ESPETXEAREN ONDORIOAK · 1.– ONDORIO SOMATIKOAK Espetxea oso mugatzailea da, presoaren gogorako...

16
ESPETXEAREN ONDORIOAK 2015eko martxoa

Transcript of ESPETXEAREN ONDORIOAK · 1.– ONDORIO SOMATIKOAK Espetxea oso mugatzailea da, presoaren gogorako...

ESPETXEAREN

ONDORIOAK

2015eko martxoa

2

Lora dezagun elkartasuna tximeletaren hegaldia indartxuarekin…

Izan zaitez bazkide!

3

ESPETXEAREN ERAGIN PSIKOSOZIALAK

1.– ONDORIO SOMATIKOAK

Espetxea oso mugatzailea da, presoaren gogorako eta bizitza sozialerako ez ezik, baita bere gorputzarentzako ere. Gizakia ez dago preso bizi izateko prestatuta, ez buru-alorrean, ez biologia-alorrean ere. Horregatik, espetxealdiaren eraginak aztertzeko, ondorio somatikoak kontuan hartu beharrekoak dira nahitaez.

a) Zentzumen arazoak:

Ikusmena:

Espetxean sartu eta gutxira, presoak "espetxeko itsumena" delakoa esperimentatzen du, distantzia luzerako ikusmena eragozten duten espazioaren etengabeko apurketak eta ihesaldia ekiditen duten etengabeko trabek eraginda. Aldiro topatzen ditu ikusmenerako trabak, ikusmena metro gutxitara mugatzen

dutenak. Egoera horrek buruko minak eta ikusteko gaitasunaren deformazioa eragin ditzake, itxura eta koloreen pertzepzioa galtzeraino.

Gainera, espetxeko arkitektura antolatuta dagoen moduak argitasun kontraste handiak eragiten ditu: espazioak ilunak dira, eta argitasun artifiziala ezinbestekoa. Koloreen arteko kontraste eskasa ere ohikoa da espetxean: grisa da nagusi eta gure ikusmena kolore horretara egokitzen da. Beraz, kaleratzerakoan ohikoa izaten da kanpoko koloreetara, ikusmen-distantziara eta argira berregokitzeko zailtasunak izatea.

4

Ondorioz, arrunta izaten da irtendakoan espazio ireki eta argietara jo nahi izatea, ikusmenak espazioa eskuratu ahal izateko berriz ere.

Entzumena:

Entzumenari dagokionez, soinuaren ozentasuna normala izanik ere, espazio hertsiek eta espetxeko egiturak berak soinu eta zaraten maila ohikoa baino handiagoa izatea eragiten dute. Horrela, behin kanpoan egonik, askotan jasangaitzak suertatzen dira muturreko zaratak eta oihukatze larriak biltzen dituzten espazioak; aitzitik, isiltasuna edota tonu apaleko solasaldiak nagusi diren espazio bare eta lasaiak bilatzen dira.

Usaimena:

Espetxeak usaina du; espetxe guztiek kutsatu eta barneraino sartzen den usain berezia dute. Usain horrek "usaimen pobrezia" eragin dezake, suma daiteken usain kopuru mugatuagatik. Ondorioz, irtendakoan, usainen ugaritasunak harridura eragin dezake. Gainera, usain bereziren bat espetxearekin edo espetxeko oroitzapen zehatz batekin lot dezake presoa izandakoak; eta zer esanik ez espetxera itzultzen bada edo usain berezi horri lotutako usain bat sumatzen badu.

b) Irudi pertsonalarekiko aldaketak:

Zentzumen aldaketekin gertatzen den bezalaxe, irudi pertsonalaren gainean ere badu eragina espetxeak. Norberaren gorputzaren mugaz kontziente ez izatea da aldaketa horren ondorioetako bat. Aldaketa hori askoz gehiago nabarmentzen da distantziak neurtzerakoan: inguruaren mugak zehazten ez diren espazio hertsietan egon izanagatik -isolamenduan maiz egoteagatik, adibidez- gertatu ohi da fenomeno hori. Espazio hetsi edo irekietan egon ohi diren distantziak gaizki kalkulatzea; puntu zehatz batera iristeko denbora kalkulatzeko arazoak izatea; etxetik ohi baino goizago ateratzea, garaiz iristeko bada ere... hori guztia, zentzumenen eta

