GRAL 1 Begoña

67
AURKIBIDEA 1

description

Hizkuntza filosofia pragmatikoa

Transcript of GRAL 1 Begoña

SARRERA

AURKIBIDEA

SARRERA

Hizkuntzaren filosofiaren arloan esparru garrantzitsua betetzen du komunikazio teoriak. Gizakien arteko informazio trukatzea nola gertatzen den ikergai duen arloa dugu hau, XX. mendean landu izan dena bereziki. Hurrengo orrialdeetan garatuko dudan lana ildo honetan kokatu behar da.

Igorle eta entzule jakinen arteko komunikazioa aztertzen duten autore pragmatikoen eskutik intentzioaren nozioan arreta berezia jartzea dut helburu. Austin, Searle, Strawson Grice eta Sperber eta Wilson erreferentzia autore ditudalarik, ikusi ahal izango dugu nola era ezberdinetan izanda ere, guztiengan, bere teoriak garatzean, intentzioak jokatzen duen papera oso garrantzitsua den: hein handian gobernatzen duen komunikazioa edo informazio hartu-emanaren elementu bat gehiago den; hiztunaren intentzioak, entzulearengan edo biengan eragiten duen eta nola; etab. Hauek dira ikertu beharreko kontuak.

Hizkuntzaren filosofiaren korronte pragmatikoa egun oso emankor den heinean, erraz ikus dezakegu nola intentzioa eta bestelako kontzeptuak (hizketa ekintza, esandakoa eta komunikatutakoa, esaldien inplikaturak edo esplikaturak, komunikazioaren arrakasta edo huts egitea, etab) askotan eztabaidatzen eta lantzen diren tradizioz garrantzitsuagoak izan diren hizkuntzaren filosofiaren nozioekin aldaratuta. Enuntziatuen egiazkotasuna edo faltsutasuna, egitateekiko korrespondentzia eta halako arazo filosofiko famatuak ez dira egingo dudan lanean agertuko. Zenbait arazoen bazterketa eta beste batzuen gorakadaren joera bera hau aztergai izan daiteke ere: nire asmoa, besteak beste, problema filosofikoen tratamenduaren aldaketa ikusi ahal izatea da, zientzia kognitiboak egoera honetan egun duen influentzia kontutan hartuz eta hurrengo galderaren inguruan hausnartuz: posible da hizkuntzaren filosofiaren lana osatua, komunikazioaren teoria azalgarria eskaintzea aipaturiko gaiak jorratu gabe? Arazoak kendu dituzte autore pragmatikoek ala albo batean utziriko arazoen garrantzia gaitzetsi?

Azaldurikoa aurrera eraman ahal izateko, Sperber eta Wilsonen lana aztertuz hasiko dut ikerketa, Errelebantzia lanean aipaturiko arazoen presentzia nabarmenduz: intentzioaren nozioaren oinarri indartsua eta beste hainbat elementu zientzia kognitiboaren eraginaz garaturiko teoria dugu. Filosofian, pragmatikaren arloan, intentzioaren nozioaren jarraipena egite aldera, eta lehen aipaturiko hizkuntzaren filosofiak jorraturiko gaien bilakaera ikusi ahal izateko Sperberren eta Wilsonen aitzindariak aztertuko ditut geroago, eta aurrekariak diren autoreen artean sorturiko erlazioei erreparatuz.SPERBER ETA WILSON: ERRELEBANTZIAREN TEORIADeidre Wilsonek eta Dan Sperberrek lehenik 1986. urtean argitaraturiko Errelebantzia: komunikazioa eta kognizioa obraren nondik norakoen inguruan jardungo naiz hurrengo orrialdeetan. Pragmatikaren arloan kontuan hartzeko aurrerapena kontsideratua izen den obra hau, Gricek irekiriko pentsamendu ildoan kokatu behar dugu, haren maxima famatuak (Grice 1975) barnebiltzen dituen komunikazioaren teorian hain zuzen ere.

Sperberrek eta Wilsonek komunikazioaz pertsona bakoitzaren ingurumen kognitiboaren elkar aldaketa helburu duen praktika bezala ulertzen dute. Ingurumen kognitiboa obra honetan definitzen dute eta definizioa zehatzagoa bada ere, norberaren uste sistemarekin alderatu dezakegu hasiera honetan.

Sperber eta Wilsonen komunikazioaren teorian murgilduz ahala, kodigo eta inferentzia ereduen arteko bereizketa nagusia aurkitzen dugu. Azkeneko hau, inferentziarena, da Grice bezalako autoreak ordezkari dituen korrontea, zeina Sperberrek eta Wilsonek ere lehenesten duten kodigo soilaren ereduaren aurrean. Izan ere, haien ustetan, esaldien errepresentazio semantikoaren eta esaldiak komunikaturikoaren artean hutsune bat dago askotan eta hutsune hau inferentziaz bete behar da. Kontua, ordea, hurrengoa da: nola lortzen da hiztunaren eta entzulearen bat egitea esandakoaren eta ulertutakoaren interpretazioaz ari garenean? Beste era batean esanda nola gertatzen da elkar ulertzea? Autoreak hau erantzuten saiatuko dira Griceren proposamena gaindituz, alegia, komunikazioan kontutan hartzen ditugun erregela inplizituak daudenaren ideia gaindituz.

Proposaturiko galderari erantzuteko unean testuinguruaren zereginak berebiziko garrantzia du. Enuntziatu bat interpretatzeko erabiltzen den premisa multzo gisa uler dezakegu testuingurua, munduari buruz ditugun usteetatik abiaturik sortua izan dena. Hiztunaren eta entzulearen arteko konbergentzia ziurtatzeko, nolabaiteko testuinguruen partekatzea beharrezkoa da, baina, nola jakin hau gertatu dela? Komunikazioa arrakastatsua izango da entzuleak hizlariak adierazpenari egotziriko esanahia inferitzen duenean, baina, nola argitu hizlariaren asmoa esaten duena eta komunikatu nahi duena ezberdinak direnean? Aurrerago, autore bakoitzean zentratu ahal izango gara, eta ikusiko dugu gai honen inguruan proposamen ezberdinak egin direla. Esaterako Searlek Gricek proposaturikoa hobetu eta gainditu nahi izan zuen gai honi dagokionez: bere ustetan entzuleak hiztunak esandakoaren intentzioak antzeman (eta antzemate hau bientzako ageria izan) beharko lituzke igorritako esaldia osatzen duten erregeletan oinarrituz. Autoreen ustez, Searleren prozesu honetan entzuleak hiztunak esandakoa bere enuntziatuaren deskodifikazioaz uler dezala eskatzen da. Searlek, aipaturiko erregelak bitartekari gisa proposatuz, kodigo eredua erabiltzen du berriro ere komunikazioaren azalpen gisa, Griceren originaltasunik garrantzitsuena albo batera utziz: giza komunikazioa arrakastatsua izan dadin hizlariaren intentzioen antzematea nahikoa izan daitekeela. Alegia, hizlariaren intentzioa antzemateko modurik dagoen bitartean, hau da, intentzioak elkarri egoztea baimentzen diguten giza ahalmen inferentzialak ditugun bitartean, komunikazioa posible izango dela. Sperber eta Wilsonek, ere, komunikazio konplexuan bai kodigo ereduaren bai eredu inferentzialaren agerpena posiblea dela uste dute, hizlariaren intentzioaren jasotzean ikusiz elkarrizketaren arrakasta, intentzio hau hitzez edo beste komunikazio ostentsibo jakin baten bidez delarik, esaterako, keinuak.

Bide hau hartuz, Sperberrek eta Wilsonek diotenez, hiztunak esandakoaren interpretazioen artean hipotesi egokia aukeratzeko prozesuan, eman beharreko lehenengo pausua hizlariaren jokaeran izaera komunikatiboa duen elementua identifikatzea da. Hau garrantzitsua da hizlariaren intentzio informatiboa antzeman baino lehen gertatzen baita, entzulearen atentzioa deitzen deneko unea da eta horretarako ostentsio ekintza bat gertatu behar da hizlariaren partetik, direla hitzen bitartez, zerbait seinalatuz, edo nahita egindako keinu baten bidez. Elementu hau komunikatibo gisa identifikatua denean, suposa daiteke hiztunak Griceren kooperazio printzipioaren antzeko erregela komunikatiboak bete nahi dituela. Hala, entzuleak, kooperazio printzipioarekin bat datozen elementuak hautatu ditzake soilik hipotesi bakar batekin geratzen den arte. Entzuleak inferi dezake horrela hiztunak komunikatu nahi zuen pentsamendua hori bera zela.

Hizlariak eta entzuleak informazioa partekatu nahi dutela onartu behar dugu lehenengo pausua, informazioaren trukaketa, posible izan dadin. Komunikazioa arrakastatsua izateko haien inguru kognitiboak zerbait komuna izan behar du, kontutan edukiz, noski, erabat konpartitzea ez dela posible. Normalean beste gizakiei buruz uste dutenari buruzko suposaketak dira dugun bakarra, hau da, bestearentzat agerikoa denaren inguruko suposaketak eraikitzen ditugu, eta, hartatik abiatuz haiek inferentziaren bidez suposaketa horien inguruan suposaketa ahulak eraikitzen ditugu. Autoreek hala deskribatzen dute komunikazioa, baina nola dakigu zer suposaketa eraiki duen banakoak?

Errelebantziaren kontzeptua definitzeak lagunduko digu galdera hau erantzuten. Entzuleak mezu bat jasotzean informazio zahar eta berriez baliatzen da inferentziaz informazio berria deduzitzeko, ahalik eta esfortzu gutxienarekin efektu handienak lortzea helburu duelarik. Sperberrek eta Wilsonek diotenez gizaki orok betetzen du era efizienteenean informazio prozesamenduranzko komunikazioaren printzipio hau, prozesaturiko informazioaren errelebantzia maximizatzen duena.

Komunikazio ostentsiboaren eredua izango da errelebantziaren printzipioarekin hobekien bat egiten duena. Izan ere, ostensioaren bidez bi informazio maila ematen ditugu: alde batetik seinalatu nahi dugun informazioa, eta bestetik, informazioa intentzionalki seinalatua izan denaren informazioa. Bigarren intentzio hau beharrezkoa izan ohi da entzuleak informazioa modu egokian prozesatu ahal izateko. Askok komunikazio ostentsiboaren bidez hizkuntzaren sorrerari buruz asko argitu daitekeela uste dute, aurretiko kodigo finkorik beharrik ez duelakoan, inferentzia naturalen bidez esanahi konbentzionalak eratzeko baliagarria izan zela sinetsiz.

Dena den, baieztatu dezakegun bakarra da jokaera kodifikatu jakin bat, esate baterako, esaldi bat, ostentsiboki erabili daitekeela komunikazioa hasteko. Aipaturiko komunikazio ostentsiboaren bi mailetara erreparatuz, esan daiteke bi maila guztiz ezberdinak direla non batek esan egiten duen eta besteak erakutsi? Grice ezberdintasun honen gainean jardun zen proposaturiko esanahi naturala eta ez-naturala-ren banaketan (lanean aurrerago jorratuko dugu gai hau). Autoreen banaketan , esatea-ren esparrua Griceren zentzu naturalari mugatzen dela kontsideratzen dute, zentzu ez-naturalak erakustearekin erlazioa gordetzen duen bitartean, baina bakoitza bere esparru mugatuan mantenduz, bien arteko banaketa erebatekoa izanik. Wilsonen eta Sperberren ustez, ordea, bi mailak, guztiz erlazionaturik daude. Izan ere, esandakoaren informazioa ez da guztiz berreskuragarria izango erakutsitakoaren jasotzerik gabe: hiztunak bere intentzio informatiboak entzulearengan intentzio komunikatiboa egon dela erakusteko arrazoi gisa joka dezala espero du. Hau dela eta, Sperberrek eta Wilsonek esatearen eta erakustearen ostentsio kasuen arteko erlazioa continuum-a dela baieztatuko dute, Griceren antzera, bi maila bereizi izan baino. Hiztunak, esandakoan, maila esplizituan adieraziko luke intentzio informatiboa eta inplizituan, intentzio komunikatiboaren bidez, entzuleak inferitu beharreko inplikazioa. Gai honen ildoan, aipatzekoa da Strawsonen ustez hiztunaren intentzioa esplizitua izan behar dela esandakoaren ulermena bermatua izan dadin, intuitiboki harrapatzeko eta argitzeko erraza, baina zehazki azaltzeko zaila. Bai Strawsonen bai Schefferren (1972) kontra egingo dute Sperberrek eta Wilsonek, esplizitua baino, elkar-agerikoa izan behar duela uste baitute, aurrerago ikusi ahal izango dugun moduan.

Hiztunak intentzio komunikatiboren bidez, intentzio informatzailea helburu duen estimulu bat produzitzen du ostensio ekintza baten bidez, entzulearentzat aipaturiko hiztunaren intentzio komunikatiboa agerikoa delarik. Prozesu hau burutzean Gricek helburua intentzio informatiboa betetzen laguntzen duen horretan ikusten zuen, Sperberrek eta Wilsonek, ordea, hiztunak entzulearen inguru kognitiboaren aldatzean kokatzen dute prozesu komunikatiboaren xedea: garrantzi kognitiboa eta soziala azpimarratzen dute.

