Edebe · Web viewIngurunearen portaera ikertzeko eta aztertzeko lanetan metodo zientifikoa...

162
www.edebe.com - 1 -

Transcript of Edebe · Web viewIngurunearen portaera ikertzeko eta aztertzeko lanetan metodo zientifikoa...

AURKIBIDEA

1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza

2. Ikas-esparrua

3. Etapako helburu orokorren banaketa

4. Natur Zientziak arloa

4.1. Sarrera

4.2. Helburu orokorrak

4.3. Arloko metodologia

4.4. Helburuak, edukiak eta ebaluazio-irizpideak mailaka

5. Curriculum-materialak

1. DERRIGORREZKO BIGARREN HEZKUNTZA

Gaur egungo hezkuntza-sisteman, derrigorrezko hezkuntzak oso xede argi eta zehatza du: prestakuntza. Helburu nagusia ez da, besterik gabe, ikasleei informazioa eta ezagutzak igortzea, baizik eta pertsonaren prestakuntza integrala ahalbidetuko duten gaitasunak garatzea, pertsona-eredu jakin bat sustatzeko: autonomoa, solidarioa, kritikoa, bere buruaz iritzi egokia duena, hausnartzeko eta harremanetarako gai dena... Prestakuntza-helburu hori oinarritzat harturik bideratu behar da derrigorrezko hezkuntza osoa.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzak, 12 urtetik 16 urtera bitarteko neska-mutilak hartzen ditu; izan ere, 12 urtetik aurrera neska-mutilek hezkuntza-premia espezifikoak dituzte, beste adin batzuetan dituztenez bestelakoak. DBHk erantzun egokia eman nahi die adin-tarte horretako ikasleen hezkuntza-eskariei.

Horregatik, berezko zentzua duen etapa gisa egituratzen da DBH; barne-batasuna eta koherentzia ematen zaio, etaparen hezkuntza-helburu nagusiak bete ahal izateko.

Batetik, Lehen Hezkuntzaren jarraipena da, eta helburuek definitzen dute jarraitasuna; bestetik, berriz, ezaugarri bereziak ditu, era koherente eta espezifikoan erantzun behar baitie premia berriei.

DERRIGORREZKO BIGARREN HEZKUNTZAREN IZAERA ESPEZIFIKOA

Modu orekatuan garatzeko eta gizartean autonomiaz eta erantzukizunez jarduteko beharrezkoak diren hezkuntza-elementuak (kognitiboak, afektiboak, sozialak eta moralak) eskaintzen dizkie DBHk 12 eta 16 urte bitarteko nerabeei.

Derrigorrezko etapa denez gero, DBHk ikasle guztien premiei erantzuten die, eta jarrera guztiz ulerkorra du. Horrela, aniztasuna aintzat hartzeko modua ematen du, neska-mutilen interes eta gaitasunak kontuan izanda.

Bestetik, DBHren izaera propedeutikoa da, alegia, ikas-prozesuaren amaiera izan daiteke: lan munduan sartzeko edo ikasten jarraitzeko prestatu nahi ditu neska-mutilak. Orientazio pertsonal, akademiko eta profesionalak garrantzi handia izango du, batez ere etapako bigarren zikloan.

DERRIGORREZKO BIGARREN HEZKUNTZAKO IKASLEAK

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako neska-mutilak bilakaeraren aldi berezia bizi dute: nerabezaroko aldaketak gertatzen dira, pertsona gisa izango duten garapena baldintzatuko duten aldaketak.

Nerabezaroaren ezaugarri bereziak honako hauek dira:

-Aldaketa fisiko eta fisiologiko handiak.

-Pentsamenaren estadio berri batera iristea eta arrazoibide landuagoak egin ahal izatea.

-Nortasunaren eraketan aro erabakigarria da.

-Jokabidearen erreferentzia-ereduak aldatzea.

-Arauei eta norbearen buruarekiko zein besteekiko jokaerari buruzko erabakiak hartu behar izatea.

Helduarorako bidean, nerabeak autonomia behar du bere burua pertsona independente gisa finkatzeko, baina oraindik ere nagusiekiko menpekotasun handian dago. 12 eta 16 urte bitartean, gazteak derrigorrezko hezkuntzan daude oraindik eta, apurka-apurka, ardatz gisa familia duen egitura baztertu eta berdinen arteko sistema batean integratuz joango dira.

Oro har, gazteak nerabeen kulturako kide sentitzen dira; moda eta ohitura bereziak dituzte; eta haien kezkak eta familienak ez dira bat izaten.

Garapen psikomotorea

Pubertaroa eta nerabezaroa iristen direnean, neska-mutilen itxura fisikoa arian-arian aldatzen da, sexu-ezaugarri sekundarioak garatzen zaizkie eta sexu-heldutasuna lortzen dute.

Bizitzaren garai horretan, gazteek garrantzi handia ematen diote norberaren estetikari, eta besteekin alderatzen dute beren burua. Norberari buruzko iritzia aldatzeak arazoak sortu ahal dizkio nerabeari, bere gorputza den bezalakoa ez onartzeagatik.

Nerabezaroan, ahalmen fisikoen garapena amaitzen da. Neska-mutilen jarduera askoren helburua ahalmen fisiko horiek erabiltzea edo hobetzea da. IndArra, erresistentzia, zalutasuna, trebetasuna... areagotu egiten dira.

Sasoi horretan, garrantzi handikoa da kirola eta ariketa fisikoa sustatzea; izan ere, norberaren gorputza den bezalakoa onartzen eta osasun-ohitura egokiak hartzen laguntzen dute eta, gainera, barrua lasaitzeko eta beste batzuekin harremanetan jartzeko aukera ere ematen dute.

Garapen kognitiboa

Nerabezaroan eragiketa formalen garaira igarotzen dira neska-mutilak. Ikasleak pentsamen abstraktuaren trebetasunak erabiltzen hasten dira, ondoen ezagututako arloetan eta jardueretan.

Pentsamendu konkretua

-Errealitatean oinarritua.

-Errealitatean ikusitako objektuetan oinarritua.

-Hipotesiak egiteko eta egiaztatzeko gaitasunik eza.

Pentsamendu formala

-Alegiazkoei buruzkoa da, ez erabat alderdi errealei buruzkoa.

-Proposizionala da: hizkuntza motaren batean oinarritua.

-Hipotetiko-deduktiboa:

- Hipotesiak egin.

- Hipotesiak egiaztatu.

Honako hauek dira pentsamendu formalaren ezaugarrietako batzuk:

-Dedukziotik abiaturik argudiatzen dute. Ikasleak fenomeno jakin bat azal dezaketen kausak bilatzen hasten dira; garrantzitsuenak aukeratu eta egiaztatu egiten dituzte.

-Aldagaiak bakartzeko, aukera desberdinen arabera konbinatzeko eta hipotesi baten ondorioak imajinatzeko gaitasuna garatzen da.

-Norberaren ideiak egiaztatu eta berariaz kontrastatzen dira errealitatearekin.

-Analisirako gaitasuna hobetzen da: etapa berri honetan, ikasleek zientzialari batek egingo lukeen bezala saiatu behar dute gertaerak eta gauzak aztertzen.

Hori guztia dela eta, etapa honetan garrantzizkoa da ikaslearen garapen kognitiboa sustatzea, dedukzioa, arrazoitzea, indukzioa eta beste erabiltzera behartuko duten egoerak sortuz, hala nola proportzioak ezarriz, aldagaien arteko korrelazioak eginez, konbinatoria erabiliz...

Errealitatea ezagutzeko gaitasun eta estrategia egokiak garatzen lagunduko dio ikasleari esku-hartze didaktikoak. Zientzia bakoitzeko metodoaren oinarriak landuz, ikasleek ez dituzte nahasiko elementu subjektiboak eta objektiboak aztertutakoa azaltzeko orduan.

Garapen afektiboa

Adin-tarte horietako aldaketa fisikoek eragina dute nerabeen afektibitate garatzeko orduan. Itxura fisikoaren eta onarpen sozialaren arteko lotura zuzena ezarri ohi dute, eta horregatik erakusten dute hain interes eta ardura handia itxura fisikoarekiko.

Hasieran, besteen iritziaren arabera ikusi eta balioesten dute beren burua neska-mutilek. Apurka-apurka, beren burua onartu eta garrantzi gutxiago ematen diete besteen iritziei; autoanalisiak pisu handiagoa hartzen du.

Nerabezaroan, autokontzeptua eta norberaren gorputzari buruzko iritzia berraztertu eta integratzen dituzte gazteek. Iritzi horrek besteekiko harremanak baldintzatuko ditu.

Nerabeak zailtasunak izaten ditu autonomia pertsonala lortzeko, gizartean, eskolan eta beste arlo batzuetan betebehar berriak dituelako eta ordura arte erabilitako identifikazio-ereduek dagoeneko balio ez diotelako.

Apurka-apurka norberaren nortasuna finkatzen da besteen aurrean, nerabeak konpromiso ideologiko edo kultural jakin batzuk hartzen ditu eta bizitza-proiektu zehatzago edo lausoago baterantz abiatzen da.

Jakina, ikasleen orientazio pertsonal eta bokazionala garrantzi handikoa da etapa honetan, orientazio horri esker neska-mutilek gogoeta egingo baitute erabakiak hartu aurretik.

Garapen soziala

12 eta 16 urte bitartean, gizakiak berrantolatu egiten ditu gizarte-inguruneari buruzko ideiak.

Besteekiko harremanetan bestearen nortasuna erreferentziatzat hartzen hasiko da, eta besteek berak ez bezala pentsatu eta sentitzen dutela konturatuko da; hain zuzen ere, adin-tarte horretan, beste pertsonen sentimenduak eta pentsamenduak inferitzeko gaitasun handiagoa du.

Nerabezaroan, neska-mutilak testuinguru eta egoera zabalagoez interesatzen hasten dira. Hala, ekonomian, politikan, erlijioan eta beste arlo batzuetan sistema bakoitzaren irudi jakin bat eratzen hasten dira, eta gizartearen azalpen orokorra eratzeko oinarri gisa erabiliko duten irudi hori.

Familia da oraindik ere erabakien, jokabidearen eta motibazioen ardatza da. Nerabeek familiaren estimua eta maitasuna behar dituzte oraindik, baina ez dute gogoko gehiegizko babesa.

Lagunarteak garrantzi handia hartzen du bizitzan, eta gizarteko harreman eta interakzioen erreferentzia-puntu bihurtzen da.

Garapen morala eta traszendentziara irekitzea

Apurka-apurka, kontu pertsonal eta moralei buruzko erabakiak hartzen hasten da nerabea, modu autonomoan. Haren adimenaren heldutasunak lotura estua du garapen intelektualarekin eta inguruko gizartearekin. Hala ere, ez dugu zuzeneko korrespondentziarik ezarri behar adinaren, garapen kognitiboaren eta garapen moralaren artean: pentsamen-maila jakina beharrezkoa da garapen moral handiagoa lortzeko, baina ez da aski.

Sasoi horretan, pertsona gero eta deszentratuago dagoenez, arian-arian jarrera moral autonomoagoak hartuko ditu. Garapen moralak lotura estua izango du norberaren nortasunari loturiko balioak bereganatzearekin.

Bizitzako aldi horretan, haurtzaroan izandako balioetako asko zalantzan jartzeko joera dute gazteek. Beren existentziari buruzko galdera ugari egiten dizkiote beren buruari, eta justizia sozialaren zentzu errotua izaten dute.

2. IKAS-ESPARRUA

Ikasleen autonomia sustatzea da etapa honetako helburua, hala alderdi kognitibo eta intelektualetan, nola garapen afektibo, sozial eta moralari dagokienez. Autonomiak, neurri batean, hauxe ekarri behar du: norberaren nortasuna eratzea, autokontzeptu positiboa finkatzea eta balioei lotutako bizitza-proiektu bat lantzea, non nerabeen zaletasunak eta proiektua gauzatzeko gaitasuna jasoko baitira. Hezkuntza-jarduerak, oro har, horixe lortzen lagundu behar du, hala arlo bakoitzeko jarduerek, nola hezkuntza-orientaziorako tutoretzaren bidez egindako jarduerek.

Hezkuntzaren helburua hori izanik, erraz uler daiteke zer garrantzi duten zehar-lerroek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan.

ZEHAR-LERROAK DBH-N

Hezkuntzaren ikuspegi integraletik begiratuta, balioak funtsezkoak dira ikasleek gizartean arduraz joka dezaten eta besteen ideiak eta sinesmenak errespeta ditzaten.

Bestetik, curriculuma integrala denez gero, oinarrizko hezkuntza-elementu zeharkakoak landu behar dira arlo guztietan, ezein arlori lotuta egon ez arren, bizitzako hainbat alderdiri eragiten dietelako.

Zehar-lerroen erabilera

Zehar-lerroak arlo guztietan landuko dira, hau da, tratamendu sistematikoa, planifikatua eta pedagogikoki mailakatua izango dute, beste eduki guztiek bezalaxe. Horrenbestez, lehenik eta behin, curriculum proiektuan sartu behar dira, eremua zehaztuz eta sakontasuna, orientazioa eta zentzua finkatuz. Horretarako, honako urratsak hauek egitea komeni da:

1.Zehar-lerro bakoitzaren eremua eta esanahia argitu

Ikastetxearen hezkuntza-ildotik abiatuta, zehar-lerro bakoitzari buruzko ikuskera zehaztuko da. Horren ondorioz, zehar-lerro bakoitzaren helburuak, edukiak eta ebaluazio-irizpideak ezarriko dira.

