Herri euskaldunak eta eskola txikiak
Paula Kasares / Irakaskuntza / 2011-09-01 / 09:30
Euskararen berreskuratze sozialaren prozesuak hizkuntzaren hiritartzea ekarri
du. Azken mendean euskara hiritik baztertuta egon da eta bereziki landa
eremuetako mintzaira izatetik, nekazalgo eta arrantzuaren bizimolde tradizionalei
lotuta egotetik, modernitateari eta hirietako bizimoduari egokitu zaio gutxi-asko.
Egun, euskaldun gehienak hirietan bizi dira eta oso ehuneko apala baino ez, aldiz,
herri txikietan.
Bestalde, jakina da herririk euskaldunenak, IV. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera,
biztanleen % 80tik gora euskaldunak dituztenak, txikiak izaten direla. Hala bada,
ikuspegi kuantitatibo batetik euskararen egoerarako herri txiki euskaldunak ezer gutxi
badira ere, kualitatiboki, hizkuntzaren bizitasunerako berebiziko garrantzia dute. Herri
euskaldun horietako eskolei erreparatu nahi diet, herri txikietan eta auzoetan egoten
diren landa eremuetako eskola txikiei. Zergatik merezi dute arreta hezkuntza errealitate
ñimiño horiek?
Hizkuntzaren ikuspegitik, hiztun kopuru urria izanagatik, herri euskaldunetan euskara
bizi-bizirik dago, belaunaldi guztietako herritarren mintzaira izaten da eta ohiko
harremanetan erabiltzen da. Herri txiki horiek hizkuntzaren bizitasunerako
beharrezkoak dira, Joshua A. Fishmanen hitzetan «demographically concentrated and
intergenerationally continuous» («demografikoki kontzentratuak eta belaunaldien
artean jarraiak») baitira. Horregatik, «heartlands of minority languages» deitu izan zaie,
hots, hizkuntza gutxituen oinarriak. Gurean, Mikel Zalbide euskaltzainak "arnasguneak"
erabiltzen du euskara gizarte harremanetan ohikoa duten herri-eskualdeei esateko. Herri
euskaldun horietan euskarak bertako mintzamolde eta erregistro jatorrak (hitanoa,
soziolektoak...) garbien eta bizien atxiki ditu.
Herri txikien ikuspegitik, eskolak bizia ematen dio herriari, haien bihotza eta bizipoza
dira. Haurrak herrian dabiltza egun osoan eta eskolak bertako kulturari eta ohiturei
eusten die, haurrak bertako kultura ohituretan sozializatuz: inauteriak direla, Olentzero,
Orakunde (Ostegun Santuko haurren eguna), Santa Ageda, festak... Eskola txikiek beste
eskola eredu bat izan nahi dute. Bestalde, eskolak, zerbitzu gisa, biztanleak herrixkan
geratzen laguntzen du.
Familien eta haurren ikuspegitik, ikasleak herriari estuki lotutako eskola batean hazten
dira, herriaren bizitzan errotuak. Adin desberdineko haurrak biltzen dira ikastalde
berean eta horrek elkarreragina eta kooperazioa era naturalean sustatzen ditu. Gainera,
eskola txikietan gurasoen inplikazioa handiagoa izaten da.
Beraz, herri txikietan eskolak hizkuntzari ez ezik herriko bizimodu, ohitura eta kultura
eusteari ere eragiten dio. Jacqueline L. Urla antropologoak eta Jakoba Errekondo
nekazaritza-ingeniariak honela idatzi dute Zerain herriaz eta hango eskolaz: «One of the
first steps locals took to preserve their community was to create a school in town for
their younger children. Keeping children close to their families and neighbours during
their early socialization was regarded by residents to be essential for the transmission
of local culture, language, and customs as well as the formation of closer life long
bonds with their peers». Hau da, Zerainen tokiko garapen iraunkorrerako lehen
urratsetako bat herriko haur txikientzako eskola sortzea izan zen. Izan ere, zeraindarrek
haurrak herrian, haien familia eta auzokideekin atxikitzea funtsezkotzat jo dute
herriaren kulturaren, hizkuntzaren eta ohituren transmisiorako, baita tokian errotutako
bizimodua bermatzeko ere.
Herri txikietako edo auzoetako eskolak gure hezkuntza sistemako errealitate
kuantitatiboki txikia baina kualitatiboki garrantzitsua dira. Azken hamarkadetan
teknologia berriek eskola txikien arteko elkarlana eta koordinazioa erraztu dute.
Adibidez, Gipuzkoako eskola txikien sarea 1987. urtean abiatu zen. Irakasle talde bat,
eskola txikien balioaz jabeturik, elkartzen hasi zen. Egun Gipuzkoako eskola txikiak 26
dira eta mila bat ikasle biltzen dira horietara. Bizkaian 24 eskola txiki daude. Araban
herrietako eskolen arazoei aurre egiteko Landa Eskolen Foroa sortu berri dute.
Nafarroan landa eremuko eskolak 79 dira baina hemendik aurrera bat gutxiago. Izan ere,
duela aste batzuk amaitu den ikasturtea azkena izan da Nafarroako Mendialdeko
Eratsungo herriko eskolarentzat. Heldu den ikasturtean neska-mutiko eratsundarrek
Doneztebeko ikastetxe publikora bildu beharko dute. Herriak eskolari eusteko
ahaleginak eginagatik ere, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak eskola
ixteko erabakia aurrera eraman du gutxienez 5 ikasle behar baitira eskola zabalik
izateko. Eskolen itxiera behin betiko izaten da. Hau da, behin itxiz gero eskolak ez ohi
dira berriz zabaltzen nahiz eta haur kopurua hazi. Hala gertatu da Eratsundik hurbil
dauden Zubieta eta Elgorriaga herrietan (Malerrekan) eta Anizen (Baztanen), baita
Arabako Bernedo herrian ere. Herriak bere eskola galtzen duenean, nolabait bizia ere
galtzen duela diote.
(PAULA KASARES "afarroako Unibertsitate Publikoko irakasle elkartua da)
• Estreinakoz www.gipuzkoaeuskara.net webgunean argitaratua (2011-8-22)
Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1314862470
Top Related