Gerra txikia-Lander Garro

16
Gerra txikia LANDER GARRO Literatur solasaldiak Errenteria, 2016 / 01 / 18 http://liburutegiak.blog.euskadi.net/errenterialiburutegia/

description

 

Transcript of Gerra txikia-Lander Garro

Page 1: Gerra txikia-Lander Garro

Gerratxikia

LANDER GARRO

Literatur solasaldiak

Errenteria, 2016 / 01 / 18

http://liburutegiak.blog.euskadi.net/errenterialiburutegia/

Page 2: Gerra txikia-Lander Garro

Lander Garro

1975ean jaio zen, Donostian, eta Orereta-Errenterian bizi izan zen 2007an Hendaiara lekualdatu zen arte. Argazkigintza ikasketak egin

zituen Donostian eta Bartzelonan, baina betitik izan du gustuko irakurtzea eta idaztea, eta bi jardunak, idaztea eta argazkiak egiteaelkartu zituen Oarsoaldeko Hitza egunkarian (2003-2006). Han jardun zuen hiru urtez, eta, geroago, urtebete egin zuen On aldizkaria koordinatzen. 2007 urtean Horrelakoa da bizitza saioan gidoilari aritzeko deitu zioten, eta orduztik telebistarako jardun izandu, gidoilari eta zuzendari lanetan: Sautrela-n, Tumatxak-en eta Soinu ehiztaria-n, besteak beste.Idazle gisa 2004ean argitaratu zuen lehen liburua, narrazio laburren liburua izan zena eta Jaka beketako bati esker idatzi zuena: Orain galdera berriak ditut. Geroago hainbat liburu kolektibotan parte hartu zuen, hala nola, Lehen aldia, Adiskide maitea, Uda edota Haginetako mina. 2011ean argitaratu zuen berebigarren liburua, lehen nobela izango zena, Kontrarioa, eta handik hiru urtera argitaratu zuen hirugarrena, Gerra txikia.

Page 3: Gerra txikia-Lander Garro

Bitartean, Ez merkeenak bai onenak euskarazko publizitate iragarkien bilduma osatu zuen, eta Albert Sanchez Piñolen La pell freda liburua itzuli (Larrua hotz, Txalaparta, 2009).Argazkigintzan lan ugari egin du, bai erreportari eta bai sortzaile gisa. Diskoetako eta liburuetako azal ugari egin ditu, web honetan bertan ikus daitezkeenak.Bideo-sortzaile gisa film-laburrak, espotak edota bideo-klipak egin ditu azken urteotan. Horietako asko ere ikusi ditzakezue web honetan.

Argitalpenak

Narrazioa:

•Orain galdera berriak ditut. 2004, Txalaparta•Lehenengo aldia (egile asko) 2004, Txalaparta•Adiskide maitea (egile asko) 2005, Txalaparta•Haginetako mina (egile asko) 2008, Txalaparta

Saiakera:

•Ez merkeenak! Bai onenak! (2006, Alberdania)

Nobela:

•Kontrarioa (2010, Susa)•Gerra txikia (2014, Susa

http://landergarro.net/

Page 4: Gerra txikia-Lander Garro

Gerra txikia

Errefuxiatua da Xabi Ugarteren aita. Hiru

seme-alabak trenean sartu ditu amak

1983ko urriko goiz batean eta, muga

igaroz, aitarengana joan dira Hendaiara,

zalantzez beteta, ohiz besteko lekuan bizi

beharko dutelako aurrerantzean, baina

oraindik ohartu gabe gerra giroa datorrela

etxeraino. GAL garaia da, zelatan daude

mertzenarioak, eta laster gertatuko dira

atentatuak, hilketak, atxiloketak,

deportazioak... Haur izatearen

xalotasunak, ordea, munduari begiratzeko aldarte berezia ematen

dio Xabi txikiari, eta une zailenetan ere beti saiatzen da atsegin edo

probetxuren bat topatzen: lagun berriak, hondartzako egunak,

etxera datozen iheslariak, Tour-eko karrera, lehen musua.

http://www.elkar.eus/es/liburu_fitxa/gerra­txikia/garro­lander/9788492468584

Page 5: Gerra txikia-Lander Garro

Kritikak

Amets galduen zirimolan

Mikel Asurmendi / Berria, 2014-06-22

Oreretako Pontika auzoan girotu zuen Lander Garrok Kontrarioa nobela, Raul Oliveira protagonista alter ego-a zuela. Bere nerabe-gaztaroa narratu zuen hartan, garaiko eskola porrota izan zuen leitmotiva. Denboran atzera egin du idazleak. Oreretako errenteriarrak bere haur-nerabezaroa birsortu du, eta Orereta eta Hendaia artean gauzatu bigarren nobela.

