Download -  · Web viewdaitezke karbonoan, edo tokiko nekazariei lagundu diezaiekete eguratseko karbono dioxidoa kentzen. Ekonomian eta Asiako Ikerketetan titulua edukita, Myintek, bere emazte

Transcript

ANTHONY MYINT SUKALDARI ESTATUBATUARRAK IRABAZI DU 2019KO BASQUE CULINARY WORLD PRIZE SARIA

San Frantziskon egin den ekitaldian jakinarazi da nor den 2019ko Basque Culinary World Prize sariaren irabazlea.

Ekitaldia presiditu dute Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordeak, Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiak eta Joan Roca sukaldariak, zeina epaimahaiko buru baita.

Anthony Myint sukaldariak irabazi du 2019ko Basque Culinary World Prize saria, gastronomia gizarteak dituen erronkarik premiazkoenetako bati, hau da, klima aldaketari aurre egiteko motor gisa erabiltzeagatik. Ikerketa eta tresna praktikoak konbinatuz, Myint jatetxeekin elkarlanean ari da ingurumenean duten inpaktua murrizteko neurrirako konponbideak aurkitzeko. Anthony Myintek 100.000 euro jasoko ditu, berak aukeratzen duen eta gastronomiaren ahalmen eraldatzailea adierazten duen proiektu batean erabiltzeko.

Bere ZeroFoodprint proiektuaren bitartez eta The Perennial Farming Initiative-ren bitartez, Myintek jatetxeen eta ingurumenaren arteko harremana esploratzen du. Elikagaien enpresei karbono aztarna murrizteko aukera bideragarriak gomendatzen dizkie, baita karbono igorpenei dagokienez neutrala izateko moduak ere. Gama handiko dozenaka jatetxe konbentzitu ditu mundu osoan, iraunkortasunaren alde berak gidatzen duen mugimenduarekin bat egin dezaten, tartean Noma (Danimarka) eta Benu (San Frantzisko) jatetxeak direla.

2019an, The Perennial Farming Initiative ekimenaren bitartez, Kaliforniako estatuarekin ere indarrak batu eta “Restore California” programa abiarazi zuen. Programa horrek jatetxeen ingurumeneko aztarnaren gaineko informazio gardena ematen die hornitzaile eta kontsumitzaileei, erabaki hobeak hartu ahal izateko. Zerrendako jatetxe guztiak neutroak izan

daitezke karbonoan, edo tokiko nekazariei lagundu diezaiekete eguratseko karbono dioxidoa kentzen.

Ekonomian eta Asiako Ikerketetan titulua edukita, Myintek, bere emazte Laren Leibowitz kazetariarekin batera, ingurumeneko aktibismoa eta aktibismo soziala sartu ditu bere ahaleginen artean, 2008an Mission Street Food jatetxe ospetsuan bere karrerari ekin zionetik.

Basque Culinary World Prize saria bakarra eta orokorra da, Eusko Jaurlaritzak ‒Euskadi-Basque Country estrategia integralaren esparruan‒ eta Basque Culinary Centerrek ‒gastronomian liderra den erakunde akademikoa‒ emandakoa. Garaikur honek ekimen eraldatzaileak gauzatzen dituzten chefen lana aitortzen du, hainbat arlotan: berrikuntza, teknologia, hezkuntza, ingurumena, osasuna, elikadura industria eta gizarte eta ekonomiaren garapena.

Munduan eragin handienekoak diren zenbait chef eta adituk osatutako epaimahaiak Anthony Myint aukeratu du irabazle, hamar finalisten artean. Epaimahai horren buru Joan Roca sukaldaria izan da (El Celler de Can Roca), eta harekin batera beste pertsona ezagun hauek: Massimo Bottura (Osteria Francescana), Manu Buffara (Manu), Eneko Atxa (Azurmendi), Dominique Crenn (Atelier Crenn), Yoshihiro Narisawa (Narisawa), Andoni Luis Aduriz (Mugaritz), Enrique Olvera (Pujol), Trine Hahnemann (Hahnemanns Køkken), Katina eta Kyle Connaughton (SingleThread), Tucker Taylor (Jackson Family Wines) eta Jock Zonfrillo (Orana), 2018ko Basque Culinary World Prize sariaren irabazlea.

Hauek izan ziren Basque Culinary World Prize sariaren hamar sukaldari finalistak: Selassie Atadika (Ghana), Siew-Chinn Chin (Malaysia/ Estatu Batuak) Giovanni Cuocci (Italia), Mario Castrellon (Panama), Xanty Elias (Espainia), Virgilio Martinez (Peru), Cristina Martinez (Mexiko/ Estatu Batuak), Douglas McMaster (Erresuma Batua), Anthony Myint (Estatu Batuak) eta Lars Williams (Estatu Batuak/ Danimarka).