5

espazioaren kontzientzia kaleko espazio zabaletara berriz ere egokitzearen ondorioa besterik ez da. Denborarekin irudipen hori desagertzen da, neurketak errealagoak izan ohi dira eta hobekiago kontrolatzen da urruntasun tartea.

c) Giharrak zurruntzea:

Gihar tenkaketa ohikoa izaten da espetxean. Espetxeko egunerokotasunak eraginda -antsietatea, beldurra, tentsio-uneak, ariketa fisiko eskasa...-, zenbait giharretan (bizkarra eta lepoaldean batez ere) oinazea sentitzen da. Ariketa fisikoa da gihar zurruntzearen kontrako erremediorik onena. Ondorioz, behin kanpoan egonik gihar zurruntzea sumatzekotan, gihar erlaxazioa eta kirol ariketa dira konponbide gomendagarrienak.

6

2.– ONDORIO PSIKOSOZIALAK

Espetxe inguruarekiko moldaketa:

Espetxeko egonaldian zehar egoera

eta jokaera askotara moldatu behar

izaten da presoa: barruan jokaera

hauek egokiak badira ere, behin

kaleratuta desegoki bihurtzen dira.

Kanporatu ostean ere, norberaren

barnean irauten dute espetxe

mailako egokitze jokaera horiek eta

denbora batez irauten dute

pertsonaren baitan. Pertsona

bakoitzak denbora ezberdina behar

izaten du berriz ere kanpokora

egokitzeko. Baina, oro har, hasiera

batean kanpoan baino espetxe

barnean egoteko irudipena izan ohi

da nagusi; harremanetan sartzeko, hitz egiteko edo ekiteko tenorean batez

ere. Apurka-apurka zubi bat eraiki beharko da barrukoarekiko baino,

kanpoan denarekiko lotura handiagoa izango duena; prozesu hori atera

ondorengo bi urteetan gauzatzen da normalean. Ordea, zubi hori igarotzeak

galera sentsazio garrantzitsua sortzen du: galdurik sentitzea izaten da

ohikoena, orain arteko bizi eta ekiteko erak egoera berrian balio ez duelako.

Gerta daiteke egoerak puztea, barnean kanpoan ez duen dimentsioa

hartzen dutelako egoerek, eta, ondorioz, nahasmena sortzea bai norbere

baitan, baita preso ohia inguratzen dutenengan ere. Egoera horretan,

norbere buruaren baieztapen tinko eta erasokorra gailendu daiteke

pertsonaren baitan. Aldi berean, baina, inguru guztiarekiko

7

mendekotasunera ere lerra daiteke pertsona. Gauza bera gerta daiteke

harremanekin: harremanak kontrolatu nahi izatetik besteen menean

egotera igaro daiteke. Erantzun mota horiek arruntak izaten dira irten eta

ondorengo urteetan.

Prozesu horretan zehar, zer nahi duen eta nola bizi nahi duen argitu, aukeratu eta erabaki behar du preso ohiak; zenbat eta lehenago egokitu inguru berrira, orduan eta lehenago desagertuko dira nahasmen sentsazio horiek. Presoa izatetik preso ohia izatera igaro beharko du, eta ondoren izan nahi duen hori izatera igaroko da. Alabaina, baliteke azken mailaraino iristeko uste baino denbora gehiago behar izatea. Gauzak horrela, presarik edo antsietaterik gabe jokatzea da egokiena; preso egondako garaiko ikusmolde edo jokaerak nagusitzea ez da kezkagarria: denborarekin presoa egoera berrira egokituko da.

Sexualitatearen aldaketa:

Argi dago aurrez-aurreko intimoa izateak aspektu horretan lagundu egiten duela eta, berriz, harreman sexual eta afektiboaren eskasiak arazoak sor litzakeela. Baina aurrez-aurrekoak izatea soilik ez da nahikoa izaten irrika sexuala eta desio afektiboak betetzeko. Espetxeko egoeran, harreman sexuala ez da gehienetan hurbiltze afektibo eta lilurapen baten ondorioz sortzen; ez dago denbora luzerik egoera hauetan, ezta lasaitasunik ere...