Autoreak ulermenerako inferentziaren garrantziaz jardungo dira, beraz. Zehaztu beharra dago, ordea, prozesu inferentziala ez demostratiboa bezala definitzen dutela, hau da, onartu egingo dute egoera mesedegarrian gertatu arren, gerta litekeela komunikazioak huts egitea. Dena den, komunikazioa arrakastatsua den kasuetan, hau da, ulermena gauzatzen den prozesuetan, inferentzia prozesua gailenduko da, hipotesien konfirmazio gisa eskuragarrien dugun mekanismoa den heinean. Suposaketa faktikoen bidez eraikitzen ditugu hipotesiak, suposaketa hauek gure memorian gordetzen ditugun, baina esplizituki errepresentatzen ez ditugun munduari buruzko deskribapenak dira eta. Memorian gordeleku berezia dutela esango genuke: suposaketa faktikoak inferentzia prozesu espontaneo ez-demostratiboen (hau da, aipaturiko ulermen prozesuaren) esparru nagusia dira, aurretik memorian gordeak ziren usteekin konbinatzen baitira inferentzia prozesuak burutzeko, helburua munduaren errepresentazioa aldatu eta hobetzea delarik.

Suposaketen egiazkotasuna edo faltsutasuna era ez logikoan, funtzionalean ebaluatzen dute autoreek, ingurunea aldatzeko duten indarraren neurketa gradualaz. Kontutan hartuz prozesu logiko baten ondorio gisa ulertuta baino, prozesu kognitibo baten produktu kontsideratzen dutela, suposaketa indartsua izango da eskuragarria denean, gogoratzen erraza denean eta besteekin konbinatuz ingurunea aldatzeko indarra duenean. Suposaketa faktikoen iturriak lau direla azalduko digute Sperberrek eta Wilsonek: pertzepzioa, dekodifikazio linguistikoa, memorian gorderiko suposaketak eta dedukzioa. Pertzepzioaren bidez identifikazio kontzeptual bat egozten zaio zentzuetatik jasotako estimulu bati (hauek suposaketa indartsuak dira); dekodifikazio linguistikoan forma logiko bat egozten zaio esaldi batek sortutako estimulu bati (iturri honetatik jaiotako suposaketak beste suposaketa batzuetan integratu ohi dira); memorian gorderiko suposaketetan forma logikoak erabiltzen dira suposaketa faktiko berriak lortzeko; azkenik, dedukzioan, suposaketen eraketa inferentziala ez demostratiboaren prozesu klabea den horretan, aurreko suposaketen indarra heredatzen duten suposaketa berriak sortzen dira.

Argumentu deduktiboen azterketa semantikoan erregela deduktiboak beharrezkoak dira. Autoreen ustez, giza-prozesamendu deduktiboarekin zuzenean erlazionaturik existitzen diren erregelak dira hauek nahiz eta, agian, sistema naturaletan erabiltzen diren guztiak ez izan. Haiei esker, optimizazioa eta eskuragarritasuna errazten dugu ulermen prozesu osoan zehar: informazioa etengabean memorian gorde beharrean, aurretiko informazioaren inplikazio semantikoak azaleratu egiten ditugu gauza berriak deduzitu ahal izateko. Suposaketak osatzen dituzten kontzeptuak gure memorian gordetzen dira, identifikazio etiketak bailiran, mota ezberdineko informazioaren gordeleku direlarik. Hala, jasotzen dugun forma logiko bat prozesatzera goazenean, haren barnean gure memorian gorderiko kontzepturen bat egonez gero, memorian gorderik duen informaziora sarrera berria hor edukiko dugu. Lorturiko informazioa hiru motatakoa izango da: logikoa, entziklopedikoa edo lexikoa. Informazio logikoan kontzeptuen arteko premisa eta ondorioa formalki deskribatzen da; entziklopedikoan suposaketa eskemak ditugu, testuinguru egokiaz baliatuz gero suposaketa garatuak izatera hel daitezkeenak; azkenik, lexikoan, enuntziatu baten edukia berreskuratzen da.

Dedukzio sistema formal eta informalen ezberdintzean abiatuko dira autoreak oraingoan. Informalean erregela deduktibo gutxi batzuk ditugu, eta, edo erabiltzeko bezalako kontzeptuez mugatuak. Autoreen ustez, esan genezake Griceren pentsamendutik eratorririko teoria pragmatiko askok sistema informala dutela oinarri. Sistema honetan banakoaren inteligentziak erabaki dezake zein den sistema bera: inplikatura bat ateratzen dugunean a posteriori froga dezakegu emandako premisetatik deribatzerik bazegoela. Ordea, premisa berberetatik, erregela ezberdinak erabiliz, posible litzateke ere, ondorio ezberdinak lortzea. Puntu honetan guztiz ezberdina da sistema formala: aurretiaz erabakitzen dira premisetarako erabiliak izango diren suposaketak, banakoaren intuizioa kanpoan geratzen da guztiz, sistema berak argitzen baitu zein izango den erabili beharreko informazioa. Autoreek, hala ere, sistema formalaren garrantzia nabarmenduko dute gaitasun mentalen eredu ideala ezarri ahal izateko.

Nola funtzionatzen du, baina sistema formalak? Kontzeptuen eta esaldien forma logikoak osatutako gorputza da, hauek konparatu eta gordetzen dituena, kontzeptuen sarrera logikoa eskuragarri du. Dedukzioak egiten ahalbidetzen digu inferentzia erregela batzuk ezarriz eta banakoaren memorian gordeta dagoen suposaketa multzo bat hartuz dedukzioaren hasierako tesi edo axioma gisa. Norbanakoaren sistemak suposaketa bakoitza hartu eta aztertuko du, osatzen dituzten kontzeptu bakoitzaren sarrera logikoan murgilduko da eta beharrezko erregela deduktiboak aplikatuko ditu, deribatzen den tesia lortu arte. Emaitza diren suposaketa hauek, beraz, memorian idatziko ditu amaitzeko. Sistema hau guztiz eraginkorra dela baieztatzen dute autoreek, erredundantziak eta kontraesanak galarazten dituelako: izan ere, deribaturiko suposaketa berriak memorian idatzi baino lehen, baieztatu egiten du jada idatzirik ez dagoela, edo idatziriko beste suposaketa batekin kontraesanean sartzen ez dela (bata edo bestea gertatzekotan prozesua geldituko litzateke eta ingurune kognitiboa berrantolatu beharko litzateke kontraesan horretara eraman gaitun suposaketak ezabatuz).

Erregela deduktiboek, hortaz, gure munduari buruz genuen aurretiko errepresentazioa hobetzen laguntzen gaituzte. Hobetze honen prozesuan kontutan hartu behar dugun hurrengo elementua, kontestualizazioa da, informazio berria eta zaharraren batuketatik sortzen den informazioa kontsidera dezakeguna. Soposaketa baten kontestualizazioak inplikazio kontestualak ditu efektu. Lau informazio iturriak gogoratuz (pertzepzioa, dekodifikazio linguistikoa, memoria entziklopedikoa, prozesu deduktiboa), prozesu deduktiboan kokatu behar ditugu testuinguru inplikazioak, zeintzuek areagotuz gero, munduaren aurretiko errepresentazioaren hobetzea areagotuko den baita ere: informazio berriak froga berriak gehi ditzake informazio zaharra indartze aldera, edo beste alde batetik, suposaketa zaharren kontrako informazio berria gehi ditzake, informazio zahar hori baztertze aldera. Esan bezala, informazio zaharraren eta berriaren artean kontraesana dagoenean suposaketa faltsuen ezabaketa aurrera eramaten da: norbanakoaren mekanismo deduktiboa kontraesana askatzen saiatzen da, bi suposaketa kontraesankorren indarrak kontsideratuz eta ahulena ezabatuz. Indarrak konparatzerik ez duenean, froga berriak topatu beharko ditu norbanakoak: informazio berria testuinguruarekin konparatuko du kontraesan posibleak azaleratzeko.

Elkarrizketan ari garenean, entzuleak hiztunaren hitzak jasotzen dituenean informazio berria jasotzen du eta horren bidez suposaketa berriak eratzen ditu. Suposaketa horiek prozesateko errelebantzia printzipioaz baliatuko da. Entzuleak informazioa errelebantea izan dadin esperoko du, hau da, ondorio kontestual mamitsua produzituko duela berarentzako (entzulearentzako) prozesamendu koste baxuenaz. Autoreek, gainera, gogoratuko digute kontutan hartu behar dugula entzulea errelebantzia egokia duen interpretaziora heldu bada, nahiko ziur egon daitekeela hiztunak nahi zuen interpretaziora heldu dela.

Esan bezala, enuntziatu baten interpretazioa esfortzu - efektu terminotan neurtzen dute autoreek. Errelebantea bada, hortaz, efektu kontestuala duela esan nahi izango du. Lehen aipatu bezala, ordea, errelebantziaz gradu eran hitz egiten dugun heinean, errelebantzia gradua nola determinatzen den galdetu beharra dugu. Erantzuna esfortzu - efektu nozioetan daukagu: errelebantzia optimoa esfortzu gutxien eta efektu gehien duen interpretazioan egongo da.

Suposaketa berriak prozesatzeko erabiltzen dugun testuingurua bakoitzak aurretik memorian daukagun informazioa momenturo jasotzen dugun informazioarekin konbinatuz sortzen da. Informazioa jasotzen eta gordetzen ari gara etengabean, hurrengorako eskuragarri uzten dugularik. Nola kudeatzen dugu informazioa? Hau da, zer gordetzen dugu memorian, zer ezabatu? Gure memorian metatuta daukagun informazioa indartzen duen informazio berria da memorian gordeko duguna, bestea, ostera, baztertu egingo dugu erabilgarria ez delakoan. Prozesu honetatik sortzen den hori berehalako testuingurua da eta testuinguru honen barne prozesatuko dira emaniko enuntziatuak, hau da, ebaluatzeke dugun enuntziatua ulertzeko beharrezko baliabideak emango dizkigu aipaturiko testuinguruak. Gure memoriaren edukiaz elkarren arteko loturak dituzten testuinguruen sorta bat sortzen dugu zeintzuen artean une bakoitzean aproposena hautatzen dugun errelebantziaren printzipioak gidatuak hemen ere.

Esaldi bat prozesatzeko eraikiriko testuinguruak eskuratzea esfortzua suposatzen duen heinean, errelebantziaren maximizaziorako tendentzia dugun gizakiontzat, kontua, esfortzu efektu oreka hoberena baimentzen duen testuingurua hautatzea da, bestearen inguru kognitiboa aldatzea helburu dugula ahaztu gabe. Hiztunak igorritako estimuluak agerikoak egitean, irekitzen da xederako bidea, izan ere, momentu honetan eraiki ditzake entzuleak esaldiak prozesatzeko beharrezko usteen multzoa. Errelebantziak eragina du hemen: aldaketa minimoa sortuko duten uste ta suposaketa horiek baztertu egiten baitira aldaketa garrantzitsuak sortuko dituztenen aurrean, hau da, agerian dauden usteen artean errelebanteak direnak gailenduko dira. Testuingurua eskuratzeko esfortzuaz gain, informazioa eta ustea prozesatzeko esfortzua ere kontuan hartu behar da. Asmo informatiboa elkar-agerian uzten duten enuntziatuak dira kasu honetan interesgarrienak eta horretarako estimulu ostentsiboa agerian azaldu behar da. Komunikazio ostentsiboaren ekintzak errelebantzia optimoaren presuntzioa komunikatzen du bere adierazte soilaz: hau da, bai entzulearen eta bai hiztunaren usteen eraikitzean esfortzua eta efektua egokiena izango dela.

Autoreek diotenez, Griceren aldean, errelebantzia printzipioa hark proposaturikoa baino esplizituagoa da, kooperatiboagoa izateaz gain. Izan ere, aurkezturiko lanean komunikazio arrakastatsua da helburu bakarra, hau da, entzuleak intentzio informatiboa behar bezala jaso dezala. Gricerenean, ostera, hiztunaren eta entzulearen artean helburu komunen multzo bat egon behar da, edo behintzat biek onarturiko norabidea. Autoreen ustez, kasu askotan bete egiten da entzuleriaren eta hiztunaren arteko helburua berbera izatea, baina ez beti. Hala ere, aipaturiko bat egitea edo kooperatzea ez da errelebantzia printziopioarengandik deribatzen, ez da edozein estimulu ostentsiboan automatikoki trasmititzen, Griceren azalpenean testuinguruaren ezaugarri bat gehiago besterik ez da eta. Gricek, gainera, maximen ezagupena beharrezko baldintza bihurtzen du komunikazioa behar bezala gauzatu dadin. Errelebantzia printzipioa, ordea, komunikazio inferentzial ostentsiboaren deskribapena besterik ez da, gertatzen denaren inguruan generalizazioa, eta, hala izanda, ez dago prozesuaren funtzionamenduaren berri eduki beharrik hala izaten jarrai dezan.

