Herri Programa euskaraz

67
1. DEMOKRAZIA PARTE-HARTZAILEA 1.1. Sarrera Demokrazia lau urtean behin bozkatzea baino gehiago dela sinesten dugunok herritar eta herrigintzan diharduten eragileen parte hartzea ahalbideratzen duen filosofia eta praktika bultzatzea eta hedatzea dugu helburu. Berau eraldaketa sozialerako ezinbesteko oinarria baita besteak beste. Bozak lortu ondoren herritarrei eginiko promesak ahaztu eta funtzionamendu ilun, ezkutu eta herritarrekiko urruna den eredua bultzatzen du egun klase politikoaren gehiengo nabarmen batek. Era berean, eredu honek pribatizazio politikarekin batera ustelkeriari bide ematen dio, oraindik orain gasteiztarrek politikarekiko eta klase politikoarekiko duten iritzi kritiko edo negatiboa areago- tuz. Egoera honek gehiago urrundu ditu herritarrak politikatik eta instituzioetatik. Zaila suertatzen da egungo errealitateari buelta eman, parte hartzerako tresnak eskaini eta herritarren edo herrigintzan diharduten eragile edo elkarteen erantzun positiboa jasotzea. Eskainitako parte-hartzerako tresnek nekez jasotzen dute edo jasoko dute berehalako erantzuna, kultura politiko oso bat eraldatzeaz ari baikara. Horregatik arlo honetan egin beharreko lanak, eskaini beharreko tresnek eta martxan jarri beharreko prozesuek gutxienez epe ertainaren erreferentzia behar dutela azpimarratu behar dugu. Herritarrei aukerak eskainiz eta horietan sakonduz etekinak eta emaitzak ematen dituela frogatuz soilik lortuko dugu, eta ez bestela, demokrazia parte-hartzailearen filosofia politiko hedatzea. 1.2 Kultura politiko berri baterantz, demokrazia parte- hartzailea Bestelako kultura politikoa sortzeaz, biztanleriaren sektore handiei hedatzeaz eta ordezkerian eta despotismoan oinarritutako egungoa eraldatzeaz ari gara. Horretarako eta proposamen zehatzetan sartu aurretik zenbait irizpide orokor aipatu nahiko genituzke: Parte-hartzerako tresnen definizioa plan edo dinamika orokor baten baitan kokatu behar da. Proposamen zehatzek egitasmo orokor eta integral bati erantzun behar diote Parte-hartzerako egitasmo horrek zeharkako izaera izan behar du, alegia, udal funtzionamenduaren atal guztiak kontuan hartu behar ditu.

description

ildu Gasteiz Taldearen Herri Programa da hau. Bertan udalerako ditugun proiektuak ezagutu ditzazkezu, eta arloz arloko ikuspegia

Transcript of Herri Programa euskaraz

Page 1: Herri Programa euskaraz

1. DEMOKRAZIA PARTE-HARTZAILEA

1.1. Sarrera

Demokrazia lau urtean behin bozkatzea baino gehiago dela sinesten dugunok herritar eta herrigintzan diharduten eragileen parte hartzea ahalbideratzen duen filosofia eta praktika bultzatzea eta hedatzea dugu helburu. Berau eraldaketa sozialerako ezinbesteko oinarria baita besteak beste.

Bozak lortu ondoren herritarrei eginiko promesak ahaztu eta funtzionamendu ilun, ezkutu eta herritarrekiko urruna den eredua bultzatzen du egun klase politikoaren gehiengo nabarmen batek. Era berean, eredu honek pribatizazio politikarekin batera ustelkeriari bide ematen dio, oraindik orain gasteiztarrek politikarekiko eta klase politikoarekiko duten iritzi kritiko edo negatiboa areago-tuz.

Egoera honek gehiago urrundu ditu herritarrak politikatik eta instituzioetatik. Zaila suertatzen da egungo errealitateari buelta eman, parte hartzerako tresnak eskaini eta herritarren edo herrigintzan diharduten eragile edo elkarteen erantzun positiboa jasotzea. Eskainitako parte-hartzerako tresnek nekez jasotzen dute edo jasoko dute berehalako erantzuna, kultura politiko oso bat eraldatzeaz ari baikara.

Horregatik arlo honetan egin beharreko lanak, eskaini beharreko tresnek eta martxan jarri beharreko prozesuek gutxienez epe ertainaren erreferentzia behar dutela azpimarratu behar dugu. Herritarrei aukerak eskainiz eta horietan sakonduz etekinak eta emaitzak ematen dituela frogatuz soilik lortuko dugu, eta ez bestela, demokrazia parte-hartzailearen filosofia politiko hedatzea.

1.2 Kultura politiko berri baterantz, demokrazia parte-hartzailea

Bestelako kultura politikoa sortzeaz, biztanleriaren sektore handiei hedatzeaz eta ordezkerian eta despotismoan oinarritutako egungoa eraldatzeaz ari gara.

Horretarako eta proposamen zehatzetan sartu aurretik zenbait irizpide orokor aipatu nahiko genituzke:

• Parte-hartzerako tresnen definizioa plan edo dinamika orokor baten baitan kokatu behar da. Proposamen zehatzek egitasmo orokor eta integral bati erantzun behar diote

• Parte-hartzerako egitasmo horrek zeharkako izaera izan behar du, alegia, udal funtzionamenduaren atal guztiak kontuan hartu behar ditu.

Page 2: Herri Programa euskaraz

• Parte-hartzerako eskainiko diren tresnak ugariak eta izaera iraunkorrekoak behar dute izan, proiektu zehatz baten eztabaidatik harantzago.

• Parte hartzerako tresnen eskaintzarekin batera, demokrazia parte-hartzailearen kultura politikoa hedatzeko gizartean beharrezkoa den jarrera ireki eta kritikoa bultzatu behar da eta horri begirako egitasmoak ere bultzatu. Halaber, beharrezkoa da herritar parte-hartzea eta kontzientzia kolektiboa zein horiek Gasteizko gizarteari dakarzkioten onurak aintzat hartzeko ekimenak sustatzea.

• Egungo gizarte eredu patriarkalak orobat emakumearen eguneroko jarduera arlo pribatura mugatzen du, gizonen parte-hartzea eta jarduera publikoa handiagoak direlarik. Beraz, ezinbestekoa da herritar parte-hartzea areagotzea helburu duen edozein egitasmok diagnostikoan errealitate gordin hori barneratzea, egoera hori irauliko duten erabakiak hartu ahal izateko. Alegia, emakumeen parte-hartzea ahalbideratuko duten neurriak hausnartu eta erabakitzeko.

• Azkenik, egungo legediak ezarri ditzakeen oztopoak hura urratu gabe imajinazioz gainditzeko borondatea ere landu behar da

Eta irizpide horien arabera, Gasteizko Udalean honako proiektuok bideratzeko konpromisoa hartzen dugu:

• Emakumeen eta euren elkarteen parte-hartze herrikoia areagotzeko egitasmoak.

• Herritarren parte-hartzea sustatzeko eta hedatzeko egitasmoak.

• Herritarren antolakuntza eta elkartzea bultzatzen duten egitasmoak.

• Hezkuntza zentroetan ume zein gazteekin etorkizuneko herritar parte-hartzea garatzeko egitasmoak.

• Teknologia berriek demokrazia parte-hartzailearen hedapenerako suposatzen duten aukerak bultzatzeko egitasmoak.

• Etorkinen parte-hartzea sustatzeko eta hedatzeko egitasmoak.

1.3. Eragileen eskubideak eta herritarren eskubideak

Norbanakoen parte-hartzea bultzatzeaz gain, demokrazia parte-hartzailea bultzatzeko funtsezkoa da jada antolatuak dauden eta demokrazia parte-hartzailean sinetsi eta berau garatzen duten eragile eta elkarteen eskubideak zein tresnak bultzatzea, babestea eta bermatzea. Gasteizen holako elkarte kopuru handi bat (auzoetakoak, ekologistak, euskaltzaleak, gazteak, feministak…) badago, euren aldarrikapenei dagokienez aukera handiak eskaintzen dituztenak. Aldarrikapen horiek talka egiten dute teorian parte-hartzearen aldekoa den instituzioaren harresiarekin, erabat ezgauza dena benetako Herritar Parte-Hartze Aktiboa sustatzerakoan.

Page 3: Herri Programa euskaraz

Herritarren parte-hartzea bultzatzeko beharrezkoa da herritarren eskubideak aitortzea eta horiek bermatzeko behar diren erabaki, neurri eta tresnak zehaztea. Horretarako Herritarren Eskubideen Gutuna bultzatuko dugu. Bertan honako eskubideak aitortu eta bermatu beharko lirateke.

• Herritar Parte-Hartzeari buruzko Araudiaren berrikuspen sakona, demokrazia parte-hartzailearen logika barnean kokatzeko.

• Udal jardueraren zein funtzionamenduaren informazio jasotzeko eskubidea.

• Herri edota auzo mailako kontsultarako eskubidea.

• Audientzia eskubidea edo entzuna izateko eskubidea.

• Erantzuna jasotzeko eskubidea.

• Eskaera eskubidea.

• Proposamen eskubidea.

• Herritar ekimenerako eskubidea. Ekimen propioak planteatzeko eskubidea.

• Osoko bilkuran eta batzordeetan parte hartzeko eskubidea.

• Udal egoitzak erabiltzeko eta bertan biltzeko eskubidea.

• Herriko elkarteen Mahaia osatzea, udal kontuetan eragile antolatuen parte-hartze zuzen eta formala ahalbideratzeko.

• Elkarte, eragile eta kolektiboen erregistroa osatzea eta bere eskubide eta betebeharrak arautzea.

• Elkarte eta erakundeentzako diru-laguntzak arautzea.

1.4 Parte-hartze iraunkorrerako guneak.

Osoko bilkuran eta batzordeetan herritarren edota elkarteen parte-hartzea arautzeaz eta bermatzeaz gain, parte-hartze zuzenerako gune propio eta iraunkorrak ere zehaztu beharko lirateke, baita erabakiak elkarrekin hartzea ahalbidetuko duten tresnak ere:

• Lehenago aipaturiko Elkarteen Mahaia arautzea.

• Udal mailan parte-hartzea bultzatzea berariazko helburu gisa izango duen batzorde iraunkorra arautzea.

• Udal Gizarte Kontseilua arautzea, hiriko sentsibilitate guztiak jasotzeko asmoz, batez ere egunez egun parte-hartze zuzenaren alde lanean ari diren erakunde, eragile eta elkarteei dagokienez.

Page 4: Herri Programa euskaraz

• Udal atal berezituetan egoki irizten zaizkien aholkularitza kontseilu eta parte-hartzerako batzordeak sortzea, gizarte eragile, talde eta elkarteen eskaeren arabera.

• Parte-hartzerako guneen aitortza eta Udalaren konpromisoa horiek egindako proposamenak aintzat hartu eta erantzuna emateko. Erabakiak elkarrekin hartzearen aldeko konpromisoa funtsezkoa da benetako parte-hartze zuzena sustatzerakoan.

• Internet eta sarea parte-hartzerako berariazko gune gisa aitortzea, horren bidez herritar eta eragileen parte-hartzerako bitartekoak hausnartu eta definitzearren.

• Auzoak eta kontzejuak parte-hartzerako gune gisa aitortzea.

1.5 Informazioa eta herritarrekiko komunikazioa.

Parte-hartzerako ezinbesteko baldintza da informazioa eta herritarrekin komunikazio zuzena bermatzea. Lehen aipatu dugun egungo Udalaren kudeaketa ilun eta urrunari, gardentasuna, jarrera irekia eta harreman zuzena ahalbidetzen duen eredua nagusitu behar zaizkio. Horretarako honako neurri hauek bultzatuko ditugu:

• Herritarrentzako artapen eta harremanetarako zerbitzu ona bermatzeko garrantzia.

• Udal webak informazio erraza edukitzeko eta parte-hartzea zein elkarrekintza sustatzeko tresna izateko garrantzia.

• Postontzi fisiko zein elektronikoak bermatzea, herritarren ekarpenak ahalbidetzeko.

• Herriko edota udal komunikabideekin egin beharreko lana.

• Informazio batzarrak sustatzea, hiri mailan edota auzoka.

1.6. Prozesu parte hartzaileak.

Aipaturiko eskubideetan oinarrituriko jarduera iraunkorraz gain, une eta proiektu zehatzen inguruan ere berariazko prozesu parte-hartzaileak bultzatuko dira. Prozesu parte-hartzaileak zehazki definitu eta arautzearekin batera, beste udal batzuetan dagoeneko indarrean dauden honako aukera hauek aipatu nahi ditugu :

• Aurrekontu eta zerga politika parte-hartzaileak bultzatzeko prozesu parte-hartzaileak zehaztea eta arautzea:

- Diagnosia. - Eztabaida herritarra. - Eztabaida politikoa. - Jarraipena eta gastuen zein sarreren gaineko herritarren kontrola.

• Proiektu edo egitasmo nagusien inguruko prozesu parte-hartzaileak:

Page 5: Herri Programa euskaraz

- Plan integral edo orokorrak (PGOU. Berritze Planak, Berdentsifikazioa, Plan estrategikoak...)..

- Plan sektorialak - Obra eta azpiegitura handiak (BAI Center, Intermodala eta

lurperatzea, Udal Bulegoak, trafikoari zein mugikortasunari buruzko egitasmoak…).

• Herri kontsulten garrantzia kontuan hartuta, horiek arautzeko premia dago, baita udalerri bakoitzean bultzatzeko irizpideak zehaztu ere.

• Teknologia berriak hartzen ari diren garrantzia kontuan hartuta, prozesu parte-hartzaileetan herritarren iritzia jasotzeko sarearen erabilpena bultzatzea eta horri begirako egitasmoak definitzea.

• Jai Batzorde iraunkorra abiaraztea.

Page 6: Herri Programa euskaraz

2. EUSKARA

2.1 Sarrera gisa.

Ziklo luzeko (30 urte) perspektibarekin euskarak egindako aurrerapausoak ukaezinak badira ere (elebidun hartzaileak, hau da, euskaraz ondo hitz egin ez arren ulertzeko gaitasuna dutenak, % 18 dira Gasteizen. Euskaldunak, berriz, biztanleriaren % 25 dira (lau biztanletatik bat). 1986tik 2006ra laukoiztu egin da euskaldunen portzentajea), ziklo motzari begiratzen badiogu (azken hamarkada), badaude datu kezkagarriak. Izan ere, Gasteizen oraindik euskararen egoera larria da oso. Besteak beste, hizkuntz politika okerra urteetan luzatu izanaren ondorioz, Gasteizko Udalaren hizkuntz politika Bildu Gasteizek eta euskalgintzak berak gutxieneko onargarritzat jotzen dituen parametroetatik oso urrun dago oraindik ere, bai hizkuntz eskubideak betetzeari dagokionez, baita normalizazio politika eraginkorra garatzeari dagokionez ere.

Gasteizen euskararen berreskurapen osoa lortzeko —hori baita gure azken helburua— ezinbestekoa da euskaldunon hizkuntz eskubideak bermatuko dituen hizkuntz politika eraginkorra garatzea, euskarak gaztelaniak eremu juridikoan, politikoan eta soziolinguistikoan duen berdintasunezko estatusa eta parekotasunezko egoera lor dezan. Horretarako, ahalik eta adostasunik zabalena lortu beharra dago, eta, Kontseiluaren Akordio Soziopolitikoaren bidetik, adostasun zabal hori lortzen ahalegindu behar dugu. Dena dela, eta hasieratik bertatik argi gera dadila adostasun horren oinarri bakarra dela euskarak (euskal komunitateak) Gasteizen dituen behar objektiboetatik abiatzen dena, eta ez inolaz ere alderdi guztien (hizkuntza politika eta praktika erabat deitoragarriak dauzkatenenak barne) balizko kontsentsu antzu baten arabera gauzatzen omen dena.

2.2 Herri Programa honen funtsa.

Beraz, eta esan bezala, bestelako hizkuntz politika behar du euskarak Gasteizen, euskaldunon eskubideak osorik betetzeaz gain, egungo egoera diglosikoari eraginkortasunez erantzun eta hori irauliko duena, euskararen normalizazioa bermatzeko behar diren jauzi kuantitatibo zein kualitatibo oro emanda. Hortaz, bi helburu nagusi horietatik abiatuta (hizkuntz eskubideekiko erabateko begirunea eta normalizazioranzko dinamika eraginkorrak abiaraztea), datorren legealdian jorratu beharreko ildo orokorrak zein proposamen zehatzak aurkeztera gatoz.

2.3 2011ko Herri Programaren Euskara Arloaren oinarri nagusiak, ildo orokorrak eta ekimen zehatzak.

2.3.1 HIZKUNTZ ESKUBIDEEN DEFENTSA

Gasteizko Udalak, bere egitura osoak, udal enpresa orok eta berarentzat zuzenean edo zeharka lan egiten duten enpresa pribatuek euskaldunon hizkuntza eskubideak osorik eta salbuespenik gabe bete behar dituzte.

Page 7: Herri Programa euskaraz

Hizkuntza eskubideen edozein urraketa printzipioz eta besterik gabe erabat onartezina da, beraz, arlo honetan ere beste batzuetan aldarrikatzen den “0 tolerantzia” printzipioa izan behar da Gasteizko Udalaren funtzionamenduaren oinarria eta oinarri hori hainbat ildo orokor eta ekimen zehatzetan gauzatu behar da, besteak beste, honako hauetan:

2.3.1.1 Hizkuntz eskubideen instituzionalizazioa

• Lehenik eta behin, Euskararen Udal Ordenantzak behingoz onartu eta indarrean sartu behar dira, horretarako Kontseiluak Akordio Sozio-Politikoaren baitan alderdi eta sindikatuekin adostutako Udal Ordenantza Eredugarriak gutxieneko abiapuntutzat hartuta. Bildu Gasteizek lehentasun erabatekoa emango dio modu lotsagarrian urtetan zehar luzatuz doan afera honen konponbideari.

• Aurrekoarekin batera, berraztertu eta berrosatu behar da Euskararen egitura Udalaren baitan. Eta norabide horretan, eta Euskara Zerbitzuan egin beharreko aldaketez gain, ezinbestekoa da Euskararen Udal Kontseilua berrezaugarritzea, bai funtzioei, bai osaketari dagokienez, egitura dinamiko, parte-hartzaile eta protagonista izan dadin normalizazio prozesuan, hots, euskal komunitatearen kezkak, proposamenak eta aldarrikapenak jasotzeaz gain, horiek landu, birformulatu eta bideratu ditzan.

• Aurrekoarekin lotuta, Euskara Zinegotzigoa sortuko da. Zeharkako izaera edukiko du eta hizkuntz politikaren gauzapen egokia eta eraginkorra zainduko du, Udalaren beste arlo guztietan hizkuntz eskubideak osorik betetzen direla ziurtatu eta, beharrezkoa izanez gero, neurri zuzentzaileak hartzearren.

• Azkenik, Gasteizko Udalak urtero bere aurrekontu bateratuaren % 2 bideratuko du hizkuntz politikara.

2.3.1.2 Hizkuntz eskubideen bermea

• Udalak hizkuntz eskubideak bermatuko ditu bere egitura osoan zein berak zuzenean edo zeharka esku hartzen duen toki orotan. Udal Ordenantzetan honi buruz zehaztu daitezkeenez gain, gutxienez honako ekimenok jorratuko ditu:

• Barne Euskalduntze Plana areagotzeaz gain, egun dituen gabeziak gaindituta (goi mailako teknikariak berez eta besterik gabe salbuetsita egotea, kasu), langile euskaldunek euskaraz lan egiteko eskubidea bermatuko da eta horretarako behar diren neurri operatibo guztiak ezarriko dira.

• Neurri zehatzak eta eraginkorrak hartuko dira arlo estrategikoek jadanik euskaraz lan egin dezaten, hots, horietako barne bizitza euskaraz garatu dadin. Dagokien epean behar duten euskara maila lortzen ez duten arlo estrategikoetako langileak ezinbestean beste nonbaiten birkokatuak izango dira, normalizazio prozesua oztopatu ez dezaten.

Page 8: Herri Programa euskaraz

• Kontratazio berriei dagokienez, Enplegu Publikoko Eskaintzak barne, ez da kontratatuko, gutxienez, A maila (Administrazioaren 1. Hizkuntz Eskakizuna) egiaztatuta ez daukan langilerik. Estrategikoak irizten deritzegun arloetan, berriz, langile berri guztiek Administrazioaren 3. Hizkuntz Eskakizuna edo baliokideren bat egiaztatuta edukiko dute. Irizpide berbera erabiliko da udal enpresa eta zentro guztietan (TUVISA, AMVISA, CEA,...).

• Halaber, Udalak kontratatzen dituen kanpo enpresa orok, herritarrekiko harreman zuzenetan hizkuntz eskubideak osorik bermatuko dituzte. Berme hori esleipen lehiaketa eta kontratuetan jasotzeaz gain, Udalaren Euskara Zerbitzuak modu eraginkorrean egiaztatuko du enpresa horietako langileen hizkuntz gaitasuna nahikoa den, eta nahikoa izan ezean, Udalak beharrezko neurriak hartuko ditu, kontratua bertan behera uztea barne, hizkuntz eskubideak bermatu daitezen.

• Udalak diruz lagundutako edozein ekimenetan eta bereziki informazio euskarrietan hizkuntz eskubideak osorik bermatuko dira. Ez bermatzeak ekarriko du Udalak diru-laguntza bertan behera uztea.

2.3.1.3 Hizkuntz eskubideen aldeko sentsibilizazioa

• Urtero, Gasteizko Udalak euskararen aldeko berezko kanpainak burutuko ditu, bai orokorrak, bai arlo edo sektore bereziei bideratuta (haurren matrikulazioa, euskaltegietakoa, gazteak,...). Horrez gain, sentsibilitate eta prestutasun bereziak erakutsiko ditu euskalgintzatik bertatik proposatutakoak bere egin eta bultzatzeko.

• Ildo honi dagokionez, paper berezia jokatuko dute Udal komunikabideek, beti ere euskarari lehentasuna emanez (euskara lehen hizkuntza, tipografia eta maketazioa,...) eta bereziki euskararen aldeko mezu positiboak landuz.

