ZURE AURREAN I

22
ZURE AURREAN I Zure aurrean l honetan aste baterako errezuak agertzen dira, egunaren hasieran zein egunaren amaieran egitekoak.

description

otoitzean goizez eta gauez

Transcript of ZURE AURREAN I

Page 1: ZURE AURREAN I

ZURE AURREAN I Zure aurrean l honetan aste baterako errezuak agertzen dira, egunaren hasieran zein egunaren amaieran egitekoak.

Page 2: ZURE AURREAN I

Astelehena Egun hasieran

Gorazarrea egunsentitik Jainko ahaltsua, urratuz doan egun honen isiltasunetik, bake, jakituria eta sendotasun eske natorkizu. Maitasunez betetako begiz begiratu gura dot mundua; eroan oneko, ulerkor eta adeitsu izan gura dot. Itxuretatik harago ikusi gura dodaz zure seme-alabak, nire senideak; Zuk ikusten dozuzan lez, bakoitzaren ona besterik ez begiratuz. Gorde, ene Jainko, nire ahoa txarto berba egitetik; goratzen zaituen pentsamentuak bakarrik izan daiela lekua niregan. Izan naitela zure ispilu, hurreratzen jatazan guztiek zure presentzia ikusi daien niregan. Ase nagizu Zeuretik, egunean zehar danean eta danentzat zure irudi izan naiten.

142. salmoa Gizon-emakumeek ez dabe zoritxarreko izan gura, eta inoiz hala sentitzen badira, errukiz begiratuak izatea gura dabe. Eta errukiaren eta bihozberatasunaren iturria Jainkoarengan aurkitzen dala antzematen dabe; horregaitik erregutzen deutsoe. Salmo honen bidez Jainkoari benetako konfiantzaz erregutu gura deutsat.

Oihuka degiot Jainkoari deiadar, oihuka degiot erregu. Haren aurrean husten dot neure kexa, haren aurrean agertzen neure egoera larria, arnasa galtzeko zorian nago-ta. Zuk ondo ezagutzen dozu nire ibilbidea, ene Jainko; badakizu nire bidean tranpa ipini deustela. Begiratu eizu ingurura: ez nau inork aintzat hartzen, ez daukat ihesbiderik, ez da inor nitaz arduratzen. Zuri dagizut deiadar, Jainko maitea, Zuri dinotsut: Zu zara nire babes, Zu nire ondasun bizien lurraldean! Entzun eizu nire deiadarra, lur jota nago-ta! Libra naizu erasotzaileengandik, ni baino indartsuagoak dira-ta.

Page 3: ZURE AURREAN I

Irakurgai laburra (Jr 17,7-8) Bedeinkatua konfiantza Niregan daukana, euskarritzat Ni naukana! Ur ondoan landatutako zuhaitzaren antzekoa da: ur bizigarrietara zabalduko ditu sustraiak, sargoriari ez deutso bildurrik; haren hostoak beti berde; siketa-urtean be ha lasai, fruitua emoten jarraitzen dau. Eskariak Eskerrak emoten deutsadaz Jainko biziaren Semea dan eta bere Espiritua emoten deustan Jesuseri, esanez: Jauna, emoidazu zure Espiritua - Emoidazu bizitzeko gogoa, eguna amaitzean eskertu ahal deizudan. - Agertu eidazu zure ontasuna, zure maitasunaren agerpen izan naiten. - Eskerrak emoten deutsudaz, Jesus Jauna, Frantzisko jarri deustazulako begien aurrean, Jainkoaren bilaketan jarduteko eredu lez. - Ezagutu eta maite dodazan lagunen alde, ez dakiela alaitasunik eta indarrik falta, aurrera jarraitzeko. - Eliza desberdinetako kristauen alde: euren arteko harremanak alkarren estimuan eta konfiantzan oinarrituz, Jesusen bilaketari modu bateratuan eta zintzoan ekin deioen. Amaierako otoitza Aita-Ama Jainkoa, zure eskuetan ixten dot nire bizia. Izan zaitez Zu nire segurtasuna, Zuregan ipini daidan nire konfiantza osoa. Jesukristo gure jaunaren bitartez. Amen Egun amaieran

Gorazarrea: amaitu da eguna Amaitu da gaurko eguna be, Jainko maitea. Une honetan zure aurrera nator eguneko egintzak zuri aurkeztera, emon deustazuzan ondasunen administratzaile lez. Hemen dakartzut gaur egin dodana; nire egintzen erantzule naz, egintza onen eta txarren erantzule. Zure Aita-Amatasunezko begien aurrean ipinten dot dana, ziur nagolako maite nauzula eta zure laguntza emongo deustazula; ea bihar gauzak hobeto egiten dodazan. Eskerrik asko gaur egin dodazan gauza onakaitik, eta txarto eginak parkatu eidazuz; onartu, batez be, ene Jainko, zure ondoan ibiltearren egindako ahaleginak.

Page 4: ZURE AURREAN I

127. salmoa Protagonista izateko joera daukagu. Kosta egiten jaku onartzea gure ahalmenaren gainetik ezer egon daitekenik. Halan be ez dirudi askorik balio dauanik egiten dogunak, dana Jaikoaren esku dago-ta: bere adiskideei lotan dagozala emoten deutse Berak. Bera arduratzen da gutaz; guregandik itxaroten dauan gauza bakarra hauxe da: haur xumeen antzera bizi gaitezala, hartzaile-jarreran, uste on osoa Beraren akasbako ekintzetan ipinita.

