Goenkale 1789

53
--Goenkale 1789- - 1 - GOENKALE 1789 Gau beila luzea... 1

description

Capítulo temporada 9

Transcript of Goenkale 1789

GOENKALE 1789

--Goenkale 1789-- 32 -

GOENKALE 1789Gau beila luzea...

1. SEKUENTZIA. PUTETXEA (BEREZIA).

BARRUAN. GAUEZ (21,45).

XABIER, MARIA LUISA, SANDRA, GORILA FIGURANTEA, NESKA FIGURANTEAK, GIZONEZKO BEZEROAK.

(1 15)(1788. ATALEKO 21. SEKUENTZIAREN (19B) JARRAIPENA)

1. SEKUENTZIA. PUTETXEA (BEREZIA).

BARRUAN. GAUEZ (21,45).

XABIER, MARIA LUISA, SANDRA, GORILA FIGURANTEA, NESKA FIGURANTEAK, GIZONEZKO BEZEROAK. (1 15)(1788. ATALEKO 21. SEKUENTZIAREN (19B) JARRAIPENA)

XABIERrek besotik helduta dauka bere ama: Liberty Clubetik aterarazi nahi du, erabat auzo-lotsak jota. Amak ordea ez du nahi. SANDRAk, barratik jarraitzen du sekuentzia guztia, kezkati. Ate ondoan jarrita dago GORILA ere, eskuarekin keinu adeitsu baina aldi berean mehatxugarria eginez XABIER eta MARIA LUISA irtetera gonbidatuz bezala.

XABIER. (amaren besotik tira, ezinean) Goazen!

MARIA LUISA. (bere burua justifikatu nahian) Egon, seme, egon... Honek badu argibide bat...!

XABIER. Nahikoa da ama! Nahikoa da!

MARIA LUISA. (sutuz) Zer uste duzu, nire gogoz etorri naizela? Gustatu egiten zaidala ema-zirin hauen artean egotea? Estefania, zure emazte....

XABIER. (begirada zorrotzez, eten) Ez dut hitz bat gehiago ere entzun nahi, ama. Hitz erdi bat ere ez!

XABIERrek amari besotik gogor heldu eta ateraino eramaten du. GORILAk irekitzen die atea. Isilik adierazten dio XABIERrek amari ateratzeko. Irten egiten da MARIA LUISA, gogoz kontra.

XABIER. (GORILAri) Barkatu, benetan sentitzen dut...

GORILAk ulerkortasun keinu bat egiten dio. XABIER ere kanpora ateratzen da amaren atzetik. Tentsioa airean nabaritzen da oraindik.

2. SEKUENTZIA. (2A). MARIA LUISAREN ETXEA.

BARRUAN, GAUEZ (22,00).

XABIER, ESTEFANIA, MARIA LUISA.

(1 15)

ESTEFANIA zain jarrita dago, urduri, erlojuari begira eta begira...

XABIER eta MARIA LUISA iristen dira, azkenean. Isil-isilik datoz biak, serio.

MARIA LUISA, ESTEFANIAri begiratu ere egin gabe, bere gelara abiatzen da. Artean, XABIER sukaldera doa, baso bat ur hartzera.

Inor ohartzen ez delarik, ESTEFANIAk garaile begiratzen dio gelara sartzen ari den MARIA LUISAren lorratzari.

MARIA LUISA joana denean, ESTEFANIA XABIERrengana hurbiltzen da. Eskuak jartzen dizkio sorbaldan.

ESTEFANIA. (samur, larritu itxuran) Ondo zaude, laztana?

XABIER. (ura edanez, lur jota) Oraindik ezin dut sinetsi. Ikaragarria izan da... Sinestezina Nire amarekin horrela ibili beharko nukeenik (airean)

ESTEFANIA. (igurtzi goxoa) Amaitu da dena, Xabier... Lasaitu zaitez Amaitu da amesgaiztoa...

XABIER. (berean) Ez zait berehalakoan ahaztuko... ama hor, oihuka, prostituta eta gainerako jende horren guztiaren aurrean... Beldurra ere pasatu dut... Ez dakit nondik atera dudan ama handik irtenarazteko indarra...

ESTEFANIA. Orain nirekin zaude, Xabier... Ez duzu zertan kezkatu

XABIER. (Berean) Ulertzen dut zoroetxe honetatik alde egin nahi izatea, Estefania... Orain bai ulertzen dudala... Ez dago horrela bizitzerik, baina...

ESTEFANIA. Ahaztu hori orain, Xabier... Ez da horretan pentsatzeko momentua.

XABIER. ...baina ezin dut ama horrela utzi... Nire ama da, Estefania... Nire ama...

XABIER negarrez hasten da. ESTEFANIAk besarkatu egiten du.

ESTEFANIA. Badakit oso trago garratza dela...

Elkarri besarkatuta irauten dute, segundo batzuez. XABIER bularraren kontra estututa dauka ESTEFANIAk, haur bat balitz bezala.

ESTEFANIA. Goazen ohera, Xabier... Zer uste duzu, harrizko bihotza dudala? Nirekin kontatu, Xabier...

XABIER.- Eskerrik asko, Estefania, eskerrik asko

ESTEFANIA.- Ez zaitut bakarrik lagako...

3. SEKUENTZIA. BOGAKO LOGELA

BARRUAN, GAUEZ (04,00).

MIKEL, MARTAREN OFFEKO AHOTSA.

(1 45)

Gaueko ordu txikiak dira. MIKEL lo geratu da liburu ireki eta apunteen gainean. Bat-batean esnatu egiten da, asaldatuta.

MIKEL. Jode, ze ordu da baina? (erlojuari so) Goizeko lauak... Seko geratu nauk... (aurpegia igurtzi eta MARTAren gutuna ikusten du bere aurrean, esku artean hartzen du) Bueno: honez gero irakurri dezakek, Mikel... Iritsi duk momentua

Gutunazala ireki eta irakurtzen hasten da. MARTAren ahotsa OFFean entzun ahala, MIKEL eta MARTAren irudiak ikusiko ditugu, elkarrekin pasatako une atseginak, eta abar.