2.3.2 HIZKUNTZ POLITIKA NORMALIZATZAILEA

Hizkuntz eskubideak bermatzea oso garrantzitsua izanda ere, Bildu Gasteizen ustez ez da nahikoa euskararen egoera normalizatzeko, hots, euskarak pairatzen duen egoera diglosikoa iraultzeko eta gizarte moderno eta eleanitz baten funtzio guztiak burutuko dituen lehentasunezko hizkuntza bihurtzeko. Aitzitik, politika aktiboak behar ditugu, urtetako inertziak eta ohikeriak apurtu eta norabide egokian jarriko gaituztenak. Eta hor edozein udalek, herritarrengandik hurbilen dagoen instituzioa izate hutsagatik, joka dezakeen papera ukaezina da. Beraz, diskurtso autonomistak hain gustuko ditu hizkuntz neultralkeria eta epelkeria oro arbuiatuta, Bildu Gasteizek nahi du Gasteizko Udala euskararen normalizazioan eragile aktiboa izatea, gasteiztarron bizitzaren arlo guztietan daukan garrantziagatik, baina baita, zoritxarrez, normalizazio horretatik askoz urrunago dauden beste eremu batzuetan eragiten hasteko daukakeen balio erantsiagatik ere.

Hortaz, eta aurrekoa esanda, mota eta arlo asko ukitu behar dituen normalizazio politika planteatzen dugu, besteak beste, honako ildo eta ekimenen bidez gauzatu beharrekoa:

Page 9: Herri Programa euskaraz

2.3.2.1 Espazio normalizatuak sortzea eta indartzea

• Gure ustez, Gasteizko egoera soziolinguistikoak ahalbidetzen du dagoeneko hainbat arlo estrategikotan esparru normalizatuak sortzera jotzea, hau da, normaltasun osoz eta lehentasunez gaurdanik bertatik euskaraz funtzionatuko dutenak. Hona hemen gure ustez arlo estrategiko horiek: Hezkuntza (haur eskolak, folklore-eskola, Luis Aranburu musika-eskola, Luis Uruñuela dantza-eskola), Gazteria, Kirola eta Kultura. Ildo honetatik, honako ekimenok planteatzen ditugu:

• Haur Eskoletan eredu euskaldun bakarra eskainiko da. Era berean, Udalak ez du diruz lagunduko beste inolako eredurik eta ez du babestuko bestelako ereduak sustatzen dituzten eskola publiko edo pribatuen inolako ekimenik.

• Gurasoentzako euskara eskolak indartu beharreko eremua da, hor ere ezagutzatik erabilerarako jauzia eginez. Alde horretatik baliabide ekonomikoak, hizkuntz praktikak eta publizitate kanpainak areagotu beharko dira datozen urteotan. Horrekin batera, kanpaina bereziak egin beharko dira gizonezkoen matrikulazio maila (egun guztiz barregarria dena) areagotzeko.

• Folklore, Luis Aranburu eta Luis Uruñuela eskolei dagokienez, neurri eraginkorrak hartuko dira datorren legealdian bertako langileak guztiz euskalduntzeko eta gaztelaniazko eskaintza pixkanaka desagerraraziko da.

• Gazteentzako udal eskaintza osoa, edonolakoa izanda ere, euskara hutsean izango da. Honek ezinbestean dakar gazteekin diharduten begirale, irakasle, animatzaile,... guztiak euskaldunak izatea, enpresa pribatuetako langileak izan arren. Arreta berezia eskainiko zaie gazteek eurek planteatu ditzaketen eskariei eta eremu honetan ere bereziki zainduko da gazte mugimenduarekiko elkarlana.

• Udalak helduentzat egiten dituen kirol eta kultur eskaintza, hizkuntz eskubideak osorik betetzeaz gain, gutxienez % 50ean euskarazkoa izango da eta hemen ere holako ikastaro, tailer eta abarrak ematen dituztenen hizkuntz gaitasuna modu eraginkorrean egiaztatuko da. Halaber, egun kultur ikastaroetan eramaten den dinamika negargarria (euskaraz soilik euskal kulturari buruzko ikastaroak ematea: bertsolaritza, euskal dantzak,...) behingoz amaitu behar da. Garrantzi berezia eskainiko zaie teknologia eta arte espresio berriekin lotutako kontuei.

2.3.2.2 Gasteiz, Euskal Herriko hiria

• Gasteizko hizkuntz paisaia ere bada euskararen egoera termometroa. Alde horretatik, ukaezina da asko dela egin beharrekoa:

• Gasteizko Udalak bere errotulazio osoan lehentasuna emango dio euskarari; beste horrenbeste egingo du bere menpeko udal enpresa eta zerbitzuetan edota, pribatuak izan arren, udal lokaletan edo euren lokaletan bertan jendaurreko zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresekin.

Page 10: Herri Programa euskaraz

• Gasteizko Udalak antolatutako edota diruz lagundutako edozein ekitaldi publikotan euskara izango da beti lehen hizkuntza. Erabilera “folkloriko” oro (lehen bi hitz euskaraz eta beste guztia gaztelaniaz) arbuiatuko da. Diruz lagundutako ekitaldien kasuan hau ez betetzeak diru-laguntza galtzea ekarriko du.

• Gasteizko Udalak, Euskara Zerbitzuaren bidez, aholkularitza eta laguntza eskainiko dizkie hiriko enpresa eta denda txiki eta ertainei, euren hizkuntz paisaia euskaratu dezaten.

• Enpresa handien kasuan (Mercedes, Michelin,...), Udalak bere eragina eta autoritatea baliatuko ditu normalizazio prozesuan urratsak egin ditzaten. Kasu hauetan ere Euskara Zerbitzuak aholkularitza eta laguntza eskaini litzake, baina kontuan hartuta zer nolako enpresa motaz ari garen.

•• Gasteiztar berriekiko (etorkinekiko) berariazko lana burutuko da,

euren elkarte eta antolakuntza guneen bidez. Egun, etorkinen integrazioa, gertatzekotan, gaztelania hutsean gertatzen ari da oro har. Lan hori euren egoerari egokituko zaio eta honakook hartuko ditu bere baitan: a) Euskal kulturari eta hizkuntzari buruzko kokapena/sentsibilizazioa. b) Umeen kasuan, murgiltze dinamika trinkoak, lehenbailehen integratu eta euskaldundu daitezen. c) Gazteen kasuan, haiei zuzendutako euskalduntze programa bereziak jorratuko dira hiriko euskaltegiekin elkarlanean. d) Helduentzako sentsibilizazio kanpaina bereziak, bai eurak, bai seme-alabak euskalduntzeko garrantzia eta arlo positiboak erakusteko. Puntu honetan, garrantzi berezia dauka emakume etorkinei begira egin beharreko lana, Udal Emakume Arloarekin batera jorratzekoa, munduko ama guztiek hizkuntz transmisioan daukaten garrantziagatik.

3. HEZKUNTZA

Page 11: Herri Programa euskaraz

Hezkuntza alorrean proposatzen diren neurriak hiru mailatan garatuko dira: udalerrian, udaletxean bertan eta hezkuntza zentroetan. Ildo honetatik, Udalaren ordezkaritzak eskola kontseiluetan zein matrikulazio mahaian burutu behar duen paper dinamizatzaileak garrantzi handia dauka.

3.1 Haurrak jaiotzetik hezteko duen eskubidea bermatu.

Hau gauzatu dadin:

- Marraztutako mapa auzoz auzo gauzatu, hezkuntza ibilbide naturala bermatuz, ghettizazioa saihestuz, haur eskolatik derrigorrezko bigarren hezkuntza bukatu arte.

- Hezkuntza etapen arteko proiektu komun bat bermatu. eta koordinazio estu bat izan, Haur Eskolek Haur eta Lehen Hezkuntzako zentroekin eta hauek DBHko institutuekin jarraipen eta lotura bat emateko. Horretarako euskal curriculuma oinarritzat hartzea ezinbestekoa izango da, eta auzoa parte aktiboa izango da.

- Haur Eskolen izaera hezitzailea bultzatu eta sozializatu.

- Ikasle etorkinak: Harrera Plan eraginkor bat aurrera eraman, parte aktiboa izateko bitartekoak landu, gure hizkuntza, hezkuntza eta kulturaren berri eman, herrien eskubideen errespetua eta gainontzeko eskubide guztiak bermatu… Auzoz auzo egoera sozio-ekonomiko-kulturala aztertu eta ikasle etorkinen ibilbide naturala ahalbidetu. Ikasle etorkinen portzentajearen arabera plan eraginkor bat burutu, ikastetxe bakoitzean aniztasuna izango delarik oinarria. Beste esperientziak (Alde zaharreko eskola) eredutzat hartu.

3.2 Haurrak, hezkuntza formal eta ez formalean, euskaraz hezteko duen eskubidea bermatu, euskararen eskaintza osoa ziurtatuz.

- Auzoetako eskola guztietan eredu euskaldun bakarra ziurtatu, sustatu, haien inguruan antolatzen diren ekimenak bultzatu eta beraietan parte hartu.

- Auzo mailan, beste ereduak dauden zentroetan (A, B) lan berezitu bat egin, eredu euskalduna izan dezaten. Horretarako, auzoetako eragile euskaltzaleen parte-hartzea beharrezkoa da.

- Lanbide Heziketa euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatu, bultzatu eta hartarako ekimenetan parte hartu.

- Helduen Hezkuntza euskaraz izan dadin bermatu.

- Etorkinen helduak euskalduntzeko, kulturen arteko trukerako eta euskal kulturan sakontzeko plangintzak osatu eta gauzatzeko bitartekoak sortu.

- Udalaren eskumena izanik, ikastetxeetan lanean ari den langileria osoa euskalduntzeko neurriak finkatu. Kontratazio berrietan euskara bermatu.

Page 12: Herri Programa euskaraz

Gauza bera bultzatu aisialdirako dituen espazioetan eta kontratatuta duen langileriarengan.

- Udalak antolatzen dituen ekintza, programa, ikastaro guztietan euskarazko eskaintza bermatu, bai hezkuntza formalean, bai ez-formalean.

- Euskara bultzatzeko diru-laguntzak sustatu.

- Gurasoak euskalduntzeko plangintzak zehaztu. Partaidetza bermatzeko, baldintza egokiak jarri.

- Udala, gizarte eragile eta ikastetxeetako ordezkarien artean plangintza komunak egin: Olentzero, Korrika, inauteriak, hezkidetza, kultura eta kirol programak…

3.3 Hezkuntza komunitatearen eta herritar ororen partaidetza.

Hezkuntzan, esku-hartzeak herritartasunean eta demokrazia parte-hartzailearen balioetan oinarritu behar du. Hori dela-eta, honako ekimenak bultzatzea eta bermatzea izango ditu helburu:

- Hezkuntza zentroak hirian eta auzoan, integratu, hiriko ekintzetan parte hartzeko, eta bideak jarri zentroaren hezkuntza proiektua hirian gauzatzeko.

- Hiriko hezkuntza eragileen arteko koordinazioa bultzatu, plan komun bat konpartitu eta ekimenak antolatu.

- Hezkuntza zentroen arteko esperientzien trukeak bultzatu.

- Hezkuntza zentroetako guraso, ikasle eta irakasleen partaidetza bermatu, eta horretarako dauden mekanismoak aztertu, sakondu eta eguneratu.

- Ikasleen partaidetza bermatu, organo gorenetan ordezkaritza orekatua izateko; erabakiak hartzeko aukera berdinak izateko bermeak jarri.

- Hezkuntza zentroetako guraso elkarteek antolatutako jarduerak, hitzaldiak, formazio ikastaroak… sustatu, eta diru-laguntzak bermatu.

3.4 Udalaren erantzukizuna eta partaidetza.

- Organo gorenetan duen funtzio eta zereginen aldaketarako urratsak eman. Bere parte-hartzea areagotu.

- Ikastetxeen arteko eta ikastetxe eta eragileen arteko koordinazioa eta harremanak bultzatu, bideratu. Horretarako bide batzuk eskaini: elkarlanean aritzeko batzordeak, foroak…

- Hezkuntza alorreko aldarrikapenak udalera eraman eta defenditu: Hezkuntza Akordioa, Euskal Curriculuma, Euskal Unibertsitatea

3.5 Parekidetasunari dagokionez

Page 13: Herri Programa euskaraz

Honako proposamenak egiten dira:

- Herriko hezkuntza eragileekin bat egin, gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasuna lortzeko sortzen diren ekimenetan.

- Gizon eta emakumeen arteko parekidetasuna bultzatzeko, etengabeko prestakuntza programak izan.

- Eztabaida feministako eskolak bultzatu.

- Gizartean, generoa dela-eta, herritarrek dituzten beharrei erantzuteko prestakuntza eskaini.

- Hezkidetza proiektua izan/egin eta bertatik sortzen diren ekimenak Ikastetxeko Urteko Planean islatu.

- Irakaskuntza-ikaskuntza prozesuetan atal nagusi diren eremuetan (curriculuma, antolakuntza, espazioak, denbora, harremanak…) feminismoak egiten dituen ekarpenak kontuan izan.

3.6 Hezkuntza Formala, ez-formala eta informala

- Hezkuntza formal, ez-formal eta informaleko zentroen elkarlana bermatzeko markoak sortu.

- Gasteizko hezkuntza zentro guztietako ordezkariak bilduko dituen hezkuntza batzordea osatu. Batzorde horretan, hezkuntza zentroek eta aisialdi taldeek plangintza komunak burutuko dituzte.

- Gasteizen presente dauden kulturen arteko trukerako ekimenak antolatu.

- Gizarte eragileekiko lankidetzan (hezkuntza web-guneak, euskalgintza, komunikabide lokalak eta udala) normalkuntza plangintza eraginkorrak planifikatu eta abiatu.

3.7 Hezkuntza Sistema Nazionalaren erronkak hiru mailetan (udalerrian, udaletxean bertan eta hezkuntza zentroetan) garatu:.

- Hezkuntza Akordioaren edukiak barneratu eta eragile zein hezkuntza zentroak haren inguruan bildu.

- Euskal Curriculuma.

- Euskalduntze eredua.

- Euskal Unibertsitatea.

Page 14: Herri Programa euskaraz

4.KULTURA

Geure kultura eraiki nahi dugu: herriak eta herriarentzat, gizatiarra, parte-hartzailea eta etorkizuneko gizarteari gizarte kritiko, aktibo eta sortzailea izateko beharrezko tresnak eskainiko dizkiona.

Page 15: Herri Programa euskaraz

Badakigu egungo eredu kulturalak etorkizuneko Gasteiz inspiratuko duela. Horregatik, egungo eredu kontsumista hutsarekin bukatu eta eredu kultural parte-hartzailea sustatu nahi dugu. Iritsi da merkataritzako izaera nabarmena eta gizarte logura sustatzen duen ereduarekin puskatzeko ordua. Eraiki dezagun etorkizuneko Gasteiz, eraiki dezagun Gasteiz euskaldun, gizatiar, kritiko eta aktiboa ekarriko duen eredu kulturala.

4.1. Udal politika

- Udalak muturretik aldatu behar du egungo eredu kulturala, eta parte-hartzea eta sorkuntza lanerako oinarri berriak bihurtu behar dira. Ildo horretatik, udal kulturak talde dinamizatzaile desberdinen parte-hartzea sustatu eta horien ekarpenak oso kontuan hartuko ditu. Udalak herritarren parte-hartzea bermatzeko bideak ezarriko ditu.

- Kulturaren Udal Partzuergoa sortuko da eta bertan kulturaren sorkuntzan eta sustapenean sartuta dauden eragile guztiek parte hartuko dute.

- Aisialdia eta kultura gauza desberdinak dira; Udalak bakoitzaren ezaugarriak baloratuko ditu eta, kulturari dagokionez, neurriak hartuko dira kontsumo kultura soilik bultzatzen dituzten politiketan ez erortzeko, orain arte bezala.

- Jai Batzorde berria sortuko da, dinamizatzaile kulturalek, hainbat arlotako adituek eta Udalak berak osatua, eta urtean zehar ospatzen diren jai desberdinak antolatzeaz arduratuko da. Batzordeak, gainera, auzo elkarteekin batera auzoetako jaien antolakuntzan parte hartuko du. Bertan giroa animatu eta auzoari kohesio handiagoa eta bertakotasun sentimendua emango dizkioten konpartsa eta koadrilen sorkuntza bultzatuko da.

- Gainerako erakundeekin elkarlan hurbilean, eredu kultural bateratua eta erakunde artekoa sustatuko da.

- Gizarte Etxeen kudeaketa mistoa izango da. Udalak gune hauek auzo bakoitzeko dinamizatzaile kultural eta auzo elkarteekin batera kudeatuko ditu. Gainera, funtzionalitate irizpideak lehenetsiko dira, beraz, gune hauek eta kirol guneek ez dute zertan leku berean egon. Gizarte Etxeak zerbitzu publikoa dira, hortaz, bertako langileak sektore publikoaren baitakoak baino ez dira izango. Itxi diezaiegun atea pribatizazioei.

- Kultur aurrekontuetan gardentasuna exijitzen dugu.

4.2. Euskara

- Euskara gure kultur ondareko altxorrik handiena da, gure osagai desberdintzailea eta gure kultur aberastasunaren adierazgarririk handiena.

- Udalak konpromisoa hartuko du Gasteizko herritarrek hainbat kultur jardueraren bitartez euskara ezagutu eta euskaraz hitz egin dezaten.

Page 16: Herri Programa euskaraz

- Euskarak Gasteizen nortasun ezaugarria izan behar du, beraz, Udalak haren ezagutza sustatuko du etorkinen artean ere.

- Udalak eskainitako kultur jardueretan nabarmen areagotuko da euskararen presentzia gazteleraren parera iritsi arte.

4.3. Sorkuntza

- Kultura berritzailea landu behar dugu ekonomia, gizartea eta kultura lotzen dituen etengabeko garapenaren benetako ardatza eraikitzeko, garapen jasangarria, kohesio soziala eta kulturaren demokratizazioa barne hartuta.

- Garaia da neoliberalismoak bultzaturiko eredu kultural bateratzaile eta kontsumistarekin bukatzeko. Egungo ereduaren iraultza ekarriko duten gune kulturalak sustatuko ditugu, haren helburua gizarte pasibotasuna baita, eta gizartea aktibatu eta Gasteiz argituko duten jarduera artistikoak sortuko ditugu. Era berean, eta egun kanpotik ekarritako sorkuntzak duen lehentasunaren aurrean, bertako sortzaileen lana erraztuko dugu. Horretarako, artistek lan egin ahal izateko guneak ahalbidetuko dira.

- Arte eszenikoei dagokienez, Principal Antzokiak gainetik kendu beharra du lokal elitistaren etiketa. Ireki egin behar da, bertako artista taldeen erreferentziazko lokal bihurtu dadin. Beste leku batzuetatik ekarritako ikuskizunek hemengoekin batera bizi behar dute eta euskararen presentzia nabarmen hazi behar da. Gainera, auzo antzerkiak sendotu behar dira, egun duten bigarren mailako papera desagerrarazita. Antzerki gune horien guztien berrantolakuntzarekin batera, Udal Antzerki Eskola sortu behar da.

- Musikaren esparruan, interes pribatuei hertsiki lotutako ikuskizun handien ugalpena ikusi dugu (ARF, Jazz Jaialdia…). Urtean behin ospatzen diren jaialdien aurrean, Udalak urte osoan zehar egongo den musika eszena baten sorkuntza eragingo duten guneak sortzeko betebeharra dauka. Beraz, kontzertu areto txikiekin, musika talde eta elkarteekin eta autokudeaturiko lokalekin lan egingo da. Helburua da musika kontsumitzailea den Gasteiz Gasteiz sortzailea bilakatzea. Bide horretan funtsezkoa da talde gasteiztarrei autokudeaturiko entsegu lokalak ematea.

- Arte plastikoekin harremana duten erakundeen arteko lankidetza sustatu behar da. Kreak, Artiumek eta Montehermosok norabide berean aurrera egin behar dute eta, espezializazioaren bitartez, elkarren osagarri izan behar dute. Helburu horrekin erakunde bat sortuko da hiru erakundeen jarduera koordinatzeko. Horren misioetariko bat sorkuntzarako diru-laguntza eta gune kopurua handitzea izango da. Era berean, artea herritarrei hurbildu beharko die, kaleetara atera eta bere egin. Arteak jarrera atzerakoiekin bukatu eta apurtzailea izan behar du.

- Ikus-entzunezko sorkuntzak NEEF gisako proiektuak berreskuratu behar ditu. Gainera, udalak zine komertziala ez diren bestelako aukerak eskaini

Page 17: Herri Programa euskaraz

behar ditu zine forumen bidez, zine independenteari ateak irekiz … Komertziala ez den zine areto bat behar dugu.

- Sormena garatzera bideraturiko hezkuntza inbertsioak egingo dira. Udala bien arduraduna bada ere, argi bereizi behar ditu prestakuntza artistiko profesionala eta aisialdiko prestakuntza. Musika eskolaren kasuan, esaterako, kalitatezko hezkuntza bultzatuko duten irizpideak ezarriko dira. Gainerako diziplinetan modu berean egingo da lan: ikasketa profesionalen eta biztanleria guztiari bideraturikoen arteko bereizketa.

4.4. Ondarea

- Gure ondarea espekulazioaren, ilunkeriaren eta pribatizazioaren hatzaparretatik defendatuko dugu. EZ borobil batekin erantzungo diegu interes ekonomikoek eragindako pribatizazioei eta kudeaketa ereduen opakutasunari (Eskoriatza-Eskibel, Katedrala…).

- Alde Zaharreko birgaikuntzak honako osagaiok izango ditu: auzokideak, erabiltzaileak, historia, interes arkitektonikoak eta kultura. Uko egingo diogu interes turistiko eta ekonomikoei lehentasuna ematen dien edozein birgaikuntza ereduri. Ezarritako irizpide eta interesei erantzuten ez dieten higiezinak desjabetuko dira.

- Alde Zaharreko etxebizitzen birgaikuntza lehenetsiko da.

- Hiriko museoak ezin dira ondare edukiontzi hutsak izan, ondarearen bozgorailu hedatzaile bihurtu behar dira. Gune aktiboak izan behar dute.