2.Zehar-lerro bakoitzaren edukiak arloka banatu

Arlo bakoitzean, zehar-lerroaren zein alderdi landu ahal diren erabaki behar da (arloa behartu eta desnaturalizatu gabe), bai kontzeptuzko, bai prozedurazko, bai jarr6erazko edukietan. Agerian denez, eduki horietako batzuk lehenago ere aintzatetsi ziren arloko curriculumean.

Hortik aurrera, zehar-lerroaren edukiak arlo bakoitzaren edukiekin batera garatu eta zehaztuko dira.

-Zikloka banatuko dira, ziklo bakoitzean zehar-lerro bakoitza zenbateraino landuko den finkatuz, ikasleen eboluzioa eta ikas-prozesua kontuan izanda.

-Unitate didaktikoak zehaztu eta programatu. Unitate didaktikoak prestatzean lan espezifiko eta zehatza egingo da arloko gainerako edukiekiko mugak zehazteko eta ikas-prozesuan arian-arian txertatzeko.

Zehar-lerroak garatzeko metodologia

Zehar-lerroak eta, oro har, balioak lantzean, oso garrantzitsua da ikaslearen askatasuna eta erritmoa errespetatzea, beti ere erantzun aske eta pertsonalak bilatuz.

Gainerako jakintzagaietan bezala, zehar-lerroetan ere egokiro konbinatu behar dira kontzeptuak, prozedurak eta jarrerak.

Berez, zehar-lerroen helburu nagusia balioak barneratzea da. Ikasleak balio jakin bat ohiko jokabide-arautzat hartuko badu, aurretik ikas-prozesu egokia garatu beharko da:

a)Baliora hurbildu, ezagutzeko, onartzeko eta estimatzeko.

b)Hainbat aukeraren artean sinesmenak eta jokaerak askatasunez hautatu, ondorioak kontuan izanda, eta zintzo atxiki.

c)Balioa eta jokaera bateratu, balioaren arabera jokatzeko ohitura izan arte. Portaeran suma dakioke ikasleari balioa bereganatu duenetz, alegia, arrazoibidez ulertu eta onartutako jokabide-araua denean eta pertsonaren berezko jokaera sendo eta iraunkor bihurtu denean.

Orain, zehar-lerro bakoitzaren interpretazioa eta etapako helburu orokorrak zehaztuko ditugu.

GIZA ESKUBIDE- ETA BAKE-HEZKUNTZA

1. Xedea eta eremua

Giza eskubide- eta bake-hezkuntzak honako helburua du: pertsona autonomoak heztea, elkarrizketarako irekiak eta judizio moralak egiteko trebatuak. Gainera, eraikitako printzipio eta arauekin koherentziaz jokatzeko prestatu behar ditu ikasleak.

Bestetik, arrazoimenaren erabilera kritikoan, besteekiko irekitasunean eta giza eskubideen eta bakearen errespetuan oinarritutako harreman pertsonalak eta partaidetza soziala bereganatzen duten pertsonak hezi nahi dira.

Bakea bake positibo gisa ulertu behar da, ez gerrarik gabeko egoera soil gisa (defentsa-bakea). Lehen eta Bigarren Mundu Gerren ondotik, indarkeriarik gabeko eta desarmerako hezkuntzaz hitz egin da, baina bake-hezkuntzaren gaur egungo kontzeptua Gandiren bake positiboaren ikuskeran oinarritzen da (1960ko hamarkada). Gizakia balioak helmuga izanik heztea du xede kontzeptu horrek, eta egia autonomiaren eta autoafirmazio pertsonalaren bidez bilatzeari deritzo indarkeriarik eza.

Gatazka egoera naturaltzat hartu behar da, indarkeriarik erabili gabe eta alderdi humanitarioak landuz konpondu beharreko egoera naturaltzat, hain zuzen.

2. Helburu orokorrak

Hauexek dira helburu nagusiak:

· Justizia, elkartasuna eta antzeko balio-printzipio orokorrak bereganatzea ahalbidetuko duten judizio moralerako egitura unibertsalak garatzea.

· Akordio justurako eta parte-hartze demokratikorako prestatzen gaituzten elkarrizketa-gaitasunak lortzea.

· Nork bere buruaz eta gogoko bizimoduaz eratzen duen irudia gogoko balio pertsonalekin bat etortzea.

· Errealitatearekin harreman kritiko eta sortzailea izateko gaitasunak garatzea eta ezagutzak bereganatzea, arau eta proiektu kontestualizatuak eta bidezkoak sortu ahal izateko.

· Judizio eta jardun morala koherentea izateko eta ikasleak nahi duen izaera garatzeko beharrezkoak diren trebetasunak lortzea.

· Norberaren eta gizartearen errealitatea modu kritikoan ulertzeko eta errealitate hori hobetzeko konpromisoa bultzatzea.

· Bizikidetza bideratzeko arau bidezkoak ulertu, errespetatu eta eraikitzea. Horri dagokionez, honakoak dira helburu nagusiak:

· Pertsona autonomian eta autoafirmazioan heztea.

· Elkartasunean heztea (axolagabetasunik eza, konpromisoa, jardun pedagogiko eta soziala).

· Tolerantzian heztea (aniztasunaren onarpena, diskriminaziorik eza, giza eskubideen bizipena).

· Gatazkei bortxakeriarik gabe aurre egiteko heztea (lankidetza, elkarrizketa, gatazken konponbideak eta borrokabide baketsuak).

3. DBHko helburuak

· Norberaren nortasuna ezagutu eta norberaren gaitasunez jabetzea, nortasunaren autoafirmazio gero eta sendoagoa lortzeko.

· Norberaren judizio morala sortzea, guztiek onartutako balio-printzipio orokorrak erreferentziatzat harturik.

· Elkarrizketa erabiltzea pertsonen arteko harremanetan eta gatazkak konpontzeko.

· Gizarteen funtzionamendua arautzen duten tresnak eta balioak aztertzea, batez ere herritarren eskubide eta betebeharrei dagozkienak, eta haiekiko judizio eta jarrera pertsonalak hartzea.

· Kulturen arteko antzekotasunak eta desberdintasunak antzeman eta modu kritikoan balioestea, giza eskubideen irizpideetatik abiatuz gero elkar aberasten dutelako.

· Kulturen eta etnien arteko desberdintasunen ondorioz sortutako gatazkak modu baketsu eta positiboan konpontzeko trebetasunak garatzea.

· Gure tradizioko eta gure kultura-ondareko sinesmenak, jarrerak eta oinarrizko balioak ezagutu, kritikoki balioetsi eta pertsonaren garapen integralari ondoen laguntzen dioten aukerak hautatzea.

· Herritarren bizitzan nortasunaren eta pertsonen arteko harremanen garapen askea mugatu edo trauskiltzen duten egoeren aurrean jarrera kritikoz eta konpromisoz jokatzea.

· Talde-jardueretan elkartasunez eta tolerantziaz parte hartzea, pertsonen arteko desberdintasunak onartuz eta balioetsiz.

· Giza eskubideak garatzeko konpromisoa hartzea, bai ingurunerik hurbilenean, bai eremurik unibertsalenean.

· Autoestimua eta segurtasun pertsonala balioestea, norberaren mugak eta zailtasunak zein diren jakinik eta horiek gainditzeko ahaleginak eginez, gizateriaren garapen harmonikoa sustatzeko.

· Banakako zein taldekako jardueretan inhibizioak eta aurreiritziak gainditzeko gai izatea.

· Agresibitatea guztientzat onuragarriak diren jardueretara bideratzea.

· Planetako indarkeriaz, bidegabekeriez eta azpigarapenaz jabetzea, horien kontzientzia izanez eta irtenbide konstruktiboak bilatzeko interesa erakutsiz.

· Norberaren kultura-ondarea kontserbatzen eta hobetzen lagundu, eta hizkuntzen zein kulturen aniztasunarekiko interesa eta begirunea izatea, era guztietako bereizkeriak modu kritikoan gaitzetsiz eta herri behartsuenei garatzen laguntzeko konpromisoa hartuz.

OSASUN-HEZKUNTZA

1. Xedea eta eremua

Duela gutxi arte, osasuna gaixotasunik gabeko egoeratzat hartu izan da. Dena dela, kontzeptu horrek aldaketa sakona izan du azken urteotan.

1946an, ongizate fisiko, mental eta sozial beteko egoera zela esanez definitu zuen Osasunerako Mundu Erakundeak. 1985ean, berriz, honela definitu zuen: osasuna norberaren ahalmenak gauzatzeko eta inguruneko erronkei modu positiboan erantzuteko gaitasuna da. Dirudienez, osasunaren bigarren kontzeptu horrexek du onarpenik zabalena gizartean.

Hausnar dezagun zer den edo, ustez, zer den osasuna, eta gogoeta horrek osasun-hezkuntzako programaren oinarriak jartzen lagunduko digu.

Osasuna ez da estatikoa, konkista etengabea baizik. Ez da amaituta dagoen zerbait, prozesu etengabe eta iraunkorra baizik.

Osasunak halako bizimodu edo bizi-kalitatea behar du, eta pertsona bakoitza da horren erantzulea.

Osasunak ezinbesteko ditu: gorputzaren zainketa, hala fisikoa, nola mentala; elikadura eta higiene egokia; natura garbi eta zaindua; harreman afektibo orekatuak, autoestimua, segurtasuna eta autokonfiantza.

Osasuna elkartasunerako erronka eta proiektua da. Osasunak gizarte osoan du eragina: guztientzako bizi-kalitatearen konkista da.

Osasuna ingurunera moldatzea eta ingurunea aldatzea da, gizatiarragoa eta osasungarriagoa izan dadin.

2. Helburu orokorrak

Eskolako osasun-hezkuntzak ondoko helburuak ditu:

· Ohitura osasungarriak barneratzea, bizi-kalitatearen parte diren aldetik.

· Pertsonekiko elkarreragin positiboa sustatzea.

· Bizitza-proiektu osasungarria sortzeko beharrezkoak diren/eragiteko, autoestimua eta autonomia garatzea.

· Pertsonen ongizate fisiko eta mentalarentzat kaltegarri den oro bereizi eta baztertzea.

3. DBHko helburuak

· Bizi-ohitura osasungarriak ezagutu eta bereganatzea, haien ondorioak ulertuz eta onartuz.

· Pertsonekin harreman orekatuak izan eta afektibotasuna, tolerantzia eta elkartasuna nagusi direnean harremanak zein aberasgarriak diren konturatzea.

· Norberari buruzko irudi egokia sortzea, norberaren bizitza onartzeko, zailtasunak gainditzeko eta erabakiak askatasunez, autonomiaz eta erantzukizunez hartzeko.

· Gorputzaren funtzionamenduaren eta hazkundearen oinarrizko alderdiak ezagutu eta ulertzea, bizi-ohitura osasungarriak hartzea, eta norberaren eta gainerakoen gorputza den bezalakoa onartzea.

· Gizarte- eta ingurumen-jarduera osasungaitzen eragileez hausnartu, horien kontrako jarrera hartu, ongizatearen mesederako balioak aukeratuz, eta elkarlana eta elkartasuna garatzea.

· Droga-menpekotasunaren kausak eta gizartean zein gizakiengan dituen ondorioak balioztatu eta aztertzea, funtsezko balioak bultzatzeko eta, hala, drogen kontrako jarrera kritikoa izateko.

· Bizi-kalitatea sustatzen duten aisialdiko jarduerak identifikatu, balioetsi eta hausnartzea, jarduera kaltegarri eta alienatzaileekin alderatuz.

SEXU-BERDINTASUNERAKO HEZKUNTZA

1. Xedea eta eremua

Zehar-lerroaren hezkuntza-jardunak honakoak lantzen ditu:

· Gizon zein emakume gisa nortasun pertsonal eta sexuala garatzea; norberaren izaera modu positiboan onartu eta norberaren gaitasunak eta mugak balioztatzea.

· Familia adin desberdinetako gizon-emakumeen arteko harremanen oinarrizko gune gisa.

· Etxean eta eskolan lanak eginez hasiko den autonomia pertsonala garatzea.

· Berdinen taldea, nagusiak eta sexuen osagarritasuna balioestea.

· Guztien garapenean (lanean, gizartean eta kulturan) gizonen eta emakumeen arteko elkarlanaren estimua.

· Hizkuntza berbaleko zein ez-berbaleko bereizkeriak antzemateko eta baztertzeko gaitasuna.

· Komunikabideetako eta publizitateko genero-estereotipoen balioztapen kritikoa.

2. Helburu orokorrak

Hona hemen zehar-lerroaren helburu nagusiak:

· Nork bere burua gizonezkotzat edo emakumezkotzat hartzea; nork bere burua modu positiboan onartzea, norberaren gaitasunak eta mugak ezagutuz.

· Eredu maskulinoa eta femeninoa onartu, errespetatu eta ulertzea, pertsonaren batasuna ahalbidetu eta elkarren osagarri diren unitate gisa ulerturik.

· Etxeko lanetan, besteekiko harremanetan eta egoerak modu kritikoan aztertzean gero eta autonomia handiagoz jokatzea, estereotipo mugatzaileei muzin eginez.