MARTA OFF. Kaixo, Mikel: Lortu al duzu nerbioak gobernatzea? Ez erabat? Tira, hori ez da txar-txarra ere. Azterketa ondo egiteko behar da tentsio puntu bat. Adrenalina apur bat ondo etortzen da. Baina hori badakizu, ezta? (pausa bat) Harro nago zutaz. Nire ikaslerik onena izan zara. Nik esan beharrik gabe ere badakizu tipo argia zarela. Ba hori. Ez ahaztu nik esandakoa azterketa egiten duzun bitartean. Argia zara, balio duzu. Ez galdu sekula zure buruarengan duzun konfiantza. Nik ez dut sekula galduko neuk zugan dudana, Mikel.

Baina nahikoa da. Bada garaia Marta andereoa isiltzeko... Arralden gertatu zaidan gauzarik politena zu ezagutzea izan dela esateko idatzi nahi nizun gutun hau. Behar bada beste leku, beste momentu, beste egoera batean elkar ezagutu izan bagenu... Baina horrelakoa da bizitza, badakit ulertuko duzula.

Ez dakit non egongo naizen zuk gutun hau irakurtzen duzun bitartean. Baina zaude ziur zugan edukiko dudala gogoa: adi bazaude, azterketa egiten duzun bitartean, zure ondoan nagoela ohartuko zara, erantzun zuzenak belarrira xuxurlatzen, horrelakorik egitea beharrezkoa balitz...

Beti egongo zara nire bihotzeko eta nire oroitzapenetako lekurik goxoenean. Eta erdi-erdian.

Muxu bat. Marta.

Postdata: Gau guztia ikasten ez pasatu izana espero dut. Garrantzitsua da azterketara atseden hartuta joatea...

MIKELek irribarre egin eta bere irakaslearen gomendioa jarraitzea erabakitzen du.

MIKEL.- (Umeetako formula gogoan) Alolo, buba, buba, Mikeltxo lo, lo, lo

Gutuna utzi eta argia itzaltzen du.

4. SEKUENTZIA. (2B). MARIA LUISAREN ETXEA.

BARRUAN, GAUEZ (6,00).

MARIA LUISA.

(30)

Egongela ilunpean dago, hutsik. MARIA LUISA agertzen da bere gelatik. Argia pizten du. Bere begietan seinale da gau guztia negarrez pasa duela.

Sukaldera zuzentzen da, pauso geldoz. Te-ontzia urez betetzen hasten da, baina hain dago lur jota ez dela horretarako ere gai.

Negar batean lehertzen da.

MARIA LUISA. Jaungoiko maitea! Noiz arte horrela? Noiz arte! Zergatik jarri didazu halako penitentzia... Ez al didazu lagundu behar? Lagundu, mesedez eskatzen dizut. Lagundu. Bestela ez dakit nola bukatuko dudan... ez dakit.TRANTSIZIOZKO KARETA. EGUNA.

5. SEKUENTZIA. (5A) ORIO.

KANPOAN, EGUNEZ (9,00).

MAIALEN, MIMI, NIKO, FIGURANTEAK.

(2)

MAIALEN eta MIMI oinez doaz elkarrekin.

MAIALEN.- Ez dut ulertzen, Mimi? Zer gertatu zen horretaraino iristeko?

MIMI. (lehor samar) Gertatu behar zuena gertatu zen. Besterik ez.

MAIALEN. Ez jarri horrela Mimi, ni bion laguna naiz eta biongatik nago kezkatuta.

MIMI.- Ba niregatik ez arduratu, ni ondo nago.

MAIALEN.- Ondo? Ia.... (beste ahalegin bat) Baina, ez al dago Miriam eta zure artekoa konpontzeko modurik?

MIMI. (irmo) Ez Maialen, hori ezinezkoa da.

MAIALEN. Ezinezkoa? Baina nola izango da ezinezkoa? Hainbeste urtetako adiskidetasuna pikutara bidali behar duzue?

MIMI. Gauza asko gertatu da gure artean, Maialen. Gauza gehiegi.

MAIALEN. Ahalegindu beharko zenukete, hala ere...

MIMI. (irribarre tristea) Ez, Maialen. Hobe gauzak bere horretan uztea. Konfiantza behin galtzen da, eta galtzen denean, ez dago atzera bueltarik...

MAIALEN. Ba niri pena ematen dit, Mimi, pena handia. Nork esan behar zidan niri duela hilabete...

MIMI. Horrelakoa da bizitza. Badira ahaztu ezin diren gauzak. Adibidez mina. Mina ez da ahazten, Maialen.

MAIALEN. (norbait ikusi du eta aurpegi arraroa jarri du disimulatzeko) Tira, Mimi, ni banoa, bai?

MIMI. Zerbait gertatzen da?

MAIALEN. (aitzakia bila, urduri) Ez, ez... Ezer ez... Berandu dela eta kioskoa ireki behar dudala, besterik ez...

MIMI. (apur bat moskeatuta) Hitz egingo dugu gero, orduan...

MAIALEN. (alde eginez) Bai... deituko dizut...

MAIALENek presaka alde egiten du, MIMIk ez du ezer ulertzen... Harik eta lepoa jiratu eta handik gertu NIKO ikusten duen arte, beregana hurbiltzen.

MIMI. (hasperen eginez, bere buruari) Azal gogorra behar da gero...

NIKO. (apal) Kaixo, Mimi...

MIMI. (zakar) Ezin dut sinetsi. Oraindik ere Arraldera etortzeko barrena duzu? Zertara etorri zara?

NIKO. Ezertara ez...

MIMI. Ezertara ez?

NIKO. Tira, bai...

MIMI.- Banengoen ba ni. Orain hor hasiko zara aitzakiari aitzakia, ni mareatu nahian

NIKO.- Ez. Agur esatera etorri naiz, Mimi...

6. SEKUENTZIA. (6A) BOGA.

BARRUAN, EGUNEZ (9,00).

LEONOR, MIKEL, IGONE, FIGURANTEAK.