Etxea Jainko Ahaltsuak eraikitzen ez badau, alferrik dabiltza etxegileak. Herria Berak zaintzan ez badau, alferrik dagoz erne herrizainak Alferrik dozue goizean goiz jaiki eta berandu oheratzea, nekearen nekez ogia irabaztea: bere adiskideei lotan dagozala emoten deutse behar dabena.

Irakurgai laburra (Jr 31, 33) Hona hemen etorkizunean hareekaz egingo dodan ituna: barruan ezarriko deutset neure legea, bihotzean idatziko; Ni euren Jainko izango naz eta hareek nire herri. Eskariak Gaurko eguna amaitzean eskerrak emongo deutsadaz Jainkoari, esanez: Geratu zaitez nigaz, ene Jainko. - Batu eizu zeure alkartea, munduak Jesus Berbiztuarengan sinestu daian. - Emoiezu zure grazia maite dodazan guztiei. - Emoidazuz Frantziskoren sentimentu berberak, gehien behar nabenakaz egoteko. Amaierako otoitza (1Erro. 23, 8 eta 10) Maitatu daigun bihotz-bihotzez, arima osoz eta indar guztiz Jesukristo Jauna: bere gorputz osoa, arima guztia eta bizitza dana emon euskun eta emoten deuskuna; gu sortu eta bere egin gaituana, eta bere erruki hutsez salbatuko gaituana.

Page 5: ZURE AURREAN I

Martitzena Egun hasieran

Gorespena: egun barria Egun barria hastean, lagun gaizuzala eskatzen deutsugu, gure Jainko Gorena; libra gaizuzala gatx guztietatik, arrisku eta hutsegite danetatik. Onak izan daitezala gure berbak eta gure begirada. Onak izan daitezala gure sentimentuak eta egintzak. Holan, eguzkia ezkutatu eta barriro iluntzen dauanean, zure gorespena abestu ahal izango dogu eta eskerrak emon. Aintza Aita-Ama Jainkoari, aintza Haren Seme Jesukristori eta aintza Espiritu Santuari gizaldi eta gizaldietan. Amen.

118. salmoa Esker onean atxikimendu sentimentua agertzen da. Eskuak betean hartu dogunez lau haizeetara aldarrikatu gura dogu esker oneko sentimentu hori; horregaitik, inoiz hutsik egiten ez dauan Jainkoarengan gure uste osoa ipinteko eskatzen jaku salmo honetan.

Goratu eizue Jainkoa, on-ona da-ta, Haren maitasuna betikoa. Esan beie israeldarrek: “Haren maitasuna betikoa”. Esan beie Berari begirune deutsoenek: “Haren maitasuna betikoa”. Estualdian Jainkoari egin neutsan dei, eta lasaibidea emonez erantzun eustan. Bera nire alde dago, ez naz inoren bildur: zer egin daike nire kontra gizakiak? Jainkoa nire alde, Bera da nire sendogarri. Hoba da Harengan babestea gizakiaz fidatzea baino.

Page 6: ZURE AURREAN I

Irakurgai laburra (Jkd 1, 13-15) Jakin eizue ez dauala Jainkoak egin heriotza, bizidunak galtzea ez dauala atsegin. Izan eta irauteko egin ditu Hark gauza danak: munduko izakiak osasunez beteak dagoz, ez dauke euren baitan pozoi hilgarririk; eta herioak ez dauka munduan aginterik, hilezkorra baita zuzentasuna. Eskariak Zoriontsu izateko sortua naz eta zoriontsu izatera deitua nago. Eskerrak emoten deutsadaz Jainko Aita-Amari, bizitzera deitu naualako, esanez: Jainko maitea, nire bizia eta nire poza. - Lagun eidazu desbideratu eta jausi barik ibili naiten, egunetik egunera hobeto ezagutu eta gehiago maite zaidazan. - Emoidazu zeure jakituria, Zuk emoten deustazun bizitzan asmatu daidan. - Frantziskok lez, bizitzako gauza txiki eta ondo eginetan Zu aurkitzen eta maitatzen jakin daidala. - Gaur aurkituko dodazan lagunen poztasuna izan naitela. - Gobernuek eraginkortasunez jokatu daiela, gosetearen eta gerraren eskandaluaz amaitzeko. Amaierako otoitza Ene Jainko, zure antz-irudira sortu eta erantzule egin nauzu munduaren eraikuntzan. Sendotu eizu niregan bizitzeko eta gizarte hau hobetzen ahalegintzeko gogoa. Jesukristo gure Jaunaren bitartez. Amen. Egun amaieran

Gorespena: geratu zaitez gugaz Geratu zaitez gugaz, Jesus, gainean daukagu gaua-eta. Zelan aurkituko zaitugu eguna iluntzean, zure bidea ez bada gure bidea? Geratu zaitez gugaz: prest dago mahaia, ogi erre barria eta ardau zaharra. Zelan jakingo dogu gizon zarala gizakien artean, gure mahai apala partekatzen ez badozu? Banatu eiguzu zure Gorputza, eta poztasunak urrunduko dau zapaltzen gaituan iluntasuna. Eguna urratzen ikusi gendun zure aurpegi ederrean, eta eguzkia bidea egiten zure begitartean. Gaueko haizeak ez daiala amatau goizean zure presentziak biztu deuskun su bizia. Isuri gugana Espirituaren txingar goriak, zure bila azterka dabiltzan esku honeetan; eta garbitu, gizakiaren bihotzaren barruan, hobenak ilundutako zure irudia.

