BALIOAK ETA DISPOSIZIOAK - UPV/EHUsortzen duen ekintzaren ezaugarria izan daiteke ela. Horra hor...

32
1 BALIOAK ETA DISPOSIZIOAK Agustin Arrieta Urtizberea # Logika eta Zientziaren Filosofia Saila (EHU) 1. Sarrera Humek honelaxe dio bere Tratatua-n: 'Horrenbestez, bizioa eta bertutea erka daitezke hots, kolore, bero eta hotzarekin; azken horiek, filosofia modernoaren arabera, ez dira objektuetan dauden tasunak, gogameneko hautemateak baizik.' 1 Bizioaren eta bertutearen arteko bereizketa oinarrizko bereizketa morala da. Hume bizioaren eta bertutearen arteko bereizketaz mintzatzen denean, moralki egin dezakegun oinarrizko bereizketa eman nahi du aditzera. Nolabait esanda, bertutea dugu balorazio moral positiboen ordezkaria; bizioa, ordea, balorazio negatiboena. Goiko pasartearen arabera, bizioa eta bertutea, hau da, oinarrizko balio moralak kolore, hots, bero, eta hotzaren propietateekin parekatzen ditu Humek. Kolore, hots, bero eta hotzaren propietateak bigarren tasunak dira, Lockek egiten duen bereizketa klasikoa gogora ekarriz. 2 Lan honen bitartez bi helburu asebete nahi ditut. Batetik, parekatze hori bera ulertu nahi dut, eta, gainera, ulertu nahi dut humear ikuspegi baten barruan. Bestetik, parekatze horren ebaluaketa egin nahi dut, horrelako ikuspegiaren aldekoak eta kontrakoak agerian jarriz. # Eskerrak Ekai Txapartegiri eta Fernando Migurari. 1 Hume (1739), 469. Nagusiki Humeren Tratatua hartuko dut aintzat; batez ere, 3. liburuko 1. zatia eta 3. zatiko 1. atala. Hemendik aurrera, esaterako, Tratatuko 123. orrialdeari erreferentzia egiteko testu nagusian txertatuta adierazpide hau erabiliko dut: (T. 123). 2 Locke (1690), 2. liburua, VIII. kapitulua, 10-26.

Transcript of BALIOAK ETA DISPOSIZIOAK - UPV/EHUsortzen duen ekintzaren ezaugarria izan daiteke ela. Horra hor...

Page 1: BALIOAK ETA DISPOSIZIOAK - UPV/EHUsortzen duen ekintzaren ezaugarria izan daiteke ela. Horra hor ebaztu behar den arazo bat. Lockek kontzeptuen (edo ideien) eta propietateen erresuman

1

BALIOAK ETA DISPOSIZIOAK

Agustin Arrieta Urtizberea#

Logika eta Zientziaren Filosofia Saila (EHU)

1. Sarrera

Humek honelaxe dio bere Tratatua-n:

'Horrenbestez, bizioa eta bertutea erka daitezke hots, kolore, bero eta

hotzarekin; azken horiek, filosofia modernoaren arabera, ez dira objektuetan

dauden tasunak, gogameneko hautemateak baizik.'1

Bizioaren eta bertutearen arteko bereizketa oinarrizko bereizketa morala da.

Hume bizioaren eta bertutearen arteko bereizketaz mintzatzen denean, moralki egin

dezakegun oinarrizko bereizketa eman nahi du aditzera. Nolabait esanda, bertutea dugu

balorazio moral positiboen ordezkaria; bizioa, ordea, balorazio negatiboena. Goiko

pasartearen arabera, bizioa eta bertutea, hau da, oinarrizko balio moralak kolore, hots,

bero, eta hotzaren propietateekin parekatzen ditu Humek. Kolore, hots, bero eta

hotzaren propietateak bigarren tasunak dira, Lockek egiten duen bereizketa klasikoa

gogora ekarriz.2 Lan honen bitartez bi helburu asebete nahi ditut. Batetik, parekatze hori

bera ulertu nahi dut, eta, gainera, ulertu nahi dut humear ikuspegi baten barruan.

Bestetik, parekatze horren ebaluaketa egin nahi dut, horrelako ikuspegiaren aldekoak eta

kontrakoak agerian jarriz.

# Eskerrak Ekai Txapartegiri eta Fernando Migurari.

1 Hume (1739), 469. Nagusiki Humeren Tratatua hartuko dut aintzat; batez ere, 3. liburuko 1. zatia eta 3. zatiko 1. atala. Hemendik aurrera, esaterako, Tratatuko 123. orrialdeari erreferentzia egiteko testu nagusian txertatuta adierazpide hau erabiliko dut: (T. 123). 2 Locke (1690), 2. liburua, VIII. kapitulua, 10-26.

Page 2: BALIOAK ETA DISPOSIZIOAK - UPV/EHUsortzen duen ekintzaren ezaugarria izan daiteke ela. Horra hor ebaztu behar den arazo bat. Lockek kontzeptuen (edo ideien) eta propietateen erresuman

2

2. Bigarren tasunak, disposizioak eta erantzunaren mendeko propietateak

Eman dezagun predikatuen erresuma bat badagoela: 'karratua da', 'm molekular

osaera dauka', 'gorria da', 'ona da', 'justua da', 'ederra da',... Predikatua kategoria

linguistikotzat hartuko dugu, hain zuzen ere, subjektua, izen berezia (edo propioa),

termino singularra eta aditza bezalako kategoriatzat. Filosofoek eztabaidagai izan dute

horrelako predikatuei ea zer dagokien ontologiaren mailan, eta erantzunak, jakina, mota

guztietakoak izan dira. Eztabaidak eztabaida, predikatu bati ontologian dagokionari

'propietatea' esango diot. Ez da nire helburua oinarrizko eztabaida ontologikoetan

murgiltzea. Hala eta guztiz ere, oinarrizko bereizketa bat ekarri nahiko nuke gogora

esku artean dugun gaiarekin lotura estua duelakoan. 'Sagar hau biribila da' eta 'sagar hau

gorria da' bezalako esaldien bitartez objektu bati predikatu bat aplikatzen diogu.

Predikatu horrekin lotuta guk kontzeptu (edo ideia) bat dugu, eta, kontzeptu hori

bitartekari gisa erabiliz, aztertzen dugu ea predikatu horiei propietateren bat dagokien

edo ez ontologian. Kontzeptutik propietaterako pasabidean 'biribila da' eta 'gorria da'

kasuen artean aldea badago. Alde edo desberdintasun horretan oinarriturik, Lockek

lehen eta bigarren propietateen (edo tasunen) arteko bereizketa proposatzen du. Horren

harira, biribila izatearen propietatea lehen propietate bat da, eta gorria izatearena, ordea,

bigarren propietatea. Zergatik? Zertan datza aipatu dugun alde edo desberdintasun hori?

Interpretatzaileen artean ez dago aho bateko adostasunik. Lan honetan interpretazio

posibleetako bat aurkezten saiatuko naiz, hasierako pasartean Humek egiten duen

parekatze hori ulertzera eraman gaitzakeena.

Gorria izatea zertan datzan esan nahi dugunean ezinbestekoa da adieraztea

gorria omen den objektu horrek zer nolako joera edo jokabidea izango duen baldintza

Page 3: BALIOAK ETA DISPOSIZIOAK - UPV/EHUsortzen duen ekintzaren ezaugarria izan daiteke ela. Horra hor ebaztu behar den arazo bat. Lockek kontzeptuen (edo ideien) eta propietateen erresuman

3

zehatz batzuen pean. Ildo horretan, gorria izatea bezalako bigarren propietateei

'ahalmenak' esaten zaie. Egun 'disposizio' hitza ere erabiltzen da. Esaterako, x objektua

hauskorra da, honelako eta horrelako baldintzetan x eroriko balitz, hautsi egingo

litzatekeelako. Azken buruan, hauskorra izatea hausteko joeran datza. Antzeko zerbait

esan daiteke gorria izatearen propietateari buruz: x gorria da honelako eta horrelako

baldintzetan zentzumenak ondo dituen A pertsona baten aurrean x jarriko bagenu, A-k

gorria hautemango lukeelako. Biribila izatea zertan datzan adierazi nahi baldin badugu,

ez dugu ahalmenaren edo joeraren noziora jo beharrik. Egun, biribila izatea bezalako

propietateak kategorikoak direla esaten da. Eztabaida bizia sortzen da filosofoen artean

lehen eta bigarren propietateen (edo propietate kategorikoen eta disposizionalen)

zerrenda osatu nahi orduko. Gure helburua ez da eztabaida horietan esku-hartzea. Guri

interesatzen zaiguna honako tesia da: gorria izatea, zenbait ikuspegi filosofikoren

arabera, efektu zehatz batzuk ekoizteko ahalmenean edo joeran datza.

Disposizioak (ahalmenak, bigarren tasunak), propietate gisa, susmopean izan

dira filosofo askoren artean. Susmoa hain sendoa izan da, ezen zenbait filosofok

disposizioak ontologikoki eliminatu nahi izan baitituzte. Konduktismo logikoa

aldarrikatzen dutenek (Rylek eta Wittgensteinek, besteak beste) ez dute ukatzen

predikatu disposizionalak egon badaudela, baina disposizioak propietate gisa

eliminatzen dituzte.3 Har dezagun lehen proposatutako definizioa: x objektua hauskorra

da, honelako eta horrelako baldintzetan x eroriko balitz, hautsi egingo litzatekeelako.

Aipatu ditugun filosofoek disposizio hori bi gertakari hauetan agortzen dela uste dute:

batetik, erortzea eta, bestetik, haustea. Bi gertakari horietara erreduzitzen da disposizioa,

eta disposizioa ez da ezer bi gertakari horietatik kanpo. Gogoan izan behar dugu Rylek

3 Nahasketa nabarmen dago filosofoen idazkietan. Ez dago batere garbi 'disposizio' hitza zeri aplikatzen

zaion: predikatuari, kontzeptuari edo propietateari? Sarritan arazoa ez da funtsezkoa izan, nahasketa huts-

hutsean terminologikoa izan baita. Alabaina, zenbaitetan nahasketa sakonagoa da. Arazo horri buruz,

neurri batean, Arrieta (2003)-n arduratu naiz.

