3. Eguna (Itziar Zubizarreta)

7

Click here to load reader

description

Ulermenaren estrategiaz

Transcript of 3. Eguna (Itziar Zubizarreta)

Page 1: 3. Eguna (Itziar Zubizarreta)

ITZIAR ZUBIZARRETA ULERMENAREN ESTRATEGIAZ SARRERA GISA Azken urteotan, OCDE barnean, adin tarte jakin bateko ikasleen gaitasunak neurtu eta konparatzen dituzten ebaluazioak burutu dira. Emaitzak konparatzerakoan, herrialde gehienetan eztabaida publikoak sortu dira hezkuntzaren kalitatea auzian jarri dutenak. Norberaren ikasleak zein mailatan ote dauden, beste herrialderen batekin alderatuz rankingean zein postutan dauden… Urteak aurrera, neurketaren emaitzetan aurrera ote goazeneko kezkak metatzen dira, komunikabideetan agertzen direnean bi urtez behineko emaitzak. Ustez, ondorioen hobekuntza delakoak ez du itzaltzen gizartean sortu den alarma. Gure ikasleen gaitasun kognitiboa dago auzipean, irakasleen trebetasuna eta, horrez gain, irizpide metodologikoak eta eskura ditugun baliabideen egokitasun balizkoa. Komunikabideek gizarteratu dute gaia, baina berehala sortu dira horren aurreko erreakzio politikoak hezkuntza sistema errotik berrikusi nahian. Plangintzak hobetu dira, eztabaida metodologikoak areagotu dira eta neurri berriak bideratu dira hezkuntzaren konpetentziak hobetzearen alde. Ez dugu gaurkoan behatuko neurri horien egokitasuna. Legeak aldatu dira, irakurketa plangintza berri bat sortu da, eta irakurketarekin zerikusia duten erakunde desberdinek adostu dute oinarrizko axioma bat: irakurketa maila on batek hobetu egiten du herritarren bizimodua. Kultura, hezkuntza, industria, I+D+I delakoen sailetatik dator ahots hori, plangintza bateratu bat bideratzearen alde… Horien inguruko erakundeek irakurketa sustatzeko konpromisoa hartu dute, mahai gainean bederen, eta hainbat ekimen bideratzen hasi dira plangintza bat zutik jartzeko asmoz. Aipatu egin behar da hezkuntza komunitatearen gainera erori den porrotaren sentsazioa oso gogorra izan dela. Batetik, ikasle tipologi berri batekin aritu beharra; bestetik, Hezkuntza sailaren eskakizun gogorra; eta guzti horren erdian, eztabaida metodologikoak eta aldaketa teknologikoen eragin geldiezina. Ikastetxeak eta irakasleak zurrunbilo baten erdian ote daudeneko sentsazioa antzematen da kanpotik. Kanpotik, aldi berean, igartzen da sistema aldatzen ari dela, metodologiak berrikusten direla eta, adibidez, irakaskuntzan erabiltzen den terminologia aldatzen ari dela kontzeptu zehatzago batzuei lekua utziz. Une honetan, nabarmentzen ari zaizkigu hezkuntzaren gaitasunak areagotzeko ireki diren hausnarketa bideak eta teknika berritzaileak aplikatzearen aldeko apustuak begi bistan agertzen zaizkigu hemen eta han. Komunikazio trebetasunak, arazoen aurreko konponbideak aurkitzeko hausnarketak, hezkuntzaren oinarrian kokatu nahi dira: ahozko eta idatzizko komunikazioaren konpetentziak, ezinbesteko oinarriak suertatzen direlarik berrikuntza kognitibo bati tokia egiteko. Egoera desberdinak aurreikusi eta horren aldeko soluziobideak aurkitzea bilakatu da gure ikasle berrien perfila definitzeko erabiltzen diren terminoak. Gaitasun kognitiboen garapena da erronka nagusietako bat, ikertzen dakien ikasle bat nahi dugu, ikasten ikasiko duena, errealitatearen aurrean modu kritiko batean bere burua kokatuko duen ikasle berri bat. Guzti hau lortzeko, pertsona berri horrek, informazioa bildu eta modu kritiko batean bereganatu beharko du. Ikasle horrek mundua ulertzeko estrategia batzuk garatu beharko ditu eta une honetan, estrategia hauek nola eraikitzen diren eztabaida gune bilakatu da hezkuntza komunitatean. “Testuen ulermenaren estrategiak diseinatu”: irakurri aurretik, irakurri bitartean eta irakurri ondorengo ekimen andanak definitzen omen dituzte estrategia horiek.

Page 2: 3. Eguna (Itziar Zubizarreta)

Batzutan, hitz teknikoak erabiltzen direnean, kontzeptuak lausotzen duteneko sentsazioa sortzen da, anbiguitatea eta zehaztasun falta ezkutatzen dira hainbatetan hitz horietaz baliatzen garenean; agian azpian dauden kontzeptuen hedapena ez dugulako behar adina ezagutzen, agian, ez dakigulako alderatzen lehendik erabiltzen dugun metodologia eta proposamen berriak. Ulermenaren estrategiak definitzen duten hitz sekuentzia eta azpian dagoen proposamen didaktikoa onartzen dugula ere, beste perspektiba batetik begiratuko diogu gaurkoan, testuen ulermenari ikuspegi anitzak bilatu nahian. Bide metodologikoak marrazten lagunduko diguten teoria zabalagoei begirada bat botatzen diodan bitartean. Gaurkoan horrelako ibilbide batean parte hartzera gonbidatzen zaituztet, beste ikuspuntu desberdinak aztertzeko, ikuspuntu desberdin horiek lagungarri suertatuko zaizkizuelakoan, zuen eguneroko lanean, testuak ulertzeko estrategiak diseinatzeko orduan. IRAKASLEAREN JOKABIDEA Lehenengo, konpetentzia komunikatiboak lantzeko orduan, azpimarratu beharko dugu irakasleen joera batzuk besteak baino egokiagoak direla testuaren esanahiaren eraikuntza lantzeko, eguneroko jardunaldian. Ulermenezko estrategiak sortu eta haien erabilpena sistematizatzeko, irakasleak, zein jokabide erakusten dituzte, gelan nahiz bibliotekan haren ikasleak testu bati heltzen diotenean:

- Irakurketa eraikuntza prozesu bat bezala ulertzen du? - Irakurle eta entzuleen artean partekatzen dute testua, testuingurua eta esanahia? - Irakurleari testu sortzaile baten moduan begiratzen al dio? - Irakasleak laguntzen al dio irakurleari esanahiak testuan oinarritzen? - Irakasleak bere irakurketan sortzen dituen esanahiak ikasleekin partekatzen al ditu? - Ikasleak motibatzen al ditu beren esanahiak sortzera? - Taldearen parte hartzea beharrezkoa ikusten al da testuaren interpretazioari buruz

ari garela? Askotan, irakaslearen laguntzaren ordez, ikasleak haren kontrol joera jasotzen du, irakurketa ekimen batean. Beste zenbaitetan, irakaslearen espektatibek oso bide laburra dute: ikaslearen azaleko irakurketa batekin betetzen dira irakaslearen itxaropenak. Aukerarik ez zaio eskaintzen ikasleari bere irakurketa mailan sakontzeko bideak aurkitzen. Aurreko galdetegiak, ordea, lagunduko dio irakasleari bere bidea aurkitzen, batez ere irakurketa ahots gora partekatzen denean. Carneyek ulermena deskribatzeko zirkulu andana bat marrazten du eta barnetik kanporako bidean hainbat kontzeptu biltzen ditu: Esanahia sintaxia, grafofonia, metalinguistika, pragmatika, forma eta testuingurua. 1 Praktikatu egin behar dira egunero irakurketa saioak, horietan esanahia ikasle eta irakasleen artean eraikitzen den bitartean. Hainbatetan halako ekimen xumeak dira benetan testuen inguruko hausnarketak egiteko ohiturak sortzen dituztenak, ikuspuntuak partekatuz eta eztabaidatuz, baina horretarako irakaslearen jokaera zuzena guztiz beharrezkoa da. KOMUNIKAZIO TESTUINGURUA Komunikazio ekimen batean, faktore anitzek hartzen dute parte: emailea, hartzailea, mezua bera, testuingurua… Guzti horien arteko sintonia ez da erraz suertatzen ordea. Testu baten

1 T.H. Carney “Enseñanza de la comprensión lectora” Ediciones Morata 1992

Page 3: 3. Eguna (Itziar Zubizarreta)

ulermena eraikuntza prozesu baten ondorio da, horregatik, estrategia batzuen erabilpena sistematizatzeko beharra dago. Ahalegin desberdinak bidera daitezke estrategia hauek diseinatzeko orduan, baina egin ahal hauetan, zenbaitetan nahastu egingo dira teknikak ekintza andana lauso batean, ale batera utziz helburu nagusia: ulermenaren estrategiak eraikitzea, hain zuzen ere. Gure kasuan, helburua ez da inoiz izango ekintza bat edo bestea egitea; helburua beti izango da testuen aurreko hausnarketa ohitura batzuk sortzea haren esanahia gureganatzeko modu pertsonal batean. Komunikazio gaitasunaren baitan gordetzen dira ulermenaren estrategiak. Estrategia hauek garatzea, ordea, ez da operazio hutsala; enuntziatu baten esanahia gurea egiteko prozedura intelektual konplexu bati jarraitu beharko diogu. Hain zuzen ere komunikazio eskema guztia etengabe berrikustera bideratuko gaituena, haren perspektiba desberdinak aurrean ditugula. Perspektiba hauetako batzuk azalduko ditugu orain:

- Testu bat ulertzen dugu emisorearen komunikazio asmoak argi azaltzen zaizkigunean.

- Testu batez jabetuko gara komunikazioaren xedea gure ezaguera eremutik gehiegi urruntzen ez denean.

- Emisioak koherentzia bat gordetzen duenean erabiltzen duen kodearen eta gaiaren azalpenaren artean.

- Testu baten esanahia eraikiko dugu, testuaren esanahia gure aurretiko ezaguerekin erlazionatzeko gai garen neurrian. Ez dugu nahikoa hitzak ulertzearekin, gure baitan kokatu eta alderatu beharko ditugu, lehendik gure baitan ditugunekin batera. Ikuspuntu kritiko batez begiratu behar dugu gure baitan, enuntziatu berriaren balioa konstatatzeko.

Guzti honek duen garrantzia ezin da eztabaidan jarri gaiaren inguruko literaturaren baitan ibilaldi bat egiten badugu, bederen. Bistan da zenbat eta zenbat proposamen eskuratu daitezkeen arazoari aurre egineko, baliabide egokiak eskainiz. Baina hausnarketa bati hasiera emateko asmoz, eskola eta eskolako bibliotekari begira jarriko gara. HIZKUNTZARI TOKIA EGIN Gure hausnarketari bidea irekiz, hizkuntz kontzeptu batzuk gehitu behar dizkiogu gure diskurtsori. Linguistikaren eskutik abiatuko gara oraingoan, adierazteko hizkuntza idatzia ahozkoaren transkripzio huts bat deneko ustea ezin dela gaur egun onartu. Tetsu idatzien inguruko teoria linguistiko propio bat ari da garatzen hainbat autoreen eskutik. (Ikus Blanche Benvenistek azaltzen duen ikuspuntua, adibidez)2. Segmentazioa, ortografia, perpausen konposaketa eta perpausen arteko loturak ezin dira konparatu ahozkoan eta idatzian, diskurtso bakoitzak bere arau propioak ditu eremu desberdinetan aplikatzen dira. Elkarren arteko eraginari begiratzen badiogu berriz, ikuspuntu berriak azaltzen ari dira lehen aipaturiko ikerketa bilduma honetan. Esan dezagun haurrek, ia jaiotzen direnetik, entzuten dituztela testu irakurriak eta oso goizetik konturatzen direla hori beste “esateko” modu bat dela. Txikitatik konturatzen dira, baita ere, idatzizko testu bat sortu behar dutenean, ezin dutela erabili ohiko hizkuntza eta perpaus “hiper zuzenak” diktatzen dizkiete beren inguruko nagusiei idatz ditzaten. Aldi berean, hizkuntz idatziaren inguruan, hainbat hausnarketa bideratzen dituzte apenas

2 E. Ferreiro “Relaciones de (in)dependencia entre la oralidad y la escritura” Gedisa 2002

Page 4: 3. Eguna (Itziar Zubizarreta)

hizketan asmatzen dutenetik aurrera. Esan genezake, zenbat eta hausnarketa maila altuago izan, orduan eta hobeto garatzen dutela beren ahozko eta idatzizko hizkuntza. Bide honetan sartzen garelarik, zer pentsatu ematen digu Ferreirok bere ondorioak ateratzen dituenekin batera: hizkuntz idatzia sarritan erabiltzea eta hura konposatzearekin ahozkoa hobetzen bada, ez al dugu gure haur erdaldunekin hizkuntza erakusteko metodologiak berrikusi behar? Ez al ditugu haiekiko gure espektatibak beste modu batean neurtu behar? Bi bide aipatu behar ditugu idatziaren estrategiak sustatzeko ezinbestekoak direnak:

- Testu idatziak sortzea eta helduei diktatzea, erredakzioaren arauak sortuz, norberak bere eredu jasoa eraiki ahal izateko pausoz pauso.

- Besteek irakurtzen eta kontatzen dituzten testuak entzutea eta haien esanahia bere baitan eraikitzea.

- Alor hauek lantzeko adibide eta teknika ugariak eskaini ditugu lehenagotik editatu ditugun liburuxketan3. HELDUEN BITARTEKARITZA Zenbaitetan presa handia izaten dugu helduok haurrek bakarrik irakur dezaten eta idatzizko kodean lehenengo pausoak eman ditzaten. Horrelako gehienetan, haien motibazioa berehala amiltzen da, testuak ulertzeko nahiz ekoizteko egin behar dituzten esfortzuen truke ez dutelako plazerezko ordaina hartzen. Modu honetan, irakurtzea derrigorrez bete beharreko lan akademiko bat bilakatzen da, plazeraren bidea erabat baztertuta. Idazketari buruz, zer esanik ez, hizkiak lotzen jakin aurretik bultzatzen ditugu hauek erabiltzera, baina ez ditugu trebatzen hizkuntz idatziaren zehaztasunetan ezta konposaketaren legeetan ere. Alderantziz, bakarrik bidaltzen ditugu irteerarik gabeko bide batera: “Hau idatzi”, eta gainetik, gorriz gaitzesten ditugu ematen dituzten pausoak; eta hori idaztera zigortu eta kopiak egitera kondenatzen ez ditugunean. Honen ondorioa argia da: zazpi urteekin lortzen duten adierazpen maila bera errepikatuko da Lehen Hezkuntza osoan. Aurretiko lan horren ezean, oso zaila gertatzen da bigarren hezkuntzan konpetentzia horien maila jaso bat lortzea. Irakurtzeko zaletasuna piztearen inguruko ekimen guztietan aipatzen dira irakurketa goiztiarrak haurrari bere garapenean eskaintzen dizkion onurak; gu ere horretan gaude. Horregatik gure proposamenetan, saiatuko gara nabarmentzen eredu eta irizpide onak, irakurtzeko zaletasuna sustatzeko. Izan ere, azpimarratu behar dugu, neurri handi batean, literatur testuen erabilerari zor zaizkiola geroan garatzen dituzten irakurketa jokabideak. Haurraren esperientzia beraz, neurri handi batean, helduek lehenengo urteetan eskaintzen dizkioten testuek baldintzatuko dutela. Abiapuntu gisa adieraziko dugu haurraren lehen urteetan, literaturak haurraren sentimen eta emozioekin duen lotura, maila intelektualean sortzen duen garapena bezain garrantzitsua dela.

3 I. Zubizarreta: Liburu baten aurkezpena, Galtzagorri 2007 eta Irakurketa eta idazketa partekatuz, Galtzagorri, 2010.

Page 5: 3. Eguna (Itziar Zubizarreta)

Haurrari irakurtzen dion pertsonaren eta haurraren artean komunikaziozko lotura sendo bat sortzen da literatur egiturei esker; intimitate gune bat eraikitzen baita bien artean. Afektibitatezko gune horren baitan, egitura literarioaz disfrutatzen da, zenbaitetan, egitura dibertigarria delako edota, hainbatetan, kontakizunak agertzen duen egoerak haurraren antsiak azaleratzen dituelako. Aldi berean, hitzak jartzen zaizkie haurraren eta helduen kezkei, sentimendu eta pentsamenduei. Irakurketa ekimen batean hiru mintzaldi gurutzatzen baitira: helduarena, testuarena eta haurrarena. Norberaren ahalmenak, desioak eta ezinak nabarmendu eta haietaz hitz egiteko aukera sortzen da testu hori partekatzen den bitartean. Komunikazio une atseginak eta afektibitatez beterikoak sortzen dira literatur egitura egokiak erabiltzean; une atseginak, ideiak eta emozioak partekatzeko uneak, hain zuzen. GARAPENEAN Haurrak etapaz etapa bizi ditu irakurketak mundua arakatu eta ezagutzeko eskaintzen dizkion bideak. Hasiera batean, bere inguruko helduek eskainiko dizkiete beren historia txikia eraikitzen lagunduko dioten istorioak. Geroago, irakurketaren autonomia garatzen duen neurrian, neska-mutilak bere heroi pertsonalak bilatuko ditu; abenturetan murgilduko da orduan, bere gustuko nobelak edota bestelako testuak aukeratzen dituenean. Baina irakurketa pertsonalaren bidea eraikitzeko bitartekaritza egoki eta luze baten premia dago. Testu idatziak interpretatu eta haien ulermena eraikitzeko bidea luzea bezain zaila da: irakurtzeak suposatzen du geldik egotea, kontzentratzea, azaleko esanahia gainditu eta esanahi anitza eraiki eta kontrastatzeko gai izatea, bai norberaren esperientziarekin, bai kanpoko esperientziekin. Beraz, irakurle batek hasieran bitartekaritza berezi bat beharko du testuaren esanahi nagusiak ulertzen lagunduko diona, irakurtzeko esperientzia handitu eta gai honetan autonomoa bilakatzen den arte. Autonomia hau lortzen den bitartean, gure gomendio nagusia da helduek ozenki irakurtzea. Era honetan, testu literarioak haurren belarrietara ekarriko dituzte eta, haurrek beren kabuz, inola ere sortuko ez luketen hizkuntza jasoa eta pasarte eta emozioen transmisio paregabea lortuko dute. Hiztegi landua, esamolde eta perpausen atal desberdinak; honekin batera ideiak eta hauek elkartzeko eta adierazteko elementu morfologiko eta sintaktikoak. Bestalde, hizkuntza4 jasoa bereganatzearekin batera, haurrek behar dituzten estrategiak garatuko dituzte hizkuntza idatzia ulertzeko. Beren baitan hizkuntza idatziaren konposaketari buruzko adibide ugari bereganatzen dituztelako eta, aldi berean, errazago irudikatuko dute testu idatzi baten adierazpen aukerak. Hizkuntza idatziaren ulermenez ari garen honetan, erantsiko dugu norberak burutzen dituen erredakzio saioek lagungarriak suertatzen direla besteen testuak ulertu eta haien esanahiren zehaztasunak gureganatzen. EREDU BILA Egunotako zeregina da eredu egokiak eskaintzea gaztetxoak irakurtzen zaletzeko eta ondoren narrazio ereduak aztertzen hasiko gara. Ipuina da, dudarik gabe, haur literaturaren

4 B. Zuckerman, MD “Promoción de la alfabetización temprana en la práctica pediátrica: veinte años de Reach Out and Rerad”. Pediatrics (Ed esa.) 2009.68(6) 311-5

Page 6: 3. Eguna (Itziar Zubizarreta)

egiturarik ederrena; haurraren irudimenera, emozioetara eta sentimenetara zuzenean ailegatzen den egitura. Ipuinetan haurrak jasoko du haren gatazken ispilu sinbolikoa, ipuinetan hartuko ditu bere bizitzan beharko dituen zuzentasun ereduak eta ipuinak entzunez amets, barre edo negar egingo du, gorrotoa ala maitasuna sentituko ditu. Hizkuntzari begiratzen badiogu, ulermen zabala garatzeko lagungarri ona izango da ipuina. Ipuin hori ahots bizian kontatu edota irakurtzen diogunean haur bati, hizkuntzaren intonazioaren eredu ona eskaintzen diogu, ipuinaren kontaketak musika bati jarraitzen dio eta kadentzia eta erritmo berezi bat izango du; beraz, hizkuntzaren doinua eta hizketaldiko erritmoa bereganatzeko eredu ona suertatzen da. Haur txikiek ez dituzte ipuinen hizkuntza eta xehetasunak aztertzen, ahots tonuak eta helduok transmititzen ditugun emozioak baizik. Ipuina eta kanta parekatuko ditu haurrak eta behin eta berriz errepikatzea nahi izaten du bere gustuko kantarik ederrena. Ahozkotasunaren eredu bat direlarik ere, ipuinak ahotik belarrira pasatzen dira zuzenean; ipuinak haurraren bizitzan betetzen duen funtzio nagusia bere sentimenduen garapenean kokatuko da. Kontalariak zuzenean transmititzen dizkio haurrari bere emozioak eta ipuinaren bidez kalitatezko emoziodun erlazio bat sortzen da kontalaria eta entzulearen artean. Ipuinei esker, askotan, haurraren sentimenduak eta gatazkak azalera ateratzen direlako eta honek hitz-aspertuak sortzen dituelako kontalariaren eta haurraren artean, bien arteko intimitate emozional bat eraikitzen den bitartean. Testu trukaketa hau partekatzen dugularik, kontutan hartu behar dugu haurraren, gero gaztxoaren konpetentzi literarioa bideratzen ari garela. Izan ere, literaturak ikasleei eskaintzen die gaitasun andana bat, hizkuntz konpetentzietatik kanpo geratzen direnak. Begira diezaiogun literatur diskurtsoari. Hizkuntza berezi bat erabiltzen du literaturak, hizkuntza horren bitartez, enuntziatu baten komunikazio gaitasuna ez da haren esanahian edota eskaintzen duten informaziora mugatuko. Aitzitik, informazioaz gain, ezaugarri emozionalak, sentimentalak eta bestelako konnotazio sistemak aterako ditu argira. Adierazpen konplexua duten mundu subjektiboak eta objektiboak uztartzean lortzeen dugu konpetentzia literarioa. Baina hau ez da egun batetik bestera lortzen, Honetara ailegatuko gara hainbat esperientzia literarioak metatzen ditugun heinean. Klasikoen gertutasuna sumatzen dugu era horretako diskurtso baten mamian. Klasikoen istorioetan eta testuetan biltzen delako kolektibitateak bereak sentituko dituen adierazpenak; munduaren kultura eta adierazpideak bertan dirautelako bizirik.5 BEGIRADA AURRERATU Baina irakurle konpetentzia hori nola garatzen den ezagutzen al dugu? Ez al dugu beharrezkoa kontzeptu honen garapena nola suertatzen den jakitea? Ikerketa eremura begiratuko diogu orain. Oso gainetik bada ere Emilia Ferreirok zuzendutako Ana Siroren ikerketa baten erreferentzia batez arituko gara. “Narrar por escrito desde un personaje”, Ikerketa baten berri ematen zaigu bertan. 9 eta 11 urteko ikasle talde bati eskatzen zaio ipuin klasiko bat kontatzea ipuin horren pertsonai jakin baten perspektibatik abiatuta.Idazle

5 Lluch, G. y otros. Las lecturas de los jóvenes. Pedro Cerrillo. “Lectura escolar, enseñanza de la literatura y clásicos literarios”. Antrhopos, 2010

Page 7: 3. Eguna (Itziar Zubizarreta)

gazte hauek aurkitu behar dute leku berezi bat haien istorioa kontatu ahal izateko. Galbahetik pasa behar dute pertsonai horiek istorioari buruz jakin dezaketen puntutik abiatu behar dute eta honek aldatu egiten du kontaketa zeharo. Enuntziazio legeak sortu beharko dituzte haien narratzaile ahotsari tokia egiteko eta pertsonaiaren ahotsa aurkitu beharko dute. Bata bestearen atzetik aurkituko dute haur hauek narrazioa osatzeko hizkuntza literarioak erabiltzen dituen trabak.6 Begirada aurreratze honetan, azaldu behar dugu ulermenaren konpetentziak garatzeko, bereziki kontutan hartu behar dugula, irakurle izateko forma berriak sortzen ari direla eta irakaskuntzak ahalegin guztiak burutu beharko dituela, malgutasunez eta irmotasunez, irakurketa berriaren mekanismoak ulertu eta garatzen laguntzeko. Egungo gaztetxoek tresna sofistikatuak dituzte esku artean eta komunikazio sistema berri horretan, irakurle izateaz gain, idazle, kritiko eta sortzaile bilakatu dira. Gainera bere irakurketak partekatu egiten dituzte etengabe, zenbaitetan diseinatutako komunikazio kanpainetan edota foroetan… Honek ere zer pentsatu eskaintzen digu eskoletan egiten diren irakurketa kanonikoak aukeratzeko orduan eta, aldi berean, irakurketa horien ondoren planteatzen diren ariketa multzoan. Diskurtso berri bat sortzen ari da teknologia berri horien eskutik, hausnarketa ugari metatzen direnekin batera. Katastrofismotik urrutiratzen bagara ere, testu luze eta sakonak irakurtzeko gaitasuna ari garela galtzen, testu arinak, azkarrak, hipertestuak… Lehen astuna zena orain irristakorra da. Irakurtzeko gaitasuna aldatzen ari den moduan, idaztekoa ere aldatzen ari da. Mezu motzak, bat-bateko tetsuen idazketa ohiturak eraldatu ditu… Baina kontu honi bukaera emateko esan behar dugu, digitalizazioak planteatzen duen irakurketa paralelo horretan ezin ditugula ikasleak abandonatu. Aitzitik, haien irakurketa gaitasunak garatzeko laguntza eskaini behar diegu helduok. Ikerketa lanetan, aldi berean, gidatu beharko ditugu: iturri epistemologikoak berezi eta sortuko dituzten testuen koherentzia kontrastatzen, eten gabe, haien irakurketa mailan sakontzeko. 7 Ikasle gehienak, irakasleak bezalaxe, digitalean analfabetoak dira: askok eta askok oso erabilera mugatuetarako maneiatzen dituzte makinak. Baina gehienek testu digital baten aurrean, paperaren gaineko baten aurrean erakusten dituzten arazo berdinak azalduko dituzte. Horrek beste bide batera eramaten gaitu: alde batetik, dokumentazio parametroak behar direla eta eskola eta institutuetako liburutegietan dokumentalistak beharko liratekeela ikerketa gaiak bideratzen laguntzeko. Alfabetizazio kontzeptu berri baten atarian gaude eta dudarik gabe, ikasle kultuak eta kritikoak hezteko geure burua eta gure ikasleena alfabetizatu beharko dugu gure munduak erabiltzen dituen tresna eta moduak gureak egin eta haiek menderatzeko. Ikastaroari amaiera emateko erantsi behar dugu, ikastetxe bakoitzean irakurketa plangintza bat osatu beharko litzatekeela. Plangintza horietan, hizkuntzaren trataerari buruzko akordioak hartu eta, honekin batera, irakurketa plangintza bat osatu beharko litzateke, gai guztietan aplikatuko dena, ezinbestean. Helduok pauso irmoak eman behar ditugu gure ikasleen komunikazio-gaitasuna areagotu eta beren heziketan sakontzeko. Pauso horiek askotan plazeretik sortzen dira eta literaturaren erabilpenetik.

6 Ferreiro,E+ Siro, A. Narrar por escrito desde un personaje. Fondo e cultura económica, 2009 7 Area, M. La educación en el laberinto tecnológico. De la escritura a las máquinas digitales. Octaedro, 2005