ira€¦ · Web viewIkaragarri ari naiz sufritzen zapaten erruz, baina hemendik gutxira, ordubetera...

29
[email protected] Entzuteko ipuinak Gaztearen kezka 1 Gazte bat inguratzen zaio maisu zaharrari kezkaturik eta urduri, eta hasten zaio: —Maisu, hain hutsal eta ezerez sentitzen naiz, ez dut deus egiteko gogorik. Esaten didate ez dudala ezertarako balio, itsusia naizela, lanean ez dakidala… Zer egin nezake hobeto balora nazaten? Maisuak eraztun eder bat zeukan ezkerreko behatz txikian. Eskura eman eta esan zion: —Gazte, har ezazu zalditegiko zaldirik onena, zoaz merkatura eta sal ezazu eraztun hori. Baina ez eman urre- txanpon batetik behera. Gaztea atera zen zaldi gainean merkaturantz. Iristean, hasi zen eraztuna erakusten. Jende asko inguratu zitzaion, ikusmiran. Baina prezioa jakin ahala urrundu egiten zitzaizkion denak. Inork ez zion agindu eskatutakorik. Bakarren batek burla-barrea ere egin zion. Oso penaturik itzuli zen gaztea etxera. Eta hasi zitzaion: —Jauna ez du inork erosi nahi izan. Izan ere, sal ote daiteke ezer bere preziotik gora? —Benetako prezioa diozu? Oso interesgarria. Horixe jakin behar dugu. Zoaz bitxi-dendara eta galdeiozu nagusi adituari eraztunak zenbat balio duen. Zuk prezioa jakin, baina, agintzen dizuna agintzen dizula, ez eman, etxera itzuli. Joan eta esan bezala egin zuen. Bitxi-dendako nagusi adituak lupaz begiratu zion, eta 60 urre-txanpon balio zituela adierazi. Ia-ia txorabiatu zen bertan. Zaldia hartu 1

Transcript of ira€¦ · Web viewIkaragarri ari naiz sufritzen zapaten erruz, baina hemendik gutxira, ordubetera...

[email protected]

Entzuteko ipuinak

Gaztearen kezka 1

Gazte bat inguratzen zaio maisu zaharrari kezkaturik eta urduri, eta hasten zaio:

—Maisu, hain hutsal eta ezerez sentitzen naiz, ez dut deus egiteko gogorik. Esaten didate ez dudala ezertarako balio, itsusia naizela, lanean ez dakidala… Zer egin nezake hobeto balora nazaten?

Maisuak eraztun eder bat zeukan ezkerreko behatz txikian. Eskura eman eta esan zion:

—Gazte, har ezazu zalditegiko zaldirik onena, zoaz merkatura eta sal ezazu eraztun hori. Baina ez eman urre-txanpon batetik behera.

Gaztea atera zen zaldi gainean merkaturantz. Iristean, hasi zen eraztuna erakusten. Jende asko inguratu zitzaion, ikusmiran. Baina prezioa jakin ahala urrundu egiten zitzaizkion denak. Inork ez zion agindu eskatutakorik. Bakarren batek burla-barrea ere egin zion. Oso penaturik itzuli zen gaztea etxera. Eta hasi zitzaion:

—Jauna ez du inork erosi nahi izan. Izan ere, sal ote daiteke ezer bere preziotik gora?

—Benetako prezioa diozu? Oso interesgarria. Horixe jakin behar dugu. Zoaz bitxi-dendara eta galdeiozu nagusi adituari eraztunak zenbat balio duen. Zuk prezioa jakin, baina, agintzen dizuna agintzen dizula, ez eman, etxera itzuli.

Joan eta esan bezala egin zuen. Bitxi-dendako nagusi adituak lupaz begiratu zion, eta 60 urre-txanpon balio zituela adierazi. Ia-ia txorabiatu zen bertan. Zaldia hartu eta maisuarengana itzuli zen, pozez gainezka, praketan kabitu ezinik.

—Maisu, 60 urre-txanpon balio dituela esan dit.

—Ai!, gaztea, ikusten? Zergatik zabiltza horrela, jendeak zutaz zer pentsatzen ote duen jakin nahian, eta nola baloratzen zaituzten probatzen? Aditua da zuk zenbat dezakezun dakien bakarra. Hari bakarrik egin jaramon.

Elefantearen jakinduria  2Elefantea zirkuan zegoen, atzeko hanka hesola txiki bati lotuta. Mutikoa begira-begira geratu zitzaion, harrituta. Hainbeste gauza kontatu zizkioten elefanteari buruz, zein baino zein harrigarriago, pentsatzen zuen bazuela edozein arbola botatzeko adina indar. Nola egon zitekeen hesola txiki baten mende?

Mutikoak, azkenean, jakin zuen motiboa: elefanteak txikitan egin zituen eginahalak hesola apurtzen, baina ezin izan zuen, eta pentsatu zuen sekula ez zuela ahal izango. Horregatik dago gaur, elefante handi bihurturik ere, etsita, hesolari atxikia.

1

Adreiluak begirik ez du, baina ikusarazi egiten digu  3Behin batean, bazen gizon bat eskuan adreilua zuela ibiltzen zena, inork ezer esaten bazion, tiratzeko prest. Ez zuen askorik itxoin behar izan, laster izan zuen lehenengo aukera. Tiratzen dio! Ez dakigu jo zuen ala ez baina, adreilua urrutira joan zen, eta metodo hark ez zuen konbentzitu hurrengorako, gero adreiluaren bila joan behar izan baitzuen.

Bigarrengoan soka bat erantsi zion adreiluari, tiratutakoa urrunegi joan ez zedin. Izan zuen bigarren aukera ere. Tiratu zion, baina ez zen objetiboraino iritsi, eta, ordainez, estrapozo eginik, berak hartu zuen kolpea adreiluaren kontra.

Hirugarrenean goma elastikoa erantsi zion. Berriz ere tiratuko dio; ordea, adreilua itzulian dator blankora iritsi aurretik eta gizona bera jo zuen kopetaren erdian.

“Norbere agresioaren kontra besteak babesteko joera”, deitzen diote psikologoek.

Saiatzen denari lagundu? 4Behin batean baziren bi igel, eta, bata bestearen atzetik, biak, nataz beteriko ontzira erori ziren. Ahalegin handietan jardun arren, ez zen posible handik ateratzea. Bereziki bietako batek etsi egin zuen, esanez “akabatzekotan ez du merezi horrenbeste leher gaizto egitea”.

Besteak eman eta eman segitu zuen hanketako indar guztiak ahitu arte, esanez “akabatzen banaiz ere saiatuaren faltaz izan denik inork ez dit leporatuko”.

Hainbeste saiatu zen, non nata bilakatu zen gurin eta haren gainean labainduz ontzitik ateratzea lortu zuen. Gero, pozik itzuli zen betiko putzu-zulora.

Sadamen portaera 5Bazen gizon bat oso aprentsiboa, hilda ote zegoen zalantzan zebilena. —Hila ez ote nago? —galdetzen zion emazteari.

Emazteak, barrez, eskuei ikutzeko esaten zion, eta hark:

—Hozten hasiak ditut.

—Hozten hasiak? Hila bazeunde izoztuak izango zenituzke.

Handik aste betera, lehenengo elurrarekin batera, basora joan zen egurretara. Aizkoran hastera zihoala, eskua pasatu zuen kopetatik eta kopeta zeharo hotza zeukan. Orduan: “Hilda nago”. Segurago egoteko, albarka-galtzerdiak kendu zituen, eta hankak izotzaren pare zituen. Ez zegoen zalantzarik, “hilda nago”. Eta lurrean etzan zen.

Denbora asko baino lehen, zakur sail handia iritsi zen, eta arbola batean gordea zeukan anoia jan zioten, apurrik ere utzi gabe. “Eskerrak hilda nagoen, bestela…”, egiten zien desafio zakurrei.