· Erreferentzia taldeetan (familia, adiskideak...) arduraz, elkartasunez eta onez parte hartzea, ekarpen eta ikuspuntu desberdinak aintzat hartuz eta bereizkeria sexistak alboratuz.

· Sentiberatasuna eta afektibitatea pertsonaren berezko dimentsiotzat hartzea, aurreiritzi sexistei muzin eginez.

· Inguruko elementu diskriminatzaileak (hizkuntza, komunikabideak, lana, kultura...) ezagutu, eta gaitasun kritikoa egoera horiek modu objektiboan aztertzeko erabiltzea.

· Norberaren etorkizunari buruz gogoeta egitea, gaitasunak eta mugak kontuan izanda eta gizonen eta emakumeen aukera-berdintasunetik abiatuta.

· Gizon-emakumeek afektibitatean, gizartean, kulturan eta lanean egindako ekarpenak baterako proiektuetarako zein aberasgarriak diren konturatzea.

3. DBHko helburuak

· Gero eta segurtasun pertsonal handiagoa hartzea, hobetzeko eta zailtasunak gainditzeko ahaleginak eginez, irispide sexistei norberari eragiten utzi gabe.

· Talde-jardueretan arduraz, elkartasunez eta onez parte hartzea, desberdintasuna taldeko kide guztien aberasgarritzat hartuz.

· Bortxazko jarrerak zuzentzea, hitzezko erasoak, gutxiespenak eta erdeinuzko esanak saihestuz, eta sentiberatasuna eta afektibitatea garapen integralaren partetzat hartzea.

· Hizkuntza berbalen eta ez-berbalen bidez zabaldutako tradizioko eta kultura-ondareko sinesmen, jarrera eta oinarrizko balioei buruz gogoeta kritikoa egitea.

· Gizarteko mekanismoak eta balioak, eskubide eta betebeharren arlokoak, ezagutzea eta haiei buruzko judizio kritikoak eta balioztapenak egitea.

· Gizon-emakumeek gizartean, kulturan eta lanean egiten dituzten ekarpenen aniztasuna balioestea, baterako proiektuen mesederako eta eredu osagarriak diren aldetik.

· Inguruko elementu diskriminatzaileak bereizi, eta hizkuntzan, gizartean, kulturan eta komunikabideetan egiten dituzten agerpenak modu objektiboan kritikatzen hastea.

INGURUMEN-HEZKUNTZA

1. Xedea eta eremua

Ingurumen-hezkuntzak honako xedea du: ikaslea ingurumena zaindu eta hobetu beharraz ohartzea, eta ingurumenarekiko interes bizi eta zuzena piztea harengan.

Gizateriarentzat kezka berri samarra da, industrializazioak ingurumenean eragindako kalteen ondorioa. Hala, 1972. urtean, UNESCOk antolaturiko Ingurumenari buruzko Nazioarteko Bileran, irakaskuntza arautuan ingurugiro-hezkuntza sartzeko aukeraz hitz egiten hasi zen. 1977. urtean, berriz, Errusian egindako Ingurumen Hezkuntzari buruzko Gobernuarteko Konferentzian, ingurumenaren gaurko kontzeptuaren oinarriak finkatu ziren. Azkenik, 1987an, ingurumena hezkuntza-sisteman sartzeko beharrezkoak ziren estrategiak bultzatu ziren, eta horregatik jaso zen indarrean zegoen hezkuntza-legerian.

2. Helburu orokorrak

Hauexek dira ingurumen-hezkuntzaren helburu nagusiak:

· Ingurumenaren ezagutza globala izatea, hau da, ingurumenaren ezaugarriak, funtzionamendua eta elementuak ezagutzea; gizarteak nola erabiltzen duen eta erabilera horrek zer arazo sortzen dituen jakitea, eta ingurumenari eragiten dioten gizarte-egiturez eta erabakiguneez jabetzea.

· Ingurumenaren onerako jarrerak sustatu eta gizateriaren eta naturaren arteko gatazka konpontzeko alternatibak eta irtenbideak eskaintzea. Errealitatearen ikuspegi kritikoa izan eta pertsonek errealitatea aldatu ahal dutela konturatzea.

· Balioak aldarazi eta etika ekologikoa zabaltzea, planetaren muga fisikoez jabetzeko, bizia errespetatu eta ekosistemak iraunarazi behar direla ohartzeko eta bizidun, herri eta belaunaldi guztiekin solidarioak izan behar dugula konturatzeko.

· Ingurumenak dituen arazoak bilatu, aztertu eta konpontzen saiatzea.

· Bizi-kalitatea, gizartea eta ingurumena hobetzeko jardueretan lagundu eta parte hartzea.

3. DBHko helburuak

· Ingurumen-errealitate gero eta zabalago eta konplexuagoak ezagutzeko eta ulertzeko interesa izatea, norberaren jarrera eta jokabideek ingurunearen orekan zer eragin duten ulertuz.

· Ingurumena hobetzen eta zaintzen laguntzeko gogoa izan eta errespetatzea.

· Gaurko ingurumen-arazo entzutetsuenak ezagutu eta haien gainean hausnartzea.

· Ingurumena babesteko planak egitea, erakundeen arteko elkarlana balioetsiz.

· Ingurumena babesten eta zaintzen laguntzea, aisialdiko jarduerak egitean.

SEXU-HEZKUNTZA

1. Xedea eta eremua

Sexu-hezkuntzak, sexuaren alderdi biologikoei buruzko informazioa emateaz gain, alderdi afektibo, emozional eta sozialei buruzko informazio, orientazio eta heziketa ere lantzen ditu. Honako xedea du: ikasleek emakumezkoen eta gizonezkoen sexu-rolak ezagutu eta balioestea, eta sexualitatearen erabilera pertsonen arteko erabateko komunikaziotzat hartzea.

Sexu-hezkuntzak afektibitatea orientatu behar du. Segurtasun afektiboaren beharra, maitatzearen eta maitatua izatearen beharra, norbera baliagarria dela sentitzearen eta norberaren balioaz ziur egotearen beharra ase behar dira, umea jaiotzen denetik bertatik. Hala, haurra eta nerabea heltzean afektibitatearen alderdi horiek zaintzen ez badira, helduaroko sexu-bizitzak akats edo hutsune horiek izango ditu. Jakina, haur bat maitatua sentitzen ez bada, nekez maitatu ahalko du; eta maitatzeko gaitasuna (alegia, nork bere burua ematekoa) funtsezkoa da pertsonaren sexu-garapen eta -jokabidean.

Gizon edo emakume gisa munduan egoteko eta munduarekin erlazionatzeko modutzat hartzen da sexualitatea. Gizakiek horrela, gizonezko edo emakumezko gisa, bizi eta adierazten dituzte bai norberaren hutsuneak, bai pertsonen arteko harremanak.

Sexu-hezkuntzak:

· Giza sexualitatearen alderdi anatomiko, fisiologiko eta funtzionalei buruzko informazio argi eta baliagarria ematen du.

· Pertsonaren eta duintasunaren kontzeptuarekin zerikusia duten lege etikoen, arau moralen eta kontzientzia eratzeko arauen aipatzen ditu.

· Bizitza osoaren ikuspegitik aurkezten du sexualitatea.

· Bizitzaren errespetua eta maitasunaren mirespena pizten ditu.

· Kontzientzia zintzoa, askatasuna, erantzukizuna eta gizonezkoen zein emakumezkoen rolaren balioespena sustatzen ditu.

2. Helburu orokorrak

Hona hemen sexu-hezkuntzaren helburu nagusiak:

· Norberaren generoaren ezaugarri sozialak, moralak, psikologikoak eta fisiologikoak ezagutzea, gizabanakoak sexu bereko eta beste sexuko pertsonekin harreman ezin hobeak izan ditzan.

· Sexu-bizitza osasungarria lortzea, giza sexualitatearen alderdi intelektual, afektibo, sozial eta etikoak bateratuz, nortasuna, komunikazioa eta norberaren afektibitatea modu positiboan aberasteko.

3. DBHko helburuak

· Giza sexualitatea sakonago ezagutzea, haren dimentsio fisiologiko, komunikatibo, sozial eta kulturalean.

· Giza ernalketaren prozesuak ulertu, haurdunaldirako prestatu eta kontuz ibili beharra dagoela ohartu eta haurdunaldiaren inguruko afektibitatea ulertzen hastea.

· Lagundutako ugalketarako, kontrazepziorako eta haurdunaldia eteteko teknikak ezagutu, gaiaren inguruko gatazka moral eta kulturalez hausnartu eta legaltasuna-moraltasuna eztabaidan lehen urratsak egitea.

· Elkarrenganako estimuak sexu-harremanetan duen garrantzia balioestea eta beste pertsona berdintasun-baldintzetan errespetatu beharraz konturatzea.

· Sexuak gizartean duen eragina aztertu, eta sexuaren inguruko jokaerak eta hautabideak balioztatzeko irizpideak bereganatzea.

· Sexualitatea modu osasuntsuan bizitzea, norberarekiko eta gainerakoekiko begirunean oinarriturik, norberaren heltze-prozesuan egindako aurrerapenaren adierazpen gisa.

KONTSUMO-HEZKUNTZA

1. Xedea eta eremua

Kontsumo-hezkuntzak honako xedea du: apurka-apurka, modu sekuentziatuan eta eboluzio-maila kontuan izanda, ikasleari elementu kognitibo, prozedura eta lan-teknika batzuk eskaintzea, jarrera kontziente, kritiko eta solidarioak gara ditzan, kontsumoaren aurrean arduraz jokatzeagatik pozik.

Kontsumo-hezkuntzak gaurko kontsumoaren azterketa kritikoa sustatu nahi du, ohitura berriak eratzen laguntzeko eta, oro har, ikaslea beste bizimodu batzuetara bideratzeko. Horrez gain, eta bereziki, norbanakoen erabakiek eta ekintzek gizartean dituzten ondorioak nabarmendu nahi ditu, betiere izaki sozialak direla eta ingurune produktibo eta degradagarri an bizi direla ohartzeko.

Kontsumo-hezkuntzak honakoak sustatu behar ditu: produkzio-baliabideen eta produktuaren ezagutza, produktuen erabilera egokia eta norberaren benetako beharren aurkikuntza. Publizitatearen eta beste eragile limurtzaile batzuen presioa gainditzen ikasi behar du ikasleak, diruari etekinik handiena ateratzeko, izatea edukitzea baino garrantzitsuagoa dela ohartzeko eta oinarrizkoa ere falta duten herriekiko sentibera izateko, eskuzabaltasuna eta elkartasuna erakutsiz.

2. Helburu orokorrak

Hona hemen kontsumo-hezkuntzaren helburu nagusiak:

· Kontsumo arloko gaiak ezagutu eta balioztatzea, esperientziaren, sormenaren, jolasen eta gogoetaren bidez.

· Kontsumoaren arloko egitate eta fenomenoak ulertu eta haien arteko erlazioak ezartzea, arduraz eta neurriz kontsumitzeko ohiturak hartuz.

· Kontsumitzailearen eskubideak babesten lagundu eta kontsumitzaileari dagozkion erantzukizunak bere gain hartzea.

· Kontsumoaren sustapenaren aurrean eta kontsumitzaile gisa egunero jasotzen dituen informazioen aurrean jarrera kritiko eta arduratsua izatea.

· Izatea edukitzea baino baliotsuagoa dela ohartu eta izana lehenestea.

· Oinarrizkoa falta duten herriak ezagutu eta haiekin sentibera izatea, eskuzabaltasuna eta elkartasuna erakutsiz.

· Kontsumitu beharrik ez dakarten aisialdiko aukerak ezagutu eta balioestea.

3. DBHko helburuak

· Ondasun iraunkorren kontsumo neurrigabea kritikatzea.

· Kontsumo-ondasunak erabileraren arabera balioestea, ez prezioagatik edo markagatik.

· Kontsumitzaileen eskubideak ezagutu eta defendatzea, eta bere ekintzen erantzulea izatea.

· Publizitateak kontsumitzailearentzat dituen alde onak eta txarrak bereizteko jarrera kritikoa hartzea, informazio-bide gisa balioztatuz.

· Izatea edukitzea baino baliotsuagoa dela ohartzea, norberaren benetako ahalbideen arabera biziz.

· Oinarrizkoa falta duten herriak ezagutu eta haiekin sentibera izatea, elkartasun-ekimenetan gogotsu parte hartuz.

· Oinarrizko natura-baliabideak ezagutu eta balioestea, eta gutxi edo agortuta daudela ohartzea, beharrezkoa soilik kontsumituz.

· Aisialdiko aukerak balioesteko eta proposatzeko gai izatea.

· Aisialdiko jardueretan gogotsu parte hartzea.

BIDE-HEZKUNTZA

1. Xedea eta eremua

Bide-hezkuntzak bi helburu nagusi ditu. Batetik, ikasleak zirkulazioaren arriskuez ohartaraztea, eta oinezko gisa dituzten edo ibilgailuen gidari gisa (bizikletak, ziklomotorrak...) izango dituzten erantzukizunei aurre egiteko prestatzea.

Bestetik, gizartean duten erantzukizunaz jabetzen laguntzea, zirkulazioa hobetzeko, norberaren segurtasuna zainduz eta arduraz jokatuz, gainerako erabiltzaileak kontuan izanda.

