AKARBALTZ lagunen bila - larrabetzukoeskola.eus

3
AKARBALTZ lagunen bila Elurra ari zuen mara mara duela urte asko eta asko, urriaren 31a batean. Basajaun, elurrak elur, bere eguneroko lanetan ari zen, basoa eta bertoko bizilagunak jagoten. Halango batean, Arrizurigane inguruan zebilela, kurloia hurreratu zitzaion belarri ondora: - Basajaun, Basajaun, erdu arin batean, Basajaun, elurretan zeozer beltza dago negarrez! Karraderan joan zen Basajaun kurloiaren atzetik. Gero eta hurrago, gero eta argiago entzuten zuen negar hura. Zer ote zen galdetzen zion bere buruari, elur zuritan negarrez zetzana? - Hemen hemen, hemen dago. Han zetzan bai, gorputz txiki, busti beltz batek, negarrez, babes eske, pagope batean. Basajaunek, altzoan zuen: - Holangorik, akar baltza negarrez edurretan! Arrizurigane ingurutik kumearen bila luzaroan ibilita, haren gurasoen arrastorik ere aurkitu ez zuenez, Patxitxira eroatea ebatzi zuen, Bizkargipean dagoen herri magikora. Bertan bizi dira Akermari, Paskuala, Matxin, Jesusa, Maridomingi, Olentzero, Napo astoa, Kukubiltxo, Kukubel, Txirrikiz, Tartalo, Otsozuri, Txirlon, Marizapa eta Anbotoko Mari. - Berton lotu dadila biziten- proposatu zuen Kukubiltxok. - Izena ere asmatu beharko diogu, ez? – galdetu zuen Otsozurik. Ahobatez erabaki zuten kumezurtzari lekua egingo ziotela Patxitxin eta ikatza edo txirritxirria bezain beltza zenez, Akarbaltz deituko zutela. Patxitxiko gainontzekoei legez, Akarbaltzi zeregin bat eman zioten: Basajaunek basoko animaliak jagoten zituen eran, Akarbaltzek baserrietakoak jagongo zituen. Pozik eta arduratsu hartu zuen Akarbaltzek bere zeregina. Larrabetzuko baserrietako animalien jagolea izatea ez zen edozelango lana, larrabetzuar asko, euren animalien emandako esne, arraultza, solomo edota txorizoetatik bizi baitziren. Behiak, oiloak eta txerriak ziren, baserritarren altxorrak. Baserrietako animaliak jagoten hasteko, baserrietainoko gurpideak eta baserrien euren izenak ikasi behar zituela esan zion Basajaunek Akarbaltzi. Halandaze, egun batean, eguzkia nagiak ateratzen ari zela, Basajaun, Akarbaltz, Otsozuri eta Kukubiltxo, Patxitxitik Larrabetzura jeitsi ziren, baserri bakoitza zein auzotan zegoen eta zein izen zuen ikastera.

Transcript of AKARBALTZ lagunen bila - larrabetzukoeskola.eus

AKARBALTZ lagunen bila

Elurra ari zuen mara mara duela urte asko eta asko, urriaren 31a batean. Basajaun, elurrak elur, bere eguneroko lanetan ari zen, basoa eta bertoko bizilagunak jagoten.Halango batean, Arrizurigane inguruan zebilela, kurloia hurreratu zitzaion belarri ondora:

- Basajaun, Basajaun, erdu arin batean, Basajaun, elurretan zeozer beltza dago negarrez!

Karraderan joan zen Basajaun kurloiaren atzetik. Gero eta hurrago, gero eta argiago entzuten zuen negar hura. Zer ote zen galdetzen zion bere buruari, elur zuritan negarrez zetzana?

- Hemen hemen, hemen dago.

Han zetzan bai, gorputz txiki, busti beltz batek, negarrez, babes eske, pagope batean. Basajaunek, altzoan zuen:

- Holangorik, akar baltza negarrez edurretan!

Arrizurigane ingurutik kumearen bila luzaroan ibilita, haren gurasoen arrastorik ere aurkitu ez zuenez, Patxitxira eroatea ebatzi zuen, Bizkargipean dagoen herri magikora. Bertan bizi dira Akermari, Paskuala, Matxin, Jesusa, Maridomingi, Olentzero, Napo astoa, Kukubiltxo, Kukubel, Txirrikiz, Tartalo, Otsozuri, Txirlon, Marizapa eta Anbotoko Mari.

- Berton lotu dadila biziten- proposatu zuen Kukubiltxok.- Izena ere asmatu beharko diogu, ez? – galdetu zuen Otsozurik.

Ahobatez erabaki zuten kumezurtzari lekua egingo ziotela Patxitxin eta ikatza edo txirritxirria bezain beltza zenez, Akarbaltz deituko zutela.

Patxitxiko gainontzekoei legez, Akarbaltzi zeregin bat eman zioten: Basajaunek basoko animaliak jagoten zituen eran, Akarbaltzek baserrietakoak jagongo zituen.

Pozik eta arduratsu hartu zuen Akarbaltzek bere zeregina. Larrabetzuko baserrietako animalien jagolea izatea ez zen edozelango lana, larrabetzuar asko, euren animalien emandako esne, arraultza, solomo edota txorizoetatik bizi baitziren. Behiak, oiloak eta txerriak ziren, baserritarren altxorrak.

Baserrietako animaliak jagoten hasteko, baserrietainoko gurpideak eta baserrien euren izenak ikasi behar zituela esan zion Basajaunek Akarbaltzi.

Halandaze, egun batean, eguzkia nagiak ateratzen ari zela, Basajaun, Akarbaltz, Otsozuri eta Kukubiltxo, Patxitxitik Larrabetzura jeitsi ziren, baserri bakoitza zein auzotan zegoen eta zein izen zuen ikastera.

Patxitxitik Astrokara egin zuten, Etxepinto baserrira.

Astrokatik Ugaldera joan eta Ugalderrota ezagutu zuen.

Galtzada baserri ondoko iturrian asetu zuten egarria Etxatxura arrautzetan iritsi orduko.

Areatza osteko landan Pantxike ikusi zuten Simona astoaren gainera belarra batzen.

Eleizalde auzotik Belarrenera ( Belarrinaga) egin zuten aldatsean gora Larrabizkerreraino.

Larrabizkerretik berriro ere Goikolara jeitsi eta Oloste baserritik Ametzarainoko bidean ardiak eta behiak aurkeztu zizkioten Akarbaltzi Basajaunek, Otsozurik eta Kukubiltxok.

- Gaurkoz nahikoa, ezta? Honen baserri guztionen izenak ikasteko ere denbora beharko dut! – ohartarazi zien Akarbaltzek.

- Bai, arrazoi duzu Akarbaltz- erantzun zion Basajaunek, baserrien izenak ez eze, baserrietako andra eta gizonenak ere ikasi beharko dituzu-eta.

- Horiek ere bai!- hasi zen puzka Akarbaltz.

- Ez ba, animalien jagolea denak animaliak jagoten dituztenak nor diren jakin beharko du, ba!- gogorarazi zion Otsozurik.

- Hori ba: Paskuala, Marizapa, Jesusa, Pantxike, Kasilda… -zerrendatu zituen Kukubiltxok.

- Et,et,et,et, astiro Kukubiltxo, astiro, banan banan eta pitike pitike- gelditu zuen Basajaunek. Lehenengo ikasi ditzala Larrabetzuko auzo eta baserrien izenak, gero ikasiko ditu ugazabenak.

- Eta ardi, behi, behor, asto, oilo eta enparauenak?- galdetu zuen Otsozurik.

- Hasi orduko horrenbeste lan ematen badiogu, ikaratu eta Patxitxitik alde egingo digu Akarbaltzek, zagozie lasai, urteak izango ditu-eta denenak ikasteko.

Jagole lanak hasi eta atoan egin zen Akarbaltz, baserrietako ugazabandreen lagunmin. Emakume haiek ilargia goian zen bitartean esnatu eta eguzkia bere amarengana erretiratzen zen arte, ez zuten deskantsurik hartzen. Lurrarekin bat eginda bizi ziren. Halantxe zekiten noiz erein behar den artoa, noiz landatu porruak, txindorrarena eta kurloiarena ez direla kantu bera, artxoa ardiaren kumeadela eta ehumea ahuntzarena, zaintiratuak egiten zizkieten elkarri gorputzeko gihar gogortuak biguntzeko eta bazekiten non bildu patana intsusa edo berbena belarrak burukominak kentzeko edo kalendula argizariagaz nahastuta oso ona dela

larruazala siku dutenentzat. Eta hori gutxi balitz, baserriko emakume haiengandik ikasi zituen gure herriko hainbat kanta eta kontu.

Egun batean, ostera, Patxitxitik Zarandoara jeitsi zelarik, ez-ohiko isiltasuna igarri zuen Akarbaltzek. Baserriko gizona negarrez aurkitu zuen.

- Zer duzu Joanes?

- Mari, Mari falta zaigu Akarbaltz, ez da inon ageri!

- Soloan begiratu duzu?

- Bai.

- Lastategian?

- Bai.

- Kortan ibiliko da behiak eratziten.

- Kortako beharrak neuk egin ditut.

- Iturrira joan zen ur bila.

- Pitxarra etxean dago, ez da iturrira joan.

Joanes negarrez ikusita, Mari inon agertzen ez zela konturatuta, larritzen hasi zen Akarbaltz.

- Joan zara Aspurura?

- Bai eta han Beni baino ez dago, han ere etxekoandrea falta da.

Auzoz auzo, baserririk baserri joan zen Akarbaltz. Egia zen. Emakumeak falta ziren baserrietan.

Akarbaltzek kosta ala kosta aurkitzea erabaki zuen. Baina nondik hasi? Zer gertatu ote zitzaien emakume haiei?