Geroaxeago, astoari eraso zioten zakurrek. Hasieran, ostikoka defenditu bazen ere, laster irentsi zuten hezur eta azal, arrastorik utzi gabe. Gizonak ez zuen besterik pentsatzen: “Bizirik banengo a ze hanka-jokoa eraman beharko zenuketen!”.

Gero, zakur batek, usmaka zebilela, gizona bera aurkitu zuen. Zakur guztiek jiran hartu zutenean, hala zioen berekiko: “Jango nazue, baina bizirik banengo beste oilar batek

2

joko liguke kukurruku!”. Baina zakurrek ez zioten barkatu. Minutu gutxitan ezkutatu zuten gizona.

Lanaren peskisan 6Behin batean, bazen gizon bat, prostibuluan, atezain lan egin zuena. Aitona eta aitarengandik zetorkion ofizioa. Gero prostibuluaren nagusia hil egin zen, eta haren semeak hartu zuen negozioa bere gain.

Nagusi berriak hobekuntzak nahi zituen. Departamenduz departamendu iritsi zen atezaintzara ere. Bulegora deitu eta esan zion atezainari:

—Hobekuntzak nahi ditut etxe honetan. Zuri hauxe eskatzen dizut: koaderno bat eramango duzu beti aldean, eta egunean zenbat bikotek bisitatzen gaituzten apuntatu behar duzu. Horrez gain, bost bikotetatik bati galdera txiki batzuk egingo dizkiozu, gure zerbitzuari buruz duten iritza jakiteko, eta aste-amaieran txotena entregatu behar didazu.

—Nagusi jauna, nik ez dakit, baina, irakurtzen eta idazten —larritu zen atezaina.

—Orduan sentitzen dut, lanpostua utzi egin beharko duzu.

—Mesedez, jauna!

—Ez dezaket ekarri beste pertsona bat eginkizun horretarako, eta bi soldata ordaindu. Dagokizun indemnizazioa emango zaizu, baina bihartik kalera.

Pentsatzen hasita, zerbait bazekiela otu zitzaion atezainari. Berak konpondu izan zituen prostibuluko ohe zaharren hankak, jergoiak eta koltxoiak. Baina horretarako erramintak behar.

Herrian ez zegoen burdina-dendarik, herri urrunean baizik, zaldiz bi eguneko bidera. Joan zen eta lehenengo bidaian erraminta dexente ekarri arren, bizilagunek batere gabe utzi zuten, beharrak handiak zirelako. Gero beste zaldikada bat ekarri zuen, eta hura ere erraz saldu zuen. Handik aurrera, auzo-herritik erramintak ekarri eta haiek saltzera dedikatu zen. Gero almazena osatu zuen, geroago denda ipini, laster lantegia ireki zuen, eta, urte  batzuen buruan, zonalde hartako enpresa-gizonik aberatsena bihurtu zen.

Irabazietatik eskuratutako ondasunak hainbestekoxeak ziren, herriari bi eskola oparitu zizkion. Udalak, ordainez, herriko seme kuttun izendatu zuen. Omenaldia eskaini zion. Omenaldi egunean, alkateak urrezko liburua ekarri zion, bere sinadura ezar zezan. Harridura handia izan zen alkatearentzat, esan baitzion:

—Nik ez dakit, ordea, irakurtzen eta idazten.

—Baina irakurtzen eta idazten jakin gabe lortu baduzu fortuna hori guztia, zer izango ote zinen zu, baldin eta jakin izan bazenu?

Enpresariak erantzun zion:

—Prostibuluko atezaina.

Carpe diem 7Gizon bat sartu zen zapategira eta zapatariak, eztiki, galdetu zion:

—Zer nahi zenuke, gizon?

—Hogeita hemeretziko zapata pare bat.

3

—Barkatu, baina nik uste dut gehixeago ere beharko duzula —esan zion zapatarik.

—Ez, ez. Ondo aski dakit zer nahi dudan: hogeita hemeretziko zapata parea.

—Neurtzea izango dugu onena —arduratu zen zapatari jatorra.

—Har itzazu nahi dituzun neurri guztiak, baina hogeita hemeretziko zapatak behar ditut.

Hain gogor eta bekosko jarri zen erostuna, zapatarik eta etsi eta amore eman zion:

—Hemen dituzu.

—Kaltzadorea, mesedez!

Ekarri zion, eta ederki kostatua baina jantzi zituen zapatak. Alfonbra gainean pauso batzuk eman zituen, auhenaka, eta esan zion:

—Zenbat da?

Ordaindu eta bisaje txarrean itzuli zen lanera. Arratsaldeko laurak alde horretan, bulegoko lagunak itxura txarra hartu zion, eta

—Zer duzu? —galde egin zion.

—Zapatak, gizona!

—Zapatak zer?

—Estutu egiten didatela!

—Busti egin al dituzu, ala?

—Ez, ez. Bi zenbaki txikiagoak dira.

—Norenak dira, ba?

—Nireak!

—Ez dut ulertzen.

—Entzuidazu. Satisfazio gutxi izan dut nik nire denboran; azkenaldian disgustuak baino ez. Ikaragarri ari naiz sufritzen zapaten erruz, baina hemendik gutxira, ordubetera gehienez ere, etxera joan eta zapatak kentzen ditudanean, hura gozamena izango dut. Hura atsegina!

Samaritar ona! 8Behin batean, bazen zurgin bat zurgindegi txiki bat zuena. Alabatxoarentzat sehaska egiteko, basora egur bila zihola, gazte batekin egin zuen topo. Bide-bazterrean erorita zegoen, zarpa-jario eta kopeta odoldurik. Mandoa motako zukeen hatsa zerion, alkohol-usaina. Zurgina geroxeago ohartu zen gorputzean ere zauriak zituela. Arnasa bazeukan, baina konorterik ez. Zurginak, bizkarrean harturik, bere etxera eraman zuen, eta zauriak sendatu zizkion. Egun batzuk barru, hobeto zegoen gaztea. Zentzua etorri zitzaionean, honela mintzatu zitzaion:

—Zergatik sendatu nauzu?

—Zaurituta zeundelako.

—Horregatik bakarrik?

—Eta behar zintudalako.

4

Eta gaztea zurginaren etxean geratu zen bizitzen, zurginak laguntza behar zuelako.

Zurgina gogor saiatu zen gazteari ofizioa irakasten. Gazteak ere ahalegin handia egiten zuen ikasteko.

Zurginak beste zauri-mota batzuk ere sendatu nahi zizkion gazteari: edateko grina gogaikarriari utzarazi eta bizimodu gaiztotik apartatu nahi zuen.

Zurginaren ahaleginak eman zuen fruitua. Gazteak sei hilabete eman zituen edan gabe. Baina gau batean, zurgina lo zegoen bitartean, leihotik salto egin eta kalera irten zen, lagunarte pixka bat egitera. Pentsatu zuen kopa batek ez ziola kalterik egingo.

Gazteak kandela piztuta utzi zuen, zurginak egiarik jakin ez zezan.

Kopa baten atzetik bestea irentsi ondoren, gaztea total eginda zegoen, parrandan zebilen tokitik suhiltzaileak pasatu zirenean.

Etxera iritsi zenean, zurgindegia zeharo kiskalita zegoen. Zurgina hiltzat eman zuten, ez zuten hezur batzuk baino aurkitu.

Damuak, aukeran beranduegikoa bazen ere, gazteari astindu handia eman zion, eta lanerako grina sortu. Zurgindegi berria eraiki zuen zurgin zaharraren omenez. Berehala izan zuen lehen beste lan edo gehiago.

Zurgin gaztea ezkondu zen, eta familia handia ari zen hazten. Etxean edozein ospakizun zenean, zurgin zaharrarekin gogoratzen zen beti.

Bien bitartean, zurgin zaharrak bizi-bizirik zirauen. Handik 500 bat kilometrora bizi zen. Zurgindegi zaharrean sutan aurkitu zituzten hezurrak txerriarenak ziren.

