Grixa. Grixa da batzuek eskeintzen diguten etorkizuna. Zaborra, errautsa, porlana,
kutsadura, errausketa, kea. Grixa. Etsipena eta ezkortasunaren kolorea da grixa. Ezin omen da
ezer egin. Ezin omen dugu ezer egin. Etxean geratu eta kitto. Erraustu eta kitto. Horretara
kondenatuta omen gaude. Grixa bai, batzuen mezua.
Errausketa, Europan porrot egindako esperimendu toxiko, garesti eta zaharkitu bat
besterik ez da. Duela hamarkada batzuk hondakinei irtenbidea emateko Europan martxan jarri
eta gaizki ateratako saioa. Europan, saio horren porrotaz ohartu direnean, hemen Gipuzkoan,
moderno usteko batzuk, kanpanolo galtzak jantzita errauste plantaren planoak besapean
datozkigu, modaz pasata daudela ohartu gabe. Tamalez, hau ez da moda kontua. Osasuna,
ingurumena eta ekonomia ditugu jokoan eta ezin ditugu hoiek gutxi batzuren interes zitalen
menpe utzi.
Kolorea. Etorkizuna koloretan nahi dugu, hondakinak bezala. Gaur hemen hondar
artean, hondarrek, hondakinek, balioa dutela aldarrikatu dugu. Badute irtenbidea. Ez dira
zaborra guk zabor bihurtzen ez baditugu. Kolorea eta itxaropena aldarrikatzen dugu.
Etorkizuna.
Birziklatzen ez den zatia erraustea beste aukerarik ez dagoela errepikatu digute
zenbaitzuk hamar urtez. Gure ongizatea zaindu behar zutenek! Harrapazank! Nazioarteko
adituek Gipuzkoarako prestatutako plangintza berrikusian ikusi ahal izan dugu ez dela horrela.
Errefusa erraustea baino osasungarriagoa, merkeagoa eta burutsuagoa dela hotzean
egonkortzea. Itxaropena beraz. Osasuna. Kolorea.
Herritarrok osatuko dugu kolorezko errota. Biraka hasiko den errota honek biraka
segiko du, etorkizuna daukalako, etorkizunean sinesten duelako. Dakizuen bezala, herritarrok
gorpuztutako errota honek badu mezu bat herrialde hau zuzentzen dutenentzat. Entzun dadila
ozen!
Aire garbiak bira nazan
Zero errausketa!
Top Related