Page 4: BALIOAK ETA DISPOSIZIOAK - UPV/EHUsortzen duen ekintzaren ezaugarria izan daiteke ela. Horra hor ebaztu behar den arazo bat. Lockek kontzeptuen (edo ideien) eta propietateen erresuman

4

eta Wittgensteinek gogo-egoerak ere antzera aztertzen dituztela. Gogo-egoerak

disposizioak dira haien ustez, eta, disposizio guztiak bezala, baldintzetan (edo

zirkunstantzietan) eta jokabideetan agortzen dira. Eman dezagun euria ari duela uste

dudala. Hortaz, kalera ateratzen baldin banaiz, euritakoa hartuko dut. Eliminazionistaren

ikuspegian uste hori honako gertakarietan agortzen da: kalera ateratzea eta euritakoa

hartzea. Izan ere, gizakiaren (edo beste izaki baten) gogo-egoerak (usteak eta nahiak,

besteak beste) aztertzeko ez da bilatu behar haren baitan dagoen ezer, gizakiaren

beraren inguruko baldintza (eta zirkunstantzia) zehatzak eta haren jokabideak baizik.

Horrela antolatu zuten bi filosofo horiek Descartesen aurkako erasoa. Ez da nire

helburua ikuspegi eliminazionista hori ebaluatzea, nahiz eta nire iritzian faltsua izan.

Motibazio nagusi bat eliminazionismoa aldarrikatzeko izan da 'x hauskorra da' eta

'honelako eta horrelako baldintzetan x eroriko balitz, hautsi egingo litzateke' perpausak

sinonimotzat edo baliokidetzat (zentzu hertsiren batean) hartu izan direla. Baina pentsa

daiteke bi perpaus horien arteko erlazioa ahulagoa dela.4

Arazoak arazo, une honetan azpimarratu nahi dut hauskorra izatearen eta gorria

izatearen propietate disposizionalen arteko desberdintasun bat. Dagoeneko ikusi dugu

zer duten komun: biak ahalmenak dira. Dena dela, bien artean badago alderik. Gorriaren

propietatea zertan datzan adierazi dugunean x objektu ez ezik A pertsona ere aipatu

dugu, hauskorra izatearen propietatearen kasuan ez bezala: x gorria da honelako eta

horrelako baldintzetan zentzumenak ondo dituen A pertsona baten aurrean x jarriko

bagenu, A-k gorria hautemango lukeelako. Beraz, gorriaren kasuan, x-ren joera edo

ahalmena kontuan hartzen da, hain zuzen ere, x objektua ez den A-rengan efektu bat

eragiteko joera. Parekorik ez dago hauskortasunaren kasuan. Hari horri helduz,

disposizioen artean azpitalde bat bereiz daiteke. Mota horretako disposizioari '(subjektu

4 Mumford (1998) liburuan eztabaida horien nondik-norakoa modu argian azaltzen da.

Page 5: BALIOAK ETA DISPOSIZIOAK - UPV/EHUsortzen duen ekintzaren ezaugarria izan daiteke ela. Horra hor ebaztu behar den arazo bat. Lockek kontzeptuen (edo ideien) eta propietateen erresuman

5

baten) erantzunaren mendeko disposizioa' esango diogu.5 Talde horretan dute sarrera

'Lockeren' bigarren propietate 'klasikoek': koloreak, hotsak, beroak, hotzak,...

Laburbilduz: Lockeren bereizketa klasikotik abiatu naiz. Bereizketa klasiko hori

justifikatzen duen ahalmenaren nozioaz baliatuz propietate disposizionalen eta

kategorien arteko bereizketa ekarri dut gogora. Bukaeran, lockear bigarren propietateei

erantzunaren mendeko disposizioak dagozkiela ikusi dugu. Ibilbide horren gorabeherek

agerian utzi dute bereizketa klasikotik egungo bereizketetara doazen urratsetan zenbait

arazo daudela eta erabateko parekotasunak desegokiak izan daitezkeela. Gure xedea ez

da azterketa historikoa egitea, aipatutako ibilbidean disposizioei eta, batez ere,

erantzunaren mendeko disposizioei lotzen zaizkien zenbait ezaugarri azpimarratzea

baizik. Bi ezaugarri aipatu ditugu: interesatzen zaizkigun disposizioak, disposizio

guztiak bezalaxe, ahalmenak dira eta, gainera, subjektu baten erantzunaren mendekoak

dira.

Humek, hasieran aipatu dugun pasartean, balioak eta erantzunaren mendeko

disposizioak estu erkatzen ditu. Arrazoia zera da: erantzunaren mendeko disposizioa

zertan den aditzera ematen dugunean subjektu batera jotzen dugu ('gogameneko

hautematea' dio Humek), eta, horrela, propietate horri kutsu subjektiboa ematen diogu.

Kutsu subjektibo hori duten propietateen artean balioak sartzen ditu Humek. Pasarte

hori literalki aintzat hartuz, erantzunaren mendeko disposizioak ez dira objektuetan

dauden propietateak (tasunak). Antza, ekintza bat okerra izan dela diogunean, ekintzari

egotzitako balioa ez da ekintzak duen ezaugarri bat. Alabaina, hasiera bateko irakurketa

literala, ikusiko dugun bezala, tentsioan dago Humeren testuetako beste zenbait

5 Horrela itzuli dugu 'response-dependent' terminoa. Adierazpen hori Johnstonek erabili zuen lehen aldiz.

Ik. Johnston (1989). Horrez geroztik, ohiko bihurtu da da egungo filosofian. Ik. López de Sa (2002).

Johnstonen helburua da, hain zuzen ere, balioak eta bigarren tasunak parekatzea, eta parekatze hori

noraino heltzen den aztertzea. Lehendik, McDowellek eta Wigginsek ere bide bera jorratu zuten. Ik.

McDowell (1985) eta Wiggins (1987). Terminoa berria izan arren, eta eztabaida filosofikoa termino

horren inguruan berpiztu bada ere, proiektuak, lan honetan ikusten ari garen bezala, Hume (eta beste

eskoziar filosofo ilustratuak: Hutcheson eta Adam Smith, besteak beste) dauka aitzindari.

Page 6: BALIOAK ETA DISPOSIZIOAK - UPV/EHUsortzen duen ekintzaren ezaugarria izan daiteke ela. Horra hor ebaztu behar den arazo bat. Lockek kontzeptuen (edo ideien) eta propietateen erresuman

6

baieztapenekin. Esaterako, Humek beste pasarte batean dio: bertutetik sortutako

inpresioa atsegina da (T. 470). Badirudi, beraz, bertutea guregan inpresio atsegina

sortzen duen ekintzaren ezaugarria izan daitekeela. Horra hor ebaztu behar den arazo

bat.

Lockek kontzeptuen (edo ideien) eta propietateen erresuman mailaketa bat

proposatzen du. Humek kontzeptu eta propietate moralak, hau da, balio moralak

mailaketa horretako alderdi subjektiboan lekutzen ditu. Antzeko zerbait egiten du balio

estetikoekin.6 Ordutik aurrera filosofoak eztabaidan ari dira, koloreak, propietate

moralak, estetikoak eta bestelakoak mailaketa hartan kokatzen eta berkokatzen, alderdi

objektiboagoan edo subjektiboagoan kokatzen eta berkokatzen.7 Jakina, kokapen horien

araberako ondorio filosofikoak ez dira nolanahikoak.

3. Balioak eta erantzunaren mendeko disposizioak

Orokorrean, honela defini daiteke erantzunaren mendeko disposizioa:

x P da, baldin eta x-ren aurrean B-k R erantzuna agertzen badu.8

Definizio orokor horren kasu partikular gisa, balioak honela defini daitezke.

Esaterako,

(1) x zuzena da, baldin eta x-ren aurrean B-k aldeko jarrera badu.

6 Ik. Hume (1757).

7 Oinarrizko ideia hori habe nagusi bat izan da Arrieta (2002) liburua egituratzerakoan.

8 Formulazioan 'baldin eta' erabili dut. Konektagailu horren interpretazioa zein izan daitekeen geroago

zehaztuko dut (ez guztiz!).

Page 7: BALIOAK ETA DISPOSIZIOAK - UPV/EHUsortzen duen ekintzaren ezaugarria izan daiteke ela. Horra hor ebaztu behar den arazo bat. Lockek kontzeptuen (edo ideien) eta propietateen erresuman

7

Formalki (erantzunaren mendeko) disposizio baten aurrean gaude.9 Dena dela,

zenbait xehetasun zehazteke utzi ditugu. Zer da x? Hau da, zein da balorazio moralaren

objektua? Zer edo nor edo nolakoa da B?

Definizio horretan agertzen den 'x' dela-eta, gehiegi zehaztea ez du merezi,

zehaztasun horrek ez baitu ekarriko aldaketa handirik lan honi begira. Hel diezaiegun

dauzkagun ideia intuitiboei: balio moralen objektuak ekintzak, pertsonak edo

instituzioak izan daitezke. Hasiera batean, badirudi oinarri-oinarrian moralki baloratzen

ditugunak ekintzak direla. Ondoren, modu eratorrian, pertsonak, instituzioak eta

bestelakoak ebaluatzen ditugu. Kategoria ontologiko gisa ekintza gertaldien artean

kokatuko dugu, hau da, ekintza bat gertaldi mota bat da. Ni teilatu batetik eror naiteke

edo nik neure burua bota dezaket. Bi kasu horietan niri zerbait gertatzen zait, baina

bigarren gertaldia baino ez da ekintza bat izango. Non dago aldea? Ez da erraza esaten,

baina pentsa daiteke ekintzen kasuan, ekintzak ez diren gertaldien kasuan ez bezala,

asmo edo intentzio bat badagoela azpian. Dena den, balorazio moralari dagokionez

erantzuna ez da hain nabaria, balorazio moralik merezi ez duten ekintza asko intentzio

osoz burutzen ditugulako. Esaterako, intentzioz gosaltzen dut egunero, eta, agi denez,

ekintza horri ez diogu balio moralik egokitzen. Humeren ustetan, ekintza bat moralki

baloratua izan dadin premiazkoa da ekintza hori pertsonaren izateko moduari, izaerari,

atxikita egotea (T. 575). Beraz, ekintzaren eta ekintzailearen izaeraren arteko loturaren

gainekoak dira gure balorazio moralak. Gosaltzearenak ez du betetzen ezaugarri hori,

gosaltzeak ez baitu lotura berezirik nire izaerarekin: azken buruan, gosaltzea denok

egiten dugun zerbait da. Nolabait esanda, ekintza horrek ez gaitu definitzen. Arazoak

arazo, eta arriskatu gabe, koka dezagun balorazio moralaren objektua ekintzen artean.

9 Ik. Vallentyne (1996).

Page 8: BALIOAK ETA DISPOSIZIOAK - UPV/EHUsortzen duen ekintzaren ezaugarria izan daiteke ela. Horra hor ebaztu behar den arazo bat. Lockek kontzeptuen (edo ideien) eta propietateen erresuman

8

B-ri dagokion galdera mamitsuagoa da. Besteak beste, (1) definizioak aukera

ematen du erlatibismoari ateak zabaltzeko: B Aita santua bada, orduan balio morala

modu batean ulertuko dugu; B Nazio Batuak erakundea baldin bada, orduan balio

morala beste modu batean ulertuko dugu,... Definizioak ez du biderik ematen aukera

asko horiek saihesteko, eta, horregatik, denak maila berean leudeke. Jakina, Hume ez da

erlatibista, eta geroago ikusiko dugu zer nolako proposamena egiten duen berak B-ri

dagokionez.