Gerra txikia Ugarte familiaren istorioa da funtsean. Xabi haurra da protagonista —Lander haurraren alter ego-a, naski—, eta berarekin Gotzon anaia, Nagore arreba eta Mari Karmen ama. Aita ere bai, baina hau bestalde dabil, noraezean, txori errarien ariora.

Saldoko burua nora, haren hegalpekoak hara: Bestaldera. Horra familiaren patua!

Ugartetarrak herrian nagusi izateko borrokan ari dira, alabaina, halabeharrak maizter errariak bihurrarazi ditu gauetik biharamunera. Estatu bateko errentariak zirenak beste estatu bateko alogerekoak bilakatu dira. Ugartetarrak uharteak bihurtu dira Bidasoaz bestaldeko itsas zirimolan. Oreretako zurrunbilo

Page 6: Gerra txikia-Lander Garro

borrokatsu eta alaitsutik Hendaiako “lasaitasun tristean” bizitzera iragan dira, Pontikatik Orio auzora.

Haurrek Bestaldera joanik, étranger eta extraño hitzak kidekoak direla ikasi beharko dute. Arraroa, arrotzak eta erbesteratuak dira euren —haurren— aberrian. Klandestinoa sasitarra dela jakiteko solitudea ezagutu beharko dute. Andoni anaia miresten du Xabik, eta horren “frantsesek maitasun kontuetan asko dakite, baina gerra kontuetan batere ez” izan duestreinako ikaspena. Ikasle eskasa da Xabi. Amarengan bilatzendu eskas ere duen maitasuna. Halaber, inoiz inor izanen bada Xabik aita “hil beharra dauka”.

Haur-nerabeon abenturak —eta malurak— GAL fenomenoarengaraian girotuta daude. Txomin iheslariaren hilketak bizitza osorako markatuko du Xabi. Gerra txikia haurren gerren isla da oroz gainetik. Haurren gerrak baina, helduen gerrak bilakatzen dira etorkizun sumaezinean. Ugarte familiako txikienak perurenatarrak daramatza gomutan bizitza osorako. Perurenatarrak, baina, ez dira fikziozkoak garrotarren irudimenean.

Fikziozko Maider benetakoa Argi izan daiteke. Fikziozko Oihana izan liteke Garazi edo Ilazki. Blanki, ordea, Maite da ezinbestez. Zoritxarrez, baina, iragana etorkizun garratzari begira eraikitako orain hitsa ez beste da. Landerren maitea

Page 7: Gerra txikia-Lander Garro

parafraseatuz —Maite irudimenean—, neronek hala esango niokeBlankiri: “Tristea dun gerra, maitea, eta ez gudarientzat soilik”.

Gerra txikia Xabiren haurtasun galdu-tik kontatua dago. Lengoaiari dagokionez, nerabe batek uler dezakeen heinean gauzatua. Horren ostean, Kontrarioa nobelaren ildoan, biziro desio dut nobelagileak Landerren helduaroaren Helduen gerra narratzea etorkizunean. Fikziozko trilogia ederra litzateke herri honetako memoria zertzen laguntzeko.

