Ipar gazi hego geza

46
1 Ipar gazi, hego geza Aita baten ikuspegitik, família giroan bizibidaiatzeko esperientzia hurbiletik erakutsi nahi dizuet. Rhin, Danubio, Isar eta Elba ibaien ertzetik eta Iparraldeko Itsasoaren ondotik egindako bidaiaren kontakizuna da; horrez gain, Estrasburgo, Basilea, Munich, Linz, Viena, Hanburgo, Amsterdam eta Paris hiriak zeharkatzen ditugu. Era berean, bizikleta oinarri hartuta, Europan dagoen mugikortasunaren ereduaz ere hausnartzen dut eta umeekin bizibidaiatzeko hainbat trikimailu eskaintzen ditut. Bizikletaz bidaiatzea garraioa, kirola, arrazoizko kontsumoa, natura, kultura, hezkuntza, turismoa edo osasuna baino gehiago da; guztiaz gain, ilusioa da. Goza ezazue zuek ere! Mikel Bringas bizibidaia.wordpress.com

description

 

Transcript of Ipar gazi hego geza

Page 1: Ipar gazi hego geza

1

Ipar gazi, hego geza

Aita baten ikuspegitik, família giroan bizibidaiatzeko esperientzia hurbiletik

erakutsi nahi dizuet. Rhin, Danubio, Isar eta Elba ibaien ertzetik eta Iparraldeko

Itsasoaren ondotik egindako bidaiaren kontakizuna da; horrez gain,

Estrasburgo, Basilea, Munich, Linz, Viena, Hanburgo, Amsterdam eta Paris

hiriak zeharkatzen ditugu.

Era berean, bizikleta oinarri hartuta, Europan dagoen mugikortasunaren

ereduaz ere hausnartzen dut eta umeekin bizibidaiatzeko hainbat trikimailu

eskaintzen ditut.

Bizikletaz bidaiatzea garraioa, kirola, arrazoizko kontsumoa, natura,

kultura, hezkuntza, turismoa edo osasuna baino gehiago da; guztiaz gain, ilusioa

da.

Goza ezazue zuek ere!

Mikel Bringas

bizibidaia.wordpress.com

Page 2: Ipar gazi hego geza

2

Bidaia honen ikus-entzunezko emanaldia eskatzeko, zalantzak azaltzeko, bizikleta arraro hori nolakoa den jakiteko, gurditxoan umeak ondo doazen ala ez argitzeko, bizikletaz ibiltzeko beste familiekin elkartzen garenean zuena ere etortzeko, proposamenak eskaintzeko edo nahi duzuenerako, gurekin harremanetan jar zaitezkete: [email protected]

B izikleta erabiltzaile orori, mundu hobea lortzeko zuen ekarpen baliagarriagatik.

I nguruan ditugun bizibidaiari lagun guztiei, zuen kutsadura ilusio bihurtzen delako.

Z uzentzaileei, Adriano De Mata eta Xabi Azkueri, euskararekin nuen zorra kitatzen laguntzeagatik. Menperatzen ez dudan eta menperatzen nauen hizkuntzan idaztea utopia zen niretzat.

I non baino hobeto, Holzkirchen herrian. Halevou eta familiari, bidaiaren logistika errazteagatik eta jaso genuen ongietorriagatik.

K onpondu beharreko arazoei irtenbidea bilatzeagatik, amonei, Miyuki eta Enekori, oraingoan ere beti prest.

L ur eta Ekiri, bizibidaia baten askatasuna izan dezazuen bizitzan.

E ne Musari, Rosari, ametsak partekatzeko kiderik onenari.

T itia ematen duzuen ama guztiei, gizakien ugaztun izaerari eutsiz naturatik hurbilago egoteko, eta horren ondorioz bizitza hobea izateko, zuen ahaleginagatik.

A rillo osaba Félix, hurren arte Txilibri, itzulerarik gabeko bidaian ikusiko dugu elkar.

Aurkibidea 1.- Rosa Atzera begira, bizibidaiaren zain

Gaindituriko azterketa

Bizibidaia begi bistan 2.- Eki Bagoaz

Oinarrizko kanpalekua

Goazen etxera

Urezko autopista

Txokolate eta ordulari artean

Ziklemania

Urdinik ez

Bavaria

Lagun artean

Danubiora berriz

Zikloturismoaren sehaska

Eta aldatuko bagenu?

Ipar gazia

Usteak erdia ustel

Itzulera

3.- Lur Zer eraman behar da horrelako bidaia batera?

Lo egiteko, jateko eta arroparekin, nola moldatu zarete?

Matxurarik izan al duzue?

Zailtasun handiena zein izan da?

Osasun edo segurtasun arazorik izan al duzue?

Zeintzuk dira zuen gurditxo eta tandemaren abantailak eta desabantailak umeekin mugitzeko?

Bidaian deigarria egin zaizuen zerbait?

Eta umeekin nola moldatu zarete?

Nola lortzen duzue bi ume eta hainbeste trasterekin trenez ibiltzea?

Zer eragin izan du bidaiak Eki eta Lurrengan?

Zenbat kilometro, zenbat ordu?

Nola aukeratu duzue ibilbidea? 4.- Familia bat, bi tandem

Page 3: Ipar gazi hego geza

3

Gaztetxo ginela elkar ezagutu genuen, Groseko institutua izan zen lekuko.

Hastapenean zure arretarik ez nuen, nire saiakera guztiei, zuk beti uko.

Urteak pasata bakoitzak bere bidea jorratu, zuk Sevilla helmuga, ni Gasteizen geratu.

Lanera zindoazela, erizain, eta ni beti bezala, zure zain.

Jaioterrian berriz elkartu ginen,

eta orduan konturatu zinen: ume bat baino ez zena,

bat-batean aldatu, gizonduta dena.

Une horretan aurkitu nuen aukera eta nire sareetan erortzeko era.

Afaltzeko gonbidapen soil batekin hasi eta orain ezkontza batean nahasi.

Handik hona urte asko joan dira, Gutxi, aurretik ditugunen aldean.

Goazen egitera Euskal Herriko bira hirugarren batekin gure taldean.

Zure tandemaren erdia izan nahi dut,

zu gabe hain nintzateke ezdeusa. Esaldi bakar batez esango dizut:

izan nahi zaitut ene Musa.

Ezkontza ospakizunean Rosari irakurria. MUSA: MUxu+roSA

Bidaia, Rosaren arkatzak azaldurik

1.- Rosa

Page 4: Ipar gazi hego geza

4

Atzera begira, bizibidaiaren zain

Lur jaio zenetik hilabete batzuk baino ez dira pasatu, hala ere dagoeneko hurrengo bizibidaiarekin amets egiten ari naiz. Seme-alabak izanda bizibidaia zaildu egiten dela diote. Seme-alabak izanda bizitza zaildu egiten dela diot nik. Beharbada daramagun bizitzaren abiaduran datza arazoaren zergatia, umeek behar dutena baino azkarragoa da eta. Oraindik ez dakit noiz izango den hurrengo bizibidaia, baina neure burua bizibidaiatzen hasia da.

Rosa lanez gainezka dabil bi umeekin. Hazkuntza naturalaren jarraitzaile sutsua da eta horrek prezioa badu. Bizibidaiatzearena une honetan ez dago bere lehentasunen artean. Egoera berdinean daude beste bikote lagun batzuk. Amak habiari agur esateko aitak baino traba gehiago jartzen ditu. Loturak puskatzen lagundu beharko diot. Ez da lan erraza izango.

Zerbait “ezberdina” egiten denean besteek ez ulertzeko arriskua dago. Bidaiatzearen ondorioa, hain zuzen ere, nork bere burua irekitzea da. Bidaiaren bitartez gure jaioterrian normaltzat hartzen dena beste toki batzuetan hain arrunta ez dela konturatzen gara. Baina gure ohiturek ezartzen duten bideari ez jarraitzeko kemena behar da. Umeekin bizibidaiatzeko ere beharrezkoa da, azken finean ez da gauza arrunta eta unerik gogorrenetan etxeko erraztasunak datozkigu burura berehala. Bakarrik edo bikotekidearekin bidaiatzen denean, une txar horiek jasangarriak dira; umeak tartean izanda, berriz, ardura biderkatu egiten da. Horrela izanik ere, familia giroko bizibidaiaren grina eta mina daukat.

Urte askotan euskal pilota nuen afizio eta pasio, eta orain bizikletak hartu dio txanda. Baina hori ez da gauetik goizera aldatzen, hainbat gertaerak ekarri naute honaino.

Txikitan aitak pedalei eragiten erakutsi zidan. Donostiako Araba plazan bizikletak alokatzen zituzten. Bertan saio bakarra eginda txirrindulari ziurtagiria lortu nuen. Kasualitatez, Ekik ere toki berean eman zituen lehenbiziko pedalkadak.

Anaiaren Abelux bizikleta zaharra hasi nintzen erabiltzen. Bizikletari lohi- eta kate-babesak kenduta, mendi-bizikleta bihurtu genuela esaten genuen, eta auzoko aldapetan gora eta behera ibiltzen nintzen lagunekin.

Institutu garaia iritsi zenean, igande goizetan merkatuan etxeko traste zaharrak saltzen irabazi nuen diruarekin, ikastera joateko karrerista-bizikleta erosi nuen.

Aurrerago, nire bizitzan euskal pilota hain garrantzitsua izan zen urte horietan, Ameriketako herri batzuetara joan nintzen. Garai hartan konturatu nintzen bidaia dela eskolarik onena.

Rosak eta biok zorroak bizikletan jarri genituen lehenbiziko aldiaz ere oroitzen naiz. Bidea ez zen berria, astebururo trinketetan jokatzeko egiten nituen errepideetatik joan baikinen Euskal Herri Kontinentala ezagutzera. Bidaia hartan etxetik oso hurbil geunden, baina guztiz aske sentitu ginen.

Hortik aurrera bizibidaia gehiago etorri ziren, baina Zaragozan kutsatu nintzen betiko, bizibidaiei buruzko jardunaldietan. Bertan, gure ametsak elikatzeko oinarri izan diren hainbat lagun on ezagutu nituen.

Bi urte geroago, Asiako hego-ekialdetik bizibidaiatu ondoren, Eki zetorkigula jakin genuen. Ekialdetik etorri ginen eta Eki etorri zitzaigun.

Eki jaiotzean bizitza birmoldatu behar izan genuen. Ohitura batzuk aldatu eta beste batzuk, berriz, baztertu. Esaterako, pilotari garaia bukatu zitzaidan:

Ez dira lapur, sikiera ezta esku-luze,

amak ez dio luze, orain arte labur.

Ezta tutean jolasean, hainbat zazpi egun,

lanobia irabazita txapeldun, bestelakoaz solasean.

Urtetan helmuga buruan,

goxo-goxo segitzeko barruan. Garaipenaren ikurra nuena, bihurtua unerik kuttunena.

Iritsi ala ez, borobilaren etekina beti ahaztuz, eskutako edo erditze mina.

Bizitza goza dezan nahi adina txikitatik sortu didazun besteko grina.

Azken aukera asmatzeko,

belarriak tente, begiak erne: erdia munduari itzulia egiteko,

halaxe idatzi zuen Vernek.

Laster adio esateko tenore, akabo punpa-sare edo gibelerat lore.

Hator lasai, hator emeki-emeki, piztu hire argiarekin, ilusio berri bat, Eki.

Ekiren haurdunaldian idatziriko asmakizuna. (Erantzuna: liburuaren bukaeran)

Eki sortua zela familia bat ginela konturatu ginen eta ospatzeko gogoa azaldu

zitzaigun. Ezkontzak bat-batekotasun ariketa egitea eskatu zigun. Gonbidatuei ostatu emateko eta ezkontza ospatzeko, Uliako aterpetxea erreserbatu genuen. Jaia baino lau egun lehenago aterpetxea kiskali egin zen eta ziztu bizian toki berri bat bilatu behar izan genuen.

Eztei-bizibidaia ere izan genuen, Euskal Herriko itzulia, hain zuzen ere. Familia eta lagunekin Haize Orraziaren ondoan bildu eta udaletxera bizikletaz hurbildu

Page 5: Ipar gazi hego geza

5

ginen ezkontza ospatzera. Hurrengo egunean, hainbat adiskidek lagundurik, Ekiren lehenbiziko bizibidaiari ekin genion.

Harri berean bi aldiz talka egiten duen animalia bakarra gizakia omen da... Atlantikoa eta Mediterraneoa lotzen duten ubideetan barrena egindako bizibidaiatik itzultzean, Lur zetorrela jakin genuen.

Gaindituriko azterketa

Bizibidaiatzeko ametsa izanda, komenigarria zirudien proba apalagoa egitea eta benetan baieztatzea laurok elkarrekin bizibidaiatuz disfrutatzeko gai ginela.

José Martí poeta kubatarrak zioen moduan, bizitzan hiru eginkizun omen dira beharrezkoak: seme edo alaba bat izatea, liburu bat idaztea eta zuhaitz bat landatzea. Seme-alabarena eta liburuarena beteta, zuhaitzarena falta zitzaigun bakarrik, eta horixe izan zen bidaia horren helburua.

Arabako Aiara bailaran Bringas izeneko toki ezezaguna dago. Ospetsuagoa da, berriz, Ultzamako Lizaso herria. Gure abizenen bi toponimo hauetan zuhaitz bana landatu genuen, sagarrondoa batean (Bringas sagasti xume bat baino ez baita gaur egun) eta haritza bestean (Orgiko hariztian, zehazki).

Etxetik oso hurbil, eta 275 kilometro besterik ez ziren arren, orain arteko bidaiarik zailenari ekin genion. Laurok elkarrekin bidaiatzeko gai izango al gara? Nola moldatuko da Lur gurditxoan? Eta Eki bizikleta berrian? Horrelako zalantzak genituen hasi aurretik eta pixkanaka argitu ziren.

Bizikletaz aske eta arin bidaiatzen eskarmentuaren bidez ikasten da. Ume batekin joanda berriz ikasi behar da, bi umerekin zer esanik ez. Berriz ere kilometro kopurua, abiadura egokia, erabili beharreko bizikletak eta trasteak, lo egiteko era, otorduak eta abar luze bat moldatu behar izan genuen.

Gasteizen izan genuen bizibidaiaren abiapuntua. Trenez iritsi ginen eta ohi legez, mugikortasun iraunkorraren egitasmoetan aipatzen den "intermodala" indarrean ez dagoela baieztatu genuen.

Bizikletaren esperientziaz gain, bidaiak beste ikaskuntza batzuk ere izan zituen. Esaterako, kanpin-dendan lo egiteak opari bereziak eman zizkigun beti: kilkerrak bilatzea, izarrak begiratzea, afaria prestatzea...

Umeekin bizibidaiatzeko komenigarria da hainbat baldintza betetzea, esaterako bideen ezaugarriak. Trafikorik gabeko bide lasaien bila ibiltzen gara. Bidaia horretan ederki aurkitu genituen. Makroautobide berrien alderdirik onena paretik doazen errepide zaharrak mantentzea da, azken hauetan ez baita trafikorik egoten

eta bizikletaz ibiltzeko toki zoragarri bihurtzen baitira, Arabako Lautadan, Sakanan edo Larraun bailaran, besteak beste. Bide horietan beleak, miruak eta putreak bidelagun izan genituen, zer gehiago eska genezakeen?

Erditze, ume eta emakume bakoitzak ezaugarri ezberdinak ditu, baina Rosa eta Lurren kasuan bizikletari bikain egokitu ziren. Haurdunaldiaren 39. astera arte bizikletaz ibili ziren. Bizikletaz oinez baino errazago moldatzen ziren. Lurrek hiru aste izanda, amak eta alabak antolaturiko bizikleta ibilbide batean parte hartu zuten. Bringas-Lizaso bidaia horretan, Lurrek lau hilabete baino ez zituen arren, berarekin bidaiatzea oso erraza izan zen. Gurditxoan sartzea lo egitearen sinonimo zen. Lurren karenak indarra emango dio Lizason landatu genuen haritzari.

Bizitzan hiru eginkizun omen dira beharrezkoak. Guk, laugarren bat gehituko genuke: bizibidaia bat egitea.

Bizibidaia begi-bistan

Familia osaturik, bizibidaiarekin bateragarri izateko ametsa behin eta berriz azaldu zait eta berriz ere beteko dela dirudi. Bidaiatuko dugu, baina nora? Gaur egun internet bitartez informazioa izugarria da. Bizibidaien ingurukoa ere bai. Hainbat ibilbide aztertu ondoren, Europan egokienak aurkituko ditugulakoan gaude.

Irteera Estrasburgon kokatuko da. Haraino joateko tren-txartelak eta lehen bi gauetarako aterpetxea ere dagoeneko erreserbatu ditugu. Bidaia ez da txantxetako ametsa. Rosa ez dago guztiz konbentziturik, baina baietza eman du. Datozen hilabeteetan egingo duguna aurreikusteko ez da gai une honetan, aski lan dauka hurrengo egunean umeekin egingo duguna planifikatzen.

Ni bitartean pozaren pozez urduri, baina batzuetan beldur naizela aitortu behar dut. Faltan botako al dituzte Ekik eta Lurrek etxea, familiakoak, jostailuak, ikastola…? Beharbada pixka bat bai, baina horien ordez osagai berriak aurkituko dituztelakoan nago. Horrela izanik ere, zalantzak izaten ditut noizean behin. Une txarrei aurre egiteko gai izango al gara? Rosaren zaintzari esker burdinazko osasuna dute Lur eta Ekik, baina gaixotasunik izanez gero ongi moldatuko al gara?

Orduan zertarako korapilatu bizitza? Ez al litzateke errazagoa etxean goxo- goxo gelditzea? Zeren bila noa horrelako bidaia batean? Edo zeren ihesi nabil?

Page 6: Ipar gazi hego geza

6

Bizibidaiari batzuk erabiltzen dituzten argudioak errepasatu ditut, baina gure kasuan ez dira baliagarriak. Batzuek diote bizikletaz joanda bidaia merkea egiten dutela. Gurea ez da horrelakoa izango, jatetxe eta ostatu garestiak saihesten saiatuko gara, baina Europako kanpinek ere prezioa badute. Gainera, umeekin joanda ez gara edozein tokitan sartuko. Atzean gelditu da labezomorroz lagundurik putetxe batean ere lo egin genuen aldi hura.

Beste batzuek ekologismoaren argudioa azaltzen dute. Egia da gure bidaian ez dugula hegazkinik hartuko (Europatik Ameriketara bi lagunen joan-etorriko hegaldiak klima-aldaketan duen eragina, gasak eta elektrizitateak etxe batean urte osoan sortzen duenaren neurrikoa omen da), baina jatetxeetara askotan joateak, arropa-lehorgailua erabiltzeak, aluminiozko bizikleta eta gurditxoa eramateak, erabilera bakarreko pardelek eta gurekin datorren eta abar luzeak ere eragin txarra du ingurumenean.

Askatasuna ere ezin da izan bidaiaren helburua, umeekin joanda gure hegoak motzak izango dira eta.

Bidaia Eki eta Lurren heziketan onuragarria izango delakoan nago, hala eta guztiz ere hori ez da arrazoi nagusia.

Beste txirrindulari batzuek norbere burua ezagutzera doaz. Bizikleta gainean hausnarketarako uneak aise aurkitzen dira, batez ere bakarka egiten diren bidaia luzeetan. Hori ere ez da motiboa, ez norbera ezagutzea ez familia talde gisa. Nire ustez, norbere burua ezagutzea baino garrantzitsuagoa da nolakoak izan nahi dugun jakitea. Hau da, alaia, goibela, konprometitua, pasota, langilea, alferra, jatorra, erretxina, ausarta, beldurtia, argia edo motela naizen jakitea baino garrantzitsuagoa da nolakoa izan nahi dudan jakitea eta horren bila joatea. Esaterako, sedentarismoa edo kontsumismoa baztertu nahi baditut, lagungarria izan daiteke bizikleta, baina hori ere ez da argudiorik sendoena.

Etxetik ateratzeko hilabete baino gutxiago falta da. Gaurko egunean, duela zazpi urte, orain dudan lanean hasi nintzen. Gaurko egunak lagundu dit bidaia honen arrazoia aurkitzen. Lanera joateko bizikletaz eta autobusez bidaia luze eta azkarra egin behar izaten dut, baina eguneroko joan-etorriak toki berera naramate. Zazpi urte horietan egindako kilometroak jarraian ipiniko banitu, Lurraren zatirik potoloenetik hamar itzuli emateko adina izango nuke. Hainbeste badago ezagutzeko, zertan nabil egunero gauza berak ikusten? Zergatik egiten ditut hainbeste kilometro, hain bizkor, hain gauza berri gutxi deskubritzeko?

Bidaian nire bizitza-erritmoa aldatu nahi dut. Egunero lanera joateko baino sei aldiz kilometro gutxiago egingo ditut, eta sei aldiz polikiago joango naiz.

Oraingo honetan helburu zehatz baten bila noa: disfrutatu egin nahi dut nire familiarekin, gehiago ez dut eskatzen.

Gainera, badira pentsarazten didaten beste bi arrazoi. Alde batetik, aurten berrogei urte beteko ditut. Kopuru horren sinbolismoa astunegia zait gazte garaian egiten diren gauzak egin gabe uzteko. Bestalde, Ekik egindako galdera bihotz barruraino sartua dut: − Aita, zu eta bion artean, zein hilko da lehenbizi?

Energia berria eskuratzeko, nire bizitzan eten bat egin nahi dut. Esan ohi den moduan, egin dudanaz damutu nahi dut, ez egin ez dudanaz.

Rosaren urtebetetze-bazkaria aprobetxatuz, familiari bidaiaren berri eman diogu. Sorpresa leuntzeko asmoz, oporretan Estrasburgotik Budapesteraino bizikletaz joan nahi dugula esan diegu. Gure asmoa hain zehatza ez izan arren, zertarako sortu kezka? Oraindik ez dakigu nola moldatuko garen bidaian; beraz, ibilbidea aldatzen badugu aurrerago esango diegu.

Berria emanda, era guztietako iritziak plazaratu dituzte. Gure kezkarik nagusiena amonena zen, baina itxuraz nahiko ongi hartu dute. Izan ere, ez da horrelako kirtenkeria batekin gatozen lehenbiziko aldia, eta amonek badute entrenamendua.

Guztien artean, enteratu bezain laster lehenbizi hitz egin duena nire aita izan da, bi hitzekin bere iritzia laburbiltzeko: − Demasiado frío.

Apirilean goizegi dela Europatik ibiltzeko eta umeekin joatea ez zaiola ongi iruditzen adierazi du geroago. Kontrako muturrean zazpi urteko iloba kokatu da. Andreak marrazki bat oparitu dio Rosari. Irudian familia osoa bizikletaz ibiltzen azaltzen gara eta “zorionak Izeba Rosa” irakurtzen da eguzkiaren ondoan.

Page 7: Ipar gazi hego geza

7

Eki, hostoa irentsi eta bihurtzen duena,

berriz berdea, hosto, dohain, bizitza, indar,

argi bihurtua.

Oskarbia, oinek lurra ukitzen duten tokiraino etorriko dena. Eta lurrak arnasa hartu eta bere urdinak jariotu.

Otoitz, otoitz egiten ibaiak,

errekatxo ibaiarentzat, ibai itsasoarentzat. Otoitz egin lasterra,

doi-doi ukitu itsas bazterra, urreztatu hondarra.

Gizon bat Lur gainean dabil,

bihotzean zauri irekia du. Baietza eta ezetzaren jabe, mugagabeko edertasunaren

ikuspegiaren aurrean.

Eskuaz zauritzen du amaieran leuntasun hori, hain maitatua den hori,

bizitzaren poza.

Eki, hostoa irentsi eta bihurtzen duena,

berriz berdea, hosto, dohain, bizitza, indar,

argi bihurtua.

Caetano Velosoren “Luz do sol” abestiaren moldaketa

Bidaia, Ekiren arkatzak azaldurik

2.- Eki

Page 8: Ipar gazi hego geza

8

Bagoaz (2009ko apirilaren 2a) Iritsi da eguna. Honek atzera bueltarik ez du. Aitaren iragarpena bete da eta

azken hilabetean Estrasburgon hotz egin du. Hamahiru gradutik ez dira igo eta tenperaturarik baxuena zero azpitik lau gradukoa izan da. Hala ere bagoaz, beldurturik eta akiturik, baina bagoaz. Bidaiaren prestaketa zela eta, azken asteetan lanpeturik ibili gara. Gainera, urduritasunak ahuldu eta gaixotu egin gaitu. Lehenbizi Eki, jarraian Lur, gero ni eta azkenean Rosa. Lur eta Ekirena pare bat eguneko katarroa baino ez da izan. Bidaiaren hasierarako sendatu dira eta sasoian dira biak. Rosak eta biok, berriz, makal ekingo diogu bidaiari. Bidaia atzeratzea ere bururatu zaigu, baina trena eta aterpetxea erreserbatu ditugu, eta lortzea ez da lan samurra izan.

Den-dena txukun jaso ondoren amonaren etxera joan gara bazkaltzera. Amonaren etxe ondoan Carmina aurkitu dugu. Badira hirurogei urte emakumea, Gaztelako jaioterria utzirik, Irunera lanera etorri zela. Umeekin egotea eta gozokiak banatzea gustuko ditu. Berritsua eta nahiko gorra da, beti gazte garaiko pasadizoak kontatzeko prest. Oraingo honetan ere, beti bezala: - Hola bonitos, ¿queréis un caramelo? - Gracias Carmina, pero aún no han comido, mejor los guardaremos para

luego… - ¡Pero cuántas cosas lleváis! Yo también cuando era moza iba a la era en

bicicleta, le llevaba a mi padre el botijo. ¿Y hasta dónde váis tan cargados? - Vamos a Estrasburgo en tren y allí andaremos en bici. - ¿A dónde? ¿Detrás de Burgos? ¿Hacia Lerma o así? - Bueno sí, un poco más lejos… - Pues no olvidéis comprar unas morcillas y queso fresco, que son muy buenos

para que crezcan los niños. Toma, llevad unos caramelos para el camino, que seguro que se os hace más corto.

- Gracias Carmina, hasta la vuelta. - Adiós bonitos, dadme un beso.

Gozokiak gorde eta amonari txirrina jo diogu. Amona Ascen sukaldari trebea eta berezia da. Gazte garaian horretan aritu zen eta ordutik sukaldaritza zaletasuna du. Bazkaria gozoa izan da, agurraren zaporea izan badu ere, egin nahi duguna egiteko unea iritsi baita. - Kalean benetako agurra izan dugu. Amonak muxu bana eman digu eta

bihotzetik atera zaio une hauetan eskertzen dugun esaldia:

- Agur, disfrutad todo lo que podáis. Hastapeneko metroak samurrak izan dira. Amona aldapa batean bizi da eta

beherako bidean galgatzea izan dugu ardura bakarra. Ordekara iritsi orduko, hasierako pedalkaden ondoren konturatu gara ez goazela asteburuko txangoa egitera. Pisuarekin kontu handiz ibili garen arren (esaterako, nire oinetako eta arropa guztiaren pisua hiru kilo pasatxokoa da), gure gorputzena, gurditxoarena, bizikletena eta daramatzagun traste guztiena aintzat harturik, Rosak ehun kilogramo inguruko zama mugitu behar du, eta nik bikoitza.

Hala ere, lehenbiziko sentsazioak ez dira txarrak. Arinak garela ez nuke esango, baina aurreko batean askoz traketsago atera ginen bidaiatzera. Gainera, hasi bezain laster bidaia osoan askotan azalduko zaigun kezka agertu da eta pisuarena ahaztarazi digu: Lurrek lo egin behar du, lo-kuluxka garaia iritsi da.

Lur lokarrarazteko asmoz ibilbidea luzatu dugu. Etxe ondoko Lugaritz tren- -geltokira hurbildu beharrean, hondartzako bidegorritik joan gara hiri erdialdeko geltokira. Itsasoari agur esateko tenorea ere iritsi da. Egun grisa da. Lainoak mugatzen du zeruertza, baina horrela hobeto. Bihartik aurrera ezin izango dugu ikusi orain mutur aurrean duguna; beraz, hobe gertutasun honi probetxu ateratzea.