(1)

LEONOR gosaria prestatzen ari da. IGONE sartzen da, geletara ematen duen atetik.

LEONOR. Egunon, Igone... Ikusi al duzu, Mikel?

IGONE. Ikusi ez, baina sumatu dut. Oraintxe pasatu naiz haren gela paretik eta zurrungaka ari zen... A zer nolako zurrungak! Etxeak erori behar zuela ematen zuen. Parrandaren bat egin du horrek gaur gauean, seguru...

LEONOR. (alarma gorria, barratik atera eta geletarantz) Vaya con el estudiante... Azterketa bat dauka-eta hemendik hiru ordu laurdenera...!

IGONE. (ezer ulertu gabe) Eta nolatan ibili da ba parrandan azterketa bezperan?

LEONOR. Ez da parrandan ibili: gau guztia ikasten pasatuko zuen... Esnatu eta ur hotzaren azpian jartzera noa... Bitartean prestatu kafe bat. Bikoitza izan dadila! Tira, ahal duzun kafe beltzena, pendejo hori esnatu behar dugu etaIGONE barrara sartzen da, esaneko. LEONOR geletarantz doa, presaka.

7. SEKUENTZIA. (5B) ORIO.

KANPOAN, EGUNEZ (9,00).

MIMI, NIKO, FIGURANTEAK.

(1 15)

Lehenean jarraitzen dute

MIMI. Agur esatera etorri zarela? Zer esan nahi duzu?

NIKO. Kanpora noa hilabete batzuk pasatzera. Ingalaterrara noa lanera... Et bide batez ea ingelesari bultzadatxoa ematen diodan.

MIMI. Orain ulertzen dut. (sarkasmo puntua) Ba Miriam etxean egongo da... Zoaz eta esaiozu... Esan agur, (markatuz) ezpainetik ezpainera... Badakizu non bizi den, ezta? Eta ezpainak non dituen ere bai

NIKO. Mesedez, Mimi... Zurekin hitz egitera etorri naiz.

MIMI. A, bai? Ba berandu etorri zara. Zure trena pasatu zen, Niko. Eta ez da berriz itzuliko. Ondo pasa Ingalaterran...

MIMIk alde egiteko keinua egiten du, baina NIKOk ez du oraindik bukatu...

NIKO. Mimi... Zergatik gaizki bukatu? Ezin dugu lagunak izan?

MIMI. Lagunei ez zaie minik egiten. Eta niri min egin didazu, Niko. Min handia.

NIKO. Sentitzen dut...

MIMI. Gehiago sentitzen dut nik. Gu bion artean zerbait berezia zegoela pentsatu nuen. Baina oker nengoen. Tuntuna izan naiz. Eta itsua. Oso itsua.

MIMIk, oraingoan bai, alde egiten du.

NIKO MIMI nola urruntzen den ikusten geratzen da.

MIMI oinez ikusten dugu NIKO atzean hari begira duela. Nekez lortzen du MIMIk begietara datozkion malkoei eustea.

8. SEKUENTZIA. (6B) BOGA.

BARRUAN, EGUNEZ (9,30)

LEONOR, MIKEL, IGONE, FIGURANTEAK.

(2)

MIKEL zutik ari da kafea hartzen, mahaian eseri gabe. Jaiki berriaren aurpegia dauka eta ilea oraindik heze. Nerbioak airean ditu eta presaka ari da kafea irensten.

LEONOR. (kruasan bat luzatuz) Tori... Jan zerbait... No irs con el estmago vaco

MIKEL. Uztan, uztan... Kafearekin nahikoa izango dun...

LEONOR. (amatxo) Ezer jan gabe joaten bazara flakiak joko zaitu gero!

MIKEL. Ez zaidan ezer sartzen, Leo... Berealdiko korapiloa zeukanat urdailean... (kafea seinalatuz) Jode, Venus Williamsen izterrak baino beltzagoa zagon kafe hau...

IGONE. Nahi duzu laranja ura prestatzea?

MIKEL. Laranja ura? Horixe besterik ez ninan behar, kafea eta gero zukua... Zer nahi dun, azterketa guztia komun-zuloan eserita egitea?

LEONOR. Lasai, Mikel... Dena ondo aterako da...

MIKEL. Lehendik ere esfinter kontuak menperatzeko nahikoa lan badinat eta...

IGONE. (bonbilla piztu zaio) Intxaurrak orduan! Intxaurrak memoriarentzat onak omen dira...

LEONOR. (azeleratuta) Okindegira jaitsi eta intxaur eta zekale ogia erosiko dut...

MIKEL. (kafearen azken arrastoa edanez) Ezetz, ba, ezetz... Ondo nagoela... Tira, eta orain banoan... Berandu iritsiko naun eta...

MIKEL aterantz abiatzen da. LEONORrek gerarazten du.

LEONOR. Mikel!

MIKEL. (behingoz abiatzeko desiratzen) Zeer...?

LEONOR. Boligrafoak hartu dituzu?

MIKEL. (patrikatik bat atera eta erakutsiz) Bai...

LEONOR. Bat bakarra? (barratik beste bat hartu eta MIKELi ematen dio) Bi eramatea komeni da, batek huts egiten badu... Ziur dena hartu duzula?

MIKEL. (bat-batean gogoratzen da) De-diola! Ingeleseko hiztegia! Non sartu ote dut? Ez al dun ikusi? Hemen behar din

IGONEk luzatzen dio.

IGONE. Hau al da? Bart gauean hemen ahaztu duzu...

MIKEL. Eskerrik asko, Igone... (patrikak tapakatzen ditu, zerbaiten bila) Honekin dena hartu dudala uste dinat...

LEONOR. Karneta ere bai?

MIKEL. (patrika pare bat arakatu ondoren topatzen du) Bai, hemen zeukanat... (arnasa sakon hartuz) Izan dadila izan behar duena... Alea iacta est...

LEONOR. Ziur oso ondo egingo duzula...

LEONORri muxu azkar bat eman eta alde egiten du MIKELek.

