondarretan eta oinutsik ateratako eztei-argazkiak.

Herritik kanpoko errepidean harri alde gainean zintzilik dauden horrelako balkoitxo batera hurbildu zen neska. Itsasoa lasai zegoen. Olatuek ez zekarten indarrik.

Inork ez zuen ezer harrigarririk sumatu neskaren jarreran. Negar egiten zuela, bai, baina eztei egunetako negarra hain da pozaren bidelagun! Nork pentsatu behar zuen goiz hartan bertan senargaia galdu zuela auto istripu batean?

Eta inork pentsatu izan balu ere, ordurako berandu zen. Biharamunean aurkitu zuten neskaren gorpua harkaitzen

arteko soilgune urtsu batean. Aldare aurreko eztei-jantzia bezain eder edo ederrago ikusten zen organdizko hil-izara uraren gainean.

Testua: Anjel LertxundiIrakurlea: Pako Eizagirre

Page 29: J Irakurketa-Testuak

PERRETXIKUAK ETA ETXEKO KATUA (II)

Orain kontatu nai dizuedan au ere gertatua omen da.Ba omen zan koadrilla bat oso perretxiku zalea, eta bildu dute

egundoko pilla.—Beno. Biar larunbata. Biar bertan jango dizkiagu alako

ostatutan. —Konforme.Ostatu artako amona, oso perretxiku-prestatzaille ona. Ala,

jarritako orduan inguratu dira maaira eta:—Amona, ondo al dijoa ori? —Bai, baiña itxaron pixka bat. —Bitartean, letxuga batzuk eta tomatea jarri.—Segituan.

—Eta, amona, badaezpada ere, perretxikuak probatzeko eman katuari, ea kalterik egiten dioten. Txarrik baldin badago, katuari azkar eragiten omen dio-eta.

—Ori ere egingo dizuet, ba -amonak-. Auetxek fiakaitzak! Pare bat kutxarakada eman dizkio amonak katuari, eta bai jan

ere. Utsa aiñean geratu uan sukaldeko katua.Ala, ari dira afaritan lasai eta umoretsu; edan ere bai bear

bezelako bi.—Zer, amona. Katua ondo al dago?—Katua ondo zegok. Zuek ez zerate ondo egongo laster,

orrenbeste botilla ustutzen badituzue.Zer pasako eta, gauerdi aldera, asten da katu ori «maau» eta

«maau», aruntz eta onuntz. Orduan komeriak! Asi dira estutzen. Biotzetik justu samar zebillena ere ba omen zen, eta gizajoa ankaz gora sustoarekin. Besteak komunera, beatza eztarrian sartzera, botatzeko...

Eta amona ere beldurtu da. Esnea ona dala bota arazteko eta jarri du su gaiñean epeltzen pertzakada esnea. Edan arazi diete denei. Ango esne-edatea, noski! Amonak urrengo egunean mostradorerako kafesneak egiteko zeukan esnea zurrupatu dute, eta ango teatroa!

Page 30: J Irakurketa-Testuak

Bitartean, nagusiak erritik medikua eraman du eta zera: iru katakume jaio zirala eskaillerapean. Katua umeak egiteko zegoen, nunbait.

Testua: Nikolas ZendoiaAhotsa: Mari Paz Elorza

Page 31: J Irakurketa-Testuak

PATXI ZUBIZARRETA IDAZLEA EZAGUTZEKO

Sarritan, galdera hau egiten dizute: "Zer izan nahi duzu handitzen zarenean?" Eta batzuetan zuk honela erantzuten duzu: "Sendagile, kantari, gozogile... Eta gehienetan, ostera, zure erantzuna hauxe izaten da: "Oraindik ez dakit".

Niri ere, haurra nintzenean, sarritan egiten zidaten galdera hori. Eta batzuetan nik sendagile, kantari edo gozogile izan nahi nuela erantzuten nuen. Eta gehienetan, ostera, zer erantzun ez nekiela geratzen nintzen. Beharbada gazteegia nintzelako, beharbada artean ez nekielako.

Haurra nintzenean ere asko irakurtzen nuen. Gainera, potolo baino, potoloagoa nintzen eta, lagunekin jolasten primeran pasatzen banuen ere, nahiago izaten nuen zer edo zer gozoa jaten eta zer edo zer polita irakurtzen aritzea. Baina handitzean zer izan nahi nuen galdetzen zidatenean sekula ez nuen "Idazle" izan nahi nuela erantzun. Beharbada idaztea baino gehiago irakurtzea gustatzen zitzaidalako, beharbada idazlerik ezagutzen ez nuelako.

Hala ere, urteak igaro dira eta gaur egun haurra ez, potolo ere ez eta idazle naiz... Hara. Gauzak nola diren. Sekula amestuko ez nukeena. Eta iruditzen zait idazle naizela, ipuinetan, nahi dudanean sendagile izan naitekeelako, nahi dudanean kantari izan naitekeelako, nahi dudanean gozogile izan naitekeelako...

Page 32: J Irakurketa-Testuak

Testua: Patxi ZubizarretaIrakurlea: Raul Lopez de Munain

Page 33: J Irakurketa-Testuak

SAGUZARRAK ETA PERTSONA ITSUAK

Saguzarrak ez dira itsuak, askok hala uste arren, baina ekolokazioaz baliatzen dira gauez ikusteko. Orain pertsona itsuentzat baliatu dute sistema hori.

Ez, ez saguzarrak ez dira itsuak, baina, normalean, ekolokazioaz baliatzen dira inguruan zer duten ohartzeko. Hau da, ultrasoinuak sortzen dituzte eta, horien oihartzuna jasotzean, inguruan zer duten jabetzen dira. Guk argia erabiltzen dugu ikusteko eta saguzarrek soinua.

Saguzarren ekolokazio hori da RADARa eta sonarra sortzeko gizakiok ‘kopiatu’ genuena. Orain pertsona itsuak inguruaz jabetzeko bidea bilakatu da. Itsuen makilak ultrasoinu-pultsuak igortzen ditu –60.000 pultsu segundoko– eta, bueltan jasotzean, inguruan duenaren informazioa biltzen du. Baina informazio hori pantaila edo mapa batean irudikatu ordez, itsuen makilan jarritako lau kuxinetara bideratzen du. Itsuak, kuxin horien bidez, eskuan sentitzen du ultrasoinuen oihartzuna zenbatekoa izan den; seinaleak zenbat eta azkarragoak eta nabarmenagoak izan, orduan eta hurbilago dago bideko oztopoa.

Horrela, hiru dimentsioko irudia jaso dezake itsuak. Hori bai, hiru metroren barruan dagoenaren berri ematen du soilik.

Page 34: J Irakurketa-Testuak

Aurrez trebakuntza txiki bat jasotako 25 lagunekin egin dituzte probak eta asmakizuna salgai jartzeko asmoa dute.

Testua: ElhuyarIrakurlea: Mari Jose Uranga

Page 35: J Irakurketa-Testuak

TXIKITO BATEN BALIOA

Zorionez edo zoritxarrez Bilbo txikiteroz beterik dago. Zorionez, alkartasun ta adiskidetasun bat sortzen dauelako txikiteroen eguneroko ibilaldi ta alkarrizketak. Zoritxarrez, alkoholizatu egiten duelako gizona ta emakumea eguneroko txurrut etengabeak, eta poltsikoetako dirua urtu.

—Zer dinostazu? Egia ez da izango?—Bai, gizona!—Oraindino karuago?—Bai.—Handiagorik…!—Datorren domekatik hasita, hamabost pezeta txikito bakoitza.—Lehen merke egon balitz ere…—Gauzak ondo begiratu ezkero, merke da halan eta guztiz ere.—Merke?—Oso merke.—Zagoz isilik!—Isilik zergaitik? Egia da. Kontuak ondo atera ezkero, merke

ere merke da txikito bakoitza hamabost pezetan.—Hona hemen gaineko laukoak! Baso ipurdi bat ardao

hamabost pezeta, merke? Zoratu egin jatzu ala?—Baina baso ipurdi bat ardao bakarrik ez detsue emoten

tabernetan hamabost pezetagaitik. Beste gauza asko ere emoten deutsuez gainera.

—Beste gauza asko? Zer?—Begira: lehenengo ta behin, aterpe ezkutu bat emoten

deutsue. Argia ere bai, gaueko orduetan. Kalefazinoa neguan, bentiladora udan. Salda gozoa batzutan, haginetarako zotzak, eskuak, ezpainak edo betaurrekoak garbitzeko paperezko serbilletak. Metxeruarentzako gasolina apur bat. Alkandora edo frakak edo trajea edo nikia loitu badozuz ardo tantaz, mantxa hori behingo baten kentzeko ardao zuri pixka bat edo limoi zati bat edo ogi mamin zati batzuk emoten deutsuez. Txokorra lotzeko papera, biztuteko sua. Baso bete ur aspirina edo bikarbonatorekin. Ardaoa garrazturik edo zaborraz beterik badago edo euliren bat jausi bada basora, beste txikito bat ateratzen deutsue atoan…

—Kontxo! Egia da!—Baita mahai bat, jarlekua, telebista, irratia, egunkariak,

kartak, dominoa, partxisa, ajedreza, hautsontziak, paper garbi bat zerbait idazteko, boligrafoa, komuna, ipurdia garbitzeko papera, eskuak eta aurpegia garbitzeko lababoa ur bero, hotz eta jaboiarekin, uleak orraztuteko ispilua… Eta gainera adiskide asko,

Page 36: J Irakurketa-Testuak

neskatila politak, enkarguak itxi edo hartzeko era, telefonoz berba egiteko erreztasuna, munduko berririk gehienak jakiteko era, ipuin txiste, jazoera eta kontu barregarriak entzuteko era, alkarrizketa onuragarria egiteko era… Zer gehiago nahi dozu, ba, hamabost pezetagaitik?

—Benetan! Baina… taberneruren bat zara zu ala?

Testua: Mikel Zarate, “Bilbo irribarrez”Irakurleak: Jon Kortabarria / Pako Eizagirre

Page 37: J Irakurketa-Testuak

URKIOLARA

Jaungoikoak jarri zuen Bizkaian Urkiolako mendia, Arabaren ondoan, Gipuzkoatik urre samar, eta mendi horren gainean ipini zuten euskaldun sinistetsuek Antonio Donearen eliza-etxea, zorion guztien itxaropenerako.

Mendi horretara joaten dira sarri Bizkaikoak, arabarrak eta Gipuzkoa eder honetan jaioak; mendi horretara joaten dira, donerik errukior, miragilerik handien eta sendatzailerik onenaren jauregira bezala, uri handi gizaditsuetatik eta baserri txiki padutzarretik, aberatsak eta txiroak, gizon zindoak eta osasun-gabeak, indarge jaiotakoak eta hezurren bat hautsi dutenak; herrenak eta itsuak, hankokerrak eta besomotzak, gorrak eta zauriz beteak, totelak eta zanpatuak; buruko zorabio, zuldar, legen, eztul, berako, minbizi, anditsudunak: etsita daudenak, bizi nahi luketenak, irabazpidea idorotzen dabiltzanak, euri edo eguzkiaren beharrean aurkitzen diren lurjabeak, Ameriketan semeren bat daukaten gurasoak, gudara joan behar duenaren ahaideak, ikastolatik etxeratutako mutilak eta ezkontzeagatik mototsa salduko luketen neskatxak: hitz gutxitan amaitzegatik, gogo, estutasun, samin edo premiaren baten aurkitzen diren euskaldun guztiak, osasun bila, argi eske, laguntasuna itxaroaz, zoriona irrikitzen edo eskerrak ematen; eta bertan, Urkiolan, egin oi dituzte benetako arrenak eta bertan utzi, beren oparitzat, egurrezko makuluak, argizarizko hanka eta besoak, zilarrezko bihotzak, ile txirikordak, ontziak eta soinekoak, izenak eta

Page 38: J Irakurketa-Testuak

kondairak, samin, aje eta neke askorekin batera.

Testua: DOMINGO DE AGIRRE. Irakurlea: Karmele Igartua

Page 39: J Irakurketa-Testuak

XAGUAK MENDIARI

Haurra lo geratu da. Ontzi bete esne du ondoan. Xagu batek edan dio esnea. Haurra esnatu denean negarrez hasi da, esnerik ez baitzen geratzen edalontzian. Estutu egin da xagua eta ahuntzari eskatu dio esne gehiago. Baina ahuntzak ezetz diotso, ez duela esnerik belarrik ez dago eta larreetan. Idorrak daude bazterrak. Xaguak putzuari galdetu dio orduan, ez ote duen urik. Baina putzuak ezetz diotso, ez duela urik, arrakalak ditu eta harrietan eta urak ihes egiten dio arrakaletatik. Xaguak igeltseroari eskatu dio putzua konpontzeko. Baina igeltseroak ezetz diotso, ezin duela putzua konpondu, harririk ez duelako. Xaguak mendiari eskatu dizkio harriak. Baina mendiak ezetz diotso, haserre dago eta mendia, zuhaitz guztiak moztu zituztelako gizakiek. Xaguak mendiari erantzun dio emateko faborez harriak eta egunen batean haurra gizondu egingo dela eta zuhaitzak aldatuko dituela mendian.

Antonio Gramsciren ipuina da goikoa. Semeei kontatu zien kartzelatik idatzitako gutun batean, artean preso baitzegoen langileen eskubideen alde borrokatzearren.