2. Helburu orokorrak

Hauexek dira bide-hezkuntzaren helburu nagusiak:

· Ingurune fisikoa ezagutzea, trafikoari dagokionez, eta kalean zein errepidean oinezko eta bidaiari gisa behar bezala jokatzea.

· Oinezko eta gidari gisa bideak erabiltzean gizalegez jokatzea.

· Zentzuzko bide-ohiturak sustatzea.

· Trafiko-seinaleak bereizi eta errespetatzea.

· Ibilgailuak arduraz gidatu eta zaintzea.

· Zirkulazioaren egoera hobetzen gogotsu laguntzea.

· Erakundeek herritarrei eskaintzen dizkieten zerbitzuak balioestea.

3. DBHko helburuak

· Oinezko eta bidaiari gisa egoki jokatzea.

· Bide-jokaera egokia sustatzeko aholkuek eta arauek duten garrantzia balioestea.

· Bizikleten eta ziklomotorren zirkulazioari buruzko arauak eta seinaleak ezagutzea, eta ibilgailu horiek arduraz gidatu eta zaintzea.

· Garraio publikoen alde onak balioetsi eta garraio horietan arduraz eta begirunez jokatzea.

· Trafiko-istripuetarako jokaera-arauak bereganatu eta sorospeneko zein lehen laguntzetako arauak eta jarraibideak ezagutzea.

· Erakundeek herritarrei eskaintzen dizkieten zerbitzuak balioestea.

GARAPENERAKO HEZKUNTZA

1. Xedea eta eremua

Errealitatea jarrera kritikoz balioztatzeko tresnak eskaini nahi dizkio ikasleei Garapenerako Hezkuntzak, inguruko errealitatea eta mundua hobeto uler dezaten, munduko eta inguru hurbileko partaide arduratsu eta aktibo sentiaraziz.

2. Helburu orokorrak

Honako helburu nagusi hauek ditu:

· Beste kultura, pentsamolde eta jokaerak ulertu eta errespetatzea.

· Pertsonen eta herrien beharrizanez arduratzea.

· Bereizkeria eta indarkeria orori muzin egitea.

· Justizia eta elkartasunaren alde egitea.

· Gehiengoaren mesedetan ari den zientzia eta teknologiarekiko interesa izatea.

· Planeta justuago baten alde egitea, non gizakien erakundeek eta egiturek zoriontsuago egingo baitituzte norbanakoak eta komunitateak.

3. DBHko helburuak

· Norbanakoen, herrien, gizarteen eta kulturen aniztasuna aberastasun-iturritzat eta elkarrekin ikasteko modutzat hartzea.

· Errealitateari buruzko iritzi kritikoak ontzeko tresnak eta balio-multzoak garatu eta eratzea.

· Jakintza-arlo guztien artean elkarlanean, diziplinartekotasunez, aritzeko moduak mamitzea, arlo guztiek elkarreragileak eta humanizatzaileak izan behar dutela kontuan izanda.

· Gehiengoen giza garapena eta garapen integrala elkarlanean, elkartasunez eta arduraz sustatzeko bideak eta moduak identifikatzea, menpekokeriari eta esplotazioari kritika eginez.

· Arazo globalekiko interesa eta jakin-mina sustatzea, zientziaren eta pentsamenduaren ikuspegitik, arazook elkarri lotuta daudela eta aldakorrak direla ohartuta.

KULTURANIZTASUNERAKO HEZKUNTZA

1. Xedea eta eremua

Kultura anitzeko gizarte demokratikoan garatzen lagundu nahi die etorkizuneko herritarrei kulturartekotasunerako hezkuntzak.

2. Helburu orokorrak

Hona hemen zehar-lerroaren helburu nagusiak:

· Kulturartekotasunaren aldeko jarrerak lantzea.

· Norberaren buruari, kulturari eta ikastaldiari buruzko iritzia hobetzea.

· Kulturen arteko bizikidetza sustatzea.

· Ikasle guztien aukera-berdintasuna sendotzea.

3. DBHko helburuak

· Beste giza talde batzuen kultura-ondarea balioestea.

· Beste etnia edo kultura bateko pertsona nahiz taldeekiko aurreiritziak gainditzea.

· Norberaren kulturako komunitatearekin identifikatzea, besteei muzin egin gabe.

· Norberaren eta besteen kulturak modu kritikoan balioztatzea.

· Ikasle guztiak pertsona gisa hartu eta onartzea, eta ez hain kulturatako kide gisa.

· Kultura anitzeko gizartean gizalegez jokatzeko gaitasuna lantzea.

ETAPAKO METODOLOGIAREN OINARRIAK

Ikaslearen jarduera eraikitzailea eskolako ikaskuntzen funtsezko faktorea da. Jarduera eraikitzailea ez da ikaslearen aktibismo hutsa; aitzitik, ezagutza-eskemak aldatzera eta berriz eratzera eta ikaskuntzak eraikitzera behartzen baitu. Prozesu horretan, irakasleak gidari- eta artekari-lana egiten du, ikaskuntza esanguratsuak lortzen laguntzeko. Horrela, aurretiazko ezagutza eta esperientzien eta eduki berrien arteko erlazioak ezarriko ditu ikasleak

Ezagutza berriak erabiltzeko aukerak eskaini behar ditu irakasleak, ikasleak ikasitakoaren interesa eta baliagarritasuna egiazta dezan. Orobat, egindakoari buruzko gogoeta pertsonala egiteko eta ikasitakoari buruzko ondorioak lantzeko gogoa piztea komeni da. Horrela, ikasleak, egindako aurrerapenaz ohartu ahalko da, lehengo ideiekin alderatuz.

Ikaskuntzek funtzionalak izan behar dute, behar izatekotan benetan baliagarriak izateko modukoak. Ikasitakoaren balizko aplikazio praktikoaz gain, edukiak beste ikaskuntza batzuetarako baliagarriak eta beharrezkoak izatea ere hartzen da ikaskuntza funtzionaltzat. Gainera, ikaskuntza funtzionala izango bada, norberaren ikas-jarduera planifikatzeko eta arautzeko estrategiak garatu behar dira, hau da, ikasten ikasi.

Irakasleak ikasleen beharretara egokitu behar du laguntza pedagogikoa, eta askotariko baliabide edo estrategiak eskaini behar ditu, adin horietako ikasleen motibazio, interes eta gaitasunei erantzun ahal izateko. Curriculumak hiru bide proposatzen ditu aniztasuna lantzeko: curriculuma egokitzea, aukerakotasuna eskaintzea eta curriculum bestelakotuak eratzea.

Curriculumaren egokitzapenen bidez, hezkuntza-jarduna ikasleen ezaugarri zehatzetara egoki daiteke, curriculum-proiektuak eta programazioak prestatuz. Egokitzapenak era askotakoak izan daitezke: hezkuntza-helburuak egokitzea; eduki jakin batzuk kentzea edo sartzea eta, horren ondorioz, ebaluazio-irizpideak aldatzea; eta curriculumeko arlo batzuetako hezkuntza-jarduerak zabaltzea.

Aukerakotasunari esker, era bateko edo besteko ibilbideak eginez, etapako helburu orokorretako gaitasun berak garatzeko aukera ematen zaie ikasle guztiei. Ikasleen motibazioa eta proposatutako ikaskuntzen aldeko jarrera sendotuko dute ibilbide horiek, ikasle batzuei errazago gertatzen zaizkielako, etorkizuneko aukerei loturik daudelako edo haien gustu eta zaletasunekin bat datozelako.

Curriculum bestelakotuak eratzeak hamasei urtetik gorako ikasleek etapako gaitasun orokorrak hartzea du helburu. Horretarako, curriculum dibertsifikatuak oinarrizko curriculumeko hiru arlo jasoko ditu, gutxienez, beti ere hizkuntzaren, gizartearen, zientziaren eta teknologiaren arloko elementuak bilduz. Curriculumean, dibertsifikazioa aplikatzeko baldintzak ezartzen dira.

EBALUAZIOA ETA ORIENTAZIOA DBH-N

Ebaluazioa hezkuntza-jardunaren funtsezko elementua da:

-Ikasleen aurreko ezagutzei, ikas-prozesuari eta ezaguera antolatzeko moduari buruzko informazioa ematen du.

-Neska-mutilek ikaskuntza esanguratsu eta funtzionalak egiten dituztenetz jakiteko modua ematen die irakasleei.

-Ikasle bakoitzaren heltze-prozesuaren jarraipena egiten eta ikasleen zailtasun bereziak antzematen laguntzen du.

-Hezkuntza-prozesuak ikasle eta ikastalde bakoitzaren egoerara eta erritmora egokitzen laguntzen du.

-Ebaluazioari esker, ikasleek honakoak egiazta ditzakete: ikaskuntza berrietan izandako garapena eta aurrerapena, ikasteko gaitasuna, ahalmen intelektuala, interes eta motibazioak, jarrera eta balioak...

-Irakasleen jarduna eta ikas-prozesua berraztertzen, egokitzen eta hobetzen laguntzen du.

Ebaluazioaren informazioa jarduera pedagogikorako erreferentzia da. Ebaluazioaren prozesuak ezaugarri bereziak ditu: banan-banakoa, pertsonalizatua, etengabea eta integratua da.

Banan-banako ebaluazioari esker, honako informazio hauek izan ditzakegu: ikasle bakoitzaren bilakaera, ikas-prozesuan non dagoen, heldutasuna eta lortutako garapena..., errendimendu-eredu, itxuraz, estandarrekin alderatu gabe.

Ebaluazio pertsonalizatua da, pertsonaren osotasuna hartzen duelako kontuan. Hala, ikasleak bere buruaren kontzientzia hartu, erantzukizunak bere gain hartzen ditu..., bizitza gero eta hobeto gidatu eta askatasun pertsonala baliatu ahal izan dezan.

Ebaluazioa irakasteko eta ikasteko prozesuaren parte da; prozesuan integratuta dago eta zentzua ematen dio. Etengabe, eta ikasgelako erritmoan integraturik, ebaluazioak ikasleen eboluzio, zailtasun, aurrerapen eta abarrei buruzko informazioa ematen die irakasleei. Horri esker, irakasleek hezkuntza-laguntza egokitu ahal dute ikasleen beharrak aldatzen diren neurrian.

Unearen eta egoeraren arabera, ebaluazioa hiru motatakoa izango da: hasierakoa, bitartekoa eta azkena.

Ebaluazioaren informazioari esker, irakasleek behar beste datu esanguratsu eskuratzen dute. Datu horiek kontuan izanda, beren lana kritikoki aztertu eta horri buruzko erabakiak hartu ahalko dituzte. Horretarako, ezarritako helburuekin eta prestatutako jardun-planarekin erlazionatu behar da ikasleen ebaluazio etengabearen informazioa. Beraz, hauxe ebaluatzen da: curriculum-proiektua, irakaslearen programazioa, irakas-prozesuak, irakaslearen antolakuntza eta curriculumak ikasgelan izandako benetako garapena.

Beharrezkoa da ikasleak prozesuan parte hartzea, bere burua ebaluatuz eta, ikasleen artean, elkar ebaluatuz. Ikasleek beren burua ebaluatzean, gogoeta egin, nork bere burua ikuskatu, ikas-prozesuan bakoitza non dagoen aztertu, eta prozesuko aurrerapenak eta zailtasunak zein diren jakin behar dute. Hala, helburuak errazago ezarri eta estrategiak bereganatu egiten dira.

Ikasleek elkar ebaluatzea ere tresna pribilegiatua da, parekoen arteko ikaskuntza, lankidetza eta elkarlana sustatzeko. Komeni da kontuan izatea DBHn ikasleen autonomia eta partaidetza arduratsua bultzatu nahi direla, eta judizio eta irizpide pertsonal egiaztatuak sortzea lehentasunezkoa dela.

Etaparen ezaugarriak direla-eta, orientazioa ezinbestekoa da. Orientazioak pertsonala eta hezigarria izan behar du, ikaslearen hezkuntza integrala sustatzeko, norberaren buruaren ezagutza, autonomia eta ekimena bultzatuz eta irizpide pertsonalak garatzen lagunduz. Gainera, akademikoa izan behar du, hau da, ikaskuntzen aurrerapenari buruzkoa, eta profesionala, ikaslea etorkizunari buruzko erabakiak hartzeko gai izan dadin. Erabaki horiek garrantzi handikoak direnez gero, orientazioa ez da mugatuko lan-munduari edo ibilbide akademiko zein profesionalei buruzko informazio eguneratua ematera. Aitzitik, batez ere, ikasteko eta esperientzia pertsonalerako aukerak agertu behar ditu, lan-munduarekin eta ikaslearen gizarte-inguruarekin bat datozenak, eta DBHtik aurrerako beste ikastetxe batzuen ezagutza eta esperientzia zuzenak eskaini behar dira.

IKASLEEN PROMOZIOA

Curriculumari jarraiki, ebaluazioa hezkuntza-helburuak eta ebaluazio-irizpideak kontuan izanda egingo da.

Etapan zehar garatu beharreko gaitasunak adierazten dituzte helburuek. Gaitasun horiek hainbat arlotan bildurik aurkezten dira: kognitiboa, psikomotrizitatea, emozio-oreka, pertsonen arteko harremanak, gizartea...

Irakasleek gaitasun horiek indibidualizatu egin behar dituzte eta, batez ere gaitasunen adierazle esanguratsuak aurkitu, ikasleen ebaluazioa errazteko.

