Industrializazioa eta Garapen Ekonomikoa Ingalaterra, orduan, Industria Iraultza ikertzeko...

download Industrializazioa eta Garapen Ekonomikoa Ingalaterra, orduan, Industria Iraultza ikertzeko ezinbesteko

of 176

  • date post

    10-Sep-2019
  • Category

    Documents

  • view

    5
  • download

    0

Embed Size (px)

Transcript of Industrializazioa eta Garapen Ekonomikoa Ingalaterra, orduan, Industria Iraultza ikertzeko...

  • Industrializazioa eta Garapen Ekonomikoa

    Fermin Allende Portillo Asier García Lupiola

    EUSKARA ETA ELEANIZTASUNEKO ERREKTOREORDETZAREN SARE ARGITALPENA

    Liburu honek UPV/EHUko Euskara eta Eleaniztasuneko Errektoreordetzaren dirulaguntza jaso du

  • 1

    AURKIBIDEA

    I. NUKLEOA: MENDEBALDEKO EKONOMIA XIX. MENDEAN I. gaia. Industriaurreko munduaren ekonomia

    II. gaia. Industrializazioa

    III. gaia. Industrializazio-ereduak Europan

    IV. gaia. Industrializazio-ereduak Europatik at

    V. gaia. Nazioarteko ekonomiaren garapena 1870etik 1914ra

    II. NUKLEOA: MENDEBALDEKO EKONOMIA XX. MENDEAN VI. gaia. Nazioarteko ekonomia kapitalista gerrarteko aldian (1914-1939)

    VII. gaia. Ekonomia kapitalista Bigarren Mundu Gerraren ostean (1945-1973)

    VIII. gaia. Ekonomia kapitalista 1973ko krisialditik XXI. mendera

    IX. gaia. Bateratze ekonomikoaren prozesua Europan. Europar Batasuna

    III. NUKLEOA: BESTE EREDU EKONOMIKO BATZUEN HISTORIA GARAIKIDEA X. gaia. Ekonomia sozialisten garapena

    XI. gaia. Garapen-bidean dauden ekonomien historia garaikidea

    IV. NUKLEOA: INDUSTRIALIZAZIOA ESPAINIAN ETA EUSKADIN XII. gaia. Espainiako ekonomiaren modernizazioa XIX. mendean

    XIII. gaia. Espainiako ekonomia eta politika ekonomikoa XX. mendean

    XIV. gaia. Euskadiko industrializazioa

    BIBLIOGRAFIA

  • 2

    I. GAIA INDUSTRIAURREKO MUNDUAREN EKONOMIA

    1. Erregimen Zaharreko biztanleria

    Askotan, industriaurreko munduaren biztanle kopuruaren garapena aztertzeko

    orduan, akats egiteko aukera ugari dago. Maiz, gai honi buruz dakiguna estimazio oso

    orokorrak besterik ez dira.

    Berant Erdi Aroko Italia iparraldeko hirietan (Venezian, Genovan, Florentzian),

    ordea, populazio-errolden modernotasun eta fidagarritasun-maila nabaria izan zen.

    Kasu batzuetan, gainera, erroldek sailkatzen zituzten biztanleak jarduera

    profesionalaren arabera. Europako gainerako lurraldeetan, ordea, iturri egokiak

    urriagoak dira, eta eskaintzen dizkiguten datuak ziurtasun gutxikoak dira.

    Nahiz eta akats asko izan, elizaren iturriak ere aintzat hartu behar ditugu.

    Baina, eskuarki, erregistro- eta dokumentazio-galerak ugariak izan dira

    industriaurreko munduan. Askotariko arrazoiak izan dira: saguak, lapurretak, uholdeak,

    suteak, eta abar (hots, arreta eza).

    Gainera, nabaria da Aro Modernoko estatistikaren zentzurik eza. Horren truke,

    esamolde hagitz orokorrak eta zehaztasun gutxikoak erabiltzen dira; esate baterako,

    “jendetza”, “jende pilo”, “jende mordo”, zehatz-mehatz kuantifikatu barik, alegia.

    Europako biztanle kopurua txikia zen industriaurreko aroan. Honela:

    - 1340. urtean: 73,5 milioi biztanle (1348an izurrite beltza zabaldu zen)

    - 1450.ean: 50 milioi biztanle

    - 1500.ean: 82 milioi biztanle

    - 1600.ean: 105 milioi biztanle

    - 1700.ean: 115 milioi biztanle

    Funtsean, hazkunde handiagoa izan zen (trenda hazi zen) XVI. mendean

    XVII.ean baino.

    Hala eta guztiz ere, posiblea da Antzinako Erregimenaren demografiaren

    ezaugarri batzuk aipatzea:

    - Hazkunde-erritmo geldoa, oraindik zenbait hondamendi direla eta (izurriteak,

    uzta txarrak, gosealdiak, gerrak, lehorteak...).

    - Jaiotza- eta heriotza-tasak oso altuak (% 3 edo % 4 urtero).

    - Are altuago haurren heriotza-tasa.

  • 3

    - Bizi-itxaropen oso baxua.

    - Gazte-populazioaren ugaritasuna.

    - Biztanleria oso gaizki elikatua eta, horren ondorioz, biologia-defentsa gutxikoa,

    edozein gaixotasunetarako biktima erraza.

    - Edozein biztanleria-hazkundek oso erraz hauts lezake populazioaren eta

    baliabideen arteko oreka. Arazo horren irteera posibleak: 1) emigrazioa; 2) lursail

    berriak lantzea; 3) ekoizkortasunaren gehitze intentsiboa. Hala ere, azken irtenbide

    hori ez zen bideragarria izan Industria Iraultzaren bezpera arte.

    - Ezkontzak eta jaiotzak askotan faktore batzuen mendean zeuden; hala nola

    nekazaritza-zikloaren, erlijio-ohituren edo klimatologiaren mende.

    Biztanleriaren banaketari dagokionez (lurralde eta herrialdearen arabera

    ezberdintasun handiak dira, jakina):

    - Populazio hiritarra: % 5 baino gutxiago. Hiri handienak hauek ziren: Milan,

    Venezia, Paris, Londres, Napoli, Florentzia, Kordoba, Bartzelona, Konstantinopla,

    Alexandria, Antiokia, eta abar.

    - Landa-eremuko populazioa: % 95.

    Lurralderik jendetsuenak eta urbanizatuenak Italia iparraldea eta Ipar Itsasoko

    ertzak ziren.

    2. Nekazaritza

    Industriaurreko ekonomia-egituran nekazaritza-sektorearen nagusigoa nabaria

    zen.

    Nekazaritzan erabilitako tresneriari dagokionez, egurrez egindakoa zen nagusi,

    burdinazko tresnak, ordea, oso urriak ziren. Askotan golde belarriduna erabiltzen zen.

    Bestetik, goldea mugitzeko, ohikoa zen bai zaldia bai idia erabiltzea.

    Ekoizkortasun aldetik, urritasuna nabaria zela esan beharra dago. Mozkin edo

    etekin eza agerian zegoen gehienetan, zeren, azken batean, erabilitako teknikak

    atzeratuak baitziren. Beste aldetik, ongarriaren erabilera oso urria zen, nekazaritza eta

    abeltzaintzaren artean izandako lotura hagitz txikia baitzen.

    Industriaurreko nekazaritza-esparruaz hitz egitean, ez dugu ahaztu behar

    basoaren garrantzia: baserritarren ekonomiarentzat munta handiko osagarria zen, bai

    lastoak eta egurra lortzeko, bai ehizan aritzeko.

    Amaitzeko, lur-jabetzaren egiturari dagokionez, nahitaezkoa da jaurerriaren

    garrantzia aipatzea. Lurraren jabetasuna batez ere nobleen, elizaren eta udalaren esku

    zegoen; alodio edo baserritar libreen lurrak urriak ziren, ordea.

  • 4

    3. Manufakturak

    Industriaurreko munduan, artisau-lana —hau da, eskuz, teknika apala erabiliz,

    egindako produkzioa— zabaldu egin zen leku askotara.

    Ekoizpen gehiena kontsumo-ondasunak egitera bideratzen zen; hots, elikagaiak

    (ogia, esnekiak, edariak), oihalak eta burdinazko tresnak ekoiztera.

    Oihalgintzari dagokionez, domestic system (baita verlagge system ere) nagusitu

    zen; batez ere artilezko oihalak lantzeko, eta askoz gutxiago liho eta zetazkoak

    ekoizteko.

    Burdingintza-arloan, ekoizpen-unitate gisa burdinolak hedatu ziren, mendietan

    eta haranetan zehar.

    Erakunde moduan, industriaurreko ekonomian gremioa nabarmen finkatu zen.

    Arautegi batzuen arabera lanbide batean aritzeko pribilegioa zeukaten erakundeak

    ziren gremioak. Erakunde horren aiurria oso hertsia eta zurruna zen, esklusibista,

    arautuegia, oso berrikuntza urriak onartzeko prest zegoena. Haren barneko egitura ere

    oso zurruna zen: ikastuna – ofiziala – maisua.

    4. Merkataritza

    4.1 Europako merkataritza

    Barne-eskariaren egiturari dagokionez, urritasuna nabaria zen. Autokontsumoa

    edo buruaskitasuna askotan erabatekoak ziren. Produkzioa gehienetan familian bertan

    kontsumitzen zen, merkatuetara bideratu gabe. Geroago, hiriak garatzean eskaria

    handitu eta dibertsifikatu zen. Beste aldetik, ezberdintasun sozio-ekonomikoak

    finkatzeko orduan, elikagaien eta arroparen eskaria oso adierazgarri oinarrizkoa zen.

    Halaber, eliza-erakundearen eskariaren munta behinena zen, adibidez katedralak

    eraikitzean erabilitako baliabideen bidez.

    Barne-merkataritza garatzeko orduan, oztopo ugari agertzen ziren. Alde batetik,

    garraioaren zailtasunak nabariak ziren (segurtasun eza, lehorbideen egoera traketsa,

    antzinako erromatarren galtzada-sare erdi suntsitua, eta abar). Beste alde batetik,

    oztopo juridiko-administratibo ugari izan ziren, bidesari edo barne-mugen

    oparotasunaren erruz lehorbideak garestitzen zituztenak.

    Industriaurreko merkataritza-esparruan feriak edo azokak ospe handiko

    erakundeak izan ziren. Aldiro merkatariak biltzen zituzten, zeinek kredituak eta

    merkataritzarako teknika aurreratuak (truke-letra adibidez) arruntean erabiltzen

  • 5

    baitzituzten. Nagusiak Lyonekoak, Piacenzakoak, Genevakoak eta Xanpainakoak izan

    ziren; hau da Italia iparraldearen eta Herbehereen artean kokatuak.

    Europako merkataritzan gehien erabilitako bideak hiru izan ziren: I) aipaturiko

    azoken lehorbidea; II) Mediterraneoko itsasbidea (batez ere luxuzko produktuetarako);

    III) Ipar Itsasoko eta Baltikoko itsasbidea, non Hansa delako erakundea aritu baitzen,

    Lübeck, Hanburgo, Dantzig eta kostaldeko beste hiri batzuen artean, non pisu handiko

    eta erlatiboki balio gutxiko merkantziak garraiatzen baitziren (adibidez, zerealak,

    arrainak, artilea, egurra, azalak, eta abar).

    4.2. Merkataritza kolonialaren ondorioak

    XV. eta XVI. mendeetatik aurrera, aurkikunde geografikoei esker, merkataritza

    koloniala garatu zen. Inguru hartan, Afrikako eta Asiako itsasertzaren okupazio

    partziala gertatu zen; Amerikan, ordea, kolonizazioa askoz sakonagoa izango zen.

    Europako ekonomiarentzat oso aukera egokia sortu zen, eta, horrenbestez,

    haren manufakturentzat merkatuak zabaldu eta etekinak hazi ziren.

    Europako merkatuetara metal preziatu eta produktu berriak iritsi ziren kantitate

    handitan. Adibidez, Afrikatik eta Asiatik urrea, bolia, espeziak, eta beste; e