Testua: Kirmen UribeIrakurlea: Txaro Navarro

Page 40: J Irakurketa-Testuak

X IZPIEN TRESNA AZKARRAGOA

DIAMANTEEI ESKER

Diamante-meategietan langileak X izpiekin behatzen dituzte. Orain, sistema hori medikuntzan hedatzeko asmoa dute.

Munduko diamante gehienak Hego Afrikako Errepublikako meategietan eskuratzen dituzte. Eta egunero langile guztiak X izpiekin behatzen dituzte batere lapur ez dezaten. Horretarako, 1980ko hamarkadan garatu zuten sistema digitala erabiltzen dute eta nahikoa dira 13 segundo gorputz osoaren erradiografia egiteko.

Orain arte, ezin zen gorputz osoaren erradiografia egin; zatika egin beharra zegoen eta 45 minutu behar ziren horretarako. Meategietarako sistemarekin, ordea, denbora asko irabazten da, irudien kalitatea hobea da eta, gainera, pazienteek ohiko sistemarekin baino % 45 erradiazio gutxiago jasotzen du.

Sistema berria jada erabiltzen zuten Hego Afrikako Errepublikako ospitale batzuetan. Orain, lehenengoz herrialde horretatik kanpo erabiliko dute, Maryland-en.

Tira, meategietatik ospitaleetara doan teknologia dugu, beraz. Batzuetan bai zaila dela aurrerapenak nondik etorriko diren igartzea!

Page 41: J Irakurketa-Testuak

Testua: ElhuyarIrkurlea: Gurutze Alcelay

Page 42: J Irakurketa-Testuak
Page 43: J Irakurketa-Testuak

JENDAURREKO IRAKURKETA testu grabatuak-luzeak

Page 44: J Irakurketa-Testuak

AÍ KAJIYAMA-REN AITONA

1883an itsasikara handi batek Japonia astindu zuen. Horren ondorioz elezahar bat sortu zen. Elezahar horretan bi pertsonaia nagusi daude; izena ere ez dakigun aitona bat eta neskato txiki bat, Ai Kajiyama deituko duguna. Biak bizi ziren mendiko etxola batean, urre koloreko arroz soroen artean. Handik hurbil, itsas ertzeko zerrendan herrixka zegoen. Lur landu guztiak mendiko lautada emankorrean zeuden eta Ai Kajiyamaren aitona herriko arroz soro zabalen zaindaria zen. Baina goiz batean, aitonak begiratu zuen itsasoaren mugarantz eta asaldatu zen. Etxolara bueltatu eta Ai Kajiyamaki ilinti bat eskatu zion. Ai Kajiyamak ez zuen ulertzen aitonak zertarako nahi zuen ilintia, baina berehala atera zen etxolatik ilintiarekin. Aitonak ilintia hartu zuen eta ondoko arroz sorora joan zen bizkor. Ai Kajiyama harri eta zur gelditu zen ikustean aitonak ilintia jaurti eta soroa galdatan pizten zela. Hasieran su txiki bat izan zen, baina handik lasterrera sugar gorriak zabaldu ziren, eta berehala arroz soroak sutan zeuden. Herrian, soroak sutan ikusi zituzten eta, amorratuta, mendirantz gora lasterka igo ziren herritar guztiak. Inor ez zen herrian gelditu. Gora iritsitakoan, arroz soroak kiskalita ikusirik, amorruaren amorruz galdetu zuten: «Nork egin du? Nork eman die su gure soroei?». Aitonak herritarrei lasaitasunez erantzun zien: «Nik eman diet su». Guztiek aitona eta Ai Kajiyama inguratu zituzten mehatxukor eta aitonari galdetu zioten: «Zergatik egin duzu hori?». Orduan aitonak eskua luzatu zuen zerumugarantz eta herritarrei begiratzeko esan zien. Han, itsasoaren azken mugan, lehenago itsasoaren gainazala ispilu bat bezain laua zen lekuan, zerurainoko ur murraila bat ageri zen. Olatu indartsua eta erraldoia zetorren zerumugatik. Olatu

Page 45: J Irakurketa-Testuak

handia lehorrera iritsi zen eta herria azpiratu zuen; olatu itzelak herrixka irentsi egin zuen. Zorionez, herritar guztiak mendi gailurrean salbu zeuden aitonari esker. Halabeharrez, Ai Kajiyamak, japonieraz, Asiaren bihotza esan nahi du. Duela urtebete beste olatu handi batek erdibitu zuen Asiaren bihotza eta 226.000 lagun baino gehiago hil ziren. Non ote zegoen Ai Kajiyamaren aitona?

Testua: Japoniako kontaeraIrakurlea: Txaro Navarro

Page 46: J Irakurketa-Testuak

ANIMALIAK

Bitxia iruditu izan zait beti gizakiok animaliekiko dugun jarrera. Tira, horrela esanda, gezurra da hori. Antzinako gizakiena, beste herrialdeetakoena, baserritarrena..., askoz naturalagoa iruditzen zait. Bitxia egiten zaidana, zehazki, zera da: gaur egun mendebaldeko herrialde garatuetan kalekumeok animaliekin dugun jarrera.

Alde batetik, hor daude konpainiako animaliak. Zakurrek, esaterako, ondo markatuak dituzte hirietako plaza, espaloi eta bazter guztiak. Batera eta bestera ibiltzen dira, ustezko jabeak atzetik dituztela, zakurrak nagusi, eta jabeak esklabo. Eta nago ez ote diren, alde horretatik, hutsune afektibo nabarmen baten betegarri. Gizakion arteko harremana gero eta hotzago, gero eta urrunago, gero eta exkaxagoa dela hirietan, alegia, eta animaliekin ez ote duen zenbaitek maitasun premia ase nahi izaten. Gainerakook, aski lan dugu zakur kakarik zapaldu gabe ibiltzen. Eta, horrelakorik ez egiteko behera begira baldin bazoaz, larri ibili ez ote dizun hiriko usoren batek bere grazia, zirin osoa, kokotetik behera isuriko.

Hori batetik. Bestetik, berriz, harrigarria da, berez maitagarritik ezertxo ere ez duten animaliei diegun kariño txepel, melenga, belaxka hori. Zer, eta satorrak maite? Galdetu, galdetu baserritar bati, edo galdetu bestela benetako satorren bat etxeko izan duen edonori... Jakina, zinemak egin dizkigu satorrak (satorrak ere) maitagarri eta kuttun. Hobeto esan, Walt Disney jaunak egin dizkigu horrelako animaliak maitagarri eta kuttun, Hollywoodeko bere estetika txepel, melenga eta belaxkaz. Eta, aitor dezagun, asko dira satorrak pantailan baino ikusi ez dituztenak. Gaur egungo gazte kalekumeari gertuagokoak zaizkio elefante, krokodilo eta hipopotamoak, oiloak baino. Eta jateko ere, nahiago izaten dute haragi txepel, melenga eta belaxkadun oilasko klasea, baserrikoa gogorregia zaie-eta.

Page 47: J Irakurketa-Testuak

Eta gero daude desagertzeko zorian dauden animaliak: Igeldoko igela, arranoa, otsoa. Sartaldeko Pirinioetan, esaterako, oso hartz gutxi geratzen omen da: dozena erdi bat edo, gehien jota. Nafarroan, Erronkari inguruetan inoiz edo behin agertzen denak bi agerraldi egin ditu joan den apirilean: Izaban bata, eta Garden bestea. Denera, bost bat ardi eta ahun-tzen bat edo beste akabatu ditu 280 kiloko hartz ar horrek. Hala ere, hain dugu maite, non izena ere jarri diogun: Camille. Ez dakit benetan ote dagoen desagertzeko zorian, baina benetan desagertzeko zorian dauden gizaki askok baino zori hobea du Camillek, milioika lagun hiltzen baita munduan egunero, goseak, gerrak eta gure axolagabekeriak jota, eta horiei izenik ere ez diegu ezagutzen,

izen baten jabe izateko eskubiderik ere ez diegu aitortzen. Hiltzeko eskubidea aitortzen diegu soil-soilik, eta isilik hiltzekoa, gainera.

Ez nago ni animalien kontra. Bai, ordea, animalien eskubideak gizakion eskubidean gainetik jartzearen kontra. Bestela, aurki ugalduko zaigu Von der Graf horren moduko jendea. Von der Graf hori, izan ere, Pim Fortuyn Holandako ultren liderraren ustezko hiltzailea ez ezik, animalien zapalkuntzaren kontrako muturreko militantea da. Belarjalea bera, animaliak jatea krimen larritzat daukana. Horra zertara iritsi garen.

Ez nago ni animaliak torturatu edota hiltzearen alde. Are gutxiago, ordea, pertsonak torturatu edota hiltzearen alde. Martxa honetan, aurki hasi beharko dugu aldarrikatzen gu ere animaliak garela azken batean, eta animaliak adina eskubide badaukagula gizakiok ere duintasunez bizi eta duintasunez hiltzeko.

Testua: EzezagunaIrakurlea: Itziar Garmendia

Page 48: J Irakurketa-Testuak

ATXURIKO MIRARIA

Hemen kontatuko duguna gertatu zenetik hona urte asko igaro dira.

Orduan Bilbok hogei mila inguru biztanle baino askoz gehiago ez zituen. Geroago Begoñari hartu dizkion zatiak ez zituen oraindik. Abando ere askea zen, herri banakoa. Beraz, Bilbo herri txikia zen eta biztanle guztiak elkarren ezagunak

ziren. Ez zegoen orain dagoen beste goardia munizipal; nahikoa ziren hiru edo lau agoazil herria zaintzeko, gaueko sereno kantari batzuekin.

Honelako herri batean ulertzen da erraz egin daitekeela hemen kontatuko dugun barrabaskeria, herri guztia barre batean hainbat egunetan eduki zuena.

Bilbotar bromazale batzuek iragarri zuten bertako egunkari batean, ez dakit nongo herritan hil zela atso aberats bat, eta mila ogerleko batzuk utzi zituela Bilboko herren edo kojuei banatzeko, atsoa ere herrena izan zelako eta Bilbon jaioa; diru hori banatuko zitzaiela Atxurin, etxe bateko atarian, bertara aurkeztuko ziren herren bilbotarrei, halako egunetan eta halako ordutan.

Bilboko txiro eta gosetien artean ikara handia eragin zuen iragarki horrek eta egun batzuetan ez zen izan beste hizketagairik hauxe baino.

Heldu zen eguna. Atxuriko etxe hartan ageri zen atarian mahai bat, beronen gainean tintontzia eta orriak, hiru eserleku, bazterrean zorro batzuk zerez edo harez beterik eta hiru edo lau gizon, piperra baino serioago, elkarrekin hizketa isiltxoan, atarian batera eta bestera zebiltzala ipurdi gainean eskuak elkartuta.

Page 49: J Irakurketa-Testuak

Goiztxo hasi ziren kojuak agertzen kalean. Gehienak zetozen makulu birekin eta hanka bat zintzilik; baziren zetozenak ipurdi gainean erdi tatarrez; baita gurditxoetan zetozenak ere inork bultzaka eramanda. Denak zurbil eta aurpegi ahularekin, edonor errukitzeko eran.

Iragarrita zegoen ordurako, kale guztia aurkitzen zen herrenez beterik.

Balkoietan eta leihoetan zegoen jendeak harrituta esaten zuen: Nork uste izango zuen Bilbon honenbeste koju zegoenik?

Atarian zeuden gizon serioek adierazi zieten kalekoei diruak gertu ipini behar zituztela eta horregatik piska batean atea hertsiko zutela; eta asko berandutu barik, laster hasiko zela diru banaketa.

Itxi zuten atea bada, eta gerotxoago, berriro zabaldu zenean, tximista baino arinago urten zen handik, zer uste duzue?... Zezentxo bat!

Nork azaldu han izan zen iskanbila? Hasi zen zezentxoa topeka, hau bota eta hori bota, hango arineketa kojuak izan arren! Egundoko arinen, minutu bat baino lehenago, garbitu zen kalea, makilaz eta gurditxoz beterik gelditu zela. Miraria izan zen. Zezena agertu zen orduko koju guztiak osasunera etorri ziren.

Balkoi-leihoetako jendea, barrearen barrez, tripa guztia minduta geratu zen.

Deabrukeria hau ikusi zuten bilbotar zaharrak barre-zoroka hasi izan zaizkigu, berau aipatu dugun aldi guztietan.

Hamaika umore ederreko gizon jaio eta bizi izan zen lehenagoko Bilbon!

Testua: Abarrak. Evaristo Bustintza, Kirikiño.

Page 50: J Irakurketa-Testuak

Irakurlea: Jose Ramon Arbe

Page 51: J Irakurketa-Testuak

EGURALDIA

Eguraldiari garrantzi handia, handitxoa igual, ematen diogulakoan nago. Irratiek behin eta berriz errepikatuko dizute hotz beroaren zenbatekoa, euririk ari duen ala ez, haizeak nondik jotzen duen... Telebistan ere, egunero gizonezko bat eta asteburuetan zigarro-papera baino meheagoko emakume bat azalduko zaizkigu egunekoaz gain biharamuneko eguraldiaz mintzatuz.

Eta horiek gutxi balira, azti eta artzain elkartu zaizkie. Aztiena jakina da, etorkizuna igartzetik bizi dira eta. Baina, artzaiena? Martxa honetan gure seme-alabek artzaia noizik behin irratian edo egunkarian agertzen den eta eguraldiaren berri ematen digun pertsonatzat hartuko dute eta ez ardiak larrera eraman eta gazta edo mamia egiten dituen gizontzat.