Agian, errealitatea hain krudela ez balitz, fikzioak ez luke horren itzal gaiztorik hedatuko. Agian, Garroren nobelako haur-nerabeek “Gu gara pailazo hiltzaileak Euskadin sortuak jarraitzeko borrokan” ahapaldia bestera abestuko dute etorkizunean. Agian, Gerra txikia liburuko azalaren haur horiexekdira oraina —zeru urdinpean, jostetan alai—, iragana hausnartutako etorkizunaren oraina. Agian, Urruñako Pausu auzoan hasiak dira zertzen iraganeko amets gaizto galduen ordezko amets bete gabeak. Araiz eta oxala! Ene irakaspena: “Euskaldunok gerra asko bizi izan dugu, baina maitasunean eskas gabiltza”.http://kritikak.armiarma.eus/?p=6184

Page 8: Gerra txikia-Lander Garro

Elkarrizketa

Lander Garro, idazlea: «gerra bizitakoen seme-alaben bizitzan jarri dut lupa»

Gerra txikia du izena Lander Garroren (Errenteria­Orereta, 1975)bigarren eleberriak (Susa, 2014). Euskal Herriko gatazka politikoa du

ardatz, eta bando bateko hildakoen eta inguruan daudenenkontakizunaren hutsunea betetzen hasi nahi du Garrok.

Erik Gartzia, Eka 30, 2014

Txikia den gerrarik ba al da?Gerra txikia ez da existitzen. Inperialistek sortutako eufemismo bat da. Azkenean, estatu handi eta kolonialistek erabiltzen dute, ez esateagatik ‘gerran gaude, baina ez dugu aitortu nahi gerran gaudela’. Arerioa nahikoa ez denean kalte handiak eragiteko, egurra ematen zaio eta gainera esaten zaio, ‘aizu, hemen ez dagogerrarik’.

Ustez ez dagoen gerra hori islatzen al du Gerra txikia-k?Abiapuntua da hori. Familia baten eta bere periferiaren bizitza kontatzen du. Familia horren berezitasuna da gerrak bere atea jo duela egun batean. Gerrarik ez zegoela zirudien testuinguru batean badagoela gerra bat, gerra horren ondorioak pairatzen

Page 9: Gerra txikia-Lander Garro

hasten direlako.

Eta ez nolanahikoak.Ez nolanahikoak. Ez bakarrik bizimodua aldatuko dielako, baizik eta beren bizitza ere arriskuan egongo delako.

Lau urte pasatu dira aurreko eleberria, Kontrarioa, kaleratu zenuenetik. Gogorra izan al da bigarren eleberria idazteko prozesua?Nobela bat bukatzen duzunean, uste duzu ikasi duzula eleberri batidazten. Baina ez da horrela: hurrengo nobela idazten hasten zarenean, konturatzen zara aurreko nobelan ikasitakoak ez duela ezertarako balio. Are gehiago, desikasi egin behar duzu. Aurreko nobelak bazuen tono komiko bat —honetan ere pixka bat ageri da—, eta nobela honetarako ez du balio tono zirtolari horrek. Dramatikoagoa da. Zerotik abiatu behar duzu.

Ume baten —Xabi Ugarte— begietatik dago kontatuta eleberria. Zaila izan al da bere azalean jartzea?Oso zaila. Eleberri bat idaztean geruza ezberdinak daude. Geruza batean trama dago. Beste batean, pertsonaiak. Beste batean bi elementu horiek elkartzen diren tokia eta aitzakia dago. Eta beste geruza batean dago zer pentsatzen duen idazleak bizitzari edo munduari buruz. Eta pentsatzen duen hori pertsonaiek nola islatu behar duten. Pertsonaia guztiek daramate idazlearen ideologia, ez

Page 10: Gerra txikia-Lander Garro

bakarrik politikoa, baita bitala, filosofikoa eta abar. Gure nortasuna,azken finean. Idazleak izaten dituen aitzakiak hori kontatzeko beti ezberdinak dira. Ume bat dagoenean, zer pentsatzen dugun ezin dugu kontatu, gure pentsamendua infantilizatu egin behar dugulako.

Hor ere ‘desikasi’ egin behar da.Bai. Idazlearen nahikundea, ideologia, adoktrinamendu nahi hori murriztu behar izatea ume baten hizkuntzara oso zaila da. Idazleaksentitzen du gehiago esan dezakeela, gehiago aporta dezakeela, bere pentsamendua adierazi, txinparta gehiago eman… Baina umeak ez dio uzten.