Tren-geltokira iritsi orduko, Lur bakarrik ez, biak daude lotan. Gure egoeran trenean sartzeak zailtasuna badu, Lur eta Ekiren loarekin areagotu egin da. Horrela izanik ere, helburua lortu dugu. Trenean gaude laurok eta Eki eta Lur ez dira esnatu.

Trenean sartu bezain laster begirada guztiak guregana zuzendu dira. Ausartena plastikozko poltsan kalabaza handia daraman gizona izan da. Bere jakin-mina ase nahian hurbildu da eta zera galdetu digu: - Guer aryu goin?

Ez da lehenbiziko aldia etxean arrotz hartzen gaituztela, Euskal Herriko itzulian ere berdin gertatu zitzaigun. Tandem bat ikustea ez da oso arrunta, are gutxiago atzean gurditxoa badarama. Gu bidean ikusteak jendearen harridura sortzen du askotan eta hainbat eratan adierazi digute txundidura. Kuban “¿no cabe uno maa?” galdetzen ziguten, Thailandian algarak jasotzen genituen eta Euskal Herrian komentariorik gabeko begirada kuxkuxeroak.

Euskal Herriko itzulian ederki jabetu ginen euskaldunok harremanetan hasteko dugun oztopoez. Baina oztopo horiek gainditzeko prest zegoena ere aurkitu genuen. Esaterako Mundakan. Ezaguna da Mundakara iristen den surflari andana, asko eta asko atzerritik. Gure irudi exotikoa ikusirik, gu ere horietakoak ginela pentsatu omen zuen hango baserritarrak. Aitzurrarekin lanean ari zela, ondotik pasatu ginenean begirada altxatu eta horrelaxe oihukatu zigun:

Page 9: Ipar gazi hego geza

9

- Zelako bizikleta my friend! Gaurko lo-kuluxka motza izan da. Irunera iritsi bezain laster esnatu dira biak.

Zirimiria dugu orain etsai. Lehengusinak Hondarribiko Amute auzoan bizi dira, tren-geltokitik ez dago urrun, baina blai iristeko aski da.

Aterrune batean, ziztu bizian abiatu gara. Eki paradisura iritsi da. Lehengusinak oraindik ez daude etxean, baina etorri direnerako haien jostailuak atera ditu. Andrea izango da Ekiren jolaskidea; Marinak, berriz, Lurri jartzen dio arreta. Eki bere saltsan dabil. Badirudi konturatu dela bihartik aurrera horrelako aukerarik ez duela izango eta etekina atera nahi dio gaurkoari.

Arratsaldea luzea izan arren, motz egin zaigu. Motzagoa oraindik gaua. Goizeko bostetarako bizikleta gainean nago. Esku batekin nirea eta bestearekin Rosaren bizikleta gidatzen ari naiz Hendaiako tren-geltokiraino. Gibelean gurditxoa ere badut. Irtetearena da zailena, behin abiadura harturik aurrera egitea nahiko erraza da, baina hasieran orekari eusteko erne ibili behar dut. Bidean ez dut ia inor ikusi. Prostituta batzuk eta oporretara joateko autobusa hartzera zihoan jubilatu-taldea baino ez ditut aurkitu. Tren-geltokian ere berdin. Lehenbizikoa naiz, inor ez dago. Geroago gure trena iritsi da. Bizikletak eramateko bagoia aise aurkitu dut, kanpoaldean bizikleta handia baitu marrazturik.

Berehala iritsi da nire anaia. Rosa eta umeak kotxez ekarri ditu. Lur amaren titian lotan dago eta trenera horrela sartuko du Rosak. Ekirentzat badago sorpresa berezia. Aspalditik eskatzen zuen spider-mana gaur emango diogu. Poz-pozik jarri da, aurrean dugun bidaia egiteko bidelagun ezin hobea dauka.

Bi ordu eta erdi geroago Bordelera iritsi gara. Hurrengo trenaren zain, croissanta eta txokolatea hartu ditugu. Trena zein nasatatik aterako den galdetzera argibide-gunera joan naiz, baina itxoiteko esan didate, iragarki-taulan trena atera baino hogei minutu lehenago jakinaraziko dutela erantzun didate.

Horren esperoan geratu gara eta azkenean azaldu da: 14. nasatik aterako da. Baina nola iritsi haraino? Trenbide gaineko pasabiderik edo bizikletak sartzeko igogailurik ez dut ikusten. Berriz ere argibide-bulegora joan naiz galdetzera. Ez naiz bakarra. Ilaran jarri naiz eta denbora gehiegi galdu dut. Irtenbide errazik ez didate eman. Eskaileretatik jaitsi eta igo egin behar dugu. Denbora aurrera doa, tren-geltokiaren beste muturreraino joan behar dugu eta hamar minutu barru trena aterako da.

- Lur: Titia! - Rosa: Ez, maitea, orain mugitu behar gara. - Eki: Ama, mesedez, gormiti bat marraztuko al didazu? - Rosa: Ez, maitea, orain ezin dugu, gepardoa baina azkarrago egin behar dugu

korrika! Oporrak hasteko modu estresagarriagorik ez dago. Ahal dugun azkarren,

korrika goaz tren-geltokitik. Nire bizikleta arintzeko asmoz zorro batzuk gurditxoan sartu ditut. Hala ere,

bizikleta astun honekin eskailerak gora eta behera ibiltzea ez da batere samurra. Bizikletak, gurditxoa eta umeak jaitsi, korridore osoa zeharkatu, eskailerak igo, bagoia bilatu eta zorroak bizikletatik kendu behar izan ditut trenaren ate estutik igaro ahal izateko. Rosa ere, Lur besoetan eta Eki eskutik helduta duela, korrika doa. Korridoretik arrapaladan goazela jende askok ikusten gaitu. Inor ez laguntzeko prest. Treneko langileak solasean ari dira, lasai. Gure egoeraren larritasunaz jabetu dira baina ederki betetzen dute arautegia. Bizikletak trenez eramateko baldintzen artean, norberak sartu behar dituela azaltzen da eta. Izerditan blai nago. Egiten ari naizen ariketaz gain, urduritasunaren ondorioa da. Irudia erabat penagarria da: gu korrika, estu eta larri gauza guztiak trenean sartu nahian eta bitartean hiruzpalau langile guri begira eskuak poltsikoetan. Bat-batean langile bat ausartu da araua haustera, baina haren laguntza traba bihurtu zaigu. Bizikleta okerreko bidetik sartu du eta sarbidea oztopatu du. Falta zitzaiguna.

Azkenean dena sartzea lortu dugu eta jarraian trena atera da. Handik gutxira txartel-zulatzailea etorri da eta modu txarrean, oihuka, trena gure erruagatik bi minutu berandu atera dela azaldu digu. Atzerapenaren arrazoia bere enpresaren antolakuntza txarra dela gustura argituko nioke, baina borrokarako kemenik ez dut, nahiago dut gertaturikoa ahaztea, eztabaida saihestea eta bidaia bakean hastea. Tren honen publizitatean txirrindulariei bienvenu esaten digute, baina ongi etorriak ez garela bistan da, langileentzat oztopo baino ez garela agerian da. - Lur: Titia! - Rosa: Bai, maitea, oraintxe hartuko duzu. - Eki: Ama mesedez, gormiti bat marraztuko al didazu? - Rosa: Bai, maitea, orain ez dugu presarik. - Eki: Baina gizon hori bezain gaiztoa izan behar da, e!

Gogoan dut Malaysian izan genuen arazoa eta borondate onez eman zioten konponbidea. Gure tandem luzea trenean sartzerik ez zegoenez, soka batzuekin bi bagoien arteko tartean lotu zuten eta hantxe joan zen. Thailandian ere, autobus

Page 10: Ipar gazi hego geza

10

batean beste tokirik ez zegoenez, autobus barnean sartu genuen tandema. Hemen, berriz, leku arazorik ez dago; toki nahikoa dago, baina borondate eskasa.

Oinarrizko kanpalekua (2009ko apirilaren 3a)

Tren-geltokitik atera baino lehen helikopteroen hotsa entzun dugu. Kalean berehala konturatu gara zerbait berezia gertatzen ari zela. - Aita, zergatik dago hainbeste polizia? - Ez dakit, Eki, galdetuko diot gizon horri. - Pardon, monsieur. Pourquoi y a-t-il autant de gendarmes? (Barkatu jauna,

zergatik dago hainbeste polizia?) - C’est le Sommet, le NATO. (Goi-bilera da, NATO). - Zer esaten du aita? - Eta nola azaldu hiru urteko ume bati NATO zer den… - Munduko borrokalaririk handienak hemen bilduta daudela dio gizonak. Ez dira

oso pertsona zintzoak, horregatik beldur dira eta polizien babesa behar dute. Estatu buruzagien bilkurak hiriaren erdialdea erabat itxiarazi du. Hogeita zortzi

estatuetako buruak NATOren 60. urtemuga ospatzera etorri dira. Anfitrioiak Angela Merkel eta Nicolas Sarkozy dira, Alemaniak eta Frantziak antolaturiko bilera baita, baina hedabide guztien izarra Barack Obama da. Agintari horiek zeharkatuko dituzten kaleek Tourreko etapa bukaeren antza dute. Sarrera bakoitzean polizien furgoneta bana eta bi alboetan burdinazko hesiak jarri dituzte. Frantziako herri guztietatik 10.000 polizia etorri dira. Helikoptero anitz dabil gure buruen gainetik eta egiten duten zarata guztiz desatsegina da.

Aterpetxera iristeko hainbat kontrol pasatu behar izan ditugu. Aterpetxeko jangela handia poliziaz lepo dago afari garaian. Hainbeste pistola artean afaltzea arriskutsua iruditzen zait. Kalean poliziek tratu ona eman digute, baina batzuk aterpetxe barnean bultza eta oihuka hasi dira haien artean, nerabe-talde bat bezala portatu dira. Afalosteko giroa, garagardo erraldoiak edan eta gero, lotsagarriagoa iruditu zait.

Nekaturik gaude eta txarrena da Rosa okerrago dagoela. Sukarrak jota jarraitzen du. Goazen ohera.

Goizean esnatu garenean giro berdintsua aurkitu dugu. Aterpetxean ehunka polizia, eta ehunka ere gaueko liskarretan egin dituzten atxiloketak. NATOren

aurkako manifestazioak antolatu dituzte. Poliziez gain, eskale itxurako pertsona batzuk daude jangelan. Horietako batek gure ondoan gosaldu du. Morgan Freemanen anaia bizkia dela esango nuke. Gosari erdia erretiluan botata, txokolatea presa handiz edan du. Croissantak ere arnasarik hartu gabe irentsi ditu. Burua makurturik, lotsatua dagoela iruditu zait. Gosaria berehala bukatu du. Burua lehenbizikoz altxatu eta irribarre zintzoa erakutsi digu, agurtzeko.

Aterpetxean beste osagarri berezi bat ere badago. Ostéogenèse imparfaite duten gaixoen bilera antolatu dute. “Kristalezko hezurrak” izenarekin ezagutzen den gaixotasunak itxura berezia ematen die kaltetuei. Bere tamainakoak diren eta proportzio ezberdinak dituzten pertsona horiei begirada ezin die kendu Ekik. Gurpildun aulkietan mugitzen dira batzuk. Mundua ez dago haien neurrietara egokitua. Gauzen neurriek traba nabarmenak sortzen dizkiete. Umeek neurriekin dituzten oztopoak aztertzeko baliagarria litzateke pertsona horien iritzia ezagutzea.

Bizibidaia talde erdiak sasoi eskasa du gaur ere. Nik hobera egin dut, baina oraindik ukitua nago. Rosa da kaltetuena. Kalera atera gara aire freskoaren bila. Aterpetxetik gertu dagoen parke zabal batera iritsi gara eta hantxe, itzalpean eman dugu eguna. Familia judu asko daude. Haien jantziak eta itxurak deigarriak dira, Ekirentzat ere bai: - Aita, hau al da mendebaldea? - Mendebaldea? Ez, maitea, ipar-ekialderantz etorri gara. - Orduan zergatik dago hainbeste bakero? - Ez, Ekitxo, txano zabala duten horiek ez dira bakeroak, juduak baizik. Hiri

honetan asko daude eta gaur ospatzen ari dira haien asteko jaieguna. Estrasburgon Europan gaudela sumatzen da, baina Alsaziako giroa ere begi-

-bistakoa da. Hogeita Hamar Urteko Gerrari amaiera ematen zion Westfaliako Hitzarmenaren ondoren, Frantziaren menpe gelditu zen eskualde hau. Geroztik Alemaniaren agindupean ere egon behar izan du, behin baino gehiagotan. Bi estatuen arteko borroken ikurrik agerikoena Bigarren Mundu Gerran eraikitako Maginot Marrak erakusten digu. Txinako harresiaren ondoren, defentsarako eraikuntzarik handiena zen. Hala ere, alemaniarrek aise gainditu zuten. Zuzen joan beharrean, Belgikatik sartuz inguratu egin zuten eta geroago atzetik eraso.

Bigarren Mundu Gerrako aztarnak bidaia honetan behin eta berriz azalduko zaizkigu. Estrasburgotik ez oso urrun Natzweiler-Struthof-eko kontzentrazio- -eremua dago. Bertan egindako zorakerien artean Reichsuniversität-aren (Reich- -eko Unibertsitatea) harrobia zegoen. Atxilotuek era guztietako esperimentu medikoak jasan zituzten, hiltzeraino askotan. 1943ko apirilean 86 judu gasez hil zituzten unibertsitateko antropologia eta arraza museoan buru-hezur eta

Page 11: Ipar gazi hego geza

11

hezurduren bilduma osatzeko. Kontzentrazio eremua bisitatzeko irekia da. Ez gara hurbilduko, Lur eta Ekirentzat egokiagoa da Estrasburgoko lorategi hauetan jasoko duten juduen irudia.

Europako estatuen arteko bakea eta lankidetza erakusteko, Estrasburgon 1949an Europako Batzordearen egoitza kokatu zuten, eta geroago Europako Parlamentua.

Bestalde, gaur egun bizikletaren hiri-erabilpenaren ereduen artean, Frantziaren kasuan Estrasburgo aipatzen dute, hiri barneko joan-etorrien %15 bizikletaz egiten baita. Urrun dago Kopenhageko edo Gronningeneko %55etik, egia da, baina baita ere Donostiako %3tik. Horregatik, bizibidaia Estrasburgon hastea, guretzat paradisuan hastea da.

Estrasburgon bi gau igaro beharrean, hiru izan dira. Hiru egun hauetan gure ekitaldien egitaraua lasaia izan da. Turismo pixka bat egin dugu. Petite France eta katedral erraldoiaren inguruko kaleetan ibili gara. Hiri honek kale eta plaza zoragarriak ditu, eta bizikletak nonahi. Hiri lasaia dirudi, baina asteburua izanik ezin dut baieztatu lanegunetan ere horrelakoa denik.

Petite France auzoko jolastoki batean umeen futbol partida batean parte hartu dugu. Marokoarra, senegaldarra, turkiarra, alemaniarra eta euskaldun pare bat ziren gure arraza anitzeko taldearen atzerriko fitxaketak. Euskaldunak non jarri zalantzarik ez zegoen, taldeko les gardiens izan gara Eki eta biok. Txikitan egiten genuen moduan, bi kamiseta ziren gure ateko langak eta gola izan ote zen erabakitzeko etengabeko zalantzak zeuden. Poteau esanik argitzen zen, ostera.

Bidaia honetako lehenbiziko arropa garbigailua jarri dugu. Bitxia da oso arropa garbigailua dagoen gelari ematen zaion erabilpena. Atean laverie-biberonnerie iragarrita dago. Ume bat biberoia hartzen eta arropa garbigailuaren marrazkiak ere badaude. Gela horretan egiten duen bero jasanezina eta garbigailuen zarata ez dut uste biberoia emateko osagarri onenak direnik. Bularra emateko gelarik, berriz, ez dut ikusi.

Eki eta biok partxisean aritu gara lehenbizikoz. Nik uste nuen jolas berria izango zela berarentzat, baina ez, lehengusinekin aurreko batean aritu omen zen eta segadak ere ederki ikasi zituen. Gogorra egiten da semeari irabaztea, baina tranpati bihurtzen uztea oso hezigarria ez zait iruditzen. Oraingo honetan txantxa onartu diot, baina gehiagotan egingo ez duela agindu dit.

Estrasburgon, hiri kosmopolitan izanik ere, frantziarren artean nagoela sentitzen dut. Frantziarrei leporatzen zaizkien topikoak aldatzen ari omen dira. Lasaitasuna kentzen didan burokraziak eta hain frantziarra den Minitel sistemak oraindik bizirik diraute, baina frantziarrek ez dute txapelik janzten eta txakur kaka zapalduta (eta hemen, Estrasburgon gutxienez, txakur kaka kaleetako ohiko apaingarria da) ez omen dute sacre bleu esaten, merde baizik. Nire aurkari batek pilota partida batean kintze bat galdu zuenean lau haizeetara oihukatu zuen hizkuntza-porrusalda burura datorkit: merde-puta-alua.

Frantzian hurbil eta urrun sentitzen naiz. Frantsesa erakutsi ziguten eskolan baina inoiz ez nuen barneratu, hizkuntza hori ez zen nirea, Clouseau inspektorearena baizik. Ez omen nintzen oso ikasle ona, baina hezkuntza sistema ere kaxkarra zen.

Frantziako ohituretara oraindik ez gara moldatu. Gaur ia-ia afaririk gabe gelditu gara. Zortzietan jantokia ixten dute eta gu, gosearen ordutegiari jarraituz, bost minutu lehenago azaldu gara.

Aterpetxeko harrerako arduradunarekin solasean aritzeko parada izan dut. Gizon jatorra eta atsegina, beti laguntzeko prest. Donostia ederki ezagutzen du, bertara behin baino gehiagotan oporretan joana da. Txilen jaio zen baina haren gaztelaniak frantziar doinua du.

Laugarren gaua ere eskatu dugu, baina aterpetxea beteta dago eta ez digute onartu. Rosa oraindik ez dago ongi. Bi aukera ditugu, Estrasburgoko beste ostatu batean geratu edo ibilbidea hasi. Rosak, biharko eguraldiaren iragarpenari begiratu ondoren, sukarrak jota egonda ere, ateratzea erabaki du.

Goazen etxera (2009ko apirilaren 6a) Hiri erdialdea zeharkatu ondoren, datozen egunetan jarraituko dugun

hegoalderako norabidetik segitu dugu. Beti norabide berean jarraitzeak gurditxoan eguzkiaren aurkako babes gutxiago jartzea ahalbidetzen digu. Bidea oso atsegina izan da. Rhin au Rhône ubidearen ondotik joan gara Gerstheim herrira iritsi arte. Rosa makal dabil. Pedalei eragiteko indarrik ez du. Oso motel joan garen arren, beti atzean geratu da.

Iritsi garen kanpinaren hainbat osagarri Far Westeko erreplikak dira. Kantina badago, lo egiteko indioen tipiak ere bai. Eki, Lur eta hirurok indioetan jolasten eman dugu arratsaldea. Rosa atseden hartzen saiatu da. Kanpinean ez dago inor baina ahuntz batzuk aurkitu ditugu. Haien jolasak eta borrokak ikusten luze aritu

Page 12: Ipar gazi hego geza

12

gara hirurok. Kanpineko arduraduna ere azaldu da. Kobratu ondoren joan egin da. Turismo sasoitik kanpo gaude, baina ez nuen espero dena hain hutsik aurkitzea.

Atzo, egunez eguraldi atsegina izan genuen, baina gaua iritsi zenean hotza etorri zen eta ihintzak dena busti zuen. Kanpin denda barnean hasieran goxo egon gara, baina gero arropa gehiago jantzi behar izan dugu. Eki eta Lur askotan esnatu dira eta hoztuko ziren beldur, arropa gainetik botatzen ibili gara gau osoa. Rosak oso gau txarra izan du. Hotz izan da, Lur esnatzen den bakoitzean bularra ematen dio eta tenperatura baxuegia izan da kamiseta altxatuta egoteko.

Goizeko zazpietarako bi umeak esnatu dira. Kanpora ateratzeko hotz handiegia egiten zuen, eta euria ere bai. Gau osoan ez dut lorik egin. Buruari bueltaka ibili naiz. Animorik gabe jaiki gara. Hitz egiteko gogorik ez dut, baina Rosari esan behar diot: - Musa, horrela ezin dugu jarraitu. Nik uste dut hobe dugula etxera itzultzea.

Tristura handiz egoera aztertu dugu. Aurrera, atzera. Bidaiatzera, etxera. Hainbeste prestaketa egin ondoren dena bertan behera utziko al dugu? Ados gaude. Saiakera bat egin dugu baina bidaia luzatzeak ez du zentzurik. Rosa oraindik gaixorik dago. Orain arteko gau guztiak txarrak izan dira. Treneko ibilbidea ere gogorra izan zen. Etxera itzuli behar dugu. Familia giroan bizibidaiatzeko erronka oso erromantikoa da, baina aurrera jarraitzeko kemenik ez dugu. Hobe dugu etxera itzultzea.

Atertu ondoren pixkanaka berotzen hasi da eguzkia. Gosaldu eta gero traste guztiak jaso ditugu. Eki eta Lurri oraindik ez diegu ezer esan. Estrasburgora iritsiko gara eta hantxe esango diegu etxera itzuliko garela. Kanpinetik atera gara atzoko ubidea bilatzeko asmoz. Isiltasuna dago, gure pedalkaden hotsa baino ez da entzuten. Ezer esan gabe goaz. Triste eta burumakur noa, baina ongi hartutako erabakia dela uste dut. Hauek ez dira disfrutatzeko baldintzak. Iazko bidaian ongi moldatu ginen, baina oraingo honetan ez dugu jarraitzeko aski energia.

Erabakitakoaz pentsatzen ari naiz etengabe eta nahastu egin naiz. Itzultzeko bidea galdu dut. Berrehun bat metro desbideratu gara. Buelta eman dut eta atzetik pentsakor zetorren Rosa nire ondoan jarri da. - Muso, eta honaino iritsirik ez al litzateke hobe izango egun batzuk aurrera

egitea ea baldintzak hobetzen diren ikusteko? Zergatik ez goaz Basilearaino, eta han erabaki zer egin? Trena hartzeko aukera izango dugu han, ezta?

Rosak buelta eman dio tortillari. Aurreko batzuetan ere antzera izan da. Eguneroko zailtasun txikietan familiako animatzailea ni izaten naiz, baina gauzak benetan okertzen direnean bera izaten da akuilatzailea. Irribarre batez adostu dugu akordioa. Atzerantz egin behar genituen berrehun metro horiek ahaztu ditugu eta eskutik helduta, abestuz, berriz ere hegoalderantz goaz! - Ostirala iritsi daaaaa, iritsi daaaaa ostiralaaaaa ♫…

Urezko autopista (2009ko apirilaren 7a) Rhin ibaiaren Frantziako ibilbidetik jarraituko dugu datozen egunetan. Rhin

ibilbidea edo heim ibilbidea, eskualde honetako herrien izenak heim atzizkiarekin amaitzen dira eta: Mackenheim, Elsenheim, Heidolsheim, Wittisheim… Guretzat heim bitxia da, baina gure etxea bezalakoa dela argiturik (Goikoetxea, Apezetxea, Hormaetxea…) ulergarriago egiten zaigu.

Ibilbide honetako bigarren egunean ere beste heim batera, Marckolsheim herri ordenatu eta txukunera iritsi gara. Aurreko eguneko eskarmentu txarrarekin bertako kanpina bazterturik, Errepublika plazan dagoen Gîte d’Etapera joan gara. Etxeko emakume berritsua oso jatorra izan da eta berak gomendaturiko herriko jatetxean afari ederra eskaini digute: txukruta, saltxitxak, karpa, onddo pastela… eta, bide batez, amona Rosaren urtebetetzea urrunean ospatu dugu.

Herrian ikusteko zer dagoen bertako bati galdeturik, emakumeak ikustea gomendatu dit, inon baino politagoak omen dira eta. Horren froga, duela urte batzuk bertako neska batek Frantziako miss txapelketa irabazi zuen. Politak edo itsusiak diren ez dut zalantzan jartzen, baina gutxi direla edo ongi ezkutatzen direla, hori eztabaidatzerik ez dago. Emakume gutxi baina gizon gutxi ere bai. Jende gutxi kalean. Gure urratsek eskolako jolastokira eraman gaituzte eta han ere umerik ez.

Eguneko ibilbidean Neuf-Brisacheko kanal ondoko tartea atsegina izan da, baina etapa osoan Eolo gure aurka aritu da eta gogorregia egin zaigu. Obersaasheim herria, gure helmuga izan behar zuena, nahi gabe atzean utzi dugu. Fessenheimen amaiera eman diogu egunari. Bertan bi hotel daude, baina bat itxita aurkitu dugu. Txerritoki hutsa den beste hotelean geratu behar izan dugu. Bi gela gelditzen ziren eta txukunena bi txirrindulari alemaniarrek telefonoz

Page 13: Ipar gazi hego geza

13

erreserbatu dute. Atera garenetik ikusi ditugun bizibidaiari bakarrak dira hauek, eta zoritxarrez ostatu urriko herri honetan aurkitu ditugu. Gure gela txikia, zikina eta zaharra da. Lucky Luke eta Daltondarren marrazkiak dituen paretetako paper pintatua da bertako erakargarritasunik garrantzitsuena, baina zipriztinez beteta dago.

Erakargarriagoa da gaur aurkitu dugun bidea. Hasieran lautada zabal batetik joan gara, baina Rumersheim herria igarota baso itxi batean sartu gara. Udaberria oraindik ez da iritsi baso honetara. Horrela izanik ere, bidearekin disfrutatzeko leku aparta da. Edozein tokitara begiratuta zuhaitzak baino ez dira ikusten. Basoaren bukaeran Huningeko ubidera atera gara eta hau ere zoragarria da. Ontziratzeko toki txiki baten ondoan, pique-nique gune batean bazkaldu dugu. Aurtengo negua hain luzea izanik, eguraldi onak erakarrita inguruko herrietako txirrindulari asko kanalaren ondoko bidetik pasatu dira bazkaltzen ari ginen bitartean.

Bazkariaren eta bazkalondoko jolasen ondoren etaparen bigarren zatia egin dugu. Badira egun batzuk Rhin ibaiaren ibilbidea jarraitzen ari garela, baina gaur arte ez dugu ibaia ikusi. Huninge herrian aurkitu dugu urezko autopista hau. Rhin ibaia, garraiatzen duen zama eta pertsona kopurua kontuan hartuz, munduko garrantzitsuenetariko bat da. Erromatarren garaitik gaurdaino ekonomiaren eta kulturaren bidea izan da Suitzatik Ipar Itsasoraino. Gaur egun, beste hainbat ibai garrantzitsurekin (Sena, Elba, Ems, Rodano eta Saona) kanal batzuen bitartez loturik dago.

Basileatik Ipar Itsasoraino barkuen joan-etorria etengabekoa da. Trafiko horren eraginez ibaian sorturiko kutsadura eteteko eta ibaia garbitzeko Herbehereak, Luxenburgo, Frantzia, Suitza eta Alemaniaren arteko hitzarmena sinatu zen. Urte batzuk geroago isurketa toxiko batek 500.000 arrain hil zituen.

Ekologisten lanari esker ibai hila izatetik bizirik egotera igaro zen. Kimika industriaren alorrean, 1970ean munduko %15 bertan zegoen; 1997an, ordea, amuarrain eta izokinez beteriko ibaia zen. Bestelakoa izango zen duela mende batzuk. Basilean bale galdua (oso galdua, esango nuke nik) ikusi zutela dio kondairak.

Oraindik elurturik dagoen Vosges mendikateak mendebaldean eta Oihan Beltzak ekialdean mugatzen dute Basilearaino jarraitzen ari garen bailara zabal eta laua.

Huninge herrian ibaia aurkitu dugu eta hantxe gelditu gara lo egitera. Ibai ondoan ere ur biziko kanal artifiziala dago. Frantziar talde batez gain, alemaniarrak eta suitzarrak ere entrenatzen ari ziren. Hiru estatuen arteko harremanak estuak dira bazter hauetan. Txirristaren aldapa aintzat harturik, abenturazale ausartentzat eginiko parkea iruditu zaigu. Han ere nazioarteko nahasketa ikusi dugu: bertakoak, italiarrak, musulmanak, ijitoak, euskaldun familia… Merci beaucoup eta bonjour Ekiren hiztegian azaltzen dira dagoeneko.