Gabonetan gertatu zitzaidan: bi ilobekin jaiotza handi horietako bat ikusten ari ginela, txikienak "hau zein da", "zein da beste hori", "eta hura?” galdetzen zuen, eta handienak, ustez jakitun, bat jesusito zela, bestea aingerua, hango adardun hura idia, erantzungo zion. Ardiz inguraturiko pertsona horren txanda heltzean, "eta hori, zein da?" bota zuen txikiak galderak egiteko zuen trebetasun eta aguante bereziaz.

"Hori artzaina", erantzun zion haziagoak.

"Artzaina, joe! Eguraldia asmatzen duena!"

Eguraldiaren gaineko berri-pila hauek goizetan ateratzen gaituzte gure ohetik, gure onetik. Hiru gradu eta euria zar-zar ari

Page 52: J Irakurketa-Testuak

duela esango dizu irrati-iratzargailuak txirrinaren ondotik. Eta ez da inor konturatzen graduek eta euri zaparradek bost axola digutela. Jaiki/ez jaikiko une horietan barne-eguraldiak agintzen du, ez kanpokoak. Batzutan jaikitzeko beldurrak ibiliko gara, konpromiso handiren bat, lan bukaezina edo gogoz kontrako zerbait dugulako egunean zehar. Hurrena, ohetik zutitzearen momentu

grabea maitearekin dugun zitak, espero dugun opariak, edo gauez ikusiko dugun futbol-partiduaren oroitzapenak goxatuko digu.

Eta hotz-beroari ez diogu jaramonik egingo, pertsonaren termometroa bestea da eta. Hori bai: eguraldiarena objetiboa den bezala da barrengo giroarena guztiz subjetiboa.

Beldurrak aidean jaikitzen zaren egun horietako batean igual dena primeran irtengo zaizu eta baita alderantziz ere, maitea zitara azaldu ez delako, oparirik ez zaizulako iritsi, edo futbol-partidua zen garaian argia joan delako.

Testua: ANDONI EGAÑA- "AITAREN BATEAN"Irakurlea: Pako Eizagirre

Page 53: J Irakurketa-Testuak

GAUERO ATERAKO NINTZATEKE PASEATZERAMarie-ren azalpena

Gauero aterako nintzateke paseatzera, gaua oso polita baita, eta arratsa ere bai, eta guk horixe egiten genuen lehenago, Toby, Kent, aitonak eta laurok, lanak bukatu eguzkia erabat ezkutatu aurretik, eta gero haran aldera abiatu bidexidorretik. Aitona Kent-en gainean jartzen zen, eta nik herriko jaietan erositako bastoi txuria hartzen nuen, eta Tobi berriz oso tontoxka da, eta zalapartan korritzeari ekiten zion hasieratik bertatik, korrika atzera eta aurrera, mitxiguei segika eta zaunka eginez, baina mitxiguek burla egiten zioten beti, bere buru gainetik pasatzen ziren tximista bezala, abistu eginez, ezta? zergatik mitxiguek abistu egiten dute ordu horretan, eltxo bila dabiltzala. Eltxoak hegoekin harrapatzen dituzte, eta udaberrian behintzat asko saiatzen dira, umeengatik noski, umeak edukitzen dituztelako habietan, eta aitonak lagundu egiten zien, esnetan bustitako ogi papurrak botatzen zizkien eztarritik behera, eta eskerrak horri, familia haundiegia zen, bost ume, pentsa, gure etxean ni bakarra naiz, eta halere aita beti kejaka aritzen da, granjak ez duela ematen niri eskola haundia pagatzeko lain ere, baina oraindik zortzi urte ditut, eta asko falta da eskola haundirako.

Bada granja uzten genuen mitxiguen ordu horretan, eta mantxo mantxo abiatzen ginen bidetik behera, eta aitonak nire amak josteko erabiltzen duen zinta metrikoa eramaten zuen, zergatik ama erdi jostuna da, eta soinekoak egiten ditu batzuetan, herriko maistrari gorri gorri bat egin zion behin, eta niri asko gustatzen zitzaidan, baina Vincent haundi horri ez, Vincent-ek burla egiten zion, maistrak tomate antiajuduna zirudiela esaten zuen, maistra enamoratua zegoela oso, eta marrazki bat ere egin zion arbelean, eta gero maistrak kastigua jarri zigun guztioi.

Bada aitonak zinta hori eramaten zuen, eta erabat ilundu arte landareak neurtzen aritzen ginen, eta oso serio jartzen zen aitona, eta esate baterako belaunikatu egiten zen alpapa sailean, eta nola oso zaharra den, bada nik eusten nion zintaren beheko muturrari, eta hala esaten zuen aitonak bere kalkuloak egin eta gero:

`Marie, belar hau hamar milimetro hazi dun atzotik. Munduak bizirik jarraitzen din.'

Page 54: J Irakurketa-Testuak

Eta niri poza ematen zidan horrek, eta askotan barrez hasten nintzen, egun batean behintzat ia lehertu nintzen barrez, zergatik gu frantziberdea neurtzen ari ginela, biok makurtuta, ezta? bada Kent etorri zen atzekaldetik, eta gu bion artetik muturra sartuz, bada frantziberde mordo bat jan zigun, eta aitona haserretu egin zen oso,. eta betortzak kenduko zizkiola agindu zion builaka, ea zer errespeto zen hura, baina ez pentsa, ez zen benetan haserretu, hari txuria lotuta zeukaten belarrak bakean uzteko agindu zion, zergatik aitonak hori egiten zuen, seinalatu neurtzen genituen belarrak, baina ez, ez zen haserretu, egia esateko Kent-ekin ez zegoen haserretzerik, hain zaldi txintxoa, begira begira gelditzen zen bere begi haundiekin, triste triste, eta edozein gauza barkatzen genion.

Eta holaxe jaisten ginen zubiraino, eta han beti xaguzahar bat egoten zen, Gordon, eta aitonak Gordon oso dudazalea zela esaten zuen, hortik zetorkiola jira eta biraka ibiltzeko ohitura hori, beti toki berdinean norabidearekin asmatu ezinez edo horrela, eta amona zena ere holakoxea zela, eta granja horregatik ez zuela behin ere uzten, elizara ere ez zela joaten herrirainoko bidaia ez egiteagatik. Eta beste txori bat ere ibiltzen zen zubian, Arthur beti azken orduarekin ibiltzen zen, eta aitonak errieta egiten zion:

`Arthur! Arthur! gaur ere berandu habil! Peskiza ederrean edukiko dituk etxekoak!'

Niri Arthur gehiago gustatzen zitzaidan Gordon baino, baina Gordon ere gustatzen zitzaidan, edo behintzat ez nion amorraziorik, baina Vincent-ek bai, Vincent-ek amorrazioa die xaguzahar guztiei, eta behin harrapatu egin zuen bat, eta eskolara ekarri zigun, eta zigarro bat jarri zion ahoan, eta xaguzaharra kea hartuz eta hartuz hasi zen, puztuz eta puztuz, eta azkenean lehertu egin zitzaion tripa, eta hil egin zen, eta nola Gordon-en igual iguala zen, bada nik nigarrari eman nion, eta Vincent-ek burla egin zidan, haundi nazkante horrek.

Zubia utzi eta gero tontor batera igotzen ginen, eta gero eseri tontor horretan dagoen harri batean, afaltzeko noski, zergatik harri horrek mahai baten itxura dauka, eta aitonak ganpazua zabaltzen zuen, eta nik ogi zuria jaten nuen, eta arraultze gogortua, eta urdaia ere bai, eta gero sagar bat. Eta tarte horretan ixil ixilik egoten ginen, eta Toby eta Kent etzan egiten ziren lurrean, oso ondo denok, beti ondo, eta hobetoena udan, zergatik udan jende gehiago ibiltzen da paseoan, eta gu ere urrutiago joaten ginen, trenbideraino ere bai

Page 55: J Irakurketa-Testuak

batzuetan, eta behin maistra ikusi genuen han, eta aitonak eta biak izarren gainean hitz egin zuten, eta egiten zuen beroaz, eta aitonak sugeekin kontuz ibiltzeko esan zion.

Aitonak beldur handia zion sugeari, eta horregatik oilo bat eramaten genuen gurekin, hori udan, ezta? bero zakarra egiten zuen egunetan eta horrela, eta oiloari Frankie jarri genion izena, baina problema bat zen zergatik Frankiek ez zuen aurretik joan nahi izaten, eta horrela ezin zituen bideko sugeak hil, eta aitonak buila egiten zion:

`Frankie! atzetik joateko ez dinat espezialistarik behar!'Aitonak hori esaten zuen, sugea zeharo alua zela, eta hil egiten duela txoria,

eta burua puzten diela zakurrei, eta irrintzika jartzen dituela zaldiak, eta esnea lapurtzen diela behiei, baina oiloen aurrean ez daukatela zer eginik, oiloak espezialistak direla sugeak hiltzen.

Eta holaxe ibili ginen azken udan ere, Toby, Frankie, Kent, aitona eta bostok, aitona Kent-en gainean eta ni neure bastoi txuriarekin. Eta gero udazkena etorri zen, eta Frankie etxean uzten genuen, eta holaxe genbiltzan, paseatuz ezta? herrian zaldiak azaldu ziren egunerarte.

Egun hartan eskolan geunden, eta maistrak aritmetika esplikatu zigun, eta denok ondo portatu ginen, Vincent ere bai. Eta maistrari asko gustatu zitzaion hori, eta azken orduan jai egingo genuela esan zuen, eta herriaren iskinan dagoen tren geltokira joango ginela, geltokian zaldiak zeudelako, zaldi asko trenaren zai. Eta hala joan ginen, eta nik ez dut sekula ikusi hainbeste zaldi batera, eta itxituretan zeuden, gutxienez bostehun zaldi, eta denak urduri, eta nola hotz piska bat egiten zuen bada lurruna botatzen zuten, eta laino

bat bezala ikusten zen geltokiaren inguruan. Ni begira begira egon nintzen denbora askoan, eta nire artean zaldi bakoitza Kent-ekin konparatzen nuen, eta niretzat han ez zegoen Kent baino politagoa zenik.

Vincent nire ondotik zebilen egun hartan ere, nik esaten diot apartatzeko, alde egiteko nire ingurutik, baina berak ez dit jaramonik egiten, eta nire atzetik ibiltzen da beti, bada hori, bada egun hartan ere etorri egin zitzaidan, eta nire ondotik zebilen, txorakeriak esaten noski, maistra Katharina treneko gizonarekin ikusi zuela, musuka eta horrela, eta nik zaldi haiek norako ziren galdetu nion, eta berak:

Page 56: J Irakurketa-Testuak

`Hamburgora eramango dizkinatena, Hamburgora.' `Eta zergatik Hamburgora?' esan nion nik.`Ameriketara bidaltzeko barkuan.'`Ameriketara?' galdetu nion, zergatik ez nuen hura entenitzen. Eta Vincent-

ek kopeta hainbeste ez zimurtzeko esan zidan, itxusi egiten ninduela horrek, eta gero zaldiei begiratu zien:

`Ameriketan zaldiki asko jaten dinatena.'Eta orduan konprenitu egin nuen, zaldi guzti haiek mataderorako zirela,

bidaia egin eta gero hil egingo zituztela, eta handik aurrera ez nuen han segitu izan nahi, eta eskolara bueltatu nintzen, eta maleta hartu eta etxerako bidean jarri nintzen mantxo mantxo.

Handik ordubetera edo ailegatu nintzen granjara, eta aldapa igo eta segituan aitona ikusi nuen silan eserita, eta berak keinu bat egin zuen ni ikustean, burua jaitsi zuen, eta ez zidan diosalarik ere egin, eta derrepentean Kent etorri zitzaidan burura, eta geltokiko zaldiak, eta Vincentek esandakoa, eta korrika joan nintzen ikuilura, Toby han zegoen, Frankie han zegoen, baina Kent ez zegoen, eta aitonari deika hasi nintzen, eta orduantxe bertan trena sentitu nuen, trenaren ziztua bazihoala abisatuz.

Horregatik ez naiz paseatzera ateratzen gauez, Kent falta delako, eta aitona nola zaharra den bada ezin du oinez egin, eta etxean gelditzen naiz, ezer egin gabe, ezta debererik ere, zergatik maistra joan egin zen trenean eskola betirako utzita, eta sukaldean afaltzen dut, eta ez dakit nola dihoazen belarrak, nola dabilen Gordon, nola dabilen Arthur, eta pena haundia izaten dut Kent amerikano batek jan duela pentsatzen dudanean.

Testua: Obabakoak. B.Atxaga

Irakurlea: Maribi Urkola

Page 57: J Irakurketa-Testuak

HAURTZAROAREN NEGARRA

Lehen lagun nituen neskak orain ama bihurtu zaizkit. Ez nire eraginaz, noski. Eta era berean, lagunago egin nahiko nukeen ama jende asko ere ezagutzen dut. Denek kontatzen didate gauza berbera, eta neronek ikusia dut etxean ilobekin: gaurko umeak izugarri aspertzen dira. Hori da gaurko umeen negarra; sofan etzan eta oihukatzen dute: «Aspertuta nago».

Ni ez naiz gogoratzen umetan inoiz aspertzen nintzenik, baina oroimena ahanztura gozoz beteriko amarru bat besterik ez denez, amari joan nintzaion itaunka. «Ez -erantzun zidan-, nik ez nizuen inoiz entzun aspertuta zeundetenik». Alderantziz gertatzen zen gure haurtzaroan; oihuka hasten zitzaizkigun gurasoak etxeratzeko aginduz, afaldu edo zer edo zer egiteko. Garai hartan ez zen gaur adina bizikleta, eta bertan ibiltzeko txanda bila (edo eske) ibili beharra zegoen.