Esan bezala, nire lehenengo helburua Humek egiten duen bigarren tasunen eta

balioen arteko parekatzea ulertzea izan da. Orain arte hasierako pasarteari heldu diot,

baina Humek moralaren inguruan beste zenbait tesi aldarrikatzen ditu. Ikus ditzagun,

bada, horietako batzuk, eta azter dezagun tesi horien eta orain artean esandakoaren

arteko bateragarritasuna.

4. Humeren subjektibismoak

Teoria etiko-moralen sailkapenetan subjektibismoaren sortzaile eta ordezkari

nagusitzat Hume hartzen da. Haatik, ez dago batere garbi 'subjektibismo' hitzaren

bitartez zer adierazi nahi den. Aurreko atalean subjektibistatzat hartu dut hasierako

pasartetik erator daitekeen ikuspegia. Alabaina, emotibismoa ere Humeren ideiekin lotu

izan da, baita -orain zehaztuko dudan zentzuan- deskriptibismoa ere.10 Hortaz, izenez

hiru subjektibismo mota gutxienez bereiz daitezke: aurreko atalean labur azaldu dudan

disposizionalismoa, emotibismoa eta deskriptibismoa. Izenez aparte, zeintzuk dira,

10 Emotibismoaren eta Humeren ideien arteko erlazioaz, ik. Ayer (1980), 138. Stroudek ez du uste erlazio

hori zuzena denik: ik. Stroud (1977), VIII. kapitulua. Cohonek Humeren teoria moralaren gaineko

interpretazio emotibista eta deskriptibista bereizten ditu. Ik. Cohon (1997), 829 (2. oinoharra) eta 835 (11.

oinoharra). Stroudek deskriptibismoari 'psikologismoa' esaten dio. Ik. Stroud (1977), VIII. Kapitulua.

Page 9: BALIOAK ETA DISPOSIZIOAK - UPV/EHUsortzen duen ekintzaren ezaugarria izan daiteke ela. Horra hor ebaztu behar den arazo bat. Lockek kontzeptuen (edo ideien) eta propietateen erresuman

9

halakorik badago, subjektibismo horien arteko aldeak? Atal honetan, Humeren

ikuspegia argitu nahian, galdera horri helduko diot.

Humek bereizketa edo balorazio moralaren oinarrian arrazoimena egon

daitekeenik ukatzen du (T. 458). Balorazio morala ezin da justifikatu ez gertakarizko

auzien bitartez ez ideien arteko erlazioen bitartez, eta, jakina, azken bi horiek dira

arrazoimenak judizio bat justifikatzeko dituen bide bakarrak Humeren sisteman. Modu

intuitiboagoan esanda, munduari edota ideiei begira ezin da justifikatu eta oinarritu

balorazio moralik. Humek argudio nagusi bat proposatzen digu arrazoimenaren

eginkizuna, moralari dagokionez, bigarren maila batean uzteko: gertakarizko auzien

gaineko nahiz ideien arteko erlazioen gaineko ezagutzak ez gaitu ekintzara bultzatuko.

Bereizketa moralek, berriz, ahalmen hori dute. Beraz, gizakiaren alderdi grinatsura jo

beharra dago judizio moralaren justifikaziorako; alderdi adimentsua ez da nahikoa.

Tesi horrek, seguru asko, subjektibismo mota guztiak piztu ditu. Baina

subjektibismo mota horiek elkarren artean desberdinak dira. Non kokatu Humeren

ikuspegia?

4.1 Deskriptibismoa

Deskriptibismoa honela aurkez daiteke:

(D) 'x zuzena da' perpausaren esanahia 'nik x-ren aldeko sentimendua dut' da.11

Ekintza bat baloratzea ekintza horren gaineko nire sentimendua deskribatzea da.

Ikuspegi horretan judizio moralak egiazkoak edo faltsuak dira. Azken buruan judizio

11 Ik. Rachels (1986), 34-36.

Page 10: BALIOAK ETA DISPOSIZIOAK - UPV/EHUsortzen duen ekintzaren ezaugarria izan daiteke ela. Horra hor ebaztu behar den arazo bat. Lockek kontzeptuen (edo ideien) eta propietateen erresuman

10

morala pertsona batek duen sentimenduaren txostena da, eta txosten hori egiazkoa edo

faltsua izango da sentimendua egon izanaren arabera. Judizio moralek eta sentimenduek

duten lotura hori dela-eta, subjektibismoaz mintza gaitezke. Baina (D) ikuspegiak baditu

arazo gaindiezin pare bat. Batetik, txostena egiterakoan zintzo jokatzen dugula

suposatuz, judizio moral batek ezin du sekula huts egin: txostenak behar bezala jasotzen

badu x-ren aurrean izandako sentimendua, orduan egiazkoa da. Ezin naiz oker izan

judizio etikoaren egi balioaren gainean. Judizio etikoak ziurrak lirateke, eta hori judizio

moralen gaineko intuizio baten aurka doa: batzuetan, judizio moralei dagokienez, oker

egon izanaren ustea dugu. Bestetik, ez dago eztabaidatzerik judizio moralen gainean:

zuk zure txostena, nik nirea; zure txostenaren arabera x zuzena da, nirearen arabera ez.

Ez dago eztabaidatzerik, biok zintzo jokatu dugu-eta. Erlatibismo saihestezin baten

aurrean gaude. Bigarren arazoaren inguruan, Moorek gogoeta interesgarriak egiten

ditu.12 Mooreren ustez, judizio moralen gaineko beste intuizio hau ukaezina da:

batzuetan -zuk eta nik judizio moral bat egiten dugunean ekintza baten aurrean- judizio

horiek elkarren kontraesankorrak direla uste dugu. Gauza bera gertatzen da judizio

objektiboekin. Nik euria ari duela esaten baldin badut, eta zuk, ordea, ez duela ari,

bietako batek izango du arrazoia, bibaliotasunaren printzipioa onartuz gero. Mooreren

ustez judizio moralak ere, batzuetan bederen, egoera berean daude. Kontua da

deskriptibismoa ezin dela egokitu intuizio horretara. Moorek dioen legez, eztabaida

moraletan desadostasunak daude, eta desadostasun horien iturria da x ekintzari pertsona

batek 'zuzena da' predikatua egokitzen diola, eta beste batek ez. Hari horretatik, judizio

moralak judizio objektiboen antzekoak dira.13 Kontraesana sortzen da esaldi batean

objektu bati predikatu bat egokitzen zaiolako eta beste esaldi batean objektu berari

predikatu bera ez zaiolako egokitzen. Deskriptibismoaren ikuspuntutik, berriz, ez dago

12 Moore (1912), 3. kapitulua, batez ere, 53-56 (gaztelaniazko testuan).

13 Moore (1912), 54.

Page 11: BALIOAK ETA DISPOSIZIOAK - UPV/EHUsortzen duen ekintzaren ezaugarria izan daiteke ela. Horra hor ebaztu behar den arazo bat. Lockek kontzeptuen (edo ideien) eta propietateen erresuman

11

kontraesanik: x ekintzak zuregan y sentimendua eragiten du eta niregan ez du eragiten.

Jolas formal bati helduz, egoera hauxe dela esan dezakegu: R(x,zu,y) eta ez-R(x,ni,y)

(non, esaterako, 'R(x,ni,y)' formulak x-k nigan y sentimendua eragiten du adierazten

duen). Jakina, bi formula horien arteko kontraesanik ez dago, bata bestearen ukazioa ez

baita. Kritika interesgarri horren ondorioa argi eta garbi azaldu behar da.14 Kritikatzen

den teoria (D) da, hau da, 'x zuzena da' perpausaren esanahia 'nik x-ren aldeko

sentimendua dut' perpausa dela aldarrikatzen duen teoria. Bi adierazpen horien arteko

sinonimia aldarrikatzen du (D)-k. Baten batek teoria ahulago bat proposa dezake: x

zuzena dela diot x-ren aldeko sentimendua dudalako. Azken kasu horretan ez da

sinonimiarik aldarrikatzen, baizik eta beste mota bateko erlazio bat, erlazio ahulago bat:

teoria berri hori aldarrika daiteke (D) aldarrikatu gabe (gogoan izan gorago adierazi

duguna disposizioak direla-eta). Konparazio hau baliagarria izan daiteke ideia hori

argitzeko. (D) aldarrikatuz gero, balioen kasua eta minarena parekoak lirateke. Garbi

dago zenbait objektuk mina eragiten dutela guregan. Alabaina, mina guk sumatzen

dugun zerbait da, hau da, mina ez dago mina sortu duen objektuan. Mina, beraz, ez da

objektuarengan dagoen ezaugarri edo propietate bat. Balioak, berriz, ekintzen

ezaugarriak edo propietateak dira (T. 470). Balioak ez dira guregan dauden ezaugarriak,

nahiz eta guregan sumatutako sentimenduekin lotura izan. Nolabait esanda, (D)-k

muturrera eramaten du humear intuizio bat, baina beste humear intuizio batzuk

bazterrean uzten ditu. Horra hor arazoa, goiko 2. atalean jada agertu zaiguna.

Garbi dago (D) ez dela teoria zuzena, honakoa onartzen baldin badugu bederen:

judizio moralek huts egin dezakete eta objektibotasun-kutsua dute. Izan ere, judizio

moralei buruz eztabaidatzen dugu objektiboak balira bezala. Humek behintzat, ikusiko

dugun bezala, bata zein bestea onartzen ditu. Gainera, esan bezala, (D)-k balioen auzia

14 Moore (1912), 55.

Page 12: BALIOAK ETA DISPOSIZIOAK - UPV/EHUsortzen duen ekintzaren ezaugarria izan daiteke ela. Horra hor ebaztu behar den arazo bat. Lockek kontzeptuen (edo ideien) eta propietateen erresuman

12

psikologismo huts batera eramaten du, Humeren ideien aurka doan psikologismo batera,

hain zuzen ere. (D)-k dituen arazoen aurrean irtenbide subjektibista desberdinak

planteatu ohi dira.