4.5. Kultura eta berdintasuna

- Etorkizuneko gizartea kulturaren bidez eraikiko badugu, burutzen diren politikek ikuspegi feminista izan behar dute.

- Diru-laguntzak ematerakoan berdintasun irizpideak jarraituko dira. Kultur, aisialdi eta kirol elkarteei berdintasuna susta dezatela eskatuko zaie. Berdintasun irizpideak betetzen ez dituztenei berdintasun plana garatzeko exijituko zaie.

- Sorkuntzaren esparruan, feminismoaren trataera lehentasunezkoa da. Berdintasun irizpideak jarraituko dira bekak eta diru-laguntzak ematerakoan.

- Udalak ez du kontratatuko edo finantzatuko sexu desberdintasunak sustatzen dituzten ikuskizun, talde eta jarduerarik.

4.6. Euskal kultura eta tradizioak

- Gasteiz Antzokia jaioko da, gure kultura bultzatzeko eta hedatzeko helburuarekin. Espainiako Bankuaren eraikinean egongo da eta euskal kulturaren baitako talde eta elkarteek kudeatuko dute.

Page 18: Herri Programa euskaraz

- Neurriak hartuko dira Gasteiz historian eta kulturan kokatzeko: historia ikastaroak, bekak hiriaren historiaren ikerketarako eta oroimen historikoa berreskuratzeko konpromisoa.

- Herritarrengan Euskal Herri osoko festa tradizionalak finkatzea: Olentzero, Inauteriak, Santa Ageda, San Juan bezpera. Azkenaldian desitxuraketa argiaren biktima izan diren bertako tradizioak berreskuratu: Olarizu, Armentia.

- Aktiboki gizarteratu behar dugu, auzokideen zuzeneko parte-hartzearen bidez, Alde Zaharreko Erdi Aroko Azoka globalizatu eta profesionalizatua, berezko izaera emanda.

- Euskal kulturaren defentsa ez dago lehian beste kultura batzuekin. Aniztasunaren babesean, herri desberdinen arteko loturak sendotu eta elkar hobeto ezagutu behar dugu. Horretarako, etorkinak hiriko kulturara hurbiltzeaz gain, hiria haienera ere hurbildu behar da: senidetze eta laguntasun egunak antolatuko dira.

4.7. Negozioa

- Orain arte kulturaren irakurketa merkantilista egin da, eraikin eta azpiegitura handien eraikuntza justifikatzeko aitzakia gisa erabilita. Kulturarekin negozioa egiteko politika bukatu beharra dago.

- BAIC zentzurik gabeko proiektua da eta berehala geldiarazi beharra dago. Ezin dira justifikatu ez dakarren gastu neurrigabea, ez Gasteizi egingo dion kultur ekarpen baliogabea. Era berean, Udalak bertan behera utzi behar ditu antzeko proiektu handinahiak.

Page 19: Herri Programa euskaraz

5. ETXEBIZITZA POLITIKA

5.1 Sarrera.

Etxebizitza duina gozatzeko eskubidea bai Giza Eskubideen Gutunean, bai eragiten diguten hainbat ordenamendu juridikotan jasota badago ere, egia da eskubide hau ez dagoela bermatuta, eta ez dago zalantzarik etxebizitza izatea arazo nagusienetarikoa bihurtu dela Gasteizko biztanleriaren sektore ugarirentzat.

Urtetan zehar, etxebizitza etekin handiko inbertsio segurutzat jo egin da. Plangintzan, eraikuntzan eta salmentan sartutako sektore guztiek (sustatzaileak, enpresa eraikitzaileak, higiezinen agentziak, bankuak, aurrezki-kutxak, erakundeak…) handitu egin dituzte euren mozkinak urtetik urtera, prezioen kontrolik gabeko igoerak etxebizitza herritarren erosteko ahalmenetik urrundu duen bitartean.

Gasteizko Udalak, lurzoruaren espekulazioa eta kontrolik gabeko kontsumoa bultzatu ez ezik, parte hartu ere egin du negozio horretan, eta udal lurzoruaren salmenta eta enkantea finantzazio bitarteko gisa erabili du, etxebizitzaren azken prezioaren igoerari lagunduta.

Udalak etxebizitzaren esparruan burutu duen politika eraikuntza masiboan oinarritu da, eta horrek eredu jasangaitzera eraman gaitu, etxebizitza hutsen kopurua handia izanda ere, hiriaren premiez harago eraikitzen jarraitu duelako.

Gaur egun Gasteizek objektiboki behar dituen etxebizitzak baino askoz ere gehiago ditu eta, hala ere, etxebizitza eskaera ez dago aseta. Erakundeek salmentazko babesturiko etxebizitzen aldeko apustua egin izanak eskatzaileen zati handi bat utzi du kanpoan, etxebizitza bat, dela pribatua, dela babes ofizialekoa, erosi ahal izateko gutxieneko errentarik ez duten heinean.

Udalak etxebizitzaren inguruan sortutako arazoaren konponbidean irmotasunez sartzeko apustua egiten dugu, eta ildo horretatik bere lursailak gezurrezko kooperatiben eta sustatzaile partikularren eskuetan lagatzeari utzi behar dio. Izan ere, horrek murriztu egiten du Udalak etxebizitzaren merkatuan esku hartzeko duen gaitasuna, areagotu egiten du espekulazio arriskua eta sustatu egiten du gardentasun eza prozesu eraikitzailean.

Badakigu etxebizitza arloa aurkitzen deneko logika maltzurrarekin udal esparrua gainditzen duten neurrien bidez baino ez dugula bukatuko. Hala ere, ulertu ere ulertu egiten dugu Udalaren jarduera, bere eskumenen esparruaren baitan, eraginkorra dela norabide batean edo bestean aurrera egiteko.

Page 20: Herri Programa euskaraz

5.2. Etxebizitza politikaren diseinuan kontuan hartu beharreko aspektuak.

Egoera honen aurrean eta etxebizitza bezalako oinarrizko eta beharrezko eskubidea gasteiztar guztiei bermatzeko helburuarekin, printzipio hauetan oinarrituriko politika defendatzen dugu:

5.2.1. Etxebizitza: premia biziko ondasuna

Egoera iraunkor eta egonkorrean etxebizitza eskuratzeko eskubideak gizartearen funtzionamendu egokia ahalbidetzen du eta nahitaezko osagaia da pertsonen emantzipaziorako eta bizikidetza-unitateen garapen duinerako.

Herritar ororen oinarrizko eskubidea den heinean, etxebizitzak aitorturiko eskubide izatetik bermaturiko eskubide izatera igaro behar du.

5.2.2. Etxebizitzaren erabilera eskubidea jabetzari lehenetsi

Etxebizitza bat erabili eta gozatzeko eskubidea higiezinen jabetzaren babesaren aurretik jartzen dugu.

5.2.3. Esku-hartze publiko, aktibo eta irmoa bultzatu, gasteiztarren etxebizitza eskubidearen bermera zuzendua

Administrazioaren eginkizunetariko bat herritarren eskubideak bermatzea da, hortaz, egungo etxebizitza merkatuan esku hartu beharra dauka gasteiztar guztiei etxebizitza bat eskuratzeko eta gozatzeko aukera bermatuko dieten neurriak hartuta. Gainera, nahitaezkoa da eginkizun hau sektore kaltetuenei arreta berezia jarrita egitea.

5.2.4. Hiriko baliabideen optimizazioaren aldeko apustu irmoa

Arrazionaltasun eta jasangarritasun arrazoiak direla-eta, eraikuntza berriak azken aukera izan behar du. Irmoki uste dugu Gasteizko herritarren etxebizitza premiari eskura dugun eraikitako parkearen arrazoizko erabileraren bidez egin diezaiokegula aurre. Beraz, Gasteizen hutsik dauden 10.000 etxebizitza pasatxoak merkatura atera daitezen ahalbidetuko duten politikak sustatuko ditugu, hala nola bertan behera utzita dauden eta bizitegi erabilerarako beharrezko baldintzak betetzen dituzten higiezinen birgaikuntza sustatuko dituztenak.

5.2.5. Alokairuzko etxebizitzen udal parke bat sortu, errentaren eta errentarien arabera

Alokairu publikoa aukerarik eraginkorrena da etxebizitza eskubidea bermatzeko, eredu honek merkatuaren logikatik eta prozesu espekulatiboetatik at kokatzen baitu etxebizitza, esleipenean eta eskariaren egokitzapenean

Page 21: Herri Programa euskaraz

malgutasun, mugikortasun, eskuragarritasun eta justizia handiagoak ahalbidetzeaz gain.

5.2.6. Etxebizitzen tipologia gizarte premiei egokitu

Bizi garen gizartean, bizikidetza-unitate ereduak, hala nola horien premiak azkar aldatu eta biderkatzen dira, egungo eredu tipologikoa zaharkitua geratu da eta ez die premia hauei erantzuten. Horrenbestez, malgua eta premia aldakorrei egokitzeko gai izango den etxebizitza-parkea sortu beharra dugu.

5.2.7. Eragindako gizarte eragile eta kolektiboen parte-hartzea bermatu

Egoera larri hau konpontzeko bidean, beharrezkoa izango da herritarren interesetan oinarrituriko politikak ezartzea. Beraz, denon etxebizitza eskubidea bermatuko duen politikaren diseinuan ezinbestekoak izango dira arazo honetan sartuta dauden gizarte eragileen, hala nola tartean dauden hainbat kolektiboren lana zein ekarpenak.

5.3. Etxebizitza politika.

5.3.1. Etxebizitza sailaren sorkuntza

Etxebizitza esparruan politika berrien garapenerako lehen neurri gisa, eta sozietate paramunizipalak desagerraraztearen aldeko gure apustuarekin bat etorrita, etxebizitza sail zehatz baten sorkuntza sustatuko dugu. Sail honek funtzionamendu irekia eta gardena izan beharko du, herritarren parte-hartzea zein arloko gizarte eragile eta kolektiboena bermatuko duena.

Sail honen eginkizuna udalaren politiken diseinua izango da etxebizitza esparruari dagokionez, eta horretarako Gasteizen dagoen etxebizitza premia ebaluatzeko beharrezko azterketak eta erroldak erabili beharko ditu, etxebizitza hutsari dagozkion aldizkako erroldak egin behar izateaz gain. Bitartekotza lanak egingo ditu etxebizitza hutsen jabeen eta etxebizitza eskatzaileen artean. Udalak sustaturiko alokairuak kudeatuko ditu eta beharrezkoa den kasuetan baino ez du eraikin berrien sustapen publiko eta zuzena bultzatuko.

5.3.2 Udal lurzoru ondarearen kontserbazioa eta hedapena

Bai hiriaren hazkundea, bai etxebizitzaren merkatua kontrolatu eta horietan positiboki esku hartze aldera, baita lurzorua, orain duen osagai espekulatiboa desagerrarazita, merkatuaren logikatik ateratzeko ere, ezinbestekoa da ahalik eta lurzoru publiko gehiena edukitzea.

Egia bada ere Gasteizko Udalak lurzoru ondare zabala duela, uste ere uste egiten dugu horrek ez gaituela erlaxatu behar, eta ondare horren kontserbazioa eta hedapena bermatuko dituzten neurriak hartu behar direla.

Hortaz, udal aurrekontuen % 5 baino txikiagoa izango ez den ehunekoa gordeko da udal lurzoru ondarearen kontserbazio eta hedapenerako.

Page 22: Herri Programa euskaraz

Uko egingo diogu udal lurzoruaren edozein salmenta edo enkanteri. Uko egingo diogu udal finantzazioa helburu duen hirigintzako eragiketa orori.

5.3.3. Hiriko baliabideen arrazoizko erabilera jasangarria

Aurretik esan bezala, gure apustu nagusia eraikitako parkearen optimizazioa eta erabilera izango da. Uste dugu kontrolik gabe eraikitzeko egungo joerak erabat jasangaitza den agertokian kokatzen gaituela, gai izan behar dugu gure baliabideak logikaz kudeatzeko.

5.3.1 Etxebizitza hutsa

Etxebizitza arloko erronka nagusia, jasangarritasun eta arrazionaltasun arrazoiengatik, Gasteizen dauden etxebizitza huts ugarien erabilera izan behar da.

Eginkizun hau burutzeko eta oro har etxebizitza politika eraginkorra garatzeko, dauden beharrak eta eskura dauden baliabideak identifikatu beharko dira. Beraz, lehen lana bi errolda egitea izango da: bata, etxebizitza beharra duten pertsonak jasotzeko eta bestea, hutsik dauden etxebizitzak jasotzeko. Etxebizitza hutsa definitzerakoan, eta irizpide hoberik ez dagoen heinean, EUSTATek erabilitakoa baliatuko dugu, etxebizitza hutsatzat urtean 182 egunez edo gehiagoz hutsik dagoen oro jotzen duena.

Etxebizitza hutsaren aipatu errolda egiteko, ur eta elektrizitate kontsumoak hartuko dira kontuan, hala nola aldizkako ikuskapen sistema baten bidez jasotako datuak. Datu horiek gurutzatzetik ustez hutsik dauden etxebizitzak eskuratuko dira, eta horien baldintza berezien gaineko jarraipena eta azterketa egin beharko dira, eta hortik ondorioztatu egingo da zeintzuk diren azkenean etxebizitza hutsen erroldan sartuko direnak.

Errolda horiek urtean bitan gutxienez egingo dira, horrek ahalbidetu egingo baitigu benetako etxebizitza beharraren eta erabiltzen ez den etxebizitza eskuragarriaren gaineko datu fidagarriak.

Behin etxebizitza hutsak ezagututa, hurrengo pausoa izango da erabiliak izan daitezen neurri zehatzak hartzea.

• Udalaren etxebizitza hutsak automatikoki igaroko dira alokairuzko parke publikoaren baitakoak izatera.

Finantza-erakunde eta entitateenak direnak, borondatez utziko dituzte hitzarmen bidez, edo bestela, desjabetuta.

Utzarazpen bidez bahituriko etxebizitzak utzarazitako baliabiderik gabeko familien esku jarriko dira, gizarte alokairuko erregimenean.

Azkenik, eragile pribatuen etxebizitza hutsak merkatura ateratzeko, honako neurriak planteatzen ditugu:

Page 23: Herri Programa euskaraz

• Bigarren etxebizitza oro luxuzko ondasun gisa zergapetuko da (eta proportzionalki hurrengoak: hirugarrena, laugarrena… ), OHZ bidez.

• Etxebizitza hutsen erroldan berriro dauden etxebizitzen erabilera desjabetuko da.

Uste dugu egungo egoeran etxebizitza huts bat izatea luxua dela, gutxienez. Horregatik proposatzen dugu zerga presioa neurririk eraginkorren gisa etxebizitza horiek guztiak merkaturatzeko. Alokairuaren aldeko edozein zerga tratu onuragarri, bestalde, alokairu prezioak gizarte irizpideetara egokitzearen mende legoke.

Egia da etxebizitza huts asko, urteak eta urteak bertan behera utziak izateagatik, ez daudela alokatzeko moduko egoeran. Hori dela-eta, etxebizitzak birgaitzeko politika bat garatu beharko da, erraztasun ekonomikoak emanda behar duten pertsonei birgaikuntza ahalbidetzeko. Laguntza horiek aurrerakin ekonomiko bat izango dira, epe zabaletan eta interesik barik jabeak itzuli egin beharko duena.

5.3.4 Erabilera berriak

Bizitoki ez diren eraikin horientzat, erabili gabe daudelako edo euren erabilera euren kokapenarekin bat ez datorrelako, babeseko bizitoki-eraikin bihurtzea proposatzen dugu, betiere horretarako gutxieneko baldintzak betez gero.

Ildo honetatik, uste dugu azter litekeela Gobernu Militarraren eraikina, Leizaola plazan, Espainiako Poliziaren eraikina, Deba Arroaren kalean, eta Sansomendin dagoen Guardia Zibilaren Kuartela gizarte alokairuko etxebizitza bihurtzea.

Page 24: Herri Programa euskaraz

6 .GIZARTE-POLITIKA

6.1. Sarrera.

Udala herritarrekiko gertuen dagoen erakundea den heinean, herritarren premiazko beharrei erantzuteaz arduratu behar da. Gainera, une honetan larriagotu egin dira behar horiek jasaten ari garen krisia dela eta.

Orain, are gehiago, Udalak azken urteotan egin duen politika antisozialari buelta eman behar zaio. Bisitariei hiri erakargarri bat aurkezteko eta beste hiri batzuekin lehian aritzeko, luxuzko azpiegiturak egiteaz eta haien fisionomiaz arduratuago ibili da, gero eta eskaera gehiago dituen beharrezko zerbitzuak asetzeko politika bat eta birbanatze politika bat egiteaz baino, baliabide gehiago dituena zerga gehiago ordaintzera behartzearren eta gutxien ahal duenak, aldiz, zerga gutxiago ordaindu edo horietaz salbuesteko.

Horregatik, egiten den udal politikaren isla izan behar du Gizartegintza Sailak, eta baliabide eta aurrekontu gehiago eman behar zaizkio.

Sail horren funtsezko helburuak izan behar du Euskal Herriko gizarte kolektiboek landutako eskubide sozioekonomikoetan oinarritutako gutun bat egitea eta egokitzea, gizarte bazterketa saihestuko duen bizitza duina herritar guztiek egin ahal izateko. Halaber, prestazio zorro nahikoa eta zabala behar da, behar errealei erantzungo diena, bai prebentzio, bai artapen arloetan.

Gizarte zerbitzuek eskubide gisa ziurtatu behar dute gutxieneko bizi-kalitatea, 8 dimentsio hauetan gauzatzen dena:

- Ongizate materiala- Ongizate fisikoa- Ongizate emozionala- Garapen pertsonala- Gizarte barruan egotea- Eskubideak- Autodeterminazio pertsonala- Pertsonen arteko harremanak

Era pertsonalizatuan erantzuteko moduan antolatu behar dira gizarte zerbitzuak, pertsonaren lehentasunetan eta beharretan oinarrituta. Gizarte zerbitzuetara jotzen duten pertsonak eurak dira haien egoera eta beharrak ondoen ezagutzen dituztenak eta iritzia emateko eskubidea dute, baita haiek kontuan hartuak izateko eskubidea ere babes mota, intentsitatea, baldintzak... aukeratzerakoan. Alde horretatik, erabiltzaileek parte-hartze aktiboa izatea funtsezkoa dela deritzogu, bai erabakiak hartzerakoan, bai gizarte zerbitzuak kudeatzerakoan eta aurrekontuei dagokienez.

Bestalde, beharrezkoa da gizarte zerbitzuak berrantolatzea, Udalaren eta Aldundiaren funtzio eta arreta arloen bikoiztasuna ekiditeko.

Page 25: Herri Programa euskaraz

6.2. Irizpideak.

° Sistema neoliberal, kapitalista eta patriarkalak berak eragiten dituen desberdintasunetan esku hartzeko tresna sozial gisa ikusten ditugu gizarte zerbitzuak.

° Beraz, gizarte zerbitzuek ez dute zertan errentagarriak izan, eskubide bat dira eta beharrezko zerbitzu bat, hezkuntza, osasuna... bezalaxe.

° Kalitatezko gizarte zerbitzuak garatzeko plana, eskubide gisa eta “ongizatearen hirugarren zutabe” gisa ulertuak, gizarte ordezkaritzarekin planifikatu eta negoziatuak, asistentzialismoaren ideia baztertuta eta “ghettizazioa” saihestuta. Gizarte zerbitzuetan guztiok hartzen dugu parte, eskuratu ditzakegu eta haien beharra dugu. Gizarte zerbitzuei publizitatea modu positiboan egitea proposatzen dugu, prentsan zein udalaren argitalpenetan, Gasteizko pertsona guztiek ezagutu ditzaten dauden zerbitzuak, baliabideak eta babesak, baita horiek eskuratzeko modua ere.

° Gasteizko pertsonei begira diseinaturiko gizarte zerbitzuak, modu proaktiboan prebentzioari bideratuak, eta ez arazoak estaltzeko adabaki gisa.

° Unibertsalitatearen printzipioa modu inklusiboan aplikatu. Zaintza eta artapen beharrak dituzten pertsona guztiei (Gasteizko biztanleei) bermatu gizarte zerbitzuetarako sarrera. Pertsonen arteko berdintasuna bermatu, arraza, sexu edo familia aukera dela-eta edozein bazterketa motatatik kanpo.

° Izaera publikoko gizarte zerbitzuen sarea garatzea, pribatizazioari uko egingo diona, horixe baita langileen lan baldintzen prekarietatearen iturria, zerbitzuen kalitateari kalte egiten baitio eta, ondorioz, gizartearen desoreka handitzen duen aberastasun pribatua baitakar. Ezin da zeharkako kudeaketaren sistema erabili kosteak zerbitzuen prestazioan murrizteko. Lan horiek burutzen dituzten azpikontratatutako enpresa pribatuak dauden bitartean, instituzioak kontrol zorrotza garatu behar du enpresa horien eta daramaten funtzionamenduaren gainean. Egungo gizarte zerbitzu guztiek (pribatuak zein erdi pribatuak; hitzartuak, adostuak edota zeharkako kudeaketa beste mota batekoak izanda ere) langile guztiei lan baldintza berberak bermatu behar dizkiete, generoa dela-eta inolako bazterkeriarik gabe, eta kalitate berbera eskaini behar dute zerbitzu edota laguntzak ematerakoan. Hau bermatzearren baldintza horiek betetzen ez dituzten enpresen kontrako zigorrak edota hitzarmenen haustura bere baitan hartuko dituen araudia egingo da. Sektore publikoa indartze aldera, lehen urrats gisa proposatzen dugu Udalak bere gain har dezala Etxeko Laguntza Zerbitzua eta titulartasun zein kudeaketa publikoak berreskuratu ditzala, lan baldintzak arrazionalizatu eta duintzeko asmoz zein artapenaren kalitate maila bikainak bermatzearren.