LEONOR. (IGONEri) Agian txorakeria bat izango da, baina... Gogoratzen zara non gorde genituen Don Luisek bataiatutako kandela haiek? Pare bat pizteak ez dio kalterik egingo...

IGONE. (irribarrez) Oraintxe ekarriko ditut...

LEONOR.- Baina ez esan berari kandelak piztu ditugunik, e?

TRANTSIZIOZKO KARETA. EGUNA.9. SEKUENTZIA. (9A) ORIO.

KANPOAN, EGUNEZ (12,00).

XABIER, ESTEFANIA, FIGURANTE ZERBITZARIA, FIGURANTEAK.

(1 15)

ESTEFANIA terraza bateko mahai batera jarrita dago, zerbait hartzen. Patrikako telefonoa hartu eta zenbaki bat markatzen du.

ESTEFANIA. (bere buruari, gogaituta) Harritzekoa... Erantzungailua... (mezua utziz) Mario... Estefania naiz... Libertyn al zeunden Maria Luisa heldu zenean? Deitu lehenbailehen, e? Jakin beharra dut atsoak zerbait dakien... Eta ezer baleki, zer den dakiena

XABIER inguratzen ari dela ikusten duenean itzali egiten du patrikakoa, eskuetatik askatu gabe, hala ere.

XABIER beragana iritsi eta musu ematen dio.

ESTEFANIA. Kaixo, laztana... (patrikakoa seinalatuz) Oraintxe deitzera nindoan...

XABIER. (arkumetxo bat bezala esertzen da) Zer moduz amarekin?

ESTEFANIA. Astakeriarik ez du behintzat egin. Halandabe, lehenbailehen atera naiz etxetik, badaezpada...

XABIER. (hasperen) Horrela ezin liteke bizi...

ESTEFANIA. (eskutik helduz) Badakit erabaki gogorra dela, Xabier, baina onena zure ama...

XABIER. (etenez) Eskerrik asko etxean geratzeagatik. Hori ezingo dizut sekula merezi bezainbat eskertu...

ZERBITZARIA heltzen da mahaira.

ZERBITZARIA. Zer hartuko du jaunak?

XABIER. (bere buruari, erdi marmarka) Opor luze batzuk hartuko nituzke gustura...

ZERBITZARIA. Barkatu?

XABIER. Garagardo bat... Garagardo bat, mesedez...

10. SEKUENTZIA. SOBIA.

BARRUAN, EGUNEZ (12,00).

ANARTZ, NIKO, TXAPAS, FIGURANTEAK.

(2)

Sobiako barrara jarrita dago ANARTZ. Garagardo bat dauka bere aurrean, baina ez du ia ukitu ere egin. Oso dago pentsakor, bere bizitzan gertatu den guztia buruan ordenatu nahian.

NIKO sartzen da eta barran jartzen da, baina ez ANARTZengandik hurbil. Hasieran ez da ohartzen bestearen presentziaz. Gero, biak batera ohartu eta elkarri begira geratzen dira, oso serio, zer esan ez dakitela.

ANARTZ. Zer egiten duzu zuk hemen?

NIKO. Mimi agurtzera etorri naiz. Kanpora noa eta...

ANARTZ. (etenez) Bost axola zure bizitzarekin zer egiten duzun. Baina Arraldera inoiz ez itzultzea espero dut.

TXAPAS, bere zereginetan zebilena, NIKOrengana hurbiltzen da.

TXAPAS. Zer aterako diat?

NIKO. Garagardo bat...

TXAPASek atera egiten dio. NIKO, garagardoa hartu eta ANARTZengana hurbiltzen da.

NIKO. Bazekiat gaizki sentitzen haizela...

ANARTZ. Txikito, niri hika lagunek bakarrik hitz egiten didate.

NIKO. Ez hartu horrela... Gertatutakoa gertatu da eta kito, ez da inoren errua izan...

ANARTZ. Kabroi halakoa... Zuk dauzkazu zuk kaskabiloak... Jakina: soilik nire neska maileguan hartu didazu, ezta? Hori bakarrik... Lagunen artean dena bana daiteke...

NIKO. Sentitzen dut, Anartz... Kontu honetan denok sartu dugu hanka, baina...

ANARTZ. (eten) Ez. Denok ez. Nik ez. Nik (hatzekin adarren keinua) oreinarena egin dut, besterik ez...

NIKO. (laguna oldarkor ikusita atzera) Onena alde egitea izango da...

ANARTZ. Taberna honetara sartu zarenetik esan duzun gauza zentzudun bakarra da hori.

NIKO, goibel antzean, aterantz abiatzen da. Ez du bere garagardoa ukitu ere egin.

TXAPASek, NIKO ordaindu gabe doala ikusita, hari zerbait esateko keinua egiten du... ANARTZek galarazten dio, ordea.

ANARTZ. Utzi, Txapas... (patrikatik dirua atera eta barra gainean utziz) Nik egingo dut... Edozer, hori begi bistan ikustea baino... Eta niri atera beste bat...

TXAPAS. (harri eta zur, esku banatan hartzen ditu mostradoreko bi kainak: ukitu gabe daude, bai ANARTZena, eta bai NIKOrena) A... Beste bat ateratzea nahi duk...? Eta hau?

ANARTZ. Harraskan behera bota, nahi baduzu: mikaztu egin dit ergel horrek.

11. SEKUENTZIA. (9B) ORIO.

KANPOAN, EGUNEZ (12,05).

XABIER, ESTEFANIA, FIGURANTE ZERBITZARIA, FIGURANTEAK.

(1 45)

ZERBITZARIA XABIERrek eskatutako garagardoa zerbitzatzen ari da.

ZERBITZARIA. Zure garagardoa, jauna.

Garagardoa jarri bitartean isilik daude. Hark aldegitean hasten da elkarrizketa.

ESTEFANIA. Hori bai, ez dizut gezurrik esango: ez dakit noiz arte jasan ahal izango dudan, Xabier... XABIER. Ulertzen dut...