Asmo komunikatiboa elkar agerikoa izan dadin, estimulu ostentsiboak agerikoa izan behar du ere. Honek usteen multzoa eskuragarri egingo du guretzat, entzuleontzat, eta hauen artean errelebantzia maximoa eskaintzen diguna hautatuko dugun prozesu automatikoan. Lehenengoz prozesatzen dugun suposaketa izango da errelebanteena, izan ere, eskuragarrien egongo da, prozesamendu gutxien beharko duen hori izango da. Behin errelebantea den hori topatu dugunean prozesua gelditu egingo da, ordenak determinatzen baitu errelebantzia gorena. Komunikazioak huts egitea, hala, bi interpretazio koherente ezberdin aldi berean agertzean gertatuko da, mekanismoak aukeratzerik ez duen momentuan, alegia.

Wilsonek eta Sperberrek hizkuntza gramatikaz gidatua den errepresentazio sistema gisa ulertzen dute. Errepresentazio semantikoak esaldiaren zentzuarekin bat egiten du gramatikaren determinazioaren pean, ondoren, aipaturiko errepresentazio semantikoa asmo informatiboaz osotua izan behar du interpretazioen arteko aukeraketari hasiera emateko. Seinale fonetikoen hautemateak automatikoki pizten du prozesu hori, errepresentazio semantikoaren egoztea esandakoari, alegia. Gizakiek enuntziatuak proposizio semantiko gisa adierazteko erregela pragmatikoak ditugulako da posible aipaturiko prozesua (erregela hauek berezkoak edo ikasiak izanda ere, kontu hori beste eztabaida bat da, orain garrantzitsua ez zaiguna). Pentsamolde honek, ordea, ez ditu zenbait kasu behar bezala azaltzen. Errelebantziaren printzipiotik eratortzen den azalpena, ordea, osoagoa da: estimulu ostentsiboaren interpretazio egokia koherentea den lehenengo interpretazio eskuragarria izango da errelebantzia printzipioa aplikatuz. Hala, enuntziatua jaso duen horrek forma proposizionala esleitzen dio entzundakoari, hiztunak adierazi nahi izan duen eduki proposizionala identifikatuz. Prozesua hau izanda, komunikazio esplizituaren eta inplizituaren arteko bereizketak berebiziko garrantzia du.

Griceren aburuz enuntziatu baten informazio esplizitua adierazitako forma eta eduki proposizionalak berreskuratuz lortzen dugu, enuntziatuak komunikatzen duen beste edozein uste inplikatura bat izango da. Autoreen ustez, ordea, Gricek egiten duen informazio esplizituaren eta inplikaturen arteko ezberdintzea iluna da eta graduak ez ditu onartzen, horregatik, esplizitua denaren beste definizio bat proposatzen dute. Are gehiago, Gricek inplizitu deituko lukeen hori informazio esplizitua kontsideratuko dute autoreek.

Enuntziatu jakin baten forma proposizionala berreskuratu behar dugu lehenago esplizituki komunikaturiko usteak identifikatu ahal izateko, alegia, adierazpenaren esplikatura. Errelebantzia printzipioak erakutsiko digu hautatu beharreko forma proposizionala zein den, alegia, hiztunaren intentzioan zegoen hori zein den. Testuinguruak aztertuz interpretazio errazena, eskuragarriena izango da aukeratua prozesu ez-kontzientearen barnean. Puntu honetan, hizkuntzaren eta pentsamenduaren inguruko eztabaida ospetsuarekin erlaziorik ikusten dute autoreek: Katz aipatzen dute, zeinak haren adierazgarritasun printzipioaz kontzebitu daitekeen eta komunikatu nahi den pentsamendu oro komunikagarria dela baieztatzen duen. Pentsamendu oro enuntziaturen baten zentzuren batez kodifikaturik dagoela, finean. Uste honen aurrean zera dioskute autoreek, esaterako, erreferentzia pribatuak dituzten enuntziatuak, alegia, adierazten dituen hiztun berak soilik ezagutzen dituen erreferentziak dituzten enuntziatuak, ezin direla hizkuntza naturaletan kodifikatu, baizik eta modu osagabean errepresentatu. Sperberren eta Wilsonen ustez ezin da baieztatu enuntziatuek pentsamenduak kodifikatzen dituztenik, alegia, ezin da baieztatu enuntziatuen pentsamenduen errepresentazio semantikoak direla pentsamendu moduan kontzebitzen ditugunak. Ekarpen honen helburua, bi pertsonek gauza beraren inguruan pentsa dezaketela adieraztea da, kontuan izanik ezin dutela zehazki pentsamendu berdina eduki. Hau hala izanda, uler dezakegu, elkarrizketa arloan ari garenean, entzuleak hiztunak pentsatzen duen hori identifikatu eta jaso duen arren, esandakoaren ulermena ez dela pentsamendu bera entzulearengan sortu delako gertatuko: inferentzia prozesuen bidez, errelebantzia printzipioaz gidatuta, entzuleak hiztunak pentsamenduan zuen horren inguruan pentsatuko du ere, era ezberdinean, baina (prozesuan lehenago azaldu bezala) ulermena gauzatuz.

Pragmatika modernoaren arabera inplikaturak guztiz determinaturiko suposaketak dira, eta hiztuna inplikaturen arduraduna da guztiz, zuzenean esan balitu bezala. Planteamendu honen arabera, enuntziatuen ulermena horiek prozesatzeko beharrezkoa den usteen multzo zenbagarrien berreskuratzean datza, batzuk inplizituki eta beste batzuk esplizituki adieraziak, baina denak presente daudelarik hiztunaren intentzioan. Inplikaturak modu honetan determinaturik ikusteak, ordea, sakonki iluntzen du gaia autoreen ustetan: hizkuntza enuntziatuen multzo finitu batera erreduzitua geratzen da. Ikuspegi semiotikora mugatzen da komunikazioaren ikerketa, efektu estilistikoen eta poetikoen analisi egokia burutzeko aukera kanporatuz. Ikuspegi determinatuaren azalpenak ez du behar bezala gaia esplikatzen, hurrengo adibideak erakutsiko digun moduan:

(1) Pedro: Gustatuko litzaizuke Mercedes bat edukitzea?

(2) Maria: Ez litzaidake gustatuko inolako kotxe garestirik edukitzea.

(3) Mariari ez litzaioke Mercedes bat edukitzea gustatuko.

Hizkuntzaren kontzepzio horretan finkatuz (2) adierazpenak (1) galderari erantzun gisa ez luke zuzenean egindako galderarik erantzungo. Zuzenean erantzuteko (3)-k diona esan beharko luke Mariak. Autoreen ustez, errelebatzia printzipioaren arabera (2) erantzuna emanaz, zeharkakoa izan arren, Mariak espero izango du efektu kontestualak lortuko dituela, (3) esanez lortu ezin direnak, alegia. Zeharkako erantzuna emateko informazio gehigarria ematen duen arren, honek onura gehigarria ekarriko du errelebantziaren ikuspuntutik beharrezko esfortzua konpentsatzeko.

Baina, nola kontrolatzen dugu entzuleak interpretatzen duen hori hizlariak inplikatu nahi izan duenarekiko? Entzuleak ez du zertan komunikaturiko uste guztiak kontzebitu, edo, kontrara, badira indartsuegi manifestuak diren inplikaturak, zeintzuk entzuleak ia ezin dituen ez harrapatu. Esaterako, entzuleak hurrengo usteak deriba litzake (2) enuntziatuarengandik:

(4) Mariak ez luke Rolls Royce bat eduki nahi.

(5) Mariak ez luke Cadillac bat eduki nahi.

(6) Kotxe garestirik eduki nahi ez duen jendea aberastasuna erakustearen kontrakoa da.

(7) Maria aberastasuna erakustearen kontrakoa da.

Enuntziatu hauek (2)-ren interpretazio posibleen sorta osatzen dute (interpretazio diote eta ez inplikatura, hala kontsideratuak izateko ahulegiak diren heinean). Ordea, errelebantzia printzipioa jarraituz, (4)-(7) Mariak behar bada esan nahiko lituzkeen deribaturiko ondorioak izan arren, ahulak izango dira (3) inplikaturaren alboan, zeina lehenengo postuan egongo den errelebantziari dagokionez, aukerarik eskuragarriena eta ziurrena izanik. Mariak, bere esanekin Pedrorengan (4)-(7) moduko enuntziatuak produzitzera bultzatu du, baina kasu honetan, hauek produzitzerako orduan, Pedrok Mariak baino gehiago jarri duela esan genezake, deribazioak egiterakoan. Are gehiago hurregoetan:

(8) Kotxe garesti bat erosiko ez luketen pertsonek ez lukete ezta ere itsas bidaia egingo.

(9) Mariak ez luke itsas bidaia egingo.

Kasu hauetan dudan jarri beharko genuke Mariak Pedro bultzatu duen deribazio hauek egitera. Badirudi, kasu honetan informazio gehiena Pedrok jarri duela. Aukera hauek ikusita, pentsatu beharko genuke, batzuetan, behar bada ez dagoela jarraitutasuna egoterik hiztunak gogorki babesten dituen enuntziatuen eta entzulearen ardurapean deribaturiko suposaketen artean, alegia, hiztunaren intentzioa dena delakoa izanda ere, batzuetan entzuleak independenteki hiztunaren pentsamenduan ez zeuden interpretazioak egin ditzakeela.

Hiztunak inplikatu nahi izandakoen eta entzulearen interpretazioen kontuak gure arreta deitzen du bereziki efektu estilistikoak jokoan sartzen direnean. Egitura linguistikoaz determinaturik dauden efektu estilistikoak aztertu beharra dago, beraz: nola erlazionatzen dira efektu pragmatikoekin? Egitura linguistikoa osatzen duten antolakuntza sintaktikoak edo fonetikoak enuntziatu bat ulertzeko modua alda dezake guztiz, hau da, interpretazio pragmatikoa baldintza dezake. Prozesu gatazkatsu honetan, guztiz lagungarria da entzuleak etor daitezkeen anbiguetate posibleen aurrean jasoko duen mezuaren inguruan egiten dituen iragarpenak. Enuntziatuaren lehenengo hitza entzun ahala, entzuleak eskuragarri duen testuinguruan kokatuko du, hiztunak nahi zuen testuingurua dela sinetsiz, haren inguruan esan litekeenaren gainean hipotesiak eraikitzeko. Hipotesien eraketa gradualari ekingo dio enuntziatua amaitzen den arte, horregatik, garrantzizkoa izango da lehen aipaturiko egitura linguistikoa, esaterako erabilitako hitzen ordena, besteak beste.

Hiztuna, errelebantzia optimorako printzipio pean dagoenez gero, inpliziturik utziko du entzuleak esaldia prozesatzeko bere kabuz jarriko duela espero duen informazio guztia. Kontrako eran ere, estilo aukeraketa ez da hausaz egingo: esaterako, hiztunak errepikapenaren errekurtsoa erabiltzea erabakiko balu, esfortzua handitu arren efektuak ere handituko liratekeelako egingo luke. Hau lehenago ikusi dugun adibidearen antzekoa da, alegia, (1) galderari erantzuna zen (2) baiespena. Errepikapenaren efektuak honako esaldi hauekin ondo ikus daiteke:

(10) Paseo luze luzea eman genuen.

(11) Nire haurtzaroa joan egin da, joan.

(10) enuntziatuaz, errepikapenaren efektua erabiliz, hizlariak ohikoa baino paseo luzeagoa egin duela adierazi nahiko luke, adibidez, (11) enuntziatua igorriz, bestalde, esandakoari malenkonia edo bestelako emozioren bat gehitu nahiko lioke. Kasu hauetan, entzulearengandik interpretazio imaginatiboa eskatzen da, efektu poetikoez ezagutza komuna sortzea baino inpresio komunak sortzea helburu delarik.

Ikusi dugun moduan literaltasun maximak kanpo geratzen dira, izan ere, literaltasunak ez digu beti esan nahi dugun guztia esaten uzten, batzuetan, prozesamendu esfortzu handiagoa behar duten formulak erabili behar dira esan nahi denaren xehetasun guztiak behar bezala adierazteko. Beste modu batean esanda, enuntziatu baten forma proposizionalaren eta errepresentatu nahi den pentsamenduaren arteko erlazioa antzekotasun erlazioa (non adibidez, errekurtso estilistikoak sar ditzakegun) izan ohi da, ez identitatearena, izan ere, ikusi dugun bezala, literaltasunak ez du zertan errelebantzia maximoa izan. AITZINDARIAK

ESANAHIA

J. L. Austin: How to do things with words? (1962)Austinek Harvardeko eta Oxfordeko unibertsitateetan emaniko konferentzietatik jasotako hitzek osatzen dute orain azaldu behar dudan lana. Hamabi konferentziez egituratuta dago, zeintzuetan geroago besteak beste Griceren, Searle, Strawsonen eta Wilsonen eta Sperberren esanak piztuko dituzten ideiak aurkitzen diren.