Ondorioz, kaleratzean arazoak sor daitezke atsegin den pertsonari zuzentzeko tenorean; “ligatzea” zer den “ahaztu” egiten da eta -estu eta

8

larri egon ohi denez egoera horretan- ohean ere seguru ez sentitzera igarotzea ez da arraroa. Baliteke (gizonezkoen kasuan) batzuek "gatillazo"ren bat izatea hasieran, edo tentetzeak gehiegi ez irautea, ferekak eta laztanak egitea kostatzea... baina, egoera hori gehiegi luzatzen ez bada, gutxienez, aldaketa hauek normalak izaten dira. Lasaitu eta harremanak izaten diren pertsonengan konfiantza izan beharra dago eta, era berean, sexualitatea era askeagoan bizitzeko modu berriak bilatu, ordutegi eta baldintzatzailerik gabekoak.

Norberaren bizitzarekiko kontrolaren gabezia:

Espetxealdi luzeen ondoren norberaren bizitzarekiko kontrola gal daiteke. Presoak oso aukera urria du espetxean bere kabuz ezer erabakitzeko: era- man egiten dute, ekarri egiten dute, otordua eta patio ordutegia ezartzen dizkiote, bisita ordutegi eta lekua zehazten dizkiote... eguneko ordutegia inposatua izaten da. Oso une urritan erabakitzen ahal du presoak bere kabuz: ziega barnean eta patio orduko aukera edo ekimen ezberdinekin batez ere. Beraz, irteterakoan gerta daiteke erabakiak hartzeko, gauzak egiteko ekimena, norbaiti planen bat azaltzeko edota kafe bat hartzeko deialdi bat egiteko ohitura... ahaztu izana. Inolako ardurarik ez izatetik, bere denbora edo nonbait egoteko gogoa ezin planifikatzetik, guztiz bestelako egoera batera pasatzen da preso irten berria.

9

Guztiz normala da hasiera batean galdurik sentitzea: ezer ez kontrolatzeko eta ulertzeko egoerara igarotzea daiteke pertsona, baliabideak faltako zaizkio, ez da hainbat egoerari aurre egiteko gai sentituko... Baina egoera hau aldatu egingo da denborarekin, kanpoko jokamoldeak berriz ere ulertzen hastean: erabakitzeko gaitasuna berreskuratuko da, norberarenganako konfiantza berreskuratuko da eta egoera kontrolatzeko gaitasuna finkatuko da. Beraz, lotsarik gabe ekin beharra dago: ulertzen ez den guztia galdetu behar da, zozokeria bat ematen badu ere; ez da lotsatu beharrik kaleko funtzionamendua ez ezagutzeagatik: espetxean egondakoan aldaketa prozesu bat gauzatu da kanpoan (aurrera edo atzera gauzatu den jakin ez arren), bisiten denbora mugatuan azaldu ezin dena. Gauzak nola egin erakutsi beharko zaio preso ohiari: laguntza eskatzea, seguru sentitzen ez den tokitara joatea... edozein zalantzaren aurrean, galdetu egin beharko da. Horretarako, lehenago irten diren kideak oso lagungarriak dira. Estresak ez du laguntzen: norberak bere denbora beharko du; ezin izango da ezer denbora laburrean lortu, baina pixkanaka norbere lekua berreskuratuko da, norbere papera familian, pertsonaren aita/ama, bikotekide edo langile rola.

10

Etorkizunari buruzko aurreikuspenak:

Hasiera batean, oraina hain erritmo bizian bizitzeak -norberaren kontrolik gabe, hainbeste jendek inguraturik... etorkizunaren aurreikuspena oso lausotuta ikustea eragiten du. Egoera hori ere iragankorra da, egokitze prozesuari lotua. Baliteke frustrazioa sentitzea norberak nahi duena egin ezin ahal izateagatik edo, aldiz, kontrako erreakzioa izatea: irten ondoren milaka plan bete nahi izatea, hamaika sentsazio frogatu nahi izatea... Edozein gisa, lurrean finkatu behar dira oinak: denbora laburrean gauza gehiegi egitea bezain okerra da ezer ere ez egitea. Atera orduko gauza asko egin nahi izatekotan, egiten saiatu beharko da preso ohia, baina lasaitasunez, egoera berri honetan denbora pertsonaren esku dagoela kontuan harturik. Gauzak norberak egitea da garrantzitsuena eta ezin denean, saiatzeari utzi behar zaio gauzak garbi izan arte.

Ez da ona aurreikuspen gehiegi izatea hasiera hasieratik; kanpoan nola bizi garen ulertu beharra dago etorkizunari buruzko aurreikuspen errealak, inguruari lotuak, egin ahal izateko. Bestela, egoera errealaz konturatutakoan okertu garela ohartu eta hondoratzeko arriskua baitago. Ez da kezkatu behar ere etorkizunari buruzko aurreikuspenak ezin eginagatik ere: lasai hartu beharra dago, etorkizuna izatez gauzatuko baita. Pertsona bakoitzak bere erritmoa errespetatu behar du.