4.2 Emotibismoa

Emotibismoaren kasuan, (D)-ren kasuan ez bezala, judizio moralak ez dira ez

egiazkoak ez faltsuak. Judizio moralak sentimenduen eta emozioen adierazpideak baino

ez dira. Judizio morala ez da, (D)-ren kasuan bezala, sentimendu bat egon izanaren

txostena, baizik eta sentimenduaren beraren adierazpidea. Hortaz, balorazio moralak

egi baliorik gabeko 'judizioak' dira. Proposizio-jarreren teoria estandar baten barruan,

judizio moralak nahiak, asmoak eta horrelako jarrerekin batera kokatuko genituzke.

Aurrez aurre geldituko lirateke usteak bezalako proposizio-jarrerak. Garbi dago

ikuspegi emotibistak aldeko argudioak badituela. Lehenik eta behin, (D)-k dituen bi

arazo horiek emotibismoak ez ditu bere gain hartzen. Emotibismoaren ikuspegitik ezin

da esan judizio moral batek ez duela huts egiterik, hau da, ezin da esan judizio moral

baten egi balioaz ziur naizenik. Arrazoia sinplea da: judizio moralak ez du egi baliorik.

Egia esateko, deskriptibismoak duen arazoa konpondu beharrean desegiten du. Bestalde,

objektibotasunari eta erlatibismoari dagokienez, emotibismoak judizio moralaren

gaineko eztabaidari ateak zabaltzen dizkio, edo zabaldu nahi dizkio.15 Ildo horretatik

interpretatu behar da geroago iruzkinduko dugun Stevensonen proposamena. Dena dela,

Ayerrek beste irtenbidea topatu nahi dio arazo horri. Ayerren iritzian, balioen gaineko

eztabaidak ez dira benetan balioen gaineko eztabaidak, usteen gaineko eztabaidak

baizik. Ayerrek azaldu nahi digu eztabaida moralak ez direla uste dugun bezain sarriak.

15 Emotibismo klasikoaren barruko bi saialdi baino ez ditut aztertuko: Ayer (1936), VI. kapitulua, 110-

112 eta Stevenson (1937), V. atala. Humeren (eta Adam Smithen) idazkietan ere oinarritutako

emotibismo eguneratuago bat Blackburn (1999)-n.

Page 13: BALIOAK ETA DISPOSIZIOAK - UPV/EHUsortzen duen ekintzaren ezaugarria izan daiteke ela. Horra hor ebaztu behar den arazo bat. Lockek kontzeptuen (edo ideien) eta propietateen erresuman

13

Adibide batez baliatuko naiz Ayerren estrategia agerian jartzeko. Hindu batek esan

dezake behi-haragia jatea ez dela zuzena. Nik, ordea, zuzena dela diot. Eztabaida hori

sarritan interpretatu izan da balioen (kulturen) arteko borroka baten aurrean bageunde

bezala. Alabaina, beste modu batez ere interpreta daiteke, eta seguru asko bide hori

hartuko luke Ayerrek. Ez dago balioen gaineko inongo eztabaidarik. Are gehiago, kasu

horretan bederen, bat egin dezakegu nik eta hinduak balioei dagokienez. Norberaren

senideak jatea zuzena ez dela onartzen dugu biok. Usteen mailan dago arazoa, hinduak

uste baitu bere senidearen arima behi batengan-edo bizi daitekeela, eta nik neuk ez.

Beraz, eztabaida horretaz da: hil eta gero, zein da gure arimaren 'ibilbidea'? Ayerrek

egiten duen proposamena ildo horretatik doa. Eskuarki, balioei buruzko eztabaidak ez

dira benetan balioei buruzkoak. Eta balioei buruzko benetako eztabaida baten aurrean

baldin bagaude, orduan ez dago irtenbiderik. Hortaz, Ayerrek kolokan jartzen du

Mooreren iritziz intuizio bat omen dena.

Ayerrek esandakoaren ildotik, Stevensonek ere desadostasun moral baten azpitik

usteen gaineko desadostasuna dagoela uste du. Baina ez beti. Zenbaitetan usteetan baino

interesetan ados ez egotea gerta daiteke, eta desadostasun hori eztabaida moralaren

iturria izan daiteke. Kasu horietan ere badago bide bat adostasunera iristeko, nahiz eta

bide hori metodikoa ez izan.16 Stevensonek honako adibidea proposatzen digu: eskale

baten aurrean daude A eta B. A eta B egoera horren inguruko usteei dagokienez bat

datoz: biek eskale hori premia larrian dagoela badakite, limosnatxo bat mesedegarria

gertatuko zaiola badakite,… Hala ere, usteetan bat etorri arren, A-k limosna ematea

zuzena dela dio, eta B-k, ordea, ez. Stevensonen iritzian desadostasunaren oinarria A-

ren eta B-ren izaeran dago (egon daiteke): A errukibera da, eta B-ren hoztasuna, ordea,

harrigarria. Dena dela, A eta B bat etortzea posible da. A saia daiteke B-ren izaera edo

16 Stevenson (1937), 284 (gaztelaniazko itzulpenean).

Page 14: BALIOAK ETA DISPOSIZIOAK - UPV/EHUsortzen duen ekintzaren ezaugarria izan daiteke ela. Horra hor ebaztu behar den arazo bat. Lockek kontzeptuen (edo ideien) eta propietateen erresuman

14

aldartea aldatzen, hau da, osa dezake diskurtso hunkigarri bat txiroen eta eskaleen

premiei buruzkoa. Horrela, A-k eta B-k bat egin dezakete sentimenduei dagokienez,

nahiz eta bidea ez den izan ez arrazionala ez enpirikoa.

Azken buruan, eta laburbilduz, Moorek proposatzen duen intuizioaren aurrean

Ayerrek eztabaida morala ez dela benetakoa esaten du: benetako eztabaida baldin bada,

orduan usteei buruzko eztabaida da, eta eztabaida benetan moralari buruzkoa baldin

bada, orduan eztabaida itxurazkoa baino ez da, irtenbidea edo adostasuna topatzerik ez

dagoelako. Esaten ari da, bada, Moorek ez duela arrazoia, ustez, intuitibotzat jo behar

dugun ezaugarri horren gainean. Stevensonen ikuspegian, eztabaida morala egon

badago, eta, nolabait esanda, filosofo horrek Moorek egindako erronkari heltzen dio.

Arazoa da eztabaida morala persuasio-ahalmenaren eskuetan geratzen dela Stevensonen

emotibismoan. Eta hori arriskutsua izan daiteke sentimenduak aldatzeko, itxura guztien

arabera, ez-moralak diren persuasiobideak erabil daitezkeelako. Eman dezagun bi

lagunek, A-k eta B-k, zinemara joateko asmoa dutela.17 Alabaina A-k x filma ikusi nahi

du eta B-k ez. A-k, orduan, jakinarazten dio B-ri film horretan judu mordo bat

akabatzen dituztela. Noski, A-k persuasiobide hori aukeratu du jakin badakielako B-k

juduei gorroto diela.18 Horrela, adostasunera heldu dira, baina persuasiobide hori urrun

dago Moorek gogoan dituen eztabaida moraletatik. Izan ere, Stevensonen

emotibismoaren ikuspegian bederen, eztabaida morala eta sentimenduen manipulazio

hutsa bateragarriak dira.

Arestiko gogoetatik ondoriozta daiteke emotibismoak ez diola irtenbide onik

ematen Moorek agerian utzitako ezaugarri horri, hain zuzen ere, eztabaida moralek

duten ezaugarri horri: edo ukatzen da ezaugarria edo desitxuratzen da.

17 Adibide honetan asmoei eta nahiei buruz ari naiz, baina emotibistak nahiak, asmoak eta balioak talde

berean sartzen ditu. 18 Rachels (1986), 40.

Page 15: BALIOAK ETA DISPOSIZIOAK - UPV/EHUsortzen duen ekintzaren ezaugarria izan daiteke ela. Horra hor ebaztu behar den arazo bat. Lockek kontzeptuen (edo ideien) eta propietateen erresuman

15

Nik, hasiera batean behintzat, Moorek proposatutako ideia onartzen dut.

Eztabaida moralak egon badaude, eta eskuarki aurkaria konbentzi dezakegula uste dugu,

eta, gainera, hura konbentzitzeko bidea sentimenduen manipulazioan ez datzala uste

dugu; arrazoiak ematen ditugu horrelako eztabaidetan. Hari horretatik, eztabaida

moralak gertakariei buruzko eztabaiden antzekoak dira. Kontua da aztertzea

zenbaterainokoa den antzekotasuna. Oraingoz, har daiteke, emotibismoak antzekotasun

minimorik ere ez du ahalbidetzen. Pasa gaitezen, beraz, beste subjektibismo batera,

disposizionalismora, hain zuzen ere.

4.3 Disposizionalismoa

Gorago azaldu dugu nola interpreta daitezkeen zenbait propietate -besteak beste,

propietate moralak- erantzunaren mendeko propietate gisa. Ikuspegi horren arabera,

koloreak eta balioak parekoak dira, nahiz eta parekotasun-gradua aztertu beharreko

kontua den. Subjektibismo mota horri 'disposizionalismoa' esango diogu.

Disposizionalismoak alderatzen ditu, propietate gisa, koloreak eta balioak. Ildo

horretan, balioek koloreek duten objektibotasun-maila bera dute. Alabaina,

disposizionalismoak ez dio uko egiten koloreen subjektibotasun-mailari. Hori da, hain

zuzen ere, disposizionalismoak duen erronka, bateratu nahi baititu objektibotasun- eta

subjektibotasun-mailak. Disposizionalismoaren barnean egoera egonkor batean bateratu

nahi dira balio etikoen gainean onartzen diren funtsezko bi ezaugarri:

(i) Eztabaida moralak zentzuzkoak eta bideragarriak dira. Horrek ematen dio

balorazio moralari kutsu objektibo bat. Pentsa, esaterako, koloreei buruzko eztabaida

batean.

Page 16: BALIOAK ETA DISPOSIZIOAK - UPV/EHUsortzen duen ekintzaren ezaugarria izan daiteke ela. Horra hor ebaztu behar den arazo bat. Lockek kontzeptuen (edo ideien) eta propietateen erresuman

16

(ii) Zerbait zuzentzat edo ontzat hartzen dugunean, balorazio moral horrek

ekintzarako bultzada edo motibazioa eman behar digu.19 Arrazoimenak ez du horrelako

ahalmenik. Horra hor balorazio moralaren alderdi subjektibista.20

Emotibismoa sendoa da (ii)-ri dagokionez, baina, ikusi bezala, ahul agertzen

zaigu (i) dela-eta. Jakina, subjektibistak ez diren teoriek ahulezia (ii)-ri dagokionez dute.

Hori da, hain zuzen ere, Humeren mezurik garrantzitsuenetako bat.21

Disposizionalismoak (i) eta (ii) asebete nahi ditu. Arriskua, berriz, ezer gabe edo esku

hutsik gelditzea da.22

Honelako bibaldintzazko perpausa dago disposizionalismoaren muinean:

(DI) x ekintza zuzena (ona, egokia,...) da baldin eta bakarrik baldin x-ren

aurrean B-k aldeko sentimendua badu.