Austinek hizkuntzaren funtzioaz arituz hasiko du aipaturiko obra, arreta jarriz enuntziatuen bidez gertakarien inguruan faltsuak edo egiazkoak direla soilik esan daitekeenaren ideia kritikatuz. Izan ere, Austinen ustez, adierazpen posibleen artean egia balioa duten esaldiak gutxi batzuk dira. Ideia hau interesgarria suertatzen zaigu, ikusi dugunez, Austinen esanetatik abiaturiko autoreek ez baitute hizkuntzalaritza egiazkotasun eta faltsutasun aukera soilaren ikuspegitik begiratzen, baizik eta, Austinek proposatu bezala, hizkuntzaren analisia erabileraren ekintzan oinarrituz egingo dute. Pentsamolde hau zentrala da hurrengo filosofoen obrak ulertzeko, hizkuntzaren perpausak ez baitute balioa izango soilik haientzat deskribaturiko gauzen egoeragatik edo enuntziaturiko egitateren batengatik. Hizkuntzaren azterketan ezagutzarenganako arreta gutxitzen da hala, egiazkoak ala faltsuzkoak diren enuntziatuetatik aldentzen garenean: ezagutza ez da Austinengan, ezta jorraturiko beste autoreengan, azterketatik lortzen dugun (edo lortzen ez dugun) zerbait, ezta ikerketa objektu bere horretan. Esandakoa How to do things with words?-en azaltzen duenez gero aproposa iruditu zait Austinen obraren kontzeptu eta ideia nabarmengarrienak aipatzea.

Enuntziatu konstatatiboen eta performatiboen artean ezberdindu behar dugula diosku Austinek lehenengo konferentziaren hasieran. Konstatatiboak egiazko edo faltsu izan daitezkeen enuntziatuak dira, baina horiekin ez dugu ezer egiten. Performatiboak, ordea, ez dira deskribapenerako erabiltzen eta, berak azaldu bezala, ez dira egiazko ez faltsu. Hauen bidez zerbait egiten dugu, hala nola ezkondu, apustu egin, eta maiz, mota honetako enuntziatuak behar bezala jasotzeko gehigarri baten beharra dugu, alegia, testuinguru zirkunstantzial baten beharra. Enuntziatuok akzio jakin bat burutzen dute testuinguru jakin batean adieraziak direnean: Gizon hau hartzen dut senar gisa esaldia aztertuz gero, adibidez, argi ikus dezakegu ezkontzaren testuinguruan ezkontzearen ekintza burutzen duela. Ez da sententzia deskribatzailea, baizik eta zerbait egiteko erabilia den adierazpena. Enuntziatu hauen ezberdintzea lagungarria zaigu lan honetan azterturiko pragmatikaren arloaren egin beharrekoak hobeto ulertzeko. Izan ere, aztertuko ditugun autoreak, zeintzuen artean Sperber eta Wilson ditugun garrantzitsuen, Austinek bezala, enuntziatu konstatatiboei ez diete status berezirik emango. Sperberrek eta Wilsonek komunikazioaren teoria ikertzen duten heinean egiazkotasunaren edo faltsutasunaren auzia alde batera uzten dute, ez daude interesaturik enuntziatuen ebaluazioan, komunikazioan eta hizkuntzan beran ikerketa objektu moduan jartzen dute arreta.

Austinek enuntziatu performatiboetan hitzak erabiltzean lorturiko emaitzak zuzenak ez direneko kasuak aurkeztuko dizkigu ere. Enuntziatu konstatatiboez arituko bagina, enuntziatua faltsua dela esan beharko genuke esaten duena deskribatzen duen gauza-egoerarekin bat egingo ez balu, baina, performatiboetan? Hitzak zoritxarrez erabiliz gero huts egin dugula esaten du Austinek: apelazio, aplikazio edo burutze txarrak eginez edo ekintza ez-zintzoak edo ez-burutuak aurrera eramanez. Adibidez, ezkontzaren adibidearekin jarraituz, gerta liteke senar-emaztetzat jotzen zaituztet alkatea edo abadea ez den edozein pertsonak esatea, edo ezkongairen batek bai, nahi dut esatea nahi ez badu ere: kasu hauetan ez genuke esango ekintza performatiboa faltsua denik (hau enuntziatu konstatatiboen hizkera da) baizik eta ez dela gauzatu, zoritxarrekoa izan dela hizketa-ekintza. Senar-emaztetzat jotzen zaituztet alkateak edo abadeak esango balu, edo bai, nahi dut zintzoki esango balute ezkongaiek, orduan, ekintza performatiboa zorionekoa litzateke. Ikus bezala Austinek zintzotasunaren edo behar bezala burutzearen auziak sartzen ditu enuntziatu performatiboak era egokian gauzatzearen harira: arlo hau arretaz kontsideratzea komeni zaigu, izan ere, aurrerago, Grice edo Strawson bezalako autoreetan ikusi ahal izango dugu elkarrizketaren arrakasta Austinek aipatu bezalako erregelen edo maximen pean jartzen dutela. Sperberrek eta Wilsonek erregelak edo maximak berez hitz egiten dugunean betetzen den printzipio bakar batera erreduzituko dute: errelebantziaren printzipiora. Errelebantziak ulermen prozesua behar bezala gidatzen duen bitartean informazio elkartrukatzea arrakastatsua izango da. Dena den, baiezta dezakegu Austinen ondoren, eta haren pentsamendua aitzindari duten autoreek (Strawson, Grice, Searle, Sperber eta Wilson geroago) faltsutasunaren irizpidea bazter utziko dutela hemen ikusi dugun bezala: izan ere, elkarrizketa teorian, adierazpen konstatatiboak besteekin batera kontsideratzean, komunikazioa arrakastatsua izan den edo ez izango da garrantzizkoena. Austinek enuntziatu konstatatiboen eta performatiboen arteko bereizketa printzipioen inguruan dihardu idatzian geroago, irizpideak fintzeko asmoz, banaketa argi bat lortu nahian. Dena den, gai hori ez da gure kasurako interes berezikoa, hortaz, aurrerago jarraituko dugu. Izan ere, seigarren eta zazpigarren konferentzietan, Austinek enuntziatu performatiboen artean esplizituak eta primarioak ezberdinduko ditu. Primarioetatik eratortzen dira esplizituak, zeintzuen adibide lirateke hurrengoak: han egongo naiz primarioa litzateke, han egongo naizela zin egiten dizut, berriz, esplizitua. Azkenekoak erregela jakin batzuk bete behar ditu, eta, hala, irizpide zehatzen bidez, jakin ahalko dugu adierazpen errealizatibo esplizitu edo primario baten aurrean aurkitzen garen. Puntu hau nabarmengarria zaigu ere, geroago Searlerengan halako zerbait ikusi ahal izango dugu eta. Searlek indartsuki helduko dio hizketa ekintzetan gobernari diren erregela konbentzionalei, zeintzuek formula esplizituez adierazgarriak izango diren. Formula hauek han egongo naizela zin egiten dizut Austinek emaniko adibidearen berdintsuak lirateke, baina, pausu bat gehiago emanez, Searlek trukaturiko informazioaren ulermena entzulearen eta hiztunaren artean partekatzen dituzten elkarrizketa erregela konbentzionalen ezagutzari egotziko dio. Ikuspegi hau kontrajarria izango da Sperber eta Wilsonek elkarrizketa deskribatzeko duten moduarekin, hauek banakoek jarraitu beharreko erregela esplizituen formulaketaren normatibitatetik eta hauen kontzepzio konbentzionaletik aldendu egingo baitira, alegia, ez dute haien teoria termino hauetan proposatzen, teoria guztiz deskribatzailea da eurena. Dena den, aurrerago azaldu ahal izango dugu aipaturiko gatazka.

Zortzigarren konferentzian hain garrantzitsua zaigun ekintza ilokutiboa bereiziko du Austinek. Zerbait adieraztean egiten dugun ekintza da (ekintza lokutiboaregandik, adierazpenetik beratik, alegia, ezberdintzen da). Lokuzio bat, beraz, modu ezberdinetan erabili dezakegu harekin ekintza ilokutibo ezberdinak eraikitzeko. Adierazpen informatzaile, deskribatzaile, aginteak, zin egiteak, etab. lirateke. Ekintza ilokutiboak zorionekoak izateko beharrezkoak dituzten konbentzioak betez burutu behar ditugu: esaterako zin egiten dut norbaiti esaten badiogu, egia esatearen konbentzioa bete beharko dugu ekintza burutua izan dadin. Hasieran, ekintza performatiboak definitzean, aipatu dugu Sperberrek eta Wilsonek (eta Austinen ondorengo ildotik joaniko pragmatikagileek) ez direla mugatzen enuntziatu konstatatiboetara, enuntziatu performatiboen ezaugarriak dituzten enuntziatu motetara hurbilduz haien ikerketetan. Hizketa ekintzak bere ekintza ilokutiboekin identifika ditzakegu: Searlek eta Strawsonek ekintza mota hauei buruz hitz egingo digute, terminoa zearo aldatu gabe. Grice eta Sperber eta Wilsonek ekintza ilokutiboez esplizituki hitz egiten ez duten arren, azterturiko kasuak eta enuntziatu motak Austinek proposatutakoen berdintsuak direla ikus dezakegu. Austinen obran jarraituz gero, ordea, ekintza ilokutibo eta perlokutiboen arteko aldaratzean murgilduko ginateko, konbentzionalitatearen auzian sartuz: ekintza ilokutiboa erregelaz gobernaturiko ekintza konbentzionala da, ordea, perlokutiboa, ez. Austinek lauso marrazten ditu konbentzioen mugak, are gehiago, azkeneko konferentzian normatiboa denaren eta baloratiboa denaren arteko dikotomia ezabatzera gonbidatzen gaitu ere. Hau da, Austinengan konbentzionalitatearen eztabaida ireki baino ez da egiten: haren ondorengoek, lan honetan ikusiko ditugun beste autoreek, gaiaren inguruan posizioa hartuko dute. Garrantzitsua da ikustea, ordea, Austinek hizketa ekintzen esparruaren barnean konbentzionalitatearen gaia problema bezala planteatzera gonbidatzen gaituela, ondorengoek hari buruz hitz egin dezaten bultzada dela.J. Searle: Speech Acts (1969)Searle Austinen lanaren jarraitzaile nagusia izan zen, hark jarraitu zuen Austinek jorraturiko gaien inguruko ikerketa. Bide honetan, interesgarria zaigun Griceren artikuluen kritikatzaile nagusienetarikoa izan zen Searle (P. Strawsonekin batera), eta hala izanda, aproposa ikusten dut Searleren Speech Acts obra garrantzitsuaren nondik norakoak aurkeztea Sperber eta Wilsonen obraren analisian zer esanik baduelakoan.

Searlek terminoen ulermenaren eta definizioaren arteko ezberdintasuna deskribatuz hasten du bere obra. Erabilitako terminoen definizioa osatzeko irizpide konkretuak zerrendatzeko kapazak ez garen arren, termino horieri buruz, hizkuntzari buruz, egitateak ezagutu ditzakegu. Hala izanik, hitzen erabilera egokia egiaztatzeko gai gara. Izan ere, hizkuntza jakin bat ikasi eta menderatzen dugunean, haren erregelak ikasi eta menderatzen ditugu ere. Puntu honetan Searleren obran garrantzitsua den nozioarekin egin dugu topo: erregelena, hizketa ekintzak gorbernatzen dituzten erregelak, alegia. Orainarte erregelen azalpen lausoa baino ez digu eskaintzen Searlek, ordea, aurrera joan ahala findu egingo du definizioa, konkretatu, Austinek lehen aipaturiko esplizitazio formulen inguruko erregeletara hurbilduz, hauen konbentzionalitatearen auzian indartsuki lekua hartuz, gai interesgarria suertatzen zaigularik. Momentuz, ostera, Searlek erregelek orokortasuna bermatzen dutela diosku eta horiei esker hizkuntza jakin horren hizlari bakoitzak erregularki, sistematikoki erabiltzen duela hizkuntza. Onartu beharra dago, baina, hein handi batean, hizkuntzaren erabilera hiztunaren intuizioetan oinarritzen dela, alegia, erregelak ez ditugu espliztuki ezagutzen, ez ditugu beti jarraitzen, eta honengatik, hizkuntza karakterizazioak ez dira hutsezinak. Alegia, huts egin dezakegula dio Searlek zer den badakigun hori enuntziatzen.