Bazter guztietan aurkitzen genuen misterioren bat, erreka-zuloetan beldurtzeko motiborik bazen, txabola zaharren bat aurkitzea abentura zen, eta sagarrak harrapatzeko arbolara igo beharra zegoen norbait, hark arbola dantzatu eta behekoek bilketa egiteko. Gauza aspergarri bakarra zegoen: meza entzutea.

Ia ezer materialik ez geneukalako, gure imajinazioarekin osatzen genuen hutsunea. Lehen arboletan soilik ikusten genituen frutak gaur egun haurrak supermerkatuan dakuski denak, denak eskura. Era guztietako artilugio, jostailu eta objekturekin bete ditugu haurren gelak, haurren bizitzak. Haien imajinazioa antzutu egin dugu, eta horren aurka eskoletako ahalegin pedagogikoek ez dute ezertarako balio izan.

Guk ezer ez geneukalako, nobedadearen bila ateratzen ginen. Gaur, umea, dena eginda jasotzen ohitua dago, eta ez dauka ezeren bila abiatzeko arrazoirik. Eta zure bizitza nolabait osatzera edo edertzera bultzatzen zaituen indar hori gabe ez dago imajinaziorik, ez dago sormenik, ez dago betetasunik bizitza horretan. Ez dago harridurarik.

Page 58: J Irakurketa-Testuak

Gaur egun haur bat harritzeko oso urrun eraman beharra daukazu, oso gauza xelebreak ikustera. Nik iloba motoan karrera batera eraman nuen eta aspertu egin zen. Ezin genuen sinetsi: motoan, karrera bat ikusten, AS-PER-TU?

Ez dakit gure haurrekin krimen handi samarra ez ote garen ari egiten, zer mundu eskaini diegun ikusita.

Testua: Pako AristiIrakurlea: Itziar Garmendia

Page 59: J Irakurketa-Testuak

HAU PASADA BAT DAAitortuko dizuet kolore horia ezin dudala ikusi. Ez da sekretu

bat. Mundu guztiak badaki hori dagoeneko. Oso ondo ulertzen dut, futbolistek eta espektakulu munduko edonork dion gorrotoa, eta ez nau batere harritzen zorte txarra ekartzen duen kolorea dela dioen uste horrek. Neroni ere halaxe ekarri dit azkenean.

Ez dakidana zera da: zergatik diodan horrelako gorrotoa. Amak kontatu izan zidan, txikitan, banuela soineko itsusi xamar bat, Brasilen misionera zegoen izeba monja zaharrak ekarria, eta sekula ez nuela jantzi nahi izaten. Horia omen zen. Baina ez dakit itsusiagatik edo horia izateagatik baztertzen nuen. Edo horia ordudanik bihurtu ote zitzaidan gorrotagarri. Ez dut kezka hori argitzeko modurik izan, psikologo bat baino gehiagorekin hitz egin arren. Platanoak ere gorroto ditut noski, ezagutu nituenetik. Baina soinekoarekin gertatzen zaidan gauza bera gertatzen zait hauekin ere. Eta limoiekin zer esanik ez! Beldurtu egiten omen nintzen haurra nintzela limoi bat ikuste hutsarekin.

Aipatu dut psikologo dexente ezagutu ditudala arazo hau dela eta, ez? Beno, arazoa, beraien ustez. Niretzat gusto kontu bat besterik ez da, baina familia ere pixka bat larritu zen kanarioarena gertatu zenean, eta orduan hasi ziren pentsatzen gusto kontua baino, arazo gehiago ote zen. Ez zen beste munduko ezer pasa. Aldameneko bizilagunak oporretara zihoazela eta, kanarioa utzi ziguten etxean. kaiola eta guzti. Gaztetxoa nintzen artean, eta pozoindu egin nuen txori zikin hura. Horia izateaz aparte, isildu ere ez zen egiten madarikatua! Uste dut etxe guztia zoro moduan ibili zela hura adina kantatuko zuen baten bila. Ez naiz akordatzen zertan amaitu zen historia, baina gertakizun hura izan zen lehendabiziko aldiz psikologo batengana hurbildu ninduena. Saiatu zen nere memoria arakatzen baina ez zuen ezer garbirik atera.

Page 60: J Irakurketa-Testuak

Bigarren aldiz ere, familiak bultzatuta joan nintzen. Helduxeagoa nintzen orduan, eta ezkontzekotan nenbilen. Manuelekin. Mutil prestua zen Manuel hura, ezin ukatu. Baina eskerrak ez nuen harekin bukatu! Ez zidan ba ezkontza baino astebete lehenago beroki hori bat erregalatu? Zer, eta berokia? Ezetz esan nion. Ez nuela berarekin ezkontzeko asmorik alegia. Eta ez nintzen ezkondu. Bertan behera utzi nituen plan guztiak. Etorkizun ederra izan behar nuen bi urtez nobiotan ibili eta beroki horia oparitzen zidan gizonarekin! Gogoan dut nola saiatu zen hura ere, broma txiki bat izan

zela esplikatzen, ea horia ezin nuela ikusi ez al zekien galdetu nionean. Kolore hartako bromarik ez nuela onartzen erantzun nion eta kitto.

Berriro bidali ninduten psikologoarengana. Neronek gehiago dakit gizarajo hark baino, eta garbi dago, hark ere ezer gutxi konpondu zuela.

Beste hamaika anekdota edo pasadizo ere konta ditzaket horiak eta nik izan ditugun harremanei buruz, baina ez du merezi orain horretan hasteak. Lehen ere esan dut, gauza jakina dela, eta hemen inguruko edonork duela horren berri.

Ez da gaixotasun bat. Gusto kontu bat baizik. Adibidez, Aitor jaio zenean sekulako disgustoa izan nuen: ilehoria atera zen, destinuak egiten dituen joko petral horietakoren baten ondorioz (genetikaz beltza atera behar baitzuen; ez berak, bere ileak alegia).

Hari ere azkar demonio aurkitu nion soluzioa: beltzez tintatu nion astebetera. Lan ederrak hartu nituen kozkortu arte hilean behin tintatu behar hartan. Baina ez ninduen lanak beldurtzen. Erotzat jo ninduten askok, baina aizue, ama askok ez al die agua-

Page 61: J Irakurketa-Testuak

oxigenada botatzen umeei rubioak izan daitezen? Besterik ez nuen egin nik; alderantziz, baina gauza bera.

Batek baino gehiagok bromak ere egin zituen, ume gajoak hepatitisa harrapatzen bazuen akabatu egingo nuela esanaz. Suertez ez zen horrelakorik gertatu. Halere, gehienek pasada bat zela esan zidaten.

Pasada bat! Pasada bat, niri gertatu zaidana da. Duela astebete eskas, auzoan dagoen jatetxe txinoko jabea aurkitu zuten hilda. Labankada batez. Ez nuen ezagutu ere egiten, ez nintzen sekula jatetxe hartara sartu. Dirudienez, poliziak ezin izan du hura nork hil zezakeenari buruzko aztarnarik aurkitu. Ez zioten dirurik lapurtu antza, ez zeukan inorekin saltsa arrarorik, etsairik ere ez... Eta zer bururatu zaiela uste duzue? Pentsatu duzuen gauza bera: nik hil dudala. Eta hementxe nago, etxean sartuta, preso bat banintz bezala. Ez naute gartzelara eraman, probarik ez dagoenez, ezin dutelako. Baina ni neu naiz susmagarri nagusiena, eta sentitzen dut, baina hau bai: hau pasada bat da.

Testua: Arantxa IturbeIrakurlea: Itziar Garmendia

IRRATIAREN JABEA

Goiza Ezkurdin pasatu nuen, aulkian eserita, irratia entzunez eta han urmaeletan bizi diren ahati koloretsuei begira. Etxera bueltatuta ohe gainear etzutearekin batera ohartu nintzen irratia falta zitzaidala. Etxea goitik behera errekistatu eta ez nuen aur-kitu zorioneko irrati hori.

Page 62: J Irakurketa-Testuak

Parkean utzia izango nuen, han ezkurdian, edo hantxe egon nintzen artean baten batek ostuko zidan. Ezkurdirantz joan nintzen, goiza eserita eman nueneko lekura. Han ez zegoen, beraz ostu egin zidaten. Parkea hiruzpalau aldiz zeharkatu nuen noraezean. Hiri honetan ezin da bizi, lapurrez beteta dago. Etxerantz itzultzen nintzela, elbarri bati erreparatu nion autobus geltokian, elbarria zela ohartu nintzen hormaren kontra eserita zegoelako, zangorik gabe. Irratia entzuten ari zen. Bizkarra hormaren kontra, soina ohol zahar batzuen gainean, zangorik gabe, irratia besapean, aulki gainean soina, ipurditik gora soina, baina zangorik ez oholetik behera zintzilik. Irratia, besapeko irrati hura, egia esan, beste edozein irrati izan zitekeen, baina nik zeozer usnatu eta inguratu nintzen.

Irratia abrigo azpian erdi gordeta zuen. Irratia ez da ezkutatzen entzun nahi baduzu, irratia estaliz gero hainbat okerrago entzungo da, ez da abrigopean tapatzen, gordetzeko edo ezkutatzeko arrazoirik ez bada behintzat. Bertaraino ailegatu nintzen, autobusen zain zeuden beste sei-zazpi lagunen artean egon nintzen elbarria zelatatzen, eta ene susmoa unerik une larrituz joan zen.

Bera zen, nor izango zen ba lapurra elbarria baino! Elbarri kondizioak, elbarriari, desabantilaren atxakiarekin, abantaila ederra ematen dio legeko jendea engainatzeko; sugea ere zangogabea da, animalia maltzur halakoa! Autobusa heldu zen eta geltokiko jendea, behar bezalako jende hura, joan egin zen.

Elbarriarengana ezari-ezarian hurbildu eta, bat-batean, irratia kendu nion. Susmoa nuen bezala, banekien bezala, ene irratia zen, eta laket zaidan emisora zegoen jarrita

Page 63: J Irakurketa-Testuak

gainera, arratsaldean zehar entzuten egon nintzen bera, egunero entzuten dudan berbera. Elbarriak irratiari antenaren puntatik eusten zion oraindik, begiak sumindurik begiratu zidan, ukabilkada bat jo behar izan nion sudurrean, eta ez zen aski izan, espantuka hasi zen, eta ez zuen ene irratia soltatu. Orduan eskuineko oin puntaz ostikada on bat jo nion saihetsean, irratia soltatu zuen eta aldamenerantz erori zen, suntsitua, arnasarik gabe. Etxerantz joan nintzen ene irratiarekin. Itzulera bide hori lasaibidea izan zen enetzat, elbarriaren aieneak gibelean utzita. Ez zait gustazen etxera urduri ailegatzea, ohe gainean luzeran etzanda irratia sabel gainean piztuta ene gogoko emisora entzutea gustatzen zait.

Eta gustatzen zaidan emisora berbera nengoen entzuten. Orduan, begirada gelan zehar alderatu zitzaidan, harik eta aulkiaren gainean, uzkur, isilkoi, mutu, ene irratia erreparatu nuen arte.

Orain bi ditut.

Testua:JOSEBA SARRIONANDIAIrakurlea: Bego Akizu

Page 64: J Irakurketa-Testuak

JOANES ARTZAIA

Ura zan gizona, ura!Zazpi oin ta erdi bai luze, makal zugatzaren irudira zuzen,

pagorik lodiena baizen zabal, arte gogorra bezela trinko, gorosti ezearen antzera zimel.

Orrela zan Joanes nik ezagutu nuanean.Sendoak zeuden oraindik artzai zarraren beso zaintsuak, txit

azkarrak bere oñak, zindoak bere bular-auspoak.Irurogeta amabi aldiz ikusi zuan, Aloña mendiko ariztietan,

ostro berdea berriz jaiotzen; baña etzion eramango emeretzi urteko mutil batek ez aizkora jolasean, ez burni astuna jaurtitzen, ez mendietan gora edo ibarretan zear laisterka.

Kaiko andi bat esne goizean jan, azpantarrez izterrak estaldu ta makilla bat eskuan artu ezkero, prest zegoan egun osoan, zein ariñago bezela, beorren atzetik ibiltzeko edo, neke askorik gabe, ardi galdu gaixoaren billa gau guztia igarotzeko.

Argiak ziran Joanesen begi gozoak. Oitua zegoan Joanes zerura ta lurrera, gabaz ta egunez, arreta andiz begiratzen; ta iñok baño lenago ikusiko zuan, goi aldetik, odei tarteko arranoaren ibillera apaña edo ia gizon danentzat estaldurik zegoan izarraren kiñua, ta lur aldean, lokatz bigunetako abere oñatza, bide ondotik joan ziran eperren aztarna, sasi mardularen ertzeko erbi-oi zapala, arkaitz zuloetako egazti arraparien kabia, ta an bebeian agiri zan urlia erriko orduari zar ta illun samarra.