° Zerbitzuen deszentralizazioa. Sareko lana: berezko gizarte sareen sorkuntza: egungo gizarte sisteman jendearen behar txikiak nolabait asetzeko balio zuten berezko sareek (familiak, auzokide taldeak, komunitateak, auzoak…) indarra galdu dut, eta, horrenbestez, babes faltako egoerak sortu dira. Hortik gizarte zerbitzuetako profesionalen papera:

Page 26: Herri Programa euskaraz

laguntza sare horien sustapenean jardun behar dute, arazoak dagokien ingurunean kokatu eta bertan arazoak bilatzeko. Herritarren parte-hartze aktiboa (eragindakoak, sektorean lan egiten duten elkarteak…) bermatu behar da, bai kontrolari eta kudeaketari dagokienez, bai beharrezko aurrekontuak egiterakoan.

° Zerbitzuen finantzazio publikoa zerga politika egoki baten bidez. Zerga politika eta hainbat zerbitzuren ordainketa (haur eskolak, garraioa, jantokiak, ura…) diru-sarreren arabera zehaztu eta egokitu beharreko eskala baten araberakoa izango da, eta hainbat inguruabar gertatuz gero, interesatuak horiek ordaintzetik salbuetsita geratuko dira.

Badaude bi arazo mota jendea gizarte zerbitzuetara joanarazten direnak

1. Behar ekonomikoei buruzkoak

2. Eta berariazko laguntza edo artapen beharrei buruzkoak (hezkuntza, terapia…)

Behar ekonomikoak dituztenei laguntzeko beharrezkoa da txirotasunaren atalasera (egun 925 euro pertsonako eta hilabeteko) iristen ez diren errentak osatzeko funts bat sortu behar da. Jakitun gaudenez helburu hau beste instituzio batzuei ere badagokiela, hasieran Udalak errenta horiek osatuko ditu Lanbide arteko Gutxieneko Soldatak ezarritako kopururaino eta Foru Aldundiei zein Eusko Jaurlaritzari eskatuko die funts hori hornitu dezatela eta Oinarrizko Errentaren mugak gainditu ditzatela, txirotasunaren atalaseraino iritsi daitezen.

Oinarrizko Errentari dagokionez, Udalak aurreratuko dizkie hartzaileei prestazio hori onartu arte batez beste pasatzen diren lau hilabeteetako kuotak. Gizarte prestazioen eskatzaileen prekarietare baldintzak (azpietxebizitza batean bizitzea edota etxebizitza batean erroldatutako pertsona kopurua, esaterako) ezin dira izan eskubideak murrizteko arrazoia.

Berariazko laguntza edo artapen beharrei (hezkuntza, terapia…) dagokienez:

Adineko pertsona autonomoak

Egoitza plaza nahikoak egon behar dira familia arloan artapena jasotzeko aukerarik ez dutenentzat, artapen onena familia baitakoa delako diskurtsoa desmuntatzeko, horrela lan hori familien kontura eta, batez ere eta ia-ia bakarrik, emakumeen esku uzten baita, gizarte artapenerako gastu publikoa ekiditeko asmoz. Horretarako berehalaxe gaitu behar dira azpierabilita dauden San Prudentzio egoitzako gelak.

Bizikidetza-unitateentzako artapena

Euren ardurapeko adin txikikoak artatzeko laguntza beharrak dauzkaten gurasoak gaitzeko jarduerak, hainbat prozesuren bidez (familia heziketa, terapia, bitartekaritza…). Familia heziketarako zerbitzua sortzea, dauden familia

Page 27: Herri Programa euskaraz

beharrei estaldura eta laguntza emateko (Etxeko Laguntza Zerbitzuaren ildotik, baina heziketa funtzioekin).

Genero indarkeria jasan duten emakumeentzako artapena

Funtsezko helburua da prebentzioa lantzea. Etorkizunari begirako prebentzioa da, hezkuntza sistemaren eta gizartea ideologizatzeko tresnen aldaketan oinarrituta. Aldaketarako oinarriak jartzeaz ari gara, hezkuntza berreraiki egin behar du, sexualitatea eta harremanak landu, familia patriarkalaren eredua apurtu.

Erantzuna zehazterakoan, aurrerapausoak egin behar ditugu indarkeria jasan duten emakumeen artapenean. Emakume horien garapen pertsonala bermatu zein behar materialak asebeteko dituzten neurriak. Zaintza erasotzaileei ezar dakiela, ez biktimei; erasotzailearen gizarte isolamendua bultzatu behar da. Bi ardatz horietan esku hartu behar dute instituzioek, eta horretarako bideratzen den aurrekontua handitu beharra dago.

Gizarte zaurtasun egoeran dauden pertsonei dagokienez

- Aterpeko plazak (“lehen teilaturako” sarbide plazak zabaltzea, zerbitzu horretako baldintzak eta ordutegiak hobetzea eta zerbitzuen eskaintza dibertsifikatzea: horiek eskuratzeko gutxieneko eta banakako eskakizunak dituzten zerbitzuak ezartzea, gero eta pertsona baitaude, baliabide horien beharra izan arren, dauden zerbitzuak eskuratzeko irizpideak betetzen ez dituztenak eta, horrenbestez, bere kasa abandonatuak direnak, batzuetan ondorio tragikoekin. Zerbitzu honek osasun zerbitzu bat ere izango du, lehen artapena burutu eta, behar izanez gero, osasun publikoaren sarera bideratuko duena, bertako erabiltzaile askok narriadura larria pairatzen dutelako eta horrek zailtzen dielako aipatu osasun sarera jotzea.

- Baliabideen kopurua (buru-gaixotasunak dauzkaten pertsonentzako pisu tutelatuak eta egoitza txikiak). Udalak lankidetza tresnak ezarriko ditu arlo honetan lanean diharduten elkarteekin.

- Udal jantoki sozialak hiriko auzoetan ezartzea, baina ongintzaren ospe txarra barik; udal zerbitzua izango litzateke, hiri garraioa edota beste zerbitzu batzuk bezalakoa, eta prezio publikoa edukiko luke, irabazteko asmorik gabe baina, janaria ordaintzetik salbuetsita egongo litzatekeen eskaria ere artatuko lukeena.

Page 28: Herri Programa euskaraz

7. POLITIKA FEMINISTA

Gure proposamenak udal politikak aldatzera bideratuko ditugu, egun horiek egituratuta daudelako sistema kapitalista heteropatriarkala iraunarazi eta sustatzeko; Bildu Gasteizek, ordea, politika horiek pertsonen zerbitzura jarri nahi ditu, ez alderdien interesen menpe, benetako aldaketa politiko eta soziala eskuratzeko.

Arlo feministan, horrek esan nahi du politika feministak diseinatu eta ezarri behar direla, hots, eredu patriarkala apurtuko duten politikak, emakume feministek horien diseinuan eta jarraipenean parte hartuta, politika horiek emakume mota guztiak euren baitan har ditzaten, instituzioko arlo guztietan zeharkakotasuna ezarri dezaten, hiriko emakumeen zein mugimendu feministaren benetako partaidetza aktiboa eta aurrekontuen zein beharrezko baliabideen gauzapenean kudeatzea eta parte hartzea bermatu dezaten, dauden beharrei erantzunak ematearren.

7.1. Udal Politika.

- Udalak Euskal Herriko Emakumeen Eskubide Gutunean ezarritako ildoen arabera jardungo du.

- Zinegotzigo Feministaren sorrera.

- Berdintasun Zerbitzua Politika Feminista Saila bilakatuko da, eta bertan arlo guztietako zeharkakotasuna bermatuko da. Berdintasun eragileak egongo dira udal sail guztietan.

- Behatoki Feministak ordezkatuko du Berdintasun Kontseilua, izaera parte-hartzailearekin, Udalak haren iritzia aintzat hartu beharko du, bertan mugimendu feminista guztiak ordezkatuta egon beharko du eta bertan udal politikak aztertu eta eztabaidatu beharko dira.

- Gizarte parte-hartzerako bideak, politika feminista horietan eragin eta parte hartu ahal izateko (politika feministari buruzko foroak auzoka), baita langile trebatu nahikoak eta prestakuntza politiko eta tekniko nahikoa.

- Berdintasunerako Barne Plana, langileriaren baitako desberdintasun egoerak zuzentzeko, bazterkeriak ekiditeko, kristalezko sabaiak desagerrarazteko eta adiskidetze benetako neurriak ezartzeko.

7.2. Indarkeria.

- Politika integratzaileak era zeharkakoak udal arlo guztietan.

- Genero indarkeria pairatu duten emakumeentzako berehalako artapenerako baliabideak (etxebizitzak) eta epe luzekoak (lan munduratzea, etxebizitzak, prestakuntza….) handitzea.

Page 29: Herri Programa euskaraz

- Instituzio desberdinen (Udala, Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza) indarkeriari buruzko jarduerak koordinatu eta baliabideak eskuratzeko protokoloak sinpletuko dituen Instituzio arteko Egitura bat sortzea.

- Indarkeria antzemateko eta aurreikusteko programak.

- Indarkeriaren arrazoiak eta sustraiak ondorioen maila berean lantzea.

- Indarkeria matxista pairatzen duten emakumeen enplegu eta etxebizitza eskubideetarako sarbidea konpontzeko neurriak.

- PREBENTZIOA espezifikoki lantzea:

• Emakume gazteak: eskola zentroetako programa iraunkorrak, emakumeentzako autodefentsa, gizonezkoentzako sentsibilizazioa. Emakume eta gizonen arteko harremanei buruzko tailer iraunkorra, maitasunari buruzko kontzeptuak, genero rolak...

• Adineko emakumeak: Adinekoentzako Zentro Sozio Kulturaletan perspektiba feministako programak.

• Emakume etorkinak: antzemate eta prebentzio berariazko programak, komunitate desberdinetako gizonezkoekin indarkeriaren gaiaren lanketa.

• Sexu langileak: haiekiko mintzakidetza zuzena ahalbidetzea, haien kontrako indarkeria kasuak prebenitzeko eta horietan jarduteko.Paperik gabeko emakume etorkinen kasuan babesa ziurtatzea.

• Funtzio dibertsitateko emakumeak: inplikatutako elkarteekiko lan zuzena, prebentzio eta artapen programak lantzeko.

• Gizonezko erasotzaileekiko programa.

- Salaketak atzera botatzen direneko kasuen azterketa sakona, errealitatearen ezagutza zehatzetik programa zehatzak burutzeko.

- Dauden baliabideei buruzko zabalpen eraginkorra, baita horietara jotzeko jarraibideei dagokienez ere.

- Jai gune zein jaietan indarkeriaren prebentzioa (auzo zein hiri mailan).

- Laguntza informaleko sareak indartzea.

- Gizarte langileen berariazko zerbitzu baten sorrera, holako kasuetan jarduteko.

7.3. Txirotasunaren feminizazioa.

Page 30: Herri Programa euskaraz

Udalean lan egiterakoan, ulertuko dugu gizarte bazterkeria diru-sarreren eskasian ez ezik, gizarte parte hartzearen faltan, gizarte integrazioaren ezan eta gizarte eskubideen ukazioan ere badatzala. Horrez gain, beste kontzeptu batzuk ere baztertuko ditugu, esaterako, karitatearena, holako kontzeptuek zerbitzuetan parte hartzea, horien ebaluazioa eta hobekuntza saihesten dituztelako. Eskubideen perspektibatik egingo dugu lan.

- Egungo krisiak emakumeengan daukan eraginari buruzko berariazko lan bat egitea, hortik txirotasunaren feminizazioaren kontrako berariazko ekintzak bideratzeko.

- Oinarrizko gizarte zerbitzuetan perspektiba feminista ziurtatzea, horretarako emakumeen berariazko arazoei buruzko prestakuntza lana garatu behar da.

- Emakume mota guztientzat dauden baliabideei buruzko informazio eta zabalpen berariazko kanpinak. Emakumeengana jotzea eta ez alderantziz

- Gizarte zerbitzuak unibertsalak eta publikoak izan behar dira, eta Udalak bertako langileei lan baldintza duinak bermatu behar dizkie.

- Emakume etorkinen lan prestakuntza eta baldintza duinetan lan munduratzea sustatzea, prekarietaterik eragin gabe.

- Sexu langileekiko mintzakidetza zuzena sustatzea eta bultzatzea. Halaber, haien antolakuntza sustatzea. Haien lan baldintzak duintzeko neurriak sortzea, batez ere kalean dihardutenenak (artapen medikoa, higienea, sexu segurtasunari buruzko tailerrak…) Enplegurako berariazko programak sortzea prostituzioa utzi nahi duten baina independentzia ekonomikorik ez izategatik egin ezin dutenentzat emakumeentzat.

- Berariazko tratamendua adineko emakumeentzat. Holako emakumeentzako osasun programak ezagutaraztea. Bakardadeak dakartzan arriskuen kontrako programak garatzea. Adineko gizonen autonomia handitzeko ikastaroak eta programak, horiek aldi berean adineko emakumeena handituko bailukete. Gizonei bideratutako zainketei buruzko prestakuntza ikastaroetan inbertitzea, adineko emakumeak lan horietatik salbuesteko.

- Aurreko guztia garatzeko aurrekontu nahikoak, Udalean egon daitezkeen aldaketa politikoen menpe egoteke (emakumeen parte-hartze orokorra eta bereziki kolektibo feministena bermatuta egon behar da kontrol eta kudeaketa sistema gisa).

- Familia eredu berrien errealitate berrietarako programak, banantzeen ondoriozko prekarietate egoerak artatzea: etxebizitzarako sarbidea, gizarte diru-laguntzak, enplegu eta prestakuntzarakoak...

- Egoitzak, jantoki sozialak, haurtzaindegiak... zerbitzu horiek herritar guztiei bermatzea, zainketen gaia emakumeen esku geratu dadin ekiditeko.

7.4. Enplegua, prestakuntza eta lan munduratzea.

Erantzukizun partekaturako neurrien falta zein zainketei lotutako baliabideen eza dira lehen oztopoa lan munduratzerako.

Page 31: Herri Programa euskaraz

- Enplegu programa berriak, lanaren sexu araberako banaketa birsortuko ez dutenak.

- Familia bizitza, lanaldia eta bizitza pertsonala adiskidetzea: auzokako jantoki sozialen zerbitzua sortzea, adin txikikoak denbora tarte mugatuetan zaintzeko eta artatzeko zerbitzuak sortzea, haur eskoletako plazak eta ordutegiak egokitzea eskariaren arabera, eskola zentroetako irekiera ordutegiak zabaltzea …

- Erantzukizun partekatua etxeko lanetan eta erantzukizuna adin txikikoen eta mendekotasunak jotako pertsonen zainketan: etxeko lanei eta zainketei buruzko prestakuntza programak gizonezkoentzat …

- Estereotipo sexistak desagerrarazteko heziketa programak. Ume eta gazteentzako hezkidetza. Udalak egingo dituen jarduera eta ikastaro oro hezkidetza irizpideetan oinarrituko dira.

- Emakume etorkinek programa zehatzak behar dituzte, aurrekontu nahikoarekin eta epe luzeko helburuekin, emakume horiek rol femeninoak iraunarazi ez ditzaten feminizatutako lanbideetan, hots, gaizki ordainduta dauden eta lan baldintza eskasenak dituztenetan.

- Emakume gazteentzako prestakuntza eta enplegu kanpainak genero joerarik gabe, emakumeek orain arte sarbiderik izan ez duteneko beste lanbide batzuetara sartzea eraztearren.

- Enplegurako prestakuntza, genero rolak birsortuko ez dituen lan munduratzeko aukerarekin. Lan egoeraren jarraipena prestakuntza amaitu ostean.

- Bermatu behar da Udalak ez duela kontratatuko Berdintasun Legea betetzen ez duen, sexu bazterkeriagatik salaketak izan dituen edota berdintasun planik ez daukan enpresarik. Aurreko guztia baldintza orrien kontratazio klausuletan jasoko da.

- Etxeko Laguntza Zerbitzuko enpresen gaineko kontrola, kalitatezko enpleguak eta langile publikoen baldintza berberak ziurtatzeko.

- Eskola zentroetan ematen den orientazioan perspektiba femeninoaren gaikuntza.

- “Aukeratu generorik gabeko lanbidea” programan sakontzea eta horren jarraipen handiagoa egitea.

7.5. Erantzukizun partekatua, parte-hartzea, adiskidetzea eta ahalmentzea.

Lanaren sexu araberako egungo banaketak (ekoizpena eta ugalketa) desabantailak dakarzkie emakumeei lan merkatuan sartu, bertan iraun eta ekonomikoki aurrera egiteari dagokionez; baina baita parte-hartze sozial eta politikoari, kultur eta kirol sarbideari, aisialdiari, atsedenaldiari… dagokienez

Page 32: Herri Programa euskaraz

ere. Gainera, kontuan hartu beharra dago pertsonak ez gaudela beti aktibo eta osasuntsu, baizik-eta zainduak izatea eta besteak zaintzea behar izaten dugula.

- Udaletik erantzun behar diegu emakumeek arlo publikoan benetan parte hartu ahal izateko dauzkaten zailtasunei erantzuteko; horretarako behar diren politikak ezarri behar dira, ugalketa lana eta egun arlo publikorako benetako sarbidea eragozten duten mugak kontuan hartuta; horrez gain, gure interesak ere islatu daitezke, besteak beste, ugalketa lanak emakumeengan erantsitako kosterik izan ez dezan bermatuko duten politiketan.

- Lan ildo nagusiak:

• Emakumeen parte-hartze sozial eta politikoaren sustapena. Parte-hartzeak talde feministen eta emakume taldeen presentzia eskatzen du. Egun, parte-hartzerako bideek ez dute emakume elkarteen eta talde feministen parte-hartzea. Emakumeentzako ahalmentze eskola baten sorrera.

• Kulturan eta beste arlo batzuetan emakumeek izandako parte-hartzearen berreskurapen historikoa.

• Erantzukizun partekatuari eta zainketei lotutako neurri bideratzaileak: haurtzaindegi zerbitzuak jarduera puntualetarako, ordutegi egokitzapena, hirugarren adinekoentzako egoitza eta eguneko zentroen sare zabala, jantoki publikoak…

- Zainketak/parte-hartzea/ahalmentze katea berariaz lantzea.

- Berdintasun foroak auzoka sortzea.

- Emakume etorkinen parte-hartze soziopolitikoa Gasteizko gizartean sustatzea: Udalaren eta emakume etorkinen arteko hurbilpena bermatzea. Haien antolakuntza sustatzea eta bertako emakumeekiko, beste emakume etorkinekiko eta talde feministekiko harremanak erraztuko dituzten proiektuak eta programak bultzatzea.

- Lanaldiari eta aisialdiari buruzko gizarte eztabaida eta hausnarketa sakona antolatzea. Berrantolaketa ala adiskidetzea? Ekoizpenaren eta lanaldiaren antolakuntza berria.

Page 33: Herri Programa euskaraz

8. MIGRAZIO POLITIKA

8.1 Sarrera.

Udalak izanik herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak eta Euskal Herria eraikitzeko funtsezko tresnak, erabakigarria da euren jarduera ezkerretik eta herrialde ikuspegitik erantzutea etorkin kolektiboen eta ijito herriaren, gizarteratzeari eta bizikidetzari eta, bestetik, arlo horiek haiekin batera kudeatzea. Jarduera horrek herritar eta auzokide gisa hartu behar ditu kontuan migratzaile guztiak, gasteiztarren eskubide eta betebehar guztien mendekoak.

Ideia nagusi hau, migrazioen eremuan, helburu estrategiko batean gauzatzen da: denon artean eta gure jatorria alde batera utzita, herri bezala xede ditugun tresna politiko, ekonomiko eta kulturalak izateko eta egikaritzeko eskubide eztabaidaezinaren lorpena. Tresna subirano horiek honakoa arautu behar dute migrazioen esparruari dagokionez:

1) Bai euskal herritarra izateko ahalmena, hau da, egoitza eta nazionalitatea izatekoa, eta horietatik eratortzen diren herritartasun eskubide guztiak.

2) Bai, halaber, gure gizartean, gure artean bizi diren eta gure gizartea osatzen duten beste herri batzuetatik etorritako pertsona eta kolektibo sektore zabal horren gizarteratzea eta bizikidetza.

Ildo horretatik, egiaztatu eta berretsi behar dugu ez dagoela euskal migrazio politikarik. Egungo lege esparruan ezinezkoa da, gai honen gaineko eskumenak gure independentzia eragozten duten Estatuenak baino ez baitira, haien subiranotasunaren oinarrian daudela. Egun Euskal Herriak, herri gisa, nazio gisa, ez dauka gaitasun juridiko-politikorik berezko migrazio politika garatzeko. Ez dugu subiranotasunik. Eremu honetan gure lurraldean egun dagoena, kasurik onenean, estatu frantses eta espainiarreko legerien eta horien ondorio negargarrien kudeaketa zatitzailea da, egoitza, hiritartasun eta nazionalitate gaiei dagokienez, batetik, eta atzerritartasunari dagokionez, bestetik. Horretarako, egungo euskal administrazioek, esparru hori zalantzatan jarri barik, gizarte gaietako zenbait baliabide modu urrian eta deskoordinatuan esleitzen dituzte.

Era berean, uste dugu Euskal Herriko aniztasuna aintzat izango duen politika batean ijito herria eskubide osoko subjektua dela.

8.2. Migrazioak, aniztasuna eta udal estrategia.

Migrazioaren eremuari dagokionez, tokiko esparruan gure esku-hartze politikoa zuzentzeko, kontuan hartu behar dugu honako ikuspegi politiko estrategiko honekin jardun behar dugula:

Page 34: Herri Programa euskaraz

a) Nazionala eta lurraldekoa. Modu zehatzean zuzenduta subjektu migratzailea osatzen duten hiru kolektiboen errealitate oso desberdinera:

• Estatu espainiar eta frantseseko herrietatik etorriak.

• Europar Batasunaren ingurunetik etorriak.

• Europar Batasunetik kanpo etorriak.

b) Zeharkakoa eta osoa. Kolektibo baten edo besteren lehentasuna alde batera utzita, gizarte, politika eta kultur arloetan esku-hartze mekanismoak era berean garatuta.

c) Aitorpena eta elkarrekikotasuna. Ikuspegi paternalistak edo inposatzaileak gaindituta, gure jatorria alde batera utzita, guztion eskubideen aldeko borrokan gure desberdintasuna, autonomia eta aliantza bateratua elkarri aitortzea ahalbidetuko diguten harreman mekanismoak planteatzea.