Hautapen horrek argi erakuksten du zenbaterainokoa den nazioarteko mugimendu biderkatzaile honek gaur egun duen irismena, zenbait aitzindarik hainbat hamarkadatan lan eraldatzailea egin izanaren fruitua, inondik inora; hala nola Dan Barber, Rene Redzepi, Jamie Oliver, Alice Waters eta José Andrés, inspirazio iturri izan diren beste pertsona batzuekin batera.

2018an, Eskoziako Jock Zonfrillo chefak eskuratu zuen Basque Culinary World Prize saria. Australiako jatorrizko herrixken elikadura oroimena gordetzeko ari da lanean, eta kultura zahar hori ezagutzeko eta aldarrikatzeko zereginean dabil buru-belarri. Kolonbiako Leonor Espinosa chefak eskuratu zuen saria 2017an, Funleo fundazioaren bidez Kolonbiako herrixken aspaldiko jakintza aldarrikatzeagatik. Inaugurazio urtean, berriz, Venezuelako María Fernanda di Giacobbe chefak jaso zuen saria, hezkuntzan, ekintzailetzan, ikerketan eta garapenean oinarritutako ekimen

bati esker. Kakaoa zeukan ekimenak ardatz, Venezuelako nortasun, kultura eta aberastasun ekonomikoaren iturri gisa.

Euskadi Basque Country estrategia

Irabazlea iragartzeko ekitaldiko buru Bittor Oroz izan da, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordea, eta nabarmendu nahi izan du sari “bakar eta orokor hau Eusko Jaurlaritzaren EUSKADI-BASQUE COUNTRY Estrategiaren baitakoa” dela; “sari inklusibo eta handinahia da, jakin bai baitakigu soilik lankidetzatik irabazi ahal izango dugula gure espazio propioa munduan, eta soilik horren bidez indartu ahal izango dugula Euskadi nazioarteko erreferentziazko lurralde gisa. Munduari beti ateak zabaldu izan dizkion herrialde baten ibilbide eta eskarmentu egiaztatua daukagu, eta, gainera, euskal komunitate aktiboen sare propio bat dugu atzerrian, Euskadi nazioartekotzeko erronkarekin erabateko konpromisoa duena. BCWP eta pareko ekimenen bidez, gizarte eredu bidezkoago eta iraunkorrago bat osatzen laguntzen dugu, zeina pertsonen zerbitzura egongo den”.

Anthony Myintek, 2019ko Basque Culinary World Prize sariaren irabazleak, honela esan du:

“Sukaldaritzan hasi nintzen jatetxeek mundua leku hobeago bat bihurtu dezaketelakoan, eta orain zazpi urte aita egitea inspirazioa izan zen niretzat aztertzeko nola egin diezaioketen aurre sukaldariek klima aldaketari. Harrez gero, zientzialariek berretsi dute lurra osasuntsu edukita eta nekazaritzan egoki jardunda beroketa globala konpondu daitekeela. Benetan hunkituta nago Basque Culinary World Prize sariak elikaduraren munduaren barruko irtenbide baikorretan fokua ipini duelako, eta oso ohore handia da niretzat mugimendu handiago baten hasiera izango dela espero dudan honen ordezkari izatea. Nire ustez, elikaduraren munduko osagai guztiek, hau da, sukaldariek, mahaikideek, baserritarrek eta legegileek beren indarrak batu ditzakete elikadura sistema berriztagarri bat sortzeko. Lurrean zegoen karbono guztia leheneratu eta berreskuratzeko aukera dute jatetxeek."

Joan Rocak, berriz, Basque Culinary World Prize sariko epaimahaiko buruak, hau azaldu du:

"Klima aldaketan lagundu beharrean, gastronomia konponbidearen zati bat izan daiteke. Kontzientzia hartzeko dei bat baino gehiago, Anthony Myintek zerbait egiteko deia egiten du, eta tresna zehatzak eskaintzen ditu gure gremioak ingurumenean duen inpaktua gutxitu dezan eta honen moduko arazo unibertsalari heltzeko behar diren ahalegin kolektiboen barruan parte aktibo eta aldaketaren zatia izan dadin”

Ulertuta gastronomiaren sektorea gai honetan inplikatuta egotea garrantzitsua baino gehiago beharrezkoa dela, eta benetako inpaktu bat soilik mundu osoko sukaldariek modu eskalagarrian bat eginda lortzen dela, Epaimahaiko kideek unea aprobetxatu eta bere gain hartu zuten beren jatetxeak ZeroFoodPrint aholkatzen duen sarera batzeko konpromisoa. Zentzu horretan, Mugaritz, El Celler de Can Roca, Azurmendi, Atelier Crenn, Pujol, Cosme eta Narisawa jatetxeek, beste batzuekin batera, beren ekarpena egingo dute koherentzia ariketa bat sostengatu nahian. 