Austinen pentsamendu ildotik jarraituz, hizkuntza bat hitz egitea hizketa ekintzak egitea dela dio Searlek, hau da, bere analisian giza komunikazioan aurki ditzakegun enuntziatuak analizatuko ditu, egiazkotasun edo faltsutasun irizpide argia duten enuntziatu konstatatiboak baino. Aipaturiko hizketa ekintzak hizkuntza elementuen erabilera erregelen aplikazioari esker dira posible, izan ere, gogoan izan behar dugu, Searlen ikuspegian, komunikazioa ez dela hizkuntza elementuen zerrenda soila, baizik eta erregelez determinatua dagoen elementuen emisioa. Komunikazioan, hala, bazterrezina zaigu hiztunaren intentzioa, hiztunak esan nahi duen hori, alegia. Aztertuko ditugun hurrengo autoreek nozio hau pieza garrantzitsu gisa hartuko dute haien teoriatan: komunikazio arrakastatsua hiztunaren intentzioa jasotzearekin lotuko duten heinean. Searlek hizkuntzaren erabateko ahalmena intentzioan gauzatzen dela uste du, hau da, hiztunak esan nahi duen edozer gauza esan dezakeelako intentzioan. Hizkuntzak ez du hiztunaren intentzioa mugatzen, izan ere, erabilitako hizkuntza jakin bat semantikoki edo sintaktikoki eskasa izanda ere, beti izango du posible hizkuntza aberatsagoetara itzulpena egitea, edo beste alde batetik, termino berriak asmatzea. Esan nahi dena esateko intentzioa da determinatzen gaituena hizkuntzaren ahalmena baino. Uste honek Searleren adierazgarritasun printzipiora garamatza, zeinaren arabera, norbaitentzat esan nahi den hori esatea ezinezkoa balitz, hizkuntzaren ezagutza ezagatik izango litzateke, ez hizkuntzaren ahalmen eskasagatik. Honek, aitzitik, ez du bermatzen hiztunak esan nahi duen hori bera, igorri nahi duen efektu bera jasoko duela entzuleak. Adieraztearen bermea ez dago komunikazio arrakastatsuaren bermearekin lotuta, hau da, entzulearen jasotze egokia ez dago bermatuta.

Hitz egitea, beraz, erregela jakin batzuekin bat datozen ekintzak burutzea da Searleren esanetan. Hizketa ekintzak esatean Austinen moduko ekintza ilokutiboak bereiz ditzakegu hemen ere. Modu honetan Jonek erre ohi du adierazpena aztertuz, hurrengoak bereiz ditzakegu: adierazpenaren ekintza (hau da, hitzen adierazpena), proposizio ekintza (zerbait erreferitu eta hari buruz predikatzea), ilokuzio ekintza (kasu honetan baiezpen bat dena).

Ekintza ilokutibo mota zein den indar ilokutiboak esango digu (hitzak berak, esandakoaren ordenak, enfasiak, etab.) eta testuinguruak argitu. Dena den, ekintza ilokutiboak erregelez arautuak daudela diosku Searlek: erregela horiek erregulatzaileak edo osagarriak izan daitezke. Bigarren erregela motaren azalpenean sakonduko du Searlek: hauen bidez arau berriak definitu edo sortzen dira. Haien existentzia erregelekiko menpe duten ekintzak osotu eta erregulatzen dituzte, alegia, ekintza hauek erregela existitu ezean posible ez liratekeen espezifikazio, deskripzioak jasotzen dituzte. X-ek Y gisa kontatzen du C testuinguruan forman itzultzea posible izatekotan, erregela osagarria izango da: erregela honen bidez X-etik Y eratortzen da baldintza batzuen pean (kasu honetan C testuingurua), erregela gabe ezinezkoa litzatekeen aipaturiko ekintza berria sortuz (Y).

Hizkuntzaren egitura semantikoa azpi erregela osatzaileen multzoen errealizazio konbentzionala da, eta, hizketa ekintzak erregela osagarrien multzo horiekin bat etorriaz eginak dira. Hizketa ekintzak, beraz, konbentzio kontua dira hizkuntzaren barne. Esandakoaren ostea, laburbilduz eta ondorioztatuz, hiru galdera egitera egin ditzakegu: hizkuntzak konbentzionalak dira? Bai (hizkuntza ez). Ekintza ilokutiboak erregelaz arautuak daude? Hau da, konbentziorik al dago modu batean edo bestean? Bai (adibidez zin egitearen ekintzan obligazioaren erregela dago). Hizkuntza erregelaz arautua dago? Hau da, konbentzioak erregelen azaleratzeak dira? Bai.

Hala ere, ekintza ilokutiboen zenbait motek ez dute konbentzioen beharrik, esalearen portaeraren arabera intentzioak antzematen dira, besterik gabe, esate baterako Etorri zaitez etxera esaten badugu lurrean belaunikatu eta eskuak erregu antzera kokatuz. Esandakoak soilik ez digu erreguaren indar ilokutiboa adierazten mesedez, etxera etor zaitezen erregutzen dizut kasuan bezala, ez dago formula konbentzionalik, esalearen portaerak adierazten baitu hizketa ekintza. Honen antzerako kasuak, ordea, kasu mugatuak dira Searlentzat. Alegia, hizkuntza ezberdinak, kasu orokorretan, azpi erregela berdinen azaleratze konbentzional ezberdinak dira. Gainera, posible da erregela ezagutu gabe hauxe bera jarraitzea, eta, are gehiago, beti erabili izan dugun erregela identifikatzea. Honi esker patroitik desbideratzen diren ekintzak okertzat hartzen ditugu. Planteatu berri den auzian Sperberrek eta Wilsonek oso bestelako ikuspegia aurkezten digute: autoreek Searlek mugako kasuak kontsideratzen dituen formula konbentzionalik gabeko enuntziatuak aztertzen dituzte erregela konbentzionalei erreferentziarik egin gabe. Searlek mota hauetako kasuei buruzko azalpena garatzea zaila ikusten du erregela konbentzionalen falta dagoelako, Sperberrek eta Wilsonek, ordea, ez dute falta hau somatzen, ez dute erregela konbentzionalen beharrik ikusten komunikazioan erabiliriko enuntziatu guztien erabilpenaren zergatia azaltzeko. Searlek dioen moduan igorleak momentuan aurkezten duen portaerari (kenuei, hitzei, estimulu ostentsiboei, finean) erreparatzeko aukerari buruz bai mintzo dira Errelebantzia-n: honez gain, testuinguruak iraganean eta momentuan emandako informazioaz baliatzeko aukera gaineratzen da ere, entzulearen informazio jasotze egokia erregelen bidez baino, errelebantzia printzipioaren bidez determinatzen delarik.

Griceri buruz, esanahi natural eta ez-naturalaren arteko ezberdintzearen garrantzia nabarmentzen du Searlek ere. Izan ere, esanahiaren eta intentzioaren erlazioa azaleratzen du, eta gainera, entzuleak hiztunak nahi duen hori komunikatzeko intentzioaren antzematearen garrantzia azaltzen digu ere. Hala ere, bi kritika ditu Gricerentzat. Lehenik eta behin, ez du esanahiaren izaera konbentzionala kontutan hartzen. Searleren ikuspegian esanahia ez da intentzio soila, esaten dugunaren parte da, baina ez da intentzioa osoki. Esanahia konbentzioa da ere: zerbait esan nahia hizkuntza jakin batean esaldiak duen esanahiarekin lotzen da modu estuan (eta lehen ikusi dugun moduan hizkuntza bakoitzak erregela konbentzionalen multzoa darama). Bigarrenez, Searleren ustez, Griceren azalpenean zerbait diogunean haren esanahiaz adierazi nahi dugunean ekintza perlokutiboa burutzen saiatzen garela baieztatzen da. Searle ez dago ados, bere ustetan ekintza ilokutiboa eta ez perlokutiboa burutzen da hurrengo arrazoia dela eta: ekintza ilokutiboak adierazten dituzten esaldiek ez dituzte ondorio gisa ekintza perlokutiboak beti, adibidez Kaixo esateak ez du beharrezko bihurtzen entzulearengan efekturik edo akziorik eragin nahi izana, esandakoaren ulermenaz eta jasotzeaz aparte. Gricek entzulearengan sorturiko efektuaz hitz egiten du ekintza perlokutiboei soilik erreferentzia eginez. Ordea, beti ez da hala, izan ere, bermaturik dagoen ondorio bakarra ekintza ilokutiboa da, alegia, behin entzuleak hiztunaren intentzioa harrapatu duenean, ondorioa berak esandakoaren ulermena denean, besterik gabe.

Kontua da Gricek ez duela hiztun eta entzulearen arteko intentzio eta efektuen hartu emanean ulermena behar bezala kontutan hartzen, eta Searlek ulermena berebiziko garrantzizko elementua kontsideratzen duela. Izan ere, adierazpenen ulermena (eta are gehiago enuntziatu literalei buruz ari garenean), termino konbentzionaletan ulertua, entzuleak esaldia zenbait erregelen menpe dagoenaren antzematearekin erlazionatzen du. Hau da, Searleren konbentzioaren ideia garrantzitsua agertzen zaigu hemen: hizkuntza arruntean, elkarrizketan, ulermena erregela konbentzionalen errekonozimenduan finkatzen du. Entzuleak, erregelen errekonozkimenduaz baldintzatuta egonda, adierazi zaiona ulertzea lortzen duen heinean esan ahalko dugu intentzioa lortua izan dela.

Searlek ekintza ilokutiboa aztertuko du zin egitearen adibidearen bitartez hurrengo orrialdeetan artikulu honetan. Hala, lehen aipaturiko komunikazioaren ulermen egokia determinatzen duten erregelak zerrendatzera ekingo dio. Searlek azalduriko erregela guztiak ez dira hemen garrantzi gehiegizkoak, horregatik, bere esanen artean landuko ditugun hurrengo autoreekin lotzen direnak hautatu eta aztertuko ditut soilik.

Esaterako, igorle eta entzulearen arteko informazio trukaketan beharrezko ezaugarritzat jotzen du Searlek, adierazitako enuntziatuan esandakoa agerikoa ez izatea. Hau da, etxea txukunduko dudala zin egiten dizut enuntziatua igorriz gero, entzulearentzat ezin da nabaria izan hurrengo ekintzen artean etxea txukuntzea gertatuko dela, hala balitz, zin egitearen beharrik ez bailitzateke egongo. Hau esfortzu minimoaren mekanismo baten instantzia da, zeinaren helburua, ondorio ilokutibo maximoa lortzea den esfortzu fonetiko ahalik eta gutxienarekin. Searlek erregela askoren artean ezaugarri bat gehiago kontsideratzen du efektuekiko esfortzuaren optimizazioarena, ordea, ikusiriko Sperber eta Wilsonen lanaren erdiguneko gaia da hau. Esfortzu eta efektuaren balantzak gidatzen du komunikazioa haien ikuspegian: errelebantzia printzipioaren lana bi irizpide hauen oreka bilatzea da, eta lan honen bidez beste edozein erregela konbentzionalen beharra bazterturik geratzen da, ikusi ahal izan dugun moduan. Autoreek errelebantzia printzipioaren bidez komunikazioa gidatzen duten arauak sinplifikatu egiten dituzte printzipio bakar baten, printzipio honek bi irizpide bakar dituelarik, alegia, prozesatzeko behar den esfortzua eta lortu daitezkeen efektu kontestualak. Soilik hauek bidez kontsideratu ahal izango da esandakoa pertinentea edo errelebantea izan dela, eta, hortaz, entzuleak behar bezala jaso eta interpretatu duela komunikazioa arrakastatsu bihurtuz.

Ezaugarrien artean zintzotasunaz ari da Searle ere. Berak dioenez, hiztunak enuntziatua igortzerako orduan, entzuleari aditzera ematen dio esandako hori betetzeko intentzioa. Ez da, esandakoa bete egin egingo dela, baizik eta gerta dadin intentzioa daukala. Ostera zin egitea zintzoa ez den kasuetan, prometitu egin den ekintza gauzatzeko intentziorik ez dago, baina sinestarazi egiten zaio entzuleari intentzio hori egon badela: hau da, zintzoa ez denean ez du esandakoa gertatuko dela baieztatzen hala izango ez dela dakien arren, baizik eta intentzioaz ari da, intentzioa duela adierazten du hala ez dela dakien arren. Ikuspegi honek Austini buruzko atalean azaldurikoarekin lotura dauka, izan ere, gogoratu beharra dugu Austinengan, esaldi performatiboei buruz ari denean, komunikazioa zoritxarrezkoa izatearen gertakizunen artean adierazpen ez zintzoak aurkitzen direla. Esaterako, ezkontzan bai, nahi dut esanez gero, zintzoa ez den heinean, adierazpenaren ekintza eta honen ondorioa modu zoritxarrean gauzatuko da, ez da faltsu bilakatuko dela, ezta ez dela gertaera burutuko, baizik eta ez dela zorionekoa izango. Gricerengan, aurrerago ikusi ahal izango dugun moduan, egiazkotasunaren edo zintzotasunaren maxima aurkituko dugu, igorleak esan duenari buruz egiazkoa denaren ustea duela diona, eta komunikazioa behar bezala gertatu dadin beharrezko ezaugarri dena. Ordea, Sperberren eta Wilsonen kasuan, ikusi ahal izan dugunez, zintzotasunaren edo egia izatearen ustearen kontuak garrantzia galtzen du, are gehiago, ez dute sakontasunez gai honi buruz hitz egiten, elkarrizketaren egoera normalaren baitan sartzen den irizpidea dela aipatzeaz gain (hau da, komunikazioa aztertzerako unean, egoera normaletan emandako kasuak aztertuko dituztela diote, egia esaten dugun kasuak, alegia). Berriz ere ikus dezakegu haien aitzindariak diren filosofoengan eta pragmatikan orokorrean nozio indartsua izan denak, egia esatearenak, garrantzia galtzen duela, izan ere, autoreek proposaturiko teoria deskribatzailean, errelebantziaren printzipio bakarrak hartzen du arreta guztia: hiztunak egia esaten duen edo ez, edo egia esan nahi duen edo ez, garrantzi gabeko bilakatzen da entzuleak prozesatze esfortzuen eta testuinguru efektuen irizpideak kontutan hartzen ditugunean. Beharbada ezin dugu esan guztiz ezabatua den ideia dela egia esatearena, izan ere, autoreek, entzuten duguna gure usteekin koherente izatea espero dugula baieztatzen baitute, ordea, nozioa eta azalpena dezente aldatu dela ukaezina da: ez da hizlariaren egiazkotasunerako edo koherentziarako konpromisoaz hitz egiten, baizik eta entzulearen informazio jasotzean, entzuten duen horretan bere usteekiko bat egitea (koherentzia) espero izatea; beste autoreetan ikusi genezakeen bien arteko akordioa baino, entzulearen espektatiba da.