ESTEFANIA. Ezin dut zure amarekin bizi eta aldiro-aldiro, berarekin bakarrik ez egoteko iheska ibili... Beraz, ama nonbaiten sartzea erabaki ezean...

XABIER. Badakit, badakit... Agian onena egun batzuk Arraldetik kanpo pasatzea izango da. Zure familiarekin.

ESTEFANIA. Zer esan gura duzu?

XABIER. Ez daukat oso garbi zer egin behar dudan amarekin, baina gauza bat badakit: zerbait egin behar dudala...

ESTEFANIA. (mindu itxura) Orduan hasieran bezala gaude...

XABIER. Hasieran bezala?

ESTEFANIA. Bai. Lehen ni nintzen alde egin gura nuena, eta orain, zeuk botatzen nauzu etxetik.

XABIER. Baina nola esan dezakezu hori? Irtenbide baten bila nabil, egun batzuk besterik ez dira izango, gauzak lasaitu arte...

ESTEFANIA. Bai, baina bitartean, borreroa etxean eta biktima etxetik kanpo, ezta? Ederra irtenbidea...

XABIER. Ni naiz etxean ikusi nahi zaituen lehena. Zer uste duzu, gozoa dela niretzat? Ikaragarri sentituko dut zure falta... Ezin dut zu gabe bizi, Estefania...

ESTEFANIA. Sinetsi egin behar al dizut?

XABIER. (noraezean) Badakizu benetan ari naizela...

ESTEFANIA. (irmo) Tira, pentsatuko dut zer egin. Maletak eginda dauzkat bederen...

XABIER. Estefania, nik zin egiten dizut...

ESTEFANIA. (etenez) Ez, Xabier. Ez zin egin. Ez agindu bete ezingo duzun zerbait.

12. SEKUENTZIA. SOBIA.

BARRUAN, EGUNEZ (12,10).

MAIALEN, TOMAX, ANARTZ, MAIDER, FIGURANTEAK.

(2 )

ANARTZek barran jarrita jarraitzen du, bere edalontziari bueltak emanez. MAIDERrek ordezkatu du Txapas eta neska bere lanetan dabil.

ANARTZ taburetetik altxa eta komunera sartzen da.

Une horretantxe sartzen dira MAIALEN eta TOMAX. Eskutik helduta datoz.

MAIALEN. Kaixo, Maider. Bi Coca-cola mesedez.

MAIDER. Oraintxe.

MAIALEN. (TOMAXi, lehendik datorren elkarrizketa jarraituz) Ba esaten nizuna: bi horien artekoak ez duela batere itxura onik. Mimik ez du inorekin ezer jakin nahi. Ez Miriamekin, ez Nikorekin...

TOMAX. Izan ere, gauzak horrela okertzen hasten direnean, malo-malo...

MAIALEN. Saiatu naiz Mimiri ahalegin txiki bat egiteko eskatzen, baina ez dit aukerarik utzi...

TOMAX. Ba hortik aurrera zuk ezin duzu ba gehiago egin, Maialen...

ANARTZ komunetik atera eta barrara hurbiltzen da.

MAIALEN. Anartz! Zer... Zer moduz?

ANARTZ. Irauten.

MAIALEN. (apur bat moztuta) Hitz... hitz egin duzu Miriamekin?

ANARTZ. (lehor) Ez.

MAIALEN. (Azken ahalegina) Baina ez al zarete saiatu behar zuen artekoa konpontzen?

ANARTZ. Ez dago zer konpondurik, Maialen.

MAIALEN. Bateko eta besteko, koadrila guztia ukituta geratu da kontu honekin, Anartz... Ez dakit jakingo duzun, baina joan zen egunean mutur joka bukatu zuten Mimik eta Miriamek, hementxe, Sobian, eta dena...

ANARTZ. (etenez) Stop, stop, stop... Ez gaizki hartu, baina ez dut kontu honi buruz gehiago jakin nahi. Ados?

MAIALEN. Bar... Barkatu... Ez nuen hanka sartu nahi...

ANARTZ. Ez da zure errua. Ez da ezer gertatzen. Baina burua lehertzear daukat, bai? Gero arte...

TOMAX. Ondo al hago?

ANARTZ. Bai, baina haizea hartzeak ez zidak kalterik egingo.

MAIALEN. Nahi duzu laguntzea?

ANARTZ. Ez, ez... Zuek ondo zaudete hemen. Nahiago dut bakarrik joan.

ANARTZ Sobiatik irteten da.

MAIALEN. (erru zama, bere buruari) Jode, Maialen, orain ere isilik geratu besterik ez zenuen...

TRANTSIZIOZKO KARETA. EGUNA.

13. SEKUENTZIA. ORIO.

KANPOAN, EGUNEZ. (14,05).

TERESA, IRAKASLE FIGURANTEA, FIGURANTEAK.

(1 30)

TERESA korrika eta presaka heltzen da banketxe batera. Atea bultzatu eta irekitzen saiatzen da, baina alferrik.

TERESA. (bere buruarekin haserre) Kaka zaharra! Itxita! Nola sartu behar dut nik orain dirua? Beti berandu, Teresa, beti berandu...

TERESAk, jiratu orduko, dirua utzi zion IRAKASLEA ikusten du. TERESA ikusten duenean, pauso irmoz inguratzen zaio IRAKASLEA. IRAKASLEA. (nahiko serio dago) Aizu, Teresa: zurekin hitz egin nahi nuen...

TERESA. (zirkunstantzia irribarrea) A bai...?

IRAKASLEA. Non dago joan zen egunean eman nizun dirua? Oraindik ez duzula sartu esan didate... Zer ari zara gezurretan?

TERESA. Ez, ez, lasai... Hara: oraintxe nentorren bankura dirua sartzera, baina berandu iritsi naiz, itxita dago...

IRAKASLEA. (ezer ulertu gabe) Baina, baina... Zer gertatzen ari da hemen?

TERESA. Benetan ari naiz, hemen daukat dirua... (motxilatik gutunazala atera eta IRAKASLEAri ematen dio) Tori... Kontatu nahi baduzu...