11

Arduren gabezia:

Espetxean dena ezarria izaten denez, presoak uste du ez duela inolako eraginik bera edo bere ingurua ukitzen duten erabakietan. Ondorioz, norberaren bizitzaren protagonismoa ez dago barneratua. Irten ondoren berdin jarraitzen du preso ohiak, protagonismo hori berreskuratzen duen arte. Protagonismo edo ardurak ez barneratzearen ondorioz, arazoak ikusi nahi ez izatea gertatu daiteke, eurei aurre egin nahi ez izatea, kezkatu nahi ez izatea. Gainera, sentimenduak ere saihestu nahi izaten dira askotan. Baliteke jarrera hau ingurukoek edo familiak ez ulertzea, eta pentsatzea irten berri denari bost axola zaizkiola arazo guzti horiek, edo egoista dela.

Jarrera hori espetxean sortzen den segurtasun hesi psikologikoarekin lotu beharra dago. Hesi honekin espetxetik kanpo uzten da presoa sufriarazten duen guztia, erasoen aurrean topatzerakoan ahulezia saihesteko asmoz. Baina kontuan izan behar da defentsa hesi horiek, hain zuzen ere, defenditzea ezinbestekoa denerako balio dutela soilik, eta arazoek norbere baitan eragin arren horrek ez duela egiten pertsona ahulagoa. Horrela azaldu behar zaio inguru eta familiari baina, batez ere, egoera hau sufritzen duenak barneratu behar du.

Loturen galera:

Normala izaten da atera aurretik presoarekin lotura afektibo estuen duten kanpoko pertsonek denborarekin beren lotura-maila aldatzea. Izan ere, hasiera batean atera berriaren gainean etengabe badaude ere, denborarekin bakoitzak bere bizitzaren betiko erritmoa berreskuratzen du eta lotura horren galeraren sentsazioa izan dezake irten berriak. Koadrila, lagunak... Ohikoa izaten da espetxealdiko lotura horren erlaxazio fenomenoa. Egoera horretan, irten berriak bere inguruan tokia galdu izanaren sentsazioa izan dezake. Normala da eta, lasaitasunez, norbere tokia bilatzen saiatu beharko da.

Barnean egonik, ohikoa izaten da oroitzapenak eraldatzea eta kanpoa,

12

pertsonak, egoerak idealizatzea. Ondorioz, irten ondoren dezepzio handia jasan dezake preso ohiak, gauzak ez direlako hain errazak eta politak. Dezepzio horrek, inguru hurbilenari lotua egoteaz gain, jendarteari buruzko ikusmoldea aldatzea ere eragin dezake. Izan ere, jendartea aldatuz doa eta barnekoa kanpoko errealitatearekin harremanetan egon arren (bisitak, gutunak...), presoa ezin da aldaketaren alderdi guztiez jabetu. Irten berriak, ezagutu zuen baino jendarte indibidualistagoa, kontsumoari lotuagoa eta erosoagoa aurkituko du, eta horrek gure inguru guztian eragiten du. Halere, gure loturen pertzepzioa negatiboa izanik ere eta dezepzio hau nagusitu arren, ez zaio depresioari gailentzen utzi behar; merezi duten gauza eta pertsonak bilatu behar dira, norberaren gustu eta bizimoldearekin bat egiten dutenak.

Afektibitatearen aldaketak:

Aurrekoari lotuta, eta frustrazioak saihesteko, lotura afektiboei buruzko aldentze edo ihesaldiaren estrategia errotu daiteke preso ohiarengan. Aldentze hau denboran egonkortzen bada, axolagabekeria afektiboan eror daiteke, bere jarrera eta jokaerak inguruan duen ondorioei garrantzia kentzeraino. Hasiera batean mesfidantza nagusitu daiteke edo, berdin, afektibitatearekiko erresistentzia, labilitate emozionala (denbora laburrean mutur batetik bestera igarotzea) edo sentimendu eta emozioak azaltzeko ezintasuna. Hori guztia, jakina, norberaren izaerari eta kanpora egokitzeko erari lotuta dago. Jarrera edo sentimendu hauek normalak dira hasieran eta poliki-poliki desagertuz doaz, atera berriak nahi izatekotan. Aipatu mekanismoak onuragarriak dira espetxean egon bitartean, defentsa eta erresistentzia armak direlako inguruko erasoen

13

aurrean, baina behin kaleratuz gero egoera aldatzen da eta gehienetan mekanismo hauek bere lehengo zentzua galtzen dute; egoera berriari egokitzen diren mekanismoak bilatu beharko dira. Inguru berriari arma berriak dagozkio: askotan traba bilakatzen dira harremanetan sartzeko edo kanpoan elkarbizitzeko.