Irakasleek, berriz, identifikatuko dute nola laguntzen duen haien arloak gaitasun horiek garatzen. Horrela lortutako informazioarekin, irakasle taldeak iritzi osatuagoa eta, zalantzarik gabe, zuzenagoa izango dute, eta ikasleak ikasgaia gainditu behar duenetz erabaki ahalko du.

Curriculum-dekretuaren arabera, ikasle batek gainditu duenetz erabakitzeko, ikaslearen heldutasuna eta geroko ikasketetan aurrera egiteko dituen ahalbideak kontuan izango dira, eskuarki.

3. ETAPAKO HELBURU OROKORREN BANAKETA

Etapako helburu orokorrak

Lehen zikloko helburuak

Hirugarren maila

Laugarren maila

a. Euskarazko mezu idatziak zein ahozkoak ulertzea eta sortzea, zuzentasunez, autonomiaz eta irudimenez, eta hizkuntzaren erabileran inplikatutako prozesuez eta hizkuntzak norberaren pentsamenduak antolatzeko ematen duen laguntzaz gogoeta egitea.

a-1: Euskarazko mezu idatziak zein ahozkoak ulertu eta sortzea, zuzentasunez, autonomiaz eta irudimenez, komunikatzeko eta norberaren pentsamendua antolatzeko bide gisa.

a-2: Hizkuntzaren elementuen funtzionamenduari buruz gogoeta egitea, hizkuntzak bere baitan dituen kultura-esanahi inplizituak hautemateko, hobeto idazteko eta idazkiak hobeto ulertzeko.

a-3: Hizkuntzak norberaren jokabidea erregularizatzeko eta besteen jokabideari eragiteko baliabide gisa betetzen duen eginkizunaz gogoeta egitea.

a-1: Mezu idatziak zein ahozkoak ulertu eta sortzea, zuzentasunez, autonomiaz eta irudimenaz, komunikatzeko eta gizarte-harremanetarako baliabide gisa.

a-2: Hizkuntzaren elementuen funtzionamenduari buruz gogoeta egin, elementu horiek eguneroko komunikazioan erabili eta hizkuntza-gaitasuna hobetzeko duten garrantzia balioestea.

a-3: Hizkuntzak norberaren iritzi eta sinesmenak mamitzeko eta ideia eta pentsamenduak antolatzeko duen garrantzia ulertzea.

a-1: Euskarazko mezu idatziak zein ahozkoak ulertu eta sortzea, zuzentasunez, autonomiaz eta irudimenez, komunikatzeko, norberaren pentsamendua antolatzeko eta gizartera moldatzeko.

a-2: Hizkuntzaren erabilerako prozesuei buruz gogoeta egitea, norberak komunitatearen kultura-esanahiak bereganatzeko eta barneratzeko, eta komunikazio-gaitasuna hobeto garatzeko.

a-3: Hizkuntzak pentsamenduak antolatzeko, iritziak mamitzeko eta jokabidea arautzeko duen garrantzia ulertu eta balioestea.

b. Ikasten ari diren atzerriko hizkuntzak ulertzea eta hizkuntza horietan zuzentasunez komunikatzea.

b-1: Atzerriko hizkuntza bat edo gehiago ulertu eta zuzentasunez erabiltzea, komunikatzeko eta beste kultura batzuetara irekitzeko bide gisa.

b-2: Atzerriko hizkuntzak jakitearen garrantzia balioestea, pertsonen, ondasunen edo ideien trukea errazten duelako eta komunikatzeko aukerak handitzen dituelako.

b-1: Atzerriko hizkuntza bat edo gehiago ulertu eta txukun erabiltzea, komunikatzeko eta nork bere burua aberasteko baliabide gisa, atzerriko hizkuntzak jakiteak egungo gizartean duen garrantzia balioetsiz.

b-2: Atzerriko hizkuntzak jakiteak duen garrantzia balioestea, Europako gizartean egokiro integratzen laguntzen duelako eta Europako kultura-aniztasuna ezagutzeko baliagarria delako.

b-1: Atzerriko hizkuntza batean edo gehiagotan mezu kontestualizatu idatziak zein ahozkoak ulertu eta adieraztea, komunikatzeko, beste kultura batzuetara irekitzeko eta testuinguru sozial eta kulturala ulertzeko.

b-2: Atzerriko hizkuntzak jakiteak duen garrantzia balioestea, komunikazioaren eta truke kultural, ekonomiko eta sozialaren testuinguruan gaurko gizarteak ezinbestekoa duelako

c. Kode artistikoak, zientifikoak eta teknikoak erabiltzen dituzten mezuak interpretatzea eta sortzea, zuzentasunez, autonomiaz eta irudimenez, komunikazio-gaitasunak aberasteko eta haien erabileran inplikatutako prozesuez gogoeta egiteko.

c-1: Kode artistikoak, zientifikoak eta teknikoak erabiltzen dituzten mezuak interpretatu eta sortzea, zuzentasunez eta autonomiaz, ingurunea modu burutsu eta kritikoan bereganatzeko eta komunikazio-ahalbideak handitzeko.

c-2: Hizkera desberdinak batera erabiliz sortutako mezuetan komunikazio-egoeraren elementu nagusiak eta erabilitako prozedura eta baliabideak identifikatzea.

c-3: Mezuak hautatzeko, planifikatzeko eta egituratzeko elementuak garatzea, estretegiok komunikazioa eta elkarreragina errazten baitituzte.

c-1: Kode artistikoak, zientifikoak eta teknikoak erabiltzen dituzten mezuak interpretatu eta sortzea, zuzentasunez, autonomiaz eta irudimenaz, norberaren adierazpen-ahalbideak handituz eta kode horien ekarpenak balioztatuz.

c-2: Kode artistiko, zientifiko eta teknikoak osatzen dituzten elementu nagusiak identifikatu, haiei buruz gogoeta egin eta gero eta autonomia handiagoz erabiltzea.

c-2. Kode artistiko, zientifiko eta teknikoak erabiltzean kritikoak eta zorrotzak izan, eta modu estrategikoan erabiltzea, helburuak eta komunikazio-egoerak kontuan izanda.

c-1: Kode artistikoak, zientifikoak eta teknikoak erabiltzen dituzten mezuak interpretatu eta sortzea, zuzentasunez, autonomiaz eta irudimenaz, gogoetarako joera eta zentzu kritikoa garatzeko eta komunikazio-gaitasuna aberasteko.

c-2: Hizkera desberdinak batera erabiliz sortutako mezuetan komunikazio-egoeraren elementu nagusiak identifikatzea, asmoa eta komunikazio-egoera kontuan izanda, norberak sortutako mezuetan egokienak erabiliz.

c-3: Kode desberdinak erabiliz sortutako mezuak hautatzeko, planifikatzeko eta egituratzeko elementuak barneratu eta garatzea, besteekiko komunikazioa eta elkarreragina errazten baitute.

d. Eskura dauden iturri egokiak erabiliz informazioa lortzea eta aukeratzea, modu autonomo eta kritikoan lantzea, aldez aurretik ezarritako helburu bat lortzeko, eta era antolatu eta ulergarrian transmititzea.

d-1: Aldez aurreko helburu bat lortzeko beharrezkoa den informazioa eskuratzea, trebetasun eta estrategia egokienak erabiliz eta ezagutza zabalagoa eta objektiboa lortzeko duen garrantzia balioetsiz.

d-2: Erabilitako iturrietako informazioa zentzu kritikoz aztertzea, ezarritako helburua lortzeko egokiena hautatuz.

d-3: Informazioak eta mezuak antolatzeko, lantzeko eta aurkezteko orduan zorrotza eta zehatza izatea.

d-1: Zenbait iturritatik informazioa lortu eta hautatzea, helburuari erreparatuz eta prozesua erregulatuz.

d-2: Erabilitako iturrietako informazioa zentzu kritikoz aztertzea, helburuak kontuan izanda, kalitatea bermatuz eta norberaren heziketari egiten dioten ekarpena aztertuz.

d-3: Informazioak eta mezuak antolatzeko, lantzeko eta aurkezteko orduan zorrotza eta zehatza izatea, gainerakoentzat ulergarriak izan daitezen.

d-1: Informazioa lortu eta hautatzea, iturri egokiak adimenez erabiliz eta trebetasunak zein plangintza-estrategiak garatzeko eta norberaren ikaskuntza erregulatzeko duen baliagarritasuna balioetsiz.

d-2: Erabilitako iturrietako informazioa zentzu kritikoz aztertzea, gehiago jakiteak norbera aberasteko eta gizarteko arlo guztietara hurbiltzeko duen garrantzia balioetsiz.

d-3: Ikasitakoa erabili, informazioa hautatzeko eta tratatzeko teknikez baliatu, eta informazio eta mezuen antolaerako, lanketako eta aurkezpeneko aldagaiak kontuan hartzea, betiere ulergarritasunaren mesedetan.

e. Ezagueraren eta esperientziaren arlo guztietan arazoak identifikatzeko eta konpontzeko estrategiak prestatzea, senari eta arrazoibide logikoei jarraiki, estrategien egokitasuna egiaztatuz eta prozesuari buruzko gogoeta eginez.

e-1: Ikasleak bere inguru hurbilean dituen edo esperimentatu ahal dituen arazoak identifikatzeko eta konpontzeko estrategiak prestatzea, ezagueraren eta esperientziaren arlo guztietan, egoerei aurre egiteko moduak garatu ahal izateko.

e-2: Senezko eta arrazoibide logikozko prozedura errazak erabiltzea, interpretazioaren alderdiei garrantzi handia emanez, ezagueraren arlo guztietan arazoak aztertzeko eta konpontzeko estrategia pertsonalak baliatzen laguntzeko.

e-3: Aukera desberdinak aztertzean eta alderatzean, eta arazoak konpontzeko baliatutako prozesuez hausnartzean sistematikoki jokatzea.

e-1: Testuinguru desberdinetako arazoak identifikatzeko eta konpontzeko estrategia pertsonalak prestatzea, sena eta arrazoibide logikoa erabiliz, eguneroko bizitzan autonomia pertsonala areago garatzeko.

e-2: Sena eta arrazoibide logikoa erabiltzea, interpretazio-alderdiak automatizatuz eta alderdi konstruktibo eta formalak erabiltzen hasiz, ezagueraren arlo guztietan arazoak aztertzeko eta konpontzeko.

e-3: Arazoak konpontzeko aukera desberdinak aztertzean eta alderatzean sistematikoa eta zorrotza izatea eta kasu bakoitzean baliatutako prozesuaren egokitasuna zalantzan jartzea.

e-1: Ikasleak urrunago dituen testuinguruetako arazoak identifikatzeko eta konpontzeko estrategiak prestatzea, ezagueraren eta esperientziaren arlo guztietan, arrazoibide logikoa erabiliz, hizkera sinbolikoak eta irudikapen formalak erraztasun handiagoz erabiltzen laguntzeko.

e-2: Sena eta arrazoibide logikoa erabiltzea, alderdi konstruktibo eta formalak lehenetsiz, ezagueraren arlo guztietan arazoak aztertzeko eta konpontzeko estrategia zehatzagoak erabiltzearren.

e-3: Aukera desberdinak aztertzean eta alderatzean eta arazoak konpontzeko prozesuaz hausnartzean sakontasunerako eta zehaztasun handiagorako joera erakustea.

f. Norberaren nortasuna, interesak eta gaitasunak ezagutzen laguntzea, erabakiak errazago hartzeko eta zailtasunak gainditzen jakiteko.

f-1: Norberaren nortasuna ezagutzen laguntzea, norberaren gaitasunak, interesak eta besteen iritziak aintzat hartuz, eta ikaslearen aldaketa fisiko eta emozionalen alde positibo eta konstruktiboa nabarmenduz.

f-2: Ohiko jardueretan autonomiaz aritzea, aurretik hausnartzeko eta erabaki pertsonal positiboak hartzeko joera erakutsiz.

f-3: Beste pertsona batzuekin harremanak izan eta gizarte-talde zabalago bateko kide sentitzea, adiskidetasun-harreman zintzoak finkatuz eta ekimen positibo eta sortzaileak eskainiz.

f-1: Norberaren nortasuna ezagutzen laguntzea, autokontzeptu eta autoestimu onuragarri eta orekatua sortzeko bidean.

f-2: Ohiko jardueretan autonomiaz aritzea, jarduerak planifikatzeko, erregulatzeko eta ebaluatzeko gaitasuna garatuz, eguneroko bizitzan jokabide estrategikoa izateko asmoz.

f-3: Beste pertsona batzuekin harremanak izatea, gizarte-taldeetan irrikaz integratuz eta adiskidetasun-harremanak finkatzeko eta proiektu zein ekimenetan laguntzeko gogoa erakutsiz.

f-1: Norberaren nortasuna, gaitasunak eta interesak ezagutzen laguntzea, autoestimua sendotzeko eta irizpide pertsonalak garatzen eta eguneroko jardueretan arduraz parte hartzeko.

f-2: Nork bere erabakiak autonomiaz hartzea, gauzak berehala lortzeko gogoaren eta metodoz jokatu beharraren arteko jarrera orekatua hartuz, eraginkortasuna eta jardueretan eragina duten aldagaiak balioetsiz.