Azkenik, Searleri buruz azpimarratu nahiko nukeen azkeneko erregela edo ezaugarria, esanahiaren identifikazioaren ingurukoa da. Autoreak, zera dio, hiztunak entzuleak bere igorpenaren bidez esandakoa identifika duenaren intentzioa daukala, eta, identifikazioa gauzatu dadin, entzuleak intentzio hau errekonozitu behar duela. Searle objektuen esanahiari buruz ari da hemen, hala ere, elkarrizketaren arlora igaroz, enuntziatuen interpretazio egokira igaroz, baldintza gricearra dela ikus dezakegu. Aurrerago Griceren artikuluen azterketan ikusi ahal izango dugunez, harentzat baldintza beharrezkoa izango da igorlearen intentzioaren errekonozimendua entzulearen aldetik behar bezalako komunikazioa gertatu dadin. Intentzioaren nozio garrantzitsua agertzen zaigu behin ere. Izan ere, Sperberren eta Wilsonen kasuan ikusi ahal izan dugunez, informazio intentzionalari, ostentsiboari, sekulako errelebantzia indarra egozten diote: zerbait komunikatu nahi denaren informazioa jasotzeak prozesamendu errezeko eta efektu kontestual handiko informazioa suposatzen du entzulearentzat. Are gehiago, Sperber eta Wilson pausu bat aurrera doaz, izan ere, haien ustetan, hiztunak intentzio hau errekonozitua izan dadin erraztasunak emango dizkio entzuleari informazio inplizitua erabiliz: informazio inplizitua memorian gorderiko iraganeko informazioaren bidez, orainaldiko informazioaren bidez edo testuinguruak eskainitako informazioaren bidez behar bezala interpretatuko du, errelebantzia optimoa duela suposatuz.

Searlek halako zerbait diosku objektu bat esanahiaz identifikatzeko unearen inguruan: berak dioenez, gerta daiteke identifikazioa guztiz adierazita ez izatea, eta, hortaz, entzuleak, hizlariari informazio gehigarria eskatu beharra. Ordea, informazio trukaketa arrakastatsuan entzulea objektua identifikatzeko kapaza izan behar da hiztunak esandakoaren laguntzaz, ez duda ez anbiguetaterik gabe. Izan ere, hiztunak suposatu behar du esan duena nahikoa dela gertaturiko testuinguru jakinean identifikazioa gertatu dadin. Hau da, hiztuna lagungarria izan behar da berak ahal duen heinean, esandakoaren identifikazioa (Searlengan) edo adierazitakoaren interpretazio egokia (Sperber eta Wilsonengan) behar bezala gertatu dadin. Dena den, arrakasta baloratzeko unean bai batak eta bai besteak graduen aukera onartzen dute: identifikaziora edo interpretazio egokira hurbiltzea posible da guztiz lortu gabe, edo lortzera heltzea hiztunaren esanak lagungarriak ez izan arren, testuinguruaren laguntzaz, etab.

P. Strawson: Intention and Convention in Speech Acts (1964)Lehenago esan bezala, P. Strawson Austinek irekiriko bidetik jarraituz Griceren kritika burutu zuen Searlerekin batera. Hurrengo orrialdeetan Strawsonen Intention and Convention in Speech Acts-en nondik norakoak aztertzea da nire intentzioa, aurreko autoreekin bezala, Griceri eginiko kritikak Sperber eta Wilsonen lanarekin aldaratzeko.

Strawsonek Austinen nozio garrantzitsuen azterketarekin hasiko du berea artikulua. Berak dioenez, igorpenaren indarra eta ekintza ilokutiboa ezberdindu behar dira. Izan ere, adibidez, igorpena burutzean, ohartarazpen baten indar ilokutiboa behar bezala ulertzen ez bada, ekintza ilokutiboa ez da burutua izango. Igorpen baten indarra zein den jakitea zein ekintza burutu den jakitea da (hau burutu izatekotan). Aurreko autoreek bezala, Strawsonen esanetan ekintza lokutiboa esandakoa da, ilokutiboa, ostera, esatean egiten dugun hori, konbentzionala dena. Indar ilokutiboak adierazpena ze modutan hartu behar dugun esaten digu.

Strawsonen ikuspegian, Searlek indarrez esan bezala eta Austinenean ere ikusi ahal izan dugun bezala, hizketa ekintza oro konbentzionala da gradu maila batean behintzat, inplikatzen duen konbentzio linguistikoen esplotatzea dela eta. Halako forma linguistiko konbentzionalak esanahiaren konbentzioei gehituriko jokabideak dira. Adib. Erruduna epai batek esanda edo Kanpora arbitro batek esanda. Igorpenak, gertaturiko zirkunstantziekin erlazionaturik, daukan indar maila jakina izango du aipaturiko konbentzioekin bat egitearen arabera.

Hala ere, Strawsonek ohartarazten digu, hainbat kasu daude zeintzuetan ekintza ilokutiboa ez den onarturiko konbentzioekin bat egitearen arabera burutzen, hau da, Joan zaitez esaten dugunean Joan zaitezen agintzen dizut esan beharrean, bi kasuetan agintearen indar ilokutiboa adieraziz. kasu hauetan igorpenaren indarra ez da esanahia erregulatzen duen konbentzioetaz aparte inongo konbentzioen araberakoa, konbentzionala den formula esplizitua erabili ez dugulako. Gogora dezakegu Searlek ezberdintze hau markatzen duela baita ere, proposaturiko erregela konbentzionalak Joan zaitezen agintzen dizut formako adierazpenekin erlazionatuz, formula errealizatiboetara itzulpena egiterik ez duten kasuak baztertuz salbuespenak direlakoan.

Strawsonen ustez, konbentzionalitatearen dotrinak ez du modu orokorrean balio. Austinek hitzak ekartzen dizkigu gogora, zeintzuen arabera, edozein ekintza esplizitatu daitekeen forma errealizatiboen bidez (Joan zaitezen agintzen dizut bezalako formak), konbentzionalak diren formen bidez, alegia. Strawsonek, ordea, forma errealizatiborik ez duten ekintzak aztertuko ditu. Gogoan daukagu Sperber eta Wilson enuntziatu hauei buruz dihardutela baita ere, forma errealizatiborik ez duten enuntziatuen (testuinguruaren bidezko edo portaeraren bidezko) interpretazio egokia ez duten kasuak, ez dituztela mugako kontsideratzen, baizik eta aztergai sakona merezi duten kasuak direla haientzat. Ordea, Strawsonen proposamenarekiko aldea badagoela ikusiko dugu: intentzioaren nozioa erabakigarria izango zaigu behin ere.

Hasteko, Strawsonek Griceren formulazioa ekarriko du gogora:

Hala ere, Strawsonen ustez, hau guztia betetzen den baina komunikaziorik ematen ez den kasua aurkeztu genezake Griceren ikuspegia kritikatzeko:

Arazoa zera da, A-k ez duela usteko H-k zerbait jakinarazi nahi diola, eta hau gabe ezin dugula esan komunikazioa egon denik. Horregatik, Strawsonek klausula gehigarri bat beharrezkoa ikusten du hemen: esan nahi izatearen egoera (H-k A-ri) bientzat agerikoa izan behar dela diona. Elkarrentzat agerikoa izatearen beharra Sperber eta Wilsonek nabarmenduko dute ere: Errelebantzia-ren azalpenean ikusi ahal izan dugunez, autoreentzako ezinbestekoa da komunikazioa arrakastaren bidean gerta dadin hiztunaren intentzio komunikatiboa elkar agerikoa izan dadila. Esandakoaren bidez, eta batez ere, informazio ostentsiboaren bidez, hiztunak elkar agerian utzi behar du bere intentzio komunikatiboa entzuleak keinuak, informazio gehigarria, testuingurua, e.a. kontutan har ditzan entzundakoa behar bezala prozesatu eta interpretatu ahal izateko.

Strawsonek, geroago, Austinen hainbat nozioren ekarpena egingo du bere proposamenean aurrera egiteko. Gogoratuko digu, Austinen ustetan, indar ilokutiboa daukan igorpena burutzea ekintza konbentzionala dela, eta formula errealizatibo zehatzen bidez esplizitatu daitekeela kasu guztietan (Austinentzat). Ulermena, esplizitazio formulak eta intentzioa izango dira guretzat nozio garrantzitsuak hemen, Sperber eta Wilson Strawsonen pentsamoldetik aldenduko dituztenak.

Komunikazio prozesua azalduz: igorleak entzulearengan erantzun jakin bat produzitzearen intentzioa dauka, intentzio hau errekonozitua izatearen intentzioa ere, baita errekonozimendu hau arrazoia izan dadila igorleak espero zuen modu determinatuan ekiteko edo erantzuteko. Indar ilokutiboaren ulermena gertatzen ez bada, komunikazio ekintza ez da burutua izango, horregatik, intentzioa argitzeko bide konbentzionalak ditugu (Jakinarazten dizut, Erregutu egiten dizut, Agintzen dizut, adibidez). Strawsonek dioenez, Austinek ulermenaren arazoa ezabatzen du esplizitazio formulen bidez intentzioa argitzen dela azaltzen duenean, ordea, esan daiteke kasu guztietarako baliagarria denik? Strawson ezetzean dago, izan ere, badira hizketa ekintzak diren baina, intentzioaren errekonozimenduaren beharrik ez duten adierazpenak diren heinean, ekintza ilokutiboak ez diren adibideak. Esate baterako harrotzea daukagu, non igorleak ez du intentzioaren errekonozimendua bilatzen (kaltegarria litzateke harentzat. Iradokitzearen kasuan ere intentzioa ez da errekonozitu behar. Esentzialki ez konfesagarria da iradokitzearen intentzioa.

Honekin zera esan nahi du Strawsonek, ekintza ilokutiboetako ezaugarrien artean ezin direla ez modu orokorrean ezta partzialean ere indar eta ekintza ilokutiboen nozioak sartu. Ezin dela kasu orotarako baliogarria den eskema eraiki. Adibidez, Ez zaitez joan esatean entzuleak induzitu egiten du dagoen lekuan geratu dadin, bai, baina adierazpenak indar ilokutibo ezberdinak eduki ditzake. Nola egokitu daiteke eskema orokor bakarra indar ilokutibo ezberdin horiek barnebildu ditzan? Konbentzio sozialaren erreferentzia esplizitua emateko behar bezain zabala izan behar du eskemak, batzuetan, ordea, hau gertatzea zaila da. Honek arazoak ekar ditzake, izan ere, adierazpenaren ulermena kolokan jartzen da. Azaldu dezagun hau.

Strawsonek dioenez, ekintza esentzialki konbentzionalak eta ez konbentzionalak ezberdin ditzakegu, hauek burutzeko bide linguistikoei erreparatuz. Egia da bi kasuetan igorlea adierazpenaren bidez komunikazioan, entzulearengan, eragina izan dezan saiatzen dela, eta hortaz, intentzio hau errekonozitua izan dadila saiatzen dela (komunikazio prozesuaren azalpenean lehen azaldu bezala). Bien ekintzen arteko ezberdintasuna, ordea, ulermenaren auzian dator: izan ere, ez konbentzionalen kasuan ekintza ilokutiboa ulermena lortzen denean gauzatzen da, baina ulermena ez da beti gauzatzen, kasualki porrot egin dezake entzuleak erantzunik ematen ez duenean (erantzunik gabe ez daki ulertu duen, behar bada ez, ezin dugu ulertu duenaren informazioa jaso). Ordea, hizketa ekintza konbentzionalen kasuan ulermenaren lorpena bermatuta dago, komunikazioak porrot eginez gero, konbentzionalitatea gorbernatzen duten erregelen haustea dela eta izango da. Hementxe agertzen zaigu Sperber eta Wilsonekiko ezberdintasuna: esan bezala, autoreek hiztunaren intentzioa elkar agerikoa izan dadila beharrezko baldintza kontsideratzen dute ulermena eta, hortaz, komunikazio arrakastatsua gerta dadin. Strawsonek, intentzioaren esplizitazio formula konbentzionalek ulermena bermatzen dutenaren ideia ukatzen dute autoreek Errelebantzia-n. Intentzioa elkar agerikoa den bitartean entzuleak behar dituen tresnak eskuratuko ditu informazio gehigarriaren bilaketa tresna kognitiboak martxan jarri ahal izateko (memorian gorderiko informazioa, testuingurutik momentuan jasotakoa, etab.), eta jasotakoaren interpretazio egokia atera ahal izateko errelebantzia printzipioak gidaturik.ELKARRIZKETAGricePaul Grice britaniar filosofoaren jarraitzaileak izan ziren Wilson eta Sperber, haren lana abiapuntutzat hartu eta moldatu egin zuten filosofia pragmatikara errelebantziaren teoriaren ekarpena eskaini zuten arte. Nire asmoa Griceren bi artikulu nagusien azterketa egitea da, Esanahia eta Logika eta Elkarrizketa artikuluena alegia, haietatik Wilson eta Sperberrek jorraturiko ezaugarri garrantzitsuenetan jarriz arreta, ondoren, Griceren kritikarien esanekin aldaratzeko.