Beste kasu batzuetan, berriz, alderantzizko egoera suertatzen da: eskaera afektibo zabala dugu, afektuaren behar handia, musu eta besarkadak emateko gogo bizia, maitatzea eta maitatuak izatearen beharra. Erreakzio hauek ere normalak dira, lehengoak baino onuragarriagoak, baina arazoak ere sor ditzakete sexualitatea eta maitemintzea lotzeko tenorean: muturreko maitemintzea edo bizikidetasunerako arazoak, besteak beste. Egoera honi aurre egiteko hurbilekoekin hitz egitea da egokiena, egoera uler dezaten, eta aldi berean, ahalik eta lasaitasun handienarekin hartu beharko dira sentimenduok.

Harremanen arloko talkak:

Kaleratutakoan, senide nahiz inguruko jendearekiko harremanetan talka egiten duelako harritzen da, inoiz, preso ohia. Harreman-alorreko arazoetan ohikoenetako bat zera izaten da: inguru hurbiletik etortzen zaizkigun kritikak, oharrak eta errietak modu mingarrian hartzea. Zaila egiten zaigu gure senar/emazte, lagun, guraso edo edozein lagunek egindako kritika onartzea. Izan ere, harritu egiten gaitu espetxean geunden bitartean hain era goxoan, maitagarrian eta positiboan zuzentzen zitzaizkigunak orain hain “oldarkor” ikustea. Halako egoerak eguneroko gertakizun eta zereginetan suertatzen dira: etxeko arduren inguruan (umeen zaintza, etxeko lanen banaketa, ordutegiak...), harreman pertsonalen inguruan (bestearekiko sentsibilitate gabezia, harremanen urruntzea...), etab.

Halakoetan, erreakzio ohikoena gisa horretako egoerak espetxearekin lotzea izaten da: “nahiko errieta jasan behar izan dut espetxean”, “nahiko agindu jaso izan behar ditut barnean nengoen bitartean”, “nahiko oihu eta

14

zalaparta pairatu behar izan ditut kartzeleroen aldetik”... Betiko kexua da: nahiko oihukatu gaituztela, nahiko obeditu behar izan dugula... espetxean, orain horrelakoak entzun behar izateko.

Alabaina, ez gara ohartzen bi egoera horiek ezin direla inola ere lotu. Are gehiago, oso mingarria egiten zaio zure inguruko horri gisa horretako alderaketak egitea. Hau da: senar/emazte/guraso/lagun = kartzeleroak.

Txipa aldatu beharra dago: kalean gaude eta espetxeko kontuak han geratu ziren, iraganean; orduko egoeren kontrako mekanismoak hango egoerarako balio zuten, baina ez kanporako. Kanpoan gaude, etxean, maite gaituzten senide eta lagunen artean. Gure hurbilekoak ez dira kartzeleroak (eta guztiz ulergarria da gisa horretako akusazioak modu iraingarrian hartzea): gure onerako ari dira, benetan maite gaituztelako. Gainera, jakin behar dugu horrelako eztabaida eta errietak guztiz normalak direla bikote edo bestelako giza harremanetan.

Gehienetan, gisa horretako erreakzioek norberaren ardurak hartzeko gogo eza ezkutatzen dute: erosoago bizitzen da ardurak hartu gabe edo ardurak hartzeko ohitura berreskuratu gabe. Baina espetxean sistemak berak bultzatzen zuen ardura gabezia; kanpoan, ordea, funtsezkoa da zure buruarekiko eta inguruarekiko ardurak hartzea. Horrela bakarrik izanen gara pertsona autonomo eta orekatuak.

Horregatik, oso garrantzitsua da gauza horiek guztiak ulertuko dituzten pertsonekin partekatzea eta lasai hartzea... GAUZA GUZTIAK BEHAR DUTEN UNEAN HELDUKO DIRA.

15

Harrera

Elkartea

www. harreraelkartea.wordpress.com