f-3: Beste pertsona batzuekin harremanak izan, bizikidetzaren garrantzia balioetsi eta eskuzabaltasunean, begirunean eta zintzotasunean oinarritutako adiskidetasun-harremanak finkatzea.

g. Errespetua eta diziplina ohituratzat hartzea eta garatzea, beharrezkoa baita hezkuntza-jardunean eraginkortasunez aritzeko eta gizarte-, erlijio-, genero- eta arraza-desberdintasunekin tolerantziaz eta elkartasunez jokatzeko, aurreiritziak jarrera kritiko, ireki eta demokratikoaren bidez gaindituz.

g-1: Arauak errespetatu, eta ikasgelan zein eskolako gainerako jardueretan diziplinaz jokatzea.

g-2: Ahalegin pertsonalaren beharraz jabetu eta zailtasunak gainditzeko gogoa erakustea, erabateko heldutasuna lortzeko eta nortasuna sendotzeko oinarrizko elementuak baitira.

g-3: Talde-jardueretan parte hartzea, askotariko interes eta iritziak onartuz, modu sortzailean lagunduz eta norberaren ekarpenei buruzko iritzi kritikoak onartuz.

g-4: Jarrera solidario eta toleranteak garatzea, bereizkeria bultzatutako gizarte-ohiturak eta estereotipoak identifikatuz eta agerian jarriz eta mota guztietako bereizkeriak gaitzetsiz.

g-1: Errespetuz eta diziplinaz jokatzea, ikastetxeetan lan-giro egokia izateko funtsezkoa baita.

g-2: Norberaren ahaleginak kalitatezko ekoizpenak egiteko duen garrantziaz jabetu, eta gizartean erabaki egokiak hartzeko beharrezkoa den heldutasuna lortzen laguntzen duela ohartzea.

g-3: Talde-jardueretan parte hartzea, ekimenak proposatuz, konpromisoak hartuz eta kritika konstruktiboa onartuz, eta elkarlanak pertsonaren hazkunde integralerako duen garrantzia balioestea.

g-4: Elkartasunez eta tolerantziaz jokatu, jarrera eta jokabide diskriminatzaileak identifikatu eta gaitzetsi, eta pertsonen arteko berdintasuna sustatzen duten ekimenetan parte hartzea.

g-1: Eskola-komunitateko kide guztiekiko begirunea erakutsi, eta ikastetxeetan bizikidetza aberatsa eta hezigarria ahalbidetzen duten arauak barneratu eta bere egitea.

g-2: Norberaren ahalegina balioetsi, eta zailtasuna eta oztopoak gainditzen ahalegintzea, norberak lana ondo egiteko duen gaitasunean konfiantza izanez.

g-3: Talde-jardueretan parte hartzea, talde-lana objektibotasun eta sakontasun handiagoa lortzeko baliabide gisa balioetsiz eta berez helburua dela onartuz, pertsona garatzen eta gizarte-harremanetarako trebetasunak hartzen laguntzen duelako.

g-4: Elkartasunez eta tolerantziaz jokatu, mota guztietako bereizkeria edo diskriminazioen aurkako konpromiso pertsonalak hartuz eta helburu horiek lortzeko ekimenetan gogotsu parte hartuz.

h. Gure ondare kultural, historiko eta artistikoko sinesmenak, jarrerak eta balioak ezagutu, errespetatu eta balioestea.

h-1: Gure tradizioko eta gure kultura-ondareko sinesmenak, jarrerak eta balioak ezagutu, errespetatu eta balioetsi, eta horiei buruzko gogoeta kritikoa egiten hastea.

h-2: Tradizioa eta kultura-ondarea balioestea, gizartearen ezaugarriak diren aldetik, eta beste kulturak errespetatzea.

h-3: Gure tradizioko eta gure kultura-ondareko oinarrizko sinesmenak, jarrerak eta balioak gorde eta transmititzen dituzten pertsona eta erakundeak errespetatzea.

h-1: Gure tradizioko eta gure kultura-ondareko sinesmenak, jarrerak eta balioak ezagutu, eguneroko jardueretan antzeman eta kritikoki balioestea.

h-2: Tradizioa eta kultura-ondarea ezagutu eta norberaren garapenarentzat baliagarri izan daitezkeen elementuekiko konpromisoa hartzea.

h-3: Tradizioari eta kultura-ondareari lotutako pertsona eta erakundeak errespetatzea, sinesmenen aniztasuna aberasgarritzat hartuz.

h-1: Gure tradizioko eta gure kultura-ondareko sinesmenak, jarrerak eta balioak ezagutu, eguneroko jardueretan identifikatu eta zorroztasun kritikoz balioztatzea.

h-2: Jasotako kultura-ondarea balioetsi eta norbera zein ingurua hobetzeko konpromiso arduratsuak hartzea.

h-3: Pertsonaren garapen integralerako lagungarriak diren aukerak modu koherentean aukeratu eta haien arabera jokatzea, besteen aukera zilegiak errespetatuz eta bizikidetza demokratikoan iritzien trukeak duen garrantzia aintzat hartuz.

i. Herritarren eskubide eta betebeharrak aztertu eta balioestea, gizarte-inguruneko ongizate orokorra hobetzen laguntzeko.

i-1: Herritarrek gizartean dituzten eskubide eta betebeharrak ezagutu, eguneroko harremanetan identifikatu eta haien beharra ulertu eta balioestea.

i-2: Pertsonen, gizarte-taldeen eta herrien arteko desberdintasunen aurrean sentiberatasuna agertzea.

i-3: Gizarte bidezkoa lortzeko norberak zein gizarteak eskubideak eta betebeharrak zuzen erabili eta askatasuna zentzuz baliatu beharraz jabetzea.

i-1: Herritarrek gizartean dituzten eskubide eta betebeharrak ezagutu, haien zentzua ulertu askatasunaren garrantzia balioetsiz, eta haiekin bat datozen judizio eta jarrera pertsonalak hartzea.

i-2: Gizarteetako desberdintasunen eragileak aztertu, norberaren inguruan identifikatu eta desberdintasunak jasaten dituzten pertsonekin elkartasunez jokatzea.

i-3: Pertsonen eskubide eta betebeharren erabilera askea bermatzeko ekimen solidarioetan parte hartu, eta bidegabekerien aurkako zentzu kritikoa garatzea.

i-1: Herritarren eskubide eta betebeharrak aztertu eta balioestea, ikasleari bere askatasuna arduraz erabiltzen uzteko eta bizikidetza demokratikorako duten garrantzia ulerrarazteko.

i-2: Laneko, gizarteko zein pertsonen arteko harremanetan gertatzen diren desberdintasun-egoeren aurkako konpromiso pertsonalak hartzea.

i-3: Gizarte-arazoen konplexutasunaz ohartu eta norberaren judizio eta iritzietan zorroztasun kritikoa erakustea.

j. Naturaren funtzionamendua arautzen duten oinarrizko legeak ezagutu, aurrerapen zientifiko-teknologikoa balioetsi eta ingurune fisikoan duten eraginaz ohartzea, ingurumena zaintzen eta hobetzen laguntzeko.

j-1: Natura ezagutzeko interesa izatea, faktore fisikoen elkarreragina eta giza jardunaren ondorioak ikertuz, paisaien oparotasun eta aniztasunaz ohartzeko.

j-2: Giza jardunak naturari dakarzkion ondorio zuzenak eta zeharkakoak identifikatu, eta aukera alternatiboak ezagutzen eta aztertzen hastea.

j-3: Natura babesteko, kontserbatzeko eta hobetzeko konpromisoak hartu eta gogoz lan egitea, natura bizi-kalitatea bermatzeko funtsezkoa baita.

j-4: Zientzia eta teknologiaren garapenaren eragin negatiboa zentzu kritikoz aztertzea hainbat arlotan, hala nola pertsonarengan (hedonismorako joera), gizartean (arma-norgehiagoka) eta ingurumenean (kutsadura...).

j-1: Naturaren legeak eta oinarrizko prozesuak ezagutu eta aztertu, elkarreraginak sakon ikertuz, eta paisaia natural orekatu eta anitzaren garrantzia balioestea.

j-2: Giza jardunak naturan izan duen ingurumen-eragina aztertu, eta ingurune fisikoa babesteko ekimenak ezagutu eta balioestea.

j-3: Natura babesteko, kontserbatzeko eta hobetzeko ekimenetan gogoz parte hartzea, natura bizi-kalitatea bermatzeko funtsezkoa baita.

j-4: Zientziaren eta teknologiaren garapenak ingurune fisikoan, naturan eta gizartean dituen aplikazioak ezagutu eta balioestea, eta aldaketaren eta berrikuntzaren aldeko jarrera irekia erakustea.

j-1: Naturaren legeak eta oinarrizko prozesuak ezagutu eta aztertzea, informazioa erabiltzean eta transmititzean zehatzak izanez.

j-2: Giza jardunak naturan duen eragina baldintzatzen duten sektore edo gizarte-taldeen arteko interes-gatazkak aztertu, eta ingurumen-desorekak eragozteko edo zuzentzeko proposatzen diren neurrien egokitasuna balioztatzea.

j-3: Gizabanakoek zein gizarteak ingurumen-arazoetan duten erantzukizunaz jabetu, naturaren aldeko pertsona eta erakundeen lan solidarioa balioetsi eta helburu horiek lortzeko ekimenetan gogotsu parte hartzea.

j-4: Zientziaren edo teknologiaren ekarpen guztien alde onak eta balizko ondorio txarrak aztertzea; oro har, zientziaren ahalmenak eta mugak balioztatzea; eta zientzia/moraltasuna eztabaidan lehen urratsak egitea.

k. Irakatsi eta ikasteko prozesuetan informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) erabiltzea.

k-1: IKTak ezagutu eta eguneroko eskola-jardunean erabiltzen hastea.

k-2: IKTen alde onak eta txarrak zentzu kritikoz aztertzea, besteak beste, komunikazioak zabaltzeko aukera, manipulazioa eta bakardadea landuz.

k-1: Egunean egoteko eta IKTak erraz eta naturaltasunez erabiltzea gogoa erakustea.

k-2: IKTak zentzu kritikoz erabiltzea, gizartearen aurrerapenerako dituzten alde onei erreparatuz eta balizko ondorio txarrak kontuan izanda.

k-1: IKTak autonomiaz eta naturaltasunez erabili eta berrikuntza eta hobekuntza etengabearen aldeko jarrera hartzea, lan pertsonala etengabeko prozesutzat harturik.

k-2: IKTak jarrera kritikoagoaz erabiltzea, jarrera malgu eta ez-dogmatikoak hartuz eta tresna horiek gero eta hobeto erabiltzen ahaleginduz.

l. Estatuko eta Euskal Herriko kulturen eta hizkuntzen ondarea ezagutu eta balioestea, kulturen eta hizkuntzen aniztasuna kontuan izanda.

l-1: Estatuko eta Euskal Herriko kultura-ondarea osatzen duten elementuak ezagutu, balioetsi eta gozatzea, eta testuinguru historiko zein sozialean kokatzea.

l-2: Hizkuntza- eta kultura-aniztasuna herrien eta gizabanakoen eskubidetzat hartu, aniztasunarekiko begirunea garatu eta kultura-elementuak eta haien euskarri sentimentalak ezagutzeko interesa agertzea.

l-3: Kultura-ondarea babesteko, kontserbatzeko eta hobetzeko konpromisoak hartu eta gogoz lan egitea, Estatuko eta Euskal Herriko kultura-aberastasunaren erakusgarria delako.

l-1: Estatuko eta Euskal Herriko ondare historiko eta kulturala osatzen duten elementuak ezagutu, behinolako garrantzia balioetsi eta gaur egun gure kulturaren bereizgarri gisa duten indarraz jabetzea.

l-2: Hizkuntza- eta kultura-aniztasuna herrien eta gizabanakoen eskubidetzat eta betebehartzat hartzea, haien ondarearen aberasgarri diren aldetik, eta beste kultura eta hizkuntza batzuetako pertsonekin harremanak izateko prest agertzea.

l-3: Kultura-ondarea babesteko, kontserbatzeko eta hobetzeko konpromisoa hartzea, iraganeko eta etorkizuneko belaunaldiekin dugun erantzukizuna baita.

l-1: Estatuko eta Euskal Herriko ondarea ezagutu eta testuinguru historiko, sozial eta kulturalean kokatu, herrien nortasunaren bereizgarritzat hartu eta harekin gozatzea.

l-2: Hizkuntza- eta kultura-aniztasuna herrien eta gizabanakoen eskubidetzat eta betebehartzat hartzea, haien ondarearen aberasgarri diren aldetik, eta beste kultura eta hizkuntza batzuetako pertsonekiko harremanak aberasgarria direla onartzea.

l-3: Gizabanakoek eta gizarteak kultura-ondarea kontserbatzeko eta hobetzeko eta kulturen eta hizkuntzen arteko arazoak gainditzeko duten erantzukizunaz jabetu, eta helburu horiek lortzeko ekimenetan gogotsu parte hartzea.

m. Giza gorputzaren funtzionamendua ezagutu, ariketa fisikoaz baliatu eta higienea zein elikadura egokia balioestea, bizi-kalitatea hobetzeko.

m-1: Norberaren gorputzaren oinarrizko elementuak, haien funtzionamendu eta morfologia ezagutu eta ulertzea, baita osasunarekin duten lotura ere.

m-2: Osasuna narrasten duten jarrera indibidual eta sozialak zentzu kritikoz aztertzea, haien kausak azalduz eta alternatibak proposatuz.

m-3: Jarduera fisiko egokiaren onurak balioestea, eta norberaren irudia eta osasunahobetzeko eta taldean integratzeko ohitura higieniko eta osasungarriek duten garrantziaz ohartzea.

m-1: Norberaren gorputzaren oinarrizko elementuak eta haien funtzionamendua ezagutu eta ulertu, haien eginkizunak aztertu eta higienearekin duten lotura xehero aztertzea.

m-2: Osasuna narrasten duten jarrera sozialak identifikatu, kritikoki aztertu, eta pertsonarentzat zein berdinen taldearentzat alternatiba egokiak lantzea.

m-3: Garapen orekatuari eta osasun psikiko zein fisikoari laguntzen dieten ohiturak hartzea: ariketa fisikokoak, higienekoak, elikadurakoak...

m-1. Giza gorputzaren oinarrizko elementuak ezagutu eta ulertu, osasunarentzat kaltegarriak diren ohiturez gogoeta egin eta haien kontrako jarrera hartzea.

m-2: Pertsonen eta komunitatearen osasunarekin zerikusia duten arazoak aztertu, eta bizi-funtzioak sakonago ezagutzea, bizimodu osasungarriaren premia modu arrazoituan ulertzeko.

m-3: Heziketa-ohiturak sendotu, norberaren gorputzaz arduratu eta bizi-kalitate hobea lortzea.