Adoktrinatzeko asmoa al du zure eleberriak?Ez. Zergatik egin dudan begirada murriztu horren aldeko apustua? Konbentzituta nagoelako nobela batek ez duela adoktrinatzeko balio. Literatura ez da horretarako. Gizartean badaude oreka batzuk, eta politika da horren isla. Idazleak duen tentazioa isla aldatuz mundua aldatuko duela, niretzat, zentzugabekeria bat da. Idazleak tentazioari amore ematen dionean lortzen duen gauza bakarra bere liburua erridikulizatzea da. Liburu batek konpromisoa izan behar du, erabatekoa, literaturarekin. Eta literaturaren barruan, adoktrinamenduak ez du tokirik, desmitifikazioa baitago.

Page 11: Gerra txikia-Lander Garro

Zein zentzutan?Literaturak beti desenmaskaratu behar ditu heroiak, asmo handiak.Literaturak egiten duena da azalarazi asmo handiak zituen heroi baten gabeziak. Zer zegoen tipo inpekable horren atzean? Horri erantzutea da literaturaren eginbeharra. Alegia, egunkari eta historia liburuen titular handiek gordetzen dutena azalaraztea. Horregatik, adoktrinatzeko liburuak porrotera kondenatuta daude.

Badaude ‘zuriak’ diren liburuak, baina atzean adoktrinatzeko helburua dutenak.Bai, bai. Esan daiteke ‘nire liburua ez dago adoktrinatzeko sortuta’,baina politikoki oso posizionatuta egon daiteke. Nire liburuaren kasuan, asmoa da esatea Euskal Herrian gerra politikoa egon da, eta dago. Bi bandoetan hildako asko egon da, eta bando baten alde hildako batzuengatik ez da hitz egiten. Horregatik idatzi dut horri buruz, idazlearen lana ezkutatuta dagoena azaleratu behar duelako. Idazleak inor iristen ez den tokietara iritsteko tentazioa dauka, eta arrazoi hori da idazten jarraitzeko giltzarria. Liburuaren asmo politikoetakoa da esatea ‘hildakoak toki askotan egon dira, eta konta dezagun hori’. Beste asmo bat da kontatzea gerran hil ez direnen bizitza.

Periferiko diren horiena, alegia.Liburuaren hasieran Eider Rodriguezen aipu bat jaso dut: ‘Tristea duk gerra, maitea, eta ez gudarientzat soilik’. Gudari horien

Page 12: Gerra txikia-Lander Garro

inguruan jende asko dago: bikotekideak, gurasoak, seme-alabak… Nire asmoa gerra bizitakoen seme-alabengan lupa jartzea zen. Ahaztuta dagoen kolektibo bat da biktimen artean. Zer gertatzen da eurekin? Nola bizi dute gerra?

Hori kontatzeko esperientzia pertsonala baliatu duzu, ezta?Bai. Nik 1980ko hamarkadan aitaren exilioa ezagutu nuen, eta erbestearen barruan, oso gertutik ezagutu genuen GAL erakundea.Gaur egun, ia-ia etiketa bat da GAL, mito bat bezala. Baina nik ezagutu nuen zer egiten zuten, eta bereziki egiten zuten hark inguruan eragiten zuen izua. Zuk harri bat botatzen duzu putzu batean, eta sortzen diren olatuak zabaltzen eta zabaltzen joaten dira, infinituraino ia. Nik ezagutu nuen nola norbait hiltzen dutenean, inguruko jendea nola izutzen den. Eta jende hori izutzean, besteak izuarazten ditu, eta horiek beste batzuk. Azkenean psikosi bat sortzen da, halako ezinegon bat, iruditzen zitzaidala kontatu egin behar zela. Gainera, literaturaren lengoaiaren ikuspegitik, oso interesgarria da. Bereziki aipagarria dafamilia batean gerraren presioak zein min eragiten duen: giro kaskarra, sortzen eta hazten den pitzadura…

Inguru politikoago horrez gain, Xabi Ugarteren bizitzaren deskubrimendua ere kontatzen duzu.Pertsonaia bat sortzen duzunean, azkeneko helburua da irakurleakesatea ‘hau izan naiteke ni’. Paradoxa dago zenbat eta pertsonaia

Page 13: Gerra txikia-Lander Garro

singularragoa egin, zenbat eta detaile gehiago eduki, geroz eta hurbilagoa egiten zaigu. Guk ere detaile asko ditugu. Idazle baten erronka handiena liburu bat idazten duenean, pertsonaiarekiko enpatia sortzea da.