Kontua da nola intepretatu behar den bibaldintzatzailea. Garbi dago definizio

gisa ezin dela interpretatu. Horrela izatera, balioak, koloreak eta analisi disposizionalista

onartzen duten gainerako propietateak sentsazio -hau da, minaren kasuaren pareko-

bihurtuko lirateke. Baina, gorago adierazi bezala, Humeren ustetan balioak ez dira

sentsazioak: 'bertutea amodioa edo harrotasuna sortzeko ahalmenari dagokio, eta bizioa

19 Balio moralen gaineko edozein teoriak hiru aurrebaldintza bete behar dituela gogorarazten digu

Stevensonek. Lehenengo biak dira kontuan hartu ditudanak. Stevenson (1937), 271 (gaztelaniazko

itzulpenean). 20 Humek (T. 457) 'motibazio-argudioa' proposatzen du: moralak badu eragina ekintzen gainean eta

arrazoimenak ez; beraz, arrazoimenaren bidetik ezin gara heldu balorazio moralera. Geroago (T. 458)

saiatzen da justifikatzen zergatik ez den posible arrazoimenak ekintzen gainean eragina izatea. Argudio

horietako premisek eta ondorioek piztu dituzte teoria subjektibistak. 21 Lan honetan ez dut sakon aztertuko objektibismoaren eta subjektibismoaren arteko eztabaida. Garbi

dago, neurri handi batean, Humeren argudio nagusia ontzat hartu dudala. Hortik dator, bada,

subjektibismo mota baten gaineko interesa. Ondorioetan berreskuratuko dut auzi hau. 22 Darwall-Gibbard-Railton (1992), 165.

Page 17: BALIOAK ETA DISPOSIZIOAK - UPV/EHUsortzen duen ekintzaren ezaugarria izan daiteke ela. Horra hor ebaztu behar den arazo bat. Lockek kontzeptuen (edo ideien) eta propietateen erresuman

17

umiltasuna edo gorrotoa sortzekoari' (T. 575). Hortaz, balioak sentsazioak sortzeko

ahalmenari dagozkio.

Horrenbestez, suposatuko dugu bibaldintzatzailea era ahulago batean interpreta

daitekeela, zeinean disposizionalistak lortu baitezake bere helburu nagusia, hau da,

subjektibismoari uko egin gabe nolabaiteko errealismoa 'sartu' balioen munduan.

Eman dezagun, beraz, disposizionalismoa modu koherentean formulatu

daitekeela.23 Hala ere, arazo batzuei aurre egin behar die disposizionalismoak. Hona

hemen horietako hiru:

(1) Koloreen eta balioen kasuen arteko alde nabarmena hauxe da: koloreak

hautematen ditugu, eta balioak ez -ez, bederen, zentzu berean. Arruntak dira honelako

perpausak: gorria dakusat, gorria den zerbait ikusten ari naiz, odol-tanta hau gorria dela

dakusat,... Balioen kasuan parekorik ez dago. Gertakari horrek azal dezake koloreei

atxikitzen zaien sentimenduen edo sentsazioen fenomenologia (edo mapa) argiagoa

izatea balioei atxikitzen zaiena baino, horrelakorik baldin badago. Dena dela, eman

dezagun pertsona batek baduela sentsazio moralen fenomenologia edo mapa argi bat: (i)

argi eta garbi bereizten ditu zerbaiten aldeko edo kontrako sentsazioak, (ii) sentsazio

moralen mailaketa egiteko gauza da,... Hortaz, balioen eta koloreen kasuak

elkarrengandik gertu leudeke. Hala eta guztiz ere beste arazo bat sortzen da: nola bereizi

moralari atxikitzen zaion sentsazioen maparen eta, esaterako, erlijioso-sekta bateko

partaide izatearekin lotutako sentsazioen maparen artean?24 Sekta bateko partaideak ere,

ekintza baten aurrean, sentsazioak ditu, eta, horrenbestez, balorazioak egiten ditu. Zeren

arabera esan dezakegu sentsazioen azken mapa hori ez dagokiola moralari? Jehovaren

lekuko batek odol-transfusioak egitea gaizki dagoela adierazten du. Pentsa daiteke,

23 Stroud (1999)-n agerian gelditzen dira koloreen gaineko disposizionalismoak dituen arazoak

koherenteki formulatua izateko (Stroud (1999), 7. kapitulua). Ariketa interesgarria da arazo horiek balioen

kasuan aztertzea. Ez da hori lan honetan egingo dudan ahalegina. Suposatuko dut, bada, horrelako

arazorik ez dagoela eta disposizionalismoa koherenteki formulatu daitekeela. 24 Darwall-Gibbard-Railton (1992), 157-58.

Page 18: BALIOAK ETA DISPOSIZIOAK - UPV/EHUsortzen duen ekintzaren ezaugarria izan daiteke ela. Horra hor ebaztu behar den arazo bat. Lockek kontzeptuen (edo ideien) eta propietateen erresuman

18

disposionalismoaren ildotik, balorazio hori lekukoak duen sentsazio batekin loturik

dagoela. Aitzitik, Jehovaren lekukoa ez den pertsona bat odol-transfusioak egitearen

alde ager daiteke. Azken kasu horretan ere, disposizionalismoaren ildotik berriro ere,

balorazioa sentsazio bati atxikita adierazten da. Zein da irizpidea kontrakoak diren

sentsazio horietako bigarrena moraltzat hartzeko? Nola bereizi sentsazio morala morala

ez den sentsaziotik? Irtenbide bakarra da sentsazioen mapa identifikagarria izatea modu

independente batez, hau da, sentsazioak balorazio moraletatik independenteak izatea.25

Izan ere, balorazio moralik aipatu gabe gauza al gara sentsazio moral bat

identifikatzeko? Zeren arabera?

(2) Goiko arazoarekin loturik begi bistako beste arazo bat erlatibismoarena da.

Balioak erantzunaren mendeko propietateak baldin badira, nola saihestu pertsona

batzuek tortura zuzena dela esatea? Izan ere, pertsona horiek torturaren aurrean aldeko

sentimendua dute. Koloreen kasuan, jakin badakigu egon badaudela estrategiak

koloreen gaineko judizio okerrak zuzentzeko. Estrategia horiek disposizionalismoarekin

bateragarriak direla pentsatu behar dugu. Ba al dago antzekorik balioen kasuan?

(3) Disposizionalista bati galdetuko bagenio E ekintza ea zergatik zuzena den,

haren erantzuna (arinki mintzatuz) hauxe litzateke: gustukoa dudalako. Baina, ondoren,

galde diezaiokegu ea zergatik duen gustuko. Erantzuna baldin bada 'E zuzena delako',

orduan gurpil batean barneratu gara: E zuzena da E zuzena delako. Erantzuna baldin

bada 'Z dela-eta', non Z-n ez den aipatzen ez nire burua ez E zuzena dela, orduan, Z-ren

kariaz, E zuzena dela esan dezakegu. Alabaina, Z-ren gaineko baldintzak kontuan

hartuz, teoria hori disposizionalista ez dela ondoriozta dezakegu nire erantzunak

kontuan hartzen ez direlako. Horrenbestez, badirudi disposizionalistak bi aukera dituela

25 Hori izan daiteke 1. arazo honi irtenbidea emateko aukera bat, hain zuzen ere, sentsazio moralen

fenomenologia independenteki definitu ahal izatea. Egia esateko, eszeptikoa naiz aukera horren aurrean.

Dena dela, hori posible izan arren, Stroudek erakutsi digu horrek arazo bat dakarrela (DI)

bibaldintzatzailea interpretzeko orduan. Hala, zaila litzateke bibaldintzatzailea hertsiki interpretatzea. Beraz, aukera bat gutxiago dugu bibaldintzatzailea interpretatzeko (Ik. Stroud (1999), 7. kapitulua).

Page 19: BALIOAK ETA DISPOSIZIOAK - UPV/EHUsortzen duen ekintzaren ezaugarria izan daiteke ela. Horra hor ebaztu behar den arazo bat. Lockek kontzeptuen (edo ideien) eta propietateen erresuman

19

zein baino zein txarrago: edo gurpil zoroetan murgiltzen da edo disposizionalista

izateari uzten dio. Auzia, bada, hauxe da, nola erantzun diezaioke disposizionalista

batek Spinozaren erronkari? X gustuko dudalako x ona dela juzgatzen al dut, edo x

gustuko dut ona dela juzgatzen dudalako?26

5. Hume eta disposizionalismoa

Humeren ikuspegian balorazio morala ez da gure sentimenduen adierazpide

hutsa. Balorazio moralak egiten ditugunean gure sentimenduek esku-hartze nabarmena

dute, baina balio moralak gauzetara (ekintzetara) proiektatzen ditugu.27 Bestalde,

balorazio morala ez da ulertu behar gure sentimenduen txosten gisa. Horrenbestez,

interpretazioz interpretazio,28 badirudi Hume ez dela ez emotibista ez deskriptibista.

Balio moralak erantzunaren-mendeko propietateak dira, ekintzek dituzten propietateak,

hain zuzen ere. Disposizionalistak onartzen du bi perpaus hauen artean loturarik

badagoela: 'x zuzena da' eta 'x-ren aurrean, aldeko sentimendua dut'. Haatik,

disposizionalistak ez du onartzen 'x zuzena da' perpausak 'x-ren aurrean, aldeko

sentimendua dut' esanahia duenik.

Alabaina, erantzunaren mendekotasuna bi eratan uler daiteke, bata malgua

bestea zurruna.29 Adibidez,

(i) x barregarria da, baldin eta x-k B-rengan barregura eragiten badu.

26 Spinozak berak 'Spinozaren erronka' izendatu dudan horri erantzuna ematen dio: x ona dela juzgatzen

dugu gustuko dugulako. Spinoza (1677), III. Liburua, 9. Proposizioa. 27 Beharrezkotasun kausala ere munduan paratzen dugu, baina Humerentzat ez dago benetako

beharrezkotasun kausalik munduan. Humeren proiektua izan zen, hain zuzen ere, azaltzea zergatik

gizakiok uste dugun munduan beharrezkotasun kausala egon badagoela. Interesgarria litzateke aztertzea

balio moralen eta beharrezkotasun kausalaren arteko parekotasunak. 28 Garbi dago Humeren idazkiek aukera ematen dutela aipatu ditugun hiru interpretazio horiek

onargarriak izan daitezen. Dena den, badirudi interpretazio disposizionalista beste biei gailentzen ari

zaizkiela. Hala ere, ez da ahantzi behar disposizionalismoak berak barne-arazoak dituela. 29 Terminologia Kripke (1980)-tik eratorritakoa da.