Kantu-txapelketa 9Bazen hontza bat gizakien erresuman katibu bizi izan zena. Halabeharrez, ihes egiteko zoria izan zuen. Oihanera iritsi zenean, animalia askorekin egin zuen topo, eta gizakien arteko ohitura batzuen berri eman zien. Adibidez, pintoreak, eskultoreak, musikariak, bertsolariak… gaitasunaren arabera sailkatzen zituzten.

Arreta handiz entzun zioten, eta gizakien ohiturak txertatzeko ideiak arrakasta handia izan zuen. Berehala antolatu zuten kantu-txapelketa, eta inguruko animalia guztiek segituan eman zuten izena, jilgeroarenganik hasi hartzarenganaino.

Hontzaren gomendioei jarraiki, erabaki zen bozketaz izendatuko zela irabazlea. Gizakia barne, igo ziren denak oholtzadura gainera, eta egin zuten saioa. Bukatu zutenean, papeleta bana sartu zuten boto-ontzian, hontzaren zaintzapean.

Arduradunak ireki zuen ontzia eta ekin kontaketari: lehenengo botoa, astoarentzat; bigarren botoa, astoarentzat; hirugarrena, laugarrena… denak astoarentzat. Lehiakide guztiak elkarri begira hasi ziren, eta begirada haiek iruzur-akusazioa zeramaten berekin. Denak jakitun ziren ez zegoela astoaren arrantza baino kantu okerragorik. Baina botoak, bata bestearen atzetik, astoak jaso zituen; txapeldun atera zen.

Garbi dago zer gertatu zen: nork bere burua nahi zuen irabazle, eta kontrario ahulenari, arriskurik gutxien zuenari, eman zioten botoa; eta denek harri berean egin zuten behaztopa.

Bi boto kenduta, beste guztiak astoarentzat izan ziren. Astoak eta gizakiak ez ziren bat etorri beste guztiekin. Astoak, zer eginik ez zeukala ikusirik, jilgeroari eman zion botoa; gizakiak, bere buruari.

5

Autentizitatea 10Gizon batek praketan pixa egiten zuen. Medikuarengana joaten da, begiratzen dio, eta ez dio ikusten inolako motibo fisikorik hori gerta dakion, eta terapeutarengana bidaltzen du.

Baliteke terapeuta psikoanalista ortodoxoa izatea.

Bost urte geroago gizonak lagunarekin egiten du topo.

—Kaixo! Zer moduz terapeutarekin?

—Oso ondo —erantzuten dio, umore betean.

—Beraz, jada ez duzu praketan pixarik egiten?

—Bai, pixa praketan egin egiten dut, baina orain badakit zergatik egiten dudan.

Litekeena da terapeuta konduktista izatea.

Bost aste geroago, gizonak lagunarekin topo egiten du.

—Kaixo! Zer moduz terapia?

—Bikain —erantzuten dio gizonak, pozez txoratzen.

—Hortaz, jada ez duzu praketan pixarik egiten?

—Pixa praketan egin egiten dut, baina orain gomazko galtzontziloak erabiltzen ditut.

Posible da terapeuta gestaltikoa izatea.

Bost hilabete geroago gizonak lagunarekin egiten du topo.

—Kaixo! Zer moduz terapeutarekin?

—Ezin hobeto —erantzuten dio gizonak, irribarretsu.

—Beraz, jada ez duzu praketan pixarik egiten?

—Pixa praketan egin egiten dut, baina orain ez zait batere axola.

Altxor ezkutua  11Agure zahar batek altxor handi baten esperantzan eman zuen bizitza osoa. Eta egun batean amets egin zuen: Afrikako bere lurraldetik urrun, Italiako Paduan, komentu handi bat ikusi zuen; komentuaren atzealdean, lorategi eder bat; eta lorategian, zuhaitz izugarria; zuhaitzaren ondoan zuloa egin zuen, eta handik altxor izugarria atera zuen.

Agureak, hasieran, ez zion garrantzirik eman ametsari, baina hiru-lau aldiz errepikatu zitzaionean, aintzat hartzea erabaki zuen, eta hilabete luzeko bidaiari ekin zion.

Paduara iritsi zenean, ametsetan ikusi zuen bezala zegoen dena, gauza bat izan ezik: fraide bat zegoen lorategiaren sarreran. Agurea hurbildu zitzaion, eta garbi azaldu zion zerk ekarri zuen haraino. Patxada-itxurako fraide frantsizkotarrak barre egin zion, barre algara.

—Bide gehiegi korritu duzu, alfer-bidaia hau egiteko. Neuk ere denbora luzea daramat amets bera egiten: Afrikako herrialde urrun batean, agure zahar baten baratzeko pikupean altxor handi bat dago ehortzia. Zer uste duzu, nik Afrikako herrialde horretaraino joan behar dudala eta baratzeko pikupean zuloa egin, altxorra ateratzeko?

6

Fraidea agurtu eta, isil-isilik, agureak, berriro ere, Afrikako bere lurralde urrunera itzultzeko, hilabete luzeko bidaiari ekin zion.

Ailegatu zenean, baratzera joan zen zuzenean; pikupean zuloa egin zuen eta sekulako altxorra atera zuen handik.

Jabetza: esklabutza 12Behin batean, bazihoan kalean barrena, pentsati, eta urrunean urrezko mendi erraldoia ikusi zuen. Eguzkiak jotzean, distiratsu eta ederrago zirudien, Steven Spilberg-en filmeko objektu galaktiko bat bailitzan

Baina ez zen edertasuna dastatzearekin konformatu. Betiko alderdi materialista gaineratu zitzaion: “Jaberik ba ote du?”. Ez zen inor ageri, eta, poliki-poliki inguraturik, eskuan hartu eta beretzat gorde zuen. Arboladi baten erdian zegoen soilunean ipini zuen. Zoragarri zegoen, eguzkiaren begiradapean, eta begiak kendu ezinik jarri zitzaion kontenplatzen.

Orduan, biek batera hauxe esan zuten:

—Lehenengo aldia da zerbait nirea dela, nirea bakarrik dela.

Jabetza: esklabutza 13Behin batean, bazen beasaindar bat CAFen lan egin zuena. Han lan egin zuen bitartean, urtero joaten zen Benidormera, oporretan. Hain ausarta zenez, hotel baten akzioak hartu zituen. Hotela ondo zihoan, eta hurrengo urtean akzio gehiago hartu zituen. Urterik urte, azkenerako, hotelaren jabe egin zen. CAF utzi eta hotelean hasi zen lanean. Hotela gobernatzen ematen zituen egunak zituen ordu guztiak. Ez zen hondartzara joaten, ez zuen eguzkirik hartzen, ez zuen iluntzetan txikiteorik egiten, ez zen ateratzen hoteleko sukaldetik. Sukaldari jantziarekin hil zen. Sukaldean hil zen, bakalaua pil-pilean prestatzen ari zela.

Hura erantzi eta traje dotorea jantzi zioten, azken bidaiarako. Beasainen ehortzi zuten. Herriko seme kuttun izendatu zuten “a título póstumo”. Kale bati bere izena ipini zioten.

Beasainen zahar-etxea eraikitzeko utzi zuen diru puska bat, bera ere, zahartzen zenean, haraxe eraman zezaten.

Bakoitzak beretzat egin 14Bazen herrialde bat Goilare Luzeen Herrialdea zeritzana. Herrialde hark bi gela baino ez zituen: beltza eta zuria. Bidaiari porrokatu bat iritsi zen behin herrialde horretara. Ikusmiran, lehenik gela beltzera sartu zen. Munduko manjarrik gozoenak ikusi zituen mahai baten gainean, baina jendea gosez hiltzen ari zen, negar-zotinka eta malko artean.

Goilare luze bana zeukaten besoari lotuta. Horrela, janari gozoak zeuden lekuraino erraz iristen ziren, baina ezin ziren moldatu jana ahora eramateko moduan, eta hiltzen ari ziren.