Epaimahaiko kide eta ekimenaren anfitrioi Dominique Crennek, bestalde, zera nabarmendu du:

“Basque Culinary World Prize sarian benetan sinesten dut. Gastronomia are gehiago ere izan daitekeela aitortzen duen saria da: nola izan daitekeen hezkuntza, osasuna, ikerketa, iraunkortasuna eta filantropia hobetzeko eta berritzeko tresna bat. Chefa naizenez gero, iruditzen zait nire esku dagoen guztia egiteko erantzukizuna dudala gauzatzen dudan lanaren bitartez gizartea eraldatzen laguntzeko; alegia, sukaldetik haratago ere aldaketak egiteko. Oso pozik nago Basque Culinary World Prize sariak mundu osoko chefek egindako lana eta ahalegina aitortzeko helburua duelako".

Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusi Joxe Mari Aizegak, azkenik, hauxe nabarmendu du:

“Basque Culinary World Prize sariaren laugarren edizioak izan duen inplikazio eta parte hartze handiari esker, berez duen indarra berretsi du, eta fenomeno biderkatzailea gisa egonkortu da. Zinez harro gaude horretaz. Sari honen helburua da inspirazio iturri izango diren lekukotzak partekatzea, erakusteko gastronomia gure gizartea hobetzeko tresna boteretsua izan litekeela. Edizio honetako irabazlea dugu, beraz, chef batek onar dezakeen erantzukizunak daukan zentzuaren adibide bat, bai eta poz handiz zuekin partekatuko dugun istorio baten, gu guztiontzat inspirazio iturri izango den istorio baten, protagonista ere".

2019ko Basque Culinary World Prize sariaren irabazlea aukeratzeko prozesua

Basque Culinary World Prize sariaren laugarren edizio honetan 42 herrialdetako 150 hautagai izan dira: inoizko partaidetza indizerik handiena, 230 izendapenekin. Sarian parte hartu ahal izateko, gaur egun gastronomiaren munduan lanean diharduen beste profesional baten izendapena behar izan dute sukaldariek.

Bi hilabetean, industriaren sektoreko profesionalek eta erakundeek mundu osoko sukaldariak izendatu dituzte, zeintzuek erakutsi duten gastronomia izan daitekeela hainbat arlotan aldaketa ekarriko duen motorra; esaterako,

berrikuntzan, hezkuntzan, ingurumenean, osasunean eta gizarte zein ekonomiaren garapenean.

Oharrak editoreentzat:

1. Basque Culinary World Prize saria Eusko Jaurlaritzak ‒Euskadi-Basque Country estrategia integralaren esparruan‒ eta Basque Culinary Centerrek emandakoa da. Euskadi-Basque Country estrategiak herrialdearen marka ordezkatzen du. Dituen indargune eta berezitasunetatik abiatuta, bere tokia hartzen ari da bikaintasunaren arloko erreferente gisa, bizi kalitate eta gizarte kohesioko eredu gisa eta lurralde berritzaile eta lehiakor gisa.

2. Basque Culinary Center, berriz, erakunde akademiko bat da, aitzindaria munduan, unibertsitateko hezkuntzaren arloan eta gastronomiak hezkuntzarekin, ikerketarekin, berrikuntzarekin eta ekintzailetzarekin lotuta duen ahalmena garatzeko lanean ari dena. 2009an Donostian sortu zenez gero, ahaleginak egin ditu sektorearen profesionalizazioan laguntzen duen diziplina arteko espazio bat sortzeko.

3. Basque Culinary Centerreko Nazioarteko Kontseilua gaur egun eragin handienekoak diren chefetako batzuek osatzen dute: tartean daude Joan Roca, Ferrán Adrià, Gastón Acurio, Alex Atala, Dan Barber, Heston Blumenthal, Massimo Bottura, Michel Bras, Dominique Crenn, María Fernanda Di Giacobbe, Enrique Olvera, Yoshihiro Narisawa, René Redzepi eta Trine Hahnemann. https://www.bculinary.com/es/consejo-internacional

4. Ekainaren 18an, Basque Culinary Centerren bildu zen Batzorde Teknikoak aukeratu zituen 10 finalistak. Zehazki, honako hauek osatu zuten batzordea: F. Xavier Medina, Gizarte Antropologiako doktorea eta “Elikadura, Kultura eta Garapena” UNESCOren katedraren zuzendaria; Jorge Ruiz Carrascal, Kopenhageko Unibertsitateko Elikagaien Zientzia Saileko irakasle afiliatua; Pia Sörensen, Harvard Unibertsitateko Ingeniaritza Kimiko eta Material Aplikatuen Goi Mailako Irakaslea eta Zientzia eta Sukaldaritza izeneko bere saioaren zuzendaria; Carlos Zamora, enpresaburua, aholkularia eta chefa Deluz Taldean, 2016an BCWPrako izendatua; eta Iñaki Martínez de Albeniz, Soziologiako doktorea eta irakaslea Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU).

5. Informazio gehiago: www.basqueculinaryworldprize.com

6. Irabazlearen eta haren lanaren argazkiak eta bideoak erabilgarri daude, publikatzeko, hemen.