Gauean Alemaniara igarotzeko zubi modernoa zeharkatu dugu eta bestaldera iritsi bezain laster aurkitu dugun jatetxean Asiako janaria afaldu dugu. Eki txunditurik geratu da sarrerako herensugeekin. Hemen gaua iluna da, beltza, eta horren zergatia berdea. 1979an berdeak Parlamentura iritsi ziren eta 1998an boterera koalizioan. Horren eragina begi-bistakoa da eguneroko bizitzan. Supermerkatuan plastikozko poltsarik ez dago, eta horrelako detaile arruntekin ingurumenaren zaintza garatuago egoteaz gain, diru publikoa hobeto erabiltzen dela susmatzen dut. Horren adibidea: gauez kaleetan piztuta dauden argiak gure herrian baino askoz gutxiago dira. Iluntasun honetan herensugeen aurkako borroka bortitzak imajinatu ditugu zubi gainean, hotelerako bidean.

Txokolate eta ordulari artean (2009ko apirilaren 10a) Esnatzeak xarma berezia izan du gaur, Rhin parean egin baitugu lo. Hutsik

dagoen hotel honetako nagusiaren laguntzaz bizikletak eta gurditxoa lur azpiko biltegian gorde nituen atzo. Ateratzeko, berriz, nagusia ez zetorrenez bakarrik moldatu behar izan dut. Eskailera aldapatsu eta estu batetik tandema igotzea lan nekeza izan da, hala ere neurria harturik eta helduleku egokia aukeraturik, horrelako egoera latzetan nahiko ondo moldatzen gara bizikleta eta biok.

Gaurko etapa motza izan da, nahi genuen bezala. Beste estatu batera igaro behar genuen eta baita ere hiri handi batera sartu. Horrelako egoeretan zer edo zer konplikatzea ohikoa izaten da. Gaur, berriz, dena samurra izan da. Ostiral Santua izanik, bidean ez dugu ia inor aurkitu. Mugan poliziarik ez zegoen eta Suitzan sartzea bertako txokolatea bezain goxoa izan da. Tranbiaren bideak izan dira aurkitu dugun oztopo bakarra. Bi gurpiletako gurditxo batekin joanda eta ohitu gabe egonda, gurpilak zuloetan sartuko ziren beldur izan naiz eta hiri erdiguneko hainbat tokitan ibiltzea nahiko nekeza iruditu zait.

Suitzan sartu bezain laster Swiss Trails egitasmoko ibilbideen iragarkiak ikusgai daude bazter guztietan. Basilean gutxienez horrelaxe da. Toki guztietan

Page 14: Ipar gazi hego geza

14

dirudi badagoela nora joan. Hirian bertan pertsona batzuk ikusi ditugu trekking makilekin. Dena den, marketinaren arrakasta den ohitura hau gure herrira ere iritsi da. Donostiako Kontxatik makila moderno hauekin ibiltzen denik ere bada. Aurretik berdin gertatu zen ohiko zahatoari mehatxu egiten zion kamel-bagarekin. Presaka bizi garen mundu honetan edateko denborarik ere ez dugu, eta patxadaz edan beharrean plastikozko tutu batetik zurrupatzen dugu ura.

Aterpetxea berehala aurkitu dugu, baina obretan zirela eta, beste batera joan behar izan dugu. Azken hau tren-geltokiaren ondoan dago eta hiri erdialdetik ere nahiko hurbil. Susto ederra hartu dut ordaindu dudanean, baina geroago konturatu naiz prezioa ez zegoela eurotan adierazita, Suitzako liberatan baizik. Euroak erabiltzeko arazorik ez dago, baina ordaintzean kalkuluak egiten ibili beharko dugu. Aspalditik ez dugu euroa ez den beste txanpon batekin ordaintzeko beharrik izan eta ia ahazturik genuen.

Hain txukuna eta ordenatua den hiri honetako tranbia erosoan ibiltzeko doako txartelak daude aterpetxeko bezeroentzat. Umeekin joanda, horrelako erraztasunak aurkitzeak egunaren amaiera samurtzen du.

Bidaia honetan zoologikoetara joango ginela agindu genion Ekiri aspaldi, eta horixe egin dugu aterpetxean gauzak utzi bezain laster. Eguerdirako zoologikoan geunden, eta uda giroko arratsalde ederra eman dugu. Eki interes handiz poz- -pozik ibili da hainbeste animalia artean. Gehienak berri, denak ikusgarri. Zoologikotik kanpo ere animalia bat nonahi: katagorria.

Aterpetxe barneko patioan jolastokia dago. Lur eta Ekirekin mahai-tenisean ari nintzela, bikotearekin afaltzen ari zen mutil bat hurbildu zaigu: - Kaixo! - Iepa! Begira, aurkitzen dugun lehenbiziko euskalduna zara zu! - Perdona, no te entiendo, solo he oído “aurrera” y he imaginado que sois

vascos. - ¡Ah! ¿Y tú de dónde eres? - Yo de Madrid y estoy aquí de paso con mi novia que es belga, mañana ya nos

vamos. Gero Ekiri adarra jotzen ibili da eta Ekiren hizkuntz nahasmena areagotu egin

da. Hasieran frantsesez baino ez zuen entzuten, gaur alemana da nagusi, eta bat--batean ezaguna egiten zaion baina menperatzen ez duen gaztelaniaz hitz egiten dio mutil batek.

Jolasean ari ginen bitartean Rosak benetan goxoa den afaria prestatu du: kus- -kusa barazkiekin nahasturik. Lo hartzeko ez dugu ardirik zenbatu, baina ikusitako

animalien errepasoa egin dugu. Umeek lo hartu ondoren SMS batzuk jaso eta erantzun egin ditugu. Hauxe da familia eta lagunekin harremanetan egoteko erabiltzen dugun bidea.

Goiz esnatu da Eki eta gosaltzera jaitsi gara biok. Presarik ez genuen eta atzoko animaliak gogoratuz ordubetez jan dugu, etengabe. Gabriela, emakume italiar-frantziarra, Madril eta Belgikako bikotea eta txirrindulari japoniar bat solaskide izan ditugu. Ordutegirik gabeko egun hasiera hauek lasaigarriak dira.

Turismoa egiten joan zaigu eguna. Horretarako Basilea hiri aproposa da. Umeentzako egokia den Kannenfeldparken ere ordu batzuk eman ditugu. Beste herrietan bezala, parkeak doan izanik, etorkin familiez beterik daude eta nahasketa kulturala atsegina da.

Arratsalde bukaerako argi magikoaren azpian, hiri honetan hain garrantzitsua den Rhin ibaiaren ondoan, talde handi bat tangoa ikasten ari zen. Baina gehienek bertan egotea dute helburu, besterik ez. Ibai ondoan eseri eta hantxe hitz egin, erre, irakurri, musika tresna bat jo edo uraren joana ikusi. Baina guztiaren gainetik egon, presarik gabe egon.

Rhin ibaiak Basileatik aurrera norabidea aldatzen du eta guk ere bai. Hegoaldera begira geunden; hemendik aurrera, ordea, ekialderantz joango gara. Jaiegun batean sartu ginen Basilean eta igande batean atera gara. Trafiko gutxiago dagoenez, errazago egin zaigu. Dena den, hiritik ateratzean arazo txiki batzuk izan ditugu. Bide ondoan dauden iragarkiak eta daramagun mapa une batean ez zetozen bat. Horren ondorioz buelta batzuk eman behar izan ditugu. Bertako txirrindulari batzuen gomendioari jarraitu diogu eta ibilbidetik kanpo egin ditugu kilometro batzuk.

Bazkaltzeko garaian Rheinfelden herri turistikoan geratu gara. Gure ondoan familia eta erretirodun ugari zeuden. Azken horiek dituzten bizikleten kalitatea deigarri egin zait. Gure gizartean automobilarekin gertatzen den eran, hemen bizikleta elementu preziatua da, eta bizikleten osagarriek argi eta garbi adierazten dute. Barneko kanbio eta dinamoak, larruzko eserlekuak eta horrelako osagarriak ohikoak dira hemen.

Page 15: Ipar gazi hego geza

15

Gaur taldekide bat galdu dugu. Basilean Ekik erosi zuen “Kokotsa Luze” (garai bateko ezpata-hortz felinoa) bidaidea bidean geratu da. Atsekabe handia hartu du Ekik. Segur aski bizikletatik jauzi egin du eta Alemanian ez zela sartuko erabaki du. Herrimina ote? Ez dut uste, ohikoa den bezala bularrean “Made in China” batek salatzen zuen ekialdeko jatorria.

Suitza oso garestia izango zela uste genuen, baina orain arte prezioetan alde handirik ez dugu aurkitu. Gaurko kanpina merkea izan da. Alemanez baino hitz egiten ez zuen kanpineko arduraduna Matusalen bera zela iruditu zait. Imajinatzen dut kanpina familia-negozioa izango dela eta turista gutxi izanik aitona utzi dutela kanpinean arduradun. Inprimakia betetzeko hamar minutu behar izan ditu eta eurotan ordaintzeko asmoa nuela ikusi duenean, berriz ere hasieratik hasi behar izan du. Gaua hotz zetorrenez roulotte batean egin dugu lo, hala ere roulottearen paretek sareek baino zulo gehiago dituzte eta barnean ere hotz. Eki kostata geratu da lozaku barnean. Konbentzitzeko, ipuina asmatu behar izan dut: - Bazen behin elurra ukitu nahi zuen antilope bat. Oso toki beroan bizi zen,

baina lagun batek elurraren edertasuna azaldu zionetik, elurra ezagutzea zuen amets. Burutik ezin zuen kendu eta urtebete egon zen bidaia luzea prestatzen. Kilimanjaro mendira eramango zuen bidean arrisku asko aurkituko zuen, baina guztien artetik zailena hauxe zen: elurretik hurbil egongo zen gauetan hotzari aurre egin beharko zion. Horretarako amak oso lozaku beroa oparitu zion eta bidaiatzeko baimena emateko, baldintza bakarra eskatu zion: lozaku barnean gorputz osoa gordeta pasatu behar zituen gauak…

Ipuinaren bukaera iritsi baino lehen Ekik lo hartu du, eta handik minutu batera lozakutik kanpo dago.

Ziklo-A lemania (2009ko apirilaren 13a) Ibaiaren bi aldeetako ibilbidea aztertu ondoren Alemanian sartzea erabaki

dugu. Daukagun informazioaren arabera ostatu gehiago daude, ibilbidea samurragoa da eta hobeto adierazita dagoela iruditu zaigu. Orain arte, Suitza aipaturik, txokolatea, ordulariak, diru-gordelekuak edo nazioarteko kirol erakundeen egoitzak zetozkidan burura. Hemendik aurrera Rhin ibaiaz eta Basilea edo Rheinfelden moduko herri abegikorrez oroituko naiz.

Bi estatuen arteko muga, kasu honetan, naturak zehazten du. Ibaiak adierazten du estatu bakoitzaren bukaera eta bestearen hasiera. Zeharkatu dugun zubia

erraldoia da. Automobilentzako biderik ez dauka, baina bizikletaz igarotzea badago.

Alemaniara sartzeak zerbait berezia badu, ilusio berri bat gutxienez piztu zaigu. Alemania, historian zehar, garrantzi handiko pertsonaien sorterria izan da. Bertan, besteak beste, Martin Luther, Einstein, Marx, Beethoven, Nietzsche, Hegel eta Kant jaio ziren. Mugimendu berdearen sehaska den herri honen ekarpen teknologikoen artean, aspirina edo MP3az gain, kutsaduraren iturria den automobila eta zuhaitzak mozteko arrazoia den inprenta ere sortu dira. Gure bidaia honetan hain garrantzitsua dugun tandem erdietzangarria ere hemen asmatu zuten. Zikloturismoan ohikoak diren material asko alemaniarrak dira. Alemaniarrek buru karratu ospea dute. Egia da alemaniar baten erabakia aldatzea nekeza izaten dela, baina egia da baita ere erabaki onak hartzen dituztela.

Alemaniara igaro bezain laster familia txirrindulari gehiago aurkitu ditugu. Gaurko bazkaria Bad Säckingen herri turistiko eta txukunaren erdialdeko plazan hartu dugu. Bizikletentzako ibilbideek ez dituzte herriak inguratzen, baizik eta erdigunetik zeharkatzen dituzte. Horrela bertan gelditzeko eta kontsumitzeko aukera gehiago daude. Guri ere ziri bera sartu digute eta txirrindulariz beteriko terraza batean, eguzkitan, goxo-goxo bazkaldu dugu. Bertako gutiziak, garagardoa, izozkiak eta guzti-guztia janda bapo geratu gara.

Ekonomia eta Teknologia Ministerioaren “Fahrradtourismus in Deutschland” txostenaren arabera, Alemanian zikloturismoaren negozioa urteko 9.200 milioi eurokoa da. Zuzenean edo zeharka 186.000 laguni lana ematen die. 2008an 21 milioi lagunek erabili zuten bizikleta oporretan. Kopuru erraldoiak iruditu zitzaizkidan baina orain, Alemaniako zikloturistek egiten duten barne-kontsumoa ikusirik, hobeto ulertzen dut.

Bazkalostean iturri eta lorategiz beteriko herri hau bisitatu dugu. Jatetxe parean dagoen elizaz gain, Florentziako Ponte Vecchio burura ekarri didan egurrezko zubia ere herriko erakargarritasunik nabarmenena da. Honekin batera, zarrabetea jotzen ari zen kaleko musikari-showmanari entzuten ere luzaroan aritu gara. Bere txakur txikiak lagunduta zirku ikuskizuna eskaintzen zuen. - Ladies and bussinesmen (andere eta negozio gizonak)- oihukatzen zuen

jendearen arreta bereganatu nahian. Ulertezin egiten zitzaigun diskurtso luze baten ondoren txakurraren jauziak eta trebeziak erakutsi zituen, abesti artean.

Lurren bigarren lo kuluxka aprobetxatuz aurrera egin dugu Alemaniako Bet&Bike sareko ostatu batera iritsi arte. Txirrindularientzat egokiak diren era guztietako 5.000 lotokien sarea ezagutzeko gogoa bagenuen. Ostatu horietan txirrindularientzako baldintza onak daude: gau bakarra gelditzea onartzen dute,

Page 16: Ipar gazi hego geza

16

bizikleta gordetzeko eta garbitzeko toki aproposa dago (gehienetan beheko solairuan), bezeroentzako arropa garbigailua dute, gosarietan mueslia, fruta eta jaki integralak eskaintzen dituzte, inguruetako kartografia, gidaliburuak eta autobus eta trenen ordutegiak dituzte, bizikleta konpontzeko oinarrizko tresnak dituzte eta, gainera, konponketa zailagoak behar izanez gero inguruetako tailerretako helbideak, telefono zenbakiak eta ordutegiak ere badituzte.

Hala ere, lehenbiziko saiakera ez da oso atsegina izan. Ostatuko jabea den gizon itsua eta bere emaztea etxeko atarian aurkitu ditugu. Oso harrera abegikorra ez dugu izan eta beste toki bat bilatzea erabaki dugu. Ibaitik hurbilago eta tren- -geltokiaren ondoan dagoen pentsiora joan gara.

Ekik klarionez margotzeko toki ederra aurkitu du. Lurren begirada ibaiko beltxargek bereganatu dute. Baldintza horiek direla eta, Rhin ibaiaren ertzean ilunabar erlaxagarriaz gozatu dugu.

Bidean tarte gorabeheratsuak zeharkatu ditugu gaur. Gaizki ohituta gaude. Egun batzuk jarraian ordekatik ibiltzen garenean, gutxieneko aldapa ere Tourmaleta iruditzen zaigu. Aurrerago aurkituko ditugun maldak saihestu nahian Rhin ibaiari agur esan diogu eta trena hartzea erabaki dugu. Tiengenetik Singenera eta Singenetik Donaueschingenera trenez joan gara eta Alemanian, Euskal Herrian ez bezala, intermodala txosten eta hitzaldietan bakarrik gelditzen ez den zerbait dela baieztatu dugu. Bizikletak tren barnean sartzeagatik ordaindu behar da, baina horren truke jasotzen den zerbitzua bikaina da. Gainera, tren- -geltokian bertan bizikleta uzteko erraztasunak baino ez dira aurkitzen. Bizikleta- -aparkalekuak gehienetan estaliak dira eta batzuetan nasan bertan daude. Beste nasa batera joan behar izanez gero, igogailuetan bizikletak sartzen dira eta igogailurik ez badago eta trenbide gainetik zeharkatu behar bada, geltokiko langile batek bizikleta hartuko du eta treneraino eramango du. Trenean bizikletarako tokia non dagoen argi eta garbi iragarrita dago bizikleta baten marrazki handi baten bitartez. Tren barnean bizikletak eramateko lekua eta bertara iristeko bidea ere oso zabalak dira.

Bizikletan zorroak badaramatzazu, hainbat geltokitan bizikletentzako gordeleku bereziak daude. Armairu handiak bezalakoak dira eta bizikleta aise sartzen da, zorroak kendu gabe. Herri batzuetan gordeleku horiek hiri erdialdean daude, turismo bulegoaren ondoan. Herri horretara iristen den txirrindularia lasai asko

joan daiteke herria bisitatzera, bazkaltzera, erosketak egitera… bizikleta lapurtuko dioten beldurrik izan gabe.

Bizikleta erabiltzeko erraztasun horiek guztiak kutsu berdea eman diote egunari; guk, ordea, aurkako alderdia ere aurkitu dugu. Albbruck herria igarota, Rhin ibaiaren ondoan, Suitzako ibaiertz batean, irudi zatar, zikin eta mehatxagarriarekin egin dugu topo: Leibstadteko zentral nuklearrarekin. Tximinia erraldoitik ateratzen den amaigabeko ke zutabeak zeruaren urdina eta ibilbidearen ederra puskatu dizkigu.

Urdinik ez (2009ko apirilaren 14a) Rhin ibaiari agur esan ondoren Danubiok ongietorria eman digu.

Donaueschingeneko tren-geltokitik atera bezain laster Danubioren ibilbideko iragarkiak topatu ditugu. Iragarkiak bai, baina txirrindularirik ez. Herrian aurkituriko giroa dezente hotza izan da eta urrunetik ere ez ditu bete guk genituen aurreikuspenak. Orreaga, Lizarra, Burgos edo Done Jakue bidean dauden beste hainbat lekutan pelegrinekin gertatzen den moduan, hemen txirrindulariekin gertatzea espero genuen.

Herriko erakargarritasunik garrantzitsuena ikustera joan gara, hemen baitago Danubio ibaiaren sorburua, edo hobeto esanda, adostu zuten sorburua, benetakoa Oihan Beltzean sarturik kilometro batzuk gorago baitago. Sorburuaren ondoan ura Itsaso Beltzeraino eramango duen bidearen luzeraren berri ematen digu iragarki batek: 2.840 kilometro. Zorionez, gauden toki honetako 678 metroko altuerak lagunduko dio beherako bidea egiten. Bide horretan ibaiak izen ezberdinak hartuko ditu: Donau (Alemanian eta Austrian), Dunaj (Eslovakian), Duna (Hungarian), Dunav (Kroazian, Serbian, Bulgarian eta Ukrainan) eta Dunarea (Errumanian).

Johann Straussen lanari esker “Danubio” esanda “urdina” hitza etorriko zaie burura gehienei, baina orain arte gris-berdexka da nagusi. Guri Danubioa bizikletarekin ez lotzea nekeza egiten zaigu, baina gizakia bizikletak edo musika baino lehenago iritsi zen ibai honetara. Horrela erakusten du Willendorfeko Venusak. 25.000 urte dituen estatua txikia Michelin panpinaren emakumezko irudia da. Eskulan hori Amalurraren ikur bihurtu da.

Page 17: Ipar gazi hego geza

17

Familia guztia goiz esnatu gara. Bazirudien bagenekiela gaurko etapa zoragarria izango zela eta Danubioren hasierak urduritu gaitu eta loa kendu digu. Zortzi eta erdietan bizikleta gainean ginen. Toki zabaletatik joan gara eta goizeko lurrinarekin paisaiak xarma berezia hartzen zuen.

Lasaitasun horren erdian, bat-batean, Ekiren ahalegin berezia nabaritu dut pedaletan: - Goazen, aita! Harrapatu behar dugu! - Harrapatu zer? - Han, aita! Begira, oreina!

Ibilbidea lautada ireki eta huts batetik doa, baina bailararen bi alboetan baso bana dago. Baso batetik bestera igarotzeko gure bidea ziztu bizian zeharkatu duen oreinarengana hurbiltzen saiatu gara. Bizikletaren abiadura azkartzeko benetako talde-lana egin dugu eta une batez berrogeita hamar bat metrora izan dugu oreina. Distantzia motz horretan zein bizia den baieztatu ahal izan dugu. Babestokira, basora iritsi bezain laster, guri begira jarri da eta zalantza sortu zait: guk bera ikusi dugu edo berak gu ikusi gaitu? Txirrindulariekin errepikatzen duen jolasa izango al da lasterketa hau?

Oreinaren gertaeraren ondoren, Inmedingen herria pasata, bide ondoan aurkitu dugun atsedengunean gelditu gara bazkaltzera. Atsedengunetik oso hurbil Danubioren urak, oreinak bezala, ihes egiten du. Lur azpitik sartuta, hemendik 12 kilometro eta 175 metro beherago txirrindularientzako ezaguna den beste toki batera doa: Bodenseera edo, gure hizkuntzan, Konstantzako aintzirara. Atsedengunean jolasgunea dago, egurrezko mahaiak eta bankuak, ibiltzeko bideak, kanpatzeko tokia, barbakoak… zer gehiago eska dezakegu?

Bazkariaren eta jolasen ondoren aurrera egin dugu. Bidean asmakizunekin jolastu gara. Ekik ikusitako faunari errepaso egin dio eta Rosak geografiari: - Eki: Zein da beltza dena eta egunero toki guztietan ikusten dugun animalia? - Rosa: Belea! - Eki: Bai! - Rosa: Zabala da eta gurekin batera etorri da azken egunetan. - Eki: Rhin ibaia! - Rosa: Bai!

Eguna Tuttlingen herrian bukatu dugu eta hemen ere gure txokora: parkera. Bertako gehienak turkiarrak ziren. Parkeko jolasen modernitateak orekatzen ditu emakumeen jantzi tradizionalak. Giroan murgildurik, aukeratu dugun ostatua ere

familia turkiar batena da. Bet&Bike sarekoa da eta aurrekoan ez bezala, honetan ongi etorriak sentitu gara.

Gauean, taldeko beste hirurak lotan zeudela, argazkiak gordetzera joan naiz. Argazki-txartela bete samar dago eta ekarri dugun disko gogor eramangarri batean sartu nahi nituen, baina ezinezkoa egin zait. Arazoaren iturburua ez dut asmatu, ordenagailuak alemanez hitz egiten zidan eta ziberkafeko neskak kurdueraz eta alemanez. Interneten sartzea bai, hori lortu dut. Gure webgunea eta posta elektronikoa ez dabiltzala esanez, Eneko Etxebarrieta lagunaren SMSa jaso dugu. Arrazoi du, ez bata eta ez bestea ezin izan ditut ikusi. Interneteko zerbitzariari arazoaren berri eman diot.

Argazkiak gordetzeko bigarren saiakera egin dut ostatuan familia musulman honen ordenagailuan, baina etxekoandreak ordenagailua pizteko pasahitza ez zekien.

Aspaldiko partez ez nintzen jartzen ordenagailu baten aurrean. Gaurko eskarmentu txarrarekin errepikatzeko gogorik ez dut. Eguneroko bizitzan sakelako telefonorik ez dut erabiltzen, baina ordenagailu baten aurrean ordu gehiegi egoten naiz. Bidaia honetan ahal dudan gutxienetan hurbiltzen saiatuko naiz, eguneroko teknologiaren morrontza saihestu nahi dut.

Duela bi aste etxetik atera ginen. Duela urtebete Lur amaren sabeletik atera

zen. Oso gogoan dut Lur jaio zen egun berezi hura. Baina Rosaren amatasun sena, adorea eta eskuzabaltasunaren oroitzapena da benetan sakonean gorderik dudana. Hiru urte, hiru hilabete eta hiru egunez ama ondoan izan zuen Ekik, titia eskaintzeko prest, nahi adina eta noiznahi. Amak inoiz ez zion hutsik egin. Salbuespenik inoiz ez zen egon, ezta Lur jaio zen egunean ere. Bizitzaren mirariaren ondoren gaueroko normaltasunera itzuli behar izan zuen amak. Erditzearen ondoren, ordubete geroago, gauero bezala, Eki eta ama ohera joan ziren. Ipuin bat kontatu eta titian goxo-goxo hartu zuen lo Ekik.

Gau berezi horretan, jaio berria zen Lur eta biok elkar ezagutzen eta amaren zain, etxeko egongelan gelditu ginen. Egun hori Lurrena zen, baina amak ez zuen Eki baztertu nahi izan.

Gaurko eguna ere Lurrena izango da. Egun berezi honetarako panpina bat eta kandela bat erosi zizkion Rosak Basilean. Eki eta biok tarta baten bila joan gara, baina Lur txikiegia dela tarta jateko esan dit Ekik, Lurren adinerako zerbait

Page 18: Ipar gazi hego geza

18

egokiagoa erosi behar dugula. Anaiak hostopil pastela aukeratu du eta kandela itzaltzen ere lagundu dio.

Ekik ere bere oparitxoa jaso du, jolas berri bat irakatsi diot: hiru lerroan. Klarionez egindako ohiko marrazkiez gain, gure jolasen marrek ere apainduko dituzte herri honetako kaleak.

Gaurko bide osoa gelditu gabe egin dugu eta ia bukaeraraino lo egon dira Eki

eta Lur. Azken zortzi kilometroak asfaltotik kanpo ibili gara, aldapa handiei aurre egin nahian, eta hortxe esnatu dira. Beuroneraino, erromesentzat hain garrantzitsua den herriraino iritsi gara. Herrian mugimendu handirik ez dago baina elizak eta natura-etxeak bisitatxoa merezi dute. Azken honetan azalpen eder asko daude, baina gustu txarreko zikoina, hontza eta arrano disekatuak ere bai. Eliza beneditarren monasterioan dago eta bertan Alemaniako monje-liburutegirik handiena dago.

Orain arte alemaniarrei buruz sinesten genituen hainbat topiko dagoeneko puskatu zaizkigu. Ez dira batere zakarrak, batez ere umeekin goxoak dira eta gezurra da ia denek ingelesez hitz egiten dutela. Askok bai, baina beste askok ez. Esaterako, gaurko ostatuko emakumea orrialde bati esker zen eleaniztuna. Bost hizkuntzetan idatzirik zituen bezeroekin gosaria adosteko oinarrizko hitzak (urdaiazpikoa, arrautzak, beroa, hotza, zukua, ogia, gurina, izokina…) eta hizketaldi digitala proposatzen zuen, behatzarekin adierazi behar baitzitzaion norberaren aukeraketa.

Mengenen, zikoina estatuez apainduriko herri honetan, militar gazte baten

laguntzaz aurkitu dugu ostatua. Hau ere Bet&Bike sarekoa eta garesti samarra; hortaz, aurrekontua orekatzeko, Rosak barazki anitzekin alkohol-sukaldetxoan egindako arroza eta herriko langileek izkinako postuan erosten duten oilasko errea afalduko ditugu. Bidaia hasi baino lehen saltxitxak dietaren oinarria izango ote ziren beldur ginen. Globalizazioari esker dagoeneko janari txinatarra, turkiarra, thailandiarra, italiarra eta mexikarra dastatu ditugu. Horrela jarraituz gero Europatik atera gabe munduko itzuli gastronomikoa egingo dugu. Baina orain arteko jakirik exotikoena Nuriak, ingeleseko irakasle gasteiztar-estatubatuarrak,

Utahtik ekarri zidan uholdeetan, lurrikaretan eta horrelako larrialdietan erabiltzen den haragi lehorra izan da. Ireki gabe ekarri genuen poltsa eta Estrasburgotik Suitzara pixkanaka jan dugu. Ekik Thiranosaurus haragia zela esaten zuen. Etxetik ekarritako gazta eta Lurrentzat etxean hutsean ontziraturiko barazkiak ere aspaldi bukatu ziren.