4. NATUR ZIENTZIAK ARLOA

4.1. SARRERA

Natur Zientzien helburua natura-ingurunea aztertzea da, honako hauek oinarritzat harturik: fenomeno naturalen behaketa zehatza; fenomeno naturalen jatorria eta kausak azaltzeko hipotesien formulazioa; esperimentazioa eta datu-bilketa, hipotesiak egiaztatzeko; eta, azkenik, beste arlo batzuetara zabal daitezkeen tesi edo legeen taxuketa.

Natur Zientziak gizartean txertatuta daude, eta garrantzi handiko ekarpenak egin dituzte arlo askotan. Osasuna, elikagaiak eta energia-baliabideak, ingurumenaren kontserbazioa eta ikerkuntza teknologikoa dira arlo horietako batzuk. Hori dela eta, Natur Zientziak funtsezkoak dira gaur egungo kultura ulertzeko. Ezagutza horiek oso lagungarriak dira irizpideak osatzeko eta bizitzako ohiturekin zerikusia duten jokaerak bideratzeko.

ARLOAREN XEDEA

Hauxe da arlo honetako xede nagusia: natura-ingurunea ulertzeko, babesteko, zaintzeko eta hobetzeko beharrezkoak diren kontzeptuak, teoria, metodologia eta ikerkuntza-tresnak eskaintzea ikasleei. Gainera, funtsezkoa da ikasleei zientziaren baliagarritasunaz ohartaraztea, eguneroko fenomeno naturalak azaltzeko eta aurreikusteko modua ematen duela jakinda. Azkenik, natura-ingurunea modu objektibo, zorrotz eta kontrastatuan aztertzeko beharrezkoak diren tresnak berenganatu behar dituzte. Hauexek dira ikaskuntza horrek bete beharreko baldintzak:

-Ikasleek zientziari buruz aldez aurretik dituzten ideiak edo ezagutza zientifikoak jasotzeko eskemak aintzat hartzea.

-Gertakari eta prozesu zientifikoak zabaltzea, dibertsifikatzea eta sakontzea, ikasleen ezagutzen eta zientziaren ezagutzaren arteko lotura ezarriz.

-Ikasleek beren ezagutzak eguneratzea eta barneratzea, kontzeptuzko, prozedurazko zein jarrerazko trebetasunak landuz.

BESTE ARLOEKIKO HARREMANAK

Natur Zientziak arloak diziplinarteko lotura du curriculumeko gainerako arloekin, hau da, Matematikarekin, Gizarte Zientziak, Geografia eta Historiarekin, Teknologiarekin, Plastika eta Ikus-hezkuntzarekin, Musikarekin, eta Hizkuntza eta Literaturarekin.

Askotan, datuak landu behar dira fenomeno naturalak aztertzeko. Matematika arloak datuak biltzeko, adierazteko eta aztertzeko tresna eta teknikak eskaintzen dizkie ikasleei. Bestetik, Natur Zientziek aztergai ugari, eremuak eta egoerak, eskaintzen dizkiote Matematika arloari.

Natur Zientziek Gizarte Zientziak, Geografia eta Historia arloarekin partekatzen dute biziaren ingurune fisikoaren azterketa, eta haien osagarri dira, batez ere gizakiak zuzenean esku hartzen duen alderdiei dagokienez. Gizakiaren eta pentsamenduaren historia aurrerapen zientifiko eta teknologikoekin batera garatzen da, eta, beraz, zaila da bata ulertzea, besteak ezagutu ezean.

Teknologia arloak, natura-inguruneko gertaerak baliatzen ditu, gizakiaren arazoak konpontzeko, eta bizi-kalitatea hobetzeko tresna, aparatu eta objektuak egiteko. Askotan, jarduera tekniko horien ondorioz, gizakiak natura-ingurunea aldatzen du, eta, halakoetan, Natur Zientziek aztertzen dituzte aldaketa horiek.

Natura-ingurunean askotariko formak, koloreak, egiturak, soinuak... daude. Horregatik, inspirazio-iturri etengabea da Plastika eta Ikus-hezkuntza eta Musika arloetarako.

Azkenik, Hizkuntza eta Literatura arloak ezagutzak ahoz zein idatziz adierazteko baliabideak eskaintzen dizkie Natur Zientziei. Bestetik, terminologia zientifikoa eta zientzia-hizkeraren argitasuna eta zehaztasuna aberasgarriak dira hizkuntzarako.

ZEHAR-LERROAK NATUR ZIENTZIETAN

Curriculumean, ikasleen garapen integralari erreparatzen dio gaur egungo hezkuntza-sistemak, lehen ez bezala. Hala, curriculuma integrala den aldetik, zehar-lerroetako oinarrizko edukiak lantzen dira arlo guztietan.

Orain, Natur Zientziak arloan zehar-lerroak nola txertatu diren azalduko dugu, labur-laburrean.

· Sexu-berdintasunerako hezkuntza

· Pertsona edo gizakia bera balioetsi, gizonezkoa edo emakumezkoa den aintzat hartu gabe.

· Ahalmen guztiak garatu, sexu bakoitzari jokabide jakinak ezartzeko joera soziala baztertuz.

· Arduraz, elkartasunez eta tolerantziaz jokatu, bereizkeria sexistak alboratuz.

· Gizarteko bereizkeria sexistak ezagutu eta horien aurkako jarrera agertu.

· Ikaskideak errespetatzea eta estimatzea, hala neskak nola mutilak.

· Sexualitatearen erabilera pertsonen arteko erabateko komunikaziotzat hartu.

· Ugalketarako eta jaiotze-kontrolerako teknika berriak ezagutu.

· Giza eskubide- eta bake-hezkuntza

· Besteen ezaugarriak eta izaera errespetatu eta balioetsi, edonolako bazterkerien aurka agertuz.

· Frustrazio txikiak onartu, eta eguneroko bizitzako zailtasunak gainditzeko kemena agertu, besteei laguntza eskatuz.

· Talde-lanetan tolerantziaz parte hartu, besteak errespetatuz eta elkarrizketarako prest agertuz.

· Ikasgelan harreman baketsuak eta antolakuntza demokratikoa ezarri eta sustatu.

· Beste kultura eta herrialde batzuk eta gaur egun munduan dauden arazoak ezagutu. Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsala ezagutu, eta errespetatu beharrekoa dela ohartu.

· Garapenerako hezkuntza

· Giza gaitasun guztiak garatu, sexu bakoitzari jokabide jakin batzuk ezartzen dizkioten aurreiritzi eta gizarte-muga guztiak alboratuz.

· Elikadura orekatua, higienea eta ariketa fisikoa gure garapenerako mesedegarri direla ohartu, eta ohitura osasungaitzak, alkohola, tabakoa eta bestelako drogak baztertu.

· Teknologia berriekin zerikusia duten tresnak erabiltzeko segurtasun-arauak ezagutu eta bete.

· Zientziak gizakiaren bizi-baldintzak hobetzeko egindako ekarpenak aintzat hartu.

· Gai zientifiko eta teknologikoei buruzko irizpide pertsonalak garatu, bildutako datuak egiaztatuz eta balioztatuz.

· Gizartearen eta zientziaren arteko harremanek sortzen dituzten arazoei buruzko jarrera kritiko eta hausnartua izan.

· Kontrolik gabeko garapenaren eta giza jarduera batzuen eragina modu kritikoan aztertu.

· Osasun-hezkuntza

· Norberaren izaerari, ezaugarriei eta ahalmenei buruzko iritzi egokia izan, eta autonomiaz eta modu orekatuan jardun, zailtasunak gainditzeko ahalegina balioetsiz.

· Gorputzaren funtzionamenduaren oinarrizko alderdiak, eta norberaren ekintzek beste pertsonen osasunean duten eragina ezagutu eta ulertu.

· Prebentzioa osasuna zaintzeko modurik onena dela konturatu, eta gaur egungo gaixotasunik ohikoenak prebenitzen dituzten bizi-ohiturak hartu.

· Ariketa fisikoaren, higienearen eta elikadura orekatuaren onurak balioetsi, eta osasunarentzat oso arriskutsuak diren ohiturak baztertu, hala nola alkoholaren, tabakoaren eta bestelako drogen kontsumoa.

· Ingurumen-hezkuntza

· Ingurumenaren kontzientzia globala izan, eta gaur egun dituen arazoez ohartu.

· Ingurumena hondatzen duten giza jarduera batzuen ondorioak, eta estatuen zein nazioarteko erakundeen kontrol-neurriak modu kritikoan balioztatu.

· Elementu fisikoei eta izaki bizidunei buruzko ezagutzak natura-inguruneaz gozatzeko erabili, eta ingurumena zaintzeko eta hobetzeko ekimenak proposatu, balioetsi eta sustatu.

· Kontsumo-hezkuntza

· Ikasleak kontsumitzaile izateari buruzko kontzeptu argiak bereganatu, eta kontsumitzaileen eskubide eta betebeharrak ezagutu. Kontsumo-gizartearen ibilmoldea ikasi, eta kontsumitzaile informatu gisa jarduteko dituen baliabideak ezagutu.

· Merkatuan eskaintzen diren ondasun, produktu eta zerbitzuak erabiltzeko modurik egokiena patxadaz aztertu.

· Ikasleak kontsumitzaile gisa duen heziketa eta informazioa modu positiboan balioetsi, eta kontsumismoaren kontrako jarrera kritikoa agertu.

· Kontsumitzailearen Legearen berri izan, eta hainbat arlotan kontsumitzaileen interesak babesten dituzten elkarteak ezagutu.

· Komunikabide-hezkuntza

· Komunikabideetako informazioa nork bere burua hezteko baliabidetzat hartu.

· Zientziaren garapenarekin zerikusia duten gaiei buruzko informazioa lortzeko iturri desberdinak erabili, hala nola egunkariak, aldizkariak, bideoak, txostenak, iragarkiak, eta abar.

· Komunikabideek zientziari eta garapenari buruz ematen diguten informazioa aztertzerakoan pentsamendu kritikoa garatu.

· Komunikabideek zientzia ezagutarazteko izan dezaketen ahalmena balioetsi.

Sexu-hezkuntza

· Sexualitatearen alderdi biologiko zein emozionalak ezagutu, emakumezkoen eta gizonezkoen sexu-rolak balioetsi, eta sexualitatearen erabilera pertsonen arteko erabateko komunikaziotzat hartu.

· Norberaren gorputza ezagutu, eta autonomia pertsonala garatu, osasuna eta autoestimua izateko ezinbestekoak baitira.

· Afektibitatea eta sexualitatea erlazionatu, haien jatorria eta zentzua bereiziz.

Kulturaniztasunerako hezkuntza

· Beste kultura eta herrialde batzuk, gaur egun munduan dauden arazoak, eta Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsala ezagutu, deklarazio hori errespetatu beharrekoa dela nabarmenduz.

· Beste kultura-adierazpideen balioak onartu.

· Gai moral eta zibikoei buruzko pentsamendu positiboa garatu, eta norberaren historia pertsonal zein kolektiboan erabili, hobetzeko xedez.

· Kultura-aniztasuna gizartea eta gizabanakoa hobetzeko bidetzat hartu.

· Bizikidetza-ohitura egokiak erabili, elkarrekiko begirunea eta elkarlana sendotzeko.

· Bide-hezkuntza

· Istripuen kausak eta arrisku-faktoreak aztertu eta identifikatu, hala nola gehiegizko abiadura, alkoholaren kontsumoa eta zirkulazio-arauen urraketa.

· Zirkulazio-arau guztiak ezagutu eta bete, baita segurtasunarekin zerikusi zuzena ez dutenak ere.

· Bizikletak eta ziklomotorrak gidatzean arduraz eta kontuz ibili.

· Trafiko-istripuetan egoki jokatzeko moduak ikasi, eta lehen sorospenetarako arauak jakin.