Zenbat du Xabi Ugartek Lander Garrotik?Ehuneko ehun. Hala ere, kontatzen dena eta nik bizi izan nuenak ez dute ia-ia erlaziorik. Titularretan, esan daiteke, dute antza gehiena, baina letra txikian ez. Ni naizena agertzeko ezinbestekoa zen gezur txikiak esatea. Gu geu ez gara nahi dugun bezalakoak. Ez dugu jokatzen garen bezalakoak, traizio txiki bat dago. Arauak daude, moralaren kartzela hori, eta horrek plantak egitera eramaten gaitu, zibilizatuak garelako. Nobelako pertsonaia ni bainoniagoa da, ni naizena baino.Nola ulertzen da hori?Autentikoagoa da. Ni naizena baino tipo askoz apalagoa da, uzkurragoa, isila. Nik badaukat puntu oso harroputza, baina, bitxia da, ez da batere nirea. Munduari erakusteko dudan premia bat da.Horrela jokatzen dudanean traizio txikia egiten diot nire buruari.

1984an GALek Hendaian hil zuen Bixente Perurena Peru-ri eta familiari eskaini diozu liburua, besteren artean.Gaur egun Bixente Perurena hil zuten etxetik ehun bat metrora bizinaiz. Hara bizitzera joan nintzenean, ez nekien hain hurbil bizi nintzenik, Hendaia dena berdina delako. Egun batean, nire

Page 14: Gerra txikia-Lander Garro

umeekin nengoela, jabetu nintzen Peruren etxea zegoela hor. Momentu horretan erabaki nuen nobela idaztea. Konturatu nintzen gauza garrantzitsu batekin: geure buruari beti galdetzen diogu ‘Nola gainditzen dira gauzak?’. Gauza batzuk ezin dira gainditu, orduan galdera da ‘nola bizi behar dut gainditu gabe?’. Modua asmatu behar da, ez dago erremediorik. Peru gaindiezina da niretzat, egun ere. Zure ondoan dagoen pertsona bat hil egiten dute, ezustean. Urteetan itzal horrekin bizi izan naiz, eta nik hain presente badut, nola biziko du bere familiak? Dialektika horrekin egon naiz urte askotan.

Zorra kitatu behar zenuen?Beno… Nire haienganako mina, nolabait, da herri batek bere hildakoekiko duen mina ere. Pentsatu nuen kontatu egin behar nuela hori guztia. Bixente Perurenaren heriotzaren espantua da liburuaren ardatz nagusienetako bat: hasieran dago, Txomin izenarekin, eta bukaeran ere agertzen da.

http://oarsobidasoa.hitza.eus/paperekoak/lander­garro­idazlea­gerra­bizitakoen­seme­alaben­bizitzan­jarri­dut­lupa/

Page 16: Gerra txikia-Lander Garro

Lander Garro EIPS/RLPEan

Garro, Lander (1975­) Ez merkeenak! : bai onenak! : Argia : euskalpubliziatea abian / Lander Garro

2006

Garro, Lander (1975­) Gerra txikia / Lander Garro 2014

Garro, Lander (1975­) Kontrarioa / Lander Garro 2010

Garro, Lander (1975­) Orain galdera berriak ditut / Lander Garro 2004

Haginetako mina : Euskal gatazkari buruzkoipuinen antologia bat / Anjel Lertxundi... [etal.]; hautaketa eta hitzaurrea Mikel Soto

2009

Lehenengo aldia / Lander Garro ... [et al.] 2004

 Sanchez Piñol, Albert (1965­)

Larrua hotz / Albert Sanchez Piñol ; [katalanetik itzulpena, Lander eta Zigor Garro Perezek]

2009

 Zamoro, Patxi (1956­2001) 

A ambos lados del muro / Patxi Zamoro ; edición a cargo de Lander Garro

2005