Ernaiak ziran Joanesen belarriak. Oso egiña zegoan Joanes mendi-oiarzun guztietara. Milla aldiz bai entzun zituan, bakartasunaren erdian jarrita zegoala, urrutiko trumoiaren orrua, ekaitz aizearen durundia, artzaiaren deadar luzea, egurgillearen aizkorakada neurtua; basaurdearen arnasotsa, otsoaren alaraua,

Page 65: J Irakurketa-Testuak

azeriaren zaunka, beorren irrintzia, mozoloaren oiua, basauntz bildurtiaren zalaparta; abere arranen dulun-duluna, ardien bee negartia, suge zarraren txistua, belien garraxi latza, sosoaren txortxorra, txori kantari askoren txiotxo alaia, errekastoen poll-polla, zugatz ostroen pir-pir biguna, eltxo gogaikarrien zunburruntxoa ... itz gutxitan esateko, izakiak berez dituan ta mendi basoetan diran abere, pizti ta sortutako gauza guztien amaigabeko soñu txiki ta andi, ixil ta bizi, garratz ta gozo, mingarri ta eztitsu, pozkor ta ikaragarrizko danak. Berialaxe antzematen

zion Joanesek nondik zetorren soñua, ta baita ere esango zukean garbiro ta zuzen zer zan ta non zegoan soñu bakoitzaren jatorri ezkutua.

Etzan Joanes jakituri andikoa, baña bai asko ikusia, ta asko ikusi duan gizonak beti daki zerbait, eta sarri jakintsu usteko askok baño geiago.

Bazekian non ta noiz jaiotzen ziran gibelurdiñik gozoenak eta zein tokitan zeuden kamamilla, belatxeta, karraskilla ta beste orrelako belar mota gizonarentzat osasungarriak.

Bazekian non idoroko zituan artaldearentzat bear ziran janaririk on ta egokienak.

Bazekian nola sendatu bear ziran beor, bei ta ardien zauri ta gaixotasun ezagutuenak.

Bazekizkian baso guztietako laster bideak eta bost ordu bide inguruko arkaitz zulo ta aterpe denak.

Bazekizkian zer leku zeuzkaten goi urdiñean izarrik nagusienak eta artizarrak batez ere. Eguzkian bertan ikusten zituan, geienbat, egunaren orduak; illargiaren jiran, aizeak zeraman bidean ta laño ta odeien egoetan irakurtzen zuan urrengo egunerako girona edo giro txarra.

Bazekian, gañera, ta au zeukan gauzarik onentzat, guraso

Page 66: J Irakurketa-Testuak

zarrak erakutsi zioten Eleizaren legea ta Jesu-Kristok lurrean erabilli zuan bizitza samurra, ta lege ta bizitza oiezaz bakartadean gogoraturik, ikusi zuan, dana Jaungoikoari zor zion gizonak txit apala bear zukeala izan, bere nekietan patxada andikoa ta lagun urkoaren naigabietan egiazko onginaiz betea.

Kristoren legea zan Joanesen argia ta argi orretan ikusten zituan, kupidaz, gizonen argaltasu ta ibilpide okerrak.

Oroitzen naiz nola ezagutu nuan nik Joanes artzaia ta nere jakinai bizian zenbat galdena egin nizkion.

Testua: DOMINGO DE AGIRRE. Irakurlea: Pako Eizagirre

Page 67: J Irakurketa-Testuak

LAPONIA: BIZIMODU LATZ ETA GOTORREKO LURRALDEA

Denboraren hasieran Jainkoak bi anaia munduratu zituen eta giro epel eta gozoko lurralde menditsua eman zien bizitzeko. Halako batean elurte bortitz batek lurralde hura astindu zuen eta bi anaiak elurpean hiltzeko zorian egon ziren. Bata, babestearren, harpe batean gorde zen. Bestea aire zabalean gertatu eta elur-ekaitzari aurre egin zion. Atertu ostean biak onik zeuden. Ekaitzari aurre egin zionak munduko lurralderik hotzena hautatu zuen bizitzeko: laponiar guztien aita izan zen.

Laponiarrak eta laponieraLaponiarren ezaugarri fisikorik nabarmenenak bi dira: txikiak

izatea (batez beste 1,55 m-koak gizonezkoak eta 10 cm gutxiagokoak emakumezkoak) eta oso buru hezur txikia eta forma berezikoa izatea. Ilea, oro har, leun eta iluna dute. Aurpegia madari-itxurakoa da, masailak pixka bat irtenak eta azala olio-kolorekoa. Begiak gehienetan arreak edo marroiak. Beraz, fisikoki, bere bizilagunen, hots, eskandinaviarren, antzik ez dute.

lkusmen zorrotza dute, baita zahartzaroan ere. Bere odol-sisteman anastomosiak dituzte (arteria eta zainen arteko ez ohiko loturak), horri esker tenperatura baxuak hobeto jasan ditzaketelarik. Indartsu eta biziak dira, ibilera arinekoak eta erresistentzia handikoak (l883an Amudsen exploradore norvegiarrak bi laponiar bidali zituen Groenlandiako barne-lurraldeak miatzera eta 57 ordutan eski gainean 460 km-ko ibilaldia egin zutela esan zuten itzuli zirenean. Inork ez zien sinetsi, baina bietako batek Suediako

Page 68: J Irakurketa-Testuak

lasterketa batean parte hartu eta irabazi egin zuen: 21 ordutan 220 km ibili zen!).

Laponiarren jatorria ez dago batere argi, baina badirudi K.A. 2000. urtearen inguruan iritsi zirela Eskandinaviara edo, zehatzago esan, gaur egun bizi diren lurraldeetara. Hegoaldetik iritsi ziren, beste herrien erasoetatik ihesi.

Laponiera fino-ungriar hizkuntz taldeari dagokio, talde hau ural-altaiar hizkuntz familiaren adar bat delarik. Adar horretako hizkuntzarik ezagunenak suomiera (finlandiera) eta hungariera dira. Hiru dialekto nagusi ditu laponierak, elkarrekiko aski desberdinak.

Iparraldeko dialektoa da hedatuena: 3 laponiarretatik bik egiten dute ipar-laponieraz. Ekialdeko laponieraz Inari lakutik ekialderantz egiten da (Ipar-ekialdeko Finlandian eta Errusian). Azkenik, hego-laponiera dago, gutxien hedatua: erdi aldeko Norvegian eta Suedian egiten dute.

Laponieraren fonetika eta gramatika konplexuak dira (adibidez, 9 izenordain pertsonal dituzte: 3 singular, 3 plural eta 3 dual, hau da: biok, zuek biok, haiek biok). Lexikoa, espero izatekoa denez, oso aberatsa da haien bizimoduari dagozkion gauza eta kontzeptuetan (metereologia, fauna eta elur-oreinari dagokion guztian adibidez), baina urria kontzeptu abstraktuetan.

Testua: Elhuyar aldizkariaIrakurlea: Ane Zeziaga

Page 69: J Irakurketa-Testuak

MERKATARI ABERATSAREN MORROIA

Bazen behin, Bagdadeko hurian, merkatari aberats baten zerbitzuan lan egiten zuen morroi bat. Egun batez, goizaldetik, morroia Bagdadeko azokara abiatu zen erosketak egitera. Baina goiz hura ez zen beste goizak bezalakoa izan. Goiz hartan Heriotza ikusi baitzuen azokan. Eta Heriotzak keinu egin baitzion morroiari.

Izututa, morroia merkatariaren etxera itzuli zen.«Nagusia» esan zion-. «Utzidazu etxeko zaldirik azkarrena. Gaur

gauerako Bagdad honetatik urruti egon nahi nuke; gaur gauerako Ispahango huri apartatu hartan egon nahi nuke.»

«Baina, zergatik egin nahi duk ihes?»«Azokan Heriotza ikusi dudalako, eta amenazuzko keinu bat egin

didalako orduan.»Merkataria hunkitu egin zen, eta zaldia utzi zion. Eta morroia abiatu

zen gauean Ispahanen egongo zelako esperantzatan.Egun hartako arratsaldean, merkataria bera azokara joan zen. Eta

goizean morroiak bezala, berak ere Heriotza ikusi zuen han.«Heriotza» esan zion berarengana inguratuz-. «Zergatik egin diozu

amenazuzko keinu bat nire morroiari?»«Amenazuzko keinu bat?» erantzun zion Heriotzak-. «Ez, ez da

amenazuzko keinua, baizik eta harridurazkoa. Harritu egin naiz hura hemen ikusteaz, hain urrun Ispahandik; ze, gaur gauean Ispahanen hartu behar baitut zure morroi hori ... »

Eta Henryren koadernoko laugarren orrialdean gomentario bat dator, Merkatari aberatsaren morroiari buruz.

«Batzuk diotenez, bizitza, guretzako, dadoen jokoa bezalakoxea da. Jaio ezkeroz badaukagula patu bat, diote, badaukagula fatalitate bat. Nola erori dadoak, halaxe joango zaigula bizitza.»

«Beste batzuk, berriz, askatasun gehiago antzematen dute bizitzan. Bizitza, ikuspuntu honetatik, ajedrez joko bat besterik ez litzateke izango.

Page 70: J Irakurketa-Testuak

Ajedrezeko jokalariak bezala, guk edozein gauza egin genezake, edozein pieza mugitu; askatasun hori bagenuke. Baina behin zerbait eginez gero, behin pieza bat mugituz gero, ekintza hori, mugimendu hori fatala litzateke. Ezin atzera egin. Ezin jokoa beste bide batzuetatik eraman. Ekintza hori, mugimendu hori, fatala litzateke. Ekintza edo mugimendu horrekin egin behar nahitanahiez aurrera.» «Aurreko fatalitateak,

dadoarenak, ikara ematen dit aurreneko momentuan, eta gero lasaitasuna. Bigarrenak, berriz, triste jartzen nau. Nere bizitza ez dut maite.

Ezin ote da borrokatu fatalidadearen aurka?»Bizitzan beharbada ez, baina ametsetan bai. Ametsetan borroka

gintezke heriotzaren aurka ere. Heriotzak harrapatu nahi zuen morroiaren istorioa beste bat ere izan zitekeen. Hementxe idazten dudan beste hau, esate baterako.

«Baina, zergatik egin nahi duk ihes?» galdetu zion merkatariak.«Azokan heriotza ikusi dudalako, eta amenazuzko keinu bat egin

didalako orduan». Merkataria hunkitu egin zen, eta zaldia utzi zion. Eta morroia abiatu zen gauean Ispahanen egongo zelako esperantzatan.

Zaldia bizkorra zen, eta, espero bezala, morroia Ispahan apartatu hartara ailegatu zen lehen izarrarekin batera. Eta etxez-etxe hasi zen, ate joka, babesa eskatuz.

«Heriotzagandik ihes nabil» esaten zien atea zabaltzen ziotenei- «eta ostatu eskatzen dizuet.»

Baina jende hura beldurtu egiten zen Heriotzaren aipamena entzun orduko, eta itxi egiten zizkioten ateak.

Morroiak hiru, lau, bost ordu egin zituen Ispahaneko kaleetan barrena, ate joka, alferrik nekatuz. Eta, hala, egunsentia baino pixka bat lehenago, Kalbum Dahabin izeneko gizonaren etxera ailegatu zen.

«Heriotzak amenazuzko keinu bat egin dit gaur goizean, Bagdadeko azokan, eta ihes nator handik. Erregu egiten dizut, emaidazu ostatu.»

Page 71: J Irakurketa-Testuak

«Heriotzak» esan zion Kalbum Dahabinek- «Amenazu Bagdaden egin badizu, ez da han gelditu izango. Zure atzetik dator Ispahanera, zaude seguru. Dagoeneko gure murrailetan egongo da zeren gaua bukatzera baitoa.»

«Orduan, galdu naiz betiko!» erori zen morroia.«Etzazula oraindikan etsi!» atera zen Kalbum- «Eguzkia atera arte

bizirik segitzeko abilidadea baduzu, libre geldituko zara. Heriotzak zu gaurko gauez hartzea erabaki bazuen, ezin zaitu beste inoiz hartu.»

«Goazen lehenbailehen plazan daukadan dendara» eskatu zion Kalbumek etxeko atea itxiz.

Bitartean, Heriotza Ispahaneko murrailetara inguratu zen. Larritasunez begiratzen zion urdintzen hasia zegoen gauari.

«Egunsentia» pentsatu zuen- «momentu batetik bestera iritsiko duk, eta hori gertatuz gero morroia galduko diat.»

«Baina ez diat galduko» gaineratu zion bere buruari- «bazekiat gauzak azkar asko egiten». Eta, hartan, Heriotza Ispahaneko kaleetara iritsi zen. Usaindu egin zuen han, huri hartako milaka usainen artean, Bagdadetik ihes egindako morroiarena bilatuz. Berehala, morroia Dayoub Kalbum Dahabinen dendan zegoela erabaki zuen, eta haruntza abiatu zen presaka.

Zeruaren ertzeko laino ttiki bat urreztatzen hasia zegoen. Eguzkia berehala jabetuko zen munduaz.

Heriotza Kalbumen plazako dendara iritsi zen. Atea danbateko batez zabaldu zuenean, harridura keinu bat gaineratu zen bere begietara... Heriotza harritu egin zen behin ere ez bezala, ze denda hartan ez baitzuen morroi bakar bat ikusi, baizik eta bost, zazpi, hamar morroi berdin ikusi baitzituen.

Heriotzak kirika egin zuen leihorantz: eguzkiaren lehen printzak distira egiten zuten leihoko oihal txurian. Zergatik zeuden hainbeste morroi denda hartan, bakar baten partez?

Page 72: J Irakurketa-Testuak

Baina ez zeukan pentsatzeko astirik. Kalbum Dahabin ispilu egilea zela sumatu gabe, Heriotzak aukeratu egin zuen ugaritasun hartan. Dendaren erdian zegoen morroietako bat hartu eta kalera egin zuen korrika. Kalea argitan zegoen ordurako.