Suitzan erdi prezioan ordainduriko “Kokotsa Luze” taldekide berria izango dugu gaurtik aurrera. Ekiren ondoan eman du egun osoa eta gauean ere elkarrekin egingo dute lo.

Esnatu garenean euria ari zuen. Ostatuko nagusiak eguraldiaren iragarpena

erakutsi dit eta gaurko euria aurreikusita dago. Dena jaso ondoren, trena hartzeko asmoz, hoteletik abiatu gara. Tren-geltokira busti gabe iritsi gara eta bizikletaz jarraitzea erabaki dugu. Ederki hartutako erabakia. Haizea alde izan dugu etengabe eta arin joan gara. Riedlingenera iritsi bezain laster eguraldia berriz ere okertu da. Gidak gomendatzen duen ostatu merkea bilatu dut. Ez dago batere urrun, bertakoek oso jator itxura dute eta gainera tenis klub batean dago; beraz, jolasteko toki sobera dugu, eta estalia. Gela bakarra eta txikia dute, baina jabeen harridurarako guretzat aski da, moldatzea badugu. Egunez bizikletak kanpoan gelditu dira, baina gauez barnera sartzeko baimena eman digute. Pistak libre izanik, tenisean aritzen ere utzi digute. Lurrek, hainbeste pilotaz inguraturik, psikomotrizitate saio aurreratua egin du. Ekik, berriz, erraketa txiki batekin pilotakada batzuk eman ditu.

Geroago etxeko nagusien alaba txikiak, Caro eta Sophie, gurekin jolastera etorri dira. Biak oso berritsuak, biak ulertezinak. Carok, nagusiak, oinarrizko aleman ikastaro trinkoa eskaini nahi digu, baina ezer gutxi uler dezakegu. - Eki, spielen wir etwas anderes? (Eki, beste zerbaitetan jolastuko al gara?)

Eta Eki behin eta berriz: - Kein Deutsch! (ez dakit alemanez hitz egiten!)

Zorionez, Versteck (ezkutaketa), Fangen (harrapaketa) edo Schere-Stein- -Papier (harri-paper-guraize) bezalako jolasen nazioarteko izaerak ahalbidetu du elkar ulertzea.

Jolasen ondoren herrira joan gara. Larunbata izanik arratsaldean ia dena itxirik, ia inor ez zegoen kalean. Herriko gaztetxoen bilgunea jatetxe turkiarra da. Kebab

Page 19: Ipar gazi hego geza

19

eta freskagarri batzuen inguruan hantxe ari ziren sakelako telefonoekin jolasten. Garbi dago nerabe hauek eta gure herrikoak elkarrengandik nahiko hurbil daudela.

Berehala itzuli gara pentsiora. Gelaren ondoan janaria prestatzeko toki atsegina ere badugu. Tenisean aritzera etorri den familia batekin afaldu dugu. Gure bidaiaren xehetasunak ezagutu nahi zituzten. Beraiek ere, hemengo familia gehienen eran, bizikletaz ibiltzen dira eta horrela etorri dira gaur ere. Beste toki batean xelebreak izango ginateke, baina gizarte honetan gure zaletasuna erabat zabalduta dago.

Etxeko familiak mezatara joan behar zuen eta atea ixteko giltzak utzi dizkigute.

Horrelako detaileekin ongi etorria zarela sumatzen da eta harremanak atseginago bihurtzen dira. Etxe honetan bereziki gustura egon gara, baina aurrera egin behar dugu. Eguraldiak hobera egin du berriz eta aprobetxatu behar dugu. Eguraldia lagun, baina Eolo gure aurka. Gainera, gaurko irudi bat eraso psikologikotzat hartu dut. Lautada zabal batean ekialdetik, urrunetik ziztu bizian zetorren bikote txirrindularia ikusi dugu. Pedalei eragin gabe aurrera egiten zuten. Gu berriz ipar- -mendebalderantz gindoazen, baina bat-batean bihurgune batean ekialderantz jo dugu. Norabidez aldatu bezain laster gure aurrean pareta bat zegoela sumatu dugu eta nekez eutsi diogu zazpi-zortzi kilometro orduko abiadurari.

Aldapa batzuei ere aurre egin behar izan diegu. Horrelako batean oinak lurrean jarri behar izan ditut eta bizikleta bultzatuz igo ahal izan dut, kostata. Zorionez une horretan Eki eta Lur lotan zeuden. Azkenean Mundergingen herrira iritsi gara eta ibaiaren ondoko parkearen parean dagoen pentsioan bilatu dugu ostatu. Iritsi garenean nagusiek ezin izan digute kasurik egin, ezkontza bat ospatzen ari ziren eta liaturik zeuden. Ezkontza apala zen baina ezkongaiak jantzi eta itxura ponposoak zituzten. Neskak Claudia Schifferren antza zuen. Mutila serio eta burumakur ikusi dut, gainera zetorkionaz jabeturik bezala. Ibai ondoko parkean ezkontzako gonbidatuekin eman dugu arratsaldea. Herri honetan ere, igandea izanik, ia inor ez kaletik. Euskal Herri kontinentalaren neguko giro hotza etorri zait burura. Zazpietarako denak etxean, inor ez kalean. Umeekin egonda ez da ordutegi txarra, baina bakarrik etorrita aspergarri samarra izan daiteke herri hauetako muturreko lasaitasuna.

Bestalde, oso interesgarria da bizikletari ematen dioten garrantzia eta gizartearen edozein arlotan zein neurritaraino txertaturik dagoen ikustea. Esaterako, herriko Elizan letra handiz Radfahrergottesdienst iragarrita zegoen.

Axularren hizkuntzan esanda, txirrindularientzako mezara joateko deia zen, txirrindularia eta bizikleta bedeinkatuko zituztela jakinarazita.

Erbachera iritsi gara gaur. Simaur usaina dago, baina trafikoari erreparatuz hiri

handi batetik hurbil gaudela sumatzen da. Arratsaldean herriko beste puntan eta tokirik altuenean dagoen gaztelua ezagutzera hurbildu gara. Gaztelura iritsirik, barneraino sartu gara atari handi batetik. Alboetako bi pareta luzeetan hogeita hamar bat oreinen buruak zintzilikaturik daude eta buru bakoitzaren ondoan armarri bat. Lehenbizikoa ikusirik hurbila egin zaigu, “Ondarza” idatzita baitzegoen. Gelako isiltasuna puskatuz ate bat ireki eta emakume dotorea atera da. Nahiz eta esaten zuena ez ulertu, keinuengatik garbi zegoen harridura adierazten ari zela eta bertan ezin ginela egon. Gure komodina den “Kein Deutsch” baten ondoren ingelesez azaldu digu publikoa ez den toki batera sartu garela, bere senarraren familiako gaztelua dela, eta pribatua. Barkamena eskatu diogu eta saiatu gara azaltzen “Ondarza”-k gure hizkuntzan esanahia baduela eta orduan gaztelaniara jo du: - Yo soy de Mallorca, pero mi familia es de origen vasco, de ahí proviene el

escudo que veis. - Nos ha llamado mucho la atención y hemos pensado que tendría relación con

nuestro pueblo. - Ya siento que ahora no os pueda atender, tengo que salir, pero si queréis

venir en otro momento, hablamos más tranquilos. - No te preocupes, simplemente estamos dando una vuelta por el pueblo y nos

hemos acercado a ver el castillo.

Hiri handi batera iristeak nolabaiteko urduritasuna sortzen du beti. Horrela

izanik, eta ezustekorik ez izateko, gaurko etapa motza izango zela aurreikusten genuen, baina espero baina kilometro gehiago egin behar izan ditugu. Aterpetxearen bila joan gara baina, askotan gertatzen den moduan, aterpetxea hiri erdialdetik urrun dago eta gainera aldapa baten goiko aldean. Aterpetxeraino iritsita, hiri erdialdean zerbait bilatzea erabaki dugu.

Page 20: Ipar gazi hego geza

20

Azkenean katedralaren pare-parean dagoen hotel batean sartu gara. Suerte handia izan dugu. Escura familiarena da hotela. Abizen euskalduna izan arren, familia honen sustrairik sendoenak Katalunian daude. Hoteleko nagusiaren aitona lehenbizikoa izan zen Alemaniara laranjak inportatzen. Familia honen iraganeko hainbat oroigarri hoteleko jantokian ikusgai daude. Besteak beste, Empúriesko harresiaren zati bat dute. Josefa, nagusiaren emaztea, berriz, Esloveniakoa da. Hala ere, haren gaztelania bikaina da.

Gelako leihotik munduko katedralik garaiena ikusten dugu. Kanpandorre bakarra du eta dorrea 161 metro garai da. Katedrala da begirada guztien jomuga, baina plaza honetan katedrala baino zerbait gehiago badago. Plaza bizirik dago. Dendetako jarduera komertzialaz gain, bilgunea, azoka, hotelak eta informazio gunea ere badaude. Toki honen beste bitxikeria da nola aulkiak sakabanaturik dauden. Norberak nahi duen tokira eramatea dago. Horrela izanik, eguzki bila joan gara plazaren erdiguneraino eta hantxe bazkaldu dugu, katedralaren edertasunaz lagundurik. - Harrigarria da, ikaragarri altua da! Gustatzen al zaizu, Eki? - Nik ezagutzen nuen! - Nola ezagutzen zenuela? - Bai, nik eliza ikusita neukan. - Baina nola? Argazki batean? Inoiz ez gara hiri honetara etorri! - Ez, zuekin ez, zuek jaio baino lehen ni etorri nintzen hona eta eliza ikusi nuen. - Eta norekin etorri zinen? - Lagun batzuekin, gure bizikletak hartu genituen eta egun bakar batean

Donostiatik hona iritsi ginen.- Semea budista atera zaigu… Minutu gutxi batzuk geroago hileta ospakizun baten bukaera izan da eta

beltzez jantzitako jende andanak inguratu gaitu. Berriz ere aulkiak hartu behar izan ditugu eta plaza erdigunetik atera bazkari ibiltaria bukatu ahal izateko.

Ulmek, katedralez gain, beste ikur bat ere badu, pertsona jakintsu baten jaioterria izan baizen: Albert Einstein, XX. mendeko zientzialaririk ospetsuena.

Baina hirian badago beste zerbait benetan deigarria, guretzat behintzat. Hiri honetan txirrindularia bazara (eta hori oso arrunta da) eta aldi berean gurasoa, baina umeak gurditxo batean eramaten ez badituzu, xelebrea zara. Gurditxo izurria dago hiri honetan.

Xelebrekeriatzat ere hartu du saltxitxa saltzaileak nire aukeraketa. Mostazarik ez, ketchupik ez eta tipula bai esan diodanean harridura aurpegia jarri dit eta “giri hauek!” bezalako adierazpena asmatu dut haren ezpainetan. Atzerritar batek

txitxardin plater batean ketchupa botako duela esango baligu, berdin pentsatuko genuke guk; beraz, ulergarria da saltzailearen aurpegia. Mila eta bostehun saltxitxa mota ezberdin omen daude baina, itxuraz, saltxitxa tipularekin ez omen dago sailkapenean. Benetan goxoa nahasketa, baina Bismarckek esaten zuen eran, hobe ez jakitea saltxitxak eta legeak nola dauden eginak…

Ulmetik atera gabe gure hurrengo helburua ikusi ahal izan dugu. Ibaiaren bestaldean Neu-Ulm, hiriaren zati berria, Bavariako estatuan. Bihar Baden- -Württembergeko atea itxiko dugu eta Bavariakoa ireki.

Bavaria (2009ko apirilaren 23a) Bidaia hasi aurretik hainbat lekuk garrantzi handiagoa zuten. Bavaria horietako

bat zen. Zergatia ez daukat oso argi, beharbada bertakoa den Halevou lagunaren eragina izango zen, agian ezagunagoa delako, agian bertako garagardoaren ospea edo Munichena, Alemaniako estaturik handienaren hiriburua delako… ez dakit.

Arrazoi bategatik edo besteagatik, Land honetan sartu garenetik begiak irekirik ditugu. Ematen du aurreikusitako itxaropenak bete nahi ditugula eta horrela izan da. Egia da elizaren eragina begi-bistakoa dela, saltxitxak eta garagardoa, monasterioak, eliza barrokoak eta gazteluak nonahi daudela eta herrietan nekazaritza eta hirietan industria nabarmenak direla.

Bavarian gustura gaude eta Ingolstaden, iritsi garen hiri honetan, ere bai. Aterpetxean hartu dugu ostatu, garai bateko fortean, bertako zaindariak azaldu didanaren arabera. Aterpetxeetako erabiltzaile txartela erakutsi diogunean Tourrean gure herriko taldea ikusi duela esan digu, kolore laranjaz jantzirik daudela. Ohi den bezala, errespetatu beharreko arau guztien errepasoa egin dit. Azalpen luzea eta toki gehienetan berdintsua izan arren, ez zait oso astuna egiten. Ez dakit zergatik, baina Alemanian jendaurrean lan egiten duten gehienek dena ongi azaltzeko eta zalantzak argitzeko gaitasun edo jarrera berezia dute.

Arratsaldean, ohi bezala, jolastokira joan gara. Hasiera batean play-grounda non zegoen galdetzen genuen, baina Spielplatz esanda hobeto ulertzen digute. Egiten ari garen jolastokien master honetan era guztietakoak daude, baina askotan txirrista ausardiaren proba izaten da, eta bizikletako kaskoa erabiltzea egokia dirudi. Gaurkoa lur azpian doan tunel bertikala da. Eki eta biok behin eta berriz elkarrekin jaisten ibili gara.

Page 21: Ipar gazi hego geza

21

Une batean jolastokitik hurbil dagoen bizikleta-denda erraldoi batera joan naiz. Gurditxoaren kisketa edo pasadorea babesten duen gomazko tapakia puskatzen ari da eta erabat hautsi baino lehen berria erosi nahi dugu. Bizikleta-denda baino gehiago, bizikleta-supermerkatua zen eta era guztietako gauzak zeuden. Behar duguna aurkitu dut, baina solte ez dago salgai, beste artikuluekin batera erosi behar da derrigorrean. Ez erostea erabaki dut, saiatuko gara beste hiri batean aurkitzen puskatu baino lehen. Espero dut ez damutzea.

Gaurko eguna animoak kentzen dituen horietakoa izan da. Ingolstadetik atera

baino lehen elizaren freskoa ikusi nahi genuen, munduko handiena omen da eta. Baina sartu behar ez genuen bide batetik joan gara eta bidea luzatu egin zaigu. Elizara iritsi garenean Lur lo zegoen eta ez gelditzea erabaki dugu. Geroago, hiriko irteeran ere nahastu gara pixka bat. Kilometro bat gehiago baino ez dugu egin, baina eguna horrela hasteak amorrua ematen du. Horrelako egoeretan umeekin bidaiatzearen zailtasuna sumatzen da. Bakarrik joaten ginenean bat, bost, hamar edo batzuetan aurreikusita genuena baino 20 kilometro gehiago egitea berdin zitzaigun, baina Eki eta Lurrekin joanda etaparen iraupenak garrantzi handiagoa du.

Ibilbideko seinaleak ere urriagoak izan dira gaur eta batzuetan ez zetozen bat gure mapekin. Bukaera Neustadt herrian pentsatua genuen baina bertara iritsita ez dugu lotokirik aurkitu. Ostatu batzuk itxita zeuden, beste batzuk, berriz, beteta. Horietako batean tokia bazegoen baina arropa garbigailua erabiltzerik ez. Bertako nagusiari azaldu diot garbigailua behar genuela eta saiatuko ginela beste bat topatzen. Besterik aurkitu ez dugunez, azkenean toki berera itzuli behar izan dugu eta nagusiak, haserre lehenbizikoan onartu ez dugulako, ez digu gela eman. Lelo aurpegiarekin geratu naiz. Bero egiten zuen, bi umerekin ginen, nekatuta, baina horrela izanik ere, Bad Göggingera, hurrengo herrira joan behar izan dugu ostatu bila.

Baina Ekik animoak altxatu dizkigu: - Lasai, aita, seguru hurrengo herrian parke hobea dagoela.

Eta horrelaxe izan da. Jolastoki hobea eta, gainera, ondoko guest housean gela bat aurkitu dugu, arropa garbigailu, sukalde eta guzti. Etxeko familiak oso harrera ona eta erraztasun guztiak eman dizkigu. Animoak berreskuratu ditugu. Jolastokian geratu naiz Lur eta Ekirekin, Rosa aurreko herrira erosketak egitera

joan den bitartean. Ezinezkoa zirudiena lortu dugu. Bederatzi eta erdietarako arropa garbigailua jarri eta ederki afalduta eta dutxatuta, bi umeak lo zeuden.

Gustura egin dugu lo etxe honetan. Irmgardek, etxekoandreak, panpinak

egiteko lantegia du eta umeentzako ikastaroak antolatzen ditu. Gaur mezatara joango dira, jaunartzeak daude eta horregatik Bavariako soineko tipikoa jantzi du.

Familiako beste kideak ere ezagutu ditugu. Wolfgang senarrak eta Lucas, Elias eta Samuel semeek gure bidaiaren nondik norakoak ezagutu nahi zituzten, eta horretaz hitz egin dugu gosaldu ondoren. - Wonderful, wonderful, it’s a very nice trip! (Zoragarria, zoragaria, oso bidaia

ederra da!) Behin eta berriz errepikatzen zuen Irmgardek. Solasaldiagatik eta jolastokian Eki eta Lur gustura zeudelako kostatu zaigu

ateratzea. Eguerdian bizikleta gainean geunden. Pedalei eragiten hasi bezain laster Ekik eta Lurrek lo hartu dute. Ibilbidea bukatu arte ez dira esnatu; gauzak horrela, samurra izan da. Gogorrena bukaeran iritsi da. Kelheim herriko aterpetxea mendi gainean dago. Bertara doan errepideak %22ko igoera du; beraz, bizikletak bultzatuz, oinez igo behar izan dugu. Iristeko trabak, baina behin iritsita denak ziren erraztasunak. Herrian ere berdin. Txirrindularientzako argibide-gunea dago eta, ondoan, bizikletentzako aparkaleku estaliak daude. Tren-geltokietan ikusi ditugunak bezalakoak. Metalezko etxetxoak dira. Zorroak askatu gabe bizikleta bana sartzen da bakoitzean. Txirrindulariek bertan uzten dituzte bizikletak eta lasai asko doaz bazkaltzera edo herria ezagutzera.

Aterpetxean jai bat ospatzen ari ziren baina bukatu denean giltzak eman dizkigute eta bakarrik geratu gara. Garaiera horretatik ilunabarra ikusi dugu eta gau lasaia izan dugu.

Beldurrez jaitsi dugu atzoko aldapa. Daramagun pisuarekin ezin zaie hainbeste

eskatu galgei, baina ongi moldatu gara. Bi zatitan egin dugu gaurko etapa. Bazkaltzeko garaian erreka baten ondoan

emearen bila aritzen ziren ahate arren borrokak kontenplatu ditugu. Egunaren bukaeran hiri eder batera iritsi gara, Regensburgera. Bertako

aterpetxea ere maila berekoa da. Dena ongi zihoan gaur, baina arratsaldean

Page 22: Ipar gazi hego geza

22

telefonoa piztu dugunean aurrezki kutxatik mezu bat iritsi zaigu. Kreditu txartela blokeatu digute eta berria Donostian dago jasotzeko prest. Poltsikoan hirurehun euro baino ez zaizkigu geratzen. Gure alde dugu Europako hiri handi batean gaudela eta errazago egingo zaigula arazoa konpontzea. Inoiz ez dugu nazioarteko diru bidalketarik egin eta ez dakigu nola egin behar den. Familiakoei SMS batzuk bidali dizkiegu, Miyuki eta Eneko lagunei ere bai. Bihar konpontzen saiatuko gara.

Berriz ere umeekin bidaiatzearen zailtasuna nabaritu dugu. Bakarrik egonez

gero dirurik gabe geratzen bagara, egoera ez da hain larria, baina Eki eta Lur tartean egonda ezberdina da. Une batez larritu gara. Ekik berehala nabaritu du gure urduritasuna eta zergatia galdetu digu. Era apalean azaldu diot eta berak, Beatrix Potteren ipuin bat gogoratuz, honako ondorio hau atera du: - Orduan, ez bada konpontzen, jostuna bezain pobreak izango gara?

Baina konponbidea berehala iritsi da. Miyuki, Eneko eta amonen eskutik etorri da. Deutsche Post Bankeko bulego batean diru bidalketa jaso dugu. Txartel berria, berriz, Halevouk ekarriko digu Munichera. Arnasa hartu dugu lasai, ez gara izango jostuna bezalakoak.

Arazoa konpondurik, hirian turismo pixka bat egin dugu. Hemen Oskar Schindler bizi izan zen, Spielbergek zinemara eraman zuen zerrendaren historiakoa. Berriz ere gogoeta tristeak bazter hauetako historian.

Hiriko parkean hainbat ordu igarota aterpetxera itzuli gara. Daukagun gela suite bat da eta komuna eta dutxak ere gela barnean ditugu. Bizikletak uzteko tokia ere oso zabala da eta ederki gordeta daude. Ez da harritzekoa, txirrindulariak ohiko bezeroak dira aspalditik. Sarrerako argazki batek zoragarri erakusten duen gisan, badira ehun urte baino gehiago aterpetxe honetara txirrindulariak etortzen hasi zirela. Argazkian garai horretako txirrindulari taldea ikusten da, garaiko kanbiorik gabeko bizikletekin aterpetxe parean larruzko zorroak prestatzen.

Aterpetxeko langileak ere bezeroekin oso jatorrak. Gosaria ez da gutxiagorako, oso oparoa da. Gaur ere bertako jantokian afaldu dugu. Hamaika euro ordaindurik bapo geratu gara laurok. Jantokiko arduradunak zorrotza dirudi hasieran, baina pertsona atsegina da. Nerabeak dira ohiko bezeroak eta ederki daki lehenbizikoan itxura malgua emanez gero gainean dituela denak. Horregatik, jatetxean sartu bezain laster jateko protokoloa eta arauak errepasatzen ditu, ozenki, Bigarren

Mundu Gerrako militarren doinu mehatxagarria erabiliz. Baina gero, afaltzen ari zaren bitartean, txantxetan aritzen da etengabe.

Une honetan bi nerabe talde daude aterpetxean. Lehenbizikoan neska alemaniarrak daude. Itxuraz, Euskal Herriko neskek baino obsesio txikiagoa dute beraien irudiarekin, naturalagoak dirudite. Bigarren taldean mutil turkiarrak daude. Azken horien portaerak nire garaiko nerabeena gogorazi dit. Jolas leunena txorro-morro-piko-tailo-ke da eta beraien arteko borrokak ohikoak dira. Neska alemaniarrak baino askoz zaratatsuagoak dira. Gauean Rosak bitan isiltasuna eskatzera atera behar izan du jangelako arduradunaren doinu berarekin.

Gure ezgaitasunen kontura barre egiten bukatu dugu eguna. Eki eta Lur lo zeudela, egunean Rosak eta biok elkarri esaten diogunaz barre egin dugu. Hilabete joan dela eta oraindik sukaldera ez naizela hurbildu eta umeen zorroak eta arropak bere ardurak direla leporatu dit Rosak. Ni, berriz, Viajes Halconeko gida baten kutsua hartzen ari naizen argudioarekin defendatu naiz. Ibilbidea zehaztu, lotokia bilatu, hizkuntza arazoak konpondu, egunekoa planifikatu… horiexek direla nire ardurak.

Gure izaerak ere oso ezberdinak dira. Rosak detaile txikiak asko begiratzen ditu, baina nire ustez orokortasunean interesik ez du. Niri kontrakoa gertatzen zait, eta hau gure eguneroko portaeran islatzen da. Oraina eta geroari ematen diogun garrantzia ere ezberdina da. Rosa orainaldian bizi da bete-betean. Nire ikusmira, berriz, hein handi batean etorkizunean dago. Bizikletaz goazenean kotxe edo zulo bat badator, beti ikusiko dut nik lehenago, baina muturraren parean dugun edozer galduko dut.

Gaur eguna okertu da. Straubingeko aterpetxera nekatuta iritsi gara eta

arratsaldeko bostak arte ez zuten irekitzen. Gutxi bazen, arratsaldean euria hasi du. Aterpetxean pertsona bat aurkitu dugu. Ez genekien zein zen. “Kein Englisch” esanda eta bere amorrua erakutsita eman digu “ongietorria”. Bizikletak gordetzeko baimena eskatu diogu, baina argi zegoen ulertzeko ahaleginik ez zuela egin nahi. Baimenarekin edo baimenik gabe bizikletak aterpetxeko biltegi batean sartu ditugu eta zoologikora joatea erabaki dugu.

Autobusaren zain luzaroan egon gara, baina autobusik ez da etorri eta inork ez zekien noiz etortzekoa zen. Azkenean hiritik kanpo dagoen zoologikora iritsi gara. Plastikozko kapa batzuk erosi ditugu eta aterki batzuk utzi dizkigute zoologikoaren sarreran. Zoologikoan gu gara bakarrak, eguraldi honekin beste inor ez da etorri.

Page 23: Ipar gazi hego geza

23

Zoologikotik itzulita eguraldiak hobera egin du. Hiritik paseotxoa egin ondoren aterpetxera iritsi garenean lehengo gizonaren emaztea aurkitu dugu. Bertan bizi dira biak eta etxeko sukaldean hartu dizkigute datuak. Biharko gosaria zazpi eta erdietan izango da. Besterik ez dago. Gaurkoa salbuespena da, hau ez da Alemaniako aterpetxeetan jaso dugun tratua.

Deggendorfera iristeko asmoa genuen, baina euriak Bagenen geldiarazi gaitu.

Eta askotan gertatzen den bezala, aurreikusita ez zegoena interesgarriena izaten da. Herri honetan paseotxo atseginak egin daitezke eta arratsaldean, eguraldia lagun izanik, mendi tontorrean dagoen baselizara igo gara. Goitik oso bista ederrak daude eta goizean ibaiaren ondoan jarraitu dugun ibilbidearen kilometro batzuk gogoratu ahal izan ditugu.

Berriz ere herrira jaitsi garenean txaranga baten musikari jarraitu eta aspaldiko ohitura bat ikusi dugu. Bavariako herri askotan oraindik eusten diote germaniar paganismoan sustraiak dituen Maibauma (maiatzeko zuhaitza) altxatzeari, eta gaur ikusi ahal izan dugu. Herriko musikariek eta umeen desfileak lagundurik herriko plazaraino eraman dute enbor sendo eta luzea. Hantxe, talde lan bikaina eginez eta zuzendariaren aginduei jarraituz, protokolo handiz pixkanaka-pixkanaka altxatu dute makila. Bavariako zuri-urdin koloreekin margoturik, txukun apainduta zegoen makila. Enborraren bi aldeetan herriko ohiko lanbideen irudiak zintzilikaturik zeuden. Horrela, antzina herrira iristen zenak bazekien zer motatako artisauak aurki zitzakeen.

Gaur bai, Deggendorfera iritsi gara. Bide motza eta arina egin dugu.

Hamarretarako iritsi gara eta herriko plazan dagoen hotelera joan gara. Iragarritako trumoiak arratsaldean etorri dira eta ibai ondoan dagoen jolastokian ordu batzuk igaro ondoren garagardoaren azokara joan gara. Azokarik ospetsuena ez izan arren dezente ezaguna omen da. Aurkitu dugun Valladolid eta Kantabriako bi neskek horrelaxe azaldu digute behintzat. Bata hemen ari da lanean eta bestea Bruselatik etorri da ahizpari bisita egitera. Ekik ez die hitzik esan. Gaztelaniaz hitz egiten lotsatu egiten dela esan digu gero. Azokara hurbildu gara eta ferietan ibili da Eki. Ikusi ditugun ohiko jantzi batzuk oso ederrak ziren. Nire ustez hau izan da

azokako osagarririk deigarriena. Jantzi gehienak emakumeek janzten zituzten. Beste guztia gure herrietan antolatzen diren garagardo jaietakoa bezalakoa iruditu zait. Jende andana zebilen eta zarata ere handia zen. Karpen azpiko giroa ez zen oso aproposa umeekin ibiltzeko; beraz, berehala atera gara eta lasaitasunaren bila itzuli gara hotelera. Plazan dagoen turkiar jatetxera jogurt bila joan gara eta kilo bateko potea oparitu digute. Gauean, jogurt gaindosiaren ondoren, Ekik txapetan jolasten ikasi du. Jolasen zerrenda handitzen ari da eta txapekin badugu beste baliabide apal bat ongi pasatzeko. Jolasez gain MP3 batean ekarritako Pirritx, Porrotx eta Marimototsen musika ere baliagarri zaigu Eki entretenitzeko, eta hortxe ibiltzen gara laurok dantzan eta kantuan: - Maite zaitut, maite-maite zaitut, pila-pila-pila patata tortilla♫…

Ekialderako norabidea utzi dugu eta Danubioren ibilbidea ere bai. Halevou

lagunaren etxera joateko asmoz, Munich aldera doan Isar ibaiaren ibilbidetik jarraitu dugu.

