Kanposantu literarioak

3
Kanposantu literarioak Kanposantu baten ondoan bizi nintzen txikitan; inori komentatzen banion, beti galdetzen zidan ez ote zidan beldurrik ematen, eta morbosoenek istorio arraroak imajinatzen zituzten; ez zegoen halakorik: han ondoan jolasten genuen, baina baloia paretaz bestaldera pasatzean besterik ez ginen sartzen, eta tokiak ez zigun sortzen ez zirrara ez emozio berezirik. Gaztetxoa nintzela itxi egin zuten, ordea, eta handik bolada batera eraitsi, bertan parke bat egiteko. Gorpuak lurpetik ateratze horrek bazuen nire irudimenerako halako sujerentzi ahalmen bat, Hamlet- eko ehorzleen paralelismo alderantzikatu bat, hildakoekin ez baizik bizi izandakoen istorioekin lotzen nuena, eta hortik sortu zen antzerki lan bat: Hilerri itxia. Hala ere, nire hilerri literario kuttuna ez da hori, ezta Parisko Père Lachaise, Montmartre edo Montparnasse ere, hainbat musiko, kantari eta pintore ospetsuren azken egoitza eta milaka miresleren erromesleku bihurtua. Nire kanposantu bihotzekoa Itsasondokoa da, Goierriko herri txiki batean. Han dautza nire aitona-amonak, baina, horrez gain, bertan oroitzen dut euskal literaturarekiko nire lehen kontaktua: hantxe dago Eustakio Mendizabal Txikiaren hilobia, 1973an Algortan tiroka hil zutenez gero, eta halaxe dio hilarriko izkribuak: "Ikastol eta eskol askotan / atea didate itxi / atzerritarrak ta seme askok / lapur bat antzo ezetsi! / Nere izena apaldu arte / iñoiz ezin dute etsi... / Zer egin diet etsai bezela / ainbat nazaten gaitzetsi". Nire xaloan, borrokalari klandestinoaren ihes egin beharra eta inon ezkutatu ezina ikusten nuen bertso horretan; geroago jakingo nuen Txikia, gudari ez ezik, poeta ere bazela, eta berak idatzitako bertso sorta baten alea zela hilarriko hori, "Ama txukatu malkoak" deritzan poemaren partea, non euskara bera ari den kexuka, Arrese Beitiaren tradizioan, seme-alaben axolagabeziak heriotzara daramala eta.

Transcript of Kanposantu literarioak

Page 1: Kanposantu literarioak

Kanposantu literarioak

Kanposantu baten ondoan bizi nintzen txikitan; inori komentatzen banion, beti galdetzen zidan ez ote zidan beldurrik ematen, eta morbosoenek istorio arraroak imajinatzen zituzten; ez zegoen halakorik: han ondoan jolasten genuen, baina baloia paretaz bestaldera pasatzean besterik ez ginen sartzen, eta tokiak ez zigun sortzen ez zirrara ez emozio berezirik. Gaztetxoa nintzela itxi egin zuten, ordea, eta handik bolada batera eraitsi, bertan parke bat egiteko. Gorpuak lurpetik ateratze horrek bazuen nire irudimenerako halako sujerentzi ahalmen bat, Hamlet-eko ehorzleen paralelismo alderantzikatu bat, hildakoekin ez baizik bizi izandakoen istorioekin lotzen nuena, eta hortik sortu zen antzerki lan bat: Hilerri itxia.

Hala ere, nire hilerri literario kuttuna ez da hori, ezta Parisko Père Lachaise, Montmartre edo Montparnasse ere, hainbat musiko, kantari eta pintore ospetsuren azken egoitza eta milaka miresleren erromesleku bihurtua. Nire kanposantu bihotzekoa Itsasondokoa da, Goierriko herri txiki batean. Han dautza nire aitona-amonak, baina, horrez gain, bertan oroitzen dut euskal literaturarekiko nire lehen kontaktua: hantxe dago Eustakio Mendizabal Txikiaren hilobia, 1973an Algortan tiroka hil zutenez gero, eta halaxe dio hilarriko izkribuak: "Ikastol eta eskol askotan / atea didate itxi / atzerritarrak ta seme askok / lapur bat antzo ezetsi! / Nere izena apaldu arte / iñoiz ezin dute etsi... / Zer egin diet etsai bezela / ainbat nazaten gaitzetsi".

Nire xaloan, borrokalari klandestinoaren ihes egin beharra eta inon ezkutatu ezina ikusten nuen bertso horretan; geroago jakingo nuen Txikia, gudari ez ezik, poeta ere bazela, eta berak idatzitako bertso sorta baten alea zela hilarriko hori, "Ama txukatu malkoak" deritzan poemaren partea, non euskara bera ari den kexuka, Arrese Beitiaren tradizioan, seme-alaben axolagabeziak heriotzara daramala eta.

Page 2: Kanposantu literarioak

Kanposantu berean badira beste hainbat hilobi aipagarri. Adibidez, Gurutz Sarasola Lotsati, amonaren lehengusu propioa eta nire egun berean jaioa, poeta goiztiarra, hogei urte zituela suizidatu zena 1936an, bere lehenengo liburua ateratzear zegoela, gerraren ostean poema haietako gehienak betiko galdu ziren arren. Edo, metro batzuk beherago, Juan Mari Otegi Elizegi Txato, hau nire amaren lehengusua, GALek erail zuena Donibane Garazin, 1985ean.

Kontu horiek guztiak eta beste hainbat azaldu nituen Arbelean idatzia izeneko liburu batean (2004an kaleratua). Hala ere, nik susmorik txikiena ere ez nuen kanposantu horretan historia askoz gogorragoak zeudela. Egunotan irakurri dugu Itsasondoko familia batek eskatuta eta epaileak aginduta hilobi bat ireki dutela, bertan egon beharko lukeen umearen gorpuzkinen bila. Hilkutxan, baina, haurraren arrastorik ez. Hamarkada luzetan haur jaioberriak beren gurasoei lapurtu, hilik zeudela esan, eta beste familia batzuei saldu zizkien sare horretako beste kasu bat, nonbait. Pentsatzen jarrita, ileak lazteko modukoa da: zenbat familia pobre, ume bat galdu izanaren penaz, eta gero ume hori beste nonbait bizirik dagoen susmoz; beste hainbat familia, ume bat "hartu" zutenak, agian jakinaren gainean, beharbada ezjakintasun interesatuan; beste horrenbeste andre-gizon, beren jatorriaren berri jakinez gero bihotza apurtuko litzaiekeenak, baina egia zor diegunak. Eta mediku, moja eta bitartekari nazkagarri mordo bat, nor diren jakiteko obligazioa dugunak, literaturako fikziorik gabe.

Xabier Mendiguren Elizegi