Page 7: ZURE AURREAN I

13. salmoa Salmogileak ez dau galdu gura itxaropena, nahiz-eta bere konfiantza erdizkakoa eta duda-mudazkoa izan; eta azkenean ziurtasuna lortuko dau. Leitekeena da guri be antzeko zeozer gertatzea. Beraz, ez dogu izan behar bildurrik Jainkoari gure kexa adierazteko, gure bihotzaren samintasunetik eta gure eguneroko bizitzaren larritasunetik

Noiz arte, ene Jainko, ahaztu behar ete nauzu betiko? Noiz arte gorde behar deustazu zure aurpegia? Noiz arte egon behar dot kezkaturik, bihotza etenbarik penatuta? Noiz arte etsaiaren menpe? Begira, entzun eidazu, ene Jainko! Egin argi nire begioi herio-loak hartu ez naian; ez daiala etsaiak esan: garaitu dot. Ez bedi nire arerioa nire hondamendiaz poztu. Zure maitasunean konfiantza osoa dot, Jainko maitea; poz handia sentitzen dot nire barruan zure garaipenaz. Orduan kantuz goretsiko zaitut, egin deustazun on guztiagaitik. Irakurgai laburra (1Jn 4, 16) Guk ezagutu dogu eta sinestu Jainkoak deuskun maitasuna. Jainkoa maitasuna da, eta maitasunean dirauana Jainkoagaz bat eginik dago eta Jainkoa haregaz. Eskariak Gure artean dagoan Jesus goretsiko dot, esanez: Entzuidazu, Jauna - Emon zure laguntza, Jauna, sufritzen eta borroka egiten dabenei. Batzuek eta besteek ondoan sentidu zaiezala. - Gazteek behar duin eta iraunkorrerako aukera izan daiela. - Gazteek Frantziskorengan jarraibidea aurkitu daiela. Amaierako otoitza Gauza guztien egile zaran Jainkoa: Dana ondo egin eta gure zerbitzura ipini zendun horrek, egizu bizi naitela zure esanera, gehien sufritzen dabenen zerbitzari izanez. Amen

Page 8: ZURE AURREAN I

Eguaztena Egun hasieran

Gorespena: nire begiak Nire begiak, zabaldu barri dodazan nire begi gaixo honeek, ikusteko egin zenduzan, ene Jainko, ez negar egiteko bakarrik. Egizu jakin dagidala bereizten ilunpean argia, ez naiala inoiz itsutu gatxak, ez dagidala ahaztu Zu bazarala. Samina eta nahigabea datozenean, ez dakidala lausotu maitasuna, ez dakidala lainotu bakea. Sendotu orain nire fedea, Jainko maitea, zure etxera iristen nazanean nire begiz ikusiko zaitudalako, eta nire malkoak Zeuk siketuko dozuzalako. 83. salmoa Jarri gaitezan geure egoeratik etxea aurkituko dogun esperantzan. Neure bizitzan Jainkoaren ondoan bizitako esperientziaren bat izan dodanean, horren egarri izaten naz behin eta barriz.

Bai maitagarria zure egoitza, Jainko ahalguztiduna! Urtzen daukat barrua zure tenpluko atarien irrikaz. Bihotza eta nazan dana pozez oihuka dabilkit, oi Jainko, Jainko bizia! Txolarreak badauka etxea, baita enarak ere kumeentzat habia, zure altareen ondoan, Jainko ahaltsua, ene errege eta ene Jainko! Zorionekoak zure etxean bizi direnak, eten barik zu goresten. Zorionekoak Zuregan daukenak bere indarra eta bihotz barruko konfiantza! Irakurgai laburra (Jr 15,16) Zure berbak nigana iristean iruntsi egiten nebazan; horreek nebazan neure poz, barru-barruko gozamen; zeuretzat sagaratu nauzu, ene Jainko, Jainko ahalguztiduna!

Page 9: ZURE AURREAN I

Eskariak Goizero lez, eskerrak emon gura deutsadaz gure artean bizi dan Jesuseri, Beragaz batera mundu barria eraikitzera deitzen naualako. Hauxe eskatuko deutsat gaur, esanez: Emoidazu, Jesus, bihotz handia maitatzeko. - Emaidazu bihotz irekia; emoidazu egunean zehar aurkituko dodazan behartsuen-ganako bihotz sentikorra. - Jarri egizu nire bihotzean gero eta gaitasun handiagoa, abegitsua izateko eta maitatzeko. - Frantziskok lez, ulertu dagidala Zuk maitatu nauzula lehenengo. - Nire ondoan bizi eta garrantzizko arazoren bat daukenakaz izan naitela arretatsu. Amaierako otoitza Jesus Jauna, argi ikusi dagidala, emoten dodazan urratsak zure arrastotik doazan ala nire interesen atzetik nabilen. Egun amaieran

Gorespena: otoitz luteranoa Zuri, bakearen Jainkoa zaran horri, eskatzen deutsugu, arren, batu dagizula banatuta eta zatiturik dagoana, Zure Espirituaren bitartez. Emoiguzu grazia batasunera bihurtzeko, zure betiko egia bakarra bilatzeko, eta hasarre danak baztertzeko.