Egun hartan, Ispahaneko jendea kontu kontari ibili zen, eta kejaka.«Gaur goizean» esaten zuen jendeak- «ohetik jeiki eta leihotik

begira nengoela, lapur bat ikusi dut, beltzez jantzia, eta besapean ispilu handi bat zeramala. Madarikatua izan bedi Kalbum bezalako gizon zintzo bati lapurreta egin diona ... »

Testua: B. AtxagaIrakurlea: Raul Lopez de Munain

Page 73: J Irakurketa-Testuak

NIREA TTIKIA DA

Nik badakit nirea ttikia dela, horrek ez du niretzat garrantzi handirik. Lehen, hori zela medio, buelta batzuk ematen nizkion buruari, baina gaur egun ez da niretzat inolako arazoa. Tamaina da gutxienekoa. Beste gauza askotan bezalaxe, honetan ere erabilera da balio duela. Erabilpena egokia bada, horrek balio du; gehiegizko tamainak askotan trabatarako izaten dira, horretarako.

Nirea ttikia izango da, baina mugitzen dena, bizkorra, lanerako beti pronto dagoena. Zertarako dut handia, noiznahi ezinean bide erdian gelditzeko bada? Nireak ez du garabiarik behar mugitzeko, bakarrik laster jartzen da martxan, laguntza handirik gabe.

Ni futbolaria naiz, edo futboleroa, berdin zait, eta talde askotan jokatu dut. Lagun asko ezagutzeko aukera izan dut, eta denetarikoak ikusi ditut. Galantarekin ezagutu ditut, baina, jendeak hala uste ez badu ere, gehienak ttikiarekin. Askok dute ttikia, bai, eta haiexek ikusi izan ditut neska lagun ederrenarekin. Beraz, neskei handia gustatzen zaiela ere askotan entzun izan dut, baina ez dut uste horrela denik. Batzuek izugarria dute, baina ez dakit zertarako, gehienetan bakarrik ibiltzeko.

Nire ustez zerbitzu berbera egiten du ttikiak. Handia duten horiek askotan ez dute jakiten nola maneiatu ere. Motel, torpe, baldar, trakets, zarpail... Ttikia dugunok berriz, di-da! Badakigu nola eta noiz jarri behar dugun martxan, eta maniobra handirik gabe, rau! abiatzeko prest.

Handia duten horiek, berriz, beti hortxe, beren hori guztiei erakutsi beharrean. Edozein aitzaki aski dute beren tramankulua atera eta denei erakusteko. Ederra, handia, distiratsua... Baina

Page 74: J Irakurketa-Testuak

gehienak alfer-alferrik. Ni ez naiz horrelakoa. Ni ez naiz horrela aritzen. Inork ez du jakin beharrik nirea nolakoa den. Bakarrik behar duenak, nahi duenak, erabili behar duenak. Hari erakutsiko diot eta kito. Besteei bost axola.

Handia izateak bere arazoak ere sortzen ditu, ez pentsa, gero! Ni oso pozik nago nirearekin. Beti izan dut ttikia eta ttikiarekin jarraituko dut. Orain ez naiz

aldatzen hasiko. Nirea erabili eta nirearekin gozatu dutenek ere ez dute inolako kexurik. Niretik pasatu direnak pozik gelditu dira zerbitzuarekin.

Denek esaten dutenez, ttikia baina praktikoa, erabilgarria oso, bizia, eta gogorra gainera. Batez ere hori, oso gogorra. Handiak normalean ez dira horren gogorrak izaten, ahulagoak izaten dira, bigunak, belaxkak, berak.

Nire emaztea ere txoratzen dago. Hark ere lehenengo aldiz ikusi zuenean, «jesus, bai ttikia!» oihukatu zuen, baina geroztik ez du horretaz hitz egin. Orain ez luke nolanahi aldatuko. Beno, hori da niri esaten didana, behintzat. Egunero erabiltzen du. Egunero behar du bost minuturako bada ere. Ez dio trote izugarria ematen, baina egunero-egunero bere saiotxoa. Ez dio deskantsurik ematen.

Nik esaten diot, gehiegi ere ez dela ona, ttikia dela eta dosifikatzeko, garaia baino lehen erre ez dadin. Baina bost axola. Hark berea. Oso derrigorrezkoa ez badu ere, benga, gainean jarri eta ale! Asko biziatu da gure emaztea, lehen ez zen horrelakoa. Baina orain gustua hartu dio, nonbait. Eta emaztea kontent badago, ni ere bai. Zer esango dut nik?

Koinatari ere nirea gustatzen zaio. Eta nola gustatu ere. Bere senarrak handiagoa omen du, baina nire andrearen ahizpari nirea gehiago gustatzen zaio. Hark ere lehenengo aldiz ikusi zidanean

Page 75: J Irakurketa-Testuak

barre egin zuen: «Baina nora zoaz horrekin, gizona»? Baina orain ez dit horrelakorik esaten. Nahiago luke senarrak ere nirea bezalakoa balu. Harena mugitzen hasteko denboran nirearekin buelta egina omen du. Nire koinata horretan azkarra da. Ez zaio alferrikako luzamendutan ibiltzea gustatzen. Berehala martxan jarri eta laster egiten ditu egin beharrekoak.

Nik esaten diot, senarrarenarekin ez badago gustura harekin konpontzeko. Nik ez dudala deus ere jakin nahi kontu horrekin, ni ez sartzeko. Eta gainera, ez dudala nahi nire emazteak deus ere jakitea. Tarteka, noizean behin bada, ez dagoela arazorik, baina ez dudala inolako loturarik nahi, ez dudala inolako konpromisorik nahi. Gauzak horrela hasten direla, pixkanaka-pixkanaka, eta gero ez dutela amaiera onik izaten. Ez dakit azkenean nola bukatuko dugun.

—Zurea kapritxo bat besterik ez da! -esaten diot. Zure senarrarenarekin aski duzu, ez duzu nirearen beharrik.

—Bai, halaxe da, kapritxo bat. Eta zer? Nik ez al dut kapritxorik merezi? Zurea beste gauza bat da, Andres.

—Noski zuk kapritxoak ere merezi dituzula. Mereziko ez dituzu, bada! Baina ez zait gustatzen gauza horiekin jolasten aritzea. Gero badakizu zer gertatzen den. Edozer gauza pasatu, eta akabo. Betirako haserre gintezke. Eta deskuidatuz gero, familia ere pikutara, igoal.

—Eta zergatik pasatuko da zerbait. Mesedez, Andres. Palankatxo hori nire eskuarekin hartzen dudanean, eta aurrera eta atzera hasten naizenean, ezin naiz gelditu. Aurrera, atzera, sartu, atera... hain da liraina, hain da maneiagarria. Ez dut ia indarrik ere egin behar izaten.

—-Badakizu zer egin, guapa! —-Zer?

Page 76: J Irakurketa-Testuak

—Zer? Zuena saldu eta nirea bezalakoa erosi. Seat Ibiza du izena. Ez dira garestiak, eta aukera zabala duzu. Katalogoa etxean daukat oraindik, eta utziko dizut.Horrelaxe moztu behar izan nion azkeneko txandan auto eske etorri zitzaidanean. Ia egunero hasia da, eta egia esan aspertzen ari naiz. Bere kanbioaren palankatxo horren kontuarekin moskeatuta nauka. Ez dakit, ez dakit... Askotan ez dut jakiten zein palankatxoz ari den.

Testua: A.KazabonIrakurlea: Pako Eizagirre

Page 77: J Irakurketa-Testuak

OHE ZALETASUNA

«Ohean hitz egin, zigarroak erre, bonboiak jan, edari goxoren bati tragoxkak lapurtu, musika entzun: "izara artean mundua dago, izara artean zerua..."».

Ohean pena guztiak joaten zaizkizula diozu eta nik, nekez uler dezaket hori, ohe zale eskasa nauzulako.

Ez dut txikitatik behar adina baino denbora gehiagorik ohean pasa gaixo aldietatik aparte, eta gaur egun ere, ohean denbora gehiago ematen saiatu arren, zaila egiten zait nagikeria eta denbora galtzearekin ez lotzea ohean denbora pasa egotea. Zu bezalako ohe zaleek inbidia pixka bat ere eman ohi didate, nahiz eta igande osoa maindiren artean gustura nola igaro daitekeen ez ulertu.

Zuk, berriz, Erdi Aroko ohitura zaharra berritu beharko litzatekeela diozu, hau da, edozein arazo politiko edota borroka konpondu ondoren alde batekoek edo bestekoek elkarrekin lo egin beharko luketela, bi aldetatik konfidantza osoa dagoela erakusteko. Ohe handi bakar batekin egiten duzu amets, ohe indibidualak oraindik asmatu gabeak ziren garai haietakoak bezalakoak non gurasoek, seme-alabek, bestelako gonbidatuek eta baita zenbait txakur edo katuk lo egiten baitzuten.

Horizontalean ezagutu beharko genukeela elkar diozu, eta ez zoritxarreko ohiko bertikalean, ez baikara berdinak, nonbait, etzanda egonez gero eta botere harremanak zailagoak gertatzen bide dira bestearen berotasuna ondoan sentituz gero. Barre gura ematen didazu ohe zaletasunari buruzko laudorioak eskaintzen dizkidazunean. Zure hitzetan, ez dago munduan ohean erdi lo-erdi esna egotea baino gauza hoberik, depresio aldirako tratamendu egokiagorik edota irudimenerako hego aldi aproposagorik... Ohean

Page 78: J Irakurketa-Testuak

hitz egin, zigarroak erre, bonboiak jan, edari goxoren bati tragoxkak lapurtu, musika entzun: "izara artean mundua dago, izara artean zerua..."

Bai, badakit ez zarela amodioaz eta izaren arteko jolas erotikoez soilik pentsatzen ari, beste nolabaiteko bizitza hipotetiko batez baizik; horregatik, agian, nire eszeptizismoa uxatu nahian, Historiara jotzen duzu, Richelieu kardinala aipatzen didazu, zeinak, zuk diozunez, egunean ordu erdi bat bakarrik egiten baitzuen ohetik kanpo. Tarte horretan

erregearengana joaten zen, zenbait berri aztertu, haren aginduak jaso eta berriro ohera abiatzen zen. Eta Henri Matissena? Ez al dakit ba nik, hain artezalea izanik, haren anekdota bitxia? Ezetz? Bada, zuri pintore horrek egin zuena zoragarria iruditzen zaizu: ohean zegoen bitartean pintzel luze batez gelako sabaia pintatu omen zuen. Eta ez da zure ohearen aldeko manifestua horretan bukatzen: Karlos Ia, XVIII mendeko errege suediarra, aipatzen didazu segidan... Errusiako Pedro Handiarekin izan zuen gerra galdu ondoren, ohean sartu eta hantxe, irten gabe, hamazazpi hilabete pasa zituela aurpegiratzen didazu, nire ordenagailuari begirada azkarra eta haserrea zuzentzen diozun bitartean.

Baina alferrikakoak dira zure arrazoi guztiak, maite, egunkarirako artikulu hau idatzi behar dut, eta hori bukatu arte ez dut uste ni berriro oheraraztea lortuko duzunik.

Testua: EGIN egunkariaIrakurlea: Ana Marañon

Page 79: J Irakurketa-Testuak

PERRETXIKUAK ETA ETXEKO KATUA (I)

Badakizue zer itz esan degun? Perretxikua. Gaur egun esaten dan bezela, janari preziatua. Landatu gabe gure lurrak ematen digun janarietako bat. Eta nolakoa! Bere garaiak ditu.

Udaberriko zizak. Leku batzuetan zuzak deitzen diete. Nere ustez, perretxikurik finenak. Perretxiku zuria, usai ederrekoa. Ez da nunai izaten dana. Leku jakiñekoak oi ditu geienean. Eta leku oien berri dakienak isilik gordetzen ditu. Lagun aundia izango dezu, baiña ez dizu esango. Izugarrizko salneurriak eragiten dituena da udaberriko ziza. Naiko denboraldi motza da berea, eta orduan saiatu bear.

Gogoan det, mutikoak giñala, anai gazteagoa, Joxe, eta biok Urdanetatik etxera lasterka gentozela, meza nagusian izanda. Luzatu zitzaigun, nunbait, uste baiño geiago pelotan, askotan bezela, eta gero belar-zelaietan barrena presaka etxera, ankak burutik gora jasoaz.

Ura ezusteko ona! An egin genuen topo ziza-sail zuri-zuriarekin. Eiza-zakurra oillagorrari bezela geratu giñan biok. Nunbait, iñork ez zekien ziza-leku aren berri. Ziza-lekuak aldatu egiten bait dira batzuetan. Eta beste leku batzuk, jakiñekoak, nioen bezela.

Bada,etxera etortzeko presak alde egin ziguten, ziza-zuri sail artara eldu giñanean. Dena zuri, metro eta erdi inguruko sailla. Izketa aldatzea da, baiña zera gogora arazten dit: Valentziatik ia Benidorrera iristean, an eskubi aldean ikusten dira, ba, mendiak etxe txuriz jantziak... Bada, uraxe gogora arazten dit.

Soiñean generamatzan arropa guztiak bete genituen zizaz. Arraiok ez badu, ez giñan otzanak iritsi etxera. Ez genuen beranduagatik errieta jaso beldur aundirik. Ez orixe!