Halaber, ardatz estrategiko hauek eta kolektibo hauen jatorri eta egoera aniztasun zabala kontuan hartuta, bi une hartu behar ditugu aintzat migratzaileekin burutu beharreko lan politikoan:

• Euskal Herrira iristeko eta harrera egiteko unea.

• Gizarteratze eta bizikidetza unea, behin berton finkatuta.

Udal esparruan gure lana zuzenduko duen oinarrizko printzipioa honakoa da: Euskal Herriko toki eta nazio mailako erakundeen gaitasunaren defentsa, beste herrialde batzuetatik etorritako pertsonek eskubide guztiak era berean izan ditzaten, desberdintasuna egonez gero diskriminazio positiboa eta haien berezitasunen aitorpena subiranoki bermatzeko eta kudeatzeko, hori guztia Euskal Herri osoaren banakako eskubide eta kolektiboen kontra egin edo horiek ahuldu gabe. Ildo horretatik, baztertutzat jotzen ditugu gure herrialdera gerra eta errepresioa gauzatzera etorri diren pertsonak.

Era berean, beharrezkoa da ikuspegi politiko estrategiko horren ardatz gehienak ijito herriari aplikatzea.

Finean, udal esku-hartze politiko eta erakundezkoa migrazioen eta aniztasunaren esparruan, logika defentsiboak sorrarazita egotetik urrun, lehentasunezko esparrua ere izan behar da EHn bizi garen guztion eskubide berdintasuna, gizarte justizia eta gure herriaren subiranotasun nazionala irabazteko aliantza guneak sortzeko ildoan.

8.3. Migrazioan eta aniztasunean esku hartzeko politika.

Ekintza hauek zuzenduko dute udal esku-hartze politiko eta erakundezkoa migrazioen eta aniztasunaren esparruan.

8.3.1. Gasteizko errealitatearen ezagutza, informazioa, azterketa eta esku-hartzea ikuspegi nazional, oso, parte-hartzaile eta zehatzetik.

Page 35: Herri Programa euskaraz

8.3.1.1. Errealitate honen diagnosiaren lanketa bateratua.

8.3.1.2. Aniztasunaren Udal Batzorde bat abiaraztea, Gasteizko kolektibo migratzaile eta ijitoak, gizarte eta kultura eragileek, sindikatuek, eragile politikoek eta erakundeek osatuta, esku-hartze zehatzeko estrategia eta ekintzen eztabaida, lanketa eta aplikaziorako, hala nola eskubideen defentsarako eta horien urraketak salatzeko. Eskuduntza nagusiak hauek izango dira:

• Esku-hartze/bitartekotza jarraibide bateratuak ezartzea migrazioekin lotutako herritar gatazkak dauden hainbat egoeratan, esaterako, gazteria migratzailearen kriminalizatzea, guneak ghetto bihurtzea (auzoak, aisialdi guneak, ikastetxeak eta abarrak), gazte migratzaileen familia, gizarte eta kultura deserrotze jarrerak, tratu desberdin eta bidegabea eta abar.

• Udal zerbitzuak gainbegiratzea herritar guztiei tratu bera eta duina ematen zaiela bermatzeko, ahalegin ikertzailea bikoiztuta eta udal langileak migrazioetan eta kultura artekotasunean prestatuta.

• Aniztasunaren hiri espazioa orientatzea.

• Distantziak moztea administrazioen eta kolektibo migratzaileen artean.

• Emakumearen egoeraren inguruko jarduera/babes edo lege eta gizarte salaketa ildo koordinatu eta bateratua bilatzea.

• Euskal kultura, hizkuntza eta identitatearen erronka dagoen ingurunean kohesio soziala bilatzen lagunduko duten ekintzak diseinatzea, gure desberdintasunak, autonomia eta aliantza bateratua errespetutik elkarri aitortzeko.

• Dauden gizarte, hezkuntza eta kultura erakunde desberdinetan eta erakundeetan eta toki erakundearen erabakietan parte hartzeko eta kultura artekotasuna egoteko bitartekotza egitea.

Funtsezko helburu bat eta aurretik adierazitako guztiarekin lotuta dagoena da bereiziriko baliabideak mistoekin ordezkatuz joatea, lehenak erabat desagertu arte.

8.3.1.3. Udal politika guztiak esleitzeko plan baten diseinua eta ezarpena, modu zehatz eta zeharkakoan baliabideen esleipena jasoko duena. Esku-hartze eta dinamika horretan zehazki jasoko da, pertsona hauen jatorriaz eta lege, kultura eta gizarte egoeraz gain, emakumearen egoera.

8.3.1.4. Era berean, ondorio guztietarako eskubide guztiak bermatuko zaizkie Ipar Euskal Herritik datozen euskaldunei, Estatuen inposaketaren ondorioz atzerritartzat joak direnak.

8.3.1.5. Aniztasunaren dinamika eta hiri espazioaren sustapena jarraiki adierazten diren baliabideak zentralizatzeko; baliabide horiek zehatzak dira,

Page 36: Herri Programa euskaraz

horien hartzaileen ezaugarriak zehatzak direlako eta uste dugulako egun dauden udal baliabideekin ez direla eskaintzen ari:

• Orain arte Helduk eskaini duen moduko lege aholkularitza.

• Orientazioa hainbat esparrutan, esaterako, hezkuntzan, lanbide prestakuntzan, gazterian, osasunean eta abarrean.

• Lehen harrera barneratzaile eta solidarioa. Berehalako eratorpena gizarte larrialdietatik eta oinarrizko hainbat gizarte zerbitzutatik.

• Herritar gisa izaten diren eskubide eta betebehar guztien gaineko informazioa.

• Itzulpen eta interpretazio zerbitzua.

• Gasteizko gizarteari atzerritarrek egiten dioten gizarte, ekonomia, kultura… ekarpenari buruzko Informazio kanpainen sustapena, hala nola hedabideek hedaturiko mito eta estereotipoak eraisteko lana.

Funtsezko helburu bat eta aurretik adierazitako guztiarekin lotuta dagoena da bereiziriko baliabideak mistoekin ordezkatuz joatea, lehenak erabat desagertu arte.

8.3.2. Eskubide Politikoak eta Herritartasun Eskubideak

8.3.2.1. Irekitako konponbide politiko prozesuari eta erabakitzeko eskubidearen irizpideen lanketari dagokienez toki esparruetan zehazki parte hartzeko eskubidea

8.3.2.2. Egoitza eta Erroldatze eskubidea, eta horien gaineko Udalen gaitasun autonomo eta subiranoa, Estatuen eta gorputz polizialen esku-hartzerik gabe, hala nola datuen konfidentzialtasun, lege babes eta segurtasun fisikorako eskubideak. Ondorioz, joan-etorri askerako eta asilo eta babes eskubideak.

8.3.2.3. Boto eskubidea, Estatuek inposatzen duten legezko egoera alde batera utzita hautatzeko eta hautatua izatekoa.

8.3.2.4. Euskal nazionalitatearen aitorpen eskubidea, euren jatorrizko nazionalitateekin bateragarria.

8.3.2.5. Euren erakunde eta guneak izateko eskubidea, hala nola instituzio, gizarte, hezkuntza eta, kultura egitura desberdinetan eta Udalaren erabakietan zuzenean zein Aniztasunaren Udal Batzordearen bitartez sartzeko eta parte hartzeko eskubidea.

8.3.3. Eskubide Sozial eta Ekonomikoak

8.3.3.1. Gizarteratzea berdintasun eta aniztasun baldintza beretan modu bateratu eta zehatzean bermatuko duen lan, gizarte, ekonomia eta lurralde-antolamenduarekin lotutako berariazko harreman esparruaren babesean parte hartzeko eskubidea.

Page 37: Herri Programa euskaraz

8.3.3.2. Lan baldintza duinak izateko, sindikatzeko eta prestakuntza jasotzeko eskubideak. Egungo krisi ekonomikoaren testuinguruan, nahitaezkotzat jotzen dugu hezkuntza prestakuntzara bideraturiko baliabideen hedakuntza (euskara eta gaztelania eskolak, helduentzako prestakuntza…), lanbide eta gizarte prestakuntza/orientazioa eskuratzeko baldintzak malgututa. Era berean, beharrezkoa iruditzen zaigu babes instituzionala areagotzea 21 urtera arteko gazteei dagokienez.

8.3.3.3. Etxebizitza eskubidea eta pilaketaren edo espekulazioaren kontrako neurriak garatzeko eskubidea.

8.3.3.4. Gizarteratzeko prestazio, baliabide eta laguntzetarako eskubidea.

8.3.3.5. Osasun artapenerako eskubidea.

8.3.4. Identitate, Kultura eta Hizkuntz Eskubideak

8.3.4.1. Euskal identitatea eta kultura denok partekaturiko gune publiko gisa erabat bermatuko duen esparru subiranoaren lorpenean parte hartzeko eskubidea, hala nola norberaren identitatea aitortua izateko eskubidea.

8.3.4.2. Etorkin helduak kosterik gabeko euskalduntzeko eskubidea.

8.3.4.3. Etorkinen seme-alaben doako hezkuntza euskalduna jasotzeko eskubidea 0-3 urteko tartean eta oinarrizko eta erdiko mailetan euskalduntze prozesua bermatuko duten ikastetxeak izateko eskubidea.

8.3.4.4. Jatorrizko kultura, ama-hizkuntza eta sinesmenak mantentzeko eta euskal kultura ezagutzeko eskubidea.

8.3.4.5. Arrazismo eta xenofobiaren kontrako eta bizikidetza eta aniztasunaren aldeko politikaren lanketan parte hartzeko eskubidea.

8.3.5. Harremanak jatorrizko herri eta herrialdeekin

8.3.5.1. Euskal Herriaren nazioarteko harreman subiranoen dinamikan parte hartzeko eskubidea eta, bereziki, geure/euren jatorrizko herrialde eta herrietakoekin.

8.3.5.2. Bereziki etorkinen jatorrizko herrialdeekin elkarrekikotasunean oinarrituriko udalerriaren lankidetza politika abiarazi eta bertan parte hartzeko eskubidea.

8.3.5.3. Etorkinen jatorrizko herrialdeekin senidetzeko politikaren lanketa.

9. POLITIKA SOZIOEKONOMIKOA

Page 38: Herri Programa euskaraz

Nazio eraikuntza eta eraldaketa sozialaren estrategiak ildo propioa eskatzen du Gasteizko udalerriari dagokionez. Gure asmoa Euskal Herria behetik gora antolatzea bada, ezinbestekoa da gizartetik gertuena dagoen erakundetik hastea, koste ekonomikoak eta burokrazia gutxitu eta eraginkortasun soziala handitzeko. Are gehiago krisi ekonomiko larri baten erdian egonik. Gure baliabideak ahalik eta hobekien eta premiarik handiena dutenei begira kudeatu behar ditugu. Norabide horretan, parte hartzeko aukera eskasagoak dituzten sektoreekiko begirunea jorratu beharko da, baliabide eta bitarteko berezituak finkatze aldera.

Estrategia horretan Gasteizko Udalak demokraziaren oinarria eta abiapuntua izan behar du. Demokrazia parte-hartzailea sustatu, kudeaketa eraginkorra egiteko. eta gizarteari eskaintzen zaizkion zerbitzuen zati handi bat tokian tokiko erakundeen bitartez bultzatuak eta kontrolatuak izan beharko lirateke.

9.1 Zerga politika eta aurrekontuak.

9.1.1 Udal Finantzaketarako diru-iturri sendoagoak aldarrikatu

Behetik gorako erakundetze prozesua bultzatzen dugunez, udal administrazioaren eskumen eta baliabide ekonomiko handiagoak aldarrikatzen ditugu. Finantzabide ahalmen propiorik ez badago, ezinezkoa da goian aipatzen ditugun politika ekonomiko eta sozial zehatzak udalerritik aurrera eramatea. Zoritxarrez, Udalak ez dauka gutxieneko baliabide ekonomikorik, benetako politika ekonomikoa eta fiskala gauzatzeko. Mendekotasun izugarria du Foru Aldunditik transferitzen diren diru kopuruekiko. Egoera horren ondorioz, kudeatzen dituen zergek eta tasek ahalmen ekonomiko mugatua dute eta Arabako administrazioaren zain egon behar du urteko aurrekontuak orekatzeko. Ez hori bakarrik, Gasteizko Udalak lurzoruaren kudeaketa eta etxebizitza eraikuntzaren kudeaketa erabiltzen du errekurtso ekonomikoak lortzeko.

Udal Lege baten premia aldarrikatzen dugu, finantzaketa ereduaren oinarriak ezarriko dituena, egungo finantza eskasia zuzentzeko eta kontzertatuetako zergen kobraketan udalen parte-hartzea bermatzeko, beti ere dagokien eskumen mailaren arabera, baina kontuan hartuta eskumen maila hori gero eta handiagoa dela.

Finantzaketa nahikotasuna lurzoruaren udal kudeaketa espekulaziorako erabiltzeko joerari aurre egiteko faktore bat da.

9.1.2 Udaletik zerga eta tasa politika aurrerakoia eta birbanatzailea antolatu

Herrialde eta nazio instituzioetan aldarrikatzen dugun bezala, udaletan ere zerga politika aurrerakoia bultzatu behar dugu, baliabide ekonomiko gehiago dutenek gehiago ordaindu dezaten. Gastuak helburu izan behar du behar sozial eta ekonomikoak dituztenei laguntzea, auzo behartsuenak lehenestea eta euskara, kultura eta gure ehun ekonomikoa babestea.

9.1.3 Udal Aurrekontuak, ezkerrekoak, abertzaleak eta parte-hartzaileak

Page 39: Herri Programa euskaraz

Nazio eraikuntza eta eraldaketa soziala lehentasun gisa ezarri dugunez, perspektiba hori izango da garrantzitsuena aurrekontuak lantzerakoan hori.

Aurrekontuak herriaren beharrei erantzuna emateko diru banaketa egitea diren momentutik, horien osaketan herriak ahalik eta zuzenen parte hartzea nahitaezkoa da, eta Bildu Gasteizek horretan egin behar du lan. Talde antolatu, sektore eta gizarte mugimendu guztiak bultzatu behar ditugu, urte bakoitzerako euren behar eta aurreikuspenak adieraztera, eta horretarako, Bildu Gasteizko kideek bakoitzarekin egon behar dute.

Gure aurrekontu dinamika, ezin dugu oinarritu beste talde politikoei erantzutean, baizik eta gure hiriari begirako ildo politikoaren garapenean. Ezkertiar eta abertzale izaera nabarmendu behar da urteko udal tresnarik garrantzitsuenetarikoan.

Bestalde, politika integrala gauzatu ahal izateko, aurrekontuetan genero ikuspegiak bere lekua izan behar du. Horrek eskatzen du aurrekontu publikoen baitan kokaturik dauden politika publikoek emakume eta gizonengan duten eragina aztertzea.

Aurrekontu esleipen garrantzitsua dakarren edozein udal erabaki hartu aurretik, horren inpaktua hainbat ikuspuntutatik aztertzeko beharra dago:

- Generoa: aukera berdintasuna eta bazterkeria eza.

- Gizarte kohesioa: justizia soziala eta errentaren birbanaketa.

- Mugikortasun-hurbiltasuna: lurralde/espazio oreka zerbitzuak ematerakoan.

- Jasangarritasuna: ingurumenaren defentsa.

- Zorroztasuna: behar ez diren gehiegizko gastuak ekiditea.

9.2 Auzoetako ehun produktiboa eta komertziala sendotu eta enplegu duinaren aldeko Udal Batzordea antolatu.

Aipatu Batzordean arloko eragile sozial eta sindikal guztiek hartuko dute parte. Horren helburua enplegu duina sortzea eta banatzea izango da, gaur egun ekonomiako arlo gehienetan eragina duen langabeziari eta prekarietateari aurre eginda, bereziki epe luzeko langabetu, emakume, gazte eta etorkinen esparruak kontuan hartuta. Udal egituretan ere garapen ekonomiko osoaren alde jardungo gara, beti ere, eragile politiko, sozial eta sindikalekin batera lana eginez:

a.-Enplegu berriak eta finkoak sortu: Bereziki gaur egun ditugun behar sozialei aurre egiteko esparruetan: arlo soziala, osasun arloa, hirugarren adina, zainketa beharrak, ingurumena, hizkuntza, kultura eta aisialdia. Bereziki, prekarietatea eta diskriminazioa eragiten dituzten faktore guztiei aurre egingo zaie, eta kolektibo zehatzei (emakumeak, etorkinak, gazteak eta epe luzeko langabetuak) arreta berezitua eskainiko zaie.

Page 40: Herri Programa euskaraz

Emakumeen kolektiboari dagokionez, Gasteizko Udalak bitartekoak eskaini beharko ditu, pobreziaren mugatik behera kokatzen diren eta jada detektatuak dauden kolektiboentzat: familia monoparentaletako buru diren emakumeei, alargunei eta sexu indarkeriaren biktimei begirako neurri berezituak abiatu beharko lirateke. Helburua da autoaskitasun ekonomikoa izan dezatela eta dagozkien gizarte eta lan eskubideak bermatuak izan ditzatela.

Honekin batera, etxeko langileen kopurua eta horien lan baldintzak ezagutzeko bitartekoak finkatu beharko dira, ezkutuko lanaren ehuneko altuena duen sektorea baita.

Lanbide hezkuntzako zentroen irekiera bultzatuko dugu (ikaskuntza praktikoa eta ekintzailetza) lan munduan sartzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboen presentzia handiagoa den auzoetan.

b.- Merkataritza-gune handien neurri gabeko zabalpenak zigortuta dauden auzoetako merkataritza berpizteko agentzia bat sortu.

Auzoetan nekazaritzako produktuen salmenta zuzenerako baliatu daitezkeen guneak auzoetan sortzea, merkataritza zirkuitu hurbilak sustatzeko, merkataritza bestelako bitartekaritza bideek landa eremuetako biztanleen kaltetan sortutako balio erantsia bereganatzea.

c.- Udalerriko enpresen deslokalizazioak ekiditeko neurriak hartu. Horretarako ezinbestekoa da ganorazko arautegi egitea eta betearaztea.

- Enpresekiko hitzarmenak sustatuko dira, deslokalizazioak ekiditeko.

- Langileei lege laguntza emango zaie.

d.- Industrialdeak Gasteizko beharrak betetzeko bakarrik garatu. Bizi dugun krisi egoeran ekoizpen bilbearen defentsan eta eraikita dauden eta hutsik geratu diren industria pabiloiekin espekulazio operazioak ekiditean izan beharko dugu arreta.

e.- Udalerriko ehun produktiboan lan gaixotasunak eta istripuak desagerrarazteko eta lan osasun hobetzeko lan ildoak antolatu.

f.- Krisia deslokalizaziorako aitzakia gisa erabili nahi duten enpresarioei aurre egiteko jarrera izan behar du Udalak.

9.3 Udal administrazioko lan baldintzak hobetzeko eta bertan enplegua sortzeko proposamenak:

a.-Lan banaketa bultzatu. Nahiz eta azken urte hauetan lanaldia luzatzeko benetako erasoaldi baten aurrean egon, gure apustua izango da lortutako aurrerapenei eustea eta baldintzak dauden tokietan aurreratzea. Soilik horrela lortuko dugu, aldarrikatzen ditugun enplegu eta bizitza beharrak asetzea eta horiek denontzat, emakume zein gizonezkoentzat, bateragarriak izatea. Mekanismoak (EPE) abiarazi behar dira udal langileen bitartekotasunarekin amaitzeko.

Page 41: Herri Programa euskaraz

b.- Ordu estrarik ez. Gasteizko Udalean ez da ordu estrarik egingo eta emergentziazko edo ustekabeko egoerak direla-eta sartzen direnak denbora librearekin konpentsatuko dira. Ez dira inolaz ere ordainduko. c.- Enplegu-aniztasunari aurre egin. Udal langileen enplegu-aniztasuna debekatzea eskatzen dugu, baita udal lana beste edozein lan jarduera pribatuarekiko bateraezintasuna ezartzeko neurri egokiak hartzea ere.

d.- Lanaldi osoko enplegua bermatzen saiatuko gara, lanaldi osoa nahi dutenentzat, egun lanaldi partzialeko enpleguak ondorioztatzen duen prekarietateari aurre egiteko; are gehiago kontutan hartuta, lanaldi partzialeko enplegua feminizatua dagoela eta % 80 inguru suposatzen duela.

e.- Lan baldintza prekariorik ez. Prekarietateak eragiten dituen baldintzak askotarikoak dira, hori dela-eta; genero diskriminazioa azalarazteko eta ezabatzeko neurriak jarri behar dira .Halaber, ez dugu ABLEen bidezko inongo kontrataziorik onartuko, ezta zabor-kontraturik ere, eta arreta berezia eskainiko zaie diskriminazio gehien pairatzen duten kolektiboei: gazteak, etorkinak eta emakumeak.

Defizit publikoa murrizteko 8/2010 Dekretuan I. Kapituluaren aurrekontuaren % 5eko murrizketaren kontra gaude. Halaber, eta aipatu dekretua aplikatzeko bide gisa, bajen osagarrien murrizketaren kontra ere agertzen gara.

f.- Azpikontratazioaren erabilera murriztu. Ez da egiturazko jarduera iraunkorrik azpikontratatuko: ildo horretatik, gainera, modu planifikatuan pribatizatutako zerbitzuen berrikuspen planak burutuko dira.

Azpikontratatutako zerbitzuak berraztertuko dira eta ziurtatuko da legea betetzen dutela lan legeriari, lan arriskuen prebentzioari eta berdintasun kontuei dagokienez. Kontrol klausulak ezarriko dira baldintza-plegu guztietan.