Page 20: BALIOAK ETA DISPOSIZIOAK - UPV/EHUsortzen duen ekintzaren ezaugarria izan daiteke ela. Horra hor ebaztu behar den arazo bat. Lockek kontzeptuen (edo ideien) eta propietateen erresuman

20

(ii) x beroa da, baldin eta x-k B-rengan bero-sentsazioa eragiten badu.

Erantzunaren mendekotasuna bi eratan interpreta daiteke gutxienez, eta goiko bi

adibide horiek interpretazio horien ordezkaritzat jo daitezke. Kripkeren ideiei eutsiz, (ii)

intepretatu behar da eskuineko adierazpenak ('B-rengan bero sentsazioa eragiten du')

ezker aldeko adierazpenaren ('bero') erreferentzia finkatuko balu bezala. Horrek esan

nahi du, behin 'bero' hitzaren erreferentzia finkatu eta gero, beroak B-rengan bero

sentsaziorik ez eragitea litekeena dela beste zirkunstantzietan. Eman dezagun, 'bero'

terminoaren erreferentzia energia zinetiko handia dela. Horrenbestez, litekeena da beste

zirkunstantzia posible batzuetan energia zinetiko handiak (hau da, beroak) ez eragitea

bero-sentsaziorik B-rengan. Arinki esanda, (ii)-k tratatzen du beroa erantzunaren

mendeko propietatea balitz bezala, baina erreferentzia finkatze dela-eta, azken buruan,

beroa propietate objetibo (energia zinetiko handi) bihurtzen zaigu. Beste era batean

adieraz daiteke ideia bera: (ii) perpausa bibaldintzazko perpaus gisa interpretatzen

baldin badugu (ez, ordea, 'bero' terminoaren erreferentzia finkatze gisa), eta Kripkeren

argudioak onak baldin badira, (ii) egia beharrezkoa ez dela ondoriozta daiteke.

Egoera desberdina da (i) kasuan. Eman dezagun The Philadelphia story filmak

benetan (actually) barregura sortzen duela nigan (B=ni). Hala, film hori barregarria da.

Hala eta guztiz ere, pentsa dezakegu beste zirkunstantzia posible batzuetan, non film

berak ez duen sortzen barregurarik nigan. Agi denez, intuitiboki bederen, filma

zirkunstantzia horietan barregarria ez dela esango genuke. Horra hor, beraz, aldea (i) eta

(ii) kasuen artean. Lehenengo kasuan erantzunaren mendekotasuna ez da zurruna, bai,

ordea, bigarren kasuan. Beste era batean adieraz daiteke ideia bera: (i) perpausa

Page 21: BALIOAK ETA DISPOSIZIOAK - UPV/EHUsortzen duen ekintzaren ezaugarria izan daiteke ela. Horra hor ebaztu behar den arazo bat. Lockek kontzeptuen (edo ideien) eta propietateen erresuman

21

bibaldintzazko perpaus gisa interpretatzen baldin badugu, (i) egia beharrezkoa dela

ondoriozta daiteke.30

Arinki mintzatuz, lehenengo kasuan badirudi erantzunaren mendekotasuna

benetakoa dela: ez dago zirkunstantziarik non filma barregarria den eta filmak berak

nigan barregurarik eragiten ez duen. Beroaren kasuan badago zirkunstantziaren bat non

x beroa den eta x-k nigan bero-sentsaziorik eragiten ez duen (Kripkeren ideiak onartuz

gero). Hortaz, badago erantzunaren mendekotasuna adierazteko modu bat erantzunaren

mendeko propietatea propietate objektiboetara hurbiltzen duena. Adibidez, beroaren

kasuan, beroa=energia zinetiko handia identifikazio teorikoa finkatzen dugu, eta

identifikazio hori ezinbestean egiazkoa da: berdin dio zirkunstantzia batean beroak (edo

energia zinetiko handiak) bero-sentsazioak eragiten dituen edo ez. Barregarriaren

kasuan ez dago parekorik, alegia, ez dago ezinbestean egiazkoa den identifikazio

teorikorik. Baina, orduan, zergatik eutsi erantzunaren mendekotasunari beroaren

kasuan? Erantzuna, laburra bada ere, hauxe izan daiteke: beroaren nahiz barregarriaren

kasuan, bietan, propietateari erreferentzia egiteko kontzeptu bat (eta predikatu bat)

erabiltzen dugu eta kontzeptu horrekin a priori lotzen dugu erantzunaren

mendekotasuna adierazten duen bibaldintzazko perpaus bat, (i) edo (ii) bezalako

perpaus bat, hain zuzen ere.31

30 Badago beste bide bat ideia bera adierazteko. Esaterako, (ii)-n 'B-rengan bero-sentsazioa eragiten du'

adierazpenak 'bero' adierazpenaren erreferentzia finkatzen duela esan beharrean, (ii) honela berradieraz

daiteke:

(iii) x beroa da, baldin eta benetan x-k B-rengan bero-sentsazioa eragiten badu. 'Benetan' horri esker ('actually' ingelesez) eskuin aldeko adierazpena zurruntzen dugu, eta testu nagusian egin dugun bereizketa bera adierazi daiteke. Orain, beroaren kasuan, (iii) egia beharrezkoa da. 'Bero' hitzaren ordez 'barregarri'

kontuan hartuz gero (iii)-n, berori ez da egia beharrezkoa izango. Bereizketa horiek xehetasunez garatzen

dira López de Sa (2002)-n, 3.3 atala. Beroaren azterketa jada klasikoa Kripke (1980)-n. Zurruntzeko

prozedurari buruz, ik. Davies-Humberstone (1980).

31 Irtenbide honen gainean nire zalantzak ditut. Arrazoia sinplea da: badirudi beroarekin (eta

barregarriarekin) jarraitu dudan estrategiaren antzeko bat proposa daitekeela biribila izatearen kasurako.

Adibidez, 'x biribila da, baldin eta x-k B-rengan biribila-sentsazioa eragiten badu'. Pentsa daiteke denok

lotuko genukeela a priori horrelako bibaldintzazko bat biribila izatearen kontzeptuarekin. Kontua da filosofoek -ia guztiek esango nuke- biribilaren kasua ez luketela onartuko erantzunaren mendeko

Page 22: BALIOAK ETA DISPOSIZIOAK - UPV/EHUsortzen duen ekintzaren ezaugarria izan daiteke ela. Horra hor ebaztu behar den arazo bat. Lockek kontzeptuen (edo ideien) eta propietateen erresuman

22

Laburbilduz,

Aurreko atalean ikusi dugu zer nolako arazoak eduki ditzakeen balioen gaineko

ikuspegi disposizionalistak. Nire susmoa da aipatu ditudan hiru arazo horiek mataza

batean txirikordatzen direla. Orain mataza horretan hari gehiago korapilatu ditugu,

erantzunaren mendekotasuna ulertzeko bi modu orokor, gutxienez, bereizi ditugulako:

non kokatu balioak? Beroaren propietatik gertu edo, aitzitik, barregarria izatearen

propietatik gertu? Bada garaia, beraz, mataza hori askatzeko, edo, behintzat, mataza

askatzeko humear bide bat erakusteko.

Humeren irtenbidea, mataza askatzeko aukera ahalbidetuko duena, honela labur

daiteke:

(H1) Sinpatiaren prozesua funtsezkoa da balorazio morala ulertzeko. Izan ere,

Sinpatia balorazio moralaren zergatia da, alegia, ekintzatik balorazio morala egiten duen

pertsonarenganako zubia (T. 575-578). Egia esateko, sinpatiaren prozesua funtsezkoa da

zeharkako grinak ulertzeko (harrotasuna, apaltasuna, maitasuna, gorrotoa,... (T. II.

liburua, lehenengo eta bigarren zatiak)). Geroago ikusi dugu zeharkako grinetatik

moralaren erresumara doan jauzia. Sinpatiaren bitartez minez (pozik) dagoen

pertsonaren mina (poza) suma dezaket. Dena dela, sinpatia ez da arrazoimenaren

bitartez burutzen dugun zerbait, hain zuzen ere, prozesu induktiboaren antzekoa izan

zitekeen zerbait. Sinpatia, ordea, gizakiek dugun baliabide natural bat da: horrela

jokatzen dugu, horrelakoak gara. Sinpatiaren iturria ez da arrazoimena, gure izateko era

baizik. Beste pertsona batek duen mina ‘ikustetik’ minaren inpresioa izatera igarotzen

gara. Inpresio hori grinen iturri bihurtuko da.

propietate gisa. Beraz, arazoak egon badaude. Dena dela, arazo horiek gaindi daitezkeela suposatuko dut

lan honetan. Konponbide posible bat, López de Sa (2002), 1.3 atalean.

Page 23: BALIOAK ETA DISPOSIZIOAK - UPV/EHUsortzen duen ekintzaren ezaugarria izan daiteke ela. Horra hor ebaztu behar den arazo bat. Lockek kontzeptuen (edo ideien) eta propietateen erresuman

23

(H2) Baina sinpatia aldakorra da zenbait faktoreren arabera. Esaterako pertsonen

arteko distantziaren arabera (T. 481). Ez dira berdinak nire semea minez ikustean

sumatzen dudan mina eta telebistan ume bat minez ikustean sumatzen dudana.

(H3) Aitzitik, sinpatia kausatzat duen sentimendu eta balorazio morala ez da

aldakorra (T. 472). Hori da, hain zuzen ere, sentimendu moralaren ezaugarri nagusia,

egonkortasuna.

(H4) (H2) eta (H3) baieztapenetatik ondoriozta daiteke balorazio morala ezin

dela sinpatiaren mendean egon, bata aldagaitza delako eta bestea, ordea, aldakorra (T.

581).

(H5) (H4)-n proposatutako argudioari aurre egiteko Humek bere teoria moralean

ardatz nagusia izango den tesia ezartzen du: horrelako aldaketak gerta ez daitezen eta

balorazio morala egonkorragoa izan dadin ekintzak ikuspegi tinko eta orokor (steady

and general) batetik behatu behar dira (T. 582). Ikuspegi tinko eta orokor horrek

eskaintzen digu gure bat-bateko sentimenduak zuzentzeko ahalmena. Nonbait, gure

partikulartasunetik haratago joan beharra dago balorazio morala egin ahal izateko.

Ikuspuntu tinkoaren orokortasuna bi zentzutan uler daiteke: orokorra da gure

partikulartasunaren berezko ezaugarriak bide bazterrean uzten ditugulako, edo orokorra

da pertsona guztien onura aintzat hartzen delako. Bereizketa hori errelebantea da bertute

natural/artifizial bereizketari dagokionez. Ez naiz murgilduko xehetasun horietan.