Meaning (1957)1957. urteko Esanahia artikuluan, Gricek ordutik aurrera filosofian berebiziko garrantzia izango duen bereizketa egiten du: bi esaldi mota ezberdindu behar ditugula diosku, zentzu naturala duten esaldiak eta zentzu ez-naturala dutenak. Lehenengoak Orban horiek elgorria esan nahi dute bezalakoak lirateke, non x-ek p esan nahi duen forman, x-ek p inplikatzen duen. Hau da, zerbaitek naturalki zerbait esan nahi duenean esan nahi duen hori inplikatzen du. Esaldi hauetan ez dago intentzionalitaterik. Hau da, ezin da esan Hiztunak orban hauen bidez esan nahi du elgorria duela. Ezin ditugu komatxoak erabili Orban horiek elgorria esan nahi zuten esateko, baina berregin dezakegu adierazpena elako formulaz (Orban horiek zituelako gertakariak elgorria zuela esan nahi zuen esanez, adibidez).

Bigarren esaldi motak, ez-naturalak, autobus txirrinaren hiru joaldiek autobusa beteta dagoela esan nahi dute modukoak lirateke. Kasu honetan x-ek ez du p inplikatzen, autobus txirrinaren hiru joaldiek esan nahi zutena . esaldia esan daiteke, baita norbaitek (gidariak honakoan) zerbait esan nahi zuela txirrina hiru aldiz joaz. Komatxoak, kasu honetan, bestean ez bezala erabil daitezke, txirrinaren hiru joaldiek autobusa beteta dago-ela esan nahi dute moduan, baina ezin da -elako gertakaria-z esaldia berregin.

Griceren ustetan, esanahiaren(NN) azalpen kausala (hau da, hiztunak esandako hitzak esanahi ez natural horren kausa direla) ukatu beharra dago baliagarria ez zaigun heinean. Hurrengo adibideaz ukapen honen zergatia ulertzen lagunduko digu: jende askok, dantzara joango dela uste duenean, frakak jantzi ohi ditu, eta era berean, jende askok, norbait frakak jantzi dituela ikustean, pertsona hori dantzara joango dela ondorioztatuko luke. Hau hala den arren, ez genuke baieztatuko frakak janzteak pertsona hori dantzara joango dela esan nahi(NN) duela. Esan genezake ikusleak pertsona hori dantzara joango denaren ustea izatea moduren batean ikasia edo bereganatu duela, baina ez prakak janzteak zerbait esan nahi(NN) duenik, ez ezeren zeinu denik, komunikazioan erabiltzen den arren.

Azalpen kausalaren beste arazo bat, Griceren ustez, entzulearen ulermenaren azalpenean dago. Esaterako Jones atleta da adierazpenetik, entzuleak uler lezake ere esaldiaren zati gisa Jones garaia dela. Azalpen kausalak ez digu kasu honetarako balio. Gricek dioenez, azalpen kausalak zeinu baten esanahi estandarretik at ez du analisirik, ez ditu kontutan hartzen estandarrak ez diren eta beste modu batzuetan esan nahi dezaketen hitzak. Azalpen kausalak esplikatzen ez duen hori funtsezko kontsideratzen du Gricek.

Hutsune hau betetze aldera beste bide batetik jotzea proposatzen digu: esaldi informatzaileak eta deskribatzaileak aztertuko ditu lehenengoz. Heldu beharreko arazoa hurrengoa da: nola ezberdindu nahita eta modu irekian norbaiti jakinarazi eta esan? nola norbaiti pentsarazi eta esan?

Adibide baten bidez ekingo dio azterketari. Bi egoera planteatuko dizkigu Gricek, lehenengoan X jaunari Y jaunaren argazki bat erakusten diot, zeinetan Y jaunak gehiegizko konfiantza erakusten dion X-en andreari. Bigarrenean Y jaunaren marrazki bat egiten dut, zeinetan X-en andreari gehiegizko konfiantza erakusten dion, eta X jaunari erakusten diot. Kontua da argazkian ez genukeela esango esanahia(NN) dagoenik, marrazkian, ordea, bai, marrazten duenaren asmoa jokoan sartzen baita. Marrazten duenaren asmoak marrazkiaren emaitza baldintzatzen du, argazkiaren kasuan ez bezala.

Zailtasun batekin topo egiten dugu hemen ordea, adibide batez argitua izango dena. Kopeta zimurtzen dugunean, nahita edo bat batekoa izanda, hau da, informatiboa edo ez izanda, begiraleak gure displazera ondorioztatzen du berdin-berdin. Berdina al da, ordea? Nahita egiteak ez du ezer esan nahi (NN)? Soilik entzuleak displazera adierazteko asmoz egin dugula uste duela suposatzen badugu esan ahalko dugu efektu berdina izan dutela bi kasuek. Ikusleak uste hori duenik ez badugu suposatzen, gure intentzioa jasoa izan ez dela suposatuko dugu, eta hortaz, kasua ez da berdina izango inolaz ere.

Modu informatiboan komunikatu dugula baieztatzeko hurrengoa izan beharko da prozesua: A-k x-ren bidez entzuleria batengan uste bat eragiteko asmoa izan behar du eta bere esaldia asmo horrekin egina dela igarria dela izateko asmoa ere izan behar du. Beste modu batean esanda, A-k x-ren bidez zerbait esan nahi (NN) zuen eta A-k x esan zuen uste bat eragiteko asmoz, asmo hau igartzearen bitartez baliokideak lirateke hala. X-ek zerbait esan nahi zuen eta norbaitek x-ren bidez zerbait esan nahi (NN) zuen baliokideak lirateke ere. Azkenik, x-k hau-ta-hau esan nahi(NN) du (denborarik gabe) eta jendeak x-ren bidez egiteko asmo duenari buruzko baiespenak edo baiespen disjuntzioak berdinak lirateke.x-ek esanahia(NN) izan dezan bilatutako efektuak nolabait entzuleriaren kontrolpean dagoen zerbait izan behar du, edo x-ren atzeko asmoa igartzea entzuleriarentzat arrazoizko zerbait dela eta ez kausa hutsa. Garrantzizko nozioa da asmoarena. Hasteko, gure esanen ondorio normalak esateko asmoa dugula espero da. Eta esale batek bi edo gauza gehiagoren artean zein adierazteko asmoa duen ez dakigunean? Orduan esaldiaren testuingurura jotzeko joera dugula dio Gricek, edo, ostera, geure buruari galde egiten diogula alternatibetako zein izango litzatekeen errelebantea esaten edo egiten ari den beste gauzekiko.

Wilsonek eta Sperberrek Esanahia artikuluaren azkeneko atalean botatako galderari heltzen diote, alegia, entzuleak hiztunaren adierazteko asmo posibleen artean aukeratu behar dueneko prozesua azaltzen saiatzen dira. Griceren bereizketan esanahi ez naturala duten adierazpenen gainean lan eginez hark aipaturiko azalpen kausalak utziriko hutsunea betetzen saiatzen dira Gricek aztertutakoaz haraindi.

Artikulu honetan Sperber eta Wilsonekin erlazionatu dezakegun lehenengo puntua Gricek azalpen kausalaren huts egitea kontsideratzen duen hori da. Alegia, hiztunak enuntziatu bat igorri egiten duenean eta entzuleak, esandakoaz gain beste hainbat gauza inferitu edo ondorioztatu ditzakeenean.

Asmoaren edo intentzioaren nozioaren garrantzia, lehenago aipatu dugun moduan, Errelebantzia-ren autoreek jasoa izan da ere. Gricek, artikuluan dioenez, entzulea hiztunaren intentzioaren emaitzaz jabetzeak edo ez guztiz baldintzatzen du komunikazioaren arrakasta eta esandakoaren ulermena. Sperber eta Wilsonek baiezpen hau onartuz eraikitzen dituzte errelebantziaren printzipioaren inguruko esanak. Izan ere, banakoen errelebantzia printzipiopeko jarrerak hizlariaren asmoarekin bat datorren interpretazioa aukeratzen laguntzen digu; hau da, ulermen egokia eta komunikazio arrakastatsua, aukeraturiko interpretazioa hiztunak nahi izandako interpretazioarekin bat datorrenean emango da. Hau argi dagoela, hurrengo pausua emango dute autoreek, aukeraketa hau, hiztunak nahi izandako interpretazioarekin bat egite hau, nola gerta daitekeen azaltzen baitute. Gricek intentzioaren antzematearen garrantzia jarri zuen mahai gainean, Sperber eta Wilsonek hauxe hartu eta garatu egin zuten, behar bezala antzematearen prozesua deskribatuz. Esan bezala, interpretazioen arteko aukeraketa, Gricek, testuinguruaren laguntzaz egingo dugula dio, edo, beste kasu batzuetan errelebanteena kontsideratzen duguna hautatu. Sperberrek eta Wilsonek xehetasun handiz aztertuko dute testuinguruak banakoari eskaintzen dion informazioa, nola memorian gordetzen eta antolatzen den, eta memorian edukita nola erabili dezakegun informazio berriarekin ere nahasiz. Gainera, Gricek aipaturiko errelebantzia irizpideaz baliatzen dira ere, baina kontzeptu hau garatuz eta haren inguruko ikuspuntu berria eskainiz: Gricerenean interpretazioen aukeraketa prozesu kontzientea da, prozesu horretan errelebantziaren irizpidea erabiltzen dugun hautatze modu gisa. Wilsonen eta Sperberren ustetan, ordea, errelebantzia irizpidea banakoen gogo inferentzia prozesuen ezaugarria da, hura erabili egiten dugu hizkuntza naturalean prozesu ez-kontzienteez enuntziatuak ebaluatzen ditugun bakoitzean. Hari esker, eta guk jakin gabe, posible dugu besteok esaten diguten hori behar bezala ulertzea.Logic and Conversation (1975)

Paul Griceren bigarren artikulu baten azalpenari ekitea aproposa iruditu zait: alegia 1967. urtean argitaraturiko Logic and Conversation idatzi famatua. Bertan Gricek hizkuntzaren filosofiari eginiko ekarpen handienetarikoa aurkitzen dugu, hau da, elkarrizketa gobernatzen omen duten maximen eta printzipioen zerrendaketa. Honekin batera, berebiziko garrantzizko ekarpena kontsideratu behar dugu ere giza komunikazioan inplikaturen presentziaren inportantzia nabarmendu izana, eta hauen sorrera prozesuen deskribapena burutu izana. Sperber eta Wilsonen obrarekin zuzenki erlazionatzen den artikulua dugu hau, hortaz, nire asmoa, geroago erlazio honen ezaugarririk garrantzitsuenak azaltzea da. Dena den, ekin diezaiogun lehenengo Logic and Conversation artikuluak diona aztertzeari.

Ezer baino lehen, (, ( eta v bezalako konektagailu logikoen eta hauen hizkuntza naturaleko adierazpenen arteko erlazioari buruz, Gricek bi iritzi nagusi daudela diosku. Lehenik, batak eta besteak ezberdinak direla uste dutenen taldea: era berean, talde honen barne bi korronte aurkitzen dira, formalistena eta informalistena. Formalisten ustez logikaren adierazpen formalak abantailak eskaintzen ditu hizkuntza naturalaren aurrean zientziaren zerbitzurako denean. Bi adierazpenen artean diferentzia badagoela uste dute, gure hizkuntzak inperfektuak direlako, izan ere, hizkuntza naturaleko adierazpen asko metafisikaz ustelduak daude, eta horregatik, hizkuntza ideal baten eraikitzea lortzea da helburua, zeinetan enuntziatu argidun adierazpen formalak agertuko diren, eta egia balio definituak esleituko zaizkien.

Korronte informalistaren ustetan, ordea, ez da hizkuntzaren egokitasuna zientziari egiten dion zerbitzuaren arabera neurtu behar. Gainera, ez dute uste ere ez esanahiaren analisia beharrezkoa denik adierazpen baten ulergarritasuna bermatzeko, ezta baiespen orotan definizio zehatza edo ekibalentzia logikoa behar denik.

Gricek, lehen iritzi hau albo batera utziko du aipatu ostean, izan ere, bere ustez, formalizazio logikoaren eta hizkuntza naturalaren artean ez dago bereizketa egin beharrik. Orainarte elkarrizketaren inguruko ezaugarrien izaera eta garrantzia alde batera utzia izan da, eta horregatik ezberdintasunik ez dagoenaren ustea ez da behar bezala defendatu. Elkarrizketaren azterketarekin hasteko, ezinbestekoa izango da inplikaturen gaian murgiltzea.