Bitartekotasuna gehienez % 4koa izango da. Horretarako bi urtetik gorako programa planak sendotu egingo dira, Lanpostuen Zerrendaren zati bihurtuta. Enplegu Publikorako Eskaintzak aldiro eta osoki (hornikuntza, sustapena, EPE) egingo dira, eta bertan lanpostu huts guztiak aterako dira eta oinarriak sindikatuekin negoziatuko dira; gainera, sindikatuek instituzioan burututako hautapen prozesu osoan parte hartuko dute.

g.- Aurrejubilazioak bultzatu. Langileak 60 urterekin jubilatzeko benetako oinarri juridikoa lortzea planteatzen dugu. Bitartean, legeak eskaintzen dituen aukerak erabiltzea eskatzen dugu, beti ere langileekin akordio batera iritsi ondoren.

h.- Emakumeen lan merkaturatzea baldintza duinetan, eta ez modu diskriminatuan, eman dadin neurriak martxan jarriko dira, dagoen legeriaren aplikazio eragingarria (“Berdintasun Legea”, “IV. Berdintasun Plana”, “Berdintasunerako Udal Plana”) egitearren. Ildo horretatik, enplegua eta bizitza beharrak asetzeko neurri bateragarriak eta bitartekoak hartuko dira, emakume eta gizonezkoen aukera eta eskubideen berdintasuna oinarri. Ezin da gehiago luzatu Berdintasun Barne Plana egiteko eta Jarraipen Batzordea abiarazteko prozesua.

Page 42: Herri Programa euskaraz

i.- Lan gaixotasunak eta istripuak ekiditeko neurriak hartu. Horretarako ezinbestekoa da lan arriskuen kontrako arautegia behar bezala betetzea.

j.-Sexu jazarpena, ezkutuan ematen den erasoa da eta emakumezko langileengan eragin handia duena. Gasteizko Udalak oso larria den indarkeria adierazpen honi aurre egiteko protokolo bat izan behar du.

k.- Sindikatuek Funtzio Publikoaren eraikin berean egon behar dute. Egungo kokapenak sindikatuen kontrol lana eta lan horren eraginkortasuna zaildu egiten ditu.

l. Politikariak profesionalizatzeko eta buruzagitzak artifizialki sortzeko kontrolik gabeko joera mugatu. Azken urteotan zenbait alderdi politiko alkate eta zinegotzien profesionalizazioa bultzatzen ari dira, inongo kontrolik gabe, izugarrizko soldatak eta dietak kobratuta eta herriaren aldeko lan militantea de-sagertuta. Bildu Gasteizek lanean jarraituko du kargu publikoen lana herriaren aldeko lan militantean oinarritzeko eta soldata eta dieta izugarriak dituzten politiko profesionalen esparrua ahalik eta gehien mugatzeko. Kargu publikoen soldatak muga zehatza edukitzea sustatuko dugu.

9.4 Udalerriko enpresetan gertatzen diren lan istripu larriak salatu.

Udalari eskatuko diogu gertatutakoa argitzeko behar diren bitartekoak jartzeko, besteak beste, istripua gertatu den enpresako zuzendaritzarekin bilera bat eskatzea, istripuari buruzko informazio guztia eman dezan. Gainera, lan istripua argitzeko bide judiziala irekitzen bada, Udalari herri akusazio moduan aurkezteko beharra planteatuko zaio.

9.5 Nekazaritza eta abeltzaintza polítika sustatu.

Lehen sektorea, sektore txikia izan arren, lurraldea zaindu eta gestionatzeko funtsezkoa sektorea da. Horregatik, Udalak landa eremua hobetzeko lan positiboa egin behar du. Horretarako beharrezkoa da diru publikoaren zati bat gordetzea nekazaritza eta abeltzaintza arloei laguntzeko. Honek guztiak azpiegituretako inbertsioak eskatzen ditu, zuzeneko salmenta dendetan eta azoketan sustatzearren.

9.6 Merkataritza eta kontsumo arduratsua bultzatu.

Gasteizen merkataritzaren banaketa hobetzeko Udalak hartu beharreko neurriak planteatuko ditugu. Arrazoiak dira, besteak beste, kontsumitzaileen premiak udalerri barruan asetzea, merkataritzaren eraginkortasuna sustatzea, bertako ekonomia sailak elkarri lotzea eta merkataritza ekipamendua Gasteiz suspertzeko hirigintza tresnatzat erabiltzea. Era berean, merkataritza-gune handiek kalte izugarria eragiten diote gure merkataritza eta kontsumo ereduari eta horien garapena eta ugalketa oztopatzeko bitarteko guztiak erabiliko ditugu.

Kontsumitzaileei dagokienez, bai merkataritzako langileekiko, bai gizarte osoarekiko elkartasunezko jarrera har dezaten azpimarratu behar dugu, egiten ditugun erosketek enplegu alorrean, prezioetan, ekonomia ehunean eta gure

Page 43: Herri Programa euskaraz

etxeko ekonomian dirudiena baino askoz ere garrantzi handiagoa dutelako. Beraz, alor honetan funtsezkoa da Udaletik borroka ideologikoa egitea, kontsumitzaileek euren jokamoldearen eraginak barnera ditzaten. Besteak beste, aldarrikatu beharreko kontuak honakook dira: komertzio txikietan erostea, bertako produktuak aukeratzea eta ingurumenean ondorio positiboa duen kontsumoa praktikatzea.

Page 44: Herri Programa euskaraz

10. HIRIGINTZA

10.1. Egoera.

Azken hamarkadotan hainbat esparrutatik egindako ohartarazpenen gainetik, Gasteiz oso azkar aldatu da. Eraikuntza burbuilaren eta udal kudeaketa arduragabearen ondorioz, lurzoruaren espekulazioa eta etxebizitzaren oinarrizko eskubidearen garestitzea sustatu dira, hiria logikarik barik hazi da, bizitzako eremu guztiak ukitzen dituzten aldaketak sortuta. Bestetik, hiriaren garapena, azpiegitura nagusiak eta plan estrategikoak sistema neoliberalaren logikaren arabera garatzen ari dira, merkatuaren ustezko premia iragankorrei erantzuten ahaleginduta, kapitala eta turismoa erakartzeko inguruneko hiriekiko lehiakortasunaren baitan.

Hiriaren garapenaren merkataritzazko ikuspegi honek desoreka nabarmenak sortu ditu hiri barruan eta landa ingurunearekiko. Hurrengo legealdien erronka sortutako arazoak konpontzea izango da.

Horretarako, nahitaezkotzat jotzen dugu hiriaren eta horren etorkizunaren inguruko hausnarketa sakona egitea. Gasteizko errealitatea bere osotasunean eta bertako auzo eta herrien zehaztasunean aztertu behar da Hiri Antolamendurako Plan Nagusi berria egiteko, landa lursailari dagokionez metro karratu gehiagorik kontsumitu ezin dugulako premisatik abiatuta eta demokrazia parte-hartzaileko irizpideak aplikatuta, hiriaren garapena estrategikoki definitzearren eta kontrolik eta hiriko biztanleria errealitatearekin zuzeneko harremanik gabeko hazkundeak sorturiko eragozpen ugariak konpontzearren.

10.2. Irizpide orokorrak.

Betebehar honetarako, Bildu Gasteizek ezinbestekotzat jotzen du honako irizpideak kontuan hartzea:

• Hasteko, bukatu egin behar da ilunkerian eta gardentasun ezan oinarrituriko hiria egiteko egungo moduarekin. Enpresen eta erakunde paramunizipalen politikaren aurrean, nahitaezkotzat jotzen dugu hirigintzari dagokion kudeaketa Udalari eta bere sailei zuzenean itzultzea, horrek oposizioari eta herritarrei eskaintzen dizkien kontrol aukerak direla-eta.

• Gasteizek ezin du espekulazioan oinarrituriko hiri garapena izan. Eta, era berean, ezin da onartu dirua lortzeko baino ez jarraitzea eraikitzen, Udalak ezin ditu lurzoru baliabideak normal funtzionatzeko diru-sarrera iturritzat hartu. Praktika hau beti sozialki bidegabea izan bada ere, egungo krisi ekonomikoaren testuinguruan ezinezkoa da, gainera.

• Gasteiz beharrezkoa zena baino askoz gehiago hazi da, landa eremuko lursailak kontrolik gabe kontsumituta. Biztanleriari zegokionez ere, beharrezkoa zena baino askoz ere lur gehiago eraiki eta urbanizatu egin da. Egoera honek,

Page 45: Herri Programa euskaraz

higiezinen merkatuaren erortzearekin batera, milaka etxebizitza hutsik egotea eta urbanizaturiko lursail ugari abandonatuta egotea eragin du. Panorama honen konponbidea etorkizuneko erronkarik nagusienetakoa da.

• Etorkizuneko hiri garapena baliabideen optimizazioaren irizpidepean gauzatu behar da, dagoeneko eraikita dagoenaren birgaitzean eta berrerabiltzean oinarrituta.

• Gasteizek hiri segurua izan behar du bertan bizi garen guztiontzat, gizon zein emakumeentzat. Hiri segurua da bertako biztanleriari mugitzeko askatasun osoa ematen diona. Hiria denok seguru senti gaitezen eta erasoak jasateko ahalik eta arrisku txikiena egon dadin pentsatuta eta antolatuta egon behar da.

• Hiriko hainbat eremutan lurzoruaren erabilera okerra gertatzen da. Bada garaia Gasteizen etxebizitza sakabanatuen eraikuntzarekin bukatzeko, etxebizitza dentsitate handiak hiri morfologia atseginekin uztartzeko.

• Aurrekoaren ondorioz, Gasteizek bere landa eremuko lurzorua xahutu egin du. Gure jarrera Gasteiz landatarra mantentzearen aldekoa da. Landa lurzoruaren birsailkapenen kontra gaude. Administrazio Batzordeekin elkarlanean, kontzejuetako lurzoru urbanizagarria urbanizaezin bihurtzea planteatuko dugu.

• Gasteizen asko planifikatzen da, baina askotan planteamendua oso gaizki egiten da, ikuspegi estrategikorik gabe, bat-batean jardunda bezala. Beharrezkoa da Hiri Antolamendurako Plan Nagusi berri baterantz aurrera egiten hastea, hiriko eragileen eta biztanleriaren zuzeneko partaidetzarekin idatzia, argia eta, loteslea izango dena eta etengabe berrinterpretatuko ez dena.

• Auzo berrien plangintzan eta garapenean izandako gabeziek etorkizunean konpondu beharreko hainbat arazo sortu dituzte; erabilerarik gabeko edo pribatizaturiko berdeguneak, topaketa gune eza, hiribide erraldoiak autoen zerbitzura, gizarte jarduera eza, abandonaturiko lursailak, etxebizitza huts ugari…

• Finkaturiko auzoen zahartzeak birgaitze plan osoak behar ditu. Horiek hiriaren eta bertako auzoen gizarte eta ekonomiaren azterketatik abiatuta idatzi behar dira, herritarren eta gizarte eragileen nahitaezko partaidetzarekin, eta auzoak euren osotasunean jaso eta birgaitu ondorengo azken agertokia deskribatu behar dute.

• Egungo egoeraren aurrean, hiri barruari dagokionez gaizki komunikaturiko Gasteiz eskaintzen diguna, argi eta garbi egin behar dugu garraio eredu integratzailearen aldeko apustua, garraio publikoa eta intermodalitatea gailenduta.

• Azkenik, Gasteizek ez du iraganari bizkarra emanez berritzen den hiria izan behar. Gasteizek bere nortasunari eutsi behar dio, horretarako, besteak beste, eraikinen katalogazio politika argia baliatu behar da.

Page 46: Herri Programa euskaraz

10.3. Neurri zehatzak

Aurreko irizpide orokorrak dagoeneko hartzen ari garen edo epe motzera hartu beharko ditugun erabakiei aplikatu behar zaizkie, batik bat erronka estrategikoei, eta ildo horretatik, hauek dira gure zenbait jarrera:

• Egungo egoera ekonomikoak hirian aurreikusitako azpiegitura garrantzitsuen gaineko luzamendua planteatzera behartzen du: lurperatzea eta intermodala, BAI Center, Udaletxe berria, Kirol Jauregia…

• Luzamendu hori erabili behar da horien guztien gaineko parte-hartze eta informazio prozesua eta eztabaida publikoa garatzeko, etorkizunean horien garapena arriskuan jarriko ez duen gutxieneko adostasunetik abiatuta diseinatzeko.

• Gasteizko Udalak ez dio Abiadura Handiko Trenaren ezarpenari lagunduko.

• Bai borobila trena lurperatzeari, baina prozesu gardena izan dadin eskatuta, Udalak erakunde arteko presentzia erabakigarria eduki eta herritarrentzako partaidetza bideak ahalbidetu behar ditu libre utzitako lursailean egingo dena –baita lurperatu beharreko ibilbidea- diseinatu aurretik, geltoki intermodal funtzional bat egiteko, eta ez eraikin adierazgarria izateko helburuarekin. Gai honi dagokionez, nahitaezkoa da gizarte eztabaida.

Funtzio, ekonomia eta ingurumen kontu horiei erreparatuta, lurperatzea egungo ibilbidean zehar hiru fasetan egitea defendatzen dugu, eta Geltoki Intermodalaren kokapena RENFEren egungo geltokian egotea. Askaturiko lursaila erabili behar da lineako autobusen eta hiriko garraio publikoaren sarbide izateko.

• Berretsi egiten dugu Bai Center proiektuarekiko gure gaitzespena. Alferrikakoa eta hiriaren etorkizuna hipotekatuko duen ekonomikoki bideraezinezko proiektua izateaz gain, aurrez aurre egiten du talka Gasteizentzat defendatzen dugun kultur garapen ereduarekin.

• Udal bulegoak batzeko proposamenari dagokionez, gure proposamena azken legealdietan egindakoaren kontrakoa egitea da: Olagibel kaleko lehen etxadia lortzea eta bertan, Plaza Berriko egungo bulegoekin batera, udal zerbitzuak kokatzea.

• Gasteiz Antzokiaren proiektuaren garapena beharrezkotzat jotzen dugu Gasteizko kultur eskaintzaren eta mugimendu euskaltzalearen eragilea izateko. Uste dugu Espainiako Bankuaren egoitza, egun erabilerarik ez duena, kokapen ezin hobea dela proiektu honentzat.

• “Bizitzeko hiri bat, lan egiteko beste bat eta aisialdirako beste bat” edukitzeko beharra aldarrikatzen duen hirigintza eredu kaltegarriaren aurrean, alferrikako mugimenduak sortzen dituelako, eraginkortasunik gabeko eta jasanezinak diren energia eta baliabideak kontsumitzeaz gain, eredu trinkoaren aldeko apustua egiten dugu, giza garapenerako bakarrik nahitaezko lurzorua erabilita.

Page 47: Herri Programa euskaraz

Ondorioz, kontzejuen eta hiriko bizitoki periferikoen komunikazioak hobetuko ditugu, biztanleriarentzako komunikazio korridore atseginen sorkuntza uztartuta, eta aldi berean, bizitoki erabilerarekin bateragarriak diren jarduera industrial guztiei eutsiko diegu.

Honela, kontzejuen eta bizitoki periferikoen isolamendua jarduera industrialari eutsita gaindituko dugu, lurzoruaren okupazio masiboetara jo barik.

Era berean, garraio publiko eraginkorraren aldeko apustua egiten dugu, bai euren lanpostuetara doazen pertsonei, bai kontzejuetan eta bizitokietan bizi direnei zerbitzua emanda.

• Gasteiz landatarraren defentsa ezin da testigantzara mugatu. Zero birsailkapeneko politikarekin batera, neurriak hartu beharko dira egungo landa guneen biztanleria hazkundea ahalbidetzeko, horien kolonizazioa eta nortasun galera eragozteko eta Udaletik HAPNk berak LPPean ezarritako irizpideak gelditzeko eskainitako aukerak egikaritzeko.

• Hiriaren hegoaldea dela-eta, erabateko luzamendua defendatzen dugu hiriaren hazkundeari eta 17. sektorearen sailkapen ezari dagokienez. Gasteizko Mendietara hurbiltzen den erdiko eremu osoa bere horretan mantendu behar da, urbanizazio eta eraikuntza proiektuei zein eremuko errepide proiektuei (Ingurabidea, Saihesbidea) uko eginda.

• Gasteizko Udalaren laikotasunaren aldeko gure apustuarekin bat etorrita, Eliza beste edozein enpresa pribaturen parean jarri behar da. Ildo horretatik, udaletik eman nahi dakiokeen edozein tratu mesedegarriren kontra egongo gara.

Auzoei dagokienez,

• Alde Zaharraren birgaitze sozioekonomikoak lehen mailako lehentasuna izaten jarraitzen du. Ez gatoz bat Udalak Hiri Historikoaren Suspertze Osorako Agentziaren (ARICH) bidez aplikaturiko bitarteko eta moduekin. Berretsi egiten dugu Agentzia publikoak sortzearen kontrako gure jarrera, erabakiak hartzeko guneak herritarrengandik urrundu eta kudeaketari dagokionez ilunkerian jarduten duten heinean. Bestetik, auzoaren eta bertako biztanleen gabezia nagusiek erantzunik gabe jarraitzen dute, eta ildo horretatik, premiazko lehentasun gisa etxebizitzak eraberritzea eta horietarako irisgarritasuna hobetzea ezartzen dugu, nahitaezko hornidura publikoen hobekuntzaz eta sorkuntzaz gain, bereziki Osasun Zentroaren eta Ramon Bajo-Gasteiz Eskolaren egoera hobetzea, Landatxo gizarte etxearen hobekuntza eta hedakuntza eta kalitatezko liburutegi publiko baten sorkuntza.

Edonola ere, birgaitze prozesu oso hau modu irekian eta auzotarren eta auzoko kolektiboen, elkarteen eta sektore antolatuen partaidetzarekin garatu behar dela defendatzen dugu. Argi eta garbi gaude Udaletik garatu nahi litekeen edozein gentrifikazio prozesuren kontra.

Page 48: Herri Programa euskaraz

• 50, 60 eta 70eko hamarkadetako auzoek ere berrikuntza plan osoak behar dituzte. Ildo horretatik, Udalak planteaturiko Renove planen aurka gaude, ez baitiote gaiari eska daitekeen gutxieneko zorroztasunaz heltzen. Finkaturiko auzoen edozein birgaitze planek honako faseak kontuan hartuko dituen partaidetza prozesua behar du:

• Hiri osoaren eta zehazki auzoaren aurretiko soziologia, ekonomia eta hirigintza azterketa. Azterketa horretarako nahitaezkoa da gizarte eta auzo eragileen eta biztanleriaren zuzeneko parte-hartzea.

• Auzoko sektore antolatuekin batera, auzo osoaren hirigintzako birgaitze eta suspertze ekonomikorako lehen zirriborroa egitea, bereziki erreparatuta bertako gizarte ehunari eta merkataritza txikiaren sustapenari. Ezinbestekoa da auzoarentzat diseinaturiko azken agertokia jasotzea, hiri orografia, horren behin betiko dentsitatea eta horren eta beharrezko ekipamendu publikoen arteko oreka definituta.

• Informazio eta parte-hartze prozesuari ekitea, biztanleriaren ekarpenei irekia, plana behin betiko idatzi aurretik.

Ezaugarri hauek izango dituzten plan osoak egiteko esparru egokia Hiri Antolamendurako Plan Nagusi berria dela ulertzen dugu, bertan auzoentzako plan partzialak hiri ikuspegi osotik txerta baitaitezke.

Bildu Gasteiz auzoko sektore antolatuen eta auzokideen zuzeneko parte-hartzea kontuan hartuko ez duen edozein birgaitze eta suspertze planen kontra egongo da.

• Ildo beretik, aurreko Udal Gobernuak egindako berdentsifikazio planen kontra gaude. Uste dugu horrenbesteko eragina duten aldaketak ezin direla Hiri Antolamendurako Plan Nagusiaren berrazterketa partzialen bidez egin, baizik-eta haren berrazterketa orokorraren bidez, biztanleriaren parte-hartze prozesua derrigorrez abiarazita eta finkaturiko beste edozein auzotako baldintza beretan.

Edonola ere, xede bakar udal finantzazioa eta, onura orokorraren gainetik, sustatzaileen, eraikitzaileen eta finantza erakundeen interes ekonomikoak bultzatzea izango duen hirigintza araudiaren gaineko edozein aldaketaren kontra agertuko gara.

1 1. KONTZEJUAK (LANDA EREMUA)

11.1 Egoera orokorra.

Page 49: Herri Programa euskaraz

Gasteiz hiri bat baino gehiago da. Hiriak eta berau inguratzen duten eta berarekin batera bizi behar duten hirurogeita hamar herri txikik eratzen duten udalerria da.

Bildu Gasteizek uste du hiriko landa eremua babesteak izaera estrategikoa izan behar duela, gizarte, kultura eta ingurumen mailan betetzen duen papera dela-eta.

Azken urteotan Gasteizko udalerria osatzen duten herrien hazkunde desorekatuak aldaketa ekarri du, haien fisionomian zein bizimoduan ere. Udalaren kudeaketak alde batera uzten ditu herriak, kontzejuen eskumenak usurpatu nahian, eta batez ere, bertako biztanleen eskaerak eta nahiak entzuterakoan erabateko utzikeria agerian erakusten du.

11.2 Kontzejuak eta demokrazia parte-hartzailea.

Egoera hori aldatzeko lehenengo urratsa Kontzejuak onartzean datza:

• Lege eskuduntzak errespetatu behar dira eta bere eskuduntzakoak diren kontuetan Udalak ez ditu gutxietsi behar.

• Behar besteko giza, gauza eta diru laguntza izan behar dute, haien lana bermatu eta errazteko.

• Administrazio Batzarretako kideak hautetsi publiko gisa onartu behar ditu udal administrazioak.

Bildu Gasteizek defendatzen duen demokrazia parte-hartzailearen esparruan, Landa Eremuko Zinegotzigoa sortzea aldarrikatzen dugu, kontzejuei ondorengo eskubide hauek bermatzen zaizkiela zainduko duena:

• Landa eremuari eragiten dioten gaiak lantzen diren osoko bilkuretan, batzordeetan... parte hartzea, bai GKEren bidez, baita Administrazio Batzordeen bidez ere.

• Zinegotzigo horri ekimen orokorrak edo bereziak proposatzea. Proposamenak egiteko eskubidea nahitaez kontuan hartu beharko da eta publikoki erantzungo zaio.