Orain arte Danubio ondotik gehienetan asfaltotik joan gara. Hemen ez da horrela. Ibilbidea belar arteko pista batetik doa. Hainbeste zulorekin ibilbidea ez da egokiena umeek lo egiteko, baina oso ederra da, naturala eta lasaia. Hainbat tokitan ura eta zuhaitzen koloreak liluragarriak dira, eta inbidia sortu dit. Egia da gure herrian Leitzaran, Bidasoa edo Urola moduko ibaien ondoko ibilbideak baditugula, baina zergatik ez luzeagoak, hobeak eta ibai gehiagotan?

Pistako egoeraren ondorioz Lurren loa motza izan da gaur. Niederpöringenen hamaiketakoa inprobisatu dugu belodromo baten ondoan estrategikoki kokaturiko parkean.

Landau an der Isar herrian bukatu dugu eguna eta herri zatarra iruditu zait. Maldan du kaleen erdia eta kotxeen zarata nabarmena da. Orain arteko herrietan oinezkoak eta bizikletak ziren protagonistak; honek, ordea, Schumacherren paradisua dirudi. Kotxe tuneatuak nonahi, baita motor zaratatsuak ere, espaloirik ez… beste herrialde batean gaudela dirudi.

Suhiltzaileen ospakizuna zegoen gaur. Desfilearen atzetik joan gara korrika, baina eliza batean sartu dira meza entzuteko. Berriz ere erlijioa nagusi Bavarian.

Page 24: Ipar gazi hego geza

24

Gaur ere egun lasaia, korapilorik gabekoa. Arazo bakarra Ekik aurpegian hartu

duen kolpea. Dingolfingeko jolastokian txirrista batetik jaisten ari ginela nire sorbaldak eta Ekiren buruak talka egin dute, eta aurpegiarekin txirrista jo du. Zorionez begia libratu da eta egun batzuk barru sendatuko zaio.

Igande honetan toki guztietan jaunartzeak daude eta familiak jaia ospatzeko biltzen dira.

Aurrera begira jarri gara. Halevouren etxera hurbilduko gara, baina gero nora joango gara? Aukera batzuk daude. Danubio, irakurri dugunez, oso samurra omen da Vienaraino. Vienatik aurrera ere, Budapesteraino egokia omen da baina hortik aurrera zaildu egiten da, antza. Bestalde, Elba ibaia ere oso ongi egokitua dago bizikletaz ibiltzeko. Urrunago, Ipar Itsasoaren ibilbideak ere erakargarria dirudi. Aurrera egingo dugu eta Halevouren etxean erabakiko dugu. Bitartean Alemaniako aukerak aprobetxatzen jarraituko dugu. Aukerak eta ondorio txarrak… Rosak bere amarekin telefonoz hitz egin du. Amak txerrien gaitzaren berri eman dio kezkaturik. Munduan zer ari den gertatzen ez dakigu, hedabideetara ez gara hurbiltzen. Alemaniako saltxitxaren sindromea laurok harrapatu dugula uste dugu. Berdin da non, berdin nor dagoen aurrean, “familie eau de kloake” goitizena ederki irabazten ari gara. Bi bakarrik ginenean erraza zen erruduna aurkitzea, baina orain lau izanik nekezago egiten zaigu. Lurrek oraindik defendatzeko gaitasun gehiegirik ez duenez, berari egokitzen dizkiogu familiako puzker gehienak.

Landshut herriak jomuga erakargarria zirudien gaurko, eta aurreikusitakoa bete

du. Honaino iristeko ibilbidea ere zoragarria izan da. Aterpetxea bilatzeko boluntario baten laguntza izan dugu. Aurreko batzuetan gertatu zaigun bezala, mapari begira jarri bezain laster, bidea azaltzeko asmoz etorri zaigu gizon bat. Bidea eta herrian prestatzen ari den ospakizunaren berri eman digu. Geroago mutil bat hurbildu da. Bere neskarentzat lurrina non eros dezakeen galdetu dit. Bizikletak eta traste guztiak nire ondoan nituen, eta hala ere bertakoa naizela pentsatu du. Despistatu samarra mutila, baina despistatuak ere errumaniarrak, nederlandarrak edo hungariarrak ote garen galdetu digutenak ere. Itxuraz, gure jatorria asmatzea ez da erraza.

Landshut herri zoragarria da. Kale nagusiak eta ondoko kaleek ipuin batetik aterata dirudite. Alemanian arrunta den moduan, kale horiek harrizkoak dira eta

hemengo berezitasuna etxeetako koloreak dira, etxe bakoitzak kolore ezberdina dauka. Etxe zaharrak dira, erdi aroko herria dirudi. Aterpetxea gaztelurako aldapan dago, hiriaren erdialdetik oso hurbil. Umez beteta dago. Regensburgen ahaztu genuen aterpetxeetako erabiltzaile txartela eta oraindik ez dugu berreskuratu, baina aterpetxeko arduradunari arazoa azalduta trabarik ez digu jarri.

Datozen egunetarako eguraldiaren iragarpena begiratu dugu. Euria dator. Bihar trena hartuko dugu. Halevouri SMS batzuk bidali dizkiogu eta bihar bere etxera joango garela adostu dugu. Halevou ikusteko irrikaz gaude.

Lagun artean (2009ko maiatzaren 5a) Iragarpena bete da eta egun bustia da. Ziztu bizian hurbildu gara tren-geltokira.

Hantxe azaldu didate Munichen tren aldaketa nola egin. Munichera iritsita, tren- -geltokitik atera gabe, metroa hartu beharko dugu Holzkirchen herriraino, Halevouren ama bizi den tokiraino.

Azalpena oso zehatza izan da eta jasotako argibideekin samurra egin zaigu Holzkirchenera iristea. Tren-geltokian Halevou zegoen gure zain. Berarekin Aingeru eta Johanna txikiak. Lasaigarria izan da bera aurkitzea. Duela aste batzuk ezagunik ikusi gabe egon ondoren, Halevouk ilusioa eta indarra eman dizkigu.

Corneliak, Halevouren amak (Omi Aingeru eta Johannarentzat) ongietorria egin digu eta gu horrela sentitzen saiatu da.

Halevouren aita ez dago etxean, belaontzia du eta Balear Uharteetan dabil orain. Argazkilaria, margolaria eta idazlea ere bada gizona. Tamalez ez dugu ezagutuko.

Lo kuluxka egiteko paseatzera eraman dut Lur gurditxoan eta bide batez herria ezagutzeko aukera izan dut. Holzkirchen, edo “egurrezko eliza” (Holz: egurra, Kirche: eliza) ez da oso handia eta ez du turistentzako erakargarritasun berezirik. Horrela izanik ere, lagun artean oso gustura gaude.

Gaur Munichen eman dugu eguna Halevouren familiarekin. Osaba ere etorri

da, oso pertsona atsegina eta turismoa egiteko gidari ezin hobea. Goizean Deutsches Museum erraldoira joan gara. Han itsasontzien eta meategien erakusketak ikusi ditugu. Halevouren familiak ekarpena egin dio museo honi. Birraitonak egin zuen eta ur azpian ibiltzeko balio duen jantzi berezia bertan

Page 25: Ipar gazi hego geza

25

ikusgai dago. Gainera, hori ez da birraitonaren asmakizun bakarra, badu beste garrantzitsuago bat: Baltikoa eta Ipar Itsasoa lotzen dituen Kiel kanalaren egitasmoa sortu zuen. Gogoan dut Kiel kanala. Kielekoa zen Nadja, ikasle garaian izan nuen laguna. Berarekin ere oso bidaia berezia egin nuen. Kalifornia eta Nevadara joan ginen euskal pilota irakastera. Geroago Nadjak bere herriko gauzarik ospetsuena ezagutzera eraman ninduen. Urte batzuk geroago horren sortzailearen familiakoak ezagutu ditut. Txikia mundua.

Eguerdian museoan bertan bazkaldu dugu eta arratsaldean umeen erakusketa ikustera joan dira denak, Lur eta biok izan ezik. Lurrek lo egin behar zuen. Gurditxoan sartu dut eta interneten aurkitu dudan bizikleta denda batera joan naiz. Ingolstadten erosi ezin izan nuen gurditxoarentzako kisketaren gomazko babesgarriaren bila joan naiz. Denda hori banatzaileen zerrendan azaltzen zen gurditxoaren markaren webgunean. Denda aurkitzea samurra izan da eta behar genuena bazuten. Erosi ondoren, Lur oraindik lo zela Marienplatzera joan gara Halevouren familiakoekin biltzera. Esan ohi den legez, Munichen bide guztiak Marienplatzera doaz eta bertan tipikoena karilioia ikustea da, Alemaniako handiena omen baita.

Ekitaldi horrek ez du biltzen Oktoberfest jaialdi famatuak adina bisitari baina egunero, hiru aldiz, karilioiaren musikaz lagundurik, panpina batzuek hiriaren historiako pasarte batzuk gogorarazten dituzte, turista andanen gozamenerako. Panpina bakoitzak esanahi ezberdina du: guda, izurritea, heresia eta gosea.

Geroago beste erakargarritasun bat erakutsi digu Konrad osabak: Teufelstritt delakoa. Usadioak dioenez, Jörg von Halspach (eliza eraiki zuenak) deabruarekin akordio bat lortu zuen. Adostutakoari jarraituz, leihorik gabeko eliza eraiki behar zuen. Lanak bukatu ondoren deabruari eliza erakutsi zion. Elizak leihoak zituen, baina elizaren toki zehatz batetik begiratuta zutabeek leihoak ezkutatzen zituzten. Hasieran deabruak sinestu egin zuen, baina gezurra zela konturatu zenean, amorratuta, urrats sakona eman zuen eta bertan utzi zuen aztarna.

Urteak joan badira ere, aztarna bertan dago oraindik, elizaren sarreran. Zerbait ezberdina aurkitzea espero nuen, benetako deabru bati dagokion eran. Ez naiz hori pentsatu duen bakarra. Ekik ere, ipuin bateko pertsonaiak gogoratuz, antzeko komentarioa egin dit: - Baina aita, hau zein da, deabruarena edo Joselontxoren aztarna? Deabruak

botarik ez du, hanka-hutsik ibiltzen da eta atzaparrak ditu! - Bai, Ekitxo, baina badakizu deabrua mozorrotzen oso trebea dela. Elizara

sartzeko zapatak jantzi behar izan omen zituen, bestela elizako zaindariak ez lioke sartzen utziko.

Egun ezberdina gaurkoa. Pedalkadarik ez, baina nekagarria da umeekin hirian turismoa egitea.

Gaur Halevouren etxean eman dugu eguna. Kontu batzuk egiteke genituen eta

egin ditugu. Bizikletari eta gurditxoari arreta jarri diet. Garbiketa sakona, olioa eman eta hainbat detaile hobeto estutu ditut. Etxe honetan arazo batzuei irtenbidea aurkitu diegu. Kreditu txartel berria Halevouk ekarri digu eta Regensburgen ahaztu genuen aterpetxeetako erabiltzaile txartela postaz bidali digute. Neguko jantzi batzuk hemen utziko ditugu eta arinagoak diren beste batzuk Halevouk ekarri dizkigu Donostiatik. Atzerrian txartelarekin dirurik ez ateratzearren eman genion dirua ere ekarri digu.

Lagun baten deia ere jaso dugu, Roge Blascorena, hain zuzen ere. Hain arrakastatsua den Levando Anclas irratsaiorako elkarrizketa egin digu. Rogerekin hitz egiteak etxera hurbildu gaitu. Elkarrizketa guri egin digu, baina etxe honetako edonorekin hitz eginda aise aurkituko luke gaia bere irratsaioetarako.

Halevouk berak hainbat buelta eman ditu. Donostiako Mikelekin Usurbilen bizi den bavariar horren bihotzaren zati bat Bolivian dago. Kolaboratzaile lanetan bolada batean bertan aritu zen eta haren izaeran eragina izan zuela dirudi.

Aingeru eta Johanna txikiek dagoeneko ederki ezagutzen dute Bavaria eta Euskal Herriaren arteko bidea. Nazioarteko familia izateak horrelako ondorioak dakartza.

Halevouren aita ere, jaiotzez lehorreko gizona izan arren, itsasgizon bihurtu zen eta munduko itsaso zabaletan ibilia da. Haren emazteak, Corneliak, kostaldekoa izan arren ez du belaontzia hainbeste maite. Baina ez da etxean gelditzen den horietakoa. Datorren hilean, esaterako, Asia aldera joango da.

Baina beharbada familia honetan deigarriena aitonaren historia da. Aitona zikloturismoaren aitzindaria izan zen, hogeigarren mendearen hasieran Alemaniatik Egiptora bizikletaz joan baitzen. Ez dut uste garai hartan oso arrunta izango zenik.

Danubiora berriz (2009ko maiatzaren 8a) Orain arte hainbat tokitan gustura sentitu gara, baina agurrak errazak izan dira.

Gaurkoa ezberdina izan da. Halevouren etxean egon garen egun hauetan oso

Page 26: Ipar gazi hego geza

26

eroso sentitu gara. Lagunen etxean egon gara eta gaurko agurra lagunei eman diegu.

Etxe honetan ederki dakite bidaiariei laguntzen. Azken unean ere beraien laguntza behar izan dugu. Trena hartzeko ordua gainean geneukan eta korrika ibili gara denok.

Trena ateratzear zegoela ate ondoan bildu gara bi familiak. Kanpoan lau, barnean beste lau. Hor Halevou, Omi, Johanna eta Aingeru. Hemen Rosa, Lur, Eki eta laurok. Azken agurrean abesti batek batzen gaitu: - Ja, wir sind mit dem Fahrrad da♫(baiiiii, bizikletaz etorri gara♫)

Trena atera da, atzean utzi ditugu doinua eta lagunak. Aurrean beste lagun zahar bat dugu zain: Danubio ibaia.

Trenean, usadioari jarraituz, Ekik eta Lurrek lo hartu dute. Loa errazteko sabela pretzel batzuekin bete dugu. Gosea asetzeko aise aurkitzen den baliabidea da. Zortzi itxurako gari irinaz egindako opil hauek Europako erdi aroan dute jatorria. Ordutik hona irautea, hain goxoak izanik, ez da harritzekoa.

Passaura iritsita Lur esna zegoen, baina Eki lo seko. Zorionez Passaun ibilbidearen azken tren-geltokia dago eta traste guztiak trenetik jaitsi ahal izan ditugu Eki esnatu gabe. Gero, erdi ahaztuta genuen protokoloa berreskuratu dugu. Ni ostatu bila joan naizen bitartean, Rosa eta umeak Inn ibaiaren ondoko parkean geratu dira.

Bertan, arratsaldeko eguraldi goxoa aprobetxatuz, hiriko gazte koadrilak biltzen dira elkarrekin eguzkitan egoteko. Passaun hiru ibai biltzen dira: Inn, Danubio eta Ilz. Altstata edo hiri zaharra, lehenbiziko bien artean dago. Veste Oberhaus gotorlekua berriz, azken bien erdian dago. Gotorlekua 1219an eraiki zen ibaietako merkataritza kontrolatzeko. Haren arkitekturan gotikoa, errenazentista eta barrokoaren arteko estilo nahasketa dago. Napoleonen garaian austriarren aurkako garrantzi handiko gotorlekua izan zen. Horren ondoan, hiriko aterpetxea dago.

Gure mapan aterpetxea ibaiaren ondoan azaltzen da eta horra joan naiz ostatu bila. Eskala txikiko eta altuera mailako lerrorik gabeko mapetan dagoen arriskua bete da. Aterpetxea mendi tontorrean dago, izugarrizko aldapa baten ondoren. Goraino igo naiz, baina goiko bista ederrarekin gozatu ondoren, behera jaitsi naiz ziztu bizian. Dena den, goitik ikusitakoak merezi izan du igoera. Passautik aurrera hiru ibaiek izen bakarra izango dute: Danubio. Baina Danubio ez da ur gehien jartzen duena. Passaura iritsita Inn ibaia zabalena da eta haren uraren koloreak beste bi ibaietakoei borroka irabazi egiten die: Ilz ilunena, Danubio pixka bat argiagoa eta Inn argiena. Nahasketa horren emaitzan Inn garaile ateratzen da.

Gertakizun hau aldez aurretik ikusia genuen Google Earthen bitartez, baina tokian bertan ikusi ahal izatea ederra izan da.

Aterpetxea urruti eta altuegi dago ume eta traste guztiekin igotzeko. Azkenean, hiri erdiko pentsio batean gela erreserbatu ondoren familiaren bila joan naiz.

Halevouren etxean jantzi potoloenak utzi ditugu eta arinagoak hartu ditugu. Kaskoak ere bertan gelditu dira. Arrisku handiagoa dago eguzkipean, istripu bat izateko aukeretan baino. Eki eta Lurrentzat hasieratik ekarri genituen txanoak, baina gureak hemen erosi ditugu. Hiriko jarduera komertziala ezagutzeko aitzakia izan da, baina hiri handi gehienetan berdintsua izaten da, eta hemen ere bai.

Passaun nabarmena da txirrindularien presentzia. Donaueschingenen espero genuena Passaun aurkitu dugu. Bizikletak konpontzeko eta alokatzeko aukera zabala dago. Hemendik Vienara arteko tartea da tipikoena eta enpresek gehien eskaintzen dutena. Izango al da hau munduko zikloturismo ibilbiderik garrantzitsuena?

Zikloturismoaren sehaska (2009ko maiatzaren 9a)

Gaur beste ibilbide bati ekin diogula sentitzen dut. Danubiori berriz ere jarraitzeak pozez bete gaitu. Dena den, ibilbidearen hasiera ez da guztiz atsegina izan, errepide baten ondotik baitzihoan. Geroago errepidearen konpainia utzi dugu eta askoz lasaiago ibili gara. Ibaiaren ingurua bailara ederra da orain, baso itxia bi aldeetatik. Zama- eta turismo-ontzien presentzia ere errepikatzen da. Turismorako azpiegitura gehiago dago eta txirrindulari gehiago ere bai. Gune natural baten sarreran bidea eteten zen eta derrigorrean beste ertzetik jarraitu behar izan dugu, txalupaz igaro ondoren. Baina berdin da, alde batetik edo bestetik ibilbidea atsegina da. Bide osoan ez gara asfaltotik atera eta hori ere lagungarria izan da. Bazkarirako Austrian ginen baina aldaketa gastronomikorik ez dugu sumatu. Muga noiz igaro dugun ere ez dut gogoratzen, ez dut inongo irudirik ikusi. Iragarki bakarra Linzeko Europako kultur hiriburuarena izan da, lurrean sarritan ikusi duguna.

Incelleko kanpinera joan gara. Ondoko pentsioan derrigorrean zazpi eta erdietan gosaldu behar genuela esan digute eta aukera hori baztertu dugu.

Kanpinean txekiar gazte taldea dago. Garagardo batzuk edanda afalosteko giroa berotu da eta beraien kantek eta barreek zaildu dute Lurren loa nire besoetan. Horrela izanik ere, poz-pozik nago. Zikloturismoaren paradisuan nago

Page 27: Ipar gazi hego geza

27

familiarekin. Zer gehiago eska dezaket? Plumiferoaren txanoak Lurren irribarrea ikusten uzten dit. Berak ere pozik hartu du lo. Bagoaz lotara. Bihar arte, Danubio.

Austrian ez dugu egun asko pasako. Danubio ibaiak Alpeetako maldetatik

urrun, iparretik zeharkatzen du Austria, eta herrialde honen iparra hegoa baino estuagoa da. Gainera, gaurko Austriaren lur eremuak ez du zerikusirik beste garaietako inperioarekin. Horren froga Habsburgotarren Federico III.aren AEIOU leloa. Batzuen aburuz horrela itzuli beharko litzateke: “Austria Est Imperare Orbi Universo” (Unibertso osoaren erregea Austria da); beste batzuen aburuz, berriz, honela: “Alles Erdreich Ist Österreich Untertan” (Lur osoa Austriaren menpean dago).

Alemanian bezala, Austrian ere ingurumena zaintzeko neurrietan gu baino askoz aurrerago daude. Esaterako, birziklatzeko bereiztea aukerakoa izan beharrean, derrigorrezkoa da.

Baina guztiaren gainetik Austriak musikari zor dio ospea, musika klasikoari bereziki. Vienako XII. mendeko trobadoreekin hasita, historian zehar musikari ospetsu asko jaio dira Austrian, besteak beste Haydn, Mozart, Schubert eta Strauss. Beste motako artisten artean Klimt da ezagunenetakoa.

Nik ere, orain arte Austria zerbaitekin lotu badut musika klasikoarekin izan da. Etxean ez dugu musika klasikorik entzuten, baina gogoan dut aitak urtero entzuten duela urteberriko kontzertua.

Gure bizikletak ere horretaz jabetu dira. Nireak, azken egunetan ñiki-ñiki arin- -arina jotzen bazuen ere, Halevouren etxean emandako olioarekin Austrian sartu bezain laster isildu egin da hemengo doinuak entzuteko.

Gaur Linzeraino iristeko asmoa genuen, baina ezin izan dugu ibilbidea amaitu. Lurren loa espero baino lehenago bukatu da eta uste baino lehenago gelditu behar izan dugu. Bazkarirako toki atsegina ikusi dugu, baina Lur lotan zegoenez atzean utzi behar izan dugu aurrera egiteko. Horren ondorioz, obretan zegoen interes gabeko herri bateko jatetxean bazkaldu dugu. Kanpoan bazkaltzeko bero handiegia egiten zuen eta barnean ke gehiegi zegoen. Alemanian tabernetan erretzea debekaturik dago; hemen, ostera, baimendurik.

Gaurko ibilbidea ez zaigu samurra egin. Etaparen bukaera Ottensheimenen jarri dugu eta hor ere hainbat arazo izan ditugu ostatua aurkitzeko. Buelta asko eman ditut baina ez dut ezer lortu. Azkenean kalean ikusi dudan antzerki taldekoei

galdetu diet eta beraiek arduratu dira telefonoz ostatua bilatzeaz. Emakume zahar baten etxeko helbidea eman didate eta bertara joan gara.

Eguneko unerik goxoena gauean izan da. Rosa Lur lokarrarazten ari zela, Eki eta biok kilkerren bila joan gara. Ekik iluntasuneko bilaketa hauek intentsitate handiz bizi ditu. Gaurkoak emaitza izan du. Musikari ederra zen Austriako kilkerra parez pare izan dugu. Ekik interes handiz aztertu ditu haren gorputz osoa, urrezko marra, hego kantariak eta amari balentria kontatzera korrika joan gara gelara. Lotarako ipuintxoaren protagonista Ekrikri kilkerra izan da gaur.

Etapa motza bezain interes gabekoa. Errepidearen ondoan ibili gara denbora

guztian. Linzera iritsi bezain laster aterpetxera joan gara, baina arratsaldeko seiak arte itxita zegoenez, Marktplatzetik hurbil dagoen pentsio batean bilatu dugu ostatua. Europako kultur hiriburuan ospakizuna agerian da nonahi. Autobusetan, tranbietan, eta hirira iritsi aurretik ibilbidea iragarkiz josita zegoen. Argibide gunean umeentzako ekitaldiez galdetu, baina ez dugu ezer berezirik aurkitu.

Arratsaldean hiritik hurbil dagoen mendi batera joan gara autobusez, umeentzako parke baten bila. Menditik zegoen bista zabala zen, eta industriaren garrantzia nabarmentzen zuen. Lurren zapatak autobusean galdu ditugu, baina zorionez geroago autobus berean azaldu dira.

Linz, egunez, hiri zikin eta nahasia iruditu zait, kotxez eta tranbiaz beterik. Bizikletak ikusten dira, baina ez du ematen oso erraza denik hiri erdialdetik ibiltzea. Gauean Lurren loa errazteko alde zaharretik buelta bat eman dut eta lasaia eta ederra iruditu zait. Behin baino gehiagotan gertatu zait. Bi une ezberdinetan toki beraren irudia erabat ezberdina da. Norberaren egoerak ere zeresan handia izango du iritzi horretan. Alabak besotan lo hartzen duenean nekeza da ingurukoa ederra ez iruditzea.

Gure pentsioan dagoen txirrindulari ezinduen talde batekin hartu dugu gosaria.

Danubio ibaiaren ibilbidea egiten ari dira. Horien arteko begirale batek urtero horrelako bidaia bat egiten dutela azaldu digu. Europako esparru askotatik ibiliak dira. Polonia eta Alemania arteko mugaren bazterrak bereziki gomendatu dizkigute. Trasteak furgoneta batean eramaten dituzte eta ezintasunak saihesteko

Page 28: Ipar gazi hego geza

28

trizikloak eta tandemak erabiltzen dituzte. Geroago ibilbidean aurreratu ditugu eta poz-pozik zeuden.

Bigarren talde bat ere aurkitu dugu aurrerago. Nerabe italiarrak ziren. Ikasketa bukaerako bidaia egiten ari ziren. Berrogeita hamar bat neska-mutil baziren. Denak alai, denak zaratatsu. Meritu handiko begiraleak, bai irakasle horiek, bai ezinduen taldekoak. Beraien lana ez da batere samurra, ardura handia dute eta lortzen duten emaitza ezin hobea da.

Aurrerago hirugarren talde bat ere aurkitu dugu. Hegoafrikatik zetozen. Jubilatu talde bat zen. Inoiz ez zuten bizikletaz bidaiatu eta izugarri disfrutatzen ari ziren esperientzia. Batek bere poza adierazi dit: - Now I’m younger, bike is a big friend! (Orain gazteagoa naiz, bizikleta lagun

handia dut!). Au an der Donau herrira iritsi gara. Ibilbidean ez gara busti baina herri honetara

iritsi bezain laster etengabe egin du euria. Kanpin eta parke ederrak daude herrian, baina eguraldi honekin ez dugu ez bata eta ez bestea erabiliko. Pentsio batera joan gara. Geroago atertu du, hala ere herrian ez dago inor. Irekita dagoen taberna bakarrera joan gara. Kez beterik zegoen baina gu iritsi bezain laster ke-erauzgailua piztu du nagusiak eta giroa atseginago bihurtu da. Danubioko arraina afaldu ahal izan dugu. Afaldu ondoren tabernan dauden jolasak aztertu ditu Ekik. Bat aukeratu du, Lotti Karotti, azenario eta untxien jolasa. Luzaroan aritu gara, Ekik behin eta berriz beste partida bat jokatu nahi zuela eta, eta azkenean taberna itxi dugu.

Lurrek eta Eki lo hartu ondoren familia eta lagunei SMS batzuk bidali dizkiegu. Miyukik eta Enekok txantxetan erantzun digute: Vienara iristean filarmonikari goraintziak emateko. Zuen partez.

Eguna itsusi hasi da. Ostatuetan baldintzak adostu bezain laster ordaintzeko

ohitura dugu, baina atzo ez nuen egin eta gaur atzo adostutakoa baino gehiago eskatu dit etxeko nagusiak. Eskatutakoa ordaindu diot baina narrasa da horrela ibili behar izatea. Bost euroko aldea baino ez zen, baina amorrua ematen du mesfidantza horrekin ibili behar izateak. Gehiagotan ez gertatzeko bezperan ordaintzen jarraituko dut. Orduan arriskua da esango digutela adostutako gosaria ez dagoela barne edo horrelako zerbait.