Page 80: J Irakurketa-Testuak

—Nun billatu dituzue? Eta irriparre isila.—Leendik ba al zenekiten lekuaren berri?—Leen, ez. Orain, bai. Mutikoak ortik onerakoak giñan, ba, sekretuak gordetzen. Baina

arrigarria, leku artan ez genuela geiago zizarik jaso. Lekualdatu egingo ziran akaso. Geure etxeko sailletan ere bagenituen ziza-lekuak jakiñekoak. Intxaur-soro deitzen genion sagastiko zelaian ere,

betiko zizaleku borobilla bazan. Ziza dagoen lekuan, belar illuna izaten da. Batzuetan, barrada luzean; baiña geienean, borobillean. Baiña gure ziza-leku zaar aren berri, ingurumari guztiak zekiten. Uste det denak gu baiño azkarragoak zirala.

Goazemazue orain uda eta udazkeneko perretxiku koloredunetara.

Gogoratuta ere! Urkitxikitako pagadiko gibelurdiñak, Txaillurretako ariztiko ziza oriak, Sagarmanetako borda aldeko onddoak, eta guzti oietako kuletoak!

Guk ezagutzen genituen perretxiku motak, aipatu ditudan oiek ziran. Bearbada, gure alderdian geien jaiotzen ziranak. Perretxiku fin eta seguruak. Baita ere garbiak.

Eta dakizuena: zuaizpe denak segatzen ziran ezkero, baso garbiak. Perretxikuak urrutira ikusten ziran. Izketa au aterata, nire lagun batek leengoan ala esan zidan:

—Bai. Orain ere, naiko urruti ikusten dizkiagu. Arrapa ezak.

Aipatu ditudan inguru aietara belar-lanetara joaten giñanean, atzaparkada bat edo bi perretxiku gabe ez giñan etxeratzen. Bidean goazela eta gentozela ikusten genituenak artu eta etxera.

Gu ume koskorrak giñan garaian, bazan Plaentxi deitzen genion aitona iar bat. Udako perretxiku-egunetan, amaika besaotarkada

Page 81: J Irakurketa-Testuak

perretxiku eder eramana, nioen baso oietatik. Aitona iartxo bat, betaurrekoak, txapela txiki bat kaskoan, eskuan makilla, eta besaotarra besoan artuta. Oso ezaguna zan gure baserrietan. Iñork ez zion egiten errietan.

Plaentxiarra omen zan bera, eta Plaentxi deitzen ziotela. Orain, Soraluze da erri orren izena. Bearbada, Zarautzen biziko zan. Goizean, gu jeikitzearekin bat, gora pasatzen zan taka-taka. Eta amarrak aldean, beera tapa-tapa, bere besoan otarkada perretxiku zuela.

Beste oñatiar bat ere tarteka etortzen zan. Ondo zainduko zuten perretxiku-giroa. Esan oi dan bezela, beraiek ere a zer nolako perretxikuak!

Garai batean ez zan gaur ainbatmarisko edo marisku,

baiña zuaizpe garbi aietan

nai ainbeste perretxiku.

Arranek ezik saiatua zan

Plaentxiako Patxiku.

Ura bakarrik balitz gaitz erdi,

ta Oñatiko Txantxiku?

Aitortzen zuten: «besteenetik

biltzen onenak gatxik gu».

Page 82: J Irakurketa-Testuak

Ondo egiten zuten. Zer arraio egingo zuten, ba? Zegoen lekutik artu. Jakiña, ba.

Gaur egun, perretxiku onddoari ematen zaio fama edo onenaren izena. Baiña gibelurdiñ, ziza ori eta aietxek berdintzekorik ere... Ni ez naiz oso jakintsua baiña.

Orain, berriz, perretxikuak aziarekin ereiten omen dituzte. Orretarako leku bereziak prestatu eta nai dan bezelakoak, gaiñera. Eta nai adiña. Baiña udazken aldeaa euri-jasa epelaren ondoren goroldio artean pagopean irteten dira aien gustorik dutenik ez degu lortuko aziarekin ereindako perretxikuetan. Lurrak ematen duen ari laga pakean, mutillak.

Arriskua ere badu perretxikuak. Ezagutzen ez bada, ez da jan bear. Badira perretxiku txarrak janda gaizki ibiliak. Ildakoak ere bai, zoritxarrez. Beraz, kontu aundiz ibili bear da or.

Testua: Nikolas ZendoiaIrakurlea: Mari Paz Elorza

Page 83: J Irakurketa-Testuak

SAGU PRINTZESA

Bazen behin sagu familia bat, Japongo arrozadi handi-handi batetan ongi gorderik bizi zena. Aita nahiko harroa zen eta tribuko errege izan nahi zuenez, sagu ERREGE deitzen zioten. Bazuen alaba bat guztiz ederra eta liraina bera, sagu printzesa. Hain zen ederra, non bere gurasoek ez baitzioten edozeinekin jolasten uzten. Ezkontzeko garaia etorri zitzaionean, bere aitak ez zuen edozeinekin ezkondu nahi, noski. Sagu batekin ez behintzat. Hori inolaz ere ez!

—Aita, eta norekin ezkonduko nauzu, orduan?—Mundu honetako pertsonaiarik indartsuenarekin ezkonduko

zaitut.Baina, nor ote zen pertsonaia hori?Bazuen sagu erregek osaba guztiz jakintsu bat eta harengana

jo zuen.—Nire ustez, EGUZKIA da munduko pertsonaiarik indartsuena

eta boteretsuena. Hura gabe, arrosa bera ere ez baita heltzen. Zoaz eguzkiaren bila!

Eta eguzkiaren bila abiatu zen, mendirik handienaren puntatik, ortzadar baten laguntzaz. Azkenik, mendebaleko haitzuloan aurkitu zuen lotan.

—Zer nahi duzu nigandik, anaia txikia?—Nire alabaren eskua eskaini nahi dizut. Zurekin ezkondu

nahi nuke, mundu honetako boteretsuena zu baitzara, nire osabak esan didanez.

—O, bihotzez eskertzen dizut. Gustura ezkonduko nintzateke zure alabarekin baina ezin dut. HODEIA ni baino boteretsuagoa

Page 84: J Irakurketa-Testuak

baita. Ikus bestela, aurrean jartzen zaidanean, ezin argitu izaten dut lurra. Zoaz hodeiaren bila!

Hori entzunik, hodeiarengana jo zuen eta lotan aurkitu zuen hegoaldeko haitzuloan.

—Zer nahi duzu anaia txikia?—Nire alabaren eskua eskaini nahi dizut. Zurekin ezkondu nahi

nuke, zu baitzara boteretsuena, eguzkiak esan didanez.

—O, eguzkia oker dabil. Pozik ezkonduko nintzateke baina ezin dut. HAIZEA ni baino indartsuagoa da. Ikus bestela, hark gogor jotzen duenean, aurrean hartu eta berak nahi duen lekura eramaten nau. Zoaz haizearen bila!Hitzok entzunik, haizearen bila abiatu zen zeruan zehar eta ekialdeko haitzuloan aurkitu zuen lotan. Sartzen ikusi zuelarik, barrez galdetu zion:

—Zer nahi duzu nigandik, anaia txikia?—Nire alabaren eskua eskaini nahi dizut. Zurekin ezkondu nahi

nuke, zu baitzara boteretsuena hodeiak esan didanez.—O, ez naiz ni indartsuena. Hodeia oker dabil. Gizonek egin

duten horma ni baino indartsuagoa da, zeren nik, neure indar guztiz ere ezin baitut bota. Zoaz HORMAREN bila!

Eta han joan zen sagu errege gizonek egindako hormaren bila. Eta arrozadi hertzean aurkitu zuen.

—Zer nahi duzu nigandik, anaia txikia?—Nire alabaren eskua eskaini nahi dizut. Zurekin ezkondu nahi

nuke, zu baitzara mundu honetako indartsuena, haizeak esan didanez.

—O, haizeak ez daki zer esaten duen!! Haitzuloan bizi den sagu grisa ni baino indartsuagoa da. Bere hortz txiki eta zorrotzez, koska

Page 85: J Irakurketa-Testuak

eta koska, nire adreilu denak ia-ia jan ditu eta martxa honetan laster botako nau lurrera. Zoaz SAGU GRISAREN bila!

Eta ibilaldi hauek guztiak egin ondoren, sagu erregek, azkenik, bere gogoz kontra baina, beste sagu batekin ezkondu behar izan zuen bere alaba.

Eta ez uste hau asko tristetu zenik! Aspalditxotik ezagutzen zuten elkar eta behin baino gehiagotan elkar ikusi ere bai, aitaren ezkutuan.

Testua: EzezagunaIrakurlea: Ana Martinez

Page 86: J Irakurketa-Testuak

TIBET-EKO IPUIN BAT

Aita batek, honela esan zion semeari: “Seme, laster hilko naiz. Eraman ezazu neure urrea zure etxera. Zuretzat da. Baina, entzun, ez zaitez inorekin fida”

Aitak, Sonam bere semeak, emandako aholkua aintzat hartuko zuela uste zuen. Sonamek, ordea, Tamchu izeneko lagun handia zuen. Txikitan elkarrekin ibili ziren eskolan, eta arratsaldero elkarrekin aritu izan ziren jolasean. Tamchu alboko herrixka batean bizi zen emazte eta bi aurrekin.

Egun batez, Sonamek, erromesaldi bat egitea erabaki zuen. Abiatzera zihoala honela pentsatu zuen: “Aita bizirik zegoenean, inorekin ez fidatzeko aholkua eman zidan”. Tamchu bere laguna, ordea, aholkutik kanpo geratzen zela pentsatu zuen; aholkua ez zegokiola berari. Honela, urrezko pipitaz betetako bi poltsak lagunaren etxera eraman zituen eta esan zion: “Tamchu, mesedez, kanpoan nagoen bitartean, gordeidazu urrea. Aita hil zenean utzi zidan urrea duzu”.

Eta Tamchuk erantzun zion:”Jakina, kontu handiz zainduko dut zure urrea, eta erromesalditik itzultzen zarenean, hementxe izango duzu. Ez kezkatu. Lagun onak gara”.

Horrela, urte bete iragan zen eta Sonam erromesalditik itzuli zen. Tamchuren etxera joan eta: “Tamchu, itzuliko didazu nire urrea?”, galdetu zion.

“Ene, sentitzen dut, Sonam; hau da zoritxarra, hau da zorigaiztoa! Urrea hondar bihurtu da!”, erantzun zion Tamchuk, lagunari harridura aurpegiz begiratuz. Sonam, ordea, lagunak honelako istorio bitxia kontatu arren, ez zen harritu. Une batez isilik egon

Page 87: J Irakurketa-Testuak

ondotik, ezan zuen: “ongi da, Tamchu, ez arduratu; ahal duzuna egin duzu nire urrea zaintzeko”.

Bi lagunek elkarrekin bazkaldu zuten. Urrearen galera zeharo ahaztu zutela zirudien. Iluntzean, honela esan zion Sonamek Tamchuri: “Tamchu, familiarik ez dudanez, hilabete batzuetan zure haurrak zaindu nahi nituzke. Janari ona eta arropa eman nahi nieke. Pozik egonen lirateke nire etxean”.

“Arras ideia ona izan duzu Sonam”, esan zuen Tamchuk, eta berekiko pentsatu zuen: nire eskuetan urre guztia galdu badu ere, nire haurrak zaindu nahi ditu. Benetan

lagun ona da. Eta erantzun zion: “jakina, Sonam. Nahi adina denboraz eduki ditzakezu nire semeak”.

Sonamek haurrak bere etxera eraman zituen eta arras ongi zaindu. Baina bi tximino erosi zituen eta haurren izenak jarri zizkien.

Hurrengo egunetan tximinoei,”Tendzin, hator hona” esaterakoan, tximino handiena beregana, eta “Rhupten, hator hona” esaterakoan, tximino gazteena beregana joan zitezen erakutsi zien. Tximinoek berehala ulertu eta aise ikasi zuten.

Tamchu semeak ikustera joan zenean, Sonam goibel agertu zitzaion eta esan zion: “ene, barkatu, hau da zoritxarra, hau da zorigaiztoa! Zure semeak tximino bilakatu dira!”.

Tamchu zeharo tristetu zen eta semeen izenak esan zituen. Supituan, bi tximinoak lasterka hurbildu zitzaizkion. Tamchuri eskutik heldu eta, haur txikien gisan, dantzan hasi zitzaizkion. Tamchu arras penatuta zegoen eta lagunari galdetu zion: “Sonam, zer egiten ahal dugu? Nola bihurtzen ahal ditugu tximino hauek berriz nire seme?”.

Sonam pentsakor egon zen une batez eta erantzun zion: “Erraza da, baina horretarako urre asko behar da”.

Page 88: J Irakurketa-Testuak

“Zenbat urre?”, galdetu zion Tamchuk.“Bi poltsa urre pipita gutxienez”.“Ahal bezain laster ekarriko ditut urre poltsak”, esan zion

Tamchuk, eta etxerantz korrika irten zen.Beranduago, itzuli eta urrea Sonam lagunari eman zion.

Sonamek hartu eta goiko solairura igo zen. Handik pixka batera jaitsi zen.

“Hemen dituzu, Tamchu. Tximinoak berriro gizaki bilakatu ditut, zure seme”.

Tamchuk pozez zoratzen berreskuratu zituen semeak, baina errezeluz begiratu zion Sonami. Segidan, bi lagunak algaraka hasi ziren.