IRAKASLEA. (harri eta zur, ireki eta dirua kontatzen du) Bai, dena dago... Sartuko dut nik bihar baina... Ordainagiria zuk zeneukala esan zenidan eta...

TERESA. Bai, lotsa eman zidan oraindik ez nuela sartu aitortzeak eta horregatik...

IRAKASLEA. Tira, egia esatea zen errazena... Gauza arraroak pentsatzen hasia nintzen...

TERESA. Sentitzen dut. Oso lanpetuta ibili naiz eta pasatu egin zitzaidan... Badakit gaizki egin nuela, baina burua beste leku batean izan dut egun hauetan... Barkatu...

IRAKASLEA. Tira, dirua hemen dago behintzat. Barkatuta dago...

IRAKASLEA apur bat harrituta aldentzen da, tarteka esku artean duen gutunazalari eta tarteka TERESAri begiratuz.

TERESAk hasperen egiten du.

14. SEKUENTZIA. (14A) GOENKALE.

KANPOAN, EGUNEZ. (14,10)

LEONOR, LUTXI, KOLDO, FIGURANTEAK.

(1 30)

LEONOR urduri dago oso. Goenkalen dago, Bogako atean, norbaiten zain balego bezala.

LUTXI agertzen da.

LUTXI. Zer Leonor, tabernan lanik ez, ala?

LEONOR. Ay, mira, Lutxi, estoy muertita de los nervios...

LUTXI. Zer duzu ba, kirioak airean izateko?

LEONOR. Mikel...

LUTXI. Utzi asmatzen: komuneko iturria berriz ere zabalik utzi du... Edo ez: izarak erabili ditu goizean lehortzeko, xukaderen ordez...

LEONOR. Bai zera... Gaur zera zen: azterketaren eguna...

LUTXI. Egia! Txapasek esan zidan eta bere txanda egin behar zuela (Pausa) Eta? Ez esan ez duela gainditu... LEONOR. Horixe da ez dakidana. Honez gero hemen behar zuen. Gehiegi luzatzen ari da.

LUTXI. Egon lasai emakumea: azterketak ez dira kirofanoko ebakuntzak bezala. Luze jotzeak ez du esan nahi derrigorrez gauzak gaizki doazenik...

LEONOR. (serio-serio begiratzen dio hasieran LUTXIri, baina gero ezin dio seriotasunari eutsi eta barrez hasten da) Arrazoi duzu, Lutxita: onena barrura sartu eta zerbait hartzea izango da... Lagunduko didazu?

Biak ala biak Bogara sartzear daudenean ordea, ezaguna egiten zaigun ahots bat entzuten da...

KOLDO OFF. Leonor!

Bi neskak jiratzen direnean ohartzen dira nor den... KOLDOk bidaia-poltsa bat dakar eskuetan.

KOLDO. (apal) Kaixo...

LEONOR.- (ahopeka) Koldo...

LUTXI. Kaixo, Koldo... Ongi etorri... (alde egiteko aitzakia) Tira, ni banoa e... Hortentsiri landareak ureztatu behar dizkiot eta... Ale, gero arte...

LUTXIk presaka alde egiten du. KOLDO eta LEONOR elkarri begira geratzen dira, isilik.

15. SEKUENTZIA. KOMISALDEGIA.

BARRUAN, EGUNEZ (14,10).

AGUSTIN, ERTZAIN FIGURANTEAK.

(1)

AGUSTIN, komisariara sartu berri da, bere txandari ekiteko asmoz.

AGUSTIN. Arratsaldeon.

ERTZAIN FIG. Arratsaldeon, Agustin...

AGUSTIN. Zer, ba al da nobedaderik?

ERTZAIN FIG. Fax pare bat iritsi dira zentraletik, begirada bat bota nahi badiezu...

AGUSTINek, faxaren parera heldu eta iritsitako faxei ohiko begirada botatzen die...

AGUSTIN. Alajaina... Ikusi duzu hau? Emakumezko baten hilotza aurkitu dute Arabako herrixka batean... ERTZAIN FIG. Bai. Goiurin. Nerbioi ibaia handik gertu jaiotzen da. Egundoko amildegiak daude inguruan... Izanda nago bertan oporretan, nekazal etxe batean... Oso leku polita.

AGUSTIN. Harkaitzpe batean topatu dute gorpua...

ERTZAIN FIG. Bai, eta oraindik ez dute identifikatu.

AGUSTIN. Gero eta kontu ilun gehiago entzuten dira bazterretan: maiteminduen arteko hilketak, bortxaketak... (bere buruari) Eta Miriamek uda guztia hor zehar pasatu nahi du... Bai zera...!

ERTZAIN FIG. Zer? Zer diok?AGUSTIN.- Ez, zera...honek itxura txarra duela, horixe. Oso itxura txarra. 16. SEKUENTZIA. (14B) GOENKALE.

KANPOAN, EGUNEZ (14,10).

LEONOR, MIKEL, KOLDO.

(2)

KOLDO eta LEONORrek elkarri begira jarraitzen dute, hipnosi egoeran ia. Isilunearen ondoren biak batera hasten dira hizketan.

KOLDO+LEONOR. (elkar zapalduz) Deitzekotan egon nintzen, baina... KOLDO. (irribarrez) Jaso zenuen nire postala?

LEONOR. (patrika batean dauka, soinean, atera eta erakutsi egiten dio: erabat zimurtuta dago) Hau?

KOLDO. (irribarre samurra) Neuk bidali nuena ez zegoen hain zimurtuta...

LEONOR. Zuk eta biok hitz egin behar dugula uste dut...

KOLDO. Hala uste duzu? Nik ezetz uste dut. Nahikoa berba egin dut nire buruarekin egun hauetan. Larregi pentsatu dut eta oso argi daukat. Zuk ez?

LEONOR. (lepo keinu batekin, baietz)

Haien ezpainak musu heze batean elkartzen dira.

Une horretantxe heltzen da MIKEL. Elkarri musu ematen ari direla ikustean, pausoa makaldu eta handik metro batzuetara geratzen da, diskrezioz...