Bizikletaz ibiltzen hasi garenean ere oztopo batzuk aurkitu ditugu. Ibilbidea ez zegoen asfaltaturik eta batzuetan belarretatik joan behar izan dugu. Horrek

bizikleta arrunt batekin ia ez du garrantzirik, baina gurditxo batekin joanda larriagoa da.

Hasierako arazoak geroago konpentsatu dira. Dornachera iritsi aurreko ibilbidea ikusgarria izan da, gari soroen artetik eta baso baten erditik lurrin naturalak xurgatuz joan gara. Bukaera ere ederra, Grein an der Donau(28) herria atsegina da eta Privatzimmer (gela pribatua) ona aurkitu dugu lo egiteko. Greineko antzerkia Austrian erabiltzen direnen artean zaharrena da, baina herriko tokirik ikusgarriena gaztelua omen da eta bertara joan gara. Goitik ikusi dugun herriaren bista eta Danubio ibaiarena ikusgarriak ziren. Teilatuen gorriak, zeruaren urdinak, ibaiaren gris ilunak, bailaren berdeak eta elizaren zuriak, nahasketa orekatua osatzen zuten. Gainera, zaratarik ez.

Ibaia bare zegoen, baina beste garai batean ez omen zen horrelakoa. Herri parean zurrunbilo handiak omen zeuden eta herriko nabigatzaile batzuek eskarmentu handia zuten ibaiaren zailtasun horiek gainditzen. Maniobra horiek diru-etorri handia izan omen ziren herriarentzat, ibaitik pasatzen ziren ontziek arriskua saihesteko zerbitzua ordaintzen baitzuten. Horrelaxe kontatu digu ibai ondoan aurkitu dugun arrantzaleak, herriko ikurrean azaltzen den marrazkiaren esanahia azaldu digunean.

Guk ere herriko nabigatzaile trebeen laguntza eskatu dugu. Ibaiaren

zailtasunak ez, baina ibaiaren ezkerreko ertzetik doan errepidea saihesteko bestaldera igarotzea erabaki dugu. Txalupan beste txirrindulari batzuk bildu dira gurekin batera ibaia zeharkatzeko. Ibilbidea jubilatu talde batekin partekatu dugu eta baita gu baino gazteago eta libreago ziren umerik gabeko bi bikoterekin ere.

Geroago zubi baten gainetik igaro gara ibaiaren bestaldera, Persenbeug herrian bazkaltzeko. Baina berehala berriz ere beste ertzera itzuli gara eta Ybbs herri turistikoan bukatu dugu eguna. Herri turistikoa, baina egunaren grisak ezkutatzen ditu haren edertasunak. Pentsio txukun batean hartu dugu ostatu, eta zerbait ezberdina egin nahian jatetxe txinatar batera joan gara afaltzera: okerreko erabakia.

Page 29: Ipar gazi hego geza

29

Bart afaldu nuen plater batean zegoen haragi zatia ezin izan dut burutik kendu gau osoan. Mao Tse-Tungen garaikoa omen zen eta nire sabelak balio historiko duten jakiekin ez da oso ongi moldatzen. Egunsentian oso ahul sentitu naiz. Nire barnean zegoen guztia bota nahi nuen baina ezin nuen. Zorionez familiako kaltetu bakarra izan naiz.

Gosaltzeko piraten ardo magikoa prestatu dut. Ura, limoi zukua, azukrea eta gatza nahasturik lortzen den edari energetikoari horrelaxe deitzen diogu. Goizean zehar bi litro edan ditut eta kostata bukatu dut gaurko etapa. Rosa talde-buru jarri da eta berak jan du denbora guztian aurka izan dugun haizea. Lurrek lotan egin du etapa osoa. Ekik inoiz baino gehiago eragin die pedalei. Hirurek benetako talde lana egin dute ni babesteko eta Melkeraino iristea lortu dugu.

Rosak guztiaren ardura hartu du eta iritsi bezain laster ohera joan naiz. Egun osoan ezin izan dut ezer jan, baina gauerako buelta eman diot egoerari eta jogurt eta zereal batzuk jan ahal izan ditut. Arratsaldean paseotxo bat eman dugu eta Melkeko alde zahar ederra eta abadia ikusgarria, kanpotik gutxienez, ikusi ahal izan ditugu.

Kostako zait berriz ere jatetxe txinatar batera joatea…

Eta aldatuko bagenu? (2009ko maiatzaren 16a)

Hobeto esnatu naiz, indarrak berreskuraturik, baina oraindik ez naiz guztiz sendatu. Iragarpena bete da eta euria atergabe aritu du egun osoan. Tren- -geltokitik urrun ez gaudenez, eguraldia eta nire sasoi makala aintzat harturik, trena hartzea erabaki dugu. Melken gelditzeko argudiorik ez dugu aurkitu eta euripean ibiltzeko ere ez. Austriako trenak ezagutzeko aukera izan dugu gaur. Gure eta bizikleten txartelen truke 35 euro ordainduta, 80 minututan Vienara iritsi gara. Trena oso erosoa zen, baina Alemaniako trenetan zegoen bizikletentzako toki zabalik ez dago.

Vienako tren-geltokiko argibide gunean argibiderik emateko gogorik ez zuen langilea aurkitu dugu. Ordenagailura begira hitz egiten zuen eta hizkuntza zailtasunak areagotzen zituen. Hiriko aterpetxera nola joan ez dit azaldu eta hiri erdigunera galdetzera joatea erabaki dugu.

Tren-geltokitik atera garenean ateri zen, baina hiri erdialdera hurbiltzen ari ginenean euria hasi da. Hainbat kaletan bizikletaz ibiltzea oso nekeza egin zaigu. Dendaz beteriko kale batetik joan gara eta jende andana saihestu nahian kale paralelo batetik sartu gara. Azokan azaldu gara eta orduan kaosa iritsi zaigu. Ekik

jostailuak ikusi ditu eta ez zuen handik joan nahi ikusitako dinosauroa erosi gabe. Geroago, hasierako euria zaparrada bihurtu da. Jende guztia korrika eta gu babes bila erdian.

Aurrera jarraitu beharrean hantxe bertan aurkitu dugun hotel batean galdetu dugu. Oso gela ona eman digute. Garesti samar baina hiri erdigunetik aski hurbil dago eta sukaldea du. Horrekin orekatuko dugu gelaren prezioa.

Bizikletak eta trasteak hoteleko gelan utzi bezain laster, Ekiri agindutako dinosauroa erostera joan gara. Azokan ume asko zegoen jostailu zaharrak saltzen. Hemendik aurrera gepardoa taldekide berria izango dugu. Horixe izan da azkenean Ekik aukeratutakoa. Lurrek, berriz, Batmana.

Azokan bertan oilaskoa bazkaldu dugu. Bazkaltzen ari ginela tren-geltokian aurkitu ditudan aukerak azaldu dizkiot Rosari. Badago tren zuzena gauez. Arratsaldeko zortzietan Vienatik atera eta hurrengo eguneko goizeko zortzietan iritsi Hanburgora. Erabakita, Danubio ibaia utziko dugu eta Ipar Itsasora joango gara.

Ez dago galtzeko denborarik. Bazkaldu bezain laster tren-geltokira itzuli naiz txartelen bila. Berriz ere faltan bota dut Alemanian aurkitzen genuen begikotasuna. Txartelak lortu ditut, baina bizikletenak gaizki eman dizkidate eta kalean nengoela berriz sartu behar izan dut eta ilaran jarri. Hiru gau egingo dugu lo Vienan eta laugarrenean esperientzia berria izango dugu: nola moldatuko gara umeekin gauez trenean? Aski toki izango al dugu lo egiteko?

Arratsaldean hiri erdialdeko argibide bulegora joan gara informazio eske. Bertan ere ordenagailuari begira hitz egiten zuen gogorik gabeko langilea aurkitu dugu. Hau ez da Alemania.

Burggarten lorategira askaltzera joan gara. Bertan Amadeus Mozarten estatua egoteaz gain, toki ezin hobea dago belarretan etzanda egoteko. Jolasean borroka aritu gara gustura Eki eta biok. Inguruko gazte taldeek harriduraz begiratzen gintuzten. Harriduraz begiratzen nituen nik haiek. Gazte gehienak itxura modernoko hiriko taldekideak ziren. Gazte moderno horiek irudiari dioten morrontza ikusita nire herritar senaz harro sentitu naiz.

Gure gela dendaz jositako kale luze batetik hurbil dago. Hortik itzuli gara. Hor ere gazte pilo bat gora eta behera. Denek zuten helburu bera: kontsumitzea. Baina toki berean beste irudi gogorragoa. Inork ez zion begiratzen. Inor ez zen gelditzen. Gizona banku batean eserita zegoen. Lotan zegoen. Gorputz gorri osoa puztuta zeukan. Pixa gainean eginda zegoen. Hutsik zeuden ardo kutxek inguratzen zuten. Kaleko beste apaingarri baten moduan zegoen han.

Page 30: Ipar gazi hego geza

30

Gauean Lur lokarrarazteko kalera jaitsi naiz. Ia inor ez zebilen. Baina bera bai. Hantxe zegoen, toki berean, eserita, lotan. Gorriago, puztuago, pixa gehiago eginda, bakartiago.

Bat-batean beste irudi batek nahastu du giroa. Zaldi-gurditxo dotore batean trabesti talde bat Mozarten garaiko jantziez apaindurik, ozenki abestuz pasatu da.

Geroago, ezkondu aurreko agurra ospatzen ari zen neska taldea. Azken honen itxura estandarragoa zen, gure herrian horrelako ekitaldietarako erabiltzen diren apaingarri berdinekin.

Europan nago, hiri handi batean, eta ondorioz normala da ikusten ari naizena. Viena, egun, europar bizitzaren eredua izan daiteke. Hala ere, historian zehar turkiarren kulturaren eragina ere jaso du. Otomandar Inperioak Vienan urrezko sagarra zuen. Viena bi aldiz egon zen setiaturik, baina bietan huts egin zuten turkiarrek. Agian ez zuten behar zen kemenarekin borrokatu eta indarrak bestelako aferetan xahutu zituzten: erasoan turkiarrak 25.000 kanpadendatan bizi ziren, eta haien artean Kara Mustafa jeneralaren 1.500 konkubinak…

Baina beharbada Austriak jaso duen inbasiorik garrantzitsuena austriar batek egin zuen: 1938an Adolf Hitlerrek Austria anexionatzea lortu zuen. Erasorik bortitzena herrialde honetako juduek jaso zuten. Urte bereko azaroaren bederatzian juduen dendak eta sinagogak txikitu zituzten. Judu askok ihes egin zuten baina 60.000 inguru kontzentrazio guneetara bidali zituzten. Handik 2.000 baino ez ziren atera. Hitlerrek 1.000 urteko erregimena aldarrikatu zuen, zorionez 12 baino ez ziren izan. 1945ean sobietarrak Vienara iritsi ziren eta aliatuen okupazioa hamar urtez luzatu zen.

Hirian eman dugu eguna. Vienan gaude eta aprobetxatu behar dugu. Igandea

izanik trafiko gutxi dago eta bizikletaz mugitu gara. Badirudi Udala bizikletaz ibiltzeko erraztasunak ematen saiatu dela, baina horrela izanik ere, hainbat oztopo aurkitu ditugu. Bidegorrien sarea zabala izan arren, askotan beste ibilgailuekin nahasten da. Gainera, hemen ere tranbiaren bideekin kontuz ibili beharra dago.

Atzo Mozart baldin bagenuen jolaskide, gaur Strauss izan dugu Stadtparken, bazkaltzen genuen bitartean, hantxe baitzegoen haren estatua.

Parkean bertan dagoen jatetxe dotore bateko terrazan ospakizun bat zegoen. Ezin izan dugu asmatu zer ospatzen ari ziren, baina Vienako farandularen protagonistak omen zeuden. Lurrek terrazara igotzeko eskailerak behin eta berriz igo nahi zituen. Azkenean lortu egin du eta gonbidatuen artean une batez nahastu

gara. Gure jolasen lekuko, hainbat telebista eta argazkilari izan dira. Irudi horiek Euskal Herrira iritsiko ote ziren eta ezagun batek ikusiko ote zituen pentsatu dut. Egoera horrek aspaldiko beste bat gogorarazi dit. Berdintsu gertatu zitzaidan duela urte batzuk Sao Paulon nengoela euskal pilota irakasten eta bide batez hain ospetsua den bertako San Silvestre lasterketan ateratzeko aprobetxatu nuenean. Urte horretako irabazlearen, Emerson Iser Bem atletaren irudi batzuk erakutsi zituen telebistak eta lasterketaren aurretik kasualitatez haren ondoan azaldu nintzen beroketa ariketak egiten ari zenean. Sorpresa ederra da ezagun bat telebistan ikustea munduko beste puntan, harremanik ez duen saltsa batean murgildurik.

Ba gaur ere berdin, Europako glamour horren erdian izan gara eta pertsonaia deigarri horien artean, bat-batean familia txirrindularia sartu da…

Zoologiko eguna gaurkoa ere bai. Egun samurra eta atsegina. Eki goiz-goizetik

urduri zegoen. Etxetik atera ginenetik ezagutzen dugun laugarren zoologikoa izan da gaurkoa, baina lehenbizikoaren ilusio bera erakutsi du Ekik.

Animalien inguruko gaiak Ekiren interesekoak dira. Haren panpina kuttunenak ere animaliak dira. Ekik zoologikoetan disfrutatu egiten du. Gehiago esango nuke, zoologikoen bitartez animaliak maitatzen ikasten ari da, baina zuzena al da zoologikoetara joatea? Gure aukera horrekin ez al dugu sustatzen animalien askatasun falta? Ez al gara ari Lur eta Ekiri erakusten normaltzat hartzen animaliak giltzapean izatea? Ez zait erraza egiten erantzun sendoa aurkitzea.

Familiari deitu, gauza guztiak jaso eta agur esan diogu Vienari. Gustura egon

gara hiri honetan, baina nekagarria egiten zait hiri handi hauetako erritmoa. Zortzietan atera da gure trena. Bizikletak eramateko toki zabala zegoen baina

gure konpartimendua, berriz, oso txikia zen. Ohatzeak dituzten RENFEko konpartimenduen itxura berekoa zen baina lau ohe izan beharrean sei zituen, maila bat gehiago. Gainera, gu umeekin joan arren, guztira zortzi lagunek egingo dugu lo toki txiki honetan.

Page 31: Ipar gazi hego geza

31

Afaria ekarri dugu baina gure bagoian tokirik ez zegoenez bizikletak zeuden tokira joan behar izan dugu. Afaria ez da oso atsegina izan. Zarata ikaragarria zegoen eta ia ezin genuen hitz egin.

Lehendabizi Lur eraman du Rosak lotara. Eki eta biok Asterixen ipuin batekin joan gara beste bagoi batera. Sartu garen konpartimenduan alemaniar gazte bat eta bi brasildar jator zeuden. Capoeira ikustaldien tourra ari dira egiten Europatik eta Hanburgon izango dute hurrengoa. Beraiek ere Asterixen ipuina jarraitu dute eta bukatu denean Ekik erabaki du bera zela Asterix, ni Obelix, brasildarrak erromatarrak eta alemaniarra Julio Cesar. Gure ipuina asmatzen ibili gara eta hizkuntza zailtasunak izanik ere ongi moldatu gara. Eta jakina, gu biok irabazle. Obrigado eta Danke schön esanda, poz-pozik joan da Eki lotara: - Aita, sekulako pasada eman diegu erromatar txoropito horiei, e!

Gauerako aurrebaldintzak zailak izan arren, Ekik eta Lurrek oso ongi egin dute lo. Ni Ekirekin eta Rosa Lurrekin oheratu gara. Toki gehiago izateko gurutzaturik egin dugu lo, nire oinak Ekiren buru ondoan. Egia izanda lo gutxi egin dut, batez ere gorputz erdia ohetik kanpo nuelako eta hirugarren mailatik amildegira erortzea esnatze gogorra izan zitekeelako.

Ipar gazia (2009ko maiatzaren 20a)

Hanburgo azken geltokia zen. Iritsi garenerako gure konpartimenduko kideak ez zeuden, aurreko geltokietan jaitsi dira. Horrela izanik, trenetik ateratzea erraza izan da. Presarik gabe esnatu dira Eki eta Lur. Traste guztiak ere poliki jaitsi ditugu trenetik.

Vienan betekada nahikoa izan genuen eta ez dugu hiri handi batean ibiltzeko gogorik; eguraldia ere bikaina da eta, gauzak horrela, aurrera egingo dugu herri txikiago baten bila.

Hanburgon lehenbiziko inpresioa izan da orain arte ikusitako hiriak baino garbiago dagoela. Tren-geltokian bertan sumatu dugu. Bizikletak eta zorroak prestatzen ari nintzela, Eki, ohi legez, lurrean margotzen ibili da eta erraza izan da tarte garbi bat aurkitzea.

Hanburgon urarekin duten elkarbizitza Amsterdamen bezain garrantzitsua omen da. Elba, Alster eta Bille ibaiek zeharkatzen dute eta ubide sare zabala ere badu. Guk ere Hanburgo urarekin gogoratuko dugu. Hanburgon ia ez gara geratu. Tren-geltokitik zuzenean kai aldera joan gara. Kaian ontzi bat hartu dugu Elba ibaiaren urak zeharkatzeko.

Entzuna dut Elba eta ibaia hitzen arteko harremanari buruzko teoria, euskara eta alemanari sustrai komuna bilatu nahian. Berdina entzun nion hegoamerikar bati quechua eta euskararekin... Imajinatzen dut teoriak hamaika izango direla, baina sostengu ahulegia izango dutela.

Ibaiaren beste aldera iritsi bezain laster Saxonia Beherean sartu gara. Estatu federatu honi Volkswagen enpresak eman dio ospe handiena. Baina hemen gauza guztiak ez dira automobilak. Txerriek ere garrantzia dute. Garai batean pertsona adina txerri ere egon zen.

Saxonia Beherean sartu bezain laster biribil urdin baten barruan dauden bizikletaren ikurrak aurkitu ditugu. Ipar Itsasoko bizikleta-ibilbidera iritsi gara. Iragarki bakar baten bidez seinaleztaturik dagoen munduko bizikleta ibilbiderik luzeena. Sei mila kilometro luze da eta Norvegia, Suedia, Danimarka, Belgika, Herbehereak, Alemania, Eskozia eta Ingalaterrako administrazioak ados jarri ziren ibilbidea kudeatzeko.

Dena den, ez gara ibilbidearen iragarkiak jarraitzeko gai izan, eta maparen laguntzaz moldatu behar izan dugu. Etapa Jork herrian bukatu dugu. Oso herri txukuna iruditu zaigu. Dena garbi-garbi dago, dena ederki apainduta. Etxe zahar batzuk oso ongi mantendu dituzte eta gainontzekoak ere etxe ederrak dira. Arratsaldean herriko ohituren museora joan gara. 1930eko bizikleta bat ere bada bertan.

Museotik etorrita gure hotelaren parean dagoen haurrentzako liburutegian sartu gara. Debi Gliorik idatziriko Flora’s Flowers ipuina Ekiren kuttuna da, eta bertan aurkitu dugu.

Erlijio, ekonomia, politika edo edozeri buruzko sinesmenak ulertzeko aukera paregabea eskaini dit aitatasunak. Guretzat guztiz irreala dena ume batentzat erabat erreala izan daiteke. Irreala eta erreala bereizteko gaitasuna ere garatzeko beharra dugu eta bide horretan nahasketak sor ditzakegu. Esaterako, fantasiak eraikitzeko ipuinen eragina ikaragarria da. Flora erbiaren ipuina irakurri ondoren gertatu zitzaigunaz oroitu naiz.

Flora erbia seme-alabarik txikiena zen. Udaberria iritsirik anaia eta ahizpekin joan zen etxe ondoko lurrak ereitera. Besteek era guztietako lore eta barazkiak aukeratu zituzten, baina Florak adreilu baten zatia landatu zuen. Anaia-ahizpek barre egiten zuten, baina Flora erabat sinestuta zegoen: handik etxe bat aterako zen.

Udaberria, uda eta udazkena joan ziren eta adreilutik ez zen ezer atera. Anaia--ahizpek ezin zuten konbentzitu, Florak temati jarraitzen zuen, handik etxe bat aterako zen. Hurrengo udaberria iritsirik adreilu zatiaren gainean txori batek habia

Page 32: Ipar gazi hego geza

32

jarri zuen eta Floraren sinesmena bete zen: adreilua etxe bihurtu zen eta Flora munduko erbirik alaiena zen.

Ipuina irakurri ondoren, hurrengo egunean, Eki eta biok etxetik hurbil dagoen Kalixto astoaren baserrira joan ginen. Adreilu baten zatia eraman eta lurperatu genuen. Handik egun batzuetara berriz ere toki berera itzuli ginen. Ekik ikusi nahi zuen handik atera behar zuen etxea. Haren ilusioa ez zapuzteko, Legoko piezekin egindako etxea eraman nuen eta Ekik ikusi gabe hantxe utzi nuen.

Etxea bilatzen hasi ginen eta bat-batean etxea aurkitu zuen Ekik: - Ikusten duzu, aita, etxe bat aterako zela esan nizun!

Ekiren zorion aurpegia ikusgarria zen, etxea landatutako adreilutik atera zela bete-betean sinesten zuen.

Herri turistiko batetik turistikoagoa den beste batera joan gara. Gaur Staden

gaude.(31) Gure gidak proposatzen zuen ibilbideari ez diogu jarraitu eta baso baten erditik doan bidetik joan gara.

Stadeko alde zaharrean bisitari asko zeuden eta ez da harritzekoa, paseatzeko herri atsegina baita eta guk ere horretan eman dugu arratsaldea. Alde zaharra oso ederra da. Oinezkoentzako kale asko daude eta kanal batez ingurutarik dago. Plaza batean rockabilly kontzertua aurkitu dugu. Traje zuria janzten zuten tupe luzeko artistak musika mota horren klasikoak jotzen ari ziren eta giro alaiaz kutsatu gara ikusleen artean. Lurrek ezin zituen begiak itxi. Bere bizitzako lehenbiziko kontzertua zuen eta dena deigarria egiten zitzaion.

Atzo bezala arraina bazkaldu ahal izan dugu, eta ez da gutxi. Atzo ia gordina eta gaur saltsarekin. Biak oso goxoak, ongi aurkeztuak eta freskoak. Itsasotik hurbil egonda arrainak gure elikaduran garrantzi handiagoa hartuko duelakoan gaude. Ea egia den eta txerrikia baztertzerik dugun.

Herriko aterpetxean hartu dugu ostatu. Jendez beteta dago, baina dena ederki antolaturik. Afarian gehienek oso azkar jaten dutela iruditu zait. Afalostean jolas gelara joan gara. Bertan telebista dago eta top model lehiaketa ikusten ari den taldea. Giroa ez da oso aproposa umeekin jolasean ibiltzeko, baina besterik ez dugu aurkitu eta hantxe ibili gara.

Gaur itsasora iritsi eta bertan gelditzeko gogoa genuen. Aste batzuk kresalik usaindu gabe egon ondoren, itsasoa berriz ikusteak poz berezia eman digu. Gainera hemendik aurrera bidelagun izango dugu. Baina ez da bakarra izango. Txirrindulariak ere nonahi daude. Zaldi gainean doazenak ere ugariak dira. Eta okerrena, haizea. Etapa osoan gogor jo du, eta gehienetan aurka.

Lotokia aurkitzeko arazo handiak izan ditugu eta barnealdera berriz sartu behar izan dugunez etapa luzatu zaigu. Egun hauetan bisitatzen ari garen herriak oso atseginak dira eta askotan gertatzen den moduan, horrelako tokietan jende gehiago egoten da; honen ondorioz zailtasunak ditugu lotokia aurkitzeko. Asteburu honetan zubia dute Alemanian eta Cuxhaven jendez gainezka dago. Hiri erdialdean kale komertzial batzuk leporaino daude. Itsas ondoko paseoak ere berdin.

Cuxhaven herrira iritsita bertan gelditzeko asmoa genuen baina aterpetxean, kanpinean eta galdetu dugun hoteletan ez dugu tokirik aurkitu, edo gau bakarra igarotzeko ez gaituzte onartu. Aurrera egitea eta beste herri batean galdetzea erabaki dugu. Sahlenburg eta Berensch herrietan arazo berarekin egin dugu topo. Berandu egin zaigu eta egoera okertzen joan da. Lotokia bilatzean arazoak izan ditugun aurreko bietan (Bad Göggingen eta Vienan) gertatu zitzaigun bezala, azkenean zortea gure alde jarri da. Hainbeste buelta eman ondoren, Nordholz herrian gela bat aurkitu dugu eta paradisura iritsi garela sentitu dugu.

Egun gogorra, luzeegia, zalantza gehiegi… energia gehiegi eskatu digu.

Atzokoa ez bezalako eguna. Ibilbide osoan itsasoaren ondotik joan gara baina

belar muino batek oztopatzen zuen itsasoaren bista. Txirrindulariz beteta zegoen ibilbidea. Gehienak erretirodunak, enpresek antolaturiko bidaien bitartez bertaratuak. Deigarria da zeinen urrun dagoen pertsona horien mentalitatea eta gure gizarteko nagusiena. Azkenean, gizarte hauetako ohiturak, urteak pasata, gurera datoz, baina urteak behar izaten dira. Bizikletaren arloan berdin izango delakoan nago.

Bremerhavenen bukatu dugu eguna eta hirira sartzea oso erraza izan da. Hiriko biztanle guztiak asteburua igarotzera kanpora joanak zirela ematen zuen. Aterpetxea bilatzea ere samurra, gainera azken tartean txirrindulari batek eraman gaitu. Bet&Bike sareko lotokietan bizikletak konpontzeko tresnak aurkitzen genituen. Aterpetxe honetan, berriz, kontrakoa gertatu zaigu. Bertako arduradunak

Page 33: Ipar gazi hego geza

33

bere bizikletaren zulatua konpontzeko partxeak eta tresnak eskatu dizkigu. Bitxiena izan da eskaturikoa utzi ondoren gela aldatu eta hobea eman digula.

Arratsalde beroan aterpetxetik oso hurbil dagoen Speckenbüttel parke berde eta zabalean jolas eta atseden hartzeko toki aproposa aurkitu dugu.

Bremerhaven berrogeita hamar bat kilometrora dagoen Bremen hiriko portua da. Alemania osatzen duten 16 Bundesländer edo estatu federatuen artean Bremen txikiena da. Bremen eta Bremerhaven Saxonia Behereak inguratzen ditu. Hobeto ulertzeko Trebiñok Euskal Herrian duen kokapena imajina dezakegu. Horren azalpena Bigarren Mundu Gerran dago. Guda bukatu ondoren Erresuma Batuko ejerzitoak okupatu zuen Saxonia Beherea. Bremen, berriz, Estatu Batuetako ejerzitoaren agindupean gelditu zen.

Bremerhavenen bizikleta ugari daude, baina garrantzitsuagoak dira automobilak. Krisi ekonomikoa izanik ere, Bremerhaveneko kaia automobilez beterik dago. Izan ere, Europar Batasuneko automobilen inportazio eta esportazio asko hemendik igarotzen dira.

Goizean eguzkia atera bezain laster zarata hasi da. Atzoko afaria seietan izan

zen, eta gaur aterpetxeko alemaniar guztiak goiz jaiki dira eguna aprobetxatzeko. Guk ere zaratak beharturik, hemengo ohiturak jarraitzea erabaki dugu. Gosaldu ondoren Zoo and Mer zoologikora joan gara. Zoologikora joateko Ipar itsasoko ibilbidea ez dugu jarraitu eta honi esker Bremerhaveneko langileen auzoak ezagutu ahal izan ditugu. Etorkin ugari zeuden eta kaleetako urbanizazioa ez zen orain arte ikusitakoa bezalakoa. Ibilbide ofizialak jarraitu ezkero horrelakoak ezagutzerik ez dago.

Zoologiko honetan Greenpeace elkartearen irizpideak aintzat hartuak dira eta goiz ederra eman dugu hartz zuriak, itsas txakur eta pinguinoen artean. Zoologikotik aterata, berriz ere bizikleta gainean jarri gara, baina berehala jaitsi behar izan dugu, Weser ibaia zeharkatzeko ferry bat hartu dugu eta. Txiripaz iritsi gara. Ontziratu garen azkenengoak izan gara. Gure bizikleten atzetik ontzian sartzeko pasagunea altxatu da.