Holan bihotz bakarra izango dogu, gogo bakarra, ezagupen bakarra, eta espiritu bakarra. Eta zure Semeagaz, danok alkarturik goretsi eta eskertu ahal izango zaitugu, Aita-Ama Jainkoa, Jesukristoren bidez, Espirituarengan. Amen.

Page 10: ZURE AURREAN I

27. salmoa Geure bildurrak be otoitz bihurtu behar doguz. Batzuetan bildurrak eta segurtasunik ezak kikildu eta nahastu egiten nabe. Horregaitik, umearen konfiantzaz Jainko Aita-Amarengan uste ona izaten ikasi gura dot, bere altzoan uzkurtuta eta bere eskutik seguru.

Jainkoa dot argi eta salbamen: nork ni bildurtu? Jainkoak deust bizia babesten: nork ni ikaratu? Gaizkileek ni suntsitu asmoz erasotzen banabe, eurak, nire etsaiak, dira labandu eta jausiko. Gudaloste batek inguratuta be, nire bihotzak ikararik ez; nire aurka borrokan hasita be nik itxaropenik galdu ez. Gauza bakarra eskatu deutsat Jainkoari, horixe bakarrik nago irrikatzen: Bere etxean bizi naitela bizitza osoan, Beraren edertasunari begira. Bere aterpean gordeko nau zoritxar-aldian, bere etxolako txokoan ezkutatuko, bere arkaitz gainera jasoko. Irakurgai laburra (Flp 2, 2-4) Bizi zaiteze bat eginik, iritzi eta sentibera bereko izanez, elkar maitatuz eta ondo hartuz. Ez egin ezer ere norgehiagokeriaz eta harrokeriaz, apaltasunez eta besteak norbera baino hobeak direla pentsatuz baizik. Ez bakoitzak bere onari bakarrik begiratu, ezpabere besteena be bilatu.

Eskariak Danean danon adiskide dan Jainkoaren presentzia ikusi dagidala, esanez: Oi Jainko, erakutsi egidazu zure aurpegia. - Gogoratu zaitez zeure izenean batzen diran talde eta alkarteez. Hazi daitezala zure maitasunean. - Gure guraso, senide eta adiskideei emoiezu zure zoriontasuna; eta baita gure etsaiei ere. - Sufritzen eta negarrez dagozanen alde eskatzen deutsut. Irakatsi eiguzu eurekin alkartzen, Frantziskoren modura. Amaierako otoitza Gure Aita-Ama Jainkoa, zure Hitzak emon dagiola zentzua amaitzera doan egun honeri. Amen

Page 11: ZURE AURREAN I

Eguena Egun hasieran

Gorespena: egun on Ene Jainko, kosta egingo jat egun honeri ekitea, badakit-eta zeregin barria dala, konpromiso barria, ahalegin barria. Baina kemenez ekin gura deutsat, poztasun barriztatuaz, ilusioz beterik. Badakit ondoan zaitudala: nire familian, nire adiskideengan, nire gauzetan, nire baitan. Eskerrik asko egun barri honegaitik. Eskerrik asko berrekite honegaitik. Eskerrik asko zure presentziagaitik. Bakea, alkartasuna eta maitasuna erein gura dodaz nire inguruan. Badakit, oi Jainko, eginkizun honeri askok ekiten deutsola egunaro munduan zehar; eta horrek bultzatu eta bizkortu egiten nau. Euren alde be eskatzen deutsut. Hasteko egun on Aita-Ama Jainkoa. 63. salmoa Jainkoa aurkitu ahal izateko gura izan behar da. Egarriaren eta gosearen sinboloek eta lur siku zartatuak Jainkoaren bila intzirika dabilenaren egoera adierazten dabe. Aurretik bizitako Jainkoaren presentziak, “ene Jainko, bizia baino ederragoa da zure maitasuna” oihuka ipinten dau Beraren egarri dana.

Jainko, ene Jainko, lehia biziz nabil zure bila, zure egarri da nire bihotza, zure irrika nazen dana, lur siku, agor, urbakoa lez. Egon naitela holan santutegian Zuri begira, zure ospea eta indarra ikusiz. Bizia baino ederragoa da zure maitasuna. Nire ahoak goratu egingo zaitu; bai, bizitza guztian bedeinkatuko zaitut, Zuri dei eginez altxatuko dodaz eskuak. Jakirik gozoenez lez asetzen nauzu, eta nire ezpanek poz-oihuka goretsiko zaitue. Gauez ohean Zuregan dot gogoa, Zuri otoitzean pasatzen dodaz orduak. Bai, Zu izan zaitut laguntzaile; kantuz jardungo dot pozik zure hegoen itzalean. Zuri lotuta nago oso-osorik, eta ni zure eskuak eusten nau.

Page 12: ZURE AURREAN I

Irakurgai laburra (Is 61,10) Pozaren pozez nago Jainkoagaz, alai dot arima Beragaz, bere salbamenaz jantzi nau-eta; garaipeneko soinekoz estali nau. Eskariak Eskerrak itzuli gura deutsadaz Jesukristori, egun honen argia ikusteko grazia emon deustalako, esanez: Eidazu argi, Jauna. - Zure bizitza azkenerainoko entrega izan zan, Jesus. Nire bizitzan norabide bera jarraituz eta ulertuz joan naitela. - Zuk egun honetako argiaz pozten nauzu; ez zaitez aspertu nire bizitzako argia izaten. - Emoidazuz Frantziskoren moduko begiak eta bihotza, zure Berba adi-adi entzuteko. - Emoidazu bihotz errukiorra, besteen sufrimenduaren aringarri izateko.