Ikuspegi partikularretatik ikuspegi orokorrerako jauzian irudimenak zeresan handia

dauka (T. 587).32

(H6) Hortaz, balio moralen erantzunaren mendekotasuna honela formula

daiteke:

32 Baillie (2000), 190-199.

Page 24: BALIOAK ETA DISPOSIZIOAK - UPV/EHUsortzen duen ekintzaren ezaugarria izan daiteke ela. Horra hor ebaztu behar den arazo bat. Lockek kontzeptuen (edo ideien) eta propietateen erresuman

24

(M) x zuzena da, baldin eta x-ren aurrean B-k, ikuspuntu tinko eta orokorrean

kokatuta, aldeko sentimendua badu.

(H1)-(H6) kontuan hartuz, hurrengo helburua da printzipio horien bitartez nola

bidera daitekeen aipatu dugun matazaren askatzea.

(1) Sentsazio moralen fenomenologia edo mapa aipatu dut.33 Justifikatu dut

sentsazio moralak identifikatzeko irizpide baten premia daukagula. Orain, (H3) aintzat

hartuz, irizpidea zehazteko aukera antzeman daiteke. Humek berak esaten digu

interesari dagozkion sentimenduak eta moralari dagozkionak nahastu izan direla

sarritan, baina, hala ere, bien artean bereizteko aukera egon badago (T. 472). Jakina,

bereizgarri hori (H5)-ean aipatu dugun ikuspegi tinko eta orokorrarekin lotuta dago.

Egonkortasuna da sentimendu moralaren ezaugarri nagusia.

(2) Erlatibismoari34 aurre egiteko antzeko erantzuna ere eman dezakegu.

Erlatibismoaren iturria sinpatiaren prozesuaren malgutasunean edo norberaren

kokapenaren partzialtasunean erro daiteke. Alabaina, ezaugarri horiek guztiak gaindi

daitezke ikuspegi tinko eta orokorrera joz gero. Pentsa dezagun hautematearen kasuan.

Beste propietate batzuen inguruan ere, erlatibismoa gainditzeko, antzeko estrategiak

jarraitzen ditugu. Objektu bat, biribila dena, eliptiko ikus dezakegu ikuspegi partikular

batetik behatuz gero, eta, hala ere, gure ikuspegi partikular hori zuzentzen dugu, eta

objektua benetan biribila dela ondorioztatzen dugu. Antzeko prozedura jarraitzen dugu,

Humeren iritziz, moralaren esparruan. Pentsa daiteke beste sentsibilitate bat duten izaki

batzuek torturaren aurrean aldeko sentimenduak dituztela. Hala eta guztiz ere,

torturatzea ez litzateke zuzena izango, torturak guri -geure burua ikuspuntu tinko eta

33 4.3 azpiatala, (1) arazoa.

34 4.3 azpiatala, (2) arazoa.

Page 25: BALIOAK ETA DISPOSIZIOAK - UPV/EHUsortzen duen ekintzaren ezaugarria izan daiteke ela. Horra hor ebaztu behar den arazo bat. Lockek kontzeptuen (edo ideien) eta propietateen erresuman

25

orokorrean kokatzen dugunean- kontrako sentimendua eragiten digulako. Baten batek

esan dezake: baina hemen bertan, gure munduan, badago jendea torturaren aurrean

pozik agertzen dena. Hori egia da, baina Humek erantzungo luke: ados, baina horrek

esan nahi du edo ez duela ikuspegi tinko eta orokorrerako jauzia eman, edo jauzi hori

egitean arazoak izan direla. Arazo horiek gaindituz gero, adostasunaren aldeko apostua

egingo luke Humek.35

(3) Hel diezaiogun Spinozaren erronkari.36 X zuzena da, ikuspuntu tinko eta

orokorretik ikusita aldeko sentimendua eragiten duelako. Baina, zergatik eragiten du

aldeko sentimendua? Humek ekartzen dizkigu gogora grina eta sentimendu guztien

erraietan dauden inpresioak: atseginak eta minak. Aldeko sentimendua dut, azken

buruan, x-k sortzen duen atsegina mina baino handia delako.37 Ildo horretatik, ez dakit

irtenbide egokia topatu diogun Spinozaren erronkari: x ona da, aldeko sentimendua

sortzen duelako, baina aldeko sentimendua sortzen du eragiten duen atsegina mina baino

handia delako. Horrenbestez, pentsa daiteke Humeren ikuspegia honako honetan

laburbil daitekeela:

(A) x ona da, baldin eta x-k sortzen duen atsegina mina baino handiagoa bada

(beti ikuspegi tinko eta orokorretik ikusita).

(A) baieztapenean erantzunaren mendekotasuna desagertu zaigu, ez baita aipatu

ere egiten aldeko edo kontrako sentimendurik. Egia esateko, (A)-k zer pentsatu ematen

digu.

35 Arazoak mota desberdinekoak izan daitezke: aurreiritziak, ezjakintasuna, sen onaren eza,… Ik. Hume

(1757) eta Baillie (2000). 36 4.3 azpiatala, (3) arazoa.

37 Bertute artifizialen kasuan, justizia kasu, mina eta atsegina gizarte mailan aztertu behar dira. Ez da

harritzekoa, beraz, bide horretatik utilitarismo batera iristea. Behin baino gehiagotan aipatua izan da

Humeren utilitarismoa. Utilitarismoa ikuspegi moral objektibista da, eta, ildo horretan,

disposizionalismoaren kontrakoa. Beraz, Humerekin lotuta agertzen zaizkigu ikuspegi objektibistak eta

subjektibistak. Ez dut aztertuko auzi hori.

Page 26: BALIOAK ETA DISPOSIZIOAK - UPV/EHUsortzen duen ekintzaren ezaugarria izan daiteke ela. Horra hor ebaztu behar den arazo bat. Lockek kontzeptuen (edo ideien) eta propietateen erresuman

26

Gorago aipatu ditut erantzunaren mendekotasuna interpretatzeko bi modu

desberdin. (A)-k, nire ustez, argi eta garbi uzten du Humeren disposizionalismoa

erantzunaren mendekotasunaren gaineko ikuspegi zurruna dela, hau da, goian ikusitako

beroaren kasuaren tankerakoa. Esan daiteke ‘x-ren aurrean B-k, ikuspuntu tinko eta

orokorrean kokatuta, aldeko sentimendua du’ deskripzioak ‘ona da’ (edo ‘zuzena da’)

predikatuaren erreferentzia finkatzeko erabiltzen dugula. Behin erreferentzia hori

finkatu eta gero, identifikazio teoriko bat lortzen dugu, hain zuzen ere, (A)-n jasotzen

den identifikazio teorikoa. Gero, beste zirkunstantzia batzuetan, nahiz eta B-k beste

sentimendu batzuk izan, ekintzak zuzena izaten jarraituko du. ‘Ikuspuntu tinko eta

orokorrean kokatuta’ adierazpena da, hain zuzen ere, zurruntzailearena egiten duena,

beroaren kasuan ‘benetan’ adierazpenak egiten duen bezalaxe.38

Ildo horretatik, egungo eztabaidetan kokatu nahiko bagenu Humeren teoria

morala, balioen erantzunaren mendekotasuna aldarrikatzen duten teorien artean kokatu

beharko genuke. Dena dela, kontuan izanik ikuspegi tinko eta orokorrerako jauzia,

erantzunaren mendekotasuna zurruna bihurtzen zaigu, eta, horrenbestez, ontologikoki

bederen, subjektibotasuna objektibotasun bilakatzen da; izan ere, balioak beroaren

propietatearen antzekoak dira. Hala, Humek subjektibotasunak dituen berezko arazoak

gaindi ditzake, batez ere, erlatibismoaren arazoa. Haatik, beste mamu batzuk agertzen

dira. (A)-k laburbiltzen duen teoriak asebete al dezake Humek balioei atxikitzen dien

ezaugaririk garrantzitsuena? Alegia, balio moralek, (A)-k dioen eran ulertuak,

ekintzarako motibaziorik eskaintzen al dute? Printzipioz zaila dirudi. Zurruntze-

prozedurak arrazoimenak eta irudimenak burutzen duten prozedura dirudi. Eta Humek

argudiatzen du arrazoimenak ez duela motibatzeko ahalmenik (T. 458).39 Hume jabetzen

da arazo horretaz, eta saiatzen da erakusten zurruntze-prozedura ez dela arrazoimenak

38 Ik.gorago (i), (ii) eta (iii) adierazpenei buruz esandakoa.

39 Esan bezala, argudio horrek teoria ez-objektibistak babesten dituela onartzen da orokorrean. Onarpen

horren gainean duda egiten du Cohonek. Ik. Cohon (1997b).

Page 27: BALIOAK ETA DISPOSIZIOAK - UPV/EHUsortzen duen ekintzaren ezaugarria izan daiteke ela. Horra hor ebaztu behar den arazo bat. Lockek kontzeptuen (edo ideien) eta propietateen erresuman

27

eta irudimenak soilik burutzen duten prozedura. Ikuspegi tinko eta orokorrean ere

sentimenduak gureganatzen ditugu -sinpatiaren prozesua kasu horretan ere abian jartzen

da-, baina sentimendu orekatuagoak, egonkorragoak, zenbaitetan gure kokapen

partikularrean ditugun sentimendu bortitzago eta desorekatuagoekin borroka egiten

dutenak. Are gehiago, sentimendu moralek bestelako sentimenduak zuzentzeko

ahalmena dute. Xehetasunak xehetasun, kontua da ikuspegi tinko eta orokorrak dakarren

zuzenketa edo aldaketa ez dela arrazoimenak eta irudimenak soilik burutzen duten

prozesu bat; sentimenduek badute zeresana, eta horren arabera balio moralek

berenganatuko dute motibatzeko ahalmena.40 Beraz, Spinozaren erronkara itzuliz, esan

daiteke x ona dela, geure burua ikuspegi tinko eta orokorrean kokatzen dugunean aldeko

sentimenduak sortzen dituelako. Sentimendu hori sortu ezean, ez dago balorazio

moralik. Pertsona batek jakin dezake ekintza batek gaitza eta mina baino atsegina ekarri

duela. Hala ere, aldeko sentimendurik ez baldin badu sumatzen, haren ustezko balorazio

moralari faltako zaio balorazio moralak berezko duen ezaugarri bat, alegia, motibatzeko

ahalmena. Beraz, Spinozak eta Humek bat egiten dute Spinozaren erronkari dagokionez.