Ibaiaren beste aldera iritsita aspaldiko etsaiarekin egin dugu topo. Haizeak gogor, etengabe eta aurka jo du. Kilometro gutxi izan arren bukaera neketsua izan dugu. Burhabe herrira iritsirik bertako ohe elastikoen iragarkia erakargarriegia izan da aurrera jarraitzeko. Turismo bulegoan jatorrak izan arren informazio gutxi eta

ingeles eskasa egiten zuten. Arratsalde osoa saltoka ibili ondoren gaua laster iritsi zaie Eki eta Lurri.

Kostaldeko bazter hauetan eguneroko egoera gehienetan berdina da. Herriak

oso txukunak dira, paisaia ere bai, turismoak garrantzi handia du eta lotokiak bilatzea nekeza egiten zaigu. Egunak joan eta egunak etorri azaltzen den beste konstante bat haizea da. Gehienetan aurka eta zaratatsu. Arazoa ez da bakarrik aurrera egiteko ahalegin handia egin behar dela, desatseginena da hitz egiten ezin dugula joan. Pedalei eragiten diegun bitartean Rosa edo ni ia isildu gabe joaten gara Ekirekin hitz egiten, ipuinak kontatzen edo ikusten duguna komentatzen. Haize honekin ezinezkoa da. Nahiz eta gure bizikletan Ekiren burua eta nirea oso hurbil egon, elkar ulertzea latza da.

Baldintza horietan Dangast herrira iritsi gara. Herrian bertan hondartza dago, baina hondarra izan beharrean lokatz beltza du; hortaz, hondartzako ohiko jolasak mugatuak izan dira.

Herriko ostatuetan aurkitu ditugun gelak oso garestiak ziren. Horregatik kanpinera joatea erabaki dugu. Arratsaldean eguraldi ederra izan arren, gauerako ekaitz handia iragarrita dago. Badaezpada, kanpin denda jarri beharrean, mobilhome batean egin dugu lo.

Gauean danborrada izan dugu. Gure “etxeko” teilatu metalikoa kazkabarraren

hotsarekin anplifikadore ezin hobea izan da. Une batez sabaia gure gainean eroriko zela zirudien, baina zorionez goizerako ekaitza baretu da eta aurrera egin ahal izan dugu.

Ibilbide “ofiziala” alde batera utzita errepide txikietatik joan gara. Baina berdin da, hemen bizikletaz ibiltzeko dena oso ongi iragarrita dago eta galtzerik ez dago.

Jever herriko aterpetxea berehala aurkitu dugu. Oso itxura ona zeukan, baina hori ere beteta zegoen. Emakume zahar baten pentsioan aurkitu dugu gela. Emakumeak ingelesez ez zuen piperrik ulertzen, baina hitz egiteko gogo handia zeukan eta borondatea izanda, ulermena erraza izan da.

Page 34: Ipar gazi hego geza

34

Pentsioaren inguruko kaleetan obra-lanak zeuden eta nekeza egin zaigu bizikletak sartzea. Etxe barnean zikinkeria nagusi, baina emakumeak duen bista eskasarekin segur aski ez da horretaz jabetuko.

Arratsaldean berriz ere eguraldi txarra etorri da eta herriko kaleetan paseatzen ibili gara. Eguraldia lagun ez badugu umeekin oso mugatuta gaude. Oinarrizko jolasak ere, lurrean margotzea esaterako, ezin ditugu egin.

Atzoko eguraldi txarra gaur areagotu egin da. Zaparraden beldur iheska ibili

gara eta azkenean haietako batek bizikleta gainean harrapatu gaitu. Eskerrak aterpea berehala aurkitu dugun eta babestu ahal izan dugun. Itsasoko haize gogorra saihestu nahian barnealdetik joan gara, baina hortik ere haize gogorrak astindu gaitu. Animoak kentzeko modukoa izan da.

Aterrune batean bukaeraraino joan ahal izan dugu. Zorionez etapa amaierak Esens herrian opari berezia eman digu. Herriko aterpetxean arazorik gabe lo egiteko tokia aurkitu dugu eta, gainera, eman diguten gela suitea da. Aterpetxeko langileak ere oso pertsona jatorrak, era guztietako azalpenak emateko eta gure beharrak konpontzeko beti prest.

Aterpetxera iritsi bezain laster bazkariaz galdetu dugu. Beranduegi zen, aspaldian sukaldea itxita zegoen, hala ere bazkari ederra prestatu digute. Presarik ez izateko eta nahi adina jateko esan digute. Ederki bete dugu esandakoa.

Arratsaldean hartz itxurako estatua koloretsuaz apainduriko herria bisitatzera joan gara. Herriaren erdigunean dendaz beterik zeuden oinezkoentzako kaleak, baina ez dugu erakargarritasun gehiagorik aurkitu. Beharbada turista gehien ekartzen duena itsasoa da. Herritik lau kilometrora hondartza dago eta horixe da herriari interes handiena ematen diona.

Afaria ere bazkariaren tankerakoa, ederki prestaturik eta nahi adina jateko. Etxetik atera ginenetik otorduetan presarik ez dugu izan. Etxean, berriz, askotan Rosa moldatu behar izaten da bi umeei jaten emateko. Bidaian beti biok gaude eta Rosa lasaiago jaten ari da. Gaur geure pisua neurtu dugu. Eguneroko nomadismoa oso lagungarri dugu pisua orekatzeko. Nik kendu ditudan lau kilogramoak Lur, Eki eta Rosaren artean banatu dituzte.

Gosaria ez da gutxiagorako. Era guztietako frutak, zerealak eta jogurtak jarri dizkigute eta gainera gehienak elikagai biologikoak ziren. Gu bezalako beste familia pare bat hemendik azaltzen badira kiebra dela eta, txiringitoa itxi behar izango dute.

Gosaltzera joan garenerako haizea harrotuta zebilen eta kontrako noranzkoan zetorren. Etapa osoan jarrera etzanagoa bilatzeko probak egin ditut eta azkenean, eskulekuari beheko partetik helduz, nire gorputza Ekiren eserlekuaren atzean ezkutatzea lortu dut. Jarrera hori bizkarrerako nahiko erosoa egin zait, oreka mantentzea ere ez da zaila eta haizearen aurkako borroka errazten du. Aurrera begiratzea ez zait erraza egin, baina interes handiena alboetan zegoen, hemengo behien edertasuna ikusten zen eta. Frisia izeneko eskualdean gaude eta hemengo esne industrien garrantzia begi-bistakoa da.

Norddeich herrira iritsi gara. Oso toki turistikoa izanik, hemen ere aterpetxea beterik aurkitu dugu eta hurbileko pentsio batera joan behar izan dugu. Trenbidea hemen bukatzen da eta aireportua ere hurbil dago. Honaino iristen den trenetako bat Luxenburgotik dator.

Turista gehienak eguzki bila datoz, baina beste asko haize bila. Haizearekin egin daitezkeen era guztietako kirolak daude hondartzan: windsurfing, kate skating, kate surfing, land sailing, kite buggy… Dena den, hona datozen turista gehienek aurrera jarraitzen dute. Itsasontzia hartu eta Frisiako irletara joaten dira.

Arratsaldean Rosak supermerkatuan hizkuntza porrusalda ederra izan du. Bertan sartu denean nagusiak zerbait esan dio. Rosak supermerkatua itxi behar zutela ulertu du, eskuekin ixten den ate baten keinua egin dio eta ateratzeko bidetik jarraitu du. Nagusiak keinuaren esanahia nahastu du eta bat-batean Rosaren parean jarri da euliak akabatzeko tresna horietako bat altxatuz. Hasieran Rosak ez du gaizki-ulertua harrapatu, euliak akabatzeko gailuarekin jo nahi zuela interpretatu du eta susto ederra hartu du. Azkenean gaizki-ulertua argitu da eta barrezka bukatu dute.

Alemanian oinarrizko kontuak ulertzeko ere zailtasunak izan ditugu. Esaterako, agurretan. Madrilgo lagun batek Euskal Herrian sentitu zuen nahasmena kontatu zidan, eta guk sentimendu bera izan dugu. Berak, mendizalea izanik, biziki eskertzen zuen mendian agurtzeko dugun ohitura. Baina “kaikso” esaten ikasi zuenean, bat-batean besteek aupa, iepa, iup, epe, upi eta abar esaten zioten. Ba guri berdintsu gertatu zaigu. Hallo esanda aski izango zela pentsatzen bagenuen ere, eskualdearen arabera Servus”, grüß Gott!, Moin eta Moin, Moin esaten ikasi behar izan dugu. Ederra hizkuntza aniztasuna.

Page 35: Ipar gazi hego geza

35

Gaur Eolo gure alde jarri da. Greetsiel herrian aurreikusia genuen bukaera,

baina bertara iritsirik gidan azaltzen den aterpetxea aspaldian itxia dela esan digute. Aise iritsi gara eta Emdemeraino jarraitzea erabaki dugu. Azken zatia Ipar Itsasoaren ibilbidetik kanpo egin dugun arren dena bidegorriz josita aurkitu dugu, eta norabideak adierazteko iragarkiak nonahi.

Aterpetxera iristeko lorategi eta kanal liluragarriak zeharkatu ditugu. Etaparen bukaera ezin ederragoa. Hauxe zen Alemaniak merezi zuen amaiera eta hain ongi hartu gaituen herri honetatik gordeko dugun oroitzapena.

Usteak erdia ustel (2009ko maiatzaren 30a)

Mapetan eta gidetan Dollard badia zeharkatzeko Emdemetik Delfziglera ontzia dagoela ikusi dugu, baina dagoeneko ez dabilela jakin dugu gosaltzeko garaian. Aurrerago, Petkumetik Ditzunera beste bat omen dagoela esan digute eta hara joan gara. Txirrindulari parrandazale talde batekin batera iritsi gara ontziratzeko tokira. Dollard Route ibilbidea egiten ari ziren. Ibilbide horren iragarkiak toki guztietan aurkitu ditugu.

Isostar berezia edaten ari ziren. Botila txikietan era guztietako likoreak zeramatzaten gizonek. Emakumeek, berriz, xanpain-ardoa. Dena den, edariek ez diete kendu buruko bizkortasuna. Ontzian deskontua lortzeko gutxienez 15 lagun behar dira taldean, eta koadrila horretan 13 ziren. Gauzak horrela, guri ere taldekide izatea proposatu digute. Uste nuen zurrutero taldekoa izateko sarbide- -erritua gainditu behar izango genuela, baina umeak gurekin doazela konturatu dira. Alemanak ziren, baina latinoen pikardia guztia zuten.

Dollard badiaren erdian behin betiko agurra eman diogu Alemaniari, gure tranpakideen kantuen artean. Lehorreratu bezain laster bidegorriaren ondoan bazkaria inprobisatu dugu. Bazkalostean aurrera jarraitu dugu eta bidean pilota jolas berezia aurkitu dugu errepide erdian. Gizon talde bat pilotak botatzen ari zen lurretik. Itxuraz jolasaren helburua zen pilota botaz helmuga zehatz batera iristea. Bi herriren arteko ibilbidea egiten ari omen ziren. Pilota bota eta haren bila bizikletaz zihoazen. Ezaguna nuen Frisiako Kaatsbond izeneko pilota jokoa, euskaldunen bote luzeko jokoarekin harremana duena, baina gaur ikusitakoaren berri ez nuen.

Etaparen bukaera errepidetik egin dugu. Errepidearen bi aldeetan bidegorri gorri-gorria zegoen. Orain arte jarraitutako bideen itxurarik ez zuen eta estatuz aldatzen genuela erakusten zuen. Nieuweschans herrian amaitu dugu eguna. Bertan itxura garestiko hotela aurkitu dugu. Lore-dendako emakumeari galdeturik bere ahizparen motelera eraman gaitu.

Gelak estudioak ziren eta gelditu egin gara. Bertako sukaldea aprobetxatzeko supermerkatura joan gara. Rosa erosketak egiten ari zen bitartean kanpoan geratu gara lurrean marrazten. Haserre bizian atera zaigu gizon bat. Bere etxe aurrean margotzen ari ginela eta hori debekatuta zegoela oihukatu digu.

Geroago, nongoak garen jakin duenean, adiskidetzen saiatu da. Bere emaztea Andaluzian dagoela eta ongi etorriak garela, marrazteko baimena ematen digula eta gainera marrazkiak oso politak direla esan digu. Ez da oso egoera atsegina izan. Zorionez, Rosa berehala azaldu da eta handik joan gara.

Gauean, aurreko batzuetan bezala, eltxoak Rosa eta Ekiren odolaren bila etorri dira. Rosa eta Eki egonda, Lur eta biok babesturik gaude. Ez gara hain goxoak, antza.

Gaurko paisaia nahiko itsusia izan da, gune industrialetatik ibili gara eta etapa

amaiera ere horrelako hiri batean izan da. Delfzijl hiriak ez du betetzen buruan dugun Herbehereetako irudia. Hiri grisa, industriaz inguraturik, langileen hiria. Herriko jaiak aurkitu ditugu eta giroa ere nahiko eskasa. Feria zaratatsu batzuk zeuden eta kale zikinetan edan eta edan ari zen pertsona andana.

Herriko hondartzara joan gara eta hori ere nahiko zikina, ñimiñoa eta inguruko bistak zatarrak.

Gaur ederki bazkaldu dugu, bizikletaz ibili gara, baina eguneko hainbat osagarri ahazteko modukoak izan dira.

Errepide txikietatik ibili gara. Aurkitu ditugun gidariek ez dituzte Alemanian

bezala txirrindulariak errespetatzen. Gainera, jende asko zebilen kotxez turismoa egiten. Laburbide batetik joaten saiatu garenean bizikletentzako debekaturik zegoen errepide batera iritsi gara eta buelta eman behar izan dugu. Turistikoa eta garestia den Pieterburen herrian bukatu dugu. Herriko kanpinean egurrezko etxola

Page 36: Ipar gazi hego geza

36

bat hartu dugu. Kanpinean bakarrak gara, beste inor ez dago. Kanpinaren ondoko basetxean arraza ezberdinetako ahuntzak eta ardiak aurkitu ditugu. Afaria ez da batere merkea izan eta gainera zerbitzaria, ez entzunarena egiten, behar baino gehiago kobratzen saiatu da.

Herri honetako erakargarritasun aipagarriena Pieterpad bidea da. Hemendik, Pieterburenetik, 485 kilometrora dagoen St Pietersbergera doan bidea da. Oinezkoentzako ibilbide luzerik ospetsuena da Herbehereetan.

Gaurko bidean errepikatzen ari den irudi deigarria ikusi dugu. Erabiltzen ez dituzten gauzak etxe parean apal batzuetan ikusgai jarri eta bigarren eskuko merkatu txikiak antolatzen dituzte. Handik igaro den norbaitek salgai dagoen zerbait erosi nahi izanez gero, atea jo baino ez du.

Gaur inprobisazio eguna izan dugu. Aurretik prestaturiko plana erabat aldatu

behar izan dugu. Zoutkamp herritik hurbil ginela Lur esnatu da. Bertan bazkaltzera gelditzea erabaki dugu. Herri horretan ere jaiak ziren eta gauean izandako parrandaren arrastoak begi-bistakoak ziren. Heineken herrian geundela zirudien, beste irudirik ez zegoen. Kaleetan ume batzuk baino ez zeuden, beste guztiak ohean.

Parkean bazkaltzen ari ginen bitartean, iragarrita zegoen moduan, eguna okertzen joan da. Itxura txarra hartu diogu eta handik ospa egitea erabaki dugu. Gripskerk herriko tren-geltokira iritsi gara busti gabe. Trenerako ematen dituzten makinak ez dira Alemaniakoak bezain praktikoak. Kreditu txartelik ez dute onartzen eta azalpenik ez dago atzerriko hizkuntzetan.

Tren-geltokian aparkaturik dauden bizikletetan arreta jarri dut. Azken egun hauetan ikusten ari naizen ezaugarria errepikatzen zen aparkalekuko hainbat bizikletatan. Nahiz eta hiriko bizikletak izan, triatleta eskulekua zuten. Goizean irudi surrealista ikusi dut. Laurogei urte inguruko amona bizikletan etzanda zihoan triatleta eskulekuari helduz. Indurainek baino itxura aerodinamikoagoa zuen. Baina ulergarria da. Hemengo haizearekin beste aukerarik ez dago. Gizakia zapatak erabiltzen ohitu zen bezalatsu, Herbehereetan triatleta eskulekuarena beste egokitzapen bat da.

Gripskerketik Leeuwardenera, eta han beste tren bat hartu dugu Harlingeneraino. Erabaki okerra.

Harlingenetik Frisiar irletara doazen ontziak ateratzen dira eta herri turistikoa da. Bertara iritsita ostatua aurkitzea nekeza egin zaigu. Azkenean, poltsikoa ederki

hustuta, hotel batera joan gara. Erabaki okerra. Gainera bizikletak gordetzeko toki estalirik ez dago eta gure toldoaren azpian estali ditut, kalean, kresalez ez zikintzeko.

Atzoko erabaki okerrak gaur pairatu ditugu. Harlingenera joanda irteerarik

gabeko zuloan sartu gara. Eguraldia guztiz okertu da. Haizeak gogor jotzen du eta gainera euria ari du. Hemendik aurrera dugunari aurre egiteko eguraldia lagun behar dugu, bestela ezinezkoa egingo zaigu. Hurrengo hamar kilometroak kostaldetik doaz, baina hortik aurrera itsasoaren erditik doan eta 30 kilometro luze den dike gaineko korridorea zeharkatu behar dugu. Bakarrik egongo bagina gustura sartuko ginateke, baina Eki eta Lurrekin burugabekeria deritzogu.

Hotelean ere eskarmentu txarra izan dugu. Gosariak prezio barnean zeudela adostu genuen atzo eta garbi ikusi zuten bi umeekin geundela. Beti bezala, prezioa adostu bezain laster ordaintzen saiatu nintzen, baina ez zidaten utzi. Gaur umeen gosariak preziotik kanpo daudela eta berrogei euro gehiago ordaindu behar ditugula esan digute. Begirunez azaldu diet hori ez zela adostutakoa, eta gainera Ekik zuku bat eta croissant bat eta Lurrek galleta bat baino ez dutela gosaldu. Hortik aurrera eztabaidaren bolumena igotzen joan da eta hoteleko harreran zeuden pertsonak guri begira jarri dira. Azkenean mehatxatu naute: - We’ll call the police! (Poliziari deituko diogu!)

Une batez lapurretan ari zirela eta lasaitasuna izorratu nahi zigutela sentitu dut. Horrelakoetan eztabaida saihesten saiatzen naiz, baina oraingo honetan haien azal lodia ikusita malaletxe izugarria atera zait barnetik eta mehatxua itzuli diet: - Please, call the police, that’s I want! (Mesedez, deitu poliziari, horixe nahi dut!)

Sortzen ari zen iskanbila ikusita hoteleko arduradunak eztabaida bukatzea eta atzo adostutakoa kobratzea erabaki du.

Inoiz ez gara joan ostatu batetik agur esan gabe. Gaur lehenbiziko aldia izan da. Zorte txarra beharbada, baina Herbehereetan sartu ginenetik hainbat jarrera zatar aurkitu ditugu. Agian guk ere ez dugu Alemanian genuen aldarte bera, baina faltan botatzen ditugu Alemanian sumatzen genituen ongietorriak.

Eguraldiaren iragarpena ikusi dugu egunkarian. Horrek ere panorama grisa erakusten du. Hurrengo aste osorako euria dator. Trena hartzea erabaki dugu. Atzo egindako bidetik itzultzen eta Amsterdameraino trenez iristen saiatuko gara.

Page 37: Ipar gazi hego geza

37

Eguraldi txarra badator, pedalei eragiten ibili beharrean, hiri batean babestuko gara.

Trenean, berriz ere beste eztabaida bat. Txartel zulatzaileak gurditxo batekin ezin dela trenean sartu esan digu ozenki eta umore txarrez. Gurditxoa, trenean tokirik ez kentzeko, bizikleta gainean jarrita zegoen. Horrela izanda ere ezin dela, debekatuta dagoela. Gurditxoa desmuntatu dut eta azkenean zulatzailea joan da. Energia gutxi daukagu. Egoera horiek, umeekin egonda, ez dira batere atseginak. Zein ongi geunden Alemanian…

Amsterdamera iritsita, turismo bulegoko neskak ere ez du begirada ordenagailutik kendu. Azalpen urriak eman dizkigu eta kalera atera gara, ostatua bilatzeko abenturara. Turista galduak atzaparretan harrapatzen saiatzen den oportunista horietako bat aurkitu dugu. Mapa bakean begiratzen ere ez digu utzi eta astun samarra izan da.

Tren-geltokitik ez oso urrun dagoen aterpetxe batera joan gara galdetzera. Tokirik ez zegoen. Dena den, Eki eta Lur rastafari bihurtzeko bai, baina familientzako tokirik egokiena ez zela pentsatu dugu.

Guretzako egokiagoa omen den beste batera joan gara. Urrunago zegoen baina ondoan parke zabala zeukan. Bertara iritsi eta tokia bazegoen. Gela estua eman digute. Giroa ere ez da oso jatorra, baina hiri honetan bestelakoa aurkitzeak nekeza dirudi. Ikasketa bukaerako bidaia egiten ari diren nerabe taldez beteta dago aterpetxea. Gehienei bidaian ate berriak irekitzen zaizkie: Heineken experience delakoa, prostituzioa eta porroak hiri honekin loturik daude eta nerabe horiek mundu horretan murgiltzeko irrikan daude. Aterpetxean bertan turistei eskaintzen zaizkien deskontu txartelak daude bezeroentzat. Horietako batzuk putetxeetara joateko dira.

Aterpetxeko segurtasun neurriak oso zorrotzak dira. Gelara iristeko txartel baten bidez irekitzen diren sei ate igaro behar ditugu. Rap, hip-hop eta horrelako doinuak entzuten dira bozgorailuetatik eta nesken modako lurrinak korridoreetatik sakabanaturik daude. Familientzako egokia dela diote, baina hemen ez dago ez jostailurik, ez ipuinik, ez umeekin egoteko toki aproposik. Besterik ezean, Eki eta Lurrekin billarrean aritu naiz aterpetxeko jatetxearen ondoan.

Arratsaldean parkera joan gara. Hotza, euria eta haizea. Hurrengo egunetarako ere eguraldi bera aurreikusita dago. Kemen urria dugu eta horrelakoetan gertatzen den moduan, guk zenbat eta energia gutxiago, orduan eta gehiago eskatzen digute Ekik eta Lurrek. Rotterdameraino jarraitzeko asmoa genuen, baina baldintza hauetan hobe da bidaia orain amaitzea. Hiri handi batean gaude, etxera itzultzeak samurra izan behar du.

Goizeko bost eta erdietan esnatu naiz eta trenez etxera itzultzeko txartelak

erostera joan naiz geltokira. Amsterdametik Parisera zuzen joateko aukera aurkitzea espero genuen, baina ez, bizikletak eramaten baditugu gehienez ere Bruselara hel gaitezke. Bruselatik Parisera, txartel saltzailearen ustez, aukera bakarra ibilbide luzea egin eta lau tren hartzea da. Gainera txartel horiek ezin dizkit saldu. Bruselarako txartelak erosi ditut. Bihar hara joango gara. Egunean zehar, interneten eta lagunen bitartez, dauden aukerak arakatzen ibili gara. Miyuki, Eneko, Alice eta Andoniren hainbat SMS jaso ditugu. Andoniren ustez Brusela- -Bordele-Hendaia, izan daiteke aukerarik onena.

Goizean Amsterdam ezagutzera joan gara. Zalantzarik gabe, umeekin bisitatzeko hiririk egokiena ez da. Eguraldi txarrarekin oraindik okerrago. Margolarien museoen publizitatea toki guztietan ikusgai dago. Hala ere, guretzat ez da planik egokiena. Loreen merkatuak eta Dam enparantzan dauden kaleko ikuskizunak eta jende mugimendua ikusten bete dugu tarte luzea. Mundu osoko kaleko artistak daude, baina hemen ere argentinarrak nagusi.

Arratsaldean, berriz ere aterpetxearen ondoko parkean bilatu dugu babesa. Parkea toki lasaia da. Bidegorri batek zeharkatzen du. Bakfiets eta antzeko bizikletak erabiliz eskolatik umeak ekartzen dituzten ama txirrindularien irudiak oso politak dira, eta bizikletaren erabilpenaren alorrean euskal gizartean oraindik zeinen urrun gauden gogorarazi digu. Jarraian etxerako itzuleran pentsatzen hasi gara. Bidaiaren amaiera da. Amsterdamen gaude, baina burua dagoeneko etxean dugu.

Itzulera (2009ko ekainaren 5a)

Traste guztiak jaso ondoren tren-geltokira abiatu gara. Aurreko egunetan bezala, daukan ospea izanda ere, Amsterdam ez zait iruditu hiri samurra bizikletaz mugitzeko. Beharbada haren neurriko hirien artean eredu ona izan daiteke, baina bizikleta asko egon arren, kotxe asko ere badagoela iruditu zait. Gainera tranbiaren arriskua askotan sumatzen da, eta turista andanak batzuetan pasabidea oztopatzen du.

Trena 15 minutu berandutu da. Berehala bete da eta bizikletak eramateko tokian emakume islamiar batek bere bizkien aulkitxoa sartu behar izan du. Bidaia

Page 38: Ipar gazi hego geza

38

arintzeko Rosak antzara-joko marraztu du paperean eta Ekirekin jolasean joan da. Bitartean Lur lotan zegoen gurditxoan.

Bruselara iritsi bezain laster txartelak saltzen dituzten bulegora joan naiz. Rosa umeekin jolasten eta bizikletak zaintzen geratu da geltoki erraldoi zatar horretako bazter batean.

Zenbakia hartu eta luzaroan zain geratu behar izan dut. Azkenean nire txanda iritsi da. Amsterdameko neskak azaldu zidan aukera bera izan da hemengoak ere aurkeztu didana. Bruselatik Parisera lau tren hartu behar izango ditugu eta ia sei orduko bidaia egin. Hendaiara iristeko Bordele edo Estrasburgotik joatea ez dut baztertu, baina ezetz, hortik ezinezkoa dela eta gainera Frantziako TGV trenetan bizikletak sartzea debekatuta dagoela baieztatu dit. Azken datu hori gezur hutsa da. Esaterako, bidaiaren hasieran Bordeletik Estrasburgora hartu genuen trena TGVa zen eta bizikletak eramateko tokia erreserbatu genuen. Emandako informazioa zalantzan jarri dut baina berak zuen boterea, gehiagorik bilatu nahi ez bazuen, ezin nuen behartu.

Argibide bulegora joan naiz informazio bila, baina han ere azalpen eta gogo gutxi. Etsiturik, lehengo leihatilara itzuli behar izan dut eta hasieran eskaini digun aukera bakarra onartu.

Rosa eta umeengana itzuli naiz. Luzaroan itxoin behar izan naute eta berri onik ez diet eman. Ekik bere balentria kontatu dit azaldu bezain agudo: - Aita, itxura txarreko gizon bat etorri da eta gure bizikletei begira jarri da. Nik

uste dut lapurra zela, baina haserre aurpegiz begiratu diot eta ospa egin du! Gaua igarotzeko tokia bilatu behar dugu. Atzo, badaezpada, geltokiaren

inguruan dauden hotelak arakatu nituen interneten. Tren-geltokian sartzen ari ginela treneko leihotik horietako bat ikusi dut. Horra joan gara. - Hello, we’re looking for a double room… pardon, nous voudrions une chambre

double… (Barkatu, gela bikoitza bilatzen ari gara…) - Sí, hombre, ningún problema, ¿y de dónde sois? - ¡Anda la leche! Pues sí que me has pillado fácil. - Tu francés no te delata pero en inglés es evidente. Menos a los de Nueva

Zelanda ubico a todos. - Nosotros somos de Donosti; y tú, ¿de dónde eres? - Yo soy de aquí, pero mi padre vino de Asturias. - Pues no es que tengas un acento muy belga que se diga… - Es que todos los años bajamos al pueblo. Y vosotros qué pasa, ¿os habéis

venido hasta Bruselas con la bici y todo?...