KOLDO. Dutxa bat hartu eta kofradiatik pasatu behar dut. Afalduko dugu gero elkarrekin?

LEONOR. (xaramelatuta) Jakina...

KOLDO. Ah... Beste gauza bat: astebeteko oporrak eskatu ditut. Zeuk ere eskatu zeure nagusiari...

LEONOR. Nire nagusiari? Ni naiz nire nagusia, baina ezin dut orain oporrik hartu...

KOLDO. Aitzakiarik ez, Leonor. Astebete bakarrik. Moldatuko dira zu gabe. Sorpresa bat daukat zuretzat...

LEONOR. (ilusionatuta) Norabait eraman behar nauzu?

KOLDO. Sorpresa bat, esan dut.

KOLDO urrundu egiten da LEONORri muxu bat eman ondoren. LEONOR bizkarra atean bermatuta geratzen da, bere maitea nola urruntzen den begiratuz, hasperen batean.

Isil-isilik, LEONOR konturatu gabe, MIKEL neskaren pareraino heltzen da, ia-ia belarrira xuxurlatzen dio: MIKEL. Koldo aluita hori orain ere niri protagonismoa kendu nahian...

LEONOR. (pozarren, ametsetik esnatuz) Mikel!! Zer moduz azterketa!?!

MIKEL. (sorbaldak kizkurtuz, antzerkia) Ez zekinat ba, ez dinat uste bederatzi eta erdi bat baino gehiago aterako dudanik...

LEONORrek besarkatu egiten du MIKEL, alegera. MIKEL, gustura.

LEONOR. Ai, Mikel Saba que lo conseguiras!

TRANTSIZIOZKO KARETA. GAUA.

17. SEKUENTZIA. (17A) SOBIA.

BARRUAN, GAUEZ (22,00).

TXAPAS, LUTXI, MIKEL, FIGURANTEAK.

(2)

Azken bezeroek Sobia utzi dute. TXAPASek xanpain botila ateratzen du.

TXAPAS. Azkenean bakarrik... (botila irekiz) Alehop!

LUTXI. Nola sentitzen da gure honoris causa?

MIKEL. (poza ezin disimulatu) Kia, ez dun hainbesterako ere, e? Azterketa koxkor bat besterik ez... Ez dinat penizilina asmatu...

TXAPAS. (kopak bete ahala) Hi, Pelox... Nik ez haut desanimatu nahi baina... Seguru azterketa gaindituko duala?

MIKEL. Dudan jartzen al duk?

TXAPAS. Ez, ez... Dudan ez, baina...

MIKEL.- Baina zer? Bota, redios

TXAPAS.- Zera Gauzak aldez aurretik ospatze hau, badakik, arriskutsua izaten duk... Ez al haiz gogoratzen aspaldi ez dela nola etorri hintzen test batetik pozez txoratzen eta gero... emaitza jakitean...

LUTXI. Hago isilik, Txapas! Ez zorte txarrekoa izan! Berak ondo egin duela esaten badu ondo egin dik eta kito!

MIKEL. Utzion Lutxi, utzion Kurrintxori nahi duena esaten... (harro) Nik seguru zekinat: ez gainditu dudala, aise eta elegante gainditu dudala zekinat...

LUTXI. Kontatu al diok Martari?

MIKEL. (irribarre gazi-gozoa) Bai... Telefonoz hitz egin dinagu lehentxeago...

LUTXI. Harro egongo zuan, ezta?

MIKEL. (apur bat tristetuz) Bai... Tira, hala uste dinat... Badakin, telefonoz, sekula ez zegon jakiterik... (pausatxoa) Zuei ez zaizue sekula halakorik gertatzen, ezta?

TXAPAS. (xanpainari dzanga-dzanga) Zer?

MIKEL. (nostalgiko) Zerbait oso garrantzitsua gertatu eta norekin konpartitu ez izatea...

LUTXI eta TXAPASek begirada esanguratsu bat elkartrukatzen dute. Deseroso samar daude. Ez dakite zer esan.

MIKEL. Zuek beti daukazue zain besarkatuko zaituzten norbait.

LUTXI. Tira, Mikel... Hik badaukak norekin konpartitu... Zertarako gaude gu bestela? Gutxi iruditzen al zaik...?

MIKEL. Ez, gutxi ez...

TXAPAS. Gutxi ez, baina ez dun gauza bera Lutxi... Konparatu egingo dun, ba...

TXAPAS hanka sartzen ari dela ohartuta, LUTXIk keinu nabarmen batekin TXAPAS isilaraztea lortzen du.

MIKEL. (triste) Txapasek arrazoi din. Ez dun gauza bera.

18. SEKUENTZIA. (18A) MARIA LUISAREN ETXEA.

BARRUAN, GAUEZ (22,00).

MARIA LUISA, XABIER, GAUR EGUNEKO ALBISTE AURKEZLEA (OFF)

(1)MARIA LUISA eta XABIER afaltzen ari dira, isilik, telebista piztuta dutela. Isilune luze samar baten ondoren hasten dira hizketan.

MARIA LUISA. Estefaniak ez al du ezer afaldu behar?

XABIER. (lehor) Ez. Ez dauka goserik.

MARIA LUISA. Pena da ba: baratzeko alkatxofak ez dira egunero izaten eta...

OFF TELEBISTA. Eta albistegia itxi aurretik aipatu, ez dagoela berririk Arabako Goiuri edo Gjuli bezala ezaguna den herrian aurkitutako emakumezko gorpuaren gainean. Ertzaintzak jakinarazi duenez, egun batzuk zeramatzan hilik eta gorpuak astinaldi galanta jaso izanaren zantzuak ditu. Itxura guztien arabera, hilketa handik aparteko leku batean gertatu zen arren, hiltzaileak edo hiltzaileek hara eraman zuten gero...MARIA LUISA. (albistegiari oihartzun, aitaren eginez) Jesus, Maria eta Jose... Emakume gajoa...

Albistearen xehetasunei adi jarraitzen dute ama-semeek...