Amaierako otoitza Ene Aita-Ama Jainkoa, goizero lez zure aurrean naukazu. Zure presentzia eta indarrak lagundu naiela egun honetan. Jesukristo gure Jaunaren bitartez. Amen Egun amaieran

Gorespena iluntzean Ene Jainko, neka-neka eginda nator beharretik, borrokaz eta neure buruaz guztiz aspertuta. Emoidazu zeure besoaren indarra eta arindu nire nekea. Gure lorpenak urri izan diran lekuan, zure graziak ugaritu daizala frutu onak. Isiltasunezko ordu honeri itxaroten egin dogu egun honetako bidea, Zuri berba egiteko eta Zuri entzuteko; zure esku ixteko gure tristurak eta poztasunak. Eguna amaitzean eta gure lanaz nekatuta, andra-gizon danakaz batera eskeintzen deutsuguz beharra, atsedena eta maitasuna.

Page 13: ZURE AURREAN I

50. salmoa Salmo honen historia neure historia da. Borrokaren eta pekatuaren erdian bizi naz, pertsona lez zein talde lez. Nire ahulezia eta txikitasuna ezagutzeko grazia eskatzen deutsat Jainkoari; baina Berak nazen lez onartzen nauala eta haren esku konfiantza osoz jarri naitekela jakiteak emoten deustan poztasunez beterik.

Erruki nitaz, ene Jainko, eta desegin nire hobena zeure maitasunaz, zeure neurribako errukiaz. Aitortzen dot, bai, neure hobena, begi aurrean daukat beti neure pekatua. Zure aurka, zure aurka bakarrik, egin dot pekatu, zure borondatearen kontra jokatu. Ene Jainko, sortu bihotz garbia niregan, espiritu barri sendoa nire baitan. Ez naizu bota zeure aurretik, ez itxi ni zeure Espiritu Santurik barik. Irakurgai laburra (Ez 36, 25-27) Ur garbiz zipriztinduko zaituet eta garbi geldituko zarie; zuen zikinkeria eta idolatria danetatik garbituko zaituet. Bihotz barria emongo deutsuet eta espiritu barria ezarriko; harrizko bihotza kenduko deutsuet eta haragizkoa emongo. Neure espiritua ezarriko dot zuengan, nire legeen arabera jakatu daizuen eta nire aginduak arretaz betetzeko gai izan zaitezen.

Eskariak Nire babesa dan Jainkoari eskatzen deutsat, esanez: Begiratu eiezu zeure seme-alabei, Aita-Ama. - Nire adiskide zintzo eta bihozbera zaran Jainko horrek, ez naizu itxi eskutik. - Eizu nire senideakaz batera mundu zuzenagoa eta askeagoa eraikitzeko gai izan naitela. - Bidali eizuz, gure Jainko, ebanjelioa Frantziskoren antzera bizi gurako leukien gazteak. Amaierako otoitza Ez naitela aldendu bidetik, ene Jainko, Zuri jarraitzeko bildurragaitik, eta atsedenik barik bilatu zaidazala. Neure ametsetako ezinezko tontorrean neure egin gura zaitut.

Page 14: ZURE AURREAN I

Barikua Egun hasieran

Gorespena: eguzkiaren ereserkia Gorengo, ahalguztidun, Jainko onbera, zureak dira gorespenak, aintza, ospea eta bedeinkapen dana. Zuri dagokizu bakarrik, gorengo Jainko, eta inon ez da gizon-emakumerik Zu aipatzeko lain. Goratua zaitez eguzkiagaitik, oi Jainko, dirdir handi disdiratsuz argitzen dau-eta eguna; zurea, goi-goiko horrena daroa itxura. Goratua zaitez, ene Jainko, ilargiagaitik eta izarrakaitik, argitsu, bitxi eta eder daukazuz-eta zeruan jarrita. Goratua zaitez, Jainko ahaltsu, haizeagaitik; aire, laino nahiz edozein girogaitik; bere bidez sorkariei emoten deutsezun jan-edanagaitik. Goratua zaitez, Jainko handi, uragaitik, oso onurakor, apal, bitxi eta garbi da-eta. Goratua zaitez suagaitik, gure Jainko, bere bidez argitzen dozu gaua-ta; eta ederra da, alaia, bizia eta sendoa. Goratua zaitez, Jainko Goren, ama-lurragaitik: berak mantentzen gaitu eta bera dogu bizi-emole, eta koloretako lorez eta bedarrez fruitu ugari dakar. 150. salmoa Gorespenak zabaltasuna esan gura dau, poztasuna dakar, eta eskuzabala eta irekia da. Gorespenezko otoitza da Jainkoagaz erlazionatzeko lehen modua. Bidegabekeria eta sufrimentuz betetako mundu honen erdian, nekez sortzen da esker oneko otoitza. Halan be Frantziskok ikasbide handia emoten deusku errezua etenbako gorespen-otoitz bihurtuz. Goratu eizue Jainkoa bere santutegian, goretsi bere zeru-sabai tinkoan. Goratu eizue bere egite ahaltsuakaitik, goretsi bere neurribako handitasunagaitik. Goretsi eizue adar-soinuz, goretsi harpa eta kitaraz. Goratu eizue danbolin eta dantzaz, goratu hari-soinuz eta txirulaz. Goretsi eizue txilin ozen eta durundariz. Goratu beie Jainkoa arnasdun guztiek! Aleluia, gora Jainkoa. Irakurgai laburra (2Kor 13,11) Poztu eta ahalegindu zaiteze zintzo-zintzoak izaten eta izan adore. Bizi zaiteze alkar ondo hartuz eta bakean. Eta maitasunaren eta bakearen Jainkoa zuekaz izango da.