Gero gela zuria bisitatu zuen bidaiariak. Janari xumeak, eguneroak zeuden han. Baina irribarrea eta alaitasuna ziren nagusi. Gela zurikoek ere goilare bana zeukaten besoari

7

atxikita, baina, beste gelakoek ez bezala, elkarri ematen zioten jatekoa, eta urte luzez bizitza oparoa espero zuten.

Egurtu eta goraipatu 15Denbora luzez gogor saiatu ostean, asmatzaile batek sua egiteko tresna asmatu zuen. Trena harturik, han joan zen iparraldeko lurralde elurtsu batera. Han tribu bati irakatsi zion sua egiten eta erabiltzen. Oso pozik zegoen jendea, txoratuta! Hain txoratuta, ez ziren oroitu ere egin eskerrak emateaz. Baina asmatzailea bihotz oneko gizona zen, eta ez zitzaizkion axola munduko ohoreak; inori on egitea zen haren kezka bakarra.

Gero beste tribu batera joan zen.

Bigarren tribuak ere lehenengoak bezain estimatu hartu zituen asmatzailea eta asmakuntza. Baina apaiz nagusiak jeloskor jarri ziren eta erail egin zuten.

Susmo txarrik inork izan ez zezan, tenpluko aldare nagusia ipini zuten Asmatzaile Handiaren erretratua, eta, horrekin batera, liturgia berria sortu zuten haren izena goraipatzeko eta oroitza gordetzeko.

Bestalde, su egiteko tresna kofre batean sartu zuten, eta indulgentziak eskaintzen zituzten kofrearen gainean eskuak fedez ipintzen zituenarentzat.

Apaiz Nagusia bera arduratu zen asmatzailearen bizitza santua idazteaz. Asmatzailearen bertuteak eta merituak kontatzen zituen liburuak. Bizitzarik eredugarriena izango zen zeruan eta lurrean, handik aurrera.

Apaizak arduratu ziren ondorengo belaunaldiei liburuaren berri emateaz, eta apaizek izango zuten eskubidea Liburu Santuaren esanahaia, eta asmatzailearen bizitza eta heriotza eredugarriak interpretatzeko.

Eta erabakitako bidetik eta predikaturiko dotrinatik aldentzen zena zigortua izango zen, eskomunioarekin nahiz heriotza-zigorrarekin.

Eta jendeari, hainbeste betebehar erlijiosoren mende, sua egiten ahaztu zitzaion.

Kontzientzia, legea eta etika 16Behin batean, bazen errege bat erresuma txiki batean. Erresuma osoa mahastiz betea zegoen. Bizilagunek nahiko mahats uzta biltzen zuten, eta ardo asko egin ere bai, ondo bizitzeko eta zergak ordaintzeko.

Erregea gizon on eta zintzoa zen, eta mendekoei ez zien kendu nahi behar zena baino gehiago. Kontuak ondo atera ondoren, pentsatu zuen lorategian hogei mila litroko upela ipintzea, eta familia bakoitzak txarrokada bat ardo isur zezala, upelera; horrela, upela beteko zuten, eta haren salmentatik nahiko dirua aterako erregeak, gastu publikoak ordaintzeko.

Herriak poz handiz onartu zuen erabakia, eta festa handiak egin zituzten erregearen omenez.

Iritsi zen ardoa entregatzeko eguna, eta inork hutsik egin gabe bete zuten den-denek obligazioa. Batzuek oso urrundik etorri ziren. Upela puntaraino bete zuten.

8

Erregea oso harro zegoen bere hiritarrez. Plazan bilduarazi zuen herri osoa. Gero zerbitzari nagusiari deitu zion, upeletik basokada bat ardo ekar ziezaion. Urrezko kopan zerbitzatu zion ardoa. Herrika txaloka zela hasi zen erregea ardoa edaten.

Aurrena, usaindu egin zuen, baina ez zuen usanik; gero begiratu egin zion, baina ez zeukan kolorerik; ondoren dastatu egin zuen, baina ez zeukan zaporerik.

Orduan, erresumako alkimista guztiak elkartu zituen. Erabakia garbia izan zen: upela urez beteta zegoen.

—Zer mirari dugu, orduan, hau? —galde egin zuen erregeak.

—Hemen ez dago miraririk eta bestelakorik —jakinarazi zion alkimista zaharrenak.

—Ez dut ezer ulertzen —kexatu zen erregea.

—Begira, Joanen familiak erabaki du ardoaren ordez ura eramatea, pentsaturik hogei mila litro ardoren artean ez zela batere nabarituko. Egia esan, Joanen familiak arrazoi du, nola nabarituko da litro bat ur hogei mila litro ardotan?. Baina detailetxo bat badago, majestate: herri osoak pentsatu duela Joanek bezala.

Biderik egokiena 17Gipuzkoatik Lizarrara joan nahi baduzue, bi alternatiba daude: edo Etxegaratetik edo Lizarraustitik. Senarrak atseginago du Etxegaratetik ibiltzea. Andreak, aldiz, nahiago du Lizarraustitik.

Halabeharrez, Etxegaratetik joan ziren batean, istripua izan zuten. Baina Zunbeltzen. Jainkoari esker, ez zuten minik hartu. Autoak bai, autoak matxura dezente zeuzkan. Beraiek ezer ez izateak eta autoaren matxurek errietarako indarra eman zieten, batez ere emazteari:

—    Esan dizut nik Lizarraustitik etorri behar genuela!

—    Zer esan duzu, Lizarraustitik etorri bagina, hona bost minutu beranduago iritsiko ginela, eta ez genuela istripurik izango?

Dagokigun tokia 18Besapean ogiaren ordez, besagainean hegoekin etorri zen mutila. Aitak gaindituak zituen harridurak eta bestelako kontu batzuk, eta semeari esan zion:

—Seme, denak ez dira hegodun jaiotzen. Badakigu ez gaudela derrigortuak hegan egitera, baina lastima litzateke Jainkoak eman dizun grazia ez aprobetxatzea.

—Aita, baina nik ez dakit hegan —esan zion semeak.

—Etorri nirekin —esan zion aitak. Eta haizea zebilen mendi-tontor batera eraman zuen—. Hegan egin nahi duzunean hona etorri, eta egin salto tontorrean barrena.

—Eta erortzen banaiz?

—Ezer ez, gizona! Gehienez urradura txiki batzuk izango dituzu, eta urradura horiei esker hurrengorako zailduago egongo zara.

Bere asmoen berri eman zienean, lagunek erotzat hartu zuten. Gehienek ez zioten sinestu. Beste batzuek, onginahiz, aholkuak ematen zizkioten:

9

—Zergatik ez zara poliki-poliki hasten? Proba egin ezazu eskailera batetik edo etxeko leiho batetik..

Gazteari ondo iruditu zitzaizkion aholkuak. Igo zen ganbarara jarri zen leihoan eserita, hegoak zabaldu zituen, salto egin zuen, hegoak ahal bezain indartsu astinduz, baina lurrera erori zen.

Buruan egundoko kolpea zuela, aitarekin egin zuen topo.

—Gezurra esan zenidan, ezin dut hegan egin. Proba egin dut eta hara zer gertatu zaidan. Hego hauek apaingarri baino ez dira.

—Begira, hegan egin ahal izateko baldintza batzuk bete behar dira: behar adina aire dagoen tokia, hegoak zabaltzeko lekua, eta altura egokia, aireak indar egin dezan. Hegan egiteko, arrisku batzuk hartu beharra dago. Nahi ez baduzu, amore ematea izango da onena, oinez ibiltzea, orain arte bezalaxe.

Talentuen parabola 19Nagusiak kanpora joan behar zuen, eta morroiei egin zien dei eta ondasunak utzi zizkien: bati bost talentu, beste bati bi eta hirugarrenari bat, euren gaitasunaren arabera. Gero, alde egin zuen. Bost talentu jaso zituenak inbertitu egin zituen berehala eta beste bost irabazi. Gauza bera egin zuen bi talentu jaso zituenak: inbertitu eta beste bi irabazi zituen. Bat bakarra hartu zueneak, aldiz, lurrean zuloa egin eta hantxe gorde zuen.

Handik denbora askora, etorri zen nagusia eta morroiei kontuak hartzen hasi zen. Aurreratu zen bost talentu utzi zizkiona eta beste bost aurkeztu zizkion, esanez: “Jauna, bost talentu utzi zenizkidan, hona hemen beste bost nik irabaziak. Nagusiak esan zion: “Ederki, morroi on eta leiala!”.

Eta eszena bera errepikatu zen, ondoren, bi talentu utzi zizkionarekin.

Azkenik, aurreratu zen talentu bakarra hartu zuena eta esan zion: “Banekien gizon zorrotza zarena. Beldur nintzen, eta zure talentua lurrean ezkutatu nuen”. Nagusiak erantzun zion: “Bankuan jarri behar zenuen dirua, itzultzean korritu eta guzti jaso nezan. Ken iezaiozue, bada, talentua eta eman hamar dituenari. Izan ere, fruitua dakarrenari eman egingo zaio, eta gainezka izango du; fruiturik ez dakarrenari, ordea, daukan apurra ere kendu egingo zaio. Eta ezertarako gauza ez den morroi hau jaurtiki kanpora. Ilunpetara”.

Ez nahastu 20Behin batean, baserritar batek morroia zeukan. Morroia ez zen bete-betea ere. Baserritarren hizkuntzan esateko, arto-ale bat falta zitzaion. Baina lehengusu baten semea zen, eta ez zuen despatxatu nahi. Horregatik, etxeko lanik errazenak harentzat izaten ziren.

Egun batean deitu eta esan zion. “Zoaz dendara eta ekar itzazu lakari bat ogirin eta lakari bat azukre. Ogirina ogia egiteko da, eta azukrea gozoak egiteko; beraz, saia zaitez nahastu gabe ekartzen.

Bandeja hartu eta dendara joan zen. Bidean, ehun aldiz errepikatu zion bere buruari nahastu gabe ekarri behar zituela.

—Lakari bat ogirin —eskatu zion dendariari.

10

Dendariak hartu paladaka ogirin eta morroiaren bandejan hustu zuen.

—Orain lakari bat azukre —esan zion morroiak.

Dendariak, berriz ere, sartu zuen pala zakuan eta lakari bat azukre hartu zuen.

—Ez daitezela nahasi —agindu zion morroiak.

—Eta non ipintze nahi duzu, bada? —erantzun zion dendariak.

Morroiak bandejari, azpitik, eskua pasatu zion, eta hutsik zegoela ohartu zen. Orduan, buelta eman eta esan zion: “Bota hementxe”.

Morroia oso pozik itzuli zen etxera: lakari bat ogirin eta lakari bat azukre, eta ez daitezela nahasi.

Etxera iritsi zenean, nagusiarengana joan zen zuzenean, “Eta ogirina?” —galdetu zion hark.

—Ez daitezela nahasi —erantzun zion morroiak—. Hemen dago! —Eta mungimendu azkar batez bandejari buelta eman zion, eta azukrea ere lurrera erori zen.

Nor naizen? 21Goiz hartan gizonak, beti bezala, bizarra ebaki zuen. Jantzi eta portalera jaitsi zen, gero, postontzia begiratzera, baina ez zegoen gutunik. Harriturik geratu zen. Harrituta eta hegoak moztuta bezala, hori baitzen munduarekin erlazionatzeko modu bakarra. Haserreak erasan zion. Etxean ezin zen egon eta kalera irten zen, gosaltzea ahaztuta.

Itxura batera, dena ordenan zegoen: eskaparateak ikusmiraz beteta, autoak betiko tokian aparkaturik, jendea hara eta hona, betiko martxan. Bertsolari ezagun batekin egin zuen topo. Eskua jasorik, urrutitik agurtu zuen gizonak. Badirudi ez zuela ikusi edo ez-ikusia egin ziola. Izenez deitu zion: “Antonió!”. Baina aurrera bakarrik begiratzen zuen Antoniok.

Gogaiturik eta minduta, etxera itzuli zen, arimaren zauriak samurtzera, eta goizean hartu gabe utzi zituen gutunak hartzera. Baina ez zen gutunik iritsi. Oso gaizki egin zuen lo gau hartan. Hurrengo goizean, goizean goiz, postariaren zelatan jarri zen. Heltzen ikusi zuenean, esku-igurtzika, pozik jarri zen. Alabaina, ostarte txiki bat baino ez zen izan gizonaren begitarteko argialdia. Gizonaren postontzian ezer utzi gabe joan zen postaria.

Ezin itxaron izan zuen gehiago. Bazeukan kargu handiko lagun bat postetxean, eta harexengana jo zuen. Bulegora pasarazi zuen idazkariak, esanez: “Bost minutu barru etorriko da”. Heldu zenean, esan zion: “Barkatu, baina ez zaitut ezagutzen”, aho bete hortz utzirik. Madarikazioan alde egin zuen kargu handiko lagunaren etxetik, idazkaria uxaka zuela.

Etxerako bidean ezagun gehiagorekin ere gurutzatu zen, baina inork ez zion ezaupiderik eman. Zer zen hura! “Zergatik hartu du herri osoak nire kontrako tirria?”, esaten zion bere buruari Ez zuen ulertzen, ez baitzuen gogoratzen zigor hura merezi izateko moduko ezer egin zuenik.

Bi egun eman zituen etxetik irten gabe, norbait oroitzen ote zen probatzen, telefono deiren bat jasotzeko esperantzan. Ezta ezertxo ere!

Hirugarren egunean, lagunekin elkartu ohi zen tabernara joatea erabaki zuen. Sartu bezain azkar ikusi zituen. Kaixoka, ondo eseri zitzaien. Bat-batean, kanposantuko isiltasuna jaio zen lagun haien artean. Gure “Job” bere onetik aterata jarri zen:

11

—Jakin al daiteke zer gertatzen den nirekin, zerbait egin al dizuet? Esaidazue zerbait erotu baino lehen!

Haietako bat altxatu zen, eta esan zion:

—Ez zaitugu ezagutzen, eta nola egingo zenigun, bada, ezer? Nor zaren ere ez dakigu.

Penaren karga guztia berekin zuela itzuli zen etxera, eta ohe gainera bota zuen, braust!, bere burua. Zurrunbiloaren erdian, nor ote zen galdezka hasi zen. Erantzun ote ziezaiokeen galdera horri? Izena bazekien, non bizi ere bai, beste datu batzuekin batera. Baina besterik zer?

Baina, egun batean, egoera gaiztoaren erdian, askatasuna sentitu zuen: ezezaguna izateak abantaila handiak ekarri zizkion: ez zegoen beharturik modu jakin batean portatzera, formak zaintzera eta errespetu-itxura egitera.

Orain nahi zuen bezala joka zezakeen munduari baimena eskatu gabe. Orain bazekien bakarrik zegoela; gizakia beti bakarrik dagoela, eta gauzarik inportanteenei bakarrik egin behar diela aurre. Orain bazekien bakarrik egon behar dela bere buruarekin topo egiteko.

Hurrengo goizean umoretsu jaiki zen. Eguzkiak betaro jotzen zuen haren gelan. Egun zoragarria aurreikusi zuen. Kalerako bidean, kantari jaitsi zen eskaileretan barrena. “Don Joseka” agurtu zuen garbitasuneko emakumeak; tabernako lagunak berriro ere lagun, bazirudien dena bere onera itzuli zela.

Ez zuen inoren premiarik sentitzen, bera bakarrik nahikoa zen sentsazioa zeukan, baina mundu osoak agurtzen zuen, mundu osoak egon nahi zuen Don Joserekin. Horrenbestez, eskuratua zuen libre izateko formula.

Arauak betetzeko dira 22Behin batean, bi fraide zetozen mendian egun-pasa eginda. Bidean neska gazte batekin egin zuten topo. Neska bide bazterrean eserita zegoen, izterrean min hartuta.

—Zer gertatzen zaizu —galde egin zion fraide zaharrenak.

—Korrika natorrela, pauso txar bat eman dut, eta egundoko zain-tiratua jarri zait izterrean. Ahalegindu naiz jarraitzen, baina ezin dut. Zuetako batek lagunduko balit…

—Nahiago nuke ahal izango bagenu —esan zion fraide gazteenak—. Kastitateko botoak ez digu ametitzen emakumezkoarekin inolako kontakturik izatea. Sentitzen dut.

—Nik bai sentitzen dudala —erantzun zion neska gazteak, begietatik negar-anpuluak zerizkiola.

Bien bitartean, fraide zaharra jarri zen belauniko, eta esan zion: ”Igo nire bizkarrera!”.

Neskak, sinesgaitz baina pozik, fraidearen lepora egin zuen salto, txingoan.

Ederki kostatuta bada ere, ekarri zuen beheko errepideraino..

Neska agurtu eta komenturako bidea hartu zuten fraideek. Orduan fraide gazteak esan zion zaharrari:

—Maisu, berorrek nik baino askoz hobeto jakingo du kastitateko botoari buruzkoa, baina horrekin fitxik ere kezkatu gabe, lotsa gutxirekin, neska hori bizkarrean ekarri du, bide luzean.

12

—Egia diozu; bai, bizkarrean ekarri dut komentu ondoraino, baina ematen du zuk oraindik bizkarrean daramazula, komentu barruraino.

Arauak betetzeko dira 23Behin batean, lau fraide erromes abiatu ziren, hilabeteko bidaian. Erromesaldiari etekin hobea ateratzeko, bide osoa isilik egitea erabaki zuten.

Baina lehenengo eguna igaro baino lehen hitz egin zuen batek:

–Ez nago ziur zeldako atea itxi ote dudan.

–Babo arraioa! –eraso zion beste batek–, ez al ginen gelditu bidaia isilik egitekotan? Nola ausartu zara tontakeria horrengatik erabakia haustera?

Orduan hirugarrena honela mintzatu zen:

–Eta zuk zer? Zuk ere hautsi duzu promesa.

Azkenik, laugarrenak:

–Jainkoari eskerrak, ni naiz oraindik hitz egin ez duen bakarra.

Eztabaidan hasi ziren eta ez zuten bidaia amaitu.

Odolkiak ordainetan 24Behin batean, errege jakintsu bat bizi zen. Herriak asko maite zuen. Baita berak ere herria. Ehun urte bete zituenean festa handia eskaini zien, jan eta edari onenak mahaiak betean. Adiskide eta lagun asko bildu zen erregearen omenez, eta opari sail handia ekarri zioten.

Opariak bi multzotan banatzeko eskatu zien zerbitzariei. Batean, igorlearen izena zekartenak eta, bestean, igorlearen izenik ez zekartenak.

Afalondoan, opariak irekitzen hasi zen erregea.Izendunak ireki zituen aurrena eta, ireki ahala, oparitu zionari deitzen zion. Oparia hartu, eskertu eta itzuli egin zien denei, esanez: “Eskerrik asko, tori zeuretzat berriro eta kitoan gaude orain”.

Ondoren izengabeen multzora luzatu zituen begiak eta esan zien zerbitzariei: “Hauek bai, hauek onartuko ditut. Hauek ez daukate igorlearen izenik eta ez naute ezertara behartzen; nire adinean ez da ona zorretan egotea”.

Lagun hurkoa 25Monje batzuek jakin zuten Buda erromes zebilela. Anoiak eta arropak motxila handi banatan sartu eta Valira abiatu ziren, hara iristekoa baitzen. Bidean egundoko erauntsiak harrapatu zituen. Batek ezin segitu izan zien besteei, eta inguruko artzain-etxola batean geratu behar izan zuen gaua pasatzen.

Hurrengo goizean, artzaina despeditzera joan zenean, artzain gizarajoa desesperatuta zebilen ardiak bildu ezinik. Eta artzainari laguntzen geratu zen monjea. Ardi guztiak bildu zituztenean ekin zion berriro bidaiari. Ordurako auskalo non ziren bidaia-lagunak! Erdi ezabaturiko hanka-arrastoak baino ez ziren ageri.

13

Haiexei segika, granja batera heldu zen. Urik ez zeukan, eta etxekoandreari ura eskatu zion. Emakumeak, guztiz edukatu, esan zion ezin ziola gutizia bete, uzta-bilketan murgilduta zebilela-eta buru-belarri.

Monjeak bere kabuz aurkitu zuen ura, eta antosinarekin atera zuen haitz-zulotik. Agurtzera itzuli zenean, emakumeak esan zion, senarra hil zitzaionetik, nekez bildu ohi zuela uzta osoa, soroan alferrik galdu aurretik.

Monjeak pentsatu zuen Buda geroxeago ikusteak ez zeukala hainbesteko garrantzirik, eta hiru astez geratu zen emakumeari laguntzen.

Bidean zihoala jakin zuen Buda jada ez zegoela Valin; iparraldera joana zela. Monjeak ere iparralderako bidea hartu zuen. Iristeko moduan zen, baina bidean zahar batzuk sokorritu behar izan zituen, uholdeak berekin eraman ez zitzan.

Haiek salbatutakoan abiatu zen berriro Budaren bila. Baina bat ez bazen, bestea, beti oztopoak aurkitzen zituen bidean. Hogei urte igaro zituen monjeak Budaren bila.

Azkenik, jakin zuen Budak erabaki zuela bere herrira itzultzea, azken arnasa ematera. “Oraingoan bai –esan zuen monjeak–, bizirik ikusi nahi badut mugitu beharrean nago. Noan lehenbailehen, gero izango dut-eta inori laguntzeko astia”.

Herrira iristeko bezperan, orein baten kontra egin estrapozo. Zauritua zegoen. Zauriak sendatu eta edatekoa eman zion. “Ez ote inor azalduko, oreina zain dezan, eta nik, behingoz, Buda ikus dezadan? Ezta inor ere!

Ahal bezain kontu handienez ipini zuen animalia arroka baten kontra, eta janaria eta edaria ipini zizkion aurrean. Ondoren, bideari ekin zion berriro.

Pauso pare bat eman orduko, ordea, kontzientziaren atean deia entzun zuen. Animalia koittadua hilzorian utzita nola aurkeztuko zara Budaren aurrean!

Bertan geratu zen, oreina zaintzen; semetxoa bailitzan zaindu zuen. Hurrengo goizean hobeto zegoen.

Baina monjeak gogor deitoratu zuen Buda ikusteko azken proportzioa galdu izana.

–Ez jarraitu nire bila –entzun zuen ahots bat–, aurkitu nauzu eta. Monjeak burua jiratu zuen, eta oreina argi huts bilakatu zen, eta Budaren forma hartu zuen apurka-apurka, eta hizketa hasi zen:

–Betiko galduko ninduzun, baldin eta hemen hiltzen utzi eta nire bila herrira joan izan bazina. Eta ez zaitez ardura Budaren heriotzaz, zu bezalako pertsonak dauden bitartean ez da hilko. Hogei urtez ibili zara nire bila, baina, beti ere, zure desioaren gainetik inoren beharrak ipinita. Hori da Buda. Buda zuregan dago.

Saiatuegia 26Behin batean, bazen egurgile bat, langile porrokatua. Lehenengo egunean, berak bakarrik, 20 arbola handi bota zituen. Lanari uzteko ordua iritsi zenean, zorionak eman zizkion enkargatuak.

Enkargatuaren hitzek animaturik, hurrengo goizean beste guztien aurretik joan zen basora. Ahalegin bizian jardun arren, bigarren egunean 15 arbola bota zituen.

Oso goiz oheratu zen, hurrengo egunean 20 arbolako marka hausteko asmotan, baina 10ekin konformatu behar izan zuen.

14

Zeharo kezkaturik, enkargatuarengana joan zen egurgilea, zer gertatzen zitzaion azaltzera.

Enkargatuak galde egin zion: “Noiz zorroztu duzu aizkora azkeneko aldiz?”

–Zorroztu? Ez dut izan aizkora zorrozteko astirik; arbolak botatzen ere izan dut lanik asko.

Ardi koittaduak 27Artzain zaharrek ez zuten sekula izan problemarik ardi zaharrekin. Agindutako larrean ibiltzen ziren, okerrera ihes egin gabe. Inoiz edo behin, bakarren bat ihes egiten saiatzen bazen, artzainak txistua jotzen zuen, eta berehala itzuliko zen ardia sailera.

Behin batean, ordea, arkume diferentea jaio, arkume beltza. Hazi zenean, iraultza egin nahi izan zuen ardien artean. Gau batean ihes egin zuten artegitik, askatasun bila.

Artzainak hurrengo goizean ohartu ziren ardiak falta zirela.

–Alde egin dute!, alde egin dute! –esaten zioten elkarri, disgustu izugarria disimulatu ezinik, eta artzain zaharrenari eman zioten berri.

–Gaixoak! Egarriz eta gosez hiltzen ez dena otsoak jango du. Zer egin behar dute txoro horiek gu gabe?

Artzain zaharrak, pipari tiratu eta eztul txikia egin ondoren, esan zuen:

–Egia da ez direla ezer gu gabe, baina zer gara gu haiek gabe?

Zertarako predikatu? 28Behin batean, profeta bat joan zen herrialde batera, hango gizon eta emakumeak konbertitzera. Hasieran, jendeak gogo onez entzun zion; baina, pixkana-pixkana, urrundu egin zitzaizkion entzuleak, eta, azkenerako, jarraitzailerik gabe geratu zen. Egun batean bidaiari bat hurbildu zen profetarengana, eta galdetu zion:

—Zergatik segitzen duzu predikatzen? Ez al duzu ikusten inork ez dizula entzuten? –Profetak erantzun zion:

—Hasi berrian, banuen aldatuko nituen esperantza. Baina orain deiadarka ari banaiz, eurek ni alda ez nazaten da.

Gazi-gezak  29Erregea zeharo maitemindurik zegoen Hipolitarekin. Hain maitemindurik non familia txiro eta behartsuko emakume hura erregina bihurtu zuen.

Arratsalde batez, erregea ehizan zela, Hipolitaren ama oso gaixo zegoelako berria heldu zen palaziora. Erregearen zalgurdia erabiltzea heriotza-zigoarrarekin kondenatua bazegoen ere, Hipolita, arriskuak arrisku, kotxea hartu eta amarengana joan zen.

Ehizatik itzuli zenean, berehala eman zioten gertatutakoaren berri erregeari. Hark komentario hau egin zuen:

—Ez al da zoragarria? Hori da ama bati benetan nahi izatea. Bere bizia arriskuan ipintzen ari zela jakin arren, ez du atzera egin, gaixoaren ondoan egon nahi izan du.

15

Beste behin, Hipolita, palazioko jardinean eserita, fruta jaten ari zela heldu zen senarra. Erreginak erregea agurtu zuen eta saskian geratzen sagar-ale bakarri hozkada eman zion.

—Ona dirudi –esan zuen erregeak.

—Halaxe da –gaineratu zuen erreginak, eta, eskua luzaturik, bere maiteari eskaini zion sagarra.

—Zenbat maite nauen —zioen erregeak—; bere plazerrari uko egin dio, saskiko azken sagarra niretzat izatearren.

Urte batzuk igaro ondoren, auskalo zergatik, erregearen bihotza zeharo hoztu zen, eta Hipolitarenganako amodio izpirik gabe geratu zitzaion. Hala kontatzen zion bere lagun minari: “Inoiz ez da portatu erregina baten moduan. Ba al dakizu, nire debekuaren kontra, zalgurdia erabili zuela?. Are gehiago gogoan dut hozka egindako sagarra eman zidala behin batean”.

Pozaren sekretua 30Behin batean, bazen errege bat oso triste bizi zena, eta erregeak bazuen morroi bat arrunt pozik bizi zena. Goizero kantari eramaten zion gosaria erregeari. Irribarrea ezpainetan eta alaitasun aurpegian, horixe zen haren nortasun-agiria. Egun batean esan zion erregeak:

–Zein da zure zorionaren sekretua?

–Ez dago sekreturik, majestate, –erantzun zion zerbitzariak.

–Zergatik zaude beti pozik?

–Triste egoteko motiborik ez dudalako: badut emaztea, baditut seme-alabak, baditut zer jana eta zer jantzia, berorri eskerrak, eta inoiz eskupekoak ere ematen dizkit…

Erregeak ezin zuen ulertu nola zitekeen gizon hura zoriontsu izatea, inork emandakoarekin bizi baitzen, beste erabilitako arropa jantzita, kortesauei sobratzen zitzaizkienak janez.

Lasaitu zenean, aholkulari jakintsuenari deitu zion, eta, dena azaldu ondoren galdetu zion:

—Baina zergatik da zerbitzari hori hain zoriontsu?

—Hori erraza da, majestate, zirkulutik kanpora dagoelako.

—Zerbitzaria galtzeko prest badago, berehala azalduko diot, majestate.

—Aurrera!

Jakintsua eta erregea, elkarri hitz emanda bezala, elkartu ziren eta, egunsentian,  morroiaren etxera joan ziren. Zerbitzaria jaiki eta sukaldean argia piztu zuenean, aholkulari jakintsuak atea jo zion: dan-dan-dan! Ateko kristetari 99 monetako poltsa loturik utzi ondoren, aholkularia eta erregea zelatan jarri ziren. Hura sorpresa- eta poz-aurpegia morroiarena! Eseri eta mahai gainean hustu zuen poltsa. Morroia kontatu eta kontatu ez zen geratzen. Hura diru-mordoa! Hasi zen hamarnako pilak egiten, baina azkenerako 9 bakarrik sobratu zitzaizkion. Orduan kopeta zimurtu zuen zerbitzariak. “Non da bestea?”, egiten zuen, erregeak eta aholkulariak entzuten ziotela. “Lapurtu egin didate, ez da posible bestela!”.

16

Laurogeita hemeretzi txanpo handi, alajaina! Baina ez zen zenbaki osoa. Bat falta zitzaion ehunerako. Orduan erabaki zuen, kosta ala kosta, lortu behar zuela  moneta bakar hura, eta kontuak ateratzen hasi zen: “Soldatatik horrebeste aurreratzen bazuen eta hari irabazi estra batzuk erantsiz gero, hamaika edo hamabi urtean erdietsia zeukan helburua.

Baina hamabi urte ez al ziren asko? Beraz, andreari eskatuko zion lantxoren bat aurki zezan. Bestalde, berak palazioko lana arratsaldeko bostetan amaitzen zuenez, gaueko hamabiak arte bazeukan denbora beste nonbait saiatzeko. Horrela, zazpi urte barru eskuratua izango zuen ehungarren txanpona.

Agian, sobratzen zitzaien jana eraman zezakeen herriko merkatura eta hantxe saldu. Ez hori bakarrik, arropak ere sal zitzakeen; zertarako zuen hainbeste jantzi, egiten zuen beroarekin? Eta lau urteren buruan etxean izango zuen falta.

—Egun batean, kolpeka eta marmarrean sartu zen zerbitzaria erregearen logelan.

—Zer duzu      —galdetu zion erregeak, onez onean.

—Ez dut ezer! —erantzun zion, zakar, morroiak.

—Lehen, orain ez bezala, kantuan eta umoretsu ikusten zintudan.

—Zer nahi du berorrek? —bota zion, oraindik ere zakarrago—. Ez al dut, bada, nire lana ondo egiten? Ala bufoi eta juglare-lana ere egin behar dut?

—Denbora asko baino lehen erregeak bota egin zuen. Izan ere, ez da atsegina beti haserre eta erreta zegoen zerbitzari bat etxean edukitzea.

Ashramean katua 31Behin batean, bazen guru bat bere jarraitzaileekin Indiako ashram batean bizi zena. Eguzkian sartzen zenean, ikasleak elkartu eta predikuan hasten zen. Egun batean, ashramean katu bikain bat azaldu zen, eta guruari jarraitzen zion, zihoan toki guztietara.

Baina gurua predikuan hasten zenean, dizipuluen artean ibiltzen zen paseatzen eta haiek distraitzen; ez zien uzten maisuaren hitzaldia arretaz entzuten. Horregatik, egun batean, maisuak erabaki zuen katua lotzea, funtzioa hasi baino 5 minutu lehenago, dizipuluak endreda ez zitzan.

Gurua, ordea, noizbait behar eta, hil egin zen. Ikaslerik zaharrena bihurtu zen gida esipiritual berria. Iritsi zitzaion predikuan hasteko eguna, eta, lehenengo jardun hori baino 5 minutu lehenago, katua lotzeko ordena eman zuen. Laguntzaileek 20 minutu pasatu zituzten katuaren bila; azkenean, horraatik, aurkitu zuten, eta, guru berriaren borondatearen arabera, han ipini zuten lotuta.

Handik denboraldi batera, katua akabatu egin zen. Guru berriak agindu zuen aurki zezatela beste katu bat, zeremonia hasi baino 5 minutu lehenago lotu ahal izateko.

Egiaren makina 32Badakigu egiaren makinak nola funtzionatzen duen: sentsore sofistikatu batzuen bidez, gezurtiaren aldaketa fisiologikoak atzematen ditu (izarditzea, muskuluak kuzkurtzea, pultsua bizkortzea…).

17

Behin batean, abokatu bati bururatu zitzaion psikiatriko batean proba egitea. Han bazen Jones izeneko gaixo bat, Napoleon Bonaparte zela uste zuena. Medikuek ipini zuten egiaren makinan eta galdetu zioten:

—¿Zu Napoleón Bonaparte al zara?

Pixka batean pentsatzen egon eta erantzun zien:

—Ez, jauna! Zoratu al zarete, ala? Ni Jones naiz, J.C. Jones.

Denak hasi ziren barrez, detektagailuko operadorea izan ezik, zeinak esan zuen Jones jauna gezurretan ari zela. Makinak demostratu zuen gaixoak egia esaten zuenean, hau da, Jones zela esaten zuenean, gezurretan ari zela. Izan ere, Jonesek uste baitzuen, eta benetan uste ere, Napoleon Bonaparte zela.

Gezurra 33Umea gezurretan harrapatu dute. Gurasoek errita saio luzea egiten diote. Ondoren, esan diote mesedez ez duela gezur gehiago esan behar. Mutikoak, ezetz, ez duela gehiago gezurrik esango, ondo portatuko dela.

Handik pixka batera telefonoak jotzen du. Haurrak puntuak irabazi nahi ditu, eta esaten die: “Utzi, utzi, neuk hartuko dut”. Hartzen du, eta:

—Aita, garajetik deitzen dute faktura baten gora-beheran.

—Ez nagoela esaiozu.

Egia 34Nafarroako herri txiki batean, denak nekazariak ziren, eta elizara, igandero, fede handiz joaten ziren. Apaiza ere “fina” zen, sermoi bikainak egiten zizkien, egia handiak esaten zituen.

Egun batean, alabaina, haietako baten emaztearekin ohean harrapatu zuten.

Berria zabaldu zenean, labanak zorroztu eta herriko plazan bildu ziren gizonezko guztiak, apaiza harrapatzen bazuten, handik aurrera kastitateko botoak ongi betearazteko asmoarekin. Juxtu-juxtu egin zuen ihes, bestela txerria bezala irendu zuten.

Jakina, gehiago ez zen inor elizara joan eta gotzainak eliza itxi egin zuen.

Hilezkor 35Behin batean, urruneko herrialde batean, Nolav izeneko jauntxo krudelaren mende bizi zen herria. Halaber, bazen apaiz santu bat. Bere etxea ikastetxe bihurturik zeukan, eta dizipulu asko zeuzkan han.

Egun batean, bildu zituen dizipulu guztiak eta honela mintzatu zitzaien:

—Ikasle maiteok, herri honen alde zerbait egin beharrean gaude, bestela tiranoak bizi-bizirik irentsiko du herri osoa.

—Berorrek esandakoa egingo da hemen.

—Bizia arriskuan ikusten baduzu ere bai?

18

—Nola ez?, bestela a ze kristauak gu, lagun hurkoaren alde ezer egin gabe.

Handik denboralditxo batera, jauntxoaren urtebetetzea zen. Egun horretan, zalgurdian ematen zion hiriari jira osoa. Paseran, denek erreberentzia egin behar zioten, baina gazte batek ez zion egin. Orduan, jaun feudalaren soldaduak esan zion:

—Aizu, gazte, ez dakizu jaunaren aurrean makurtu egin behar duzula?

—Bai banekien.

—Baina ez duzu egin.

—Ez, ez dut egin.

—Badakizu heriotza-zigorrera kondena zaitzakedala.

—Hori espero dut.

Erantzunak harritu zuen Nolav, baina ez zen ikaratu.

Kontua, ordea, hor ez zen amaitu. Beste gazte batek eskatu zion aurrerakoaren partez berak nahi zuela izan kondenatua.

—Familiakoa zara, ala? —galdetu zion jauntxoak.

—Familiakoa? Ez, jauna. Ezagutu ere ez dut egiten.

Harritu zen, baina ez ikaratu, eta bi borrero eskatu zituen, biak exekutatzeko. Baina beste bost azaldu ziren hilak izan nahi zutenak. Orduan, bost borrero eskatu zituen. Zenbakiak, hazten jarraitzen zuen, ordea. Azkenean, hauxe esan zien: “Gaur ez dugu inor exekutatuko; ondo pentsatu ondoren hartu dut erabakia, noiz eta nor exekutatu.

Herriko apaizak zerbait jakin behar zuela hartaz eta palaziora eraman zezaten eskatu zuen. Aurrean zuenean galde egin zion:

—Zer dela eta, herrian horrenbeste liskar bata bestea baino lehenago exekutatua izan dadin?

Apaizak ez zuen txintik ere esan.

—Hitz egiteko agintzen dizut; jakizu baditudala metodoak mintzarazteko.

Eta apaiza isilik. Sekulako torturak eman zizkion, baina apaiza isilik.

Orduan haren dizipuluei deitu zien, eta  apaiza erakutsi zien modurik basatienean torturatua, eta desafio egin zien oraindik tormentu gehiago eta okerragoak emateko, baldin eta bakarren batek hitz egiten ez bazuen.

Maisuaren borondatearen kontra, baina dizipulu batek hartu zuen hitza:

—Gaur arratsean, eguzkia sartu ostean, aurrena exekutatua izaten dena hilezkor bihurtuko da.

—Hilezkor! —esan zuen Nolavek—. Gezurretan ari zara.

—Halaxe dator liburu santuetan —eta hori zekarren orrialdean liburua irekirik, paragrafo osoa irakurri zuen—.

“Hilezkor!”, pentsatu zuen jaun feudalak.

Diktadorek beldurra zion gauza bakarra heriotza zen, eta orain bere eskuetan  zeukan hura gainditzeko aukera paregabea.

19

Duda denak amaitu zitzaizkion, eta papera eta luma eskatu zituen bere exekuzioa sinatzeko.

Palazioa hustu zuten, eta eguzkia sartu zenean bete zuten epaia. Horrela, herria libratu zen anker haren atzaparretatik eta askatasuna eskuratu zuen.

Dizipuluek zauriak sendatu zizkioten maisuari eta honek bedeinkazioa eman zien, hain jarrera ausarta eta baliosa izan zutelako.

20