Inplikaturak, Griceren esanetan, igorleak esandakoaren ezberdina den zerbait aditzera eman nahi duenean gertatzen dira. Esandakoa-ren inguruan dihardu ostean: izan ere, esandakoa erabilitako hitzen esanahi konbentzionalarekin erlazionaturik dagoen arren, entzuleak egin ditzakeen interpretazioak ezberdinak izan daitezke. Dena den, hurrengoa bezalakoa den adibide bat dugunean:

(1) Latindarra da, beraz oso aldartetsua.

Latindarra izateagatik aldartetsua dela esan ez dugun arren, hala ulertua izango da inplikatatua dagoelako konbentzionalki.

Konbentzionalak ez diren inplikaturen adibidea hauxe litzateke:

(2) A-k eta B-k bien lagun den C-ri buruz ari direnean, bankuan lanean hasi dela eta:

A-k: Zelan doakio C-ri lanean?B-k: Ondo! Lankideekin primeran sentitzen da eta gainera, ez dute oraindik kartzelaratu.Kasu hauek diskurtsoaren ezaugarri orokorrekin erlazionatzen dira, beraz, determinatu beharrekoa zera da, ezaugarri horiek zeintzuk diren. Elkarrizketetan, orokorrean, partaideek helburu komuna dute, edo biek onarturiko norabidea behintzat, hala, honen mesedean, bai igorleak bai entzuleak esfortzu kooperatiboa egiten dute.

Hau da, Gricek elkarrizketa gidatzen duen kooperazio printzipio baten existentzia baieztatzen du: Kontribuzioa elkarrizketaren norabideak eskatzen duen bezala egitea. Printzipio nagusi honen pean lau genero mota ezberdintzen ditu autoreak: 1) kantitatearena, 2) kualitatearena, 3) erlazioarena eta 4) moduarena. Genero bakoitzean hurrengo maximak enuntziatzen ditu:

Lehenengoan: Kontribuzioa behar bezain informatiboa izan dadila; Behar dena baino informazio gehiago ez eman.

Bigarrenean: Kontribuzioa egiazkoa izan dadila, hau da, Faltsua dena ez esan eta Frogatu ezin dugun hori ez esan.

Hirugarrenean: Muinera jo

Laugarrenean: Izan zaitez argia, hau da, Ez zaitez iluna izan, Ez zaitez anbiguoa izan, Ez zaitez laburregia izan eta Modu ordenatuan ekin.

Maxima hauen pean helburua ahalik eta gehieneko efektibotasunaz informazioa elkarbanatzea litzateke printzipioz, baina haratago joatea ere badugu, izan ere, Griceren ustez, helburu izan behar da ere besteen portaeran influentzia edukitzea. Errelebantzia-ren autoreek helburu honen ideiari helduko diote, lehen ikusi ahal izan dugun moduan, izan ere, haien ustetan, elkarrizketaren oinarrizko helburua kidearen ingurune kognitiboaren aldaketa da, hau da, bestearengan modu batean edo bestean influentzia edukitzea. Honetarako ulermena da funtsezko: bi autoreen arteko desberdintasuna honetan datza. Izan ere Sperberrentzat eta Wilsonentzat, ulermena eta honek dakarren ingurune kognitiboaren aldaketa norabide bakarreko aktibitatea da; hiztunak entzulearengan aldaketa sortu nahi du, eta hau entzuleak hiztuna ulertuz gero gertatuko da. Era berean, Gricek aipatzen duen bien arteko esfortzu kooperatiboa, Errelebantzia-ren autoreek baztertu egiten ez duten arren, behin ere, norabide bakarreko portaera kontsideratzen dute: haien ustetan, hiztunak entzulearen mesederako adierazten du egiten duen moduan; entzulearen esfortzua arintzea nahi du, ulertua izan dadin ahalik eta modu egokienean. Gricerengan, ordea, helburua bi kideen arteko bide komuna da, hizlariak eta entzuleak norabide berean dabiltza ulermena, eta ondoriozko aldaketa den xederantz. Horregatik, bide honetan biek eduki behar dituzte gogoan elkarrizketa gobernatzen dituzten maximak, baita hauek jarraitu ere. Baina zertan oinarritzen gara, Griceren ustetan, maxima hauek orokorrean betetzen direla baieztatzeko? Alegia, benetan giza elkarrizketa gidatzen dutela baieztatzeko? Esan liteke gizakiak halako portaera dugula, besterik gabe, txikitatik maximak errespetatzera eramaten gaituzten ikasketak jasotzen ditugula, eta errazago zaigula hauek jarraitzea ez egitea baino. Ordea, beste erantzun mota bat nahiko genuke, hala portatzen garela diona baino, portaera hau zentzuzkoa izatearen zergatia azaltzen diguna, komunikatzeko modu honetatik ez aldentzearen zergatia.

Printzipio kooperatiboa eta maximak kontratu-antzeko forma bezala uler genezake, elkarrizketak transakzio kooperatiboak izanda. Izan ere, partaideek helburu komuna dute, bakoitzaren ekarpena bestearenarekiko mendekoa izan behar da eta estilo egokiaz burutu behar da transakzioa. Hala ere, kontratu-antzeko ereduan behar bezala sartzen ez diren elkarrizketa elkartrukatzeak egon badirela dio Gricek (liskarrak, eskutitzak idaztea, etab.). Hala izanda ere, kooperazio printzipioa eta maximak zentzudunak dira elkarrizketaren helburuekiko konpromisoak betez gero.

Nola uzten diogu konpromisoak betetzeari? Maximen eta kooperazio printzipioaren arteko erlazioan gertatzen da hau. Gerta daiteke maximaren bat handikeriarik gabe haustea, haustea nahita egin dela pentsarazi gabe egitea, alegia, eta entzulea gaizki ulertuetara eramatea; maxima eta kooperazio printzipioa hautsi ditzakegu kooperatzeko intentziorik ez dugula azaleratuz; bi maximen arteko gatazka gertatu daiteke, hau da, maxima bat ez hausteko, beste bat hautsi behar izana; modu agerian utzi diezaiokegu maxima bat betetzeari.

Eta nola erlazionatzen dira kooperazio printzipioa eta inplikaturak? Elkarrizketa inplikaturen ezaugarrien bidez ikus dezakegu hau, Griceren ustez: inplikatura mota hauetan maximak eta kooperazio printzipioa kontutan hartzen dira; hiztunak q uste badu (hau inplikatatu nahi badu) beharrezkoa da p (esandako hori) ustearekiko konsistentea izan dadila; entzuleak hiztunak esandakoarekin jaso behar du aipaturiko q ustea beharrezkoa dela. Elkarrizketa inplikatura inferitu ahal izan behar dugu, eta ostean, intuitiboki jaso dugun hori argumentu bilakatu baldin badezakegu (hau da argumentu egituran formulatu, X beraz Y forman) konbentzionala izango da, (1) kasuan bezala, bestela elkarrizketa inplikatura izango da (2) kasuan bezala.

Elkarrizketa inplikaturen azalpenarekin jarraituko du Gricek, hauen identifikaziorako beharrezkoa den hori argituz. Hitzen esanahi konbentzionalean eta inplikataturiko hitzen erreferentzietan oinarritu behar direla diosku, maximak eta kooperazio printzipioa oinarri eduki behar dutela, testuingurua kontutan eduki behar dugula, hala nola atzeko informazioa ere, ahaztu gabe, hiztunak eta entzuleak zenbait informazio partekatzen dutela. Laburbilduz, hau jarraitu beharko genuke:

>

Ondoren, hiru taldetan bananduz adibideak emango ditu elkarrizketa-inplikatura partikularizatuen inguruan. Inplikatura mota hauetan p esatean inplikatura bat burutzen dugu egoera jakin batean eta testuinguruaren ezaugarri jakinen arabera. Lehenengo taldean maximak hausten ez diren edo behintzat modu agerian hausten ez diren kasuak azaltzen ditu, zeintzuetan inplikatura badagoen; bigarrenean, bi maxima gatazkan sartzen direneko kasua, non inplikatura badagoen; hirugarrenean, tropo edo figura erretoriko baten bidez zer edo zer inplikatu nahi den eta maximaren bat modu agerian hautsi egiten deneko kasuak ditugu, (hemen sartzen ditu tautologiak, metafora, anbiguetatea edo iluntasuna).

Partikularizatuen ostean, inplikatura orokorrei buruz hitz egingo digu Gricek, zeintzuek, berak dioen lez, konbentzionalak bailiran erabiliak izaten dira batzuetan. Inplikatura orokorren kasuan hizketa forma jakin baten erabilerak, hau-ta-hau inplikatura mota produzitu ohi duela (egoera berezirik ez dagoenean) ulertzen da. x bat hizketa formaren adibidea aztertuko du, hurrengo bi eredu motak ezberdinduz:

(2) X-ek emakume batekin zita bat du gaur arratsaldean

(3) Nire altzarien faktura bankuko txeke batekin ordaindu nuen

Kontua da (3) bezalako kasuetan, x bat formularen bidez, inplikatu egiten dela x-ak ez duela elkarrizketan hari buruz hitz egiten gabiltzan horrekin zerikusirik edo behintzat, erlaziorik. Hau da, (3)-n inplikazioa ematen da, (4) kasuan ez bezala. Nola erabaki erlazioa urrunekoa edo gertukoa den uste behar dugun edo ez? Erlazioa modu baten edo bestean kontsideratzeak dituen efektu eta emaitzei erreparatu beharko diegu.

Inplikatura orokorrak inferitzeko esandakoaren ezagutzarekin lotura beharrezkoa dugu, hala ezingo dugu gauza berdina beste modu batean esan, hau da, esandakoa aldatuz, lehen izandako inplikatura galdu egingo baita aipaturiko lotura aldatzean: beharbada beste inplikatura mota bat sortuko da, beharbada antzekoa izango da, baina aldatu egingo da. Inferitu ahal izateko, inplikaturak daraman adierazpenaren esanahiaren baitan dagoen konbentzionalitatearen aurreko ezagutza aurresuposatzen da, hau da, esandakoaren ulermena, alegia. Printzipioz, adierazpenek daramaten inplikaturak ez dira enuntziatuaren esanahiaren parte kontsideratu behar (hau da adierazpenaren esanahiak daraman elementu konbentzionalaren parte), hala ere, Griceren ustez, gerta liteke hasiera batean elkarrizketa inplikazioa zena inplikazio konbentzionala izatea ondoren. Strawsonek azaldutakoaren kontrako ustea dugu hau: gogora dezagun, Strawsonentzat, ulermena bermatzen duen elementu bakarra inplikatutakoaren forma esplizituaren adierazpena dela. Gricek lekua uzten du bi pertsonen arteko elkarrizketan adierazpen inplizitu batek, esandakoan espezifikazio zuzenik izan gabe, bi pertsonen arteko ulermena lor dezan, hau nola gerta daitekeen azaltzen ez duen arren. Hutsune hau Sperber eta Wilsonek beteko dute. Izan ere, autoreek, lehenago azaldu bezala, Strawsonen esplizitasunaren ideia ukatzen dute ere, ulermenerako inplikatutakoaren elkar-ageritasuna nahikoa delakoan. Gricek esandakoaren jarraipena dugu hau, baita osatzea ere bai: inplikatura dagoela bi hiztunentzat elkar agerikoa den unean, entzuleak errelebantzia printzipioaren bidez bilatu ahal izango du interpretazio egokia, elkar agerikoa izateak martxan jarriko du elkar-ulermenera bideratuko dituen mekanismo inferentziala. Haiek diotenez, inplikaturen bidez prozesamendu esfortzua handitu egiten da maiz, esandakoa osatzeko informazio gehigarria bilatu behar dugulako, ordea, honek, efektu kontestual handiak eskaintzen dizkigu ere: gorago Gricek esandakoarekin jarraituz, adierazi nahi izandakoa modu sinple edo errezago batean igorri genezake, inplikatura galduz eta prozesatzeko esfortzua gutxituz, hala ere, jada, ez ginateke gauza berdina komunikatzen ariko, efektuak ez lirateke berdinak izango.

Gainera, Gricek zera dio, inplikaturikoa ez dela atxikituta dauden adierazpenen esanahiaren parte. Izan ere, inplikaturikoa, esandakoarekin batuta egon baino, esandako hori modu jakin batean adierazi izanarekin batzen da. Azaldu berri dugunaren jarraipena da hau, izan ere, Sperberren eta Wilsonen obran ere inplikatutako informazioa ez da emaniko informazioaren, esandakoaren informazioaren berdina, askotan inplikaturikoa asko aldentzen da esan dugun horretatik, jarrerak, keinuak, sartzen direnean adibidez. Kontua da Gricek, elkarrizketan, inplikazioarentzat espezifikazio ugari egon daitezkeela onartzen duela, aukera guztien disjuntzioa inferitu beharko dugula azalduz. Disjuntzioen zerrenda irekita geratuz gero, inplikaturak izaera indeterminatua duela onartu beharko dugu. Ordea, Errelebantzia-n, beste irtenbide bat eskaintzen da arazo honentzat: egia da adierazpen baten inplikatu den horretatik abiatuz hainbat interpretazio direla posible, baina autoreek ez dute besterik gabe