Testua: Amaia Elosegi/Esther Mugertza

Irakurlea: Xabier Agirre

Page 89: J Irakurketa-Testuak

TXALOAK JO BEHARRA

Zinera sarri. Baina butaketara gutxitan joaten nintzen ni gaztetxotan. Jeneralera beti, “oilategira” edo “zorritegira”, boltsan kakauesak, gaztaina erreak, saladillak edo holako zeozer hartuta.

Inoiz inoiz butaketara ere joan nintzen, ni baino modu handiagoko beste norbaitegaz joanda. Eta “Gobernadore jauna” butaka baten goienean idatzirik ikusi ere egin nuen, zine baten baino geiagotan. Zine guztietan egoten ei zen aparteko butaka bat gobernadorearentzat.

Aldi haretan, Franco izan zenaren diktadurapean, Bilboko gobernadorerik zinera joaten zen ala ez, hori ez dakit.

Dana dala, egun baten, bat behinik behin, joan ei zen.Gobernadore onen bat zen antza. Oso ona, esaten ebenetik.

Burukomin handia emoten ei eutson gizarte arazoak, ta horren arduratan egoten ei zen beti. Lantegietara bertara ere sarritan joaten ei zen langileak ikustera, haiekaz berba egitera, haiei hitzaldiak emotera.

—Herriak haintzat eta ontzat hartzen nauela dirudi, ezta? —galdetzen eutsen, behin eta barriro, bere zerbitzari “leialei”.

—Bai. Oso pozik. Dudarik gabe. Oso pozik dago herria berorregaz. Ez dela inoiz ere berori lakorik egon hemen esaten dabe. Oso pozik dagoz danak. Oso pozik, bai —erantzuten eutsen beti haiek.

Halan eta guztiz ere, duda-mudatan egoten zen. Eta berak beratara jakin nahi eban norainoko heltzen zen bere herritartasuna. Berak beratara eta herriaren beraren ahotik entzun gura eban bere agintaritzari buruzko eritxia.

Page 90: J Irakurketa-Testuak

Horrexegatik, egun baten, inori ezer esan barik, sudurpean guzurrezko bigote handi bat jarri, betaurreko beltz batzuk ipini, langileek erabiltzen zituzten antzeko fraka, jertsei eta arkondara bat jantzi, fumetako papela, posporoak eta koarteroi bat erosi, ta hor doa “gure gobernadore hori” kalerik kale eta tabernarik taberna, jente artera, herritarrekin egotera.

Batera eta bestera, ibili eta ibili egin ondoren, nekatu egin zen eta zine batera sartu.

Ba ekian han aparteko bukata bat egoena beretzat. Ba ekian sarrera txartel barik sartu eitekeena. Baina, beste edozein bezala, kolan egon eta gero sartu zen.

Akomodadoreari pezeta bat eman eutson erdi ilunetan. Behera jausi zela uste zuen dirua, baina akomodadoreak “eskerrik asko” esan eutsonean konturatu zen bere lekura jausi zela, akomodadorearen “eskuko kazura”.

Baztertxo baten jarri zen.Beterik egoan zinea. NODO ikusten orduantxe. Eta, bat batean,

non agertzen den gobernadorea bera NODOan, langile talde handi bati hitzaldi gartsu bat egiten.

Txaloka hasi ziren berehalaxe zinean egozen guztiak. Gobernadorea bera ez, jakina. Baina saltuka hasi jakon bihotza bere herritartasuna bere begi eta belarriz ikusi eta entzunik. Eztitan egoen.

Halakoren baten, alboan eukan gizonak ukondoaz jo eban.—Zer? —galdetu eutson gobernadoreak.—Zergatik zagoz txalorik jo barik? Kartzelara joatea nahi dozu

ala?

Testua: Mikel Zarate, “Bilbo irribarrez”

Page 91: J Irakurketa-Testuak

Irakurlea: Nieves Onaindia

Page 92: J Irakurketa-Testuak

ZERGATIK LO EGIN?

Neurobiologoek, laborategiko arratoiak apropos esna mantentzen dituztenean, ikusten dute haien osasunak berehala egiten duela okerrera. Argaltzen hasten dira, gorputzeko tenperatura mantentzeko ahalmena galtzen dute, inmunitate-sistemak arazoak ematen ditu eta infekzioak ugaritzen dira. Azkenean, 20 egunean arratoiak hil egiten dira insomnioak jota, hain zuen ere, gosez hiltzeko behar duten denbora berean.

Lo egitea, beraz, ez da gorputzaren gutizia; organismoak behar-beharrezkoa du bizirik irauteko. Berrogeita hamar urte daramate neuro-zientzialariek, fisiologoek, zoologoek eta psikologoek loak benetan zer funtzio duen aztertzen, eta oraindik ez dute argitu.

Zalantzak zalantza, argi dagoena da loa garunarentzat dela. Izan ere, animaliek lo egiten dute, baina ez landareek. Eta animalion beste organoek ere ez dute 'lorik' egiten: ez birikek, ez gibelak, ez beste organoek.

Lo gauden bitartean tasa metabolikoa % 15 baino ez da murrizten esna eta geldirik gauden unearekin alderatuta. Hortaz, lo gaudenean irabazten dugun energia hori zertxobait gehiago janez berreskura genezake, gure bizitzako 25 urte inguru lo eman beharrik gabe. Fenomeno konplexuagoa izan behar du loak halabeharrez; eboluzioan zehar ere animalia-espezie guztiek mantendu baitute.

Hipotesi berriagoek diote loa ikaste-prozesuarekin lotuta dagoela. Txorikumeek, esaterako, kantuan ikasten ari direnean, garuneko gune jakin batzuk aktibatzen dituzte. Bada, lo daudenean

Page 93: J Irakurketa-Testuak

ere, aktibazio neuronalaren patroi hori bera errepikatzen dute: egunean zehar erabilitako eremuak aktibatzen dira berriz ere garunean, nahiz eta gauez ez duten inolako soinurik sortzen txoriek. Kantuan ari direla amets egingo balute bezala da.

Fenomeno bera ikusi da edozein ekintza berri ikasten ari diren beste animaliaespeziekin ere: gauean 'birgogoratu' egiten dute. Hori dela eta, zientzialari askok uste du lo-garaia memoria finkatzeko garaia dela, egunez ikasi dena finkatzekoa.

Egunez, gure begiek zerbait ikusten dutenean, gure belarriek zerbait entzuten dutenean edo gure sudurrak zerbait usaintzen duenean, neuronek jasotzen eta eramaten dute garuneraino informazio hori. Eta, hain zuzen ere, informazioa neurona batetik bestera transmititu behar denez, neuronen arteko loturak -sinapsiak- dira informazioa trukatzearen giltzarria. Beraz, badirudi lotan gaudenean esna gaudenean sortutako neurona-loturak berraztertu, eta baliagarriak direnak gorde eta gaizki eratutakoak desegin egiten direla.

Testua: EzezagunaIrakurlea: Maribi Urkola

Page 94: J Irakurketa-Testuak

YANOMAMIAK

Yanomamiak 20.000 pertsona inguruko herri bat dira, eta Amazonas ibaiaren ertzetan, Hegoamerikan, ekuatoretik gertu bizi dira, oso tenperatura altuekin eta euri ugariekin; hori dela eta, oso landaretza oparoa da han: oihana.

Bizimodua, baratzetan platanoak, tapioka, patata eta horrelako produktuak landatzetik ateratzen dute, bai eta beste landare batzuetatik ere. Hauek sendabelar gisa edo gauzak egiteko erabiltzen dituzte. Ehizan, arrantzan eta eztia eta fruta

makatzak biltzen ere aritzen dira. Lan horretan ez dute lau ordu baino gehiago ematen egunean.

Leku batera iristean etxe handi bat eraikitzen dute, yano izenekoa, plaza biribil handi batekin.

Lur lauetan egiten dute hori, ibairen batetik gertu, eta enborrak eta palma elkartuak erabiltzen dituzte. Yanoetan 25 lagunetik 200era bitarte bizi izaten dira, eta familia bakoitzak leku txiki bat izaten du, hamakak biribilean jarrita. Lotarako hamakez gainera, egurra, saskiak, kalabazak, arkuak eta geziak besterik ez dituzte erabiltzen. Azkenaldian altzairuzko erremintak, aluminiozko lapikoak eta poxpoluak ere erabiltzen hasi dira. Arropa bakarra gerripekoa izaten dute.

Andreak etxe-garbiketaz, haurrak zaintzeaz eta nekazaritza-lanez arduratzen dira. Gizonak ehizan eta arrantzan aritzen dira, baina inoiz ez dute gordetzen harrapatutakoa: erregalatu egiten dute. Lurra agortu eta gehiago ematen ez

Page 95: J Irakurketa-Testuak

duenean, hamar bat urteren ondoren edo, beste norabait aldatzen dira, beste yano bat eraiki eta baratza berriak sortzen dituzte.

Komunitate bakoitzak buruzagi bat du; arreba edo alaba gehien dituen gizona izan ohi da; beste guztiek harreman onetan egon nahi izaten dute harekin, andregaia izateko. Buruzagiek aholkuak eman besterik ez dute egiten. Emakumeek eragin handia dute herriko erabakietan.

Gurasoak asko arduratzen dira seme-alabez. Hazi ahala, nagusiek egiten dutenari begira egoten dira, nagusiekin batera ibiltzen, edota jolasean. Jaiotzatik animalia edo landare baten kide egiten dituzte, eta hari min egiten bazaio, berak ere gaixotu egingo direla uste dute. Sinesten dute badirela izpiritu onak eta izpiritu gaiztoak. Onek gaixotasunak sendatzen laguntzen diete, eta gaiztoak kantu eta dantzen bidez baretzen dituzte.

Dibertitzeko, gorputza margoz, lorez, lumaz, hostoz eta abarrez apaintzen dute. lraintzat daukate elkarri beren izenez deitzea, eta haurrekin duten senidetzaren bitartez aipatzen dute elkar.

Oso etsai eta uzkur ageri ohi dira beste komunitate batzuekin, baina noizean behin lagun dituzten herrixketakoekin biltzen dira, eta hainbat egun irauten duten jaiak antolatzen dituzte; kantuan eta dantzan egin, balentriak kontatu eta albisteak, esamesak eta opariak trukatzen dituzte.

Azkenaldian urre-bilatzaileek yanomami asko hil dituzte. Gainera, bilatzaileok eta inguru haiek begiratzen dituzten militarrek gaixotasun asko eraman dizkiete; haiek horretarako prestaturik egon ez, eta asko eta asko hil egiten dira.

Testua: EzezagunaIrakuerlea: Gurutze Alcelay

Page 96: J Irakurketa-Testuak

aurkibideaTestu laburrak

TESTUA

AgurraAltzairua hainbat formatanAmonaArdia eta belarraArtizarra: izarra ala planeta?Espazioko zaborra gero eta ugariagoEskaleaEz dagi jakiterikGizon beltzak, zuriak eta...LehenaMadarikazioaMaritxuMarkak- Gernika 1937Merkurio eta bere arraildurakMedikuntza eta literaturaNeska bat ezkontza jantzianPerretxikuak eta etxeko katuaPatxi ZubizarretaSaguzarrak eta pertsona itsuak

AUTOREA

M. C. GarmendiaElhuyarAgata KristofJoxe ArratibelElhuyarElhuyarKirmen UribeEzezagunaEzezagunaKirmen UribeKirmen UribeAndu LertxundiBernardo AtxagaElhuyarKirmen UribeAndu LertxundiNikolas ZendoiaPatxi ZubizarretaElhuyarMikel ZarateTxomin Agirre

IRAKURLEA

Itziar OtañoXabier GalarragaTxaro NavarroAugusto UgaldeJon KortabarriaAmaia IraolaMaribi UrkolaPako EizagirrePako EizagirreJose Mari ArnalMiren OrmazabalPako EizagirreJon KortabarriaXabier GalarragaJosune Uribe-Etxebarria

Pako EizagirreM. Paz ElortzaRaul Lopez de Munain

Mari Jose Uranga

ORR

345678910111213141516171819202122232425

Page 97: J Irakurketa-Testuak

Txikito baten balioaUrkiolaraSaguak mendiariX izpien tresna

Kirmen UribeElhuyar

Jon eta PakoKarmele IgartuaTxaro NavarroGurutze Alcelay

Page 98: J Irakurketa-Testuak

Testu luzeak

TESTUA

Ai Kajiyama-ren aitonaAnimaliakAtxuriko mirariaEguraldiaGauero aterako nintzatekeHaurtzaroaren negarraHau pasada bat daIrratiaren jabeaJoanes artzainaLaponiaMerkatari aberatsaren morroiaNirea ttikia daOhezaletasunaPerretxikuakSagu PrintzesaTibet-eko ipuin batTxaloak jo beharraZergatik lo eginYanomamiak

AUTOREA

Ipuin japoniarraEzezagunaMikel ZarateAndoni EgañaBernardo AtxagaPako AristiArantxa IturbeJoseba Sarrionandia

Txomin AgirreEzezagunaBernardo AtxagaA. KazabonEgin egunkariaNikolas ZendoiaEzezagunaIpuin tibetarraMikel Zarate

IRAKURLEA

Txaro NavarroItziar GarmendiaJ. Ramon ArbePako EizagirreMaribi UrkolaItziar GarmendiaItziar GarmendiaBego AkizuPako EizagirreAne ZeziagaRaul Lopez de Munain

Pako EizagirreAna MarañonM. Paz ElortzaAna MartinezXabier AgirreNieves OnaindiaMaribi UrkolaGurutze Alcelay

ORRIAL

28293133353839414345475053555860626466

Page 99: J Irakurketa-Testuak

EzezagunaEzezaguna