Page 15: ZURE AURREAN I

Eskariak Jesuseri begiratu gura deutsat, hasita bainago Harengan benetako maitasuna begiztatzen, esanez: Jauna, emoidazu zure maitasuna - Jesus, zure bizitzarekin eta zure hitzarekin Zu zara nire norabidea; ez naitela desbideratu eskatzen deutsut. - Izan daidala begirada kritikoa eskatzen deutsut, niregan baliokoa onartzeko eta nire hutsegiteak zuzentzen ahalegintzeko. - Nire egin daidala Frantziskoren esan hau: “hasi gaitezen barriro” - Emoidazuz ontasun sentimentuak, sufritzen dabenekaz sentibera izan eta euren ondoan egon naiten. Amaierako otoitza Bedeinkatu daigun Jainko bizia eta egiazkoa; emon daiogun gorespena, aintza, ohorea eta bedeinkapena. Egun amaieran

Gorespena: zure bakearen zerbitzari

Jainko maitea, egin naizu bakearen zerbitzari. Gorrotoa dagoan lekuan, ipini daidala maitasuna; Iraina dan lekuan, ipini daidala parkamena. Liskarra dagoan lekuan, ipini daidala batasuna. Errakuntza dan lekuan, ipini daidala egia. Zalantza dan lekuan, ipini daidala sinesmena. Itxaropenik ez dagoen lekuan, ipini daidala itxaropena. Iluntasuna dan lekuan, ipini daidala argitasuna. Tristura dagoan tokian ipini daidala poztasuna. Ene Jainko, eizu bilatu daidala: kontzolatzea gehiago kontsolatua izatea baino; besteak ulertzea gehiago ulertua izatea baino; maitatzea gehiago maitatua izatea baino. Zeren emonaz hartu egiten da; norberaren buruaz ahastuz norberaren burua aurkitu; parkatuz parkamena lortu; eta hilez betiko bizitzarako biztu.

Page 16: ZURE AURREAN I

138 b. salmoa Geure burua ezagutzeko zailtasunak nahastu eta gogo txartu egiten gaitu. Horregaitik, nonork baldintzarik barik maite eta onartzen gaituala esperimentatzen dogunean, gure bizitza argitu egiten da eta geure gu egiazkoenaren irudia berrezkuratzen dogu. Jainkoaren presentzian eta Haren babesean dogun fedetik abiatzen da salmoa, uste on lasaigarri zoriontsutik.

Ene Jainko, Zuk aztertzen nauzu eta ezagutzen, badakizu noiz jesarten nazen eta noiz jaikitzen. Urrunetik igerten dozuz nire burutapenak. Badakizu noiz nabilen eta noiz nagoen geldi. Zehatz dakizu nire pausu danen barri. Oraindik ez daukat berba ahoan eta Zuk badakizu zer esango dodan. Atze eta aurre inguraraturik naukazu, zure eskua nire gain ipinita. Nitaz daukazun ezagutza miragarria da, nik antzemoteko handiegia. Irakurgai laburra (Ef 2,8-9) Grazia hutsez jatortzue salbamena sinesmenaren bidez; eta hau Jainkoaren frutua da, ez dator zuekandik; ez dator zuen ekintzetatik, inor harrotu ez daiten. Eskariak Gehien sufritzen dabenen gurariak begiratzen dituen Jainkoa goratu gura dot, esanez: Azaldu, gure Jainko, zure ontasuna - Aita-Ama maitalea, gehien maite dodazan pertsonen alde eskatzen deutsut; ez daitezala jausi tristuran eta etsipenean. - Askatu eizuz kartzelatan dagozanak, izan zaitez txarto pasatzen dagozanen laguntzaile. - Zatoz ni laguntzera une gatxetan.

Amaierako otoitza Oi Espiritu Santua: Otoitz hau izan daitela ni gehiago urreratzeko Zugana eta gehien sufritzen dabenengana. Horixe eskatzen deutsut egun hau amaitzean.

Page 17: ZURE AURREAN I

Zapatua Egun hasieran

Gorespena: Biziaren Jainkoa Jesus Jauna, nik biziari deutsadan maitasunak izen bat dauka: zure Izena. Zu zara nik sinesten dodana, bizian sinistean. Zu zara nik itxaroten dodana, bizian itxarotean. Zu zara nik maite dodana, bizia maitatzean. Izan zaitez Zu nire indarra, sinesteko, itxaroteko eta maitatzeko. Jainko misteriotsua, maite dodan biziaren bihotza, lagundu eidazu misterio horretan sartzen, eta bizi dodan honetan gogotsu murgiltzen. Ez itxi niri, oi Jaiko, gitxiesten eguneroko konpromisoa, Zugaz lanean eta adiskidetasunean, orain eta beti. Amen. 104. salmoa Izadiagaz bat egitea da erlijio esperientziaren biderik ohikoenetakoa. Jainkoaren arnasarik barik izatea edozeri jako ezinezko, eta nire erantzuna ezin izan miresmena, gorespena eta esker oneko kantua baino. Bedeinka bei nire arimak Jainkoa! Gure Jainko, bai handia zarala! Distiraz eta handitasunez zagoz jantzia, soinekoz lez argiz inguratua. Bai ugariak, Jainko, Zuk eginak! Dana egin dozu jakituriaz, zure sorkariz beterik dago Lurra. Horra itsasoa handi eta zabal; ilargiak urtaroak finkatzen ditu eta eguzkiak badaki noiz ezkutatu. Betirako izan bedi Jainkoaren ospea! Poztu bedi Berak eginakaz. Bedeinkatu bei nire arimak! Aleluia! Gora Jainko ahalguztiduna!