6. Ondorioak

Humeran teoriak disposizionalista dirudi, baina zentzu zurrun batean. Hortaz,

ontologikoki balioek beste propietate objektiboen antza dute. Dena dela, semantikoki

edo kontzeptualki balioak erantzunaren mendekoak dira.41 Zurruntze-prozedura ikuspegi

tinko eta orokorraren bilaketan datza. Prozedura horretan daude Humeren teoria

moralaren giltzarriak. Prozedura horrek dakar zurruntasuna eta balioen objektibotasuna

40 Ik. Cohon (1997a). Bertan deskribatzen da xehetasunez Humeren teoria: ikuspegi tinko eta orokorrean

sortzen diren sentimenduak, sentimendu horien eta gure kokapen partikularrean sortutakoen arteko

tirabira,... 41 Ik. Vallentyne (1996), 5. atala. Bertan bereizketa hori garatzen da.

Page 28: BALIOAK ETA DISPOSIZIOAK - UPV/EHUsortzen duen ekintzaren ezaugarria izan daiteke ela. Horra hor ebaztu behar den arazo bat. Lockek kontzeptuen (edo ideien) eta propietateen erresuman

28

(balio artifizialei dagokienez Hume utilitarismotik gertu dago, eta utilitarismoa ez da

teoria subjektibista bat), baina, aldi berean, subjektibotasunari eusten zaio balorazio

morala gertatzeko sentimendu moralak -hau da, ikuspegi tinko eta orokorrean

sumatutakoak- premiazkoak direlako. Sentimendu horri esker judizio moralak

notibatzeko ahalmena eskuratzen du. Ez dakit mahai gainean jarri ditudan pieza guztiek

(pieza horiek zuzenak baldin badira) koherentea den zerbait osatzeko gaitasuna ote

duten edo ez. Beste behin baterako utziko dut lantegi hori.

Disposizionalismoak arrakasta izan du zenbait propietate mota tratatzeko: mina,

barregarria izatea, beroa, gorria izatea, ederra izatea, zuzena izatea,… Minaren kasua

berezia da, mina sentimendu bat delako. Gainerako kasu guztietan, propietateak ez dira

nahasten sentimenduekin. Haatik, gainerako kasu guztietan, propietateen eta

sentimenduen artean lotura estua dago. Hori da disposizionalismoaren giltzarria. Dena

dela, lotura horiek ere mota desberdinekoak izan daitezke. Nire interpretazioan, moralari

dagokionez, Humeren disposizionalismoa zurruna da, eta, ildo horretatik, gertuago

gaude beroaren kasutik barregarria izatearen kasutik baino. Hala ere, nire irudipena da,

neurri batean bederen, Humeren pentsamendua behartzen ari garela egungo

eztabaidetara egokitu nahian, eta ez dakit Humek berak bere testuetan baliabideak

ematen dizkigun egungo eztabaidetan haren teoriak behar bezala kokatzeko. Seguru

asko, zenbait eztabaidagai dela-eta, erantzun zehatzik ez dugu izango haren idazkietan.

Azterketa hori ere beste behin baterako utziko dut.

Amaitzeko, hona hemen paralelismo bat. Badirudi gure kokapen partikularretan

ditugun sentimenduek zentzumen-datuen antzekoak direla. Zentzumen-datuak ez dira

kontrol pean sortzen diren gauzak: sortzen dira eta kitto. Sortzen dira (g)izakiak duen

izateko eraren eta norberaren kokapenaren arabera. Baina zentzumen-datu horiek gero

findu behar dira, eta ondoriozta dezakegu eliptikoa zirudiena benetan biribila dela. Hor,

Page 29: BALIOAK ETA DISPOSIZIOAK - UPV/EHUsortzen duen ekintzaren ezaugarria izan daiteke ela. Horra hor ebaztu behar den arazo bat. Lockek kontzeptuen (edo ideien) eta propietateen erresuman

29

tartean, prozesu konplexu bat gertatu da, hasierako diagnostikoa zuzentzera eraman

gaituena. Antzeko zerbait gertatzen da ikuspegi tinko eta orokorrerako jauzi ematen

dugunean. Baten batek galde dezake, baina merezi al du jauzi hori ematea? Zergatik eta

zertarako jauzi hori? Azken buruan, zergatik jokatu behar dugu moralki? Erantzunaren

arrastoa zentzumen-datuetan oinarritutako paralelismoan topa dezakegu. Zergatik pasa

norberaren zentzumen-datuetatik (non objektuak eliptikoa dirudien) objektuaren forma

biribil horretara? Jauzi hori emango ez bagenu, gure biziraupena kolokan legoke. Jauzi

horrek inguruan dauzkagun gauzen artean bizitzeko egonkortasuna eta, halaber,

adostasuna ematen dizkigu, eta etorkizunean gauza horien jokabideak aurresateko

ahalmena ere ematen digu. Azken buruan, bizitzeko behar den egonkortasun eta

ordenamendu minimoa eskaintzen du. Horrelako jauzirik gabe zaila dirudi bizi ahal

izateak. Moralak ahalbidetzen du bizikidetzak eskatzen dituen egonkortasun eta

adostasun minimoa, eta horrek giza-biziraupena. Beraz, nigandik gureganainoko jauzia

ez da aukera dezakedan zerbait. Premiazkoa da denontzat eta norberarentzat. Norberaren

ikuspuntutik puntu tinko eta orokorrerako jauzia ematea ezinbestekoa da bizirauteko.

'Moral pribatua' adierazpenak kontraesan bat darama bere gain.

Erreferentziak

Arrieta, A. (2002), Zertaz dihardu filosofiak? Donostia: Jakin.

Arrieta, A. (2003), Idénticos, indiscernibles y duplicados. Ebaluaketa prozesuan.

Ayer, A.J. (1936), Language, Truth and Logic. Bigarren arg., 1946, New York:

Dover, 1952.

Page 30: BALIOAK ETA DISPOSIZIOAK - UPV/EHUsortzen duen ekintzaren ezaugarria izan daiteke ela. Horra hor ebaztu behar den arazo bat. Lockek kontzeptuen (edo ideien) eta propietateen erresuman

30

Ayer, A.J. (1980), Hume. Oxford: Oxford University Press. (Gaztelaniazko

itzulpena, Hume. Madril: Alianza, 1988. Itzultzailea: J.C. Armero. Orri aipuak

gaztelaniazko itzulpenari dagozkio.)

Baillie, J. (2000), Hume on morality. Londres: Routledge.

Blackburn, S. (1999), Rulling Passions. Oxford: Oxford University Press.

Cohon, R. (1997a), The Common Point of View in Hume's Ethics.

Philosophical and Phenomenological Research LVII(4), 827-851.

Cohon, R. (1997b), Is Hume a Noncognitivist in the Motivation Argument.

Philosophical Studies 85, 251-266.

Darwall, S., Gibbard, A. & Railton, P. (1997a), Toward Fin de siècle Ethics:

Some Trends. The Philosophical Review 101(1), 115-189.

Darwall, S., Gibbard, A. & Railton, P. (bil.) (1997b), Moral Discourse and

Practice. Oxford: Oxford University Press.

Davies, M., Humberstone, Ll. (1980), Two Notions of Necessity. Philosophical

Studies 38, 1-30.

Harman, G. (1986), Moral Agent and Impartial Spectator. Lindley Lecture,

University of Kansas, 1-15.

Hume, D. (1739), A Treatise of Human Nature. Oxford: Clarendon Press, 1978.

(Gaztelaniazko itzulpena, Tratado de la naturaleza humana. Madril: Alianza, 1988.

Itzultzailea: F. Duque.)

Hume, D. (1757), Of the Standard of Taste. Honako liburuan: Miller, E.F. (bil.)

(1985), Essays on Moral, Political and Literary. Indianopolis: Liberty Classics.

Johnston, M. (1989), Dispositional Theories of Value. Proceedings of the

Aristotelian Society suppl. 63, 139-174.

Page 31: BALIOAK ETA DISPOSIZIOAK - UPV/EHUsortzen duen ekintzaren ezaugarria izan daiteke ela. Horra hor ebaztu behar den arazo bat. Lockek kontzeptuen (edo ideien) eta propietateen erresuman

31

Kripke, S. (1980), Naming and Necessity. Cambridge, Mass.: Harvard

University Press. (Gaztelaniazko itzulpena, Del nombrar y la necesidad. Mexiko:

UNAM. Itzultzailea: M.M. Valdés.)

Locke, J. (1690), An Essay concerning Human Understanding. Oxford: Oxford

University Press, 1975. (Euskarazko itzulpena, Giza adimenari buruzko entseiua (I,II).

Bilbo: Pentsamenduaren klasikoak, 1998. Itzultzailea: A. Gabikagogeaskoa.)

López de Sa, D. (2002), Response-Dependencies: Colors and Values. Doktore-

tesia. Bartzelonako Unibertsitatea.

McDowell, J. (1985), Values and Secondary Qualities. Berrargitaratua Darwall-

Gibbard-Railton (1997b)-an, 201-215.

Moore, G.E. (1912), Ethics. Oxford: Oxford University Press. (Gaztelaniazko

itzulpena, Ética. Madril: Encuentro Ediciones, 2002. Itzultzailea: M. Cardenal. Orri

aipuak gaztelaniazko itzulpenari dagozkio.)

Mumford, S. (1998). Dispositions. Oxford: Clarendon Press.

Rachels, J. (1986), The Elements of Moral Philosophy. Londres: McGraw Hill.

Spinoza, B. (1677), Etika. Bilbo: Pentsamenduaren klasikoak, 1997. Itzultzailea:

P. Charritton.

Stevenson, C.L. (1937), The Emotive Meaning of Ethical Terms. Mind

46(1937), 14-31. (Gaztelaniazko itzulpena, 'El significado emotivo de los términos

éticos', liburu honetan: Ayer, A.J. (bil.) (1959), El positivismo lógico. Mexiko: F.C.E.,

1993, 269-287. Orri aipuak gaztelaniazko itzulpenari dagozkio.)

Stroud, B. (1977), Hume. Londres: Routledge.

Stroud, B. (1999), The Quest for Reality. Subjectivism and the Metaphysics of

Colour. Oxford: Oxford University Press. (Gaztelaniazko itzulpena, La búsqueda de la

realidad. Madril: Síntesis, 2002. Itzultzailea: J. Valor.)

Page 32: BALIOAK ETA DISPOSIZIOAK - UPV/EHUsortzen duen ekintzaren ezaugarria izan daiteke ela. Horra hor ebaztu behar den arazo bat. Lockek kontzeptuen (edo ideien) eta propietateen erresuman

32

Vallentyne, P. (1996), Response Dependence, Rigidification and Objectivity.

Erkenntnis 44, 101-112.

Wiggins, D. (1987), A Sensible Subjectivism. Berrargitaratua Darwall-Gibbard-

Railton (1997b)-n, 227-244.