Bidaiaren nondik norakoak eta azken egun hauetako bolada txarra azaldu ondoren, etxean bezala sentitzen lagundu digu Antoniok. Bi hilabetetik gora egunero ingelesez hitz egiten saiatu ondoren, frantsesez hastea zail samarra egin zait. Antonioren gaztelania entzutea lasaigarria izan da.

Bruselako Midi geltokia auzo zatar batean dago. Etorkinez beteriko ingurua da. Kalean ikusten diren pertsona gehienak gizonezko beltzak, marokoarrak edo turkiarrak dira. Badakigu Belgikan gaudela, baina munduko beste edozein tokitan gaudela esango baligute, sinestuko genuke.

Ziur gaude Bruselan ikusteko gauza asko daudela eta auzo hau itsusienetarikoa dela, baina turismoa egiteko ilusiorik ez dugu. Eki eta Lur ere nekatuta daude. Bizikletak eta traste gehienak prest utziko ditugu bihar arin ateratzeko eta goiz oheratuko gara. Biharkoa ez da erraza izango eta ordu luzeak izango dira.

Seietan esnatu naiz. Pixka bat geroago Eki eta Rosa. Lur, esnatu gabe, ohetik

gurditxora igaro dugu. Ez dugu hotelean gosaldu, denborarik ez zegoen eta. Zazpiak eta hogeita batean lehenbiziko trena hartu behar genuen. Bruselatik

Tournaira. Bigarrena Tournaitik Lillera. Hortik Aulnoye-Aymeriesera eta azkenak Parisko Iparraldeko geltokira eraman behar gintuen. Handik aurrera ez genekien nola egin behar genuen. Gure ustez badago tren Irunera, baina Bruselan ezetz errepikatu digute.

Midi geltokira ongi iritsi gara eta presarik ez dugu trena hartzeko. Trena ez da garaiz etorriko. Berandu datorrela iragarri dute bozgorailuetatik. Urduritu naiz. Bigarren geltokian trenez aldatzeko 20 minutu baino ez ditugu. Bigarrena galtzen badugu ez dakit nola moldatuko garen.

Azkenean trena iritsi da. Azkar igo gara trenera. Lur esnatu gabe zegoen oraindik. Bizikleta eta traste guztiak sartu ditugu. Bidaia hasi ginenetik hona aldaketa garrantzitsua egon da egoera honetan. Bizikletak, gurditxoa, poltsak eta umeak denbora gutxian trenean kokatzea ez da lan samurra. Orain samurragoa da. Eki ardurak hartzen ikasten ari da. Behin tren barnean egonda badaki ez duela mugitu behar eta ongi helduta egon behar duela. Gaur, gainera, trasteak kokatzen ari ginela beste ardura bat hartu du: keinuka gizon bati isiltzeko eskatu eta arreba lo dagoela adierazi dio.

Trena 20 minutuko atzerapenarekin atera da. Kezkaturik nago. Zirt edo zart egin behar denean ez naiz oso trebea izaten. Umeekin planifikatzeko aukerarik ez

Page 39: Ipar gazi hego geza

39

dagoenean aldapan gora sentitzen naiz. Hartuko ote dugu bigarren trena? Galduko ote dugu aurreikusita genuen tren katea? Iritsiko al gara gaur Parisera edo geldituko gara bidean? Galduko al dugu etxera iristeko hurrengo trena?

Galdera horiek guztiak nire buruan pilatzen ari ziren bitartean txartel zulatzailea etorri da. Gure irudia xelebrea iruditu zaio eta bizikletaz ibiltzera Valoniara etortzea gomendatu digu. Nire ondoan eseri da eta bere herriko edertasun guztiak azaldu dizkit. Bera Tournaikoa da, tren honek eraman behar gaituen herrikoa. Tournai oso hiri zaharra dela eta gainera Le beffroi eta katedrala Unescoren gizateriaren ondareak direla esan dit. Haren ustez ezin gara Belgikatik joan herria ikusi gabe.

Orduan jakinarazi diot gertatzen zaiguna eta hurrengo trena galtzen badugu haren herria ikusteko aukera izango dugula, baina gure asmoa Parisera iristea dela. Egoeraz jabetu denean sakelako telefonoa hartu du eta tren-geltokira deitu du. Hurrengo trena gu iritsi arte ez ateratzea adostu du. Ezin dut sinestu. Segur aski egin duena arauen aurka doa. Segur aski lankideak estutasunean jartzen ari da, baina guri laguntzeagatik egin du, besterik ez.

Berehala iritsi gara Tournaira. Arrapaladan egin dugu tren aldaketa. Txartel zulatzaileari bihotzez eskertu diogu egindakoa eta Le Beffroi eta katedrala ikusi gabe joan gara. Valonia etorkizuneko bizibidaien zerrendan sartu da. Gizon horrek merezi duela esaten badu horrelaxe izango da.

Hurrengo trenak hartzeko arazorik ez dugu izan. Parisera pozik iritsi gara. Iparraldeko geltokira heldu gara. Trena utzi bezain laster txartel bulegora joan

gara. Ilaran jarri naiz eta Rosa umeak eta bizikletak zaintzen gelditu da. Bat-batean Rosaren oihuak entzun ditut:

- Police! Police! Ilaratik ziztu bizian atera naiz eta urrunean mutil bat korrika zihoala ikusi dut.

Rosak azaldu dit gertaturikoa: - Tipo bat hurbildu da eta zorro bat kentzen saiatu da! Amorrua atera zait,

bultza egin diot eta ospa egin du! Itxuraz lapurra oso txirrindularia ez zen. Zorroen lotura askatzea erraza izan

arren, sistema ezagutzen ez bada lehenbizikoan asmatzea zaila da. Ilaran jarri naiz berriz ere eta itxoiteak etekina izan du. Gaur gauean bertan

badugu trena Iruneraino. Bizikletak eramateko arazorik ez dago. Bihar goizean etxean egongo gara eta gaur arratsalde osoa dugu hain oroitzapen onak ekartzen dizkidan Paris hiria bisitatzeko. Gaztetan nire kabuz atzerrira egin nuen lehenbiziko bidaia toki honetara izan zen. Hemen ere jokatu nuen nire lehenbiziko nazioarteko pilota txapelketa. Bospasei aldiz hemendik ibilia naiz, baina berriz ere Paristik ibiltzeko irrikan nago. Gainera Vélib’ izeneko bizikleten mailegu publikoa

ikusi nahi dut. Bartzelonan Bicingarekin gertatzen ari den moduan, hiriaren irudia saltzeko bizikleta garrantzi handia hartzen ari da eta mailegu sistemari oihartzun handia ematen zaio, kritika zorrotzak jaso arren. Vélib’ sistemako bizikleten irudia ere asko landu da. Itxura futurista eman diete kolore gris metalikoa eta forma borobilak erabiliz. Sistema horietako bizikletekin gertatu ohi den eran, atzeko lohi-eta gurpil-babesak dezente zabalak dira. Baina benetan deigarriena dena eskulekua eta horren potentziaren lodiera da.

Bidegorrien sarea ere oso zabala omen da. Tren-geltokitik kanpo aurkitu dugu. Kalera atera bezain laster ikusi dugun inguruaren beste osagarri bat droga saltzen duten gameluak dira. Begi bistakoa da droga saltzen ari direla. Poliziarik ez dugu ikusi, baina drogazale eta droga saltzaileak guztien muturraren aurrean ari dira salerosketa egiten.

Geltokia utzi dugu eta hirizikloturismoa egitera joan gara. Place de la Bastille, Seine, Notre-Dame… eta azkenean Eiffel dorrea, ezin zen bestela izan. Bide gehiena trafikoarekin batera doa, bizikletak ibiltzeko bidea da, baina gehienetan autobusek sartzea badute. Berriz ere inpresio bera izan dut. Segur aski bizikletaz mugitzeko egoera izugarri hobetu da Parisen, baina ez zait eredugarria iruditzen. Azken finean, bizikletaren aldeko saiakerak egin arren, urte askotan kotxeentzat diseinatutako hiri handia da.

Eiffel dorrera iritsirik, inguruko jende mordoaren oihu eta kantuen hotsak Eki eta Lur esnatu ditu. Paisaian bi kolore ziren nagusi, gorria eta horia. Senyera bandera toki guztietan begi-bistan zegoen. Perpinyako USAP errugbi taldeko milaka jarraitzaile Parisera etorri dira. Bihar USAPek ASM Clermont Auvergen aurka Top 14 txapelketako finala jokatuko du.

Jendetza honen erdian beste pertsonaia koloretsu batzuk ere badaude. Hemen ere, Vienan aurkitu genuen eran, ezkondu aurreko agurra ospatzen ari diren gazte pila daude mozorrotuta. Talde bateko ezkongaiak urpekari jantzia du. Marteko parkean dauden iturri guztietan sartzen ari da. Une berean publizitate iragarki bat ari dira grabatzen. Dantzari batzuk Macarena kantua abesten ari dira frantziar doinuarekin eta urpekaria irudiaren erdian sartzean, kameralariaren amorrua eragin du. Horrelako istorioak Paris moduko hiri handi batean baino ez dira gertatzen.

Aspalditik Hervé familiaren liburuak gure etxeko egongelan toki nagusia du. Familia horrek munduaren itzulia egin zuen bizikletaz, 14 urtetan. Manon alaba bidaian izan zuten eta bost urte zituela itzuli ziren etxera. Liburuaren azalean bizibidaiarientzat klasiko bihurtzen ari den tokiaren argazkia dago: Uyuniko

Page 40: Ipar gazi hego geza

40

gatzaga zuriaren erdian familia pedalei eraginez, Manon atzeko gurditxoan zutik paisaiari begira.

Liburuaren barnean, bukaeran, beste argazki bat dago. Gu gauden tokian Hervé familiak argazkia egin zuen bidaiaren bukaeran. Horrelaxe egin dugu guk baita ere. Eta argazkia egin ondoren turista batzuk etorri zaizkigu argazki eske. Azkenean gure irudia toki honetan aurki daitezkeen exotismo-surrealismoetako bat da eta turistek etxera eraman nahi dute. Guztien artean surrealistena venezuelar itxura duen emakumea. Bere senarrarekin hurbildu da: - Horasio, ¡pregúntale tú! - Pardon mesié, se combián? - ¿Cuánto qué?- Ez nion piperrik ulertzen. - ¿Cuánta plata? - ¿La bici? - La fotografía, mi señora quiere una en su bisicleta. - Con torre Ifel al fondo y yo ensima de la bisicleta turística, ¿no le parese

chévere? -galdetzen zuen emakumeak. Azkenean Rosak egin die argazkia. Emakumearen ipurdia ozta-ozta sartu da

eserlekuan, pedalekin mediak puskatu ditu eta katearekin gona zikindu. Argazkiak egin ondoren denbora gehiago ez zaigu geratu eta Austerlitzeko

geltokira joan behar izan dugu. Ibai ondoko bidetik itzuli gara eta tren-geltokiaren parean dagoen Landareen lorategiko dinosauroak ikusteko tartetxoa izan dugu.

Geltokian sartu garenean, etxetik atera ginenetik lehenbiziko aldiz, euskaraz hitz egiten entzun dugu. Parisera asteburua igarotzera etorritako Tolosako familia bat zen eta etxetik hurbilago gaudela sentitu dugu.

Tren txartelak erosi ditudanean bizikletak eramateko arazorik ez zela egongo baieztatu dit saltzaileak. Egia da, bizikletak eramateko tokia oso zabala da, baina bertara iristeko sarrera oso estua da. Gure tandemaren eskulekua ez zen sartzen. Azkenean eskulekua askatu behar izan dugu eta bizikletak ondo sartu dira.

Zorionekoak gara, gure konpartimenduan ez dago inor eta bakarrik joango gara Iruneraino. Erositako bokatak afaldu ondoren berehala oheratu gara.

Nekaturik gaude, pozik gaude, triste gaude, alai gaude, goibel gaude… sentimendu guztiz kontrajarriak pilatzen zaizkigu. Etxera goaz. Badakigu non egingo dugun lo bihar. Nahi duguna jango dugu. Arropa garbia izango dugu beti. Gure dutxa izango dugu. Jostailu pila izango ditugu. Liburutegian astero ipuin berriak hartuko ditugu. Ikastolako lagunekin egongo gara. Familia ondoan izango

dugu. Udara dator, hondartzara joango gara… baina, era berean, amets goxo baten bukaera iritsi da.

Donostia, 2009ko ekainaren 7a

Page 41: Ipar gazi hego geza

41

Etxerako bidean jolasean gindoazen, arratsalde epela, giroa ona zen.

Abesten eta kontu kontari, hitz berriak haren ahoan, aita berriaren harrotasuna umea eramanez lepoan. Masustak hartu zituela, harrapaketan eta frontoia,

Kalixto astoari bisita... gertaera apalen balio erraldoia.

Elkarrekin ederki moldatzen garela buruan bira eta bira, horrela izango da beti? Ez ote da aspertuko geroaldian? Etxetik hurbil ginen, bat-batean Ekiren poza: aita, begira! Gure balkoira zuzendu begirada eta goitik haren hegaldia.

Inoiz han ikusia ez nuena

egun horretan azaldu zena. Ongi etorri zikoina maitia, ongi etorri jolaskide berria.

Lurrek ere, bere ekarpena egin nahi du

3.- Lur

Page 42: Ipar gazi hego geza

42

Bidaian egindako argazki eta bideoekin ikus-entzunezko aurkezpena sortu genuen. Emanaldien bukaeran ikusleekin solasaldiak egiten ditugu. Ondorengo hauek izaten dira gehien errepikatzen diren gaiak eta galderak:

Zer eraman behar da horrelako bidaia batera? Nire ustez hobe da galdera honi norberak erantzutea. Azken finean bizibidaiari

bakoitzaren beharrak ezberdinak izaten dira. Ni ez nintzateke bidaia batera joango boligrafo eta koadernorik gabe, baina gehienentzat ez dira erabilgarriak. Gehienok ez duzue jostailu edo ipuinik eramateko beharrik. Guretzat beharrezkoak dira.

Beste bizibidaiari batzuen webguneetan material teknikoaren zerrendak aise aurkituko dituzu, horregatik ez dizkizut ohiko gomendioak errepikatuko. Nire proposamena hauxe duzu: asteburu bateko txangoa egin nahi baduzu, saiatu lehenbizi egun batzuk lanera zein ikastera joaten edo eguneroko joan-etorriak bizikletaz egiten. Astebeteko ibilbidea egin nahi baduzu, proba ezazu zenbait asteburutan. Hilabete edo hortik gorako bidaia bada buruan duzuna, aldez aurretik astebeteko eskarmentua izanda beharbada hobeto moldatuko zara… eta bidaia bakoitzaren bukaeran honako hausnarketa hau egin: zer bota dut faltan?, zer eraman dut soberan?

Bidaia honetan trasteak eramateko aski toki izan dugu. Alde batetik orain bi bizikleta eramaten ditugu (Lur jaio arte tandem batean gindoazen), beraz zorroak eramateko toki gehiago dugu. Bestetik, udaberri-udan egindako bidaia izan da, hortaz neguko arropa askoren beharrik ez dugu izan. Gauza gutxiagorekin bidaiatzen ikasten ari naiz. Gauza gutxiago eramanda disfrutatu egiten dut. Zenbat eta gauza gutxiago eraman orduan eta libreago sentitzen naiz.

Etxean nekeza egiten zaigu materialtasunetik urruntzea, Olentzerok zortzina opari ez ekartzea edo behar baino gauza gehiago ez izatea. Bizibidaien bitartez honako ikaskuntza hauek sustatu daitezke.

Honako zerrenda honetan laburbiltzen da eramandakoa: Tandemean: 1. zorroan: mapak, bizikletak konpontzeko gauzak, arropa garbitzeko xaboia,

arropa zintzilikatzeko pintzak, botikina, disko gogor bat, telefono bat (eta kargadorea), argazki makinaren kargadorea, pila kargadorea.

2. zorroan: janaria, sukalderako alkohola, olioa. 3. zorroan: jostailuak, ipuinak, pardelak. 4. zorroan: janari gehiago, sukaldea, mahai-tresnak.

5. zorroan: nire arropa, oinetakoak eta nezeserra. 6. zorroan: Ekiren arropa eta oinetakoak. 7. zorroan: lozakuak. 8. zorroan: kanpin-denda eta toldoa. Ekiren eserlekuaren atzean: portamapak. Rosaren bizikletan: 9. zorroan: Ekiren arropa gehiago. 10. zorroan: Lurren arropa eta pardel gehiago. 11. zorroan: Rosaren arropa, oinetakoak eta nezeserra. 12. zorroan: Lurren arropa. Eskulekuko kutxa: dokumentuak, dirua, argia, argazki kamera. Gurditxoan: Beheko poltsan: arropa zikina. Gurditxoaren atzean: koltxonetak.

Eskema hori paperean idatzirik genuen, baina lehenbiziko astea pasata buruz genekien eta hortik aurrera egoera erraztu zen. Zorroen bolumena: 1., 2., 3., 4., 9. eta 10. zorroak: 15na litro; 5., 6., 11. eta 12. zorroak: 20na litro; 7.ak: 31 litro; 8.ak: 22 litro.

Lo egiteko, jateko eta arroparekin, nola moldatu zarete?

Umeekin joanda guretzat lotokirik errazena kanpina da. Bertan ez dago zer puskatu edo zeren aurka kolpeak hartu. Baina bidaia honetan kanpinetan ez gara ongi moldatu. Gauez hotz handiegia egiten zuen eta Ekik eta Lurrek oraindik ez dakite lozaku barnean geratzen, hortaz etengabe esnatu behar genuen haiek tapatzeko.

Kanpinaren aukera bazterturik, aterpetxeetan orokorrean oso ongi moldatu gara, batez ere Alemanian. Herrialde horretan aterpetxe asko familientzako oso egokiak dira, jostailuak, ipuinak eta jolastokiak izaten dituzte eta.

Jateko gehienetan jatetxeetan moldatu gara. Gutxienez otordu bat jatetxeetan egiten genuen. Gosaria gehienetan ostatuan bertan. Ibilbidearen ondoan askotan toki atseginak aurkitu ditugu hamaiketakoa egiteko.

Umeekin joanda arropa zikina pilatu egiten zaigu eta lau egunean behin arropa garbigailua bilatzen genuen. Gehienetan, arropa garbigailua bazegoen, lehorgailua ere bai.

Page 43: Ipar gazi hego geza

43

Matxurarik izan al duzue? Gurditxoaren kisketa babesten duen gomazko tapakia puskatu zen, baina aise

erosi ahal izan genuen berria. Arazo gehiagorik ez genuen izan, ezta zulaketarik ere. Gaur egun bidaiatzeko oso bizikleta eta material onak eta sendoak daude. Bizikletak nahiko berriak ziren, bide gehienak asfaltaturik zeuden eta poliki ibiltzen ginen. Baldintza horietan zaila izaten da matxura garrantzitsurik izatea.

Zailtasun handiena zein izan da?

Lehenbiziko astean Rosaren sukar altuak eta gau txarrek zaildu ziguten hasiera, baina sendatu zenean eta bidaiari erritmoa hartu genionean dena errazago bihurtu zen.

Bukaera, berriz, aldapan gora egin zitzaigun: eguraldia, aurkako haizea, ostatu eta jatetxe gutxiago eta zeudenak garestiagoak, orokorrean bide okerragoak eta batzuetan jendearekiko oso harreman atseginik ere ez.

Herbehereetan sartu ginenetik baldintzak okertzen joan ziren eta aurrera egiteko kemenik gabe gelditu ginen. Herbehereetara iristeko irrikan ginen, itxaropen handiak genituen baina aurreikusitakoa ez zen bete. Segur aski gure energia ere ez zen onena izango, baina azken astean hainbat gauza okertu ziren.

Umeekin eguraldi txarra izanda turismoa egitea ez da batere samurra, are gutxiago zikloturismoa egitea. 2008ko negua oso luzea eta gogorra izan zen, baina udaberria lehenago iritsi zen Europara, Euskal Herrira baino. Orokorrean, bukaera kenduta, eguraldiarekin zorte handia izan genuen. Bizikletaz gindoazela zaparrada bakar batek harrapatu gintuen (Esens herrira iritsi ginen egunean). Garaia eta tokia aintzat harturik ezin gara kexatu.

Osasun edo segurtasun arazorik izan al duzue? Rosaren hasierako sukarra eta Ybbs herriko jatetxe txinatarrean harrapatu

nuen indigestioa izan ezik, osasun arazorik ez dugu izan. Umeek katarro txikirik ere ez zuten harrapatu. Denbora gehiena toki irekietan egotea segur aski lagungarria izan zen. Botikina ez genuen ukitu.

Parisko tren-geltokian izan genuen lapurreta saiakera izan ezik, arazorik ez genuen izan. Hiri handietan agian erneago ibili behar dugu, baina ibilbideko herriak eta aurkituriko pertsonak oso fidagarriak iruditu zitzaizkigun.

Zeintzuk dira zuen gurditxo eta tandemaren abantailak eta desabantailak umeekin mugitzeko? Gurditxoarenak Abantailak: Segurtasuna. Ohiko aulkiak baino askoz seguruagoa da, txirrindularia eroriz

gero zaila da gurditxoa iraultzea. Lo egiteko oso erosoa eta gainera lo-eragingarria. Arina eta tolesteko azkarra. Tenperatura ezberdinetan egokia, eguzkiaren eta euriaren aurkako babesa. Ez bakarrik bizikletaz ibiltzeko; korrika egiteko, patinatzeko, menditik ibiltzeko

edo eskiatzeko ere erabilgarria da. Desabantailak: Ume batzuentzat gurditxoa jolasa da, beste batzuk ez doaz hain gustura.

Horregatik, erabiltzen hasten bazara, pazientzia pixka bat izan eta umeari ongi “saldu” gurditxoan joatearena.

Tandem erdietzangarriarenak Abantailak: Gurditxoa baino motibagarriagoa. Umearekin hitz egitea oso erraza da eta denbora guztian ikusten duzu. Erabiltzea oso erraza da, ume arin batekin gutxienez. Desabantailak: Hotz egiten badu, umea hoztea erraza da. Dena den, aurrean babesa jartzea

badago. Orain arte ez da oso motibagarria izan pedalei eragiten hasteko. Umearen

adinaren arabera ezberdina izango dela imajinatzen dugu.

Bidaian deigarria egin zaizuen zerbait? Europan aurkitu dugun egoerarekin alderatuz, orokorrean ingurumenaren

zaintzan oso urrun gaude, baina bizikletaren erabilpenari dagokionez aldea oso deigarria da. Inbidia sentitu dugu.

Gizarte modernoen kezka nagusiak klima aldaketa, obesitatea eta krisia badira, horien aurka aritzeko, bizikleta tresna erabilgarria da erabat. Euskal Herrian ez

Page 44: Ipar gazi hego geza

44

bezala, Europan horretaz ederki jabetu dira. Ea etorkizunean gure egoera ere hobetzen den.

Eta umeekin nola moldatu zarete? Bidaiatzen ari garenean, zailtasun batzuk egon arren, eguneroko helburuak

apalagoak dira. Lanera edo ikastolara joateko ordutegirik ez dago. Gizarte- -konpromisorik ez dugu eta umeekin egoteko biok gaude. Gauzak horrela, zailtasunak orekatzen dira.

Bestalde, etxetik kanpo edo etxean bertan umeekin egunero 24 orduz egoteko kemena behar da. Bidaiaren bukaeran energia gutxiago geneukan eta nekezago egin zitzaigun umeen erritmoari jarraitzea.

Nola lortzen duzue bi ume eta hainbeste trasterekin trenez ibiltzea?

Bizikleta batekin joanda trenez mugitzeak zailtasunak ditu. Gure egoera

oraindik nekezagoa zen, baina moldatu gara. Alemanian aurkituriko erraztasunak nabarmendu nahi ditut. Trenetan eta trenera iristeko bizikletek duten tokia, igogailuen zabalera, bizikleten aparkalekuak… baina guztiaren gainetik tren- -geltokietako langileen jarrera. Lortuko al dugu inoiz Alemaniaren mailara iristea?

Zer eragin izan du bidaiak Eki eta Lurrengan?

Nire ustez, orokorrean bidaiek oso eragin ona dute umeen heziketan. Lurrentzat, egun osoa familiarekin egotea garrantzitsuena izan zen. Ekiren kasuan, zerbait gehiago esango nuke: eguneroko errutinatik atera zen, gauza ezberdinak ikusi ahal izan zituen. Esaterako, hizkuntza gehiagoren erabileraz jabetu zen eta komunikaziorako oinarrizko tresnak direla ikasi zuen.

Bestalde, talde lanaren filosofia ikasteko lagungarria izan daiteke. Bidaian pixkanaka ardura txikiak hartzen joan daitezke.

Baina bidaiatzearen benetako balioa kultura ezberdinak ezagutzea da, umeentzat ere bai. Handiagoak direnean kultura ezberdinak ikustera bagoaz, gure gizartearen gaitzak leuntzeko lagungarria izan daiteke, esaterako kontsumismoa.

Bidaiatzearen beste ekarpen bat etxean dugun oparotasuna saihestea izan daiteke. Gure belaunaldiko guraso askok, guk barne, seme-alabak gehiegi

babesten ditugu eta ez diegu uzten arazoei irtenbideak bilatzen. Bidaietan bizitza ez dago hain lotuta eta gehienetan ezustekoak gertatzen dira. Egoera horiek bizitzea hezigarria izan daitekeelakoan nago.

Zenbat kilometro, zenbat ordu? Umeekin joanda, gure ustez, galdera honek garrantzi handia du. Ibilbidea eta

Lurren loa bateratzen saiatzen gara. Bizikletaz ibiltzen ari garen bitartean lo kuluxkak egiten ditu. Esna badago ordu erdi pasata aspertu egiten da gurditxoaren barnean.

Ekik, txikiagoa zenean, jarrera berdintsua zeukan gurditxoan. Tandemean, berriz, gusturago doa. Orain bussines classeko txartela du eta ikuspegi ezin hobea du.

Gure ustez, umeak gurditxoan, aulkitxoetan edo tandemean gustura joan arren, etapak ezin dira gehiegi luzatu. Ume batek mugimendu gehiago behar du. Hainbeste denbora eserita egotea ez zaigu egokiena iruditzen. Horregatik gure etapak 40 kilometro luze izaten dira batez beste, bi ordu eta erdikoak gutxi gorabehera.

Nola aukeratu duzue ibilbidea? Bi umeekin egin dugun lehenbiziko bidaia luzea izanik, ibilbidea aukeratzeko

irizpide nagusia erraztasuna izan da. Trafikorik eta aldaparik gabeko bideak maite ditugu eta bidaia honetan ederki aurkitu ditugu.

Ezin hobeak dira Esterbauer argitaletxeko gidak (www.esterbauer.com); ia ibilbide osoa deskribatzen dute eta oso lagungarriak izan zaizkigu.

Asmakizunaren erantzuna: 40 (aste / tanto)

Page 45: Ipar gazi hego geza

45

4.- Familia bat, bi tandem

____________________________________________________

Page 46: Ipar gazi hego geza

46

Biok familia bera daukagu, baina bakoitzak ekarpen ezberdina egiten

diogu. Biok bestearen sinesmenak errespetatu eta horien alde egiten dugu, baina bakoitza ekimen ezberdinen buru gara. Nik soin ariketaren eta ekologiaren onuretan sinesten dut. Sinesmen nahasketa horren ondorioz, bizikleta txertatuta dago gure familian eta tandem batek toki batetik bestera eramaten gaitu.

Rosak beste helburu batzuen alde borrokatzen du. Hazkuntza

naturalaren defendatzaile sutsua da. Haren ekarpenetako batzuk dira bete-beteko dedikazioa, atxikimendua, errespetua, entzutea, maitasuna, elikadura orekatua, atsedena, etxean jaiotzea, haurtzaindegi bakarra etxea izatea, elkarrekin lo egitea eta garapen immunologikoa ahalbidetzea. Rosaren kemenari esker beste tandem bat etorri zen gure familia barrura: edoskitze tandema.

Bi umerekin bizikletaz ibiltzeko ilusioa behar da. Are gehiago biei aldi berean bularra emateko. Eskerrik asko Musa, bizitza osorako gure seme-alabei egin diezun opariagatik.