4.2. HELBURU OROKORRAK

Ezagutza zientifikoek gero eta garrantzi handiagoa dute eguneroko bizitzan, eta prozesu hori oso azkar gertatzen ari da. Hala ere, gure gizartean, ez da hainbeste ezagutzen zientzia eta zientzialarien lana. Oraindik ere, zientziak irudi mitikoa du, eta gehienok ezin ulertuzko arlotzat dugu. Bestetik, askotan, ezagutza zientifikoak egia bakar eta aldaezintzat hartzen ditugu, eta sinetsita gaude jeinu batzuen adimenaren emaitza direla.

Horrela, ezagutza zientifiko nagusiak barneratzen eta ulertzen lagundu behar die DBHko ikasleei Natur Zientziak arloak, gure mundua aztertzeko eta interpretatzeko baliagarriak baitira. Ezagutzen multzo horretan, legeak eta teoriak ez ezik, ezagutzak sortzeko erabilitako prozedurak ere sartu behar dira.

Bestetik, Natur Zientziak arloak ikasleei irakatsi behar die ezagutza zientifikoa etengabe lantzen ari den prozesu baten emaitza dela, noiznahi berrikusi eta aldatu ahal dela. Orobat, argi azaldu behar da zientzia gizarte-jarduera dela, hala sorkuntza edo asmakuntza nola gizakien arazoak konpontzeko aplikazioak.

Azkenik, jarduera zientifikoari dagozkion ohiturak, jarrerak eta balioak sustatu behar dira, eta giza jarduera ororen alderdi etiko eta moralari buruz gogoeta eragin.

Arloko helburu orokor horiek lortzeko, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza funtzionala eta prestakuntzakoa dela kontuan izanik, Natur Zientziak arloaren helburua da ikasleen gaitasun hauek garatzen laguntzea (213/1994 DEKRETUA):

1. Mezu zientifikoak ulertu eta adieraztea, mintzaira idatzia behar bezala erabiliz, eta, behar izanez gero, beste notazio- eta ordezkapen-sistema batzuk erabiltzeko gai izatea.

2. Natur Zientzien oinarrizko kontzeptuak ezagutu eta ulertzea, bizi garen munduaren interpretazio zientifikoan aurrera egin ahal izateko eta natura ezagutzeaz gozatzeko, eta horiek erabilita fenomeno natural nagusiak azaltzea eta munta bereziko aplikazio teknologikoen analisia egitea, aplikazio teknologikoek gizartearen garapenean eta antolaketan duten eragina baloratuz.

3. Problemak ebazteko orduan, zientziaren prozedurekiko koherenteak diren estrategia pertsonalak aplikatzea: problemei antzematea, hipotesiak formulatzea, gero alderatuko diren jarduerak planifikatzea eta gauzatzea, emaitzak sistematizatzea eta, azkenik, aditzera ematea.

4. Jarduera zientifikoak taldean planifikatzen eta egiten laguntzea, norberak egindako ekarpenak eta besteenak baloratuz ezarritako xedeen arabera, jarrera malgua eta lankidetzazkoa erakutsiz eta eginbeharretan erantzukizunak nork bere gain hartuz.

5. Irizpide pertsonal eta arrazoituak lantzea, gure aroko auzi zientifiko eta teknologiko oinarrizkoei buruz iturri desberdinetatik eskuratutako informazioen erkaketa eta ebaluazioaren bitartez.

6. Giza gorputzaren funtzionamenduari buruzko ezagutzak erabiltzea higiene-azturak eta osasun pertsonala garatzeko eta errotzeko, bai bakarka bai gizartean, giro osasuntsu eta osasungarria bultzatuz.

7. Elementu fisiko nahiz izaki bizidunez ditugun ezagutzak erabiltzea naturaz gozatzeko eta, halaber, ingurumena zaintzeko eta hobetzeko ekintzak proposatu, baloratu eta bultzatzea.

8. Zientziaren ekarpenak aitortu eta baloratzea, gizakion bizi-baldintzak hobetzeko, prestakuntza zientifikoak duen garrantzia balioetsi eta eguneroko jardueretan pentsamendu zientifikoak bereak dituen balioak eta jarrerak erabiltzea, gaur egun zientziaren eta gizartearen arteko harremanek planteatzen dituzten arazo larrien aurrean jarrera kritikoa hartuz.

9. Ezagutza zientifikoa eraketa-prozesutzat hartzea, une historiko bakoitzaren ezaugarri eta premiei lotuta eta etengabeko eboluzioaren eta berrikusketaren menpean ezarrita.

Helburuen zerrenda horretan jasotako gaitasunen garapenak gidatu behar du i(ra)kasprozesu osoa. Lehen azaldu dugunez, derrigorrezko hezkuntzan, aurrena interpretatzeko eta ulertzeko eta hurrena gizarte demokratikoan modu kritiko eta aktiboan parte hartzeko gai diren herritarrak heztea du helburu hezkuntza-sistemak.

Horrenbestez, gure irakasle-lana planifikatzean, jomuga hauxe izan behar dugu: ikasleen garapen integrala eta, beraz, haien gaitasun intelektual, fisiko, sozial, afektibo, etiko eta moralen garapena bermatzen duten ikas-egoerak eskaintzea. Gaitasun horiek helburuetan ageri dira, modu esplizitu nahiz inplizituan.

Horretarako, ezinbestekoa da Natur Zientziak arloak gaitasun horiek garatzen laguntzea, eta, ikuspegi horretatik, arloko curriculumeko edukiak ez dira berez garrantzitsuak, baizik eta etapako eta arloko helburu orokorretan jasotako gaitasunak garatzen laguntzen duten neurrian.

4.3. ARLOKO METODOLOGIA

Natur Zientzietako liburu guztien egituran metodologia espezifiko bera ageri da, etapa osoan.

Baliokidetza-taula honetan ikusten denez, Giltza argitaletxeak bost multzo handitan antolatu ditu Eusko Jaurlaritzaren curriculumeko eduki multzoak (213/1994 Dekretua).

Giltza

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila

Lurra eta haren osagaiak

Sistema materialen aniztasuna

Sistema materialen egitura eta antolaketa

Aldaketak sistema bizigabeetan

Izaki bizidunek elkarren artean eta ingurunearekin dituzten elkarreraginak

Ekologia eta ingurumena

Izaki bizidunak

Sistema materialen aniztasuna

Sistema materialen egitura eta antolaketa

Aldaketak sistema bizidunetan

Elkarreraginak sistema bizidunetan

Izaki bizidunek elkarren artean eta ingurunearekin dituzten elkarreraginak

Osasuna oreka gisa

Elkarreraginak eta aldaketak

Sistema materialen egitura eta antolaketa

Aldaketak sistema bizigabeetan

Aldaketak sistema bizidunetan

Elkarreraginak sistema bizigabeetan

Izaki bizidunek elkarren artean eta ingurunearekin dituzten elkarreraginak

Ekologia eta ingurumena

Materia

Materia eta bere propietateak

Sistema materialen egitura eta antolaketa

Elkarreraginak sistema bizigabeetan

Energia

Aldaketak sistema bizigabeetan

Energia eta aldaketak

Elkarreraginak sistema bizigabeetan

Sistema bizigabeetako oreka

Multzo bakoitzak honela jasotzen ditu eduki orokorrak:

Lurra eta haren osagaiak multzoan, airearen eta uraren kontzeptuak modu globalean lantzen dira lehen zikloan, adin horietarako bereziki interesgarria ematen baitu ikuspegi horrek. Arrokak eta mineralak lehen eta bigarren zikloetan aztertzen dira, haien ezagutza praktikoa eta eguneroko bizitzan duten interesa lehenetsiz. Baina, Gainera, alderdi dinamikoen inguruko lehen ezagutzak eskaintzen zaizkie ikasleei; izan ere, adin horretan ikuskera estatikoa dute, eta denbora aldagaia oraindik ulergaitz gertatzen zaie.

Bigarren zikloan sakonago aztertzen dira alderdi dinamikoak, eta erliebearen aldaketak Lurraren elementuetan eragina duten aldaketekin erlazionatzen dira.

Izaki bizidunak multzoari dagokionez, lehen zikloan garrantzi berezia ematen zaie batasunari, aniztasunari eta antolakuntza-eredu nagusiei. Bigarren zikloan, berriz, sakonago aztertzen dira izaki bizidunen funtzioak, haietako batzuk oso konplexuak baitira, eta Mendelen genetika irakasten hasten da.

Gizakiaren anatomia eta fisiologia lehen zikloan irakasten hasi eta bigarrenean garatzen dira. Bigarren zikloan bizimodu osasungarriarekin erlazionatzen dira.

Osasunari buruzko edukiak bigarren zikloko unitate didaktikoetan irakasten dira. Gure gizartean oso arazotsuak diren alderdi batzuk lantzen dira, konponbideak aurreratu gabe; izan ere, litekeena da ikasleek oraindik ez erabiltzea horrelako arazoak buruan.

Elkarreraginak eta aldaketak multzoa bi mailatan lantzen da, etaparen hasieratik bertatik naturaren ikuskera dinamikoagoa izateko. Lehen zikloan, izaki bizidunen eta ingurumeneko aldagai batzuen arteko (hala nola argia, hezetasuna eta tenperatura) erlazio sinpleak aztertzen dira; bigarren zikloan, berriz, energia-truke ulergaitzei lotutako erlazio konplexuei buruz hausnartzen da.

Halaber, lehen zikloan, adierazle egokien bidez, aldaketa natural batzuk, behatzen errazak, antzematen dituzte ikasleek. Bigarren zikloan, ikasleak aldaketa handiagoak ulertzeko gai dira, hala nola denbora-tarte luzeetan gertatzen direnak.

Aldaketa kimikoak bigarren zikloan aztertzen dira, egituren eta eredu molekularren ezagutza oinarritzat harturik.

Materia multzoa oinarrizko eduki batzuek osatzen dute. Eduki horietako batzuk Lehen Hezkuntzan landu dira. Lehen zikloan, ikasleei kontzeptu erabilienak ezagutarazteko balio dute prozedurazko jarduerek, nagusiki metodo zientifikoak eta zientzialarien lana. Metodo zientifikoaren oinarrizko prozedurak eta zientziaren funtsezko ereduak edo teoriak bigarren zikloan lantzen dira. Hala ere, materiaren teoria korpuskularra lehen zikloan erabiltzen hasten da, oso fenomeno soilak azaltzeko, hala nola gasen hedapena eta gorputzen dilatazioa.

Energia multzoan, prozesu fisiko, kimiko eta biologiko askoren azalpena baldintzatzen du energia kontzeptuak. Horregatik, etaparen hasieratik lantzen da. Lehen zikloan energiaren ezaugarriak aztertzen dira, hala nola metatzeko, garraiatzeko eta transformatzeko gaitasuna, eta ezaugarri horiek erlazionatzen dira mota guztietako energia-baliabideekin eta energia-baliabide bakoitza energia erabilgarri bihurtzeko aukerarekin. Bigarren zikloan, energia kontzeptua formalizatzen da, eta, hala, energiaren transformazio biokimiko, mekaniko eta elektromagnetikoak aztergai dituzten multzoekin uztartzen du.

Indarren eta higiduren arloko edukiak modu ziklikoan lantzen dira. Hasiera batean, ez da formularik erabiltzen; senari jarriki eta eskuak erabiliz lantzen dira, behaketa kualitatibo eta kuantitatiboa, eta irudikapen eta interpretazio grafikoa lehenetsiz. Higiduren datuak biltzeko eta indarrek gorputz deformagarrietan duten efektuen azterketa esperimentalak egiteko jarduerak proposatzen dira.

Etapako bigarren zikloan, elektrizitatearen eta magnetismoaren inguruko edukiak lantzen dira: karga elektrikoen arteko indarrak, korronte elektrikoa, zirkuitu elektrikoak eta magnitude elektrikoak (korrontearen intentsitatea, potentzial-diferentzia eta erresistentzia), magnitudeen eta haien neurriaren arteko erlazioak nabarmenduz. Saiakuntzen bidez, korronte induzituaren kontzeptua sartzen da, eta propietate magnetikoak eta imanen portaera azaltzen dira.

Ikasprozesuaren oinarrian, jarduera zientifikoak ikerketan erabiltzen dituen metodo batzuk daude batik bat: problemak planteatzea eta argi formulatzea; iturriak modu sistematiko eta antolatuan erabiltzea; hipotesiak egitea; hipotesiak egiaztatzea, behaketa zorrotzaren bidez eta, batzuetan, saiakuntzak planifikatuz eta eginez; datuak biltzea, antolatzea eta aztertzea; ondorioak eztabaidatzea; emaitzak txostenen bidez jakinaraztea.

Natur Zientziak arloa lantzeko, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ikaslearen liburuak eta baliabideen karpetak eskaintzen ditugu. Bigarren zikloan, bi material horiek egitura desberdina dute, Biologia eta Geologia arlokoak edo Fisika eta Kimika arlokoak diren.

Lehen zikloko Natur Zientziak arloko eta bigarren zikloko Biologia eta Geologia arloko ikasleen liburuak eta baliabideen karpetak berdinak dira. Horregatik, batera azalduko dugu haien egitura.

Ikaslearen liburua. Natur Zientziak, eta Biologia eta Geologia

Ikaslearen liburua unitate didaktikotan banatuta dago.

Unitatearen aurkezpenak bi orrialde ditu. Unitatearen sarreran, a