19. SEKUENTZIA (17B). SOBIA.

BARRUAN. GAUEZ (22,00).

TXAPAS, LUTXI, MIKEL.

(1 45)

Hirurek tabernan jarraitzen dute, MIKELen azterketarena ospatzen.

TXAPAS. Eta? Ez al duk pentsatu Soriara joatea, Martari bisita egitera?

MIKEL. Azterketa bukatu dudanetik ez diat besterik izan buruan...

LUTXI. Orduan, noiz hoa?

TXAPAS. Tabernagatik bada, lasai, e? Maider eta biok moldatuko gaituk...

MIKEL. Ez. Ez diat uste joango naizenik. Ez diat Marta estutu nahi. Behar bada, diploma ematen didatenean, aitzakia horrekin, oparitu egingo niola esan nioan eta...

LUTXI. Pazientzia beharko duk orduan. Uste diat hilabeteak behar izaten dituztela diplomak emateko.

MIKEL. Bai, hori ere egia dun...

TXAPAS. (kopak berriz betez, giroa hoztu ez dadin) Egia, sudurraren azpian begia eta oilategitik gertu azeria, horixe dun egia...

Besteek harrituta begiratuko diote, haizeak nondik jo dion asmatu nahian edo...

TXAPAS.- Alemaniarrek... Ba al dakizue nola topa egiten duten alemaniarrek? Elkarri begietara begiratu eta basoak pixkanaka hurbilduz... Horrela, hara: prost...!

MIKEL eta LUTXIk zozo antzean topa egin dute. TXAPASi ez zaio gustatu.

TXAPAS. Ez ba, ez duk horrela... Begietara begira-begira jarrita esan diat, hola, gero kopak elkarrengana inguratu eta ttak, prost!

Berriro topa egiten dute. Oraingoan TXAPASen argibideak jarraituz...

HIRURAK BATERA. Prost...

Norberak beretik edaten du.

LUTXI. Ez dena edan... Leonor laster etorriko duk...

MIKEL. Ez. Leonor ez dun etorriko. Gau berezia dun beretzat eta txorakeriak utzi eta Koldorekin lasai afaltzeko esan zionat...

LUTXI. Hara, hara, hara... Orduan... Azkenean bi horiek elkarrekin zeudek berriro, e?

TXAPAS. (berriro kopak betez) Bejondeiela ba, ezta? Hau ospatu beharra zagok!

Hirurek kopak altxatzen dituzte, solemne.

LUTXI. Benetako adiskidetasunagatik...

TXAPAS. Prost!!

TRANTSIZIOZKO KARETA. GAUA.

20. SEKUENTZIA. BOGAKO LOGELA.

BARRUAN, GAUEZ (23,30).

MIKEL, XANTI, KOLDO ETA LEONORREN OFF-EKOAK.

(1 30)MIKEL ohean etzanda dago, baina esna.

Alboko gelatik datozkion hotsak entzuten ditu: KOLDO eta LEONORren irriak eta hasperenak dira. Ezin du lorik hartu.

Norbaitek bere gelako atea kolpatzen du.

MIKEL. (harrituta) Aurrera...?

XANTI da gelara sartzen dena.

XANTI. Mikel... Lo al hago?

MIKEL. Ez motel, gaur gauean ez zegok lotarako giro.

XANTI. Ni ere lo egin ezinik nagok: Don Luis zurrungaka ari duk... Horrela... (zurrunga imitatuz) Jo! Hipopotamo batek baino zarata gehiago ateratzen dik!

MIKEL. Hator, hator hona... Hemen alboko gelan hipopotamorik ez, baina zerbait bazagok... Uso parea edo...

XANTI. (belarria adi jarriz, begiradan distira pikaroa) Zer, Leonor eta Koldo dituk, ezta?

MIKEL. Ikusten diat entzumen ona duala, bai...

XANTI MIKELen oheraino iritsi eta bere ondoan etzaten zaio.

XANTI. Mikel...

MIKEL. Zer?

XANTI. Ipuin bat kontatuko?

MIKEL. (umore onez dago) Ipuin bat? Bai ba, kontatuko ez diat ba... Hara, hau zera duk, Marta izeneko maitagarri bati buruzko ipuina... Marta hau, zera zuan, basoko iratxoen irakaslea...

XANTI. (dagoeneko MIKELen ohearen jabe, tapaki eta guzti, erabat barruan) Itxoin, itxoin, itxointzak Mikel... Gauza bat falta duk...

MIKEL. Ze, ze falta eta ze kristo... Utziko al didak kontatzen edo?

XANTI. Baiiii! Utziko diat. Baina aurrena ipuinaren izenburua esan behar didak...

MIKEL. Jakina. Izenburua. Ba izenburua duk... Iratxoen diploma magikoa... Bazuen behin animaliek eta landareek hizketan zekiten garaianIpuina kontatzen uzten ditugu. MIKEL bere paperean. XANTI pozarren.

21. SEKUENTZIA. (18B) MARIA LUISAREN ETXEA.

BARRUAN, GAUEZ (23,30).

MARIA LUISA, XABIER.

(1)XABIER eta MARIA LUISA telebista ikusten ari dira. Ordu horretako programazio arrunta. XABIERrek bere eskumuturreko erlojuari begiratzen dio.

XABIER. Gabon, ama. Ohera noa.

MARIA LUISA. Gabon seme...

MARIA LUISA bakarrik geratu orduko, bere patrikako telefonoak mezu bat jaso berri dueneko doinua jotzen du. MARIA LUISAk patrikakoa eskuetan hartu eta irakurri egiten du.

MARIA LUISA. Sandra naiz (begirada altxatzen du, pentsakor) Sandra? (irakurtzen jarraitzen du) Ikusi dituzu berriak? Oso kezkatuta nago. Zurekin hitz egin nahi dut. Ez dut nik ere amildegi batean bukatu nahi. Kontatu nirekin... (izutu eta zurbiltzera egiten du bere aurpegiak) Ez... Ez da posible! Barbara!!

1789. KAPITULUAREN AMAIA