Page 18: ZURE AURREAN I

Irakurgai laburra (2Ts 2,13-14) Eskerrak emon behar deutsaguz beti Jainkoari zuekaitik, senideok, Jaunaren maiteok: Jainkoak lehenengo salbatuak izateko aukeratu zaitue-ta, Espiritu Santuaz sagaratuz eta egia fedez onartzea emonez. Horretarako deitu zaitue Jainkoak, guk iragarritako berri onaren bidez, Jesukristo gure Jaunaren aintza eskuratzeko. Eskariak

Eskerrak emongo deutsadaz Jesuseri, bere ama Maria emon deustalako, esanez: Entzuidazu Maria - Gertatzen jatazan gauza danetan Jesus ikusten jakin daidala. - Mariak adi adi entzuten eban Jainkoaren Berba. Bideratu, Jesus Jauna, nire bizitza zure Berba entzutera. - Egun bakoitzeko Hitza Frantziskok sentitu eban indarrez senti daidala. Amaierako otoitza Emoidazu, Jainko maitea, zure maitasun gaztea; barriztu naizu barrutik; emoidazu Zeuretik, egun honeri ilusioz ekiteko. Jesukristo gure Jaunaren bitartez. Amen. Egun amaieran

Gorespena: Eskerrik asko, Jesus Jauna, egunaren amaieran guzti hau eskertzeko aukera emoten deustazulako: zure heriotzaren merituak eta eukaristiako ogia, Zugaz bateginik bizi ahal izatearen poztasun betea, fedea, maitasuna eta itxaropena; eta nire loaldia gorespen apal bihurtzeko emoten deustazun aukera eta grazia. Aintza Aita-Amari, aintza Semeari eta aintza Espiritu Santuari gizaldi eta gizaldietan. Amen

Page 19: ZURE AURREAN I

37. salmoa Konfiantzak bestearen ontasuna baieztatu eta sendotzen dau, bere ahalmena eta prestutasuna ugarituz. Fedearen esperientziak uste ona Jainkoagan ipintera naroa; uste on baketsu eta lasaia.

Izan konfiantza Jainkoarengan eta egin ona dana, zeure herrialdean bizi eta bertako aberastasunaz gozatzeko. Izan bedi Jainkoa zure atsegina, eta Berak emongo deutsu bihotzak eskatzen deutsuna. Itxi Jainkoaren esku zure zoria, izan konfiantza Harengan. Itxaron Berarengan eta jarraitu Haren bideari. Jainkoarengandik dator zintzoen salbamena; Bera da honeen gotorleku arrisku-sasoian. Berak laguntzen deutse eta onik ataraten, onik ataraten gaiztoakandik eta salbatzen, Berarengan baidira babestu. Irakurgai laburra (St 1,19-20.26) Gizaki danek izan behar dabe entzuteko bizkor, berba egiteko motel eta hasarratzeko nagi. Izan be, hasarraturik dagoanak ezin dau Jainkoarentzat zuzena dana egin. Erlijiozale dala uste dauanak bere burua engainatzen dau, bere mihinari eusten ez badaki, eta horren erlijoak ez dau ezertarako balio.

Eskariak Jesusek Elizari jatekoa eta berotasuna emoten deutsoz. Berari eskatzen deutsat, esanez: Entzun arren, Jauna. 1- Izan erruki behar bila dabiltzan gateentzat: lan egonkor eta egokia lortu daiela. 2- Eizu, Jauna, guztiek bizitzeko beharrezkoa dana izan daiela. 3- Frantziskok lagundu daidala lanaren balioa aurkitzen, txikienenganako alkartasunetik hasita. Amaierako otoitza Jainko ahalguztiduna, santu-santua eta goi-goikoa; guztiz ona, on osoa, onik gorena; Zu zara bakarrik on; Zuri dagokizu ohore eta gorespen dana, aintza eta esker guztia. Aitor daiuzala zureak dirala ontasun danak. Amen.

Page 20: ZURE AURREAN I

Domeka Egun hasieran

Gorespena: eskerrak izadiagaitik Eskerrik asko, Jainko ahaltsua, argituz doan egun honegaitik, zure seme-alaboi opari lez eskeintzan deuskuzun egun honegaitik. Eskerrik asko eguna argitzera datorren eguzkiagaitik. Eskerrik asko haizeagaitik, eta arnasa hartzea ahalbidetzen deuskun aireagaitik. Eskerrik asko eguratseko hegaztiakaitik, eta kantuan diharduen txoriakaitik. Eskerrik asko izadia osoagaitik; gaur barriro egiten deuskuzun opari eder honegaitik.

33. salmoa Esker ona urri ikusten dan balioa da. Salmo honen bidez esker ona agertu gura dot hartutako mesedeakaitik. Jainkoari zenbat zor deutsadan pentsatu gura dot, eta holan, apurka-apurka eta fedearen argitan, nire egunaroko bizitza argitzen daben sakoneko arrazoiak aurkitu.

Egin poz-oihu Jainkoari, zintzook! Zuzenek behar dabe Bera goretsi. Goraipatu Jainkoa kitaraz, jo Harentzat hamar hariko harpa; kanta Hari kantu barria, jo trebeki eta egin irrintzi. Beraren hitza zuzen-zuzena da, Haren ekintza danak fidagarriak. Guk Jainkoarengan dogu itxaropena: Bera dogu laguntzaile eta babesle! Harengandik datorkigu bihotzeko poza, Santua dan Harengan dogu gure konfiantza. Betor gugaz, oi Jainko, zure maitasun leiala, Zuregan jarria baitugu esperantza.

Page 21: ZURE AURREAN I

Irakurgai laburra (1Ts 3,12-13) Jainko Aita-Amak gero eta handiago egin daiala zuen alkarrenganako maitasuna, guk zuei deutsueguna handia dan lez. Indartu zaiezala barrutik, Jesus Jauna bere santuakaz agertzen dan egunean, santu eta akasbarik aurkeztu zaitezen bere aurrean. Eskariak Nire, gure bizitza Jesus Berbiztuaren argiaz betea aurkitzen da; horregaitik eskerrak emoten deutsadaz, esanez: Oi, ene Jauna, nire bizia eta nire biztuera! - Eskerrak emoten deutsudaz hastera noan egun barriagaitik; zure biztuera gogoratuz, nire bizitza itxaropenez bete daitela eskatzen deutsut. - Domeka honetako Eukaristiak egin naiala sendo zure bideari jarraitzeko. - Frantziskoren antzera, jakin daidala Zu izadian ikusten eta beronegaz batera Zuri abesten. - Alkarteak bitarteko eraginkor izan daitezala, gizarte zuzenagoa eta baketuagoa eraikitzeko. Amaierako otoitza Gure egile zaran Jainko ahalguztiduna, Zuk kreazioko edertasunaren bidez egiten deustazu berba. Entzun daidala zure berba Zugaz batasunean bizitzeko. Jesukristo gure Jaunaren bitartez. Amen.

Egun amaieran

Gorespena: abestu ene bihotza Jainko maitea, esker onez gainezka daukat bihotza zure opari ugariakaitik eta zure bedeinkazioagaitik. Ez litzateke nahikoa bihotzaren eta ezpanen abestia, nire bizitza zure zerbitzuan ipiniko ez baneu, ekintzen bidez zure lekuko izateko. Zuk ezerezetik atara nauzu eta zeure aukeratu egin; zoriontsu egin nauzu zeure amodio eta presentziaz. Zuri nire esker ona eta gorospena!

Page 22: ZURE AURREAN I

27. salmoa Salmo honek Jainkoarengan uste ona izaten laguntzen deust. Jainkoarengan sinesteak uste ona, sendotasuna eta itxaropena indartzen ditu niregan. Jainkoarengan sinesteak zerikusia dauka egunez egun bizi doguzan egoera, esperientzia eta sentipenakaz; bestela ez da fedea.

Entzun, ene Jainko, dei degizut! Erruki nitaz eta entzun! Bihotzak esaten deust: Ea, bilatu eizu Jainkoaren aurpegia. Zure aurpegiaren bila nator, bai, ene Jainko. Ez gorde niri zure aurpegia! Ez baztertu zure zerbitzari hau hasarrez, Zu zaitut-eta laguntza bakarra. Ez ni bertan behera itxi, ez baztertu, salbatzaile zaitudan Jainko horrek! Aita-amek baztertzen banabe ere, Jainkoak Beragaz hartuko nau. Erakutsi eidazu, Jainko maitea, zeure bidea, eroan naizu bide zuzenetik, etsai ugari dot-eta. Ez itxi ni etsaien esku, guzurrezko lekukoak dabiltza-ta nire aurka, indarkeria dariela. Ziur nago ni: Jainkoaren ontasuna gozatuko dot bizien lurraldean. Itxaron Jainkorengan! Eutsi gogor eta izan kemena! Irakurgai laburra (Ga 5,22-23.25) Espirituaren frutua, barriz, hau da: maitasuna, poza, bakea, pazientzia, bihotz ona, ongi-nahia, leialtasuna, otzantasuna, norbere buruaren jabe izatea. Bizia Espirituak emoten badeusku, jokatu be jokatu daigun Espirituaren arabera.

Eskariak Eskerrak emon gura deutsadaz Jesuseri, nire bizitzako lagun eta adiskideari, esanez: Izan zaitez nire babes, Jauna - Artzain Ona, gidatu naizu ontasunaren bidetik. - Errukitu zaitez behartsu eta baztertuez. - Frantziskoren bizitzak behartsuenen ondoan egotera eroan naiala. - Gaixoen alde eskatzen deutsut: emoiezu osasuna eta eta Zuganako konfiantza. Amaierako otoitza Espiritu Santu kontsolatzailea: sentidu daidala niregan zure presentzia, nire giza erlazio danei zentzua eta argitasuna emongo deutsen zure presentzia. Amen.