• Kontzejuetan eragina izango duten ekimenak abiatzerakoan, eremua edozein dela-eta (hirigintza, mugikortasuna, zerbitzuak…), helburua beti izango da erabakia aldeen arteko adostasunez hartzea. GKEren bidez izango da ekimen horiek Kontzeju guztientzat izaera orokorra eta bateratua badute eta Administrazio Batzarren bidez ekimen horiek Kontzeju zehatzei eragiten badiete.

11.3 Neurri zehatzak.

• Hirigintza garapena: Kontzeju guztietan bermatu behar da herrian garatuko diren hirigintzako proiektuetan erabakia hartzeko eta horiek

Page 50: Herri Programa euskaraz

eztabaidatzeko aukera. Biztanleria hazkundea herrien garapenaren plangintza egiterakoan irizpide orokor gisa proposatzen dugu.

Plangintza herrien berezko fisionomia babesteko erabilgarria izan behar da, eta kontzejuak desitxuratuko dituen hirigintzako parametroak ezartzea ekidingo da.

• Garraio publikoa: garraio publikoa, linea erregularra edo "eskaeraren araberakoa”, Gasteizko herri guztiak barne hartuko dituena, zerbitzu egokiarekin eta Gasteizko hiriguneko baldintza ekonomiko berdinetan.

• Herrien barne konponketa: Landa eremuko hirigintza planetan Udalari egin beharreko % 10eko lagapenak herrientzako hobekuntzetan gauzatu behar da, eta gutxienez urtean bi edo hiru herri konpontzeko konpromiso formala egon beharko da

• Gas naturala: Benetako konpromisoa duen plangintza Gasteizko herri guztietara horniketa sarea iristeko.

11.4 Berezko bizitza duten kontzejuak.

Bildu Gasteizek uste du Landa Eremuko nekazaritza eta abeltzaintza jarduerak babestu beharreko ondarea direla, eta kontuan hartuta sektore hori orain dela urte asko egiturazko krisi sakonean murgilduta dagoela, sektore hori berpizteko neurriak hartzearen aldeko apustua egiten dugu, ahal den neurrian. Udalak sektore horretan eragina izateko benetako gaitasuna mugatua duela jakin badakigu ere, ondorengo neurri hauek proposatzen ditugu:

• Hiri Antolamendurako Plan Nagusi berria idazterakoan sektorearen iritziak entzun eta kontuan hartu behar dira. Laborantzarako lurrik onenen babesa bermatu behar da.

• Landa Eremuko zerbitzuen egokitasuna bermatzea (ura, zaborrak, garraioa...). Bestaldetik, gizarte zerbitzuei dagokienez, biztanleen beharrei erantzutea (osasun zerbitzu eta tratamenduak, adinekoentzako programak...).

• Udalaren jabetza diren basoen politika aldaketa: Inbentarioa egin (espezieak, adina, udalaren diru-sarrerak...) eta etorkizuneko landaketak aztertzea: mikorrizak eta hosto zabalekoak perretxikotarako, tokiko landareak, hainbat konifero saiakerak egiteko. Hau da, ekonomikoaz gain, bestelako balioak ere bermatzea, esaterako, aisia, paisaia, uraren eta lurraren kontserbazioa, ingurumena eta abar.

• Baso bideak egoera onean mantentzea eta sarbide egokiak bermatzea, pisten neurrigabeko eraikuntzak dakartzan arazoak kontuan hartuta.

• Baliabideak esleitzea nekazari guztientzako instalazio komunak eraikitzeko, baina beti ere haiek eskatzen dutenean: belarra lehortzeko

Page 51: Herri Programa euskaraz

sistemak, makineria, eraldaketa komunerako zentroak, salmenta guneak..., beti ere baserritarren eskaerak kontuan hartuta.

• Sektorearekiko jarrera positiboa sustatzea eta beren proiektuei lehentasuna ematea.

• Sektorearen kudeaketaren garrantzia baloratu behar da erabilera turistikoaren aurretik. Azpiegitura egokiak (edontziak, itxiturak...) bermatu behar dira, lur horietako erabiltzaileak baldintza egokietan lan egin ahal izateko. Benetako ahalegina egin behar da abeltzaintza eta kontserbazioa batzeko eta mendien kontserbazioan abeltzaintzak duen papera aitortzeko.

• Azokak berpiztearen aldeko apustua egin behar da, ekoizpenaren eta kontsumoaren arteko hurbileko harremanak bultzatzeko modu gisa. Azoka horietan baserritarrekiko diskriminazio positiboko jarrera egongo da birsaltzaileen aldean. Horretarako, saltzaileekiko merkataritza hitzarmena egitea defendatzen dugu. Hitzarmen horrek, alde batetik, zuzeneko salmentaren onurak gizartean txertatuko lituzke, eta bestetik, tokiko produktua ezagutarazten eta saltzen lagunduko luke.

• Herrietako produktuen salmenta eta kontsumoa denda txikietan eta jangeletan (eskolak, zahar-etxeak) sustatzea. Hurbileko eta kalitatezko produktuak kontsumitzeak dakartzan onuren aldeko kanpainak egitea. Lan berezitu egin daiteke eskoletan: jangeletan, nekazaritza hurbiltzea, herriak eta horien inguruneak ezagutaraztea... Beharrezkotzat jotzen ditugu egokitutako hezkuntza programak, hiriaren eta herrien arteko zubi-lana egingo dutenak. Jarduera zehatzak bizi garen lurra, geure ingurunea eta geure burua ezagutzeko.

• Udalak eskura dituen baliabideak eskaini behar ditu sektorearen zahartzeari eta gainbeherari aurre egiteko: lurrak lortzeko bitartekaritza, aholkularitza...

• Udalerrian nekazaritzak duen garrantzia (gizartean, paisaian, kulturan, ingurumenean...) baloratzea eta erakustea. Laborantzarako lurrak aitortzea (etengabeko okupazioaren aurrean), nekazaritzan jarduten duten pertsonen lana aitortzea, eta batez ere, emakume nekazarien lana aitortzea.

• Berdintasunaren Legean, emakume nekazarien paperaren eta nortasunaren trataera.

• Beharrezkotzat jotzen dugu udala aldizka nekazaritza sektorearekin biltzea eta erantzunak ematea haien beharrak entzun ostean.

Nolanahi ere, badakigu azken urteotan lehen sektore honetako krisiak eta higiezinen burbuilaren eraginak herri askotan bertakoen eta kanpokoen arteko korrelazioa aldatu dutela. Eta herriok etxebizitza eremu gisa bihurtu dira, nekazaritza eta abeltzaintza jardueratik gero eta urrunago.

Page 52: Herri Programa euskaraz

Kasu horietan herrikoa izateko sentimendua berreskuratu behar da, parte-hartze eta esku-hartze maila hobetze aldera. Kontzejuei beharrezko zerbitzuak (garraioa, kultura-eskaintza, haurtzaindegiak...) eman behar zaizkie, herrietako bizitza hobetzeko.

Gizarte eta ekonomia iraunkortasunerako neurriak bultzatuko ditugu, herriak eta euren baliabideak lana sortzeko motor bihurtuko dugu. Horretarako beharrezkoa da kontzejuen arteko lankidetza eta ekoherria kontzeptuaren sustapena.

Gure ustez kultura herrien bizitzaren elementu dinamizatzaile eta artikulatzailea da. Lurrari lotutako kulturaren aldeko apustua egiten dugu, gure tradizioei baina aldi berean etorkizunari begira.

Ildo horretatik, landa garapenerako kudeatzailearen figura sortzea defendatuko dugu. Figura horrekin, Landa Eremuko Zinegotzigoaren menpe egongo dena, aurretik aipaturiko helburuak dinamizatu beharko ditu eta ondorengo funtzio hauek bete:

• Joan-etorri bide gisa funtzionatzea, herriarekin zuzenean inplikatuta. Herriaren kezkak jasoko ditu eta dagokien foroan irtenbidea emango die.

• Auzolana kontzeptuan sakontzea, XXI. Mendeko beharretara egokituta.

• Erakunde desberdinetan eman daitezkeen laguntza ekonomikoak optimizatzea, horiek lortzeko laguntza eta aholkuak emanez.

• Guztientzako planak sortzeko herrien arteko lana sustatzea.

• Luberritzeei buruzko araudia berraztertzea, lurrarekiko lana ogibide bilakatu nahi duten auzokideek egiteko aukera izan dezaten eta pertsona horiei lursailen lagapena errazteko.

• Tokiko lehen sektorea babestea, jarduera garatzen jarraitu ahal izan dezan.

Page 53: Herri Programa euskaraz

12. INGURUMENA

12.1 Energía.

• Etxebizitzak eraikitzeko araudiari dagokionez, energia aurrezteko eta ekoizteko irizpide bioklimatikoak betetzearen inguruko kontrol zorrotza: isolamendua, orientazioa, lurzoru erradiatzaile bidezko berogailu geotermikoak, argiztapen eraginkorra, eguzkiko plaken ezarpena. Horrez gain, etxebizitzetan energia eraginkor baliatzeko egiten diren hobekuntzak sustatzea.

• Energia kontsumoa gutxitzeak dakartzan abantailei buruzko kontzientzia zabaltzea udal argitalpenen bidez.

• Gehien kutsatzen duten ibilgailuen gaineko zerga handitzea.

• Argi kutsadura saihesteko, beherantz argiztatzen duten eraginkortasun altuko farolak jartzea.

• Aztertu behar da industria guneetan eta eraiki gabeko gune urbanizatuetan argiztapena murrizteko aukera. Hala ere, holakoetan genero perspektiba kontuan hartu behar da gune arriskutsuak ez sortzeko.

• Gehienezko telefono antena kopurua arautzea eta mugatu erradiazio maila gorena 0,1 mikrowatio/cm2-tara mugatzea (ez dio eragiten zerbitzuaren kalitateari).

• Udal eraikuntzetan auditoria energetikoak egitea. Aldi berean, energia aurrezteko beharraz administrazioko langileak kontzientziatzea.

• Lan talde bat sortzea enpresei energia aurrezten laguntzeko eta, era berean, industria guneetan plaka fotovoltaikoak eta aerosorgailuak jartzeko aukera ikertzea.

• Plaka fotovoltaikoak jartzea posible den udal eraikuntza guztietan.

• Aztertzea plaka fotovoltaikoen bidez hidrogenoa ekoizteko aukera, hiri garraioan erregai gisa erabiltzeko.

• Udal eraikuntza berrietan energia geotermikoa erabiltzea hozte eta berotze sisteman. Erabilera hori egungo eraikuntzei dagokienez ere aztertzea.

• Garoñako Zentral Nuklearraren behin betiko itxiera aldarrikatzen dugu.

12.2 Ura.

• Hornidura sarea hobetzea, bereziki, herrietakoa, jariorik izan ez dadin.

• Holakorik ez duten herri guztietan araztegiak instalatzea eta mantentzeari buruzko Arandia bete dadin kontrol lanak garatzea.

• Enpresek egindako isurien gaineko kontrola aldiro burutzea.

• Ureztapen automatikoa kontrolatzeko mekanismoak ezartzea, euria egiten duen egunetan ez erabiltzeko.

• Jendeari irakastea udan belarra berde egotea ez dela ekologikoa.

Page 54: Herri Programa euskaraz

• Elurteetan gatz eta gatzunaren gehiegizko erabilera ekiditea, akuiferoei eragiten dien kaltea dela-eta.

• Uraren gehiegizko kontsumoa zigortzea parametro hauen arabera: etxebizitzan bizi den pertsona kopurua eta nekazaritzarako erabiltzen den edo ez.

• Ura aurrezteko eta euri urak biltzeko sistemen erabilera etxebizitza guztietan sustatzea. Aldi berean, eraikuntza berrietan holakoen ezarpena arautzea.

• Hirian iturri publikoetako sare bat osatzea eta egun dagoenaren kontrola eta jarraipena burutzea.

12.3 Nekazaritza eta abeltzaintza.

• Lur Banku publikoa sortzea, nekazaritza lurzorua erosita, modu ekologikoan elikagaiak ekoitzi nahi dituzten pertsonek lurrak izan ditzaten.

• Landa eremuko bide sarea hobetzea, baserritarren eskaerak aintzat hartuta.

• Herrietan hutsik dauden etxeak erostea eta birgaitzea, Administrazio Batzarrekin batera, sektorean lan egiteko prest daudenei alokatzeko.

12. 4 Garraioa eta mugikortasuna.

• Bizikletaren erabilera sustatzea bidegorri sare erabilgarri baten bidez. Bidegorririk gabeko kaleetan, errepideak bizikletak ibiltzeko egokitzea. Bizikletak alokatzeko sistema auzo guztietara zabaltzea.

• Mugikortasunaren Planaren baitan udalerriko herriak eta industria guneak txertatzea. Eskaeraren araberako garraioa ezartzeko aukera aztertzea.

• Udal automobil parkea berritzerakoan iraunkortasun irizpideak ezarriko dira.

12.5 Hondakinak.

• Zabor organikorako edukiontzia herri eta auzo guztietan ezartzea. Horrekin batera, sentsibilizazio kanpainak eta konpostatzeari buruzko ikastaroak emango dira.

• Administrazio Batzarrekin batera, konpostatze komunitarioko sistemen ezarpena aztertuko da.

• Legez kanpoko zabortegiak ixtea eta leheneratzea. Berririk agertu ez dadin zaintzea.

12.6 Bioaniztasuna.

• Udalaren eta nekazarien arteko batzorde bat eratzea igarobide ekologikoak sortzeko.

• Udalerriko ekosistema oparoak (Gasteizko Mendiak, Arrato, Badaia, Araka…) babestea organismo kolegiatuen bidez (Udala, Foru Aldundia, Batzar Administratiboak eta lurjabe partikularrak).

Page 55: Herri Programa euskaraz

• Arriskuan dauden espezieak berreskuratzeko programak burutzea.

12.7 Kontsumoa.

• Udalak kontsumo arduratsua bultzatuko du, eta ez du babestuko kontsumismoa sustatzen duen kanpainarik.

• Publizitateari buruzko udal ordenantza egitea.

• Merkataritza-guneetako irekiera ordutegiak murriztea, batez ere, merkataritza-gune handietakoak.

• Udalak, ahal den neurrian, bertako produktuak eta ahalik eta bilgarri txikienarekin erosiko ditu. Halaber, herritarrentzako kontzientziazio kanpainak burutuko ditu.

• Udal langileen gehienezko soldata (Alkatearena barne) 2.400 €-koa izatea. Aurreztutako diruarekin behar diren lanpostu berriak sortuko dira.

12.8 Animalientzako tratu etikoa.• Udalerrian animalientzako tratu etikoa bermatzen ez duen ekitaldi oro

debekatuko da.

• Gasteizko Udalak ez du diruz lagunduko, ez zuzenean, ez zeharka, animalien sufrimenduan oinarritutako ezein ekitaldirik, batez ere zezenketak.

• Gasteizko Udalak ez du permitituko bere instalakuntzetan animalien kontrako ekintza anker edota indarkeriazkoak burutzea eta kontrol zorrotza gauzatuko du udal txakurtegian holakoak ekiditeko.

Page 56: Herri Programa euskaraz

13. GAZTE POLITIKA

13.1 Sarrera.

- Bildu Gasteizek Gasteizko gazteriari, norbanako zein kolektibo aske gisa bizi eta garatzeko dagozkion eskubideen aitortza eta errespetua bermatuko ditu. Gazteriaren eskubideen defentsan indar aktiboa bilakatu behar gara.

- Gazteriaren autoaskitasuna eta autoantolaketa errespetatuz eta bultzatuz, Bildu Gasteizek instituzioak gazteriaren zerbitzura ere jartzeko erantzukizuna dauka.

- Bizitzako arlo guztietan gazteriaren emantzipazioa bultzatuko duten politika publikoak sustatu eta garatuko ditugu.

- Gazteriak berari dagozkion gaietan hitza eta erabakia izan behar ditu. Bildu Gasteizek euskal gazteon parte-hartze zuzena ahalbideratu behar du bizitzako esparru guztietan. Bide horretan, Bildu Gasteizen ildo eta ekinbideak gazteon behar eta eskubideen defentsari eta alternatiben garapenari ere erantzun behar die. Horren ondorioz, Bildu Gasteizek, gazteriari zuzendutako, politika ezkertiar eta abertzaleak martxan jarri behar ditu. Horrekin batera, Bildu Gasteizek, gazteriaren hitzaren eta erabakiaren defentsan, gazteriak sufritzen dituen arazoei aurre egiteko gazte plan eraginkor eta integralak bultzatu behar ditu.

13.2 Zeharkakotasuna estrategia hau bermatzeko, bizi baldintza duinak gazteentzat.

Zeharkakotasuna bermatzeko bitartekoak eta zubiak jarri beharko ditugu, arlo edo organo desberdinetan eragin ahal izateko.

13.2.1 Gazteriak etxebizitza izateko eskubidea

Egun, administrazioak bultzatzen duen politika higiezinen ekinbide pribatuaren esku dago, eskaintza eta eskariaren joko arauen arabera, eskubidea dena aberasteko tresna bilakatuta. Egoera honek sortzen duen problematika euskal gazteriarentzat arazo larria bilakatu da. Krisi ekonomikoarekin azken urte eta hilabeteetan erabat areagotu den arazo bat da. Gurasoen etxea uzteko ezintasuna eta bizi baldintzak zeharo mugatzen dituela kontutan izanik, lehentasunezko ildoa izan behar du. Gazte orok etxebizitza izateko eskubidea bermatzeko neurri eta planteamenduak garatzeko ardura hartu behar dugu.

Etxe hutsen kudeaketa. Bildu Gasteizek negozioan oinarritutako etxebizitzen eraikuntzari aurre egiteko, etxe hutsen kudeaketa egokia planteatu behar du, gazteriaren beharren araberakoa. Etxe hutsen poltsa sortu eta horiek alokairu merkean atera behar dira, besteak beste.

- Alokairu publikoa eta merkea. Etxebizitza parke publikoa bultzatzea. Bizi proiektua garatzea ahalbidetuko duen alokairu publikoen politika bermatu behar da, iraungitze data izango ez duen alokairuak sustatuta.

Page 57: Herri Programa euskaraz

- Alokairua Gasteiz osoan modu orekatuan eskaini beharreko zerbitzua izango du, gazteok bizi nahi dugun auzoa aukeratzeko modua izan dezagun. Auzoak bizirik mantentzeko bitarteko zuzena ikusten dugu, egun ia soilik sustatzen diren periferiako auzoen aldeko eskaintzaren aurrean.

- Gazte eraikuntza proiektuak abiatu, etxebizitzaren arazoari aurre egitearekin batera, gazteontzako lan ordaindua suposatuko duen dinamikaren bidez.

- Okupazioa, egun etxebizitza eskuratzeko ezintasunari aurre egiteko borroka tresna bezala ulertzen dute gazte askok. Bildu Gasteizek, aukera hau babestu egin behar du eta horrekin batera, okupazioaren despenalizazioa aldarrikatu ere egingo du. Etxe hutsen jabeen gaineko presio fiskala areagotuko duten neurriak sustatuko ditugu.

- Hutsik dauden etxebizitzen birgaitzea sustatuko da, alokairu publikoko etxebizitza parkean sartzearren.

13.2.2 Lan duinerako gazteriaren eskubidea

Egungo sistema produktiboa gazteon bizi baldintza prekarioak elikatzeaz gain, eredu kontsumista hutsean oinarrituta dago. Beraz, gazteriaren eta oro har Gasteizko beharrei erantzungo dien produkzioari balioa ematea ezinbesteko oinarri deritzogu, sistema kapitalistaren gurpil-zoro logika kontsumistatik ihes egiteko irtenbide gisa ulertzen duguna. Neoliberalismoak eragindako krisiak eta bide horretatik lan munduan emandako aldaketek gazteriari bi ondorio nagusi ekarri dizkiote: langabezia eta prekarietatea. Beraz, Bildu Gasteizen programak egoera horri erantzun behar dio.

- Gazteen langabeziari aurre egiteko plangintza zehatzak.

- Lan azpikontratazioa eta behin-behinekotasunarekin bukatzeko neurriak planteatzea.

- Pribatizazioak dakartzan ondorioen aurrean, zerbitzu publikoen aldarrikapena. Zerbitzu publiko horiek, era berean, prekarietatearen zama (lan ordutegiak, lan banaketa…) arintzea ahalbidetuko duten neurriak (protokoloa) egin eta burutuko dituzte.

- Gazteon lan baldintza duinen bidean etekin eta neurgailu produktibistetatik haratago, garapen komunitario eta pertsonala aintzat hartuko duten programak abiatzea. Gure eskubideen jabe izan gaitezen, lan munduari, laneko osasunari, autoenpleguari, lan segurtasunari buruzko prestakuntza ahalbidetzea.

- Lan txandakatuaren logika barneratzea.

- Lan arloa aukeratzeko baliabideak eskaintzea (lan merkatuak eskaintzen duenetik haratago).

- Asebetetze pertsonala lortzeari begirako proposamenak.

Page 58: Herri Programa euskaraz

- Udal zerbitzuen informazio egokia exijituko dugu: lan aholkularitza, lan poltsak, gazte ekintzaileak…

13.2.3 Euskara

Euskaldun gisa bizi nahi duenak, hizkuntza eta kultura eskubideen zapalkuntzarekin egiten du topo. Gasteizen euskararen berreskurapen osoa lortzeko euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatuko dituen hizkuntza politika eraginkorra garatzea baino ez dugu. Norabide horretan gazteon hizkuntza eskubide bermatuak ikusteko oinarrizko neurriak bultzatuko ditugu:

- Euskararen ezaguera bermatuko duen hezkuntza ereduen sustapena, euskara baztertu edo gutxiesten dituztenei aurre eginda.

- Udal ekimen eta jarduera orotan hizkuntza eskubidea bermatuko da, eta euskara lehenestearen aldeko jarrerak hartuko dira.

Gazteria izanik euskararen ezaguera maila altuena duen kolektiboa, ezaguera bermatuta dagoen eremuetan erabileraren aldeko ekimenak bultzatuko dira.

13.2.4 Feminismoa eta kultur eredu parekideak

Egunero eta eremu guztietan menpekotasunean oinarritzen diren sexuen arteko gizarte harremanak inposatzen dizkigu gizarte honek. Antolaketa ekonomikoa, eredu politiko, ideologiko eta kulturala… arlo guztiak harreman eredu zapaltzailetik eraikitzen dira, emakumeon oinarrizko eskubideak ukatuz eta gizasemea dena ulertzeko neurri bihurtuz.

Gazteok sustrai sendo honen ardatzean gaude, fenomeno honek gure bizitzako arlo guztiak eraikitzen dituelako.

- Gure identitatea eta gure gorputzak eraikitzeko markoak eratze bidean pausoak emango ditugu, sistema patriarkalak erreproduzitzen duen feminitate eta maskulinitate eredu bakarraren txertaketari aurre eginez. Norabide honetan doan kultur ereduak sortzeko konpromisoak hartzen ditu Bildu Gasteizek, parekidetasuna oinarri hartuta. Izan ere, iraultza pertsonala eta kolektiboa gauzatuz gero, sistema zalantzan jarri eta aldaketak eragiteko subjektuak gara.

- Egun instituzioek darabilten gezurrezko berdintasuna agerian utzi eta, feminismoa ardatz gisa hartuta, presentzia eta parte-hartze parekidea sustatuko dugu udal organoetan, baita hauetatik kanpoko egituretan ere.

- Eguneroko praktikan botere harremanekin apurtuta, harreman askeez oinarritutako gizarte egiturak sortu eta osatzeko konpromisoa hartzen dugu.

- Desberdintasunerako eskubidea (askatasun pertsonala, sexuala, bizikidetasunezkoa eta erlijiosoa) defendatuko dugu, horren inguruko jazarpen jarrerak salatuta.

13.2.5 Hezkuntza

Page 59: Herri Programa euskaraz

Herritar gisa jaso beharreko ezinbesteko hezkuntza bermatua edukitzea dugu oinarrizko eskubidea.

Neoliberalismoaren logikaren baitan lan mundura eta prekarietateta bideraturiko hezkuntza ereduaren baitan, curriculum eta pedagogia arloan pertsonaren neurrira eta ikuspegi komunitario batetik eraikitako ereduaren sustapena izango da hezkuntza proiektuan aurkezten zaigun erronka nagusia.

- Hezkuntzarako eskubidea. Administrazioak, gazteriak duen hezkuntzako eskubidea bermatzeko bitarteko eta tresna desberdinak eskaini behar ditu. Eskubide hau bermatu dadin, ikastetxeekin harreman zuzena mantendu behar du Udalak.

- Hezkuntzaren bidez euskaldundua izateko eta euskaraz ikasteko eskubidea, Bildu Gasteizek, herri ikastetxeetan egiten diren kontratazio guztiak euskaldunak izatea bermatu behar du: irakasleria, jantokietako langileak, atezainak, autobus zaindariak…

13.2.6 Ikasle eskubideen defentsa

Ikasleen eskubideen defentsa eta garapenerako neurriak hartzea:

- Ikastetxeetan antolatzeko, batzartzeko eta greba egiteko eskubidea. Gasteizko gazteen zati handi bat ikaslea da eta ikastetxea du bere bizitzako esparru nagusietariko bat. Ikasleek ikastetxeko erabakietan parte hartu behar dute eta horien hitza errespetatu behar dute ikastetxeko erabaki organo desberdinek.

- Horretarako, ikasleen antolakuntzarako ezinbesteko bitartekoak baimendu eta sustatu behar dira eta parte hartzeko bideak eskaini beharko zaizkio ikasleriari. Era berean, horren gauzapenerako beharrezko diren azpiegiturak eskura jarri beharko ditu ikastetxeak.

- Ikasleek eztabaidatu eta erabakiak hartzeko marko bat behar dute eta ikastetxeak marko hori bermatu beharko die. Ikasleek kolektibo berezitu bat osatzen dutenez, antolatu, adierazi eta erabakitzeko eskubidea bermatua izan behar dute ikastetxeetan. Beraz, Bildu Gasteizek, eskubide horren aldarrikapena eta defentsa egin behar du. Eskola kontseiluetan udalaren izenean aritzea tokatzen zaion zinegotziaren konpromisoa izango da parte hartze hori bermatzea.

- Udala hezkuntza proiektuaren planifikazioaren parte den heinean, marko horretan (eskolaz kanpoko jarduerak, udalekuak…) ikasleriaren partaidetza eta erabaki ahalmenaren berme izan beharko da.

13.2.7 Bizitza eredu, balio eta kultura askatzaileak sortu eta garatzeko gazteen eskubidea

Egungo gizarte eredu neoliberalak, bere biziraupenerako nahitaezkoa zaio gaztarotik merkatuaren beharren araberako bizitza ereduak (kontsumismoa, arrotza, indibidualismoa, ...) inposatzea. Honela, gazteon bizi baldintzak erabat mugatu eta merkatu gai bilakatu egiten ditu.

Page 60: Herri Programa euskaraz

Gure iparrorratza autogestioan sakontzeari begirako praktika izango da.

Beraz, Bildu Gasteizek berebiziko garrantzia duen lan eremu gisa kokatzen du.

- Autogestioaren bidez, aisialdia garatzeko zein aisialdirako jarduerak baldintza egokietan kudeatzeko eta eskaintzeko beharrezko baliabideak zein espazioak izateko eskubidea defendatu, bultzatu eta bermatzeko ekinbidea gauzatu behar dugu. Hau da, Bildu Gasteizek, gazteek kudeatutako espazioak, kontraprestaziorik gabekoak, aldarrikatu behar ditu. Gure auzoetan gazteek kudeatutako lokalak baditugu, arlo honetan betetzen duten paper garrantzitsuaz jabeturik, horiek babestu eta indartzeko ere lan egingo dugu.

- Era berean, Udalaren eskaintza gazteok kontsumitzaile planoan uzten gaituen heinean eta indibidualismoan oinarritutako eskaintza denez, balio kolektiboa indartuko duten praktikak bideratzen jarriko dugu indarra. Norbanakoaren aisialdia eta gozamena kolektiboaren bitartez burutzeko helburuarekin, aisialdi indibiduala sustatzen duten eskaintzak errefusatuko ditugu.

- Kalea gazteon berezko gune gisa barneratzeari begirako planifikazioa bultzatuko dugu. Aisialdia eremu pribatura erabat bideratuta aurkitzen da egun, kalea eta espazio publikoa harreman komunitariorako berezko gune izatea lortzeari begirako ekimenak abian jarriko ditugu (parkeak, kaleak, bankuak bizitza eremu gisa erabili…).

- Aisialdia eta euskara eskutik joango diren dinamikak modu naturalean gauzatuko ditu Bildu Gasteizek, gazteriaren artean aisialdia euskaraz burutu daitekeela praktikara eramateko.

13.2.8 Migrazioa

Etorkin gazteen egoera prekarietate sozial erabatekoan datza, eta egungo egoeran, integrazio ikuspegi batetik, bazterketari lotuta aurkitzen dugu.

- Bazterketa, kriminalizazio eta prekarizazioranzko joera ematen ari den bitartean, lan egingo dugu instituzio publikoek integrazioaren norabidean pauso eta mekanismo eraginkorrak eskaini ditzaten.

- Kultur aniztasunaren norabidean pausoak ematen ari badira ere, ezinbestekoa izango da guzti horiek integrazio politikekin uztartzea.

- Estereotipoak, baieztapen faltsuak eta esamesak apurtzeko ekintzak bultzatuko ditugu, zerbitzu publikoen inguruko informazio argia eta gardena gizarteari zuzenduta.

- Ikastetxeetan kultur aniztasunaren inguruko programak burutuko dira, bizikidetza sustatzeko.

13.2.9 Bizitzeko oinarrizko diru sarrerak eskuratzeko gazteriaren eskubidea. Gizarte Babeserako eskubidea

Page 61: Herri Programa euskaraz

Gazteriak gizarte babeserako eskubidea dauka, bizi kalitate duina izateko beharrezko elementuak eskuratzeko aukera. Egun bizi baldintza prekarioen ondorioz, gazteriaren beharrizan egoera handitu eta lehentasunezko lan arlo baten bilakatu egin da, beraz, irizpidea izan beharko da gazte orok eskubide sozialak integralki bermatua izatea.

Aberastasunaren banaketa erreala bermatzeko bidean eta bizi kalitate duin bat garatzeko, soldata sozial duina aldarrikatu eta bultzatuko dugu.

13. 2.10 Gazteriaren hitza eta erabakiaren defentsa

Egungo gizartean eta egitura instituzionaletan, gazteriaren hitzari ez zaio inolako jaramonik egiten. Gazteria erabakitzeko gune guztietatik kanpo dago eta mekanismo desberdinak erabiltzen dira, gazteria kolektibo gisa ukatua eta isildua izateko. Beraz, lehentasunezko ardatzetariko bat: izango da gazteon hitza eta erabakiaren defentsa. Egun gure herria zatitzen eta ezabatzen duen marko antidemokratiko eta inposatua gaindituta, gaurdanik biharko Euskal Herrian gazteriak izan behar duen lekua definituz eta garatuz joan behar dugu.

Gazteriak egun dauden instituzio desberdinetan parte hartzeko eskubidea du, bere hitza eta iritzia helarazi eta erabakietan parte hartzeko eskubidea aldarrikatu eta ahalbideratu behar du Bildu Gasteizek. Horrez gain, gazteriaren autoaskitasuna eta autoantolaketa errespetatuz eta bultzatuz, Udala gazteriaren zerbitzura jartzeko erantzukizuna daukagu.

Udalak gazteek euren kabuz hartzen dituzten erabakiak errespetatu behar ditu eta horrekin batera, aurrera atera nahi dituzten egitasmoak babesteaz gain, tresna eta bitarteko desberdinak eskaini behar dizkio gazteriari, egitasmo horiek gauzatzeko. Ildo horretatik, Udalak gazteriaren parte-hartze zuzena ahalbideratu eta gazteon eskubideak oinarri bezala hartzearekin batera, gazteriaren arazoei aterabidea emango dieten gazte plan integralak diseinatu eta praktikara eraman behar ditu.

• Gazte planak.

- Gazte planak, Udalak martxan jarritako egitasmoak izango dira. Gazteriak, bizi dituen arazo zehatzei aterabidea emateko, instituzioak eratutako tresnak izango dira, gazte politika paternalistetatik aldenduta eta gazteok indar aktibotzat hartuta, familia eta administrazio publikoekiko mendekotasunetik at.

- Gasteizko gazteriaren diagnostiko egitetik abiatuko dira. Gazteriaren errealitatea aintzat hartu behar dute.

- Gazteriak egin behar ditu. Hau da, gazteriaren parte-hartze zuzena ahalbidetu behar da.- Diagnostikoa oinarri bezala hartuta, gazteriak dituen arazo desberdinei aterabidea eman behar die. Plan integralak izango dira, eremu guztiak jorratuko dituztenak.

Page 62: Herri Programa euskaraz

- Gazteriarekiko komunikazio iraunkorra bermatzeko mekanismoak sortu behar dituzte.

- Gazteriaren autoaskitasuna eta autoantolaketa errespetatuz osatutako planak izan behar dira. Instituzioak gazteriaren zerbitzura ezarriz osatu behar dira plan horiek, eta irizpide nagusia izan behar da erabakitzeko gaitasuna gazteongan ezartzea. Abiarazitako politika ezkertiar eta abertzalearen barruan kokatu behar dira.

Page 63: Herri Programa euskaraz

1 4. SEXU ANIZTASUNA

14.1 Sarrera.

Sexu askapenaren mugimendua etengabeko borroka hausle eta iraultzaileak ezaugarritzen du, horrela izan da 1969ko Stonewalleko gertakizunetik 2011ko Euskal Herrira arte. Uste dugu, legezko neurriez harago, funtsezkoa dela gizartea eraldatzeko lana egitea, pertsona guztien eskubideak bermatzeko euren sexu orientazioaren edo genero identitatearen gainetik.

Gizarte heteropatriarkalak heterosexualak ez diren pertsonak daudela ezkutatu du. LGTBIQ kolektiboa (lesbianak, gayak, transexualak, trabestiak, transgeneroak, bisexualak, intersexualak, queerrak…) ezkutatzea kolektibo horien aurkako eraso larrienetakoa da, existitu egiten direla ukatzea euren eskubideak ukatzea ere badelako, baita haien kontrako erasoak ezkutatzea ere, belaunaldiak eta belaunaldiak euren nahien, gozamenaren eta sexualitatearen klandestinitatera kondenatzeaz gain. Ikusgaitasuna da programa honen abiapuntua, eta horren gainean planteatzen ditugu aurrerago egiten ditugun proposamen zehatzak.

Sexu orientazioarekiko edo genero identitatearekiko fobiak ezkutuan daude euskal gizartean eta Gasteizkoan, beharrezkoa da homofobia, lesbofobia eta transfobia erauztea, eta horretarako hezkuntza ez-heterosexista sustatu eta eskoletako bulling homofobikoari aurre egin behar diogu, sistema heteropatriarkala desmuntatu eta nahiak ikusgai egin.

Lan egin nahi dugu transexualen lan eskubidea bermatzeko, lan baldintza duinetan, eta sexu orientazio eta genero identitate arrazoiengatik lan esparruan diskriminaziorik gerta ez dadin.

Bildu Gasteizek heterosexista izango ez den Gasteizen alde lan egiteko apustua egiten du, gure sexualtasunaren subjektu aktiboak eta autonomoak izateko eskubidea defendatzen du, baita gure eskubide ororekin bizitzekoa ere, gure sexu orientazioa edo genero identitatea edozein izanda ere.

14.2 Neurri zehatzak.

• Gasteizko LGTBIQ kolektiboaren errealitatearen gaineko azterketak egingo dituen bazterkeriaren kontrako behatokia sortzea, lan munduan, hezkuntzan… diskriminazio guneak detektatzeko, horrela eraso edo diskriminazio motaren bat jasaten ari diren edo jasan duten pertsonei lagundu eta esparru juridikoan aholkua eman ahal izateko (kasu hauetan Udala salatzaile partikular gisa aurkeztuko da); gainera, euren jatorrizko herrialdean sexu orientazio edo genero identitateagatik jazarriak izan daitezkeen etorkinei laguntza emateko aukera ere jasoko da bertan.

Behatoki honek, era berean, udal jarduerarako aholkularitza gisa ere balioko luke, LGTBIQ mugimenduaren dokumentazio artxibo izateaz gain. Zerbitzu honek Gasteizko LGTBIQ kolektibo desberdinen parte-hartzea izan beharko luke bertan.

Page 64: Herri Programa euskaraz

• Sexu askatasunari dagozkion kanpainak gailendu, hala nahi duten LGTBIQ kolektiboen laguntzarekin, merkataritzako ekimen arrosen aurrean. Merkataritza arrosak solidarioa ez den kolektibo eredu bat saltzen du, kontsumista, aberatsa… Ez errealitateari, ez geure apustua den ereduari erantzuten ez diona. Ez ditugu nahi enpresa handiak aldarrikatzeko guneetan, ezta kolektibo kontsumista baten aldeko apustua egiten duen gezurrezko hiri eredua saldu nahi duten udal proiektuak.

Horren aurrean kanpainetan lan egingo dugu, Gasteizko LGTBIQ kolektiboekin batera, lesbiana, gay, transexual, trabesti, transgenero, intersexual, bisexual, queerren ikusgaitasuna sustatzeko, euren eskubideen urraketak salatzeko, sexu osasunari buruzko kanpainak jorratzeko…

• Ezinbestekoa ez den udal izapideetan generoa zehaztu nahi ez duten pertsona horien aukera errespetatzea, arrazoia edozein dela ere. Uste dugu generoa aipatzea ez dela nahitaezkoa zenbait kasutan.

• Ez finantzatzea eta babestea homofobia, lesbofobia eta transfobia sustatzen dituzten erakunde edo elkarteen programak, heterosexualak ez diren edo araututa ez dauden harreman ereduak aukeratzen dituzten pertsonekiko gorrotoa eta erasoa sustatzen duten erakunde edo elkarteak erauzteko eta horiei guneak ekiditeko helburuarekin.

• LGTBIQ kolektiboen jarduerak eta ekimenak babestea. LGTBIQ kolektiboen eskari eta beharrei begira egitea lan beti, hertsiki lan egitea ere, haien jarduerarekiko erabat adeitsua izanda.

• Bozeramaile eta kargu publikoen ikusgaitasun lesbikoa, transexuala, transgeneroa, trabestia, intersexuala, bisexuala, queerra… lantzea. Gure herrialdeko bizitza politiko, sozial eta kulturalean parte hartzen duen kolektibo oso bat dagoela ezkutatzea eta ukatzea berezko homofobia, lesbofobia eta transfobia maila bat da. Gaitz hau borrokatzeko modurik onena da auzokideen aurrean geure benetako sexu orientazioarekin edo genero identitatearekin aurkeztea da.

• Aldagela pribatuak auzo etxe eta kiroldegietan. Aldagela pribatuak jartzea emakumeen eta gizonen aldageletan, hala nahi duten pertsonei horiek erabiltzeko aukera emateko euren intimitatea babestu eta eraso transfobikoak ekiditearren.

• LGTBIQ gaiak izango dituen atala sortzea udal liburutegi guztietan, ikasi, arlo politikoan prestatu, aisialdia eman… ahal izateko. Beharrezkoa da LGTBIQ gaiak jasotzen dituzten liburuak eskura izatea, gainera, atal hori egotea garrantzitsua da LGTBIQ kolektiboaren ikusgaitasunari eta onarpenari dagokienez.

• Osasun arloan erakunde eskudunei eskatzea transexualitatea buruko gaixotasuntzat jotzeari uzteko. Transexualitatea buruko gaixotasuntzat jotzeari uztearen alde gaude, osasun publikoan estaldura osoa izan dezan, osasun artapena eredu despatologizatzailearen aldekoa izango dena eta transexualei gorputza aldatzeko prozesuen gainean erabakitzeko eskubidea emango diena.

Page 65: Herri Programa euskaraz

15. OROIMEN HISTORIKOA

15.1. Sarrera.

Bildu Gasteizen ustez beharrezkoa da frankismoaren biktimen elkarteen eta esparru honetan diharduten kolektiboen ordezkariek eraturiko lan talde bat sortzea, bertako historialari eta ikertzaileekin koordinatuta, parte hartu nahi duten talde politiko, gizarte eragileen eta sindikatuetako ordezkariekin batera. Lan talde horren helburua Gasteizko eremuan Oroimen Historikoa berreskuratzeko neurri zehatzak sustatzea eta horien betetzeko jarraipena egitea litzateke.

15.2. Izen guztiak.

Gasteizko errepresio frankistaren errolda oso eta ofizial bat egitea: erailak, desagertuak, kartzelatuak, zigortuak…

15.3. Sinbologia frankista eta kale-izendegia.

Oraindik hirian dirauen sinbologia frankistaren errolda bat egitea, diktaduraren aztarna horien etorkizunaren inguruko erabakia hartzeko lanaren euskarri izango den dokumentua: desagerraraztea, gune publikotik kentzea, Errepresio frankistaren museora eramatea edo bertan seinaleztatzea. Kale-izendegiaren berrazterketa eta diktadurako kargu eta agintariekin lotutako nomenklatura (alkateak, apezpikuak, militarrak…) izu frankistaren biktimen izenekin ordezkatu.

Oroimenaren lekuak

Gasteizen oroimenaren lekuak seinaleztatzeko plana, Arabako hiriburuko errepresio frankista jakinarazteko eta salatzeko, kenduko ez diren lekuen edo sinbologia frankistaren jatorriaren, testuinguruaren eta esanahiaren inguruko azalpen euskarriak kokatuta lekuetan bertan. Seinaleztaturiko leku guztiek Gasteizko oroimenean zeharreko hiri ibilbidea osatuko lukete, 1936ko matxinada militarraren eta diktaduraren ondoren zabaldutako errepresioa azalduko lukeena. Esaterako:

• Santa Isabel hilerriko atzeko horma (fusilamendu-horma).

• Bake kaleko probintzia-presondegia (ehunka preso politiko kartzelatuta 1936ko estatu kolpearen ondoren, asko erailak).

• Karmen eliza (presondegi frankista bihurtua).

• Jesusen Bihotza ikastetxea (emakumeentzako kartzela frankismoaren lehen urteetan zehar).

Page 66: Herri Programa euskaraz

• Olarizuko Gurutzea (Gasteizko Misio Santuak 1951n jarria, diktadurak nazional-katolizismoaren aldeko doktrinamenduaren adibidea, oinarrian 1936ko gerran hildako talde kolpistako elizgizonen izenak dituena).

• Katedral Berria (ezkutu frankista handia, Francok 1969an inauguraturiko tenplua).

• Zaramagako San Frantzisko Asiskoaren eliza (1976ko sarraskiaren agertokia).

• (…)

15.4. Oroimen historikoaren interpretazio zentroa – Gasteizko errepresio frankistaren museoa.

Kokapena Martxoaren 3ko plazan, San Frantzisko Asiskoaren elizan edo inguruneetan. Erakusketak, hitzaldiak, jardunaldiak, proiekzioak… egiteko erreferentziazko zentroa. Errepresio frankistaren fase desberdinen eta bilakaeraren inguruko museo iraunkorra; bereziki 1976ko greba mugimenduari eta martxoaren 3 hartan langileen asanbladaren kontrako jarduera errepresibo kriminalari eskainitako gune batekin.

Page 67: Herri Programa euskaraz

16. KIROLA

Kirol jarduera, lehia mundutik harago, osasun, aisialdi eta herritarren arteko harremanetarako iturri bada. Finean, ongizatearen beste osagai bat da, honako ekimen hauen bidez bermatu beharrekoa:

o Tarifak erabiltzaileen errenta mailari egokitu behar zaizkio, arreta berezia eskainita langabezian dauden pertsonei.

o Emakumezkoen kirola erakustea eta sustatzea, bai amateur mailan, bai profesional mailan, batez ere oso maskulinizatutako sektoreetan.

o Eskola kirola eta hirugarren adinekoena sustatzea.

o Ikastetxeak eraikitzea herritarrek eskola ordutegitik kanpo ere bertako instalakuntzak erabili ahal izateko.

o Herri kirolak sustatzea eta aintzat hartzea, baita ikastetxeetan sarraraztea ere.

o Kirol egiteko